Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

—2—

 

 

Astelehenetan aurreneko lana mahaiak eta aulkiak baztertu eta metatzea zuten. Maisua leihotik beha geldituko zen, haurren builari gor, eskuak jaka zaharraren sakeletan. Haize bustiaren samurtasunarekin apaltzen zen hotsa. Maisua kristal zikinei ohartzen zen, eta bere ikasleen arreta islatzen zitzaion begi aitzinean. Lerroan zeudenean jiratu egingo zen marmarrari betarik eman gabe, eta berrogei begi harritu jarraituko zitzaizkion esku iletsuak zolaren zurajean uzten zuen arrasto zuria norabide jakineko txiza-erreka luze bihurria iduri. Puntu batzuk markatuko zituen han-hemenka, altxa eta ezkerra gerrian lana begi zeharrez ederretsitakoan jesarri egingo zen eskuko hautsa txaloka astinduz. Aulkia hanka biko paratuko zuen burua atzeko arbelean emateko. Orroa egingo zuen «Artola, Erromara!». Artolak maisuari behatu zion, munstro oreztadunari behatu zion, puntu bereizten saiatzen ziren denak. Hiru urrats eman zituen, puntu baten ondoan gelditu zen tente. «Parisen barrena!». Itzuli, gibeleratu, begi zeharrez behatu berak ere, angelu bat egin oinez, gelditu. Beti maisuari erne. Avilatik etorritako gizon gazte hark ere zoro ospea bilduko zuen berandu gabe.

 

 

Gizonezko batzuk tokan ari ziren, emakumezko talde bat kontzejuko balkoipean zegoen abuztuko eguzkiaren gerizan. Haurren buila hasi zen, eta plazako guztiek eliza aldera behatu zuten. Atea zabaldu zen, eta haur andana bat sortu zuen ilunpeak. Zirkulu erdi bat osatu zuten atea inguratuz, jokalariaren azken fitxak hutseginaren zur hotsa atera zuen. Telleriko alaba azaldu zen haurra besoetan, eta senarra, eta aitajauna, eta amandrea. Neska-mutikoak «Haurra xaguak jango!» hasi ziren errepikan, zaharrek barre egin zuten, jokalari berri batek hartu zituen fitxak. Telleriko alabak ere barre egin zuen, aitzina abiatu zen haurrek inguratua. «Horrek denak ume-lehorrak!» komentatu zuen agure batek, eta orduan aitajaunak sos mordo bat bota zuen arranpulu, urrun. Haurrak aztarrika oldartu ziren bila, kalapitan.

        Frontoipetik Zugasti kankailua etorri zen lasterka, brusari korapiloa eginda, itokarrean, «Erregina, erregina!» deiadar. Haur batzuek korri egin zuten etxe barruetara. Kalakan ari ziren emakumezkoak banandu egin ziren, tokan ari zenak lurrera utzi zituen fitxak, plazako guraso guztiak urduri saiatu ziren ipurzikinketan ziharduten haurrak biltzen, plazako haur guztiak ezkutatu ziren supitu hartan, eta lando beltza errauts batean heldu zen, hankak gomazko zorrotan bilduak zituzten bi zaldi zurik ekarria, gatza bezain zuriak. Eztul batzuk egin ziren, eskuak begietara eraman. Atso batek esan zuen ez zela erregina. Zapelak jantzi ziren. Haurrak gordegietarik irten ziren, eta sosketa berritu zuten, tokalariak fitxa bila iduri. Neskato batek aurkitu zuen gelditzen zen sos bakarra, zanpatua. Anaiari erakutsi zion urrundik, ematekoa eginez, irriz.

 

 

Mahaiak bilduak zeuden haurrak sartzerako, eta bi ziren irudiak, gelaren bazter banatan, iragan asteko zomorroaren umeak bezalakoak, haren berdina bata, handiagoa bigarrena, bestelakoa guztiz. Haurrek elkarri behatu zioten, eta lerroan jarri ziren maisuaren agindurik gabe. Maisuak itxoin egin zuen haurrak narda zitezen gelaren erdiko marmitatzarraren zergatiari buruzka. Zugasti igorri zuen urketa. Bekaizkeriaz ikusi zuten denek marmita irribarretsu hartzen, ate ostean ezkutatzen, iturrirantz abiatzen. Maisuaren hatsak lurrundutako leihoaren bestaldean, Zugastik ezin zuen marmitarekin, sei bider aldatu zuen eskuz, okerka zetorren, marmitaren ipurdia harri joka. Gelaren erdian utzi zuen ardura handiz, ezpainetaraino betea. Gorrotoa hartu zioten. «Artola, Ameriketara!» egin du orroak aulkitik. Artola aurreratu egin da, zalantza izpi bat sumatu zaio, zantzu berrien barrutiraino doa ausart. Irri dagie lagunei, baina irria harri egin zitzaion maisua aulkia erortzera utziz altxa eta gela hanka luzaka neurtuz etorri zitzaionean. «Itsasoz!» manatu dio Artola izutuari, eta urak gainez egin du maisuak zangoa marmitan sartu zuenean, zurezko zolan zehar isuri zen, eta haurrek zapabururik gabeko putzuari eman zizkioten begiak. Maisuak ere zola bustira behatu zuen, eta Zugastik algara egin zuen hortzez barne.

 

 

Hurrengo astean ikusiko zuen. Kontzejua banderaz josia zegoen, ez zitzaizkien zangoak ikusten balkoian zeudenei, haize zakarra zebilen eta ematen zuen kontzejuari sua zeriola leiho guztietarik. Donostiatik etorritako bandaren tresnek distira itsugarriak sortzen zituzten. Apaizek urrezko jantziak zeramatzaten. Motor baten hotsa entzun zen, eta jendea badatorka hasi zen, bandakoek kapeluak jantzi zituzten. Autoa elizaren atean gelditu zen, xoferra jaitsi zen eta emakumezko kapeladun biei lagundu zien. Elizan sartu ziren emakumezkoak. Apaizek elkarri behatu zioten. Zaharrena elizarantz higitu zen kaparen astuna ezin garraiaturik, baina berehala zeuden emakumezkoak kanpoan berriz. Gazteenak itzalki bat zabaldu zuen bestea gerizatzeko. Zuzendariak zeinu bat egin zuen eta tresna haiek musika eder bat barreiatu zuten. Haizeak bela egiten zuen itzalkian, eta emakume gazteak itxi egin zuen. Bandaren ondoan solasean zeuden lebitadunak emakumeengana hurbildu ziren, apaiz zaharra atzean gelditu zen. Lebitadunek kopaletak kendu zituzten, makurtu egin ziren (...biba kabildo maitagarriya, biba autoridadia...), muin egin zuten emakume zaharrak luzatzen zien eskuan. Zilarrezko giltza handi bat eskaini zion lebitadun batek. Emakume zaharrak emakume gazteari pasa zion.

        Burusoilak paper batzuk atera zituen nonbaitetik. Ahots mehea zuen. Haurrak «Hidalga señora!» agurrean gelditu ziren trabatuak, hitz handiegiak bailiran belarri handi haietan sartzeko. Ondoren apaiz zaharrak liburu bat zabaldu zuen eta latinak esaten hasi zen. Ez zen luzatu haatik, eta isipua harturik ereinotzezko gandor bana ageri zuten Casas Baratas bedeinkatu zituen. Haurrek xoferrari erreparatzen zioten, autoa zapi batekin ari zen igurzten, iduri eta argizaria ematen.

        Artola emakumeagana hurbildu zen burua kolkoan eta buruki gorri bat eskuetan. Emakumeak giltza bat hartu zuen burukitik eta arratsaldeko sokamuturrerako oholen ondoan zeuden galegoengana etorririk banaketa hasi zuen. «Trintxerpeko zaborreria guztiak!» jarri behar zuen bizitzen Casas Baratasen. Galega batzuek «Viva la Reina!» oihukatu zuten.

        Erregina bazihoan. Maisuak haurrengana itzuli zuen burua, eta bizar gogorra pailakatzeari utzirik bat bi hiru lau egin zien, eta «Uso zuria esazu!» kantatu zuten. Erregina mutikoaren ondoan gelditu zen adi, eta mutikoak behatu egin zion, eta ama ikusi du Bordatxoko leihoan garrasika etortzeko etxera segituan, erregina datorrela, eta anai-arrebek barrabas belarraren jorraketa bertan utzirik luberritik behera amiltzen dira laborrian, eta etxean sartu ordukoz erreginaren gurdi beltza ageri da harrobiko bidetik, eta zaldi zuriek irrintzi egiten dute etxearen aldamenetik pasatzean, baina oraingoan libratu dira, eta etxean ere ez da gelditu Bordaberrin egin zuen bezala, komuna eskatzearen aitzakiarekin haurrik ikusten ote zuen, eta orain diote plaka bat ipini behar dutela Bordaberrin eta bertakoek ez dutela soldaduskara joan beharrik izango Zugastiren anaia bezala, eta beste batzuetan globoak haizatzen dituzte mendian haurrak gal daitezen bila, baina Bordatxokoak beti daude erne, ez dute txipiena inoiz bakarrik uzten, goizaldean mikeleteak ageri direnean badakite etortzekoa dela eta ez dutela etxe ingurutik urrundu behar; ez dute nahi harrapa ditzan, eta erreginak ere behatu egin zion, eta mutikoak pentsatu zuen erreginak begiz joa zukeela bera ere, harrapatu eta odola kenduta iloba tisikoei emateko.

        Erreginak agindu bat egin zuen eskuarekin, eta andere-lagunak zorro batetik ateratzen zizkion gozokiak banatu zizkien. Haurrek txalo egin zuten, alkateak mintzaldia azkendu zuenean baino bortitzago. Xoferrak atea zabaldu zien berriro, emakumezko biak autoan sartu ziren, eta autoak haurrenganainoko buelta eman zuen muturrez aurrera jartzeko, bandakoen tresnek bezala distiratu zuen, zarata ketsu bat atera zuen, barea bezain beltz urrundu zen.

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus