Hamlet, William Shakespeare

 

Boskarren atala

 

 

 

LEHENBIZIKO AGERRALDIA

 

Hilerri bat.

 

Sartzen dira bi HOBIGILE aitzur eta abarrekin.

 

LEH. HOBIGILEA: [66] Eliz lurrean ehortziko ote duk, ba, bere burua gaizkatzea [67] beraizik bilatzen diana?

BIG. HOBIGILEA: Baietz dioat. Egiok, beraz, hobia, berehalakoan. Auzi-jaunak gertaria aztertu eta eliz lurra ematea erabaki dik.

LEH. HOBIGILEA: Nola litekek hori, bere burua begiratzearren ito egin ez baduk?

BIG. HOBIGILEA: Horrela erabaki ditek, ba.

LEH. HOBIGILEA: «Se offendendo» [68] izan edo duk; ezin litekek bestela. Hemen baitzagok arloa: nik ala nahi eta, neure burua ito badezaat, egintza bat duk hori eta edozein egintzak baditik hiru atal: egin, ekin eta betegin; «argal» [69], ala nahi eta, bere burua ito zian.

BIG. HOBIGILEA: Baina, adi ezak, aitzurlari maisu...

LEH. HOBIGILEA: Utzidak. Hementxe zegok hura; ongi. Hementxe daukak gizona; ongi. Gizona ur honetara joan eta ito egin badik, nahi eta nahi ez, joan egiten duk; ohar horri. Baina, baldin urak harganatu eta ito badezak ez dik hark bere burua itotzen: «argal», beraren heriotzaren errudun ez duanak, ez dik beraren bizitza laburtzen.

BIG. HOBIGILEA: Baina, lege diagu hori?

LEH. HOBIGILEA: Bai, ba! Auzi-jaunaren legea.

BIG. HOBIGILEA: Nahi duk egia esan diezaadan? Handiki alaba ez balitzak, ez zioaten eliz lurrik emango.

LEH. HOBIGILEA: Berriz esan ere! Eta tamala duk gero, handi-mandiek beste kristauek baino eskubide gehiago izatea mundu honetan beren burua irato naiz urkatzeko. Hots, nire aitzurra. Ez zegok baratzainak, aitzurlariak eta hobigileak baino zaldun antzinakoagorik; Adan-en bizibidean ari baitituk.

BIG. HOBIGILEA: Adan zaldun ote huan?

LEH. HOBIGILEA: Lehenbiziko iskiluduna diagu hura.

BIG. HOBIGILEA: Zer diok? Ez zeukan bat ere.

LEH. HOBIGILEA: Hara! Fedegabe ote haut? Nola ulertzen dituk Liburu Santuak? Liburu Santuek, Adan aitzurrean ari huala ziotek. Aitzurra ez al duk iskilu? [70] Orain beste galde bat; baldin erantzuten ez badidak, aitortu ezak...

BIG. HOBIGILEA: Atozea!

LEH. HOBIGILEA: Nor duk hormaginak, istinkariak edo zugarotzak baino sendoago eraikitzen diana?

BIG. HOBIGILEA: Urkabegilea; tramankulu horiek beren mila maizter baino gehiago bizi ditualako.

LEH. HOBIGILEA: Eder zaidak hire kasketa, alafede. Urkabeak ongi zoazek, baina, nola zoazek ongi? Gaizki doazenentzat zoazek ongi. Hi gainki hoa, urkabea eliza baino sendoago eraikia zegokala esatean; argal ergo, urkabea ongi joango zitzaian. Ea, berriz ere.

BIG. HOBIGILEA: «Nor duk hormaginak istinkariak edo zugarotzak baino sendoago eraikitzen diana?»

LEH. HOBIGILEA: Bai, esadak eta uztarpetik irtengo haiz.

BIG. HOBIGILEA: Apoa! oraintxe esango diat.

LEH. HOBIGILEA: Hots!

BIG. HOBIGILEA: Arraiopola, ez zakiat zer esan.

 

(HAMLET eta ORATI sartzen dira urrutira)

 

LEH. HOBIGILEA: Ez hautsi hire burua gehiago horretaz, hire asto gibelkariak ez baitik urratsa aldatuko, makiladak gora-behera. Galde hori berriz egiten baditek, esan: «Hobigilea, hark eraiki etxeek Auzi egunera arte iraungo baititek». Hots, hoa Yaughanenera eta ekardak txopin bat atariko. (BIG. HOBIGILEA irteten da).

LEHEN. HOBIGILEA (aitzurrean ari dela kantatzen du):

                    Gazterik, maiteketan nenbilela,

                    hori eztiena zela nuen uste

                    astia hiltzeko, harekin, ezer onik

                    oi! inoiz ez bazetorkidan ere.

HAMLET: Ez ote da bere lanaz ohartzen, hobia egiten duelarik kantuz ari den gizon hori?

ORATI: Ohiturak egin du langintzari ezaxola.

HAMLET: Izan ere, horrela da: gutxien lan dagin eskuak ukitze leunena du.

LEHEN. HOBIGILEA (abesten du):

                    Baina zahartzaroak, urrats-isil,

                    bere atzaparretan atzitu nau,

                    lur-barrenean sarrarazirik

                    lurrez eratua izan nintzen hau.

 

(Kozko bat ateratzen du)

 

HAMLET: Kozko horrek bazeukan mingaina eta abes zegien behinola. Lurrera egozten du zital horrek, lehenbiziko heriotza egin zuen Kainen hormaza bailitzan? Eta asto horrek orain eskuetan darabilan hori, baliteke izatea Jainkoari berari iruzur egiteko asmoa zuen jauntxo azpikari batena; ez ote?

ORATI: Baliteke, jauna.

HAMLET: Edo-eta: «Egun on, jaun maitea!» «Nola zaude, nire jaun maitea?» esaten bazekien jauregiko batena. Honako hau, Urlia jauna zen, onenean, Sandia jaunaren zaldia goraipatzen ari zena, eskain ziezaion. Ez ote liteke?

ORATI: Baiki, jauna.

HAMLET: Bai, orain! Eta orain Har jaunaren menpeko da, matelezur gabe eta hobigilearen aitzurrak kozkoa astinduta. Iraulpen ederra, hura ikusteko antze nahikoa bagenu! Hain errez haziak al ziren hezur horiek, bolaka jolasteko baizik ez baitira gauza? Nereok min ematen didate hori gogoratze hutsaz.

LEHEN. HOBIGILEA (abesten du):

                    Pikotx bat eta aitzur bat,

                    izara bat, hil-jantzi,

                    oi! eta hobi bat lurrean

                    dagozkio arrotz honi.

 

(Beste burezur bat ateratzen du)

 

HAMLET: Horra hor beste bat. Ez al dukegu hori legegizon baten burezurra? Non dira orain bere kako-makoak, bereizkeriak, zeharkeriak, ihesbideak eta atzipeak? Kiskil zakar horrek aitzurraz kasketan jotzen du eta ez al dio auzia ipintzen kalteak direla-eta? Uf! Hau bere aldian lur-erosle handi bat edo zen, bere bahitura, zor-ageri, itun, berme bikoitz, zekuru eta guzti. Bere itunen ituna eta bere hartzekoen hartzea, bere garondo mea, lohi mehez beterik edukitzea ote da? [71] Bere berme guztiek, nahiz eta bikoitzak izan, bermatuko al dizkiote bere erosetak, bi ageriren luzea eta zabala baino gehixeago? Bere lurren jabetza ageri hutsak ere, nekez kokatuko lirateke kutxa honetan eta jabegaiak berak ere ez duke gehiagorik, e?

ORATI: Izpi bat gehiago ere ez, jauna.

HAMLET: Larrutxa ez al da ahari-larruz egiten?

ORATI: Baiki, jauna, bai eta txal-larruz ere.

HAMLET: Ahari eta txal handiak dituzu, ba, hartan beren ustekaria jartzen dutenak. Mintzatuko natzaio lagun horri (Hobigileari) Norena duk hilobi hori, adiskide?

LEH. HOBIGILEA: Nerea, jauna (abesten du):

                    Oi, eta hobi bat lurrean

                    dagokio arrotz honi

HAMLET: Hirea duala uste diat, bai, haren barruan [72], hago-eta.

LEH. HOBIGILEA: Zu lekorean zaude eta ez da zurea, beraz. Ni, nerau, ez natza hartan, eta, hala ere, nire dut.

HAMLET: Gezurra diok, hartan hagoela eta hilobi hori hirea duala esateaz; hilentzakoa da, ez bizientzakoa; gezurra diok beraz.

LEH. HOBIGILEA: Gezur bizia da eta badoake laster nigandik zugana.

HAMLET: Zein gizonentzat aitzurtzen duk zulo hori?

LEH. HOBIGILEA: Gizonentzat ez, jauna.

HAMLET: Zein emakumerentzat, ba?

LEH. HOBIGILEA: Batentzat ere ez, jauna.

HAMLET: Nor ehortziko ditek hartan, ba?

LEH. HOBIGILEA: Emakumezko zen bat, jauna, baina goian bego, hil da-eta.

HAMLET (Oratiri): Zirt-zartekoa dugu kiskil hau! Hiztegia eskuan mintzatu behar diogu, bestela zapalduko gaitu zimardika batez. Ala Jainkoa, Orati, hiru urte dira ohartzen ari naizela; gure gizaldia hainbeste zorrozten da eta baserritarraren oin-muturrak jauregikoaren zuzpelak larrutzen ditu; orpoz orpo baitarraio (Hobigileari) Noizdanik haiz hobigile?

LEH. HOBIGILEA: Urteko egun guztien artean, gure azkeneko errege Hamlet-ek Fortinbras garaitu zuen egun hartan hasi nintzen bizibideon.

HAMLET: Noiz izan huan hori?

LEH. HOBIGILEA: Ez al dakizu? Ez dago ba, hori ez dakin larrekorik. Burutik egina dela eta Englandera bidali duten Hamlet gaztea jaio zen eguna bera zen.

HAMLET: Bai? Eta zergatik bidali ziaten Englandera?

LEH. HOBIGILEA: Eroa zelako, ba. Han itzuliko da bere senera eta ezezkoan ez dute horregatik han deusen ardurarik hartuko.

HAMLET: Zergatik?

LEH. HOBIGILEA: Ez dute atzemango; han guztiak baitituzu hura bezain eroak.

HAMLET: Eta nola erotu huen?

LEH. HOBIGILEA: Ohi ez bezalako gisatan diotenez.

HAMLET: Ohi ez bezalako gisatan?

LEH. HOBIGILEA: Alafede, zentzuna galduta.

HAMLET: Baina zer huela bide? [73]

LEH. HOBIGILEA: Bide? Hemen, Danimarkan. Izan ere, zahar eta gazte, hogei eta hamar urtetan nauzu hemen ogibide honetan.

HAMLET: Zenbat aldi datzakek lurpean gizona usteltzeke?

LEH. HOBIGILEA: Egia esateko, hil baino lehen usteldua ez badago —gaur egunean baitatozkigu hobiratzea ere doi-doi burutzen duten gorpu zornetsu asko— zortzi edo bederatzi urtetsu iraun ditzake; larrugin batek bederatzi urte iraungo dizkizu.

HAMLET: Zergatik berak, besteak baino gehiago?

LEH. HOBIGILEA: Bere larruak jauna, bere langintzaz hain ondua dago eta urari luzaroan geldiarazten diolako; eta hura, zure gorputz hil putasemearen hondatzaile ikaragarria duzu. Hemen daukazu kozko bat. Kozko hau hogei eta hiru urtez egon da lurpean.

HAMLET: Norena huen?

LEH. HOBIGILEA: Putaseme kaiku batena; norena zela uste duzu?

HAMLET: Nola jakin nezakek?

LEH. HOBIGILEA: Izurria berari! Ero galutsa! Bonbil bat Rhin-ardo jaurti zidan behin buru gainera. Kozko hau, jauna, Yorik, erregeren narritariarena izana duzu.

HAMLET: Hau?

LEH. HOBIGILEA: Hauxe.

HAMLET: Utz iezadak ikusten. (Kozkoa hartuta) A ene, Yorik gaixoa! Ezaguna nuen, Orati; hitz-gozo betiereko eta irudimen harrigarriko laguna zen. Hamaika bider erarran ninduen sorbaldan, eta orain, gogoratzeak ikaratzen nau! hura ikustez goragale naiz. Hemendik zintzilika zeuden, hamaika aldiz musu eman diedan ezpain haiek. Non dira orain hire izkirimiriak, hire jauzkak, hire leloak eta mahaikide guztiak irri-karkar batean ipintzen zizkiaten hire poz-zartada haiek? Bat ere ez, heure aieruari irri egiteko? Zer ari haiz aho zabalik? Hoa orain nire andrearen apaingelara eta esaiok itxura honetaraxe etorri beharra dela, nahiz eta bere aurpegiari hazbete azal-apain eman; barre eragiok horretaz. Esadazu, arren, gauza bat, Orati.

ORATI: Zein, ene jauna?

HAMLET: Uste al duzu Alexanderrek lurpean itxura hau zuenik?

ORATI: Hauxe.

HAMLET: Eta honela kiratsa al zerion? Pu! [74] (Koskoa botatzen du).

ORATI: Honelaxe, jauna.

HAMLET: Horra zertara beharra garen, Orati! Zergatik irudimena ez litzaioke jarraitu Alexander-en errauts urenari, kupel baten ahoa estaltzen hura aurkitu arte?

ORATI: Horrela gogoratzea, zehatzegi gogoratzea izango litzake.

HAMLET: Ez, ene fede, pixkarik ere ez. Aski dugu neurri onez eta egiantzez hari jarraitzea, hara jotzeko. Honelaxe: Alexander hil zen; Alexander lurpetu zuten; Alexander hauts bihurtu zen; hautsa lurra da; lurraz buztina egiten dugu eta, zergatik, bihurtu zen buztin hartaz ez liteke estaldu garagardo kupel bat?

                    Hil eta buztin egin zen Kaisar gorengoak,

                    haizeari estaltzen dio orain zulo bat.

                    Oi, mundua dardaraz eduki zuen buztina

                    hormak negu haizetik zaintzeko izatea!

          Baina, ixo! ixo! alde dagigun; errege dator-eta... (Sartzen dira lerro-lerro APAIZAK eta abar; OPELEren gorpua eta honen atzetik, LAERTE eta AHOKIA; ERREGE, ERREGINA eta hauen jarraigoak).

          Erregina, jarraigokoak; nori darraizkio? Eta elizkera horren urriz? Honek esan nahi du, darraizkion hilak bere bizitza esku etsiz hondatu duela; eta maila gorenekoa zen. Kukutu eta kirika gauden apur bat (Baztartzen da ORATIrekin).

LAERTE: Zein elizkizun gehiago?

HAMLET (Oratiri): Laerte da hori, jatorri oneko gaztea. Gomazu.

LAERTE: Ez al dago beste elizkizunik?

LEHEN. APAIZA: Bere hiletak, sori zaigun zabaltasun guztiaz eginak dira; bere heriotza ezbaikoa izan zen, eta goiko aginduak araua azpiratu ez balu, eliz lurretik at jarria izango zen Ebaztegunera arte. Otoitz errukiorren orde, zabor, harri eta legarrak jaurtiko ziren haren gainera. Halaz ere, neskatxa buruntza eman zaio:haren hobia lorez josita dago eta joale hotsarekin azken aterpera eramana da.

LAERTE: Ez al ba da, gehiago egin behar!

LEHEN. APAIZA: Gehiagorik ez. Elizkariak narriatuko genituzke, hari requiem bat abestuko bagenio, Jaunarengan hildakoen gogoei bezala.

LAERTE: Lurrean eratzazue eta haren haragi eder eta aratzetik sortu daitezela sagubelarrak! Apaiz zakar hori, nire arreba hau, aingeru bat izango da zeruan, zu su-lezean arramaka ariko zarelarik, nik dasaizut.

HAMLET: Ene, Opele, ederra!

ERREGINA (gorpuaren gainera loreak hedatuz): Loreak loreari; agur! Nere Hamleten emaztea izango hintzelakoan nengoan; hire ezkontzea lorez apaindu uste ninan, neska goxo hori, eta ez hire hilobia.

LAERTE: Oi! Helkaitz bat hamarretan hirukoiztua erori deinela, egipen gaiztoz hire adimen argitsua kendu zinenaren buru madarikatuaren gainera! (Hobigileei) Ez bota lurrik oraino, berriz ere, besarkatu behar dut eta. (Hobi barrura jauzten da) Metatu orain zuen hautsa hil eta bizi gainean, zelai hau Pelion [75] edo Olimpo urdinaren tontor oztina baino goratuagoko mendi bat egin arte.

HAMLET (aurreratuz): Nor da, bere oinazea horren txirriporroki darakusan hori? Bere atsekabezko hizkuntzek izar orronei agindu eta, txundioak hartutako entzuleak antzo, geldiarazten dituen hori? Hemen duzue Hamlet danetarra. (Hobi-barrura jauzten da).

LAERTE: Txerrenak eramango al du zure gogoa! (Hamleti lepotik heltzen dio).

HAMLET: Hire otoitza ez duk on. Ken itzak, arren, hire atzamarrak nire lepotik; ez haserrekor, ez odolgaitza ez banauk ere, badiat neure baitan hire zentzuna beldur izan behar duan halako galbidetsu zerbait. Alde eragik esku hori!

ERREGE: Banandu itzazue!

ERREGINA: Hamlet, Hamlet!

GUZTIAK: Jaunak?

ORATI: Nare zaitez, nire jaun maitea. (Jarraigoko batzuek bananduta, hilobitik irteten dira).

HAMLET: Hots! borrokatuko naiz harekin, auzi honengatik nire betazalok gehiago higi ez daitezen arte.

ERREGINA: Zein auzi, ene semea?

HAMLET: Maite nuen Opele; berrogei mila nebak ere, bere maitasun guztiaz, ezin lezakete hainbatu neure hau. Zer egingo huke hargatik?

ERREGE: Oi! ero dago, Laerte!

ERREGINA: Arren eta arren, uztazue!

HAMLET: Tximista gorria! Erakus egidak zer egin nahi duan. Negar egin? borrokatu? barutu? hire burua urratu? ozpinik edan edo muskertzar bat jan? beste hainbeste egingo dut nik. Zinkurinatzera al hator? Opeleren hilobira jauzteaz niri aup egitera? Lurpetu hadi bizirik harekin eta horixe egingo diat nik ere, eta mendiez mintzatu haizenez gero, irauli ditzaketela gure gainean goldelurrak milioika, gure kon-[76] mendia garatxo bat iduri utzi dezaan arte! Eta deiadarretan lelotzen bahaiz, hik adina hots egingo diat!

ERREGINA: Zorakeria hutsa da hau. Bere oldarrak honela eragingo du alditxo batez. Bereala, usoa bere urre-antzeko bikiak sortu zaizkionean bezain otzana, isilik geldituko da. [77]

HAMLET: Entzun, zalduna. Zer dela eta horrela ari zara nirekin? Beti maite izan zaitut. Baina ez zaio axolarik; nahiz eta Erkulek berak ahal duena egin, katuak mau egingo du eta zakurrak bere aldia izango.

 

(Irteten da).

 

ERREGE: Arren, ene Orati maitea, lagun zakizkio. (ORATI irteten da) (LAERTEri) Sendo ezazu zure eroapena lehengo gabeko gure hizketaz. Goazen gure arloa lasterkatzera. Gerturde maitea, zain ezazu zure semea. Hilobi honek oroigailu bizidun bat daukake. Laster dakusakegu narealdia. Anartean, ari gaitezen egonarriz. (Ba-doaz).

 

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko gizategi bat.

 

HAMLET eta ORATI sartzen dira.

 

HAMLET: Aski da horretaz; bestea dakuskegu orain. Oroitzen al zara gora-behera guztiez.

ORATI: Oroitu, ene jauna?

HAMLET: Nire bihotzean, ene adiskidea, loa galarazten zidan halako borroka bazen eta, matxinatuak bilboetan [78] baino mindurikago nengoen. Ausarki, eta donetsia bedi horrengatik ausardia-jakin behar dugu ba, on zaigula batzutan gure arinkeria, gure asmo helduenek huts dagitenean —eta honetxek irakatsi behar digu jainko bat badagoela gure egin nahiak zuzentzen dituena, ahalik zakarkien guk atontzen baditugu ere... [79].

ORATI: Egi hutsa da hori.

HAMLET: Neure ontzigelatik irten eta, neure zagonaz estaldua, ilunetan haztamuka banoa haiengana. Neure gogoa egin nuen; haien bidari zorroa atzeman eta nire gelaratu nintzen, azkenik. Beldurraren begirune guztiak alde batera utzi eta haien idazki nagusiko zildaia apurtzerainoko kemena hartu nuen. Hantxe aurkitzen dut, Orati, errege-zitalkeria hau: Danimarkaren, baita England herriaren osasunari ere dagozkien askotariko hizpideez ondutako agindu agiri bat, eta, neuri buruz, haiek hamalau zaku eta mamuak! irakurri baikoz, epe hartu gabe, aizkora zorrotzeko gelditzeke ere, lepo egin behar zidaten.

ORATI: Ba liteke hori?

HAMLET: Hemen duzu idazkia; irakur ezazu astiroki. Entzun nahi al duzu ordea, nola ari izan nintzen?

ORATI: Bai, arren.

HAMLET: Honela burua zitalkeriaz saretaratua ikuski —hitzaurrea antolatu baino lehen antzerki-jaia hasirik—, eseri nintzen, agindu berri bat asmatu eta aratz-arazki idatzi egin nuen. Aldi batean, nik, gure handi-mandiek bezala; arazki idaztea zaharkeriatzat hartu eta antze hori ahazteko ahaleginak egin nituen; garai hartan ordea, berebiziko laguntza egin zidan. Nahi al duzu jakin idatzi nuenaren mamia?

ORATI: Bai, nagusi maitea.

HAMLET: Erregeren eskabide estu bat: England herria haren zergaduru zintzoa delako, bion maitazarrea, palmondoa iduri, garatu behar delako, bakea beti garizko buruntza eraman eta haien adiskidetasunaren batz korapiloa izan behar delako, eta honelako «lako» edo «lakio» askorekin, idazki hura ikusi eta irakurri ahala, eztabaida handi nahiz txiki gehiago gabe, eramaileak hilaraz zitzala, haiei aitortzeko astirik ere ez emanda.

ORATI: Nola zildaikatu zenuen?

HAMLET: Honetan ere izan nuen Jainkoa aldeko. Baneukan sakelan aitaren erestuna, Danimarkako zildaiaren eredua. Idazkia, bestearen antzera, tolestu, izenpetu, zildaikatu eta haren lekuratu egin nuen, haur-ordea ezagun ez zelarik. Biharamonean izan zen gure itsas jazarra eta badakizu gero gertatua.

ORATI: Beraz, Guildenstern eta Rosencrantz beren hondamenera doaz?

HAMLET: Bihotz-bihotzez hartu zuten egiteko hau; ez dut haiengatiko garbairik; beren hondamena beren usarteen ondorekoa da. Galbidetsua da txikiarentzat bi aitziko indartsuren ezpata ankerren artean sartzea.

ORATI: Hau erregea!

HAMLET: Ez al duzu uste orain dagokidala —bera baita aita hil, ama galdu, jauralkiaren eta nire itxaroen artean sartu, eta horrelako azpikeriaz nire biziaren bila amua bota zuena— ez al da zuzenbide hutsa, beso honen bidez berari bereak ematea? Eta ez ote da ogena, gure endaren minbizi horri gaiztakeria berriak egiten uztea?

ORATI: Laster jakinaraziko diote Englandetik egitekoaren ondorea.

HAMLET: Laster izango da. Bitartea, ordea, nere dut eta gizon baten bizia jesusean badoa. Bihotzez garbai naiz, ordea, Orati maitea, Laerteri egin nion gehiegikeriaz, nere auziaren irudian harenaren antza baitakusat, nahi dut harekin adiskidetu; baina, egia esateko, haren lorraren abarrotsak sumindu ninduen neurriz gora.

ORATI: Isilik! Nor ote dator?

 

(OSRIC sartzen da).

 

OSRIC: Guztiz ongi etorria, jaun hori, Danimarkara itzultzean [80].

HAMLET: Nire esker apalenak zuri. (ORATIri berezian) Ezagutzen al duzu mariburduntzi hau?

ORATI: Ez, nagusi maitea.

HAMLET: Jainkoaren ederra daukazu, beraz, ogena baita hura ezagutzea. Lur asko eta aberasgarriak dauzka. Abere bat abere-jauna baldin bada, erregearen mahaian daukake bere aska. Belatxinga bat da, baina dasaizudanez, simaur-jabe handia.

OSRIC: Jaun maitagarri hori, astirik baldin bazenu, gauza bat jakinaraziko nizuke, Errege jaunaketz.

HAMLET: Gogo-gogotik hartuko dut, zalduna. Erabili zure ginbaila behar denez. Bururakoa da.

OSRIC: Anitz esker, jaun hori, bero handi bat ari da.

HAMLET: Ez horixe, sinets egidazu, hotz-hotz dago; haizea iparraldetikoa dugu.

OSRIC: Izan ere, jauna, hotz samar da.

HAMLET: Hala ere, bero-bero eta sargori dagola iruditzen zait, ala nire zozkoa...

OSRIC: Saperoa, nire jaun hori, oso sapa dago, esan genezake... ez dakit nola esan. Baina, nire Jaun hori, erregeak agindu dit adieraz diezazudala ixpixo handi bat egin duela zure alde; hona hemen haria...

HAMLET: Arren, oroi zaitez... (Ginbaila janzteko daskaiolarik).

OSRIC: Ez, nire jaun maitea; aisekiago nago honela egiatan. Laerte gaztea etorri berria dugu. Zaldun oso bat, nire ustez, tasun bikainenez joria, guztiz lagunkoia eta iduri ederrekoa. Egiazki, hartzaz behar denez mintzatzeko, gizalegearen erakuslea eta egutegia da, hartan aurkituko baituzu zaldun batek nahi ditzaken gain guztien bilduma.

HAMLET: Zure zaintzeak, jauna, ez dio kalte egiten noski. Badakit, hala ere, haren ongien bilabidea egiteak oroimenaren zenbakiztia zoraraziko lukeela, hau jirabiraka eta ontzi arin haren atzean gelditurik. Baina, gorapenaren egian, irispide handiko gogotzat daukat eta haren barreneko tasunak, bakanak eta bikainak. Hartzaz, behar bezala mintzatzeko, bere idekoa bere ispilua da, eta haren antza hartu nahi izango luken edozein, haren itzala eta ez besterik.

OSRIC: Egia-egiazki mintzatzen zara hartaz, nire jauna.

HAMLET: Baina, egokitasuna? Zertarako estaltzen dugu zaldun hori gure arnas zakar baino zakarragoaz?

OSRIC: Jauna?

ORATI: Ez ote genezake elkar ulertu beste mintzoera batez? Zuk badagikezu noski.

HAMLET: Zer dela eta aipatzen didazu zaldun hori?

OSRIC: Laerte?

ORATI: Bere sakela hutsik dago honezkero: Bere urrezko hitzak oro ahitu dira.

HAMLET: Berbera, jauna.

OSRIC: Badakit ez-jakina ez zarena...

HAMLET: Ai bazina; hala ere, egia esan, ez lidake horrek on handirik egingo. Beraz?...

OSRIC: Ez zara ez-jakina Laerteren bikaintasunari buruz...

HAMLET: Ez dut hori aitortzeko bekokirik, harekin bikaintasunez nire burua berdintzeko beldurrez; gizon bat ongi ezagutzea, norbera ezagutzea da eta.

OSRIC: Esan nahi dut, jauna, haren iskiluari buruz; damaioten ospearen arauz, ba, antze honetan ez dauka berdinik.

HAMLET: Zein iskilu da harena?

OSRIC: Ezpata eta sastakaia.

HAMLET: Bi iskilu ditugu horrek; baina tira.

OSRIC: Erregek, jauna, sei zaldi marokoar jokatu ditu harekin; hauen aurka, diotenez, Laertek ipini ditu sei ezpata eta auzi frantziar, dagozkien txikerrekin; itoltzak, uhalak eta abar. Uztarretako hiru, guztiz gogarakoak dira, zinez, eta ezpata-sagarrei oso egokiak; uztar bikain bikainak eta ahoxuriz asmatuak.

HAMLET: Zeri diotsozu uztarrak?

ORATI (berezian HAMLETi): Banekien, amaitu baino lehen, ertzeko oharretara jo beharko zenuela.

OSRIC: Uztarrak, jauna uhalak dira.

HAMLET: Izena hobeki lihoakioke gauzari, baldin su-haga bat bagenerama gerritik zintzilika; anartean, ugalak eritzi ditzagun. Baina goazen harira; sei zaldi marokoar, sei ezpata frantziar beren txikerrak eta agoxuriz asmatutako hiru uhalen aurka; hauxe da ixpixo frantziarra danetarraren aurrean. Eta zertarako ipintzen da, diozunez, guzti hau?

OSRIC: Errege, jauna, ixpixoa egin du, zu eta Laerteren arteko hamabi oldarralditan hark, hiru ukaldiz gora, zuri gainditu ezetz; Laertek ixpixoinatu du, ama bitan bederatzi baietz, eta berehala egingo litzake ekinaldia, baldin zuk bazenerantzu.

HAMLET: Eta ezetz baldin badarantzut?

OSRIC: Esan nahi dut, jauna, zure aurkezpena ekinaldian.

HAMLET: Hemen, etxarian egurastuko naiz; Erregek baletsa, hauxe da neretzat ekin-ordua; ekar ditzatela ezpatak, baldin zaldunak nahi badu, eta Errege hartan badago, ixpixoa irabazaraziko diot ahal badut; ezezkoan neure gain ahalkea eta ukaldiak.

OSRIC: Horrela emango dut zure berri?

HAMLET: Horrelako esan-nahiaz; zure aldetiko hitz apain guztiaz.

OSRIC: Hartu nire menpetasuna zure ardura pean.

HAMLET: Beti zurea, beti zurea (OSRIC ilkitzen da). On du bere ardura hartzeko eskatzea; ez baitago hori beregainduko lukeen mingainik.

ORATI: Arrautza-kuskua buruan daroalarik, lasterrari eman dion hegabera bat da.

HAMLET: Edoski baino lehen, ugatzari agurka ari zen. Txitaldi bereko beste askok bezala —eta horrelakoengatik, lelotzen da, dakusadanez, gizaldi goiarin hau— eguneko mintzoera eta gizarteko azalkeriak besterik ez ditu beretu; iritzi aldakor eta inarrosienen oldarrari utziak dabiltzan bits-pilak iduri; aztarrenatzeilo haiei putz egin ahala, agur bunbuiloak.

 

(ZALDUN bat sartzen da)

 

ZALDUN: Jauna, Erregek bidali zizun geznari Osric gaztea eta honek, itzuli eta etxarian haren zain zaudela esan dio. Bidaltzen nau, ba, Laerterekin ekinaldia egiteko asmoetan badirauzu ala epe luzeago hartu nahi baduzu jakiteko.

HAMLET: Nire asmoetan nago; Erregeren nahierara nauzu. Laerte gerturik badago, ni ere bai; oraintxe, ala noiznahi orain bezain ezertarako banago.

ZALDUN: Errege, Erregina eta guztiak heltzen dira.

HAMLET: Ordu onean.

ZALDUN: Ekinaldia hasi baino lehen, Laerteri txera ona dagiozula nahi du erreginak.

HAMLET: Aholku ona ematen dit.

ORATI: Ixpixoa galdu egingo duzu, nagusi.

HAMLET: Ez dut uste. Frantziara joan zenetik, tai gabe ari izan naiz. Irabaziko dut aldeaz. Ezin irudi zenezake, ordea, hemen bihotz aldean, hartzen dudan mina, baina ez da axolarik.

ORATI: Horretara ezkero, jauna...

HAMLET: Ergelkeria hutsa da; baina emakume bat, beharbada kezkaraziko lukeen halako bihozkada bat da.

ORATI: Zure gogoak zerbait usna badeza, men egiozu. Erisko zaudela eta ez etortzeko esango diet.

HAMLET: Ez horrelakorik. Ez ditut azti-antzak ezertan hartzen; txolarre bat ere ez da erortzen Jainkoak nahi ez duelarik. Hau bada neure ordua, ez dago etortzeko; etortzeko ez bada, hauxe da; eta hau ez bada, etorriko da hala ere; gertu egotean datza guztia. Utzi beharko duenaren jabe inor ez bada, zer doakio goiz nahiz berandu uztea? Dena dela.

 

(ERREGEA, ERREGINA, LAERTE, OSRIC eta jarraigoa sartzen dira, gerrenak eta eskuzorroak dakartzatela; mahai bat eta ardo-pitxerrak).

 

ERREGE: Zatoz, Hamlet, zatoz eta har ezazu esku hau nigandik. (LAERTEren eskua HAMLET-enean ipintzen du ERREGEk).

HAMLET: Indazu, jauna, zure barkamena: Iraindu zaitut baina asketsi nazazu, zaldun-legez. Entzuleok badakite, eta zeuk entzun bide duzu, zein larri nagon zorakeria gorriz. Zure izaera, izen on eta bihotzondoak mindu ahal izan dituen nire eginak oro, zorakeriak zirela aitortzen dut hemen. Hamletek iraindu ote zuen Laerte? Ez Hamletek inoiz ez. Hamletek, beretik eta berbera ez delarik, Laerte iraintzen badu, ez da Hamlet ari dena; Hamletek gaitzesten du hori. Nor ari da, ba? Haren erotasuna; eta hori horrela bada, Hamlet irainduetakoa da, bere erotasuna Hamlet gaixoaren etsai izanik. Jauna, batzar honen aurrean edozein asmo gaiztoren nire ukatze hau entzunda, zuritu nazazu zure gogo zindo-zindoan, etxe gainean gezia irauzi eta neure anaia sakailatu banu bezala.

LAERTE: Nire bihotza nahikotzen da, bere bultzak gertari honetan, apenera zirikatu behar banindu ere. Nire izen onari dagokiona, ordea, berezian uzten dut eta ez dut nahi hangoak egiterik, ebazle zahar eta itzalgarrienengandik bakearen aldeko iritzi zuzena irits dezadan arte, nire izen orban gabe geldi dadin. Anartean, eskaintzen didazun adiskidetasuna ontzat hartu eta ez diot huts egingo.

HAMLET: Gogotik hartzen dut eta anai arteko ixpixo honetan zintzoki jokatu nahi dut. Emazkiguzu ezpatak, hots!

LAERTE: Hots! bat niretzat.

HAMLET: Jomuga izango natzaizu, Laerte. Nire ez jakiteak distiraraziko du zure antzea, gau ilun-ilunean izarrak iduri.

LAERTE: Barre dagizu nire bizkar, jauna.

HAMLET: Ez horixe, ala Jainkoa.

ERREGE: Izkiezu ezpatak, Osric gaztea. Ixpixoa ba al dazaguzu, Hamlet semea?

HAMLET: Guztiz ongi, jauna; ahulenaren alde jokatu duzu.

ERREGE: Ez dut beldurrik. Biok ikusita zauzkat; bera hobea bada ere, damaizun aldeaz nahikoa dugu.

ERREGE: Astunegia da hau. Ia beste bat.

HAMLET: Hau ongi zait. Ezpata hauek luze batekoak al dira?

OSRIC: Bai, nire jaun hori. (Ekinaldirako gertatzen dira).

ERREGE: Jarri itzazue edontziak mahai horren gainean. Hamletek lehenbiziko edo bigarren ukaldia eman badeza edo hirugarren oldarraldian hainbestez hainbeste bihur badeza, su egin ditzatela harresi guztiek beren kanoiak. Erregeak edango du Hamleten arnas hoberako, eta lau errege jarraikiek Danimarkako burestunean eraman dutena baino txirlarri joriago bat botako du edontzian. Izkidazue edontziak, eta arratzak turutari, turutak urrutiko su-hagari, su-hagak zeruari, zeruak lurrari iragarri diezaiola: «Oraintxe edaten du erregeak Hamleten osasunerako». Hots hasi zaitezte; eta zuek, ebazleok, begi zoli izan.

HAMLET: Hots.

LAERTE: Hots, jauna. (Ezpataketan ari dira).

HAMLET: Bat.

LAERTE: Ez.

HAMLET: Erabaki.

OSRIC: Ukaldi bat, ukaldi oso ageri bat.

LAERTE: Ongi; berriz.

ERREGE: Gel; ekardazue edaria. Hamlet zure duzu txirlarri hau. Zuri eskain! (Turutotsa eta su-hagadak urrutian) Emaiozue edontzia.

HAMLET: Oldarraldi hau amaitu nahi dut lehen; uztazue hor une batez. Hots! (Ari dira). Beste ukaldi bat, zer diozu?

LAERTE: Ukitua, ukitua, aitortzen dut.

ERREGE: Gure semeak irabaziko du.

ERREGINA: Lodi dago eta arnas urri. Zatoz, Hamlet, torizu nere esku-zapia eta lehor ezazu begitartea. Erreginak zure zorionerako edaten du, Hamlet.

HAMLET: Andrea...

ERREGE: Ez edan, Gerturde!

ERREGINA: Edango dut, jauna, asketsidazu, arren.

ERREGE (berezian): Edontzi zitaldua! beranduegi da.

HAMLET: Ez naiz ausartzen oraindik, andrea; berehala edango dut.

ERREGINA: Zatoz aurpegia lehor diezazudan.

LAERTE (berezian erregeari): Oraingoan joko dut, jauna.

ERREGE: Ez dut uste.

LAERTE (berekiko): Eta hala ere, barneak ximiko egiten dit.

HAMLET: Goazen hirugarrenera, Laerte. Jolas hutsean ari zara. Arren, ekin zure indar guztiaz. Umegorri batetzat hartzen ote nauzun beldur naiz.

LAERTE: Hori diozu? Hots, ba. (Ezpataketan ari dira).

OSRIC: Hutsa, baten baten aldetik.

LAERTE: Har ezak hori. (Laertek zauritzen du Hamlet: gero, indarka ari direla, iskiluak trukatu eta, Hamletek Laerte zauritzen du).

ERREGE: Banandu itzazue; sumindurik daude.

HAMLET: Ez, goazen berriz (Erregina erortzen da).

OSRIC: Begiratu erregina, gel!

ORATI: Odoletan daude biak. Zer da hori, nagusi?

OSRIC: Zer da hori Laerte?

LAERTE: Hara, neure lakioetan atzituta oilagor bat antzo, Osric, neure belzkeriak hiltzen nau zuzenbidez.

HAMLET: Zer du erreginak?

ERREGE: Alditxartu da odola isurtzen ikusi eta.

ERREGINA: Ez, ez edaria, edaria... Oi, ene Hamlet maitea, edaria, edaria! Zitalkaturik nago. (Hiltzen da).

HAMLET: Oi doilorkeria! Eup! itxi ateak. Saldukeria! bilatu.

LAERTE: Hementxe duzu, Hamlet; zureak egin du, Hamlet; ez dago lurrean gaizka zaitzakeen osagarririk. Ez duzu ordu erdi bateko bizirik. Eskuan daukazu iskilu etoia, muturdun eta zitalkatua. Azpikeria zikina nire kalte bihurtu da. Hemen nauzu inoiz ez jaikitzeko berriz. Zure ama edendurik dago. Ezin dut gehiago. Errege, errege, da erruduna.

HAMLET: Ezpata-muturra edendua ere! Ea, ba edena, egin zure lana. (Erregea sakailatzen du).

GUZTIAK: Saldukeria, saldukeria!

ERREGE: Oi alde zakizkidate oraindik adiskideok. Zauriturik bakarrik nago.

HAMLET: (Ezpainetan edontzia ipintzen diola) Tori, hi, sendi-nahasle, heriotzagile, Danimarkar madarikatu hori. Ustu ezak edontzi hau. Ez al zegok hire txirlarria hemen? Harraio ene amari. (Erregea hiltzen da).

LAERTE: Berea hartu du. Beraxek atondu du edena. Asketsi diezaiogun elkarri, Hamlet zindoa. Ez bitez nire heriotza eta nire aitarena zure gain, ez eta zurea nire gain ere! (Hiltzen da).

HAMLET: Jainkoak asketsi zaitala! banarraio, nireak egin du, Orati. Erregina zorigabea, agur! Zeuek, larrialdi honetan zurbil eta dardarka ari zaretenok, agerraldi honetako ikusle mintzul eta entzuleok, astirik banu —Heriotza, ertzain anker honek atzitzea ez baitu gerokotzen— ene, esan niezazueke... baina hala biz. Orati, hila naiz ni; zu bizi zara; azal ezazu nire ibilbidea eta zuritu nazazu ez dakitenen begietan.

ORATI: Ez uste hori. Gehiago nauzu antzinako erromatarra danetarra baino. Badago oraindik edari apur bat.

HAMLET: Gizon bazara, emadazu edontzia; uztazu, ala Jainkoa! edukiko dut. Ene Orati maitea, gauzak horrela ez ezagunak gelditu ezkero, hori izen laidotua nire ondoren biziko dena! Zure bihotzean inoiz hartu baninduzun, zaude aldi batekoz zorionetik urrun eta hatsartu oinazez gizarte gogor honetan nire eginak jaulkitzeko. (Guda eresia urrun, danbadak bertago) Zer guda-hots da hori?

OSRIC: Polonitik garaile datorren Fortinbras gazteak guda-agur hau egiten die Englandeko ordezkariei.

HAMLET: Oi, hiltzen naiz, Orati. Eden indartsuak nire gogoa azpiratzen du osoro. Ezin bizi naiteke Englandetiko berriak entzuteko. Alabaina, Fortinbras errege hautatuko dutela iragartzen dut; badu bere alde nire ahots hil hurren hau. Esaiozu hori, bultzatu nauten gertari handi eta txikiekin. Gainerakoa isila da (Hiltzen da).

ORATI: Bihotz zindo bat zartatzen da orain. Gau on, nagusi maitea. Aingeruen egaltotsek lo eragin diezazuela! (Guda eresia hurbil) Zergatik datoz honaino arratzok?

 

(FORTINBRAS eta ORDEZKARI englandarrak sartzen dira arratz, ikurrin eta laguntzarekin).

 

FORTINBRAS: Non dago ikuskari hori?

ORATI: Zer nahi duzu ikusi? Dordorik nahiz harridurarik baldin bada, ez bilatu gehiago.

FORTINBRAS: Gorpu meta honek sarraskia aldarrikatzen du. Balbe harro hori, zer orrits atontzen duzu zure harpe betikoan, honen ankerki, zartada batez, honenbeste buruzagi lur-jotzeko?

LEHEN. ORDEZK: Ikuskari hau izugarria da, eta beranduegi dakarzkigu Englandetiko berriak. Aginduak bete eta Rosencrantz eta Guildenstern hil direla entzun beharko zuten belarriak sorgor daude. Nork emango dizkigu eskerrak?

ORATI: Ez bere ahoak, zuei esker egiteko bizirik balu ere. Ez baitzuen inoiz haien heriotzarako agindurik eman. Baina kinka beltz honetan, zu, Poloniko gudatik, eta zuek, Englandetik heldu zareten ezkero, agindu ezazue gorpuok hil-mahai baten gainean jartzeko agirian, eta utzidazue oraino ez dakin gizadiari, gauza hauek nola gertatu diren desaiodan. Entzungo dituzue egipen lizun, odoltsu eta izaera-kalteak; ustekabeko ebazkuntzak; itsumustuko gizailtzak, maltzurkeriak eta indarrak eraginiko heriotzak, eta, amaitzat, beren egileen buruen gain eroritako asmo hutseginak; guzti hau jaulki dezaket, zinez.

FORTINBRAS: Entzun dezagun, lehen-bai-lehen, eta dei dagiegun handikiei batzarrera. Nik neurez, minez hartzen dut nire zoria. Baditut antzinako eskubideak jaurerri honi buruz, eta, abagune hau dela bide, ezagutaraziko ditut.

ORATI: Horretaz ere mintzatu beharko dut, berekin beste asko daramakeen ahots baten izenean. Ari gaitezen, ordea, astirik galdu gabe, gogoak nahasturik oraindik direlarik, okerrez nahiz azpikeriaz, zorigaitz gehiago gerta ez daitezen.

FORTINBRAS: Lau buruzagik daramatela Hamlet hil-mahaira gudari-gisa. Jauralkira ezkero, errege handi bat izango baitzen. Gudarien eresiek eta guda hiletek hitz dagitela, goraki, haren heriotzagatik. Eraman itzazue hilotzak. Honako ikuskari hau, gudatokiari dagokio, ez leku honi. Zoazte! Agindu gudariari su egiteko.

 

(Hil-eresia. Irteten dira gorpuak daramatzatela. Gero su-haga danbadak entzuten dira).

 

AMAIA

 

 

 

66. Hobigileen arteko eleka hau gizon eta gizarteari buruzko eztenkada barnekorra dugu.

67. «Gaiztokiratzea» esan beharrean, «gaizkatzea» dio.

68. «Se offendendo». Hemen ere, hobigile zapartingarri horrek «se defendendo» (bere buruaren alde) esan nahi du, baina okerretara irteten zaio esakuntza.

69. Hobigileak «ergo» (beraz) esan ordean, «argal» dio.

70. Hemen badago euskarara bihurtu ezina den hitz-joko bat. Ingeleraz «arms» bi gauza esan nahi ditu; iskiluak eta besoak.

71. Hitz-joko batzuk ditugu hemen euskaratzeko oso zailak.

72. Badugu, berriz ere, beste ingelerazko hitz-joko bat: «lie» etzan eta gezur esan adierazteko balio du eta.

73. Beste hitz-joko: Ingelarazko «ground» hitzak bide, zio esan nahi du, baita lur edo lurgain ere.

74. Alexander Handia, Plutarkek dionez —eta historia gaietan Plutark du Shakespearek bere iturri nagusietako bat— gizon eder-ederra zen eta bere jantziak atsontzen zituen usai gozoa egozten zuen soin guztitik. Haren gorpuak ederrik eta ustel-zantzurik gabe iraun omen zuen, ehortzi gabe egon zen egun batzutan.

75. Pelion mendi gora bat da Tesalin. Ipuin zaharrak dionez, erraldoiek jainkoekin borrokan ari zirelarik, mendi hori Osa deritzan beste baten gainean ipini zuten zerura eltzeko asmotan.

76. Ikus lehengo oharra.

77. Erreginak hemen ere aldezten du Hamlet burutik egiten dela sinestarazi nahirik.

78. Bilboes. Hona hemen Shakespeare euskal hitz bat erabiltzen. Bilbo-ak ontzietan erabilitako oinbilurrak ziren. Bilbo-ko burdinaz eginak ziren eta horretatik izena. Badarabil Shakespeare-k Bilbo hitza ere beste leku baten («The Merry Wives of Windsor». Act. I, Scene II. V, 167 eta antzerki beronen Act. III, Scene V, verse 115) Leku hauetan ordea, «bilbo» ezpata da; Bilbo-n eginiko ezpata guztiz aintzakotu bat.

79. Hamlet-ek bere buruaren aurka dagin gogartea dugu hau.

80. Ondorengo zatia (Osricekikoa) idazkera barregarri eta harroputzez egina, hurbiltzen den amai ikaragarriaren aitzi-aitzikoa da. Shakespeare maisu handia dugu honelakoetan.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 

 

Antzez-lagunak / Lehenbiziko atala / Bigarren atala / Hirugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Hitzaurrea / Antzerkiaren haria / Hiztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus