ZOOLOGIA TRATATUA
 
 
                1
Hankak lurrean belaunak minduz
narrasti azal ezkatazko bat ari zait
zurbila ordezkatzen:
bularraldea urratzen dit urrats bakoitzak,
egiten dudana azalean sentitu beharrak.
 
                2
Oskola hazi zait ornoetan.
Nire gauzak dira: etxea eta memoria.
Hara biltzen naiz.
 
                3
Lehorrean edo uretan,
samurrean eta gorrotoan:
anfibioa izan.
 
                4
Besoekin inguratu
eta zurekin korapilatzen naiz,
bularraldera hurbilduz
sabela ferekatu dizut,
eta hankak zabaltzean...
jendearen barruan jendea dago!
 
                5
Komuneko ispiluan
soin urratua, oskola, bizkar hezurra,
hegorik gabeko besoak,
saihetsetara itsatsitako titiburuak.
 
Nire baitako
zizare, sugandila,
dortoka eta tximuak.
Nire narrasti, anfibio eta ugaztunak.
 
    
    
 © Jon Benito