Hamlet, William Shakespeare

 

Hirugarren atala

 

 

LEHENBIZIKO AGERRALDIA

 

Gazteluko gizategi bat.

 

ERREGE, ERREGINA, POLONI, OPELE, ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira.

 

ERREGE: Eta ez al diezaiokezue erasan, zehar-galdez, erokeria asaldari eta galbidetsuz bere biziaren bakea horren gogorki urratzen duen buru-nahaspilo hori nondikoa den?

ROSENCRANTZ: Burua nahaspilaturik duela aitortzen du, bai; hori zergatik den, ordea, ez du esan nahi, inondik inora.

GUILDENSTERN: Ez dugu ere aurkitu haztatuerraz. Zorakeria maltzurraz, berriz, ihes egiten digu haren egiazko egoeraz aitorpen bat-edo-bat atera nahi diogunean.

ERREGINA: Ongi atotsi al zintuzten?

ROSENCRANTZ: Gizalege osoz.

GUILDENSTERN: Baina bere gogoari indar handia eginda.

ROSENCRANTZ: Galde egiteko zuhur; gure itaunei erantzuteko, ordea, ezinago zabala.

ERREGINA: Ahalegindu al zarete jolasen batera hura eramaten?

ROSENCRANTZ: Neure andrea: hain zuzen ere, antzezlari talde bat jarrugi genuen bidean; haien berri eman diogu eta hori entzuteaz halako poza hartu du. Jauregion daude eta badute, inola ere, haren aurrean gau honetan antzezteko agindua.

POLONI: Egi hutsa duzue hori. Eta antzerkia entzun eta ikustera, zeuei, nire Errege eta Erregina horiei, deitzeko eskatu dit.

ERREGE: Gogo onez. Eta poz handia hartzen dut hura horrelakoetara etzina ikusita. Zirika iezaiozue areago, adiskide onak, eta horrelako atseginetara eragiozue.

ROSENCRANTZ: Horixe egingo dugu, jauna.

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irteten dira)

 

ERREGE: Zoaz zu ere, Gerturde maite hori. Hamlet hona eratorriko baitugu, Opelekin aurki dadin ustekabean bezala. Honen aita eta biok, barrandari zintzoak, atustan jarri eta, ez gakusaztela ikusiz, haien aurkitzeaz iritzi zabala hartu eta Hamleten jardueratik atera dezakegu haren gaitza maitetasunetikoa denez.

ERREGINA: Men egingo dizut. Zuri buruz, Opele, opa dizut. Hamleten gainbeheraren jatorria zure edertasun zoragarria izatea. Horrela, bada, zure eragite onez, hura ohiturazko bidera itzuliko dela itxaron dezaket, bion izen onerako.

OPELE: Horixe nahi nuke, neure andrea. (ERREGINA irteten da).

POLONI: Ibil zaitez hemendik, Opele. Jauna, nahi baduzu, jar gaitezen hemen. (OPELEri) Irakurtazu idazti honetan; ariketa hori zure bakartasunerako aitzaki dukezu. Gai honetan maiz gara laidogarri —oso jakina da hau—, elizkoi-iduriz eta aurpegi Jainkozalez, ba, txerrena bera zuritu egiten dugu.

ERREGE (berezian): Ene, egia da hori, izan ere! Hori zartada gogorra hitz horiek nire barneari damaiotena! Arteziz edertutako emagaldu baten begitartea ez da nardagarriago bere azal-apainen azpian, nire egina nire hitz pinpirinen pean baino. Hau zama astuna!

POLONI: Badantzut datorrela. Alde dagigun, jauna.

 

(ERREGE eta POLONI irteten dira).

(HAMLET sartzen da).

 

HAMLET: Izan ala ez izan: hor dago arloa. Gogoarentzat zer dugu handiago: zori iraintsuaren zartada eta geziak jasatea ala gaitz itsaso baten aurka iskiluak hartu eta, gogor eginez, haiei buru ematea? Hil; lo egin; ez gehiagorik. Eta bihotz-mina eta haragiaren jarauntsia diren hamaika jatorrizko gaitzak, amets batez garbitzen ditugula esatea; hori xede nahigarria! Hil, lo egin; lo egin... amets egin agian. Horr, hortxe da, ba, korapiloa! Nork dakizki, ba, haragizko lotura honetatik askatu eta, heriotza-lo hartan etorri dakizkigukeen ametsak? Horrexek geldiarazten gaitu; gogoratze horrek damaio bizi hain luzea zorigaitzari. Bestela, nork jasango lituzke aldiaren zigorradak eta mukerkeriak, zapaltzailearen bidegabea, harroaren iraina, maitasun gutxietsiaren zinak eta minak, zuzenbidearen gerokeriak, agintedunen gehiegikeriak eta gizon gaiak ezpainengandik egonarriz hartzen dituen arbuioak, nork bere atsedena ezten huts batez erdietsi dezakeelarik? Nork leramake, honenbeste zamaz bizi neketsu baten azpian adiaka eta izerditan ari izatea, bidaztirik imultzen ez den heriotza osteko herrialde ezezagun haren beldur ez bagina? Beldur horrek nahimena nahastu eta, hobetzat daukagu ditugun gaitzak jasatea ez dazaguzkigun beste batzuetara oldartzea baino. Horrela gogamenak koldarrak izan arazten gaitu gu guztiok; horrela asmoaren sortzezko margoa, gogoetaren dirdira motelaz mazkaltzen da eta horregatik gora handiko eta behar-beharrenetako eginkizunek beren bidea okertu eta eginen izena galdu egiten dute... Baina, isil! Opele ederra!... Maitagarria, oroi zaitez nire hobenez zure otoitzetan.

OPELE: Nola ibili zara aspaldi honetan, ene jauna?

HAMLET: Ongi, ongi, ongi; anitz esker.

OPELE: Baditut, jauna, zuregandiko oroigailuren batzuk, aspalditik bihurtu nahi dizkizudanak; har itzazu orain arren.

HAMLET: Ez, nik ez; nik ez dizut inoiz ezertxo ere eman.

OPELE: Eman egin dizkidazu, ene jauna, badakizu baietz; bai eta haiekin ere, askoz ederragoak zegizten arnas goxozko mintzoak: haien usai ona galduta, har itzazu berriz. Gogo zindoarentzat emaitza joriena ziztrin bihurtzen baita, emailea bihotz-beltz agertzen zaionean. Hemen dituzu, jauna.

HAMLET: Ja, ja! Garbia al zara?

OPELE: Jauna!

HAMLET: Ederra al zara?

OPELE: Zer esan nahi duzu, jauna?

HAMLET: Garbia eta ederra bazara, zure garbitasunak ez lukeela zure edertasunarekin erkidegorik izan beharko.

OPELE: Jauna, edertasunak garbitasunarekikoa baino hartu-eman hoberik eduki lezake?

HAMLET: Baita eta! Edertasunaren ahal izateak garbitasuna estalgile bihurtuko baitu, garbitasunaren indarrak edertasuna bere idekotsu egingo duen baino lehen; antzina adikaitza zen hau, orainaldian, ordea, jakina da. Aldiko batean, maite zintudan, Opele.

OPELE: Izan ere, hori sinetsarazi zenidan, jauna.

HAMLET: Hobe zenuke sinetsi ez bazenit. Ezin baitugu gure subil zaharrean garbitasuna txertatu, haren kutsurik guregan gelditzen ez delarik; nik ez zintudan maite.

OPELE: Hainbat handiagoa izan da nire galera.

HAMLET: Zoaz moja-etxe batera; zertarako izango zinateke hobendi sortzaile bat? Ez nauzu nerau txarrenetarikoa eta, halaz ere, hobe nuke amak bizira ekarri ez banindu; halako ogenak eman niezazkioke nire buruari. Oso harro, handinahi eta asperbera naiz, buru gainean ogenik gehiago ditudala, haiek sortzeko bulko, eratan jartzeko irudimen eta bururatzeko aldirik baino. Zertarako gara ni bezalako lagunak, zeru eta lurraren artean narraska? Zital beteak gaituzu guztiok; ez entzindu gutako batetik ere. Zoaz, zoaz moja-etxe batera! Non duzu aita?

OPELE: Etxean, jauna.

HAMLET: Ateari giltza damaiotela, bere etxean baizik zozoarena egin ez dezan.

OPELE: Ai ene, Jainko errukiorra, lagun zakizkio!

HAMLET: Ezkondu egiten bazara, mingarri hau damaizuet saritzat: nahiz eta izotza bezain garbi eta elurra bezain garbi eta elurra bezain kutsugabea izan, ez dagiokezu ihes irainari. Zoaz moja-etxe batera, zoaz, agur. Ezkondu egin behar baduzu, ordea, ezkon zaitez tentel batekin; gizon ohartunek baitakite oso ongi nola kokotzen dituzuen. Zoaz moja-etxe batera, eta arin gero! Agur.

OPELE: Ene zeruko jaun horrek, senera itzularaz ezazu!

HAMLET: Entzunik nago ere zuen azal-apainez. Jainkoak aurpegi bat eman eta zuek besterik egin. Taka-taka zaloika, zizoka eta edozein Jainko-semez gaitzesaka ari zarete, zuen lizunkeria bakundasuntzat ematen duzuela. Hots, hots, ase naiz horretaz; horrexek zorarazi nau. Esaten ere dizut, amaitu dira ezkontzak; dagoeneko ezkonduak, bat ez, beste guztiak [30], biziko dira; andarakoak, beren hartan geldituko dira. Hots, moja-etxera.

 

(HAMLET irteten da).

 

OPELE: Ene! hori adimen argia lur joa! Jauregikoaren begia, ikastunaren mintzoa, gudariaren ezpata; lurralde eder honen itxaroa eta lorea; janzkeraren ispilua, pinpirinen eredua, ohar egile guztiek ohartua, hondatua, arras hondatua! Eta nik, haren agintza goxoen eztia murtxatu nuen andre zorigabe eta beheratuen honek, adimen argi eta goren hura, moteldutako joale eztitsu bat iduri, latz eta gozakaitz ikusi behar; orriloan zeuden irudi eta aurpegi idegabeko haiek, zorotasunak zimelduta orain ikusi. Ai ene eta ni!, ikusiak ikusirik, dakusadan hau ikustea!

 

(ERREGE eta POLONI sartzen dira berriz)

 

ERREGE: Maitasuna! Ez, bere aldarteak ez du bide horretara jotzen. Ez eta bere mintzaerak ere, nahastu samar izan arren, ez zuen erotasunaren antzekorik. Badu gogoan zerbait, bere beltzura biztutzen ari dena, eta arrautza-kuskua haustean, gaitzurreren bat sortuko ote den beldur naiz; hori aitzintzeko, bat-bateko erabaki hau hartu dut [31]: irten dadila, berehalaxe. England herrirantz gure zerga atzeratua eskatzeko. Itsaso eta lurralde berriek beren gauza bereziekin, idokiko dute, agian, haren bihotzean hain zailki sustraitu eta burumuinaz beti joka, beretik ateratzen duen hori. Zer deritzozu?

POLONI: Ongi dagoela; haren gaitzaren jatorria eta hastapena maitasun gutxietsi batetikoak direla uste badut ere. Zu, Opele, ez diguzu jaulki behar Hamlet nagusi jaunak esana; guztia entzun dugu. Jauna, ari zaitez on zaizun eraz. Egokitzat badaukazu, ordea, antzerki-jai ostean, haren ama erreginak, bakarrean deitu eta, haren axanpa ageri egiteko eska diezaiola. Zabalki hitz dagiola; eta ni, zure baimenaz haien hizketa guztiaren entzuterrean jarriko naiz. Amak aitorrarazten ez badio, igortzazu England herrira edo egokien deritzozun lekura.

ERREGE: Horrela egingo da. Handikien erasuna ez da zaitu gabe utzi behar. (Irteten dira).

 

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko gizategi bat.

 

(HAMLET eta zenbait ANTZEZLARI sartzen dira)

 

HAMLET: Esazu, arren, idaztune hau, nik ogutzi dudanez, mingain zaluz. Hitz goraz badagizu, ordea, gure antzezlarietako askok dagiten eraz, hobe nuke neurtitzak herriko atabalariak esatea. Haizea eskuaz horrela gehiegi zerratzetik begira ere. Guztian ari zaitez neurriz, zure grinaren uholdean, ekaitzen eta, esan nezake, txarranbelean bertan ere, zuretu eta erakutsi behar baituzu hura gozotu lezakeen halako erabidea. Ene, gogoan min ematen dit, ileordedun gizatxar bati entzuteak bere bihotza zarratatzen ari dela, hura zatar eta zirpil hutsa egiteraino, gehienetan antzerki ulerkaitzak eta zarata baizik aintzat hartzen ez dituen jende xehearen belarriak pitzatuz. Gogotik astinaraziko nituzke horrelakoak. Termagant [32] irudia eragitearren. Erode [33] baino erodetarrago izatea da hori. Itzuri hartatik, arren.

LEHENBIZIKO ANTZEZLARIA: Hitz damaizut, jauna.

HAMLET: Ez zaitez ere herabetiegi izan. Zeure zentzutasuna eduki behar duzu hotsemaile. Egikera hitzari begokio, eta hitza egikerari; berezko neurrietatik ez haragotzeko ardura bizia ipintzen duzularik. Horrelako edozein gehiegikeriak alde egiten baitu antzertitik. Honen xedea, ba, bai hatsarrean, bai eta orain aldian ere, izan zen eta bada, biziari ispilu bat eskaintzea; onari beraren hazpegia, keriari beraren irudia, eta, adin eta gizaldi bakoitzari bere larrantza eta bereizgarria erakustea. Gehiegikeriak edo argalkeriak ezjakinari barre eragiten badie ere, nahigabetu beharko ditu zurrak, eta hauen iritzia, nahiz bat bakarrarena izan, besteez beteriko antzokia baino gehiagokotzat hartu behar duzu. Ene?, ikusita nago antzezlariak eta oso txalotuak gero, ez kistar ez sinesgabe ez eta gizon itxurarik ez mintzorik ere ez zeukatenak; hain buru harro eta hainbesteko oihuz ari ziren. Sasi-irazaile batek gizon eginak eta ez ongi eginak zirela uste dut; hain nardagarriki idurikatzen zuten gizatasuna.

LEHENBIZIKO ANTZEZLARIA: Uste dut gure artean zertxobait zuzendu dugula hori.

HAMLET: Oi, osotara zuten. Ezazue. Eta jostariek ez dezatela esan idatzia besterik; haietako batzuk, ba, hasten dira barrez, zenbait ikusle ergelei barre eragiteko, nahiz eta kinka hartantxe antzerkiaren behar-beharrenetako gertariren bat gogotan hartu beharra bada ere. Zakarra da hori, eta horrela ari den zapartingarriak handinahi negargarria darakus. Zoazte gertutzera.

 

(ANTZEZLARIAK irteten dira).

(POLONI, ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira).

 

          Zer berri, jauna? Etorriko al da errege ikusgarriko antzerki hau entzutera?

POLONI: Bai eta erregina ere, eta berberean.

HAMLET: Esaiezu, ba, antzezlariei laster ibiltzeko. (POLONI irteten da). Nahi al duzue biok lagundu laster dagiten?

ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN: Bai, jauna, eta gogotik.

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irteten dira)

 

HAMLET: Eup, Orati!

 

(ORATI sartzen da).

 

ORATI: Hemen naukazu nagusi maitea, zure agindupean.

HAMLET: Orati, izan ere, egundaino harremanak izan ditudan gizonetan osoena zara.

ORATI: Nire nagusi maitea...

HAMLET: Ez, ez uste gero zurikatzen zaitudanik. Zer onura iguriki dezaket zure burua elikatu eta janzteko zure gogo ona beste etorkirik ez daukazun horrengandik? Zertarako koipeztu txiroa? Ez; mingain ezti-darioa arrandi zentzu motzari milika ari dadila eta belaun malguak kako daitezela zurikeriari irabazkina darraiokeenean. Entzuten al nauzu? Nire gogo maiteak aukeratzeko bere esku izan eta gizonen artean nor nor zen jakin zuenetik, bere hautatzeak beretzakotu zintuen. Beti izan baitzara, guztia jasan eta minik ez duena bezalakoa: zoriaren esku-erakutsiak eta zartakoak beti-bateko aurpegiz hartu dituen gizona. Zoriaren behatz artean, haren nahieraz soinua jotzen duen txilibituaren antzekoak [34] ez izateko bihotza eta zentzuna hain ongi heinkatuak dauzkatenen zoriona! Emadazu bere grinen jopu ez den gizon bat eta eramango dut nire bihotzaren erdian, bai, nire bihotzaren bihotzean, zu eramaten zaitudan bezalaxe. Baina, aski eta gehiegi honetaz. Gau honetan antzerki-jaia izango da erregeren aurrean; agerraldi bat, nire aitaren heriotzaz jaulki dizkizudan gorabeheren irudikotsua da. Horrako gertari hori antzezten danean, ohartu, arren, nire osaba zure gogoaren zorroztasun guztiaz: halako esakunean bere gaizki estalia agiri ez bada, ikusi genuena infernuko iratxo bat da eta nire gogoetak Vulcanen sutegia bezain beltzak. Begira-begira zagozkio. Nik, berriz, haren aurpegian tinkatuko ditut begiok. Gero zure eta nire oharpenak bat joko ditugu haren itxuraz erabakitzeko.

ORATI: Ongi dago, jauna. Antzerkiak diraueno ezer osten badit, nire ohartzetik ihes eginda, nire gain lapurreta.

HAMLET: Datoz hona. Eroarena egin behar dut. Zoaz jarleku bila. (Danimarkar guda soinua. Turuta hotsa. ERREGE, ERREGINA, POLONI, OPELE, ROSENCRANTZ, GUILBENSTERN eta jarraigoaren beste jaun batzuk sartzen dira, zuzidun zaintzaileek lagunduta).

ERREGE: Nola dugu gure iloba Hamlet?

HAMLET: Ederki, alafede; haizez elikatua nauzu, kamaleoia bezala; itxaropenez guritzen naiz. Zuk ezin ditzakezu gizenarazi iskinak horrela.

ERREGE: Ez dagokit erantzun hori, Hamlet. Hitz horiek ez dira nireak.

HAMLET: Ez eta nireak ere dagoneko [35]. (POLONIri) Antzezten ari izan zinen aspaldian Ikastetxe Nagusian, ez da?

POLONI: Izan ere, jauna; eta antzezlari ona omen nintzen.

HAMLET: Eta noren antza egin zenuen?

POLONI: Juli Kaisarrena. Kapitolian hil ninduten. Brutok hilarazi ninduen [36].

HAMLET: Brutokeria izan zen zekor horren kopetatua han hilaraztea. Gerturik al daude antzezlariak?

ROSENCRANTZ: Bai, jauna; zure baimenaren zain dituzu.

ERREGINA: Zatoz hona, Hamlet maitea; eser zaitez nire ondoan.

HAMLET: Ez, ama maitea; badago hemen burnibizi erakarkorrago bat.

POLONI (Erregeari): Oi, oi, nabaritu al duzu hori?

HAMLET: Nire andrea, etzan al naiteke zure altzoan?

OPELE: Ez, nire jaun hori.

HAMLET: Esan nahi dut; nire burua zure altzoan etzatea.

OPELE: Bai, jauna.

HAMLET (OPELE-ren oinetan etzaten da): Oieskeriaren bat esan nahi nuela uste al duzu?

OPELE: Ez dut ezer ere uste, jauna.

HAMLET: Asmo ederra, neska baten aztalen artean etzatea.

OPELE: Zer diozu, jauna?

HAMLET: Ezer ez.

OPELE: Alai zaude, jauna.

HAMLET: Nor, ni?

OPELE: Bai, jauna.

HAMLET: Ene Jainkoa! zure jostari berezia. Zer dagiket alai egon baizik? Hor duzu, bada, nire ama horren barre samurra, eta ez dira bi ordu aita hil dela.

OPELE: Ez, jauna; bitan bi hilabete dira.

HAMLET: Horren luze? Jantzi bedi, bada, beltzez txerrena, nik pitotxa-larruzko soineko bat nahi dut. Ene Jainkoa? Bi hilabete hil zela eta oraindik ez ahaztua! Itxaron diteke, beraz, gizon handi baten oroitzapena, hura baino urte erdi bat zaharragotzea. Baina, Ama Zerukoa! elizaren batzuk eraiki beharko ditu; bestela inor ez da hartaz oroituko eta haren hilartitza, zurezko zaldinoarena izango da: «Ene bada, ene bada, zurezko zaldinoa hil eta ahaztua» [37].

 

Zahamiola-soinua. Antzerki mintzula hasten da.

Errege bat eta Erregina bat sartzen dira maite-erakutsi handiz. Elkar besarkatzen dute. Erreginak belaunikatu eta maitasun aitorra dagio. Erregeak hura jaso eta haren kolkoan burua makurtzen du; gero, lore-ohe baten gainean datza. Erreginak, hura lokartua ikusita, uzten du. Lagun bat agertzen da berehala; erregeari buruntza kendu, honi musu eman, erregearen belarrian edena isuri eta alde egiten du. Erregina itzultzen da; Erregea hilik aurkituta, oinazezko eskuketan ari da. Edentzaileak bizpahiru antzez-lagun mintzulekin, berriz sartu eta Erreginaren tamalkide delakoa egiten du. Gorputz hila ateratzen dute. Edentzaileak limurtzen du erregina eskaingaiez, hark alditxo batez, gogor egin eta zapuzten bide du, geroenean, ordea, haren maitasuna onartzen du. (Irteten dira).

 

OPELE: Zer esan nahi du horrek, jauna?

HAMLET: Saldukeria zatar bat, arraiopola; gaiztakeria bat.

OPELE: Aurkezpen honek antzerkiaren atzalgaia dauka, nonbait.

 

HITZAURREA sartzen da.

 

HAMLET: Lagun honen ahotik dakikegu; antzezlariek ezin ostendu dezakete isilpekorik; guztia esan beharra dute.

OPELE: Eta adieraziko al digu ikuskari horren esanahia?

HAMLET: Bai eta erakutsi nahi diozun beste edozeinena ere: zu erakusten ez lotsatu eta hura esanahia zuri adierazten ez da lotsatuko ere.

OPELE: Bai gaiztoa zarela, bai gaiztoa! antzerkia adituko dut.

HITZAURREA [38]:

                    Apalik daskazuegu

                    antzerkia aditzeko;

                    eta haren eta gure hutsak

                    onginahiz barkatzeko.

HAMLET: Hitzaurre dugu hau ala eraztun-idazkuna?

OPELE: Izan ere, laburra izan da.

HAMLET: Emakumezko maitasuna bezalakoa.

 

Antzezlari bi sartzen dira: ERREGE eta erregina.

 

ANTZEZLARI ERREGE:

                    «Hogei eta hamar biderretan [39], Apolen [40] gurdi arinak

                    inguratu ditu lurra eta Neptu-en [41] gatz-uhinak,

                    eta hogeita hamar hamabiko ilargik, hamabitan

                    hogeita hamar aldiz, diote ludiari argi eman,

                    Maiteak gure bihotzak, lotura deunaz, batu

                    eta gure eskuak Ezkontzak zituenetik elkartu».

ANTZEZLARI ERREGINA:

                    «Beste horrenbeste ilargiak eta eguzkiak zenbatzen

                    utziko al digute gure maitasuna hil baino lehen.

                    Baina, ai! orainogotik kezkaz nauzu horren mindun

                    baitzakust, zure antzinako pozetik horren urrun.

                    Baina kezka hau gora-behera, ez duzu nahastu behar,

                    maitasuna eta beldurra beti baitoaz elkar

                    emakumeen bihotzean. Nire maitetasuna

                    badazaguzu; beldurra dut hura hainbatekoa;

                    maitasuna handia, zalantza txikienak beldurtzen;

                    beldurra handitzen danean, maitasuna nagusitzen».

ANTZEZLARI ERREGE:

                    «Ene maitea, utzi behar zaitut, eta arin gero;

                    bizi-indarrek uko egiten didate; zu biziko

                    zara lur eder honetan goratu, maitatua,

                    eta badukezu, noski beste senar samur bat...»

ANTZEZLARI ERREGINA:

                    «Isil, arren! Horrelako maitasuna niregan

                    saldukeria hutsa litzake; beste senar batengan

                    gaitzetsia izan nadila! Bigarrenaz ezkondu

                    dagianak lehenengoa hilarazi bide du».

HAMLET (berekiko): Har zak hori, har zak hori!

ANTZEZLARI ERREGINA:

                    «Irabazi-nahia dugu beti eta ez maitasuna

                    ezkontzara bigarrenez eramaten gaituena,

                    Birritan hilarazten dut nire senarra zena

                    bigarrena baldin hartzen badut nire eztoera».

ANTZEZLARI ERREGE:

                    «Diozun bezala oldozten duzula dut zinesten;

                    sarri, ordea, gure asmoak ditugu bazter uzten.

                    Oroimenaren jopua baizik ez dugu asmoa,

                    jaiotzez azkarra, baina, iraupen urrikoa;

                    igali gordina iduri, zuhaitzari itxekita

                    dago orain, berez, ordea, ondu orduko eroriko da.

                    Gerok geron buruei zor zaiena ordaintzea

                    ahaztu dezagula, guztiz ezinbestekoa da:

                    gogo beroturik hartzen dugun erabakia

                    laster utzi egiten dugu, gogoa gozatu eta.

                    Pozaren nahiz oinazearen indarrak berak haien

                    eginak haiekin baten ditu ezereztatzen:

                    Poza zaratatsuago eta mina alaitsugoa;

                    haize batez mina poztu, poza mindu egiten da.

                    Ludia ez da betikoa eta ez da harritzekoa

                    maitea zoriarekin batean aldatzea,

                    erabakizun baitago, maitasunak zoria

                    ala zoriak maitea jaurtzen delako auzia.

                    Handikia beratu eta bereak dira itzurtzen,

                    landerra goratuz gero etsaiak adiskidetzen;

                    haren beharrik ez duenak beti adiskide bat duke,

                    eta ezaldian azterkatzen duenak irudi-adiskide bat,

                    berehalako batean, bere etsai bihurtzen du;

                    maitasuna hainbesteraino baita zorian jopu.

                    Labur: geron nahiak eta geron halabeharrak

                    hain elkarren aurka doaz eta gure eginkizunak

                    beti ustel irteten dira. Gure bulkoen jabe

                    gara, izan ere, baina haien burutzea ez da gure:

                    orla, berriz ezkonduko ez zarela uste duzu,

                    baina, ni hil-baikoz uste hori neurekin hilko zaizu».

ANTZEZLARI ERREGINA:

                    «Uka biezat lurrak jana eta zeruak argia!

                    uka biezadate egunak eta gauak atsedena!

                    nire entzite eta itxaroa itzul bitez etsira!

                    eremuko biziari bekaiztu nakiola!

                    Pozaren aurpegi ederra zurbil erazten duten

                    helkaitzek nire amesteak ezereztu ditzaten!

                    Orain eta beti dordoak al nau jazarkatuko

                    alargunduz gero ezkontzen baldin banaiz berriro!»

HAMLET: Eta orain hitza jango balu?

ANTZEZLARI ERREGE:

                    Zin betea duzu egin. Utz nazazu, maite,

                    une batez. Gogo-hiltzen naiz eta goxatu nahi nuke

                    nere gogaitza loaldiz.

ANTZEZLARI ERREGINA:

                    Loak bare zaitzala

                    eta inoiz bion artera ez datorrela helkaitza!

HAMLET: Zer uste duzu antzerkiaz, andrea?

ERREGINA: Emazteak gehiegi agintzen du, nik uste.

HAMLET: O, baina bere hitza beteko du.

ERREGE: Ongi jabetu al zara atzalgaiaz? Ez dago hartan minkor denik? [42]

HAMLET: Ez, ez, narrita hutsa da guztia; edena narritan; mingarririk ez.

ERREGE: Nola du izena antzerkiak?

HAMLET: «Satartea». Zer dela eta hori? Hitz aizunez. Antzerki hau Viena-n eginiko heriotza baten irudia duzu. Dukea, Gonzago deritza eta haren emaztea Batiste. Oraintxe dakuskezu. Eginen zakarra da, baina, gogoak garbi ditugun zuri eta bioi, zer dihoakigu? Zamariak badaki zamukak non zauritzen duen; gure gerruntzeak osorik daude. (LUKIAN sartzen da). Baina hemen duzu Lukian, erregearen iloba.

OPELE: Erakusle guztizkoa zaitugu, jauna. [43]

HAMLET: Zu eta zure maitearen arteko adierazle izan ninteke, zuen inozokeriak ikusi ahal banitza.

OPELE: Bai zorrotza zarela, jauna, bai zorrotza!

HAMLET: Aspera batez kamustu zenezake nire sorbatza.

OPELE: Geroago eta txarrago.

HAMLET: Horrelaxe ari zarete zuen senarrarekin. Hots, heriotzaile! izurritsu! Txerren-keinu horiek utzi eta hasi adi. Ea: «Belea karrankaz ari da, apen eske».

LUKIAN:

                    «Asmoa beltz, eskua gai, ira prest, ordua alde,

                    abagunea gaizkide eta lekukorik gabe;

                    Gau erdian bildutako belartzarren naskia,

                    [44] Hekateren gaitzespenaz hirutan kutsatua,

                    zure indar heriozkorrek, berehalako batean,

                    bizia diezaiotela kendu, osasun batean».

                    (Lotan dagon Erregeren belarrian edena isurtzen du).

HAMLET: Haren baratzean zitaltzen du, hari buruntza kentzearren. Gonzago deritza. Historia egiazkoa da eta bana-banako italieraz idatzia. Oraintxe dakuskezu nola heriotzagileak Gonzagoren emaztearen maitasuna bereganatzen duen. [45]

OPELE: Erregea jaiki egiten da.

HAMLET: Zer, ba, gezur-suaren beldur?

ERREGINA: Zer duzu, jauna?

POLONI: Geldiarazi antzezketa!

ERREGE: Argia ekardazue. Atera gaitezen!

GUZTIAK: Argiak, argiak, argiak!

 

(HAMLET eta ORATI ez, guztiak irteten dira)

 

HAMLET:

                    Adiaka, bihoa orein zauritua,

                    eta orkatz kaltegabea jauzka bedi jarrai;

                    Batzuk lotan daudeino, beste batzuk ernai:

                    eta horrela doa beti aurrera mundua.

          Ez al duzu uste, honekin, luma baso betekin eta Proventzako arrosa birekin nire oski irekietan etorkizunean zoriak gaizki hartzen banau antzezlari talde batean leku lortu nezakeela?

ORATI: Lain erditan. [46]

HAMLET: Lain osotan, nik uste.

                    Ongi baitakizu, Damon maite,

                    hausturik dakusazun jaurgoa,

                    Jovek berak jaurri zuen eta haren orde

                    orain dugu erregetzat... indioilar bat.

ORATI: Amaikidea ezar zenezakeen.

HAMLET: Ene Orati maitea, mila libera ipiniko nituzke iratxoaren hitzaren alde. Ohartu al zinen?

ORATI: Oso ongi, jauna.

HAMLET: Zitalkatzeaz ari izatean?

ORATI: Guztiz ongi nabaritu nuen.

HAMLET: A, a! Hots soinu apur bat! ea, txilibituak!

                    Komediak ez badu errege atsegintzen;

                    zerbait egingo nuke, duela nahigabetzen.

          Ea, soinua!

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira berriz).

 

GUILDENSTERN: Neure jaun, hitz bat esan diezazuket?

HAMLET: Bai eta historia oso bat ere.

GUILDENSTERN: Jauna, erregea...

HAMLET: Zer berri, hari buruz?

GUILDENSTERN: Bere gelaratu da, ezongialdi handiaz.

HAMLET: Edaria dela eta?

GUILDENSTERN: Ez, jauna, behazunaz.

HAMLET: Zuhurkiago ari izango zinen, haren atxeterrari berri eman bazenio. Nik haren erintze neure gain har badezat, gehiagotuko zaio behazuna, noski.

GUILDENSTERN: Jauna, bilbatu itzazu eraz hitzak eta ez irten haritik horren murrizki.

HAMLET: Otzanik nauzu, jauna, mintzo zaitez.

GUILDENSTERN: Erreginak, zure amak, gogo-atsekabe gorrian, zugana nigorra.

HAMLET: Ongi etorria.

GUILDENSTERN: Ez, neure jauna, adei hori ez duzu legezko. Erantzun erazko bat eman nahi badidazu, zure amaren agindua beteko dut; bestela banoa, zure barkamenaz.

HAMLET: Ezin dut, jauna.

GUILDENSTERN: Zer, neure nagusi?

HAMLET: Erantzun erazko bat zuri eman. Nire adimena eri dago; nire erantzuna, ordea, dena dela, zure agindupean dago, edo hobeki esateko nire amarenaren pean. Aski da. Gatozan harira; nire ama, diozu...

ROSENCRANTZ: Hara, ba; zure jokabideak ikaraz eta harriduraz bete du.

HAMLET: Hori seme harrigarria bere ama horrela txundiaraz dezakeena? Baina, zer atzeko du amaren harridura honek? Hots, mintza.

ROSENCRANTZ: Ohera zaitezen baino lehen, zurekin mintzatzea nahi du bere gelan.

HAMLET: Men egingo diogu, nahiz eta nire ama hamar bidertan izan. Beste geznarik?

ROSENCRANTZ: Jauna, aspaldian maite ninduzun.

HAMLET: Bai eta oraindik ere; esku hobendi hauengatik.

ROSENCRANTZ: Ene jaun maitea, nondikoa duzu nahaspila hori? Zure gogoa morroilopean sartzen duzu, noski, zure lorrak adiskideari agertu nahi ezik.

HAMLET: Baztertuxe naiz, jauna.

ROSENCRANTZ: Nola liteke hori, erregearen beraren autarkia baduzu Danimarkako jauralkian bere oinorde izateko?

HAMLET: Bai, adiskide, baina «belarra hazten deino»... [47] Zahar xamarra da esakuna.

 

(Sartzen dira ANTZEZLARI batzuk txilibituekin)

 

          O, txilibituak? emadazue bat. Eta orain, zurekikoa bukatzeko; zer dela eta zabilzkidate, kukuka, haizaldea niri hartuz, sareratu nahi baninduzue bezala?

GUILDENSTERN: O, neure nagusi maitea, neure lehia ausartegia bada, nire maitazarrea moldakaitza da ere.

HAMLET: Ez dut hori ongi ulertzen. Nahi duzu txilibitu hau jo?

GUILDENSTERN: Ez dakit, jauna.

HAMLET: Eskatzen dizut.

GUILDENSTERN: Sinets iezadazu; ez dakit.

HAMLET: Arren, jauna.

GUILDENSTERN: Nola eskukatu ere ez dakit, jauna.

HAMLET: Gezur esatea bezain erraza da; ukitu zulo hauek behatzez, emaiozu haize ahoaz eta soinurik ederrenaz mintzatuko zaizu. Begira, hauek giltzak dituzu.

GUILDENSTERN: Bai baina, ez dakit haietatik otseztirik ateratzen, ez dut artezi hori.

HAMLET: Ikus, ba, nolako ezgauzatzat hartzen nauzuen! jo nahi nauzue; nire giltzak badazaguzuelakoa dagizue; nire ezkutuaren mamia idokitzeko asmotan zagozkidate; nire ereskitzaren hots berenetik goreneraino durunda dagidala gogo duzue; eta ostailu txiki honetan otseztia ugari eta mintzura bikaina duzuela, ezin hitz eragin diezaiokezue. Ala Jainkoa! txilibitu bat baino errazago jotzeko naizela uste al duzue? Nahi duzuen ostailuaren izena emadazue, marruska nazakezue; ez duzue, ordea, niregandik soinurik aterako.

 

(POLONI sartzen da)

 

          Jainkoak onetsi zaitzala, jauna.

POLONI: Jauna, Erreginak nahi luke zurekin mintzatu berberean.

HAMLET: Gamelu baten antzekotsu hodei hura al dakusazu?

POLONI: Alajaina, gamelu baten irudikoa da, izan ere.

HAMLET: Erbinude bat dirudi, nik uste.

POLONI: Bai erbinude baten gibela dauka.

HAMLET: Edo bale batena?

POLONI: Bale batena, egin-eginean ere.

HAMLET: Banoa, horretara ezkero, berehalaxe amagana. Zoraraziko naute, bai, eta ezin gehiagoraino. Banoa berehala.

POLONI: Horrela esango diot.

HAMLET: «Berehala» esan erraza da. Utz nazazue, adiskideok.


(HAMLET ez, guztiak irteten dira)


          Hauxe da gau-sorginkerietarako ordu aukerakoa. Hilobiek aharrausi dagite eta su-lezeak berak bere arnas izurritsua darauntsa lurraren gainean. Orain odol beroa edan eta egunaren argia ikaratzerainoko lan gorriak egin nitzake. Geldi! Ama ikusiko dut. Ene bihotza, ez galdu zure izaera! Neure gogoa ez da inoiz bular sendo honetan kokatuko. Gogorra izan nadin, ez, ordea, bihotz iharra. Ezpata, mintzoetan duket ez eskuan. Nire mingaina eta gogoa izan bitez honetan azalutsak: hitzez iraintzen badut ere, ez ditzadan egitez inoiz ere haiek azkendu! (Ateratzen da).

 

 

 

HIRUGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko gela bat

 

ERREGE, ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira

 

ERREGE: Gaitzi zait eta ez gaudeke ere kalterik gabe haren erotasunari bide zabala emanda. Gertu zaitezte, beraz. Zuen agiriak geroko gabe nik idatzarazi eta. England herrira doake zuekin. Gure jaurerri barnean ezin ditzakegu jasan haren eroaldiek, txitean-pitean, jartzen gaituzten galtzoriak.

GUILDENSTERN: Gertuko ditugu biderakoak. Beldur bidezko eta zuzena da, Erregegandik bizia eta, janaria hartzen dituzten hainbeste eta hainbeste gizaki gaitzetik begiratzen dituena.

ROSENCRANTZ: Nornahi bere bizia bere gogoaren indar eta kemen guztiaz begiratzera behartuta badago, askoz areago haren bizitzatik hainbesterenak doazen hura. Erregea ez da inoiz bakarrik hiltzen; ubil bat iduri, ordea, baranoan duen gauza berekin darama. Mendi goienaren gainean tinkatutako txirringa handi bat da; haren erro handiei hamar mila gauza txikiago datxizkie. Hura erortzen denean eranskin koxkor guzti horiek, jarraigo xume bat antzo, bere porrokaldi zaratatsuan daramatza berekin. Erregek aspera bat baldin badagi, herri osoa zinkurinka ari da.

ERREGE: Istalgaratu zaitezte, arren, bidaldi laster honetarako. Askatuegi dabilen gaitzurre horri oin-bilurrak ipini nahi dizkiogu eta.

ROSENCRANTZ: Laster egingo dugu.

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irteten dira)

POLONI sartzen da

 

POLONI: Jauna, badoa bere amaren gelarantz. Kurtxoinen ostean ezkutatuko naiz elkarrizketa entzuteko. Ahakar gorria egingo dio erreginak; hitz ematen dizut. Baina, zuk esan bezala eta oso ohartuki esan gero, on izango da haren amaz gainera, amak izatez aldeko dira eta, beste entzule batek hizketa aditzea. Ongi izan, ene bakalduna. Otera zaitezen baino lehen, zu ikusi eta dakidana dasaizuket.

ERREGE: Anitz esker, nire adiskide maitea.

 

(POLONI irteten da)

 

          Ene, nire gaizkia usteldurik dago zeruraino kiratsa dariola! Birao antzinakoa du bere gainean; anaia-hiltzailearena. Ezin dagiket otoi, nahiz eta nire otoi-min hau nahimena bezain zorrotza izan. Ogena, nahia baino indartsuago dut. Eta, bi arlori lotutako gizon bat iduri, ezmezean nabil, nondik hasi ez jakin eta biak hastantzen ditudala. Esku madarikatu hau, ordea, anaia-odolez hanpatu balitz ere, zeru errukitsuan ez ote dago hura elurra bezain garbia uzteko nahikoa ur? Zertarako da errukia ogenaren begitarteari aurre egiteko baizik? Eta, zer dugu otoitza, ez erortzeko ohartu eta eroritakoan barkatzeko indar bikoitza baizik? jaso ditzagun, begiak zerura; nire errua egina da. Baina, nolako otoizkera on izango ahal zait inka honetan? «Asketsidazu nire heriotza higuingarria?» Ez, ezin daiteke hori, oraindik baitaukat hilaraztera bultzatu ninduen gauza; nire buruntza, neure irritsa eta nire erregina. Erruaren irabaziaz gozatzen dena, barkagarri al daiteke? Gizarte honetako ibilbide usteletan, gaizkilearen esku urreztatuak legea oker dezake eta maiz ikusten da irabazkin gaiztoak berak zuzenbidea bustitzen. Han goian, ordea, ez da horrelakorik. Han kako-makoak ez dira gauza; egipena den bezalaxe agiri da eta geuk geure erruen aurrean, haiek zabalki aitortzera behartuta gaude. Zer egiteko, ba? Nora jo? Garbaiak zer ahal dezaken aztarrenatu? Zer ote du ezinkizun? Hala ere, zer al dezake garbaitu ezin gaitezkeenean? Ai ene eta ni! Ai, ene bihotz hau heriotza bezalako beltza! Ai, bizkaz atzitutako gogoa; askatzeko ahalegintzenago eta lotzenago zara! Hel, zeruko aingeruak! Malgu zaitezte, belaun zurrunok eta zu, galtzairuzko haridun bihotz hori, bigun zaitez jaio berri baten zainen antzera. Guztia ongi daiteke.

 

(Baztertu eta belaunikatzen da)

HAMLET sartzen da.

 

HAMLET: Orain egin nezake, otoi egiten ari dela, eta oraintxe egingo dut. Horrela, ordea, zerura doa eta hori al da nire apena?... Hausnartu behar dut. Doilor bat nire aita hiltzen du; eta horren ordainez, nik, haren seme bakar honek, doilor hori zeruratu egiten dut. Saria eta emendioa da hori, ez apena. Berak, nire aita gizentsu, ogiz asea [48], haren ogen guztien lorealdian eta orriloan zegoelarik atzeman zuen. Eta batek badaki zorrak nola garbitu zituen. Bere zorigaitza, agi denez, handia da. Eta gogoa garbitzen eta heriotzarako gertu eta mugonean dagoenean hura hil eta aseko ote dut nire asper-mina? Ez, geldi, ene ezpata, eta beste une izugarriago bat hauta ezazu: mozkorraz lotan, nahiz haserre gorritan, nahiz bere oheko atseginkeria lohietan; jokatzen, biraoka edo zeruratze itxarorik ezin izan dezakeen halako egipen batean. Lurrera ezazu orduan haren orpoak zerua ostiko jotzen dutela eta haren gogoa amiltzen den su-lezea bezain beltz eta gaitzetsia izan bedi. Ama nire begira dago... Osakai honek ez du zure egun ertunak luzatu baizik egingo.

 

(Irteten da)

 

ERREGE (jaikiaz): Nire hitzak gorantz, nire gogamenak, ordea, behean. Gogamen gabeko hitzak ez dira inoiz zeruratzen. (Irteten da).

 

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Erreginaren gela.

 

ERREGINA eta POLONI sartzen dira.

 

POLONI: Oraintxe datorke. Hitz egiozu gogorki. Esaiozu, haren bihurkeriak ausartuegiak izan direla jasan ahal izateko eta zu bakarrik zaituela bitarteko sortu duen haserre bizian. Ni hementxe ezkutatuko naiz. Argi eta garbi hitz egiozu, arren.

HAMLET (barrenean): Ama, ama, ama!

ERREGINA: Hitz ematen dizut. Ez izan beldur niregatik. Alde egizu. Badantzut datorrela.

 

(POLONI estalki baten ostean kukutzen da)

(HAMLET sartzen da)

 

HAMLET: Ea, ama, zer da, bada?

ERREGINA: Zure aita asko gaitzitu duzu, Hamlet.

HAMLET: Nire aita asko gaitzitu duzu, ama.

ERREGINA: Hots, hots, mingain zentzugabez erantzuten ari zara.

HAMLET: Ea, ea mingain ausartaz galdeka ari zara.

ERREGINA: Hago, zer da hori, Hamlet?

HAMLET: Zer dago, ba?

ERREGINA: Nor naizela ahaztu al duzu?

HAMLET: Ez, gurutze deunarren, ez horrelakorik! Erregina zara, zure senarraren anaiaren emaztea, eta honela ai ez balitz! ama zaitut.

ERREGINA: Ongi dago; hitz dagikezuen norbaitzuk bidaliko dizkizut.

HAMLET: Hots, hots, eseri zaitez. Ez duzu zirkin ez alde egingo, zure gogoaren barrenena dakusakezun ispilu baten aurrean jarriko zaitudan arte.

ERREGINA: Zer egin gogo duzu? Hil nahi ote nauzu? Oi, hel, hel!

POLONI (errezel ostean): Zer da, ba? Oi, hel, hel!

HAMLET (ezpata atera eta): Zer da hori? Sagu bat? Hila, dukata bat hila baietz! (Errezel zehar ezpatakada bat eginda).

POLONI (barrenan): Ene, hil naute!

ERREGINA: Ai, ene, zer egin duzu?

HAMLET: Nik dakita? Erregea al da?

ERREGINA: Ene, hau egipen zoro eta odoltsua!

HAMLET: Egipen odoltsua! Errege bat hil eta anaiarekin ezkontzea bezalatsuko gaiztoa, ama.

ERREGINA: Errege bat hil!

HAMLET: Bai, andrea; hori duzu nire hitza. (Kurtxoina jaso eta POLONI-ren gorputzila agerrarazten du). Zu, errukarri, ausartua, ergela, sarkoia, agur! Goragoko norbaitzat hartu zintudan. Jasan zure halabeharra. Lehiatsuegia izatea galbidetsu xamarra da; badakusazu. Atertu eskuak bihurtzetik. Geldi. Eseri zaitez eta utz iezadazu bihotza bihur diezazudan. Horixe egingo baitut, barrendu daiteken gaiz egina bada; aztura madarikatuak edozein bihozkadari gogor egiteraino altzairaztu ez badu.

ERREGINA: Zer egin ote dut, nire aurka horren mintzo latzez zure mingaina askatzen ausar zaitezen?

HAMLET: Lotsaren margo ederra lainotzen duen egipen bat; garbitasuna azaluskeriaz nahasten duena; maitasun garbiaren bekoki aratzari haren larrosa harrapatzen diona, bertan minbizi laidotsu bat utzirik; ezkontzazko eskaintzak jokalari baten zinak bezain gezurrezkoak egiten dituena; oi, itunpenaren soinetik gogoa bera idoki eta, jaurespide gozoa hitz soinu huts bihurtzen duen egipen bat. Zeruaren aurpegia gorritu egiten da, bai, eta lugai lodi hau ere. Ebazteguna hurbilduko bailitzan, larriak jota dago egite hori gogoraturik.

ERREGINA: Ai ene, zein egite da hori, orro eta ostots horren handiz iragartzen dena?

HAMLET: So egiozu antzezki honi eta orain beste honi; anaia biren margo-irudiak. Ikusazu nolako edertasuna begitarte honetan; Hiperionen kizkarrak, Jove beraren bekokia, begiak Marten antzekotsuak zemaitu eta agintzeko; zeruari muin dagion mendi erpinean kokatu berri den Merkuri geznadunaren lerdentasuna; ludiari giza eredu bat eskaintzeko jainko bakoitzak bere galga ipini nahi izan bide zuen antz-batza. Ezkonlaguna zenuen hori. Begira orain hurrengoari: hortxe duzu senarra; bere anaia lerdena lehortzen duen galburu txerkeztu bat iduri. Begiak al dituzu? Muru eder honetan bazkatzetik atertu al zinen, zingira honetan zure burua gizentzearren? A, begiak al dituzu? Ez esan hori maitasuna denik, zure adinean odola bere sukarra otzandu eta gogamenaren esaneko eta menpeko egiten baita. Eta zein gogamen jaitsiko al litzake honengandik beste honengana? Zentzumena ziur duzu, bestela bihozkadarik ez; zentzumen hori motelik dago, ordea, ziur ere, erotasunak berak ere ez bai legike huts hori, ezta zentzuna ere ez zitzaion inoiz erokeriari menpetu, horrelako artea ohartzeko den adikuntza ez gordetzeraino. Zein deabruk iruzur egin zizun, ba, sormotzo-joko honetan? Begiak ukimen gabe, ukimenak ikusmen gabe, belarriak esku nahiz begi gabe, usaimen hutsak edo oharmen osasuntsu baten zati xumeenak ez zezaketen horrenbesteraino huts egingo. Lotsa hori! Non da zure gorritura? Gaiztoki asaldari hori, baldin etxandre baten hezurretan horrela matxinatu ahal bazaitezke, uztazu, gaztetasun gartsuan, garbitasuna, argizaria bezala, beraren sutan urtu dadila. Ez aldarrikatu laidoa, irrits eraginkorrak oldar hartzen duenean, izotza bera ere, horren biziki suztatu eta adimenak bihotza lizuntzen duen ezkero.

ERREGINA: Ene Hamlet! ez mintza gehiago. Begiak gogo barrenera itzularazten dizkidazu eta hantxe, inoiz ezin ezaba daitezkeen orban beltz eta barnak ikusten ditut.

HAMLET: Eta guzti hori, ohe satsu bateko izerdi kirastunean bizitzeko, lizunkeriara emana, urdandegi likits batean goxokeriatan eta maiteketan...

ERREGINA: Ene! ez mintza gehiago. Hitz horiek, sastakaiak antzo, sartzen dira nire belarrietan barna. Ez gehiago, Hamlet maitea!

HAMLET: Heriotzagile eta doilor bat. Zure lehenbiziko senarraren ehunena balio ez duen jopu bat; sasi errege bat; apaletik buruntza ederra ostu eta sakelaratu zuen erregetza eta agintzaren zisku-lapur bat!

ERREGINA: Ez gehiagorik!

HAMLET: Adabaki eta ipinki errege bat!

 

(IRATXOA sartzen da)

 

HAMLET: Zeruko zaintzaileok, gaizka nazazue eta zeuen hegapean geriza emadazue! Zer nahi duzu irudi agurgarri hori?

ERREGINA: Ene, burutik joana da!

HAMLET: Zure seme nagi honi ahakar egiteko al zatoz, aldiari eta grinari alferrik eman eta zure agindu beldurgarriaren betetzeaz ahazten naizelako? Oi, mintzo zaitez!

IRATXOA: Ez ahaztu. Agertu hau ez da zure erabaki kamustuxea zorrozteko baizik. Baina, gomazu: ama ikarak hartua duzu. Bere gogoaz ari den borrokan hartaratu zaitez; gorputza ahulago eta irudimena eraginago. Hitz egiozu, Hamlet.

HAMLET: Nola zaude, andrea?

ERREGINA: Ene, nola zaude zu, hutsartera begiratu eta haize ukitu ezinarekin hizketan ari zaren hori? Begietan bizi-indarrak dituzu basaki kirika; eta hel-oihuak iratzarritako gudariak antzo, zure ile etzinak bizkortu eta laztu egiten dira. Ene bihotzeko semea, garaztatu neurriotaz, zure haserrearen sugarra. Zer begiratzen duzu?

HAMLET: Hura, hura! Ikusazu zein zurbil begiak tinkatzen dizkigun! Haren iduri eta auzia elkartuak, harriak berak bigunduko lituzkete. Ez niri begiratu, aurpegiera errukarri horrek nire asmo latzak emarazi ez ditzan. Orduan, ba, nire eginkizunak bere egiazko margoa galduko luke; odola isuri beharrean, negarra.

ERREGINA: Nori diotsozu hori?

HAMLET: Ez al dakusazu ezer han?

ERREGINA: Ezer ere ez; eta hala ere, badakusat dena.

HAMLET: Eta ez al zenuen ezer ere entzun?

ERREGINA: Ez, gure hitzak baizik.

HAMLET: Baina, begiratu hantxe; ikusazu nola labaintzen den! Aita bizirik bezala jantzia! Ikusazu orain beron atetik ilkitzen.

 

(IRATXOA irteten da)

 

ERREGINA: Zure burumuinaren asmaketa hutsa duzu hori; ameskeria oso trebea horrelakokeriak sorrarazten.

HAMLET: Ameskeria! Nire tintina zurea bezain neurri onez eta soinu osasuntsuz dabil. Ez, ez dira txorakeriak esan ditudanak. Aztarrenatu nazazu eta guztia hitzez hitz berriztuko dizut; ameskeria jauzika irtengo litzateke horretatik. Arren eta arren, ama, ez isuri zure gogoan gantzurrin legunkari hau: nire erotasuna dela hitz egiten ari dena, eta ez zure gaizkia. Horrekin ez zenuke min-bizia estali baizik egingo, haratustel kirastunak, barrengoa zulapetuz, guztia itzalka zornatzen dueno. Aitor iezaiozu Jainkoari; igarotakoaz garbai zaitez, etortzekotik begira, eta ez bota simaurra belartzarrera indarragotu dadin. Asketsidazu nire garbitasun hau; aldi hauetako gorputzalekeria zakarrean, ordea, garbitasunak berak keriari barkamena eskatu eta oinetan ahozpeztu behar zaio ere hari on egiteko baimena daskaiolarik.

ERREGINA: Oi Hamlet, bihotza erdibitu didazu.

HAMLET: Jaurtazu, ba, haren zati txarrena, eta bizi zaitez garbiago beste erdiarekin. Gau on. Ez itzuli, ordea, nire osabaren ohera. Antz-emazu, behinik-behin, halako ekanduna, ez baduzu ere. Ohitura, edozein bihotzondo irentsi egiten duen mamu hori, gehienetan txerrena, aingeru dugu, halaz ere, egipen eder eta onak bururatzeko janzki edo soineko ipinterraz bat ematen digun aldetik. Eliku zaitez gaurkoz, eta hurrengo elikatzea errazago dukezu; ondorengoa areago. Ohiturak, aldatu ere baititzake izatezko aiherrak eta gaizkina eskuratzeko edo hura jaurtitzeko harrigarrizko indarra du. Gau on, berriz ere, eta Jainkoaren onespena gogoz nahi dezazunean, ni natorkizuke zurearen eske. Jaun honi buruz, (POLONI erakutsiz) garbai naiz, baina Jainkoak nahi izan du, ni harekin eta hura nirekin ateratzeko, ni bere zigorra eta bihurkaria izatea. Leku egokian jarri eta haren heriotzari buru emango diot, behar bezala. Gau on, bada, berriz ere. Ona izateko, ankerra izan beharra dut. Gaizki hasi naiz eta gaizkiago jarraituko. Hitz bat gehiago, andrea.

ERREGINA: Zer egin behar dut?

HAMLET: Esan dizkizudanetakorik ezertxo ere ez, alegia. Utzi errege gizenduak berriz ohera zaitzala; lizunki masailetan zimiko eta «ene urtzapala» deitu dagizula; eta utz iezaiozu bi musu likitsez edo eztarrian haren behatz rnadarikatuez kilikatuta, aitorrarazi diezazula ni ez naizela eroa, naizelakoa egiten dudala baizik. On izango litzateke jakitun ipini dezazula. Nork, bada, erregina eder, erabidetsu eta gurbil bat ez bada, estal liezaioke horrelako zador ederra, txantxiku, saguzar, katu-iren horri? Nor litzateke horretarako lain? Ez, zentzuna eta adikuntza gorabehera, saskia etxe gainean zabaldu eta utz itzazu txoriak hegaz egiten eta gero, harako tximu hura bezala, saskian sar zaitez beste hainbeste egiteko asmoz, eta zeure lepatxokoa hauts ezazu lur jotzean. [49]

ERREGINA: Etsi-etsita zaudeke; hitzak hatsez eta hatsa biziz eginak badira, esan didazuna inori jaulkitzeko ez bizirik ez eta hatsik ere ez dut.

HAMLET: England herrira behar dut; ba al dakizu?

ERREGINA: Ai ene, ahaztua nuen; horrelaxe erabaki da.

HAMLET: Badaude idazki zildaikatuak eta, miztodun sugeri adinako entzitea diedan nire bi ikaslagunek, badaramatzate aginduak. Nire bidea ekortu eta sai-zulora eraman behar naute. Ari daitezela! Jostagarri izango baita, zulapetzailea beraren sutautsaz erauztea; eta gaizki ariko naiz, haien zulapearen azpian neurraga bete ondolan egin eta ilargiraino hegaz eragiten ez baditut. O! zoragarria da gero lerro berean bi malmuzkeria elkar jotzen ikustea. Gizon honek zorroak gertaraziko dizkit. Narrastuko dut gorpuzkina alboko gelaraino. Gau on, ama. Izan ere, kaiku berritsu, txirriporro bat zen aholkari hau, oso geldi, oso isil eta oso benazko dago. Hots, adiskide, atzen eman behar diogu zureari. Gau on, ama.

 

(Irteten dira nor bere aldetik; HAMLET POLONIren gorputz hila narrasean daramala).

 

 

 

30. «Bat ez, beste guztiak». Erregearentzako zehar-esana.

31. «...bat-bateko erabaki hau hartu dut». Erregea beti dugu Hamlet-en alderantzia: eragikor eta zirt-edo-zartekoa.

32. Termagant. Izen hau zemaioten zaldun-irakurgaietan (libros de caballerías) mairutarren Jainkoari. Lagun izugarriaren irudia egiten zuen antzinako antze-idaztietan.

33. Erdi Aroko misterioetan Erode dugu tirano anker eta uzuaren eredua.

34. Bere buruaz oldozten ari da Hamlet hitz horiek esatean. Badaki giza eredu horretatik oso urrun dagola bera.

35. England herriko esakun batek dionez, gizon baten hitzak ez dira bereak mingatu dituen ezkero.

36. Juli Kaisar Senatuan hil zuten. Shakespearek Kapitoli dio, hitz-jokoa hobeki egiteko, nonbait.

37. «Zurezko zaldia» («Hobby-horse») zaldi-gizon bat zen. (Gure Zuberoko «Zamaltzaina-ren antzekoa») Puritanoek debekatu zuten dantza hori.

38. «Hitzaurrea». Hitzaurrea (prólogoa) esaten duen antzezlaria.

39. «Hogei eta hamar biderretan» Badatorkigu, berriz ere Shakespeare noizbaiteko neurtizkeraz. Lehengoa bezalaxe euskaratu dut.

40. Apol edo Poib; eguzkia.

41. Neptun. Itsasoaren Jainkoa.

42. Erregearen galde honetatik ezagutzen dugu antzerki mutuaz ez dela ohartu; Erregina eta Polonirekin elekan edo.

43. Erakuslea. («Chorus» dio Shakespeare-k); ez zen orduan talde bat griegoen artean bezala; antzeztutzekoa aurkezten edo erakusten zuen antzezlari bat baizik.

44. Hekate. Su-lezeetako Andre Goikoa.

45. 1538. urtean. Urban Dukea, Gonzaga batekin ezkondua, hil zen, Luigi Gonzaga delako batek edendua. Gertari honetatik dator, nonbait, antzerki hori.

46. Shakespearek idazten zuen aldian antzezlariek ez zeukaten sari jakinik. Beren antzearen eta irabaziaren arauz jasotzen zuten dirua.

47. «Belarra hazten deino, zaldia gosez hil», dio England herriko atsotitzak.

48. «Ogiz asea». Idazteunetik hartutako esakuntza (Ezekiel, XVI, 49)

49. Ez dakigu zein alegi den hori. Tximuak teilatuan txori saski bat idekirik, haiek hegaz egiten dakusaz eta, bere antzearen-oldeak eramana, berak beste hainbeste egitea nahi du; saskian sartu eta harekin jauzirik, bere lepoa hausten du.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 

 

Antzez-lagunak / Lehenbiziko atala / Bigarren atala / Hirugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Hitzaurrea / Antzerkiaren haria / Hiztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus