Haunditasun ametsak - Hiru morroiak
Haunditasun ametsak - Hiru morroiak
Imanol Elias
taldea: Antxieta
1987, antzerkia
104 orrialde
84-404-01-7-8
Imanol Elias
1936, Azpeitia
2013, Azpeitia
 
Haunditasun ametsak - Hiru morroiak
Imanol Elias
taldea: Antxieta
1987, antzerkia
104 orrialde
84-404-01-7-8
aurkibidea
 

 

LEHENENGO EKITALDIA

 

(Etxebizitza batetako, gela arlote bat,
bertan direla mahai txiki eta esertoki zahar batzu.
Garbi agertu behar du bertan bizi direnak behartsuak direla.
Ikuslearen ezkerretara etxe barnerako sarrera
eta eskubitara berriz kalerakoa).

 

 

Aurreneko agerraldia

 

BENITO, BIXENTE eta MARITXU

 

(Zapia jasotzean, BIXENTE ari da kuadro bat margotzen
eta
BENITO izango da oso postura xelebrean.
Bera margotzen ari bait da,
MARITXU eseririk berei begira sagar bat jaten den bitartean.
Hirurek, jazkiak arloteak izango dituzte).

 

BENITO: Benetan aspertua nauk oraitxe!

BIXENTE: (Margotzen dela). Geldi, geldi mesedez! Asko aurreratua diat oraingoan...

BENITO: Agudo ibili hadi edo bestela une batetik bestera txakalaldiren bat izan behar diat. Jangabean egiteko lanak ez dituk hauek.

BIXENTE: Ni hemen ari nauk bada...

BENITO: Bai eta ez zekiat zertarako hartzen duan hoinbeste lan. Nork erosiko dik bada pintura hori?

MARITXU: Egia diok Benito. Egunak dituen ordu guztiak langintza horretan jardun eta zertarako? Bakar bat ere itxurazko salneurrian saldu ezin. Azkenean guztiak, etxetik nolabait atera behar eta opari edo erregalo bezala...

BENITO: (Hitz egitean postura aldatuko du). Hori bera pentsatzen naun beti neroni ere. Alferrik lanean jardutea baino, geldi-geldi egotea askoz hobeagoa dun...

BIXENTE: Oraindik nere lanak...

MARITXU: Oraindik hire lanak suak erretzen ikusiko dizkiagu. Izan ere hainbeste egiten dituk!

BENITO: Izango al da herri osoan honen margorik gabe denik honez gero?

MARITXU: Bai makinabat!

BENITO: Ez dun hori egia. Honek hainbat zabaldu izan balitu Pikasok, gaur ez zituzkeen diren hainbeste lan museoetan izango. Ez horixe! Ez dun herritar bakar bat ere honen pinturarik gabekoa!

MARITXU: Honez gero bai makinabat. Hik uste al duk honek egindako lanak zintzilika dituztela beren etxeetan? Suak erreak bai eskuetan izan dituzten ordurako... Gure etxekoek behintzat era horretako bukaera izan ziaten.

BENITO: Ziur asko, ez ordea Bixentek margotuak izan zirelako. Pikasorenak izan balira ere, zuen aita zaharrak surtara dudarik gabe...

MARITXU: (Zutituko da). Baina hik uste al duk nere aitak horren eskola gutxi duela?

BENITO: Ez didan esango behintzat ministro ikasketak eginak dituenik...

MARITXU: Gaur egunean ditugun bezalakoak izateko gehiegi ikasi beharrik ba al da? Beren ondoan nere aitak ere gaizkiago ez dizkik egingo gauzak.

BENITO: Baita zera ere!

BIXENTE: (BENITOren ingurura joango da). Baina bukatuko al dugu hasitako lana? Beste une txiki batetan egon hadi lehen bezala. Eta hik Maritxu, nahi badun sagar guztiak jan baina mesedez isildu hadi. Ez gaitun bestela alferrik lanean hasi...

MARITXU: Entzun duk Benito. Gure artista haundiak lana egin behar dik eta lagundu zaiok.

BENITO: (BIXENTEk lagundurik lehengo posturan jarriko da). Jakingo banu honela egon ondoren txanpon batzu izango nituzkeela...

BIXENTE: Arteari buruz hitz egitean, dirua alde batera utzi behar dik. Gainera oraingoan izango diagu.

BENITO: Oraingoan dirua izango dugula? Ametsetan ari al haiz? Hik uste al duk norbaitek erosiko dikeala orain egiten ari haizen lana? Postura honetan naizela ni? Ematen diat motel, trafikoa zuzentzen ari naizela.

MARITXU: Herriko alkateak erosiko diola pentsatuko dik honek!

BIXENTE: Tira zaudete isilik mesedez! Zuentzat artea eta karakol muskira berdinak dituk eta!

BENITO: (BIXENTErengana hurbilduaz). Karakolak! Nork ditu karakolak?

MARITXU: (BIXENTErengana joanaz baita ere). Hire osabak bildu al ditu?

BIXENTE: (Haserre). Erotu al zarete biok? Nork esan du karakolak ditudala? Jatea, jatea!... Tripa betetzea besterik ez duzue buruan! Zuek bezalakoekin egingo diagu herri bat hobeagoa... Ederrak zarete zuek...

MARITXU: Karakolik ez orduan?

BENITO: Erreza duk bada hemen inguruan karakolak aurkitzea! Bailara osokoak janak dizkiagu azkenengo sei hilabete hauetan. Gainera, hire osabak esaten duen bezala, ezertxo ere alferrik galdu gabe. Beren kutsu eta guzti...

MARITXU: (Nazka aurpegia jarririk) Aaaa!

BIXENTE: (Haserre, BENITOri). Baina, geldi egon behar al duk?

BENITO: (Bere tokira joanaz). Une batetik bestera jarri zaidan goseak uzten badit...

BIXENTE: Ondo dakik gure etxean ez dukeala aseko hire gosea. Bai nere osaba eta bai nik genituen diruak gastatuak dizkiagu aste buruan, hil zitzaigun Ameriketatik etorritako osaba horrekin eta ametsetan bakarrik diagu tripa betetzeko erosotasuna.

BENITO: Izan ere gogorra duk hire osaba horrek egin zuena. Dirua eskuratzeko asmoan Ameriketara joan eta ezer gabe etorri... Xentimorik eskuratu gabe, beste asko eta asko aberastu direnean bertan.

MARITXU: Berrogei urte egin ondoren.

BIXENTE: Berrogei urte guk pasatuko dizkiagu oraingo eran lana bukatzen. Utzi dezaiogun nere osaba amerikarrari pakean hilik den ezkeroz. (BENITOri laguntzen dio lehengo posturan jartzen). Egon hadi geldi mesedez!

BENITO: Egongo nauk bai, baina ibili hadi azkar! Oraintxe besoa txindurrituta diat...

MARITXU: Jangabean izan ere... (Sagar bat ematen dio BENITOri). Tori, jan zak sagarra bada ere.

BENITO: Baita ladriloa ere!

BIXENTE: (Haserre). Honela ez zegok ezer egiterik! Alferrik ari nauk! Une txiki batetan ere ezin haiz geldi egon! Kaka zaharra! (Une honetan ateko txirrina entzuten da).

BENITO: Hemen diagu ziur asko hire osaba!

MARITXU: (Beldurti). Ni, banoa...

BIXENTE: Egon zaitezte geldi. Nere osaba oraindik, egunero bezala kaleak garbitzen ariko duk. Beste norbait izango duk, (Kanporako atea irikitzera joango da). Aurrera, aurrera...

 

 

Bigarren agerraldia

 

BENITO, BIXENTE, MARITXU eta KRISPIN

 

KRISPIN: (Agertzen da kanpoko atetik BIXENTErekin). Bada, pentsatuko duzu zertara natorren...

BIXENTE: Esaten ez badidazu...

KRISPIN: Osaba etxean al da?

BIXENTE: Ez. Lanean da oraindik ere.

KRISPIN: (Patrikatik paper batzu ateratzen ditu). Hauek nork ordaindu behar dizkit neri?

BIXENTE: Zer dira bada paper horiek?

KRISPIN: Ondo dakik zer diren hauek. Lehen ere, behin baino gehiagotan ikusiak dituk. Etxeko errentaren erreziboak. Ezer ordaindu gabe urte erdia egin duzue.

BIXENTE: Bada, nere osabarekin konpondu beharko duzu.

KRISPIN: (Haserre). Hire osabarekin, hirekin edo hemen diren hauekin! Baina ez nauk geldituko oraingoan kobratu gabe!

BENITO: (KRISPINengana hurbilduaz). Epa! Epa! Nik ez dut zer ikusirik gauza horretan.

MARITXU: Ezta nik ere!

KRISPIN: Isilik orduan! (Haserre bizian). Entzun zaidazue ondo. Gaur, larunbata diagu, ez al da hala?

BIXENTE: Bai.

BENITO: Egun guztian gainera!

KRISPIN: Bada, datorren larunbaterako ordaintzen ez badidazue aurrez duzuen zorra, kalera zoazte behin betirako.

BENITO: Baita zera ere!

KRISPIN: (Haserre BENITOri) Zer esan duk?

BENITO: Ezer ez, ezer ez... Zu zarela etxejabea.

KRISPIN: Bai horixe! Alferrik esango duk ezetz! Edozeinen aurrean nahikoa diat ordaindu gabe dituzuen errezibo hauek azaltzea, zuek guztiok etxe honetatik ateratzeko.

BIXENTE: (Beretzat). Nere bizitzan, honelako gizon bihotz gogorrak besterik ez ditut aurkitu... Bihotz oneko gizon bat ez al dut inoiz aurkitu behar?

KRISPIN: Bihotz onekoa? Oraindik ni baino ere hobeagoa? Nork uste duk urte erdian etxeko errenta ordaindu gabe bertan bizitzen uztea? Nork? Gainera noizbaiten atzeratutakoa kobratzeko itxaropena izango banu...

BENITO: Egun batetik bestera kobratuko duzu gizona.

KRISPIN: Isildu hadi zorakeririk esan gabe!

BIXENTE: Ondo dakizu une larriak izan ditugula azkenaldian. Aste buruan hil zaigun amerikar horrekin gastu haundiak egin ditugu. Lehenik bere gaisotza eta gero berriz bere hiletak...

KRISPIN: Ordainketa egiteko unea iristean, beti zerbait izaten duzue. Guztien artean azkenengoa ni eta jakina, ezer gabe gelditu behar...

BIXENTE: Oraingoan behintzat ondo dakizu horrela gertatu dela. Nere osabaren diruak eta nereak ere...

KRISPIN: Izan ere zuei gertatzen zaizkizuenak... Urteetan Ameriketan izan osaba eta bertan egon ondoren, gehienak bezala dirua eskuratuta ezin etxeratu... Ezer gabe azkenean. Itxura denez, lanerako gogoa ez zian makala...

MARITXU: Zerbait gaizki irtengo zitzaion eta...

BENITO: Batzuei izan ere, bizitza guztian gauza bat bakarrak ere ez die irtetzen behar bezala.

KRISPIN: Hire buruagatik al diok hori?

BENITO: Bai, bai. Horrela izan da nere bizitza orainartean... Nere aita ezagutzerik ez dut izan eta amak berriz urte bete egin aurrez mojaetxe batetan utzi ninduen. Oinez ibiltzen ez nuen ikasi lau urte egin aurrez... Txikitan, nik hartzen nituen muturrekoak ez ziren izaten txantxetakoak, geroago jakin dudanez. Zortzi urte nituela, auto batek prakazorrotik helduta, gutxienez kilometro pare bat arrastaka eraman ninduen...

KRISPIN: Tira, tira! Hire bizitzako berri jakiteko asmoan ez nauk etorri honuntza, baizik eta zorretan duzuena noiz ordainduko duzuen jakitera.

BIXENTE: Denbora gutxiren barruan ordainduko dizugu. Osaba behintzat lanean da eta nik ere zerbait salduko dut...

KRISPINBaina, beti ametsetan behar al duk? Hik egiten dituan pinturak erosiko dizkiatela uste al duk? Galdetu zaiok nere emazteari, hik emandako kuadroekin zer egin duen...

BIXENTE: Zuk gainera, etxebizitza honekin jaso dezakezun errentaren beharra al duzu, nahi bezala bizitzeko? Jostun langintzan nahi duzun guztia ateratzen duzu...

KRISPIN: Jostuntzan nahi dudan guztia ateratzen dudala? Baita zera ere! Garai batetan bai, baina orain inork egiten al dik bada jazki berririk edo itxurazkorik? Zenbat traje berri ikusten dituk gaur egunean kalean? Bakar bat ere ez? Edozer erako jazkiak jantzi soinean eta ekozeinen aurrera azaltzeko prest.

BIXENTE: Ez da hoinbesteraino!

KRISPIN: (Haserre). Gainera, zertan ari naiz zuei jostundegian zer egiten dudan esaten? Datorren larunbaterako atzeratutako diru guztia jaso nahi diat eta kito! Goian bizi den udaltzainak bezala ordaindu dezala hire osabak ere, edo bestela kalera hurrengo egunean, txintirik egin gabe.

BIXENTE: Baina...

KRISPIN: Ez diat ezer gehiago entzun nahi. (Kanporako atealdera joango da). Dirua edo kalea egun batetik bestera. Gaurkoa izango duk azken eguna eskean naizela... (Alde egiten du kanporako atetik).

BIXENTE: Harrobian zuloa eginda aterako diagu dirua! Ederki gaituk oraintxe!

BENITO: Zakukada dirua aurkitu ezkeroz hire osaba kaleak garbitzen dela...

BIXENTE: Isilik mesedez! (Esertzen da). Oraingoan kalean ikusten diat nere burua...

MARITXU: Ijitoak bezala...

BIXENTE: Zorraren erdia ordaintzeko bada ere inguratuko bagenu, etxejabea zerbait lasaitu dadin...

MARITXU: Hire osabak motel, inguratuko dik nonbaitetik!

BIXENTE: Horixe! Eskuartean zerbait duenean, asko konturatzen dun bada etxejabeari ordaindu behar diola... Hiru edo lau eguneko gau pasak eta ezer gabe berehala...

BENITO: Bada oraingoan, gogor-duk nagusia.

BIXENTE: Baina nondik atera ditzakegu hogeitamar mila pezeta?

BENITO: Zer?

BIXENTE: Bai, bai. Ondo entzun duk. Hogeitamar mila pezeta zor dizkiagu urte erdian.

BENITO: Zakurrak zeuzkak buztanaren azpian!

BIXENTE: Erdia ordainduta ere orain, beste denbora batetan etxe honetan izaten utziko ziguk...

MARITXU: Ez duk gutxi hala ere edozein tokitan aurkitzeko! Nik, pare bat mila pezeta aitari kenduko nizkiokek.

BENITO: Nik beste bakarren bat nonbaitetik...

BIXENTE: Zulo bat estaltzeko, beste nunbaiten ezin egingo diagu haundiagoa. Bide egoki bat aukeratu behar diagu dirua eskuratzeko eta hori, nik egin ditudan lanak saltzea duk. Nere pinturak saltzea.

BENITO: Baita zera ere!

MARITXU: Dohan emanda ere ez dizkik nahiko inork...

BENITO: Zergatik ez diok galdetu etxejabeari bere emazteak zer egin duen hire kuadroekin?

BIXENTE: (Haserre, zutituko da). Haserretuta delako gurekin, errenta ez diogulako ordaintzen.

BENITO: Kaka zaharra! Ez direlako hire lanak, etxean zintzilik edukitzeko erakoak! (Kanpoko ateko txirrina entzuten da).

BIXENTE: Hemen izango duk nere osaba. (Joaten da kanpoko atea irikitzera).

MARITXU: Gaur ere, entzun beharko dizkiagu ederrak...

 

 

Hirugarren agerraldia

 

BENITO, BIXENTE, MARITXU eta TXOMIN

 

TXOMIN: (Kalegarbitzaile bezala jantzia agertuko da kanpoko atetik, buruan benda bat duela zartatekoren bat hartuta bezala. Haserre da benetan eta bere ondoren BIXENTE). Hau duk kopetakoa hartu dudana! (Ikustean BENITO eta MARITXU). Baina, orain ere hemen al zarete? Ez al duzue beste ezer egin beharrik aurkitzen egun batetan bada ere?

BENITO: Bixentek deitu digu eta...

TXOMIN: Baina, uste al duzue zuentzat ordaintzen dudala etxe hau?

MARITXU: (Beretzat). Hori duk aurpegia!

TXOMIN: Eskerrak ezer gutxi izaten dugun etxean, bestela bapo ibiliko zinateke zuek... Lana egitea ez al duzue pentsatu noizbaiten? Uste al duzue era horretan bizi daitekeela? Ezer egin gabe?

BENITO: Lana ez dela iruditzen al zaizu, ordubete, bi ordu edo hiru orduan, honela geldi-geldi egotea zure ilobak margotu dezan? (Hitz egitean, postura xelebrean jarriko da).

TXOMIN: Honek ere hobe izango dik txorakeri hoiek alde batera utzi eta beste zerbaitetan hastea! Egiten dituen lanak inork ez dizkik nahi dohan emanda ere, eta hala eta guztiz etengabe gauza berdinak egiten...

BIXENTE: Osaba...

TXOMIN: Beste zerbaitetan hasi beharko duk! (Eseriko da). Etxearen errenta ere ordaindu ezinean gaituk. Gozoa izango duk honez gero nagusia.

BIXENTE: Hemen izan da orain dela denbora gutxi.

TXOMIN: Eta zer?

BIXENTE: Zera... Datorren larunbaterako ordaintzen ez badizkiogu atzeratutakoak, kalean utziko gaituela astelehena baino lehen.

TXOMIN: (Zutituko da bapatean eta geldi egon ezinean). Alproja arlotea! Baina, ez al diok esan...

BIXENTE: Esan dizkiodan guztiak alferrikakoak! Osaba amerikarrarekin galera haundiak izan ditugula... Bere gaisotza...

TXOMIN: (Haserre). Zerri bihotz gogorra! Hala ere, denbora luzatu ezin! (BENITO eta MARITXUri). Baina, zuek zertan zarete hemen? Alde egin zazue agudo edo egingo diat izugarrizkoren bat!

BENITO: Oraintxe goaz, oraintxe goaz... (Alde egiten du kanpoko atetik, ondoren maritxu duela). Gero arte Bixente!

TXOMIN: Lagunak ere egokiak dituk honelako estuasunetan laguntzeko. Neronek baino denbora gehiago egiten ditek, nik ordaindu behar dudan etxe honetan. Ez dizkiat gehiago hemen ikusi nahi! Eta, horiek bezala hik ere, lan itxurazko batetan hasi behar duk! (Buruari helduaz eta eseriaz). Ai, hau duk burua dudana! Lepoa bihurtzea merezi ditek platano azala lurrera botatzen dutenek...

BIXENTE: (Erdi barrez). Horietako bat zapalduta erori al zara?

TXOMIN: Erori? Nolako eroria gainera! Eta ondorena izan duk berriz ona... Beti bezala erratzarekin ari naizela, zapaldu diat konturatu gabe platano azal bat eta irrist egin diat... Erortzean, jo diat kopetarekin aurrean nuen karro txikia... Altxatzean burua lehertzeko zorian dudala, ikusi diat nere karro txikia aldapan behera, geroago eta azkarrago, emakume bat hankaz gora bota ondoren denda bateko eskaparate batetan sartu den bitartean... Karroa jotzean hartu dudan kopetakoarekin oraindik ere erdi txoratuta naizela, zapla muturrean, karroak bota duen emakumearen senarrak... Geroago, sendagilearenera naramatela nere lagunek, azaldu duk dendako nagusia hartz bat bezala zabal-zabal eginda eta hitzik gabe, zapla! beste muturrekoa... Eta eskerrak nere lagunek heldu dioten, bestela gaurkoan bigarren osaba hau ere hankaz aurrera lur azpira...

BIXENTE: Zuk egingo dituzunak!

TXOMIN: Zeru aldeko izar guztiak bapatean ikusi dizkiat gaurkoan hiru bider. Nork pentsatuko zian bada nere karro txikia hainbeste bidean joango zela? Eta etxera natorrela, karroak hankaz gora bota duen emakumeak esan dizkidanak?...

BIXENTE: Eta oraindik...

TXOMIN: (Zutituaz). Oraindik gehiago? Egun baterako nahikoak dizkiat!

BIXENTE: Zartatekoak eta haserreak bai. Zure karroak dendan egin izango dituen kalteak ordaindu beharra ez da izango hobeagoa.

TXOMIN: Hori gainera! Ordaintzen ez badizkiot jango natxeak gizon haundi horrek! Askoz ere hobeagoa nian gaur, ohean gelditu banintz!

BIXENTE: Etxejabea atea jotzen dugun bitartean...

TXOMIN: (Eseriko da). Baina, behin betirako kontuak garbitu behar dizkiagu. Honela ezin gintezkek jarraitu. Nik irabazten dudan diruarekin kalegarbitzaile bezala, ez zegok miraririk egiterik. Hiretzat eta neretzako janaria... Jazkiak... Etxearen errenta ordainketa... Margolaritza lana alde batera utzi eta beste zerbaitetan hasi beharko duk...

BIXENTE: Baina...

TXOMIN: Iso! Biok lana egiten badugu, nolabait moldatuko gaituk. Gainera, beste zerbaitetan lana eginaz, arteari jarraitu ezinik ez duk izango.

BIXENTE: Baina, oraintxe bide egokia hartua dudan garaian...

TXOMIN: Dirua eskuratzeko bide egokia hartu behar diagu. Pintura aldetik, orain artean ez duk ezer lortu...

BIXENTE: Gaur egunean lana aurkitzea ere...

TXOMIN: Aurkituko diagu nonbaiten. Baina, ez duk pentsatu behar, sekulako soldata jasoko duanik. Bat ere ez baina hobeagoa duk zerbait bada ere, oraingo une larritik irten dezagun eta aurkitzen dugunari heldu behar diok gehiegi pentsatu gabe.

BIXENTE: Beste biderik ez bada...

TXOMIN: Horrela duk eta kito! (Zutituko da). Oso egokia ez badut ere itxura, oraintxe bertan joango nauk norbaitekin hitz egitera. Hik bitartean, esan zaiok etxejabeari, lanean hasi behar duala. Horrela, zerbait errukituko duk gutaz...

BIXENTE: Hori errukitu?

TXOMIN: Asmo onak azaltzea ez duk behin ere kaltegarria. Nik bitartean zerbait aurkituko diat... (Alde egiten du kanporako atetik).

BIXENTE: (Bakarrik gelditzean). Ez dezala behintzat bidean topo egin dendako nagusiarekin... (Alde egiten du baita ere kanporako atetik).

 

 

Laugarren agerraldia

 

MARKEL eta ITZIAR

 

MARKEL: (Une labur batetan inor gabe egon da antzeztokia eta agertuko da kanporako atetik ITZIAR ondoren duela. Eskuetan udaltzain jazkia du). Lasai neska... Ez dun ezer gertatuko. Lehengoan bezala oraingoan ere, guztiak ondo irtengo din.

ITZIAR: Eta nere aitak behar badu jazkia?

MARKEL: Egun batengatik joan dadila gantzontziloekin bakarrik...

ITZIAR: (Barrez). Ederra benetan trafikoa zuzentzen bera ikustea! (Kinuak eginaz eta txistua joaz). Hankako bizarrak tente tente dituela...

MARKEL: Eta ondorengo egunetan Euskal Telebistan azaldu...

ITZIAR: Nere amak etxetik aterako likek gehiegi pentsatzen egon gabe!

MARKEL: Baina, denbora galdu gabe jaztea hobe izango dinat lehenbailehen hire aitaren jazki hau. Gainera, garaia den plazara joateko.

ITZIAR: Zer? Plazara joan behar al duk hori jantzita? Erotua al haiz zeharo?

MARKEL: Plazara, bai. Azoka plazara zuzen zuzenean. Non uste dun bada ateratzen dudala dirua? Azoka plazako puestoetan. Bakoitzak duen tokia neurtu gutxi gora behera eta paper txiki batetan ordaindu behar duten kopurua idatzi ondoren, dirua patrikara...

ITZIAR: Baina, lehengoan ere horrela...

MARKEL: Horixe! Eta gaurkoan ere berdin, baldin behintzat oraindik inor agertu ez bada azoka plazara lan berdina egitera.

ITZIAR: Jainko maitea! Norbaitek ezagututa ere...

MARKEL: Ez dinat nik horren beldurrik! Kanpotik etorritako jendea izaten dun asko eta horiekin kopontzen naun oso egoki...

ITZIAR: Baina, gero egizko udaltzaina joaten zaienean kobraketa egitera?

MARKEL: Ezer ez! Nolatan bi lagunen artean egiten dituzten kobraketak, batek uste din besteak jasoa duela... Azokan denak erakusten zion ordainketako papera eta kito...

ITZIAR: Hik asmatzen dituanak!

MARKEL: Eta asmatuko nituzkeenak beharrean izan ezkeroz! Oraingo honek gaizki irtetzen didan unerako, beste zerbait asmatuko dinat...

ITZIAR: Ez al dik nere aitaren jazkia inork ezagutuko! Festa ederrak izango dizkiagu bestela gure etxean!

MARKEL: Hire jakin nahia bete al dun? Gehiago galderarik bai?

ITZIAR: Galderarik gehiago ez. Hemendik aurrera egin dezakedan onena, errezatzea dela uste diat...

MARKEL: Orduan, jantzi egingo naun. Ikusiko dun zer itxura ederrekoa agertzen naizen udaltzain bezala. (Etxebarnera joango da).

ITZIAR: (Bakarrik gelditzean eseriko da). Ez dadila behintzat nere aita jazki horren beharrean izan! Sekulako istiluak ditugu bestela! (Kanpoko txirrina entzuten da). Bixente izango da. (Kanpoko atea irikitzera joango da).

 

 

Boskarren agerraldia

 

ITZIAR eta KARMELE

 

KARMELE: (Agertuko da kanpoko aldetik ITZIAR ondoren duela). Hik sartu izango dun bada nonbaiten!

ITZIAR: Esan ez dizut bada, nik ez dudala ikusi ere egin aitaren udaltzain jazkia? (Jazkia izendatzen duen bakoitzean, deika bezala esango du MARKELek entzun nahirik).

KARMELE: Sorginak al ditun bada gure etxean? Zoratu behar dinat oraingoan!

ITZIAR: Bada, nik ez dut ibili aitaren jazkia! Ez dut ikusi ere egin udaltzain jazkia! (Berdin egingo du jazkia esatean).

KARMELE: Gozoa dun aita... Etxeko armairu guztietan begiratu eta alferrik! Non begiratu dezaket gehiago?

ITZIAR: Nik ez dut ikusi udaltzain jazkia! Ez dut ibili aitaren jazkia!

KARMELE: (ITZIAR deika bezala dela somatzean). Baina, zergatik hitz egiten dun horrela? Esan behar neska, norbaiti deika haizela... Nerekin hitz egiteko ez dun horrela egin beharrik...

ITZIAR: (Berdin jarraituko du). Ez dut bada nik udaltzain jazkia!

KARMELE: Hik eta hire aitak zoratu behar nauzue azkenean! (Txirrina entzuten da). Bera izango dun gainera... Behin zerbait pentsatzen duenean... (ITZIARri). Iriki zaion atea. (Alde egiten du ITZIARrek atea irikitzera). Etxeko guztiek jakingo dute gurean zer gertatzen den...

 

 

Seigarren agerraldia

 

ITZIAR, KARMELE eta MIKEL

 

MIKEL: (Agertuko da kanpoko atetik, ITZIAR ondoren duela. Galtza gabe eta oso haserre dator). Ez didazue behintzat esango, nere jazkia galdu egin duzuela... Zirko batetako pailasoa bezala ibiltzeko urte gehiegi ditut!

KARMELE: Lasaitu zaitez gizona! (ITZIARrengatik). Itxura denez, honek ere ez du ikusi...

MIKEL: Baina, non demontre sartu duzue orduan? Ezin joango naiz era honetan kalera.

ITZIAR: (Lehen bezala, jazkia esatean deika bezala). Nik ez dut ikusi ere egin zure jazkia!

KARMELE: (MIKELi). Tira... Non begiratu ez badakit ere, goazen etxera...

MIKEL: Lanera joan behar eta honela! Nere lagunek egingo lituzketen barreak gure etxeko berri jakingo balute.

ITZIAR: Nik ez dut zure jazkia!

MIKEL: Kalean errespetoa zaindu behar duena, besteren etxean gantzotzilo hutsik alajaina!

ITZIAR: Nik ez dut jazkia!

MIKEL: (ITZIARren aurrean eta berari begira egon ondoren). Zer gertatzen zaio honi? Zergatik erantzuten du deika? (Berak ere ITZIARrek bezala deika). Jazkia! Jazkia! Hau ere txoratzen hasia al da? Nik ematen diodan zaplatekoakin berehala zuzenduko dut...

ITZIAR: Nik ez dut jazkia!

MIKEL: (Alde egitera bazihoan ere kanpoko atealdera, urruntzen da ITZIARren ondora). Inork galdetu al din ezer orain? (Erantzunik ez jasotzean). Joan hadi nere aurretik etxera edo bestela...

 

 

Zazpigarren agerraldia

 

ITZIAR, KARMELE, MIKEL eta MARKEL

 

MARKEL: (Agertuko da etxe barnetik, udaltzain jazkia eskuetan duela). Hau, zuena al da?

MIKEL: Hara hemen nere jazkia! (Kentzen dio MARKELi). Baina, nondik nora duk hau hirekin? Esan zaidak!

MARKEL: Etxeko balkoian zegoen... Ziur asko zuenetik erori izango da...

MIKEL: Balkoian? (KARMELEri). Baina, zer egiten zuen nere jazkiak balkoian?

KARMELE: Ez dakit bada... Itziarrek atera ez badu...

ITZIAR: (MARKEL agertu den unetik eseria da). Bai aita. Orain gogoratu naiz. Nik utzi nuen atzo iluntzean zerbait aireatu zedin...

MIKEL: Emakumearen burua eta satorraren begiak berdinak dituk izan ere... Garai ederrean iritsi behar diat gaur nere lanera! (Alde egiten du kanporako atetik).

KARMELE: Gure etxean gertatzen direnak! (ITZIARri) Tira, goazen etxera...

ITZIAR: Zerbait geroago joango naiz, ama.

KARMELE: Hobe izango dun bai, bestela oinetakoren bat sartuko din ahoan hire aitak... (Alde egiten du kanpoko atetik).

MARKEL: Eskerrak udaltzain jantzian ez naizen azaldu.

ITZIAR: Ez duk berehalakoan irten behintzat hor barrutik. Ia ito ninduan deika...

MARKEL: Nik pasatu dudan estuasuna!

ITZIAR: Eta nik?

MARKEL: Oraindik handiagoa pasatu behar ez badun... Galtzak erazten hasi naizenean, rast!

ITZIAR: (Zutituko da bapatean). Zer?

MARKEL: Esan dudana... Rast! eta hanka-tarte aldean, joskuratik askatuak direla hire aitaren galtzak... Konturatzen bada, berehala dun deika. Bestela berriz, haize presko ederra hartuko din hankak zerbait zabaltzen dituenean.

ITZIAR: Kaletik jira bat egitea hobe izango diat, aitak etxetik alde egin bitartean...

MARKEL: Goazen biok. Geroago etorriko gaitun... (Alde egitera doazela kanporako atetik, BIXENTErekin topo egiten dute) Berehala etorriko gaituk. Geroarte!

 

 

Zortzigarren agerraldia

 

BIXENTE

 

BIXENTE: Ez ditek nolanahiko presa... Zerbait lapurtzekoa izan bazen gure etxean, esan behar lapurretan egin ondoren ihesi direla. (Eseriko da). Hauek dituk une larriak igarotzen ari naizenak! Etxejabeak gaizki hartu ez badit ere lanean hasteko hartu dudan erabakia, ez dit denbora luzatu nahi ordainketa egiteko. Guztia entzun, egoki hitz egin, baina berean jarraitzen du. (Isilunearen ondoren). Barnean dudan artista alderdia ere berriz alde batera utzi behar... Nik egiten ditudan lanak baino askoz ere okerragoak saltzen dizkitek makinabat artistak gaur egunean. Laguntzaile egokiak aurkitu dituztelako, horiek aurrera eta ni bezalakoak berriz, ezer ez... (Txirrina entzuten da). Beste norbait ez bada diru eskean... (Kanporako atea irikitzera joaten da).

 

 

Bederatzigarren agerraldia

 

BIXENTE eta KRISPIN

 

KRISPIN: (Agertuko da kanpoko atetik). Emakume dotore bat duk hire galdezka.

BIXENTE: Nere galdezka? (Beretzat) Zerbait oker egin izango diat nonbaiten... (KRISPINi) Zer itxura du bada emakume horrek?

KRISPIN: Etxe honetan oraindik sartu den emakumerik dotoreena jantzia duk dudarik gabe.

BIXENTE: Eta, nere bila? Osabagatik galdetu izango dizu...

KRISPIN: Gorreria zerbait badut ere, ongi entzun zioat... Hiregatik galdetu zidak. Une txiki batetan egoteko esan ondoren etorri nauk honuntza.

BIXENTE: Baina, zertara datorren edo...

KRISPIN: Ez zidak ezer esan. Zertara etorria den jakin nahi baduk, galdetu zaiok berari. Zerbait egin al duk berarekin hitz egiteko beldurrez izateko? Hire lanerako asmo onak hortan geldituko dituk oraingoan ere. Asmoak besterik ez!

BIXENTE: (Egon ezinean da). Baina, zertara etorri ote da? Nik egin dudan margoren bat gustatu ez bazaio...

KRISPIN: Inork erostekotan, emakume horrek erosteko era duela esango nikek. Harritzekoa ordea hire lan hoietakoren bat gustatzea. Baina, zer esan behar zioat berari?

BIXENTE: Esan zaiozu, ez naizela une honetan etxean. Aste bete batetarako alde egin beharra izan dudala herritik...

KRISPIN: Hire beldurrak garbi agertzen dik orain ere zerbait egin dukala... (Alde egitera doa kanpoko atetik).

BIXENTE: Ez, ez. Esan zaiozu hemen naizela... Une larriak lehenbailehen igaro eta kito!

KRISPIN: (Kanpoko atetik alde egiten du eta deika). Nati! Lagundu zaiozu emakume horri honuntza!

BIXENTE: (Bitartean, bere jazkiak zerbait txukuntzen jardungo du eta baita ere margolaritzako tresnak). Baina, zertara ote dator?

KRISPIN: (Kanpoko atetik agertuaz). Berehala duk hemen.

BIXENTE: Gelditu zaitez bertan, gutxienez behintzat zertarako asmoan datorren jakin bitartean eta lagundu zaidazu baldin asmo txarrak baditu...

KRISPIN: Beti era honetan ibili beharrak ez dik lotsarik ematen... Nere semea bahintz...

 

 

Hamargarren agerraldia

 

BIXENTE, KRISPIN, NATI eta TIBURTZIA

 

TIBURTZIA: (Agertuko da kanpoko atetik, dotore jantzia eta NATI ondoren duela). Eguerdi on!

KRISPIN: Hau duzu bada, galdetu duzun Bixente hori.

TIBURTZIA: (Eskua luzatuko dio BIXENTEri). Zu zara orduan, On Bixente Sagastigorri Erlebeltz... (Eskua emanaz). Pozten naiz ezagutzeaz.

KRISPIN: (NATIri) On Bixente?

NATI: (KRISPINi). Gorri... Beltz... Ez du kolore paltarik!

BIXENTE: Ni ere, pozten naiz...

TIBURTZIA: Ni naiz, Tiburtzia Gibelaundi Lardaztegi. Zure osaba zenaren abokata edo lege-andrea.

KRISPIN: (NATIri) Diru eskean hau ere!

BIXENTE: Hilda gero ere ez digu pakean utzi behar nere osaba horrek! Zuri ere, zerbaiten zorra utzi eta hankak luzatuko zituen?

TIBURTZIA: (Barrez). Guztia jakin bitartean behintzat, ez nuke nik horrela hitz egingo zure osabaz. Baina aurrez, esertzea hobe izango duzu, muturrekoren bat hartu ez dezazun.

BIXENTE: Muturrekoak hartzen ohitua naiz lehenago ere!

KRISPIN: (Eserleku bat urreratzen dio BIXENTEri). Eseri hadi behintzat aginduta bezala.

TIBURTZIA: Begira. Entzun ondo orain esan behar dizudana. (KRISPINek beste eserleku bat ematen dio TIBURTZIAri). Zure osaba, arlote eta behartsu agertu bada bere azken urteetan, berak horrela nahi izan duelako bakarrik izan da.

BIXENTE: Nik bezala...

TIBURTZIA: Zuk bezala ez eta entzun zaidazu guztia. Kuban, Kamaguei hirian egin zuen denboran, diru asko eskuratu zuen...

BIXENTE: (Zutituko da bapatean). Zer? Dirua?

TIBURTZIA: Bai, bai. Diru asko eskuratu zuen... (NATIk, eserleku bat hartu eta BIXENTEren ondoan eseriko da guztia egokiago entzun nahirik).

BIXENTE: Azkar asko erre zuen horregatik guztia!

TIBURTZIA: Entzungo al didazu bukatu bitartean? (KRISPINek eseriaraziko du BIXENTE). Kubatik etortzean, zure osabak diru guztiak bankuetxe batetan jarri zituen eta bertatik xentimorik atera gabe bizi izan zituen beraren azken urteak...

BIXENTE: (Zutituaz). Eta beti bezala, orain bankuetxea jabetu da beraren diruaz!

KRISPIN: (Eseriaraziko du BIXENTE). Entzun zaiok isilik!

TIBURTZIA: Orain, zure osaba hiltzean... Zu egin zara diruaren jabe. Zurea duzu guztia.

BIXENTE: (Zutituaz). Zer? Neretzat dela berak utzitako dirua? Ezin daiteke! Ezin daiteke horrelako miraririk gertatu edo bestela bi mila pezeta baino gehiago ez dira izango!

NATI: Txarrak dituk bada horiek ere ezer ez duen batentzat!

TIBURTZIA: (Barrez). Bi mila pezeta? Ja, ja, ja! Eseri hadi mesedez, muturrekorik hartu gabe. (KRISPINek eseriaraziko du BIXENTE).

NATI: Gehiago?

TIBURTZIA: Berrogeitamar miloe pezeta besterik ez! (Hau entzutean, BIXENTE muturrez aurrera erortzen da). Nik pentsatzen nuen bezala, azkenean muturrekoa hartu... Eman zaiozue ur pittin bat...

NATI: (Zutiturik TIBURTZIAri). Berrogeitamar miloe?

TIBURTZIA: (Zutituko da). Bai, bai. Berrogeitamar miloiren jabe... Baina, eman zaiozue mesedez ur pittin bat...

KRISPIN: (Alde eginez etxe barnera). Berrogeitamar miloe...

NATI: (Astinduaz BIXENTE). Baina, orain hilko ote haiz bada? Dirua gainezka izatean?

TIBURTZIA: Berehala izango da bere onean. Izan ere ez da harritzekoa horrelako albistea jasotzean zerbait gertatzea.

NATI: Neronek ere pozik hartuko nuke muturreko bat...

KRISPIN: (Baso batetan ura duela). Berrogeitamar miloe... (NATIrekin batera belaunikaturik, ematen diote ura BIXENTEri). Esna motel! Esna! Bizitzeko garaia heldu denean lo hartu behar al duk?

BIXENTE: (Bere onera etortzean). Berrogeitamar... Berrogeitamar miloe, neretzat? Jainko santua! Hau da miraria! (TIBURTZIAri). Eta noiz izango ditut eskuartean? Noiz?

TIBURTZIA:: Denbora gutxiren barruan. Aurrez, paper batzu bete beharrak ditugu... Badakizu, honelako kasuetan egin behar izaten diren lanak.

BIXENTE: Badakidala? Zer jakin behar dut nik? Uste al duzu bigarren aldia dudala berrogeitamar miloe jasotzen ditudala?

TIBURTZIA: Horregatik bada, nik prestatuko dut guztia. Une honetatik hasiko naiz lanean eta deituko dizut... Tori nere txartela. (Ematen dio). Deitzen dizudanean, azaldu zaitez bertara eta une batetik bestera dirua zure eskuetan izango duzu...

BIXENTE: (Pozik, eskua emanaz TIBURTZIAri). Eskerrik asko, Tiburtzia andrea... Gaur ekarri didazun albistea gogoan izango dut bizi naizen artean.

TIBURTZIA:: Bere lana bukatzean hitz egingo dugu lasaiago. (Alde eginaz kanporako atetik). Orain banoa, lehenbailehen lanean hastera.

BIXENTE: Agur, bai. Zure deiari itxoiten naiz.

KRISPIN: Agur!

NATI: (Eseria da zer gertatzen den ez dakiela). Jainko maitea! Berrogeitamar miloe alajaina! Zer ez nituzke egingo nik eskuartean banituzke...

KRISPIN: (NATIri). Eta osaba zaharraren aurka jardun duten hauei utzi dirua! Nik hainbat jakin izan bazuen...

BIXENTE: Egia diozu, bai. Nik esan ditudanak berataz eta begira nolatan ordaintzen didan. Baina, nork usteko zuen bada? Nork pentsatu horrenbeste miloiren jabe zela bere egoera ikusita? Oraindik ezin dut sinistu! Zerbaiten okerra egon behar du!

NATI: Isildu hadi motel txorakeririk esan gabe! Era horretako emakumeak ez dituk ibiltzen horrelako albisteak ematen gauzak ondo jakin gabe.

KRISPIN: Ez horixe! Ederrak izaten dituk bada, abogatuak... Berehala duk nahiko dirua eskuetan! Berehala!

BIXENTE: Baina bitartean, lehen bezala ezer gabean...

NATI: (Zutituaz). Ezer gabean? Ez horixe! Bitartean behar duan guztia emango diagu pozik.

KRISPIN: (NATIri). Baina...

NATI: Zu, isilik! Miloiak eskuratu bitartean behar duena eman ezinik ez dugu. Gainera lagunak, zertarako izaten dira? Honelako unetan laguntza emateko...

KRISPIN: Baina, gero...

NATI: Geroago bihurtuko dizkigu. Berrogeitamar miloe dituenari laguntzea hobeagoa da, larrian denari ematea baino. Eta une honetatik bertatik hasiko gara gainera!

KRISPIN: Baina...

NATI: Iso! Orain den itxuran, ez da inoren aurrera azaltzeko eran eta hartu zaizkiozu neurriak traje dotore bat egin diezaiogun. Tira, hartu azkar!

BIXENTE: Eskertuko dizuet...

NATI: Ordaindu ere bai, dirua eskuratzean.

BIXENTE: Bai, bai. Eskatzen didazuen guztia... (KRISPIN hasiko da BIXENTEri neurriak hartzen eta NATIk paperean idatziko ditu KRISPINek esaten dizkionak).

KRISPIN: Benetan ederra egingo diagu bada oraingoan... Neurriak: 45-101-64-70.

NATI: (Idatzi ondoren). Galtzak orain.

KRISPIN: (Neurriak hartuaz BIXENTEri). Alde ederreko gizona azaldu behar duk. Neurriak: 96-97-75. (NATIk idatziko ditu).

BIXENTE: Osabak utzi didan diruaren jabe egiten naizen unean, zuei zorrak ordaintzea izango da lehenik egingo dudana. Ez gainera nolanahi...

 

 

Hamaikagarren agerraldia

 

BIXENTE, KRISPIN, NATI eta MARKEL

 

MARKEL: (Agertuko da kanporako atetik). Gauza guztiek gaizki irten zidatek gaur goizean! Guztia gaizki!

KRISPIN: Alde ederra atera duzue orduan! Bixenteri zer gertatu zaion jakiten duanean...

NATI: Tira Krispin, hartu honi ere neurriak.

MARKEL: Zer?

BIXENTE: (Barrez). Neurriak hartzen utzi zaiok, bai. Lagunik haundienetakoa ezin utziko diat era horretan...

MARKEL: Zertarako behar dizkitek bada nere neurriak?

KRISPIN: (MARKELi neurriak hartuaz). Tira, egon hadi geldi une txiki batetan!

MARKEL: Baina, hil baino lehen kaxa prestatzeko asmoan al zarete? Erotuak guztiok?

BIXENTE: (Barrez). Hildakoak ere piztu egiten dituen albistea eman zidatek orain dela denbora gutxi. Erreza ez bada ere sinistea, nere osaba amerikarrak berogeitamar miloe utzi zizkidak.

MARKEL: Berrogeitamar miloe zorri!

BIXENTE: Berrogeitamar miloe pezeta!

MARKEL: (Belarrietako zuloak garbituaz). Zer? Zer esan duk?

NATI: Berrogeitamar miloe pezeta utzi dizkiola Bixenteri bere osabak!

MARKEL: Aitaren eta Semearen... (Aitaren egitean, erortzen da lurrera hilik bezala).

BIXENTE: Benetan, hildakoen kaxa prestatu behar ote dugu?

KRISPIN: Oraintxen neurriak hartzen nintzen unean... (Azken hitz hauek esaten dela eta guztiak MARKEL esnatu nahirik direla, bukatuko da lehen ekitaldia).