Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

—9—

 

 

«Nafarra kasta gaitza izan da beti!» baina kosta behar zitzaien horratikan Oiartzundik aurrerakoa, bazeuden boluntarioak Irun alderako. Hernaniarrak Santiomendi eta Txoritokietara etorriak ziren, burdinari txarrantxadunaz zeukaten itxia bentetako inguru hori, «Harekin, alegia, ez zirala pasako!». Jendea lasai zebilen.

        Moilakoak elkarri pistolak erakusten zebiltzan Herrerako tabernetan. Bidebietaraino igan zen errepublikanoen zentrora, ez ahal zioten ukatuko. Buila handia zerabilten, ez zeukaten hainbeste jenderentzako, denak gauza beraren eske zihoazkien. Muguruza zaharrak paper fardoa lotzen amaitu zuenean barruko bulegora etortzeko agindu zion, eta armairua zabaldurik, «Pablo Iglesias testigu genula!», pistola txipi bat eman zion, sega potoan gordetzeko modukoa, kaxa bat balarekin.

        El Diaren orri bat zabaldu zuten harrobian. Txandaka aritu ziren anaia eta biak. Ez ziren ehiztariak, ez zuten eskopetarik ezagutuko etxean, baina «Hainbestekoa punteria!».

 

 

Ez zuten oilotegia jaso, oiloek librean behar zutela jaioko zitzaion amari, etxe atarian zebiltzan egun osoan paretako kareari mokoka. Euri nahiz ateri egongo zen aulki txipian jesarrita, zarpail, mutu, mantalean bildutako artaleak barreiatzen, deusi lotzeko gauza ez, baina auto hura oilandak airean harrotuz zangoak firrilpean harrapatzerainoko hurbilean gelditu zenean, burua jaso zuen. Seme gaztea ez zen jaitsi, sartzeko agindu zion eskuineko atea barrutik zabaltzen ziola.

        Zakurraren zaunka itoz abiatu ziren, ermitatik gora puzkerka, ezkerrera hartu zuten Herrerarako, Villa Casaresen aitzinetik iragaitean bozina jo zuen harro, herriko auto bakarraren jabea Don Segundo. Kokotsa kolkoan gidatzen zuen mutilak, zaratatsu, anaiak txipitan ikustera eramaten zuen auto haiek bezain lotsagabe. Eskuak belarrietan zituen amak, algara egiten zuen. Ezker jo zuten berriro, eta belozitateak zakar aldatuz kaskoraino heldu ziren. Bazkalordua zen, ez zen inor ageri plazan. Frontoian sartu zen, maniobra egin zuen eta leihoetara azaldu zirenak eskuarekin agurtuta beherantz amildu zen Audizko metari belar sorta bat kentzen ziola.

        Etxerakoan anaia zetorren bidean, bozina errepikan zanpatu zuen. Bazterrera eragin zion zangoak bilatuz, autoen laineza zuen. Amak eskuak jaitsi zituen belarrietarik, eta bi urteko mutualdia hautsiz «Motel, gurdi muturik etziok!». Gazteak barre egin zuen, anaia harrituari «Rekisatua!» esaten ziola Packard beltzaren bolantea pailakatuz.

 

 

Aztoratua sartu zen tabernan, karta jokoa uzteko agindu zien Zugastik, laguntzeko elizpeko gelaraino. Zugasti ez zen izutu xamurra, harritzekoa. Luistarren diruzaina zen eta bazeukan giltza, isilik sartu ziren «Zugasti, Arrieta, Mujika, Artola eta bostak!».

        Atea itxi zuen. «Don Mateoren bila etorri bihar ditek!», Herrerako tabernan entzuna zuen. Estandartea egoten zen kajoia zabaldu zuen, zetaren azpian miatu zuen. Zugastik pistolak atera zituen estandartepetik, gerrian sartu zuen berak. Denek ere bazekiten bazirela, baina Zugastik bakarrik non. «Nik ez dit bihar!» esan zien, eta lauren aurrean atera zuen Star txipi hura, «Badit!».

        Zugasti eta Mujika igan ziren Don Mateogana. Ez zeukaten autorik. «Eraman nazute Zarautza mutilak, eraman nazute Zarautza!» esan zien Don Mateok urduri. «Autoak ez liguke ezertarako baliyo!» esan zion Mujikak Artolari, «Bide guztiak patruilaz josiak zazkatek hoyek!». Astigarraga aldera eraman behar zela, «Artadiz artadi abitu ziran!».

        «Arrieta, Zugasti eta hirurok!» gelditu ziren plaza inguruan, apaizaren etxea zaintzen. Ilundu eta oso gerora heldu zen furgoneta. Alto eman zioten elkarri. Linterna bat zeukan Arrietak, furgonetak berriro biztu zituen argiak. «Adónde vais!» esan zien Zugastik zakar, pistola erakutsiz. «Sospetxoso bat detenitu bihar diyau!» erantzun zuen Zabaletak begiak pistolarekin babesten zituela. «Sospetxoso hori apaiza dek!» esan zuen Artolak. «Apaizak etzioztek libre pekatuetatik!» (...ezkertar oyek Elizan kontra artua dute afana...), baina Artola eskolako aurrena izana zen, «Zuentzako nahikua dek apaiza izatia sospetxosua izateko!». Xoferra irten zen, «Basta de charla, ese cura es un espía!». Plazakoak leihoetara atereak ziren. «Hobe zenuten apaiz zahar baten atzetik ibili baño Oiartzun aldera azaldu!» esan zien Zugastik leihoetakoek entzuteko moduan, isekaz. «Bai, zuek bezela!» erantzun zuen Zabaletak furgonetan sartzerakoan. Maniobra egin zuten beherantz hartzeko. Lau ziren, beste bi ikusi ahal izan zituzten kajeran. Zabaleta zihoan bolantean. Gelditu egin zen haien ondoan, eta lehendabizikoa sartzen zuelarik, enbragea utzi baino lehen, «Euzkadi merezi dezute zuek bai, hala esan zidan!».

 

 

Nafarrak hariak mozten ari ziren eta Aranoko zentralak ez zuen indarrik ematen aspaldian, Arranbide eta Pikoagatik ere ez zen heltzen. Ergobikoa zegoen martxan bakarrik, eta Donostiako Parte Zahar guztiari argia eman beharra karga handiegia zen motor haientzat, goiz edo berandu saltatu egin behar zuen. Villafrancak ez zuen halakorik entzun nahi ordea, ez zen ofiziokoa, behin baino gehiagotan esana zien sabotajearen ordainarena, eta metraileta paratzen zien buruan. Mobilizatuak zeuden eta bertan egin behar zuten lo laguntzaileak eta biek, milizianoekin. Villafrancak bale bat ematen zion Garratxeneko alabari otorduarekin etortzen zenean. Villafrancak egunero esplikatzen zion bere lagunari, «Compañero!», metrailetaren nolakoa, eta bi tiro emateko mugitzen zenari. Lazkaoko mutil gazte bat zen, «Umia!», eta beraiek baino beldur handiagoa izaten zuen Villafranca lotarako prantatzen zenean.

        Tiroak sumatzen ziren, bazetozela esanez ere etorriak ziren, baina Villafrancak bi tiro emango ziela egiten zien mehatxu, eta alde egiten zuten izututa. Aurre egin behar izan zion, nahi baldin bazuen gelditzeko bera, ordurako ikasia izango zuela, «Ez langilliak bakarrik, baita motorrak ere nola kontu egin!» eta bera bazihoala handik. Villafrancak metraileta ezarri zion buruan, baina orduan auto hotsa entzun zen. Buzodun bat sartu zen zentralean, pistola eskuan eta lotura gorri-beltza besoan, «Orden de replegarse!». Villafrancak barkatu behar izan zion, «Vámonos!» esan zuen buzodunak. Lazkaotarra izututa zegoen. Autoraino irten ziren laurak baina «Sólo hay sitio para dos!» esan zien buzodunak. «Está bien, esaten diot nik orduan, pero entonces dame lo que me has quitado!» esan zion ez Villafrancari berari behatzen ziola, baizik buzodunari. Zakarkerian itzuli zion pistola, «A ver si te sirve para algo!». Autoan sartu ziren, eta Villafrancak, damuturik, eskua luzatu zion «Ordizin galdeu zak Villafrancagatik!». Villafrancaren eskua leihatilatik kanpo zuela abiatu zen autoa. UHP hitzak zeuzkan margotuak atzealdean.

        Santiomenditik behera zetozen nafarrak, zubian jotzen zuten tiroek, fruta mantxatzen duen kazkabarra bezala.

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus