ZURETZAT GORDEA
 
badut zuretzat zerbait gordea
izu lokartua asaldatzen denerako
elkarrengandik elkarrengana egingo dugunerako
eserleku bat ondoan norabait egin dezagun
 
ez dakit zenbat edo nortzuk izango garen
euritan ekandu zapatek iraungo duten
asmatuko ote dudan zure begien ekialdera egiten
 
baina hala ere badut zuretzat kaligrafia berria
bizipoz minimalista barruan bildua
ahosabai urduria eta oinazearen erretratua
 
haize-arrosak markatu norabidean
egingo dut itsasbeheren ondotik
laino itsuaren bestaldera
mundualdi berri bati ekin diezaiodan
 
badut oraindik ere beste egun baten hazia
haizearen hotzikara bizkarrezurrean
hizki bustien euri txikia tantaka
azalaren ezkata idortua bainugelan
 
badut zuretzat denbora beteago bat
ahurrean gordea
 
    
    
 © cc-by-sa Mikel Ibarguren