Literatur Emailuak
47 zenbakia: 2002ko azaroaren 28an
Susa literatura argitaletxea

Hamlet duela 50 urte

1952ko azaroaren 25ean argitaratu zuen Ekin argitaletxeak Buenos Airesen William Shakespeareren "Hamlet", Bingen Ametzagak euskaratua. Hitzaurreak salatzen digu Montevideon 1951ko abenduaren 3an, Euskararen Egunean itzulpena amaitutzat eman zuela. Hamleten argitalpenaren 50. urteurrenaren karietara, Bingen Ametzagaren itzulpen harekin batera eskaintzen dizkizugu Shakespeareren Macbeth, Lear Errege eta Ekatxa antzezlanak ere, Bedita Larrakoetxeak euskaratu eta Euzko Gogoa aldizkariak plazaratuak. Eta bide batez, zenbait soneto ere bai: Gabriel Arestik, Santi Onaindiak eta Juan San Martinek itzuliak. Bestalde, "Hamlet"eko pasarteak irakurriko dituzu Puerto de Santa Maria kartzelan idatzitako Intxaur azal baten barruan testuan (1983an argitaratua). William Shakespeare gurera noiz eta nola ekarri izan den argituko dizu Mikel Elorzaren artikuluak.

100 izenburu Literatura Unibertsaleko bilduman

Juan Garziak euskaratu berri duen Shakespeareren "Hamlet" liburuak emango dio Literatura Unibertsaleko bildumari 100. zenbakia. Jai giroan izango da aurkezpena abenduaren 3an (asteartea) Bilboko Euskalduna Jauregian, EIZIEk eta Eusko Jaurlaritzak antolatua, Euskararen Eguna ospatzen dela estakuru.

Ataramiñe literatur aldizkaria

Euskal errepresaliatu politikoen literatur koadernoak izango dira "Ataramiñe" agerkariak. Lehendabiziko zenbakia abenduaren 2an (astelehena) 19:30etan aurkeztuko dute Bilboko La Bolsa etxean. Liburu eitea hartu du lehen "Ataramiñe"k, poema eta narrazioekin. Idazle hauen lanak irakurriko dituzu: Mikel Ayllon, Iñaki Ojeda, Jon Mirena San Pedro, Zorion Zamakola, Harriet Iragi, Jokin Urain, Karmen Gisasola, German Urizar, Joseba Arregi, Julen Larrinaga, Josu Ormaetxea, Joseba Garmendia, Idoia Lopez Riaño, Piston Turbinaga, Peru Alvarez, Jon Gaztelumendi, Enrike Letona, Iñaki Gonzalo, Iñaki Rekarte eta Xanti Iparragirre.

Baietz astea gaizki bukatu

Hi haiz gizarajoa hi, oraindik bigarren 20-N besterik ez, eta igandean tokatu behar, 1977ko azaroaren 27ko Baietz astea gaizki bukatu saileko artikuluari hasiera eman zion lehen lerroa duzu. Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoriaren asteroko kolaborazioak bost atal ageri zituen, baina izenbururik ez. Zeruko Argia aldizkariaren barruan hauek ere azaldu ziren: Jesus Maria Leizaola lehendakariarekin elkarrizketa; Joxemari Alemanek egindako irudi bat; Itxaro Bordaren bertsoak; eta kontrazalean Josemari Arizmendiarretaren argazkia eta eskuizkribua: "Lanagaz alkartasunean zabalduko ta narokituko degu gure lurralde estu ta gizagarria danontzako". Datorren asteko artikulua: "Universitas Deustensis Ecclesiae".

Efemerideak

1983 azaroak 28: Aingeru Irigarai hil zen Donostian.

1767 azaroak 29: Juan Inazio Iztueta jaio zen Zaldibian.

1898 abenduak 1: Antonio Maria Labaien jaio zen Tolosan.

1904 abenduak 1: Telesforo Monzon jaio zen Bergaran.

Peru Abarkak 200 urte

Juan Antonio Mogelek 1802an bukatu zuen Peru Abarka liburuaren idazketa, baina bizirik zela ez zuen argitaratzea lortu. Juan Antonio Mogel 1804an hildakoan, "Peru Abarka" eskuizkribua bere iloba Juan Jose Mogelek jaso zuen, eta honek Unzueta frantziskotarraren esku utzi Zarauzko komentuan. Ilobak ere ez zuen argitaraturik ikusi (1849an zendu zen), ez baitzen liburua plazaratu 1881. urtera arte, Durangon Julian Elizaldek inprimatua. Ondoren edizio berriak egin ziren 1899an Bilbon eta 1904an berriro Durangon. Gerora, "Peru Abarka"k arazoak izan zituen frankismoaren Zentsurarekin, berrargitalpen baimena ukatu baitzioten 1955ean.
"Peru Abarka" izkribuaren bigarren mendeurrenean Euskaltzaindiak egitarau hau antolatu du: azaroaren 27an (asteazkena) 19:00etan Eibarko Portalea etxean Andres Urrutiak eta Xabier Kaltzakortak hitzaldi bana eskainiko dute; azaroaren 28an eta 29an VII. Herri Literatura Jardunaldiak egingo dira.

Agenda

Arantxa Iturbek "Ai ama!" liburua izango du hizpide azaroaren 27an (asteazkena) 20:00etan Larrabetzuko eskoletako liburutegian. Antolatzaileak Arrekikili euskara elkartea eta bihotz bakartien kluba.

Literatur-jazzak Mikelazuloko Poetak gonbidatuko ditu errezitalera. Azaroaren 27an (asteazkena) 20:30etan Bilboko Kalderapeko kulturunean izango dira Miren Salaberria, Garazi Urdanpilleta, Ane Gojenola, Aitzol Ezeiza, Asier Sarasola, Ander Fernandez eta Urtzi Urkizu. Jazz doinuak pianoz, Jeronimo Martinen eskutik.

Patxi Zubizarretak "Mila gau eta bat gehiago"ren bertsio bat egin du, eta azaroaren 28an (osteguna) 11:00etan aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegian (Duque de Mandas aretoan). Argitaldaria: Erein.

Javier Cilleroren "Hollywood eta biok" (Alberdania, 1999) izango dute hizketagai azaroaren 28an (osteguna) Gasteizko irakurle klubean.

Gaizka Amondarainek "Ortozik" poema liburua aurkeztuko du azaroaren 29an (ostirala) 20:00etan Igorreko Axular herriko tabernan. Argitaldaria: Zertu kultur elkartea.

Bihotz bakartien klubak "Poeta hilen kluba" ikuskizuna eskainiko du azaroaren 29an (ostirala) 21:00etan Bermeoko Nestor Basterretxea kultur etxean. Antzerki talde amateurren topaldiak antolatuta.

Alberdania argitaletxeak azaroaren 28an (osteguna) 12:00etan "Gorroto haut" ipuin liburua aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegian, liburuak hainbat idazleren narrazioak biltzen ditu: Joxean Sagastizabal, Aritz Gorrotxategi eta Unai Elorriaga, besteak beste.

Joseba Zubimendiren "Bertso-minez" liburua azaroaren 29an (ostirala) 12:00etan aurkeztuko dute Donostiako Udaletxean, Koldo Izagirrek apailatutako artikulu bilduma bat da.

Anjel Lertxundik abenduaren 2an (astelehena) 12:00etan "Zorion perfektua" nobela aurkeztuko du Donostiako Udal Liburutegian. Argitaldaria: Alberdania.

"XXI. mendeko idazle berriak" izeneko erakusketa Deustuko Bidarte Kultur Etxean egongo da ikusgai abenduaren 2ra arte. 1969. urtetik hona jaiotako idazleen lanak, argazkiak eta ahotsa ikusi, irakurri eta entzun ahalko ditu bertaratzen denak. Antolatzailea: Euskal Idazleen Elkartea.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: