Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Gizon berria

 

 

1. TXOSTENA

2007-09-05

 

Mercedes Rodriguezen deia igandean 2007ko irailaren 2an 17:43ean jaso zuten larrialdietako telefonoan. Esan zuenez, olatu batek gizon bat itsasora bota zuen Zurriolako hondartzaren espigoian, Kursaaleko kuboen parean.

        Bi ertzain kotxe bertaratu ziren 18:00etan. Urpekariak zeramatzan Ertzaintzaren ontzia 18:30ak baino lehenago iritsi zen.

        Itsaso oso zakarra eragin zuen ekaitzak, marea bizien garaia izanik. Itsasgora 18:54an zen eta olatuek espigoia aise gainditzen zuten aldika. Lanak 20:00ak arte eten zituzten, baina orduan oraindik bilaketarako baldintzak oso arriskutsuak ziren. Egoera horretan ezin izan zuten ezer aurkitu eta, berehala ilundu zuenez, urpekarien lanak bertan behera utzi behar izan zituzten hurrengo goizera arte.

        Irailaren 3an (astelehena) 8:00etan berrekin zioten. Itsasgora 7:15ean bazen ere, bareago zegoen eta lanak espigoiaren bi aldeetara ez ezik Paseo Berrira, Monpaseko arroketara eta Pasaia aldera ere zabaldu ahal izan zituzten. Egun osoan eginiko lanetan ez zuten arrasto bakar bat ere aurkitu.

        Irailaren 4ko bilaketa eremua Igeldo mendiko magaletara eta Pasaiako eta Kontxako badietara hedatu zen. Ez zuten gorpurik ez bestelako zantzurik aurkitu.

 

 

2. TXOSTENA

2007-09-06

 

Ertzaintzak lekukoen testigantzak jaso zituen bi egunetan zehar. Hurrengo lerroetan bildu ditugu lekukotasun esanguratsuenen aipuak.

        Maria Etxeberria: «Gizon bat zen, bai (...) ile motzekoa. Txamarra gorria zeukan».

        Jon Alonsotegi: «Ezin dut ziur esan pertsona bat zen edo ez. Itzal bat ere izan zitekeen (...) Egia esan, dezente harritu nintzen han aurrean pertsona bat ikusi nuela iruditu zitzaidanean».

        Gabriela Esnal: «Pertsona hori erotuta zegoen. Denok Kursaaleko kubotik hurbil bageunden, zerbaitengatik izango zen, ezta? Bera ez, bera hor aurrean. Ulergaitza iruditzen zait. Horrelako egun batean itsasoak indar handia dauka».

        Kepa Sakola: «Umearekin nenbilen (...) Zurrumurru handi bat entzun genuen. Olatu handi bat zetorren. Umea oihuka hasi zen. Espigoiaren aldera begiratu nuen nik, eta bertan gizon bat zegoela iruditu zitzaidan (...) Olatua eskubitik etorri eta gizona ezker aldera bota zuen (...) Uretan desagertu zen».

        Rosamunda Rodero: «Espigoiko muroan igota zegoen (...) Emakume bat zen. Olatuak ezkerretik eta eskubitik egin zion salto, muturren aurrean, eta jakina, hor muroan igota zegoenez, erraz eraman zuen itsasoak barrurantz arrastaka (...) Emakume bat zela esango nuke (...) ile luzea eta arropa ilunak zeuzkan».

        Denera, hogei pertsonaren testigantzak jaso ditu Ertzaintzak. Aipatu ditugun hauetan ageri dira beste guztien oinarrizko ekarpenak.

        Ondorioz, lekukotasunek kontraesan handiegiak dituztela nabarmendu behar da. Gertaera bakar batek ezin ditzake hainbeste ikuspegi izan. Testigantzen egiazkotasuna, hortaz, zalantzagarria da.

 

 

HANNA

 

Leipzigeko zeruan dagoen dorre garaiena ikusten da balkoitik. Lehen unibertsitatearen egoitza nagusia zen. Gero Allianz aseguru etxeak erosi zuen. Europako indartsuena omen da.

        Dorreari bizkarra emanez atzera sartu da Hanna. Barruan itxi usaina nabari da. Etxean egin duen estreinako paseoan ikusi du gauzak bere horretan daudela:

—kaobazko altzariak,

—paretetan margolari inpresionisten posterrak marko doratuetan sartuta,

—egongelan larru beltzezko sofa eta besaulkiak,

—bolizko figurak nonahi,

—komuneko ate atzean titi operatu erraldoiak dituen emakume gazte biluzi baten posterra,

—sukaldean poteko janaria besterik ez.

 

 

3. TXOSTENA

2007-09-07

 

Ustezko desagerketak oihartzun handia izan du hedabideetan, bereziki bertako prentsan. Polemika biziagotu egin da irailaren 5ean eta 6an. Lekukoek ere gutunak idatzi dituzte egunkarietara. Batzuek Ertzaintzaren bilaketa ez zela egokia izan kritikatu dute.

        Prentsa artikuluetan suizidioaren aukera indartzen ari da. Horrelako itsaso zakarra zegoela ikusita, pertsona bat espigoira igo bazen, bere buruaz beste egiteko borondatea izan zezakeela pentsatzea zilegi da.

        Egoera zertan den kontuan hartuta, Barne Saileko Juan Iturri prentsaurrekoan agertu da gaur. Ertzaintzaren ikerketan oinarrituz, orain arteko informazioak ukatu egin ditu. Lekukoen testigantzen sinesgarritasuna txikia dela adierazi du.

 

 

4. TXOSTENA

2007-09-08

 

Prentsak zalantzan jarri ditu lekukoen testigantzak. Orain arte jasotako informazioak ez duela ezer frogatzen adierazi dute egunkari gehienek. Honezkero, bertako prentsa bakarrik arduratzen da gaiaz.

 

 

HANNA

 

Atentzioa eman diote seme-alaben logelan: arropa dendetako bi pertxero luze alkandoraz eta jakaz gainezka.

        Logela bereko kartoizko kaxetan:

—familiaren behialako argazkiak,

—eskolako emaitzak eta oharrak; baten bukaeran zera dio: «Txikiak dira oraindik eta, beraiei denbora gehiago eskaintzen badiezue, zuekiko atxikimendu handiagoa izateaz gain eskolan eta lagunekin hobeto moldatzeko aukera handiagoak izango dituzte».

        Komuneko kaxoietan:

—makina bat gaitzen aurkako pilulak: beherakoa, hipertentsioa, burukomina, sukarra, depresioa, etab,

—bizarra egiteko apar pote luze bat,

—bizarra egiteko bost aitzur,

—hortzetako zepillo bat.

—komuneko paper rollo ugari.

—garai bateko perfume garestien bilduma zabala.

        Egongelako apaletan bi argazki:

—hogei urteko neska beltzaran ederra eta bere alboan berrogeita hamar urte inguru dituen gizon bat barre algaraka, alkandora loreduna, galtza zabalak eta bota kanperak jantzita,

—beste argazkiko gizon bera esku batean agiri bat (SlipKnot musika taldearen SlipKnot diskoa banatzeko esklusibitatea Alemanian, Austrian eta Suitzan) eta bestean aldizkari bateko artikulu bat (izenburuan «SlipKnot, beren estreinako diskoa izan da lehengo urteko salduenetakoa»).

 

 

5. TXOSTENA

2007-09-10

 

Ustezko desagerpenari buruzko prentsa oharra kaleratu du Ertzaintzak. Hona hemen agiri horren aipu esanguratsuenak:

        «Froga gehienek seinalatzen dute, ustez itsasora erori zen pertsona hori ez dela benetan existitzen (...) Lekuko batzuek ez zuten ezer ikusi, eta zerbait ikusi zutenen testigantzak, berriz, kontrajarriak dira (...) Ertzaintzak burutu dituen bilaketa sakonek ez dute desagerketaren zantzurik aurkitu. Prozedura hauek oso zehatzak dira, eta balizko desagerketaren eremu osoa ikertu ostean, inguru horretan gorpu bat egotea ezinezkotzat jo daiteke (...) Azkenik, froga erabakigarri modura, kontuan hartu beharra dago inork ez duela ustezko pertsona honen falta sumatu. Espainiako estatu osoko Polizietatik bakar batek ere ez du desagerpenaren salaketarik jaso. Ez da arrazoizkoa senideek, lagunek edo lantokiko arduradunek Poliziara ez dutela jo pentsatzea, batez ere ustezko desagerketatik zortzi egun igaro direnean (...) Prentsan albistea asko hedatu denez, zaila da ustezko pertsona honen ingurukoak jakinaren gainean ez egotea (...) Horren guztiaren ondorioz, ziurtasun handiz esan dezakegu, 2007ko irailaren 2an 17:35ak aldera ustez itsasora erori zen pertsona hori ez zela existitzen eta, itxura guztien arabera, eguraldi lausoak eta itsaso zakarrak lekukoei eragindako ilusio bat izan zela».

 

 

HANNA

 

Mesanotxe gainean:

Bild egunkariaren hiru ale,

—liburu bat: Robert Fisher-en Herdoildutako armadura zeraman zalduna,

—zenbait faktura,

—Bordeleko ardo garesti botila erdi huts bat eta kopa bat.

        Deutsche Bankeko kontu korrontearen agiriak kaxoian:

—1993 arte diru sarrera txikiak,

—1993-2001 urteen artean diru sarrera gero eta handiagoak,

—diru irteera potoloak 1993, 1997 eta 2004 urteetan,

—diru sarrera eta irteera handi ugari 2004 eta 2007 urteen artean.

        Galtzerdien kaxoian sei gutun (Angela Schwartzek sinatuak). Zenbait esaldi azpimarratuta daude.

—2006koan: «Nik hasieratik hartu nion itxura txarra emakume horri. Dena oso ondo zihoakizunean ezkondu zitzaizun, eta orain gero eta arazo larriagoak dauzkazunean dibortziatu zaizu».

—2004ko azaroan: «Aspaldi honetan gure arteko harremana oso kaskarra da, baina oraindik zure ama naiz eta aholkuak emateko eskubidea daukadala uste dut. Lurrin-denda eta musika banaketarako enpresa ondo joan zitzaizkizun arren, horrek ez du esan nahi orain arropa-denda garesti hori ere ondo aterako zaizunik. Musikarena orain hain ondo ez badoa ere, hobe duzu horrekin jarraitzea. Orain arte ez duzu gutxi lortu-eta».

—2004ko ekainean: «Guk zer egin dugu gaizki? Maria zure seme-alaben ama den bezala, gu haien aitona-amonak gara eta gure iritzia zuri jakinarazteko eskubidea dugu».

—2004ko apirilean: «Orain dela bi urte jatetxea ireki zezaten diru guztia jarri zenienean nik ez nukeen esango hau gerta zitekeenik, baina, egia esan, zaila da hain fama ona zuen jatetxe bat hain denbora laburrean horrela hondoratzea. Gure bilobak ere badiren arren, esan beharra daukat ixtea beste erremediorik ez zenuela, diru galera lehenbailehen etete aldera. Zuk ulertuko ez zenuela bagenekien arren, guk horixe bera egin behar izan genuen zurekin. Haserre alde egin zenuen Leipzigera, baina argi dago gure erabaki hark zeinen emaitza onak eman dituen: diru asko irabazi duzu harrezkero. Hortaz, orain nire babes osoa duzu, Walter. Badakit gogorra dela zure seme-alabek zurekin ez hitz egin nahi izatea, baina zuzen jokatu duzu. Denboraren poderioz egoera bere onera itzuliko da, gure artean gertatu den bezalaxe. Biziki pozten naiz ia urtebeteren ondoren gurekin berriro hitz egiten hasteko pausoa eman duzulako».

—2003koan: «Harritzen al zara zuen aita hainbeste haserretzeaz? Ez zenuen nahi gu zuen jatetxe horretara joaterik. Gutaz lotsatzen al zara?»

—1995ekoan: «Lurrin-dendan gero eta diru gehiago irabazten ari zarela entzuteak harro sentiarazten gaitu zuen aita eta biok. Argi dago Leipzig, Ekialdeko Alemania osoa bezala, mea baliosa dela Mendebaldeko alemaniarrontzat. Baliatu. Porrotean bukatu zen gure ametsa zuk gauzatu ahal izango duzu».

 

 

6. TXOSTENA

2007-09-13

 

Irailaren 11ko prentsak bere horretan jaso du Ertzaintzaren agiria. Ez da bestelako ikuspegirik agertu. Irailaren 12ko prentsan ez dago gaiari buruzko aipamenik.

 

 

HANNA

 

Ordenadorean (ez du pasahitzik) Outlook Express irekitakoan, hamaika spam mezu. Eta gainerako mezuen artean bi hauek:

—2004ko bat, bidaia agentzia batetik: «Ene, berrogeita hamar urteetako krisian bete-betean sartua hago (...) Kontatu zidatek zerbait. Pelikuletako banku-lapurrek bezala arropa-dendarekin azken kolpea eman nahi duk eta gero erretiroa hartu, ezta? Emaztea eta seme-alabak dendan aparkatu eta hi Brasilera (...) Aurkeztuko didak hire fitxajea noizbait (...) Riorako hegazkina eta hoteleko erreserbak agindu hizkidan bezala egin ditiat»,

—2003ko bat: «Nahastu egin duzue helbidea. Zuen laguntxo horri beharrean niri bidali didazue e-maila. Zuei buruz zalantzarik banuen, orain uxatu ditut guztiak. Zuek ni baino azkarragoak zaretelakoan? Ulf eta Henry gaixoak... Nik emaztea, semea, alaba, diskoen banaketarako enpresa, semeari eta alabari ireki diedan jatetxea, Leipzigeko etxea, Mallorcakoa eta Alpeetakoa, eta maitale eder bat dauzkat. Eta zuek? Zulo honetan astelehenetik larunbatera niretzat lan egiteaz gain, zer gehiago daukazue?» Eta mezu honi erantsita honako e-mail hau: «Tipoak ez zakik ezer musikaz. Zortea izan zian, besterik ez. Hori iradokitzen saiatu gaituk eta, bidez batez, nazkatuta gaudela bi sosengatik milaka ordu lan egiteaz; baina tipoa barrez hasi duk eta, emaztea alboko gelan bazegoen ere, berriro kontatu zizkiguk xehetasun guztiekin brasildarraren eta bere arteko kontuak. Soilik kontatzeko egiten dituela zirudik. Nori eta guri, bere enplegatuei».

 

 

7. TXOSTENA

2007-09-18

 

Irailaren 17an Jokin Gonzalezen deia jaso zuten 11:13an larrialdietako telefonoan. Zurriolako hondartzan ur ertzean gorpu bat zegoela abisatu zuen.

        Hiru minututan bertaratu ziren lehenengo ertzainak. Inguruko ikastetxeetako ikasleak aurkitu zituzten pilatuta Zubiri-Manteo institutuaren parean, batzuk muroan eta gehienak hondartzan bertan, gorpuaren inguruan. Susmoa dago baten batek agian gorpua ostikoz mugitu zuela. Ertzain gehiago etorri arte ezin izan zuten eremua itxi, jendea gorpura hurbiltzen saiatu baitzen etengabe, hura gertutik ikusteko. Gorpua puztua, higatua eta urradura sakonez betea zegoen.

        11:52an anbulantziakoak iritsi zirenean, jendeak berehala egin zien lekua.

        Epailea 12:47an ailegatu zen.

        Aurreneko orduetan ikertu ahal izan zutenaren arabera, Ertzaintzako adituek adierazi zuten, ziur aski itsasoak orain arte gorpua arroken azpian edo itsasoaren behe aldean ezkutatua izango zuela. Aurreko egunean sartu zen ekaitzak itsasoa zakartu egin zuen, eta agian horri esker atera zen gorpua azalera.

 

 

HANNA

 

Ordenadorearen mahaiaren kaxoian inprimatutako e-mail ugari daude karpetetan sailkatuta. Adibidez:

—Susana Soares (2007ko abuztua): «Zer gertatzen da, Walter? Zergatik atzeratzen ari da dena? Etxeko jabeak deitu dit esateko beste erosle batzuk dauzkala, eta hurrengo hiru egunetan dirua jartzen ez badugu etxerik gabe geratuko garela. Donostian zaila izango da ezer hoberik aurkitzea. Egin transferentzia lehenbailehen eta ni arduratuko naiz, zuk hango kontuak konpontzen dituzun bitartean. Orain ez zinen zalantzak izaten hasiko, ezta?».

—Maria Schmidt (2006ko apirila): «Banekien ez zinela munduko gizonik azkarrena baina ez nuen uste hain motza zinenik. Azken asteetan etengabe errepikatu didazu itxura eta dirua besterik ez zaizkidala axola. Hori uste bazenuen, zergatik jokatu duzu horrela? Zer uste zenuen, zuri begira geratuko nintzela nire bizitza hondatzen zenuen bitartean? (...) Niretzat Mallorcako eta Alpeetako etxeak, eta zuretzat Leipzigekoa eta denda».

—Susana Soares (2005eko ekaina): «Nire ahizpak aurkitu du etxea Donostian bertan. Oso hiri polita omen da. Pentsa, hiru hondartza dauzka. Egunen batean bisitan joan beharko ginateke. Surfean ere ikasi ahal izango duzu. Nork daki, agian han galduko diozu beldurra itsaso harroari».

—Ulf Stiglitz (2005eko maiatza): «Azkenean lasaitasun osoz hitz egin diezazuket, Walter. Zure enplegatua nintzenean horrelako gauzak esaten ez banizkizun, ez zen nahi ez nuelako, ezin nuelako baizik (...) Bagenekien eroriko zinela. Horrexegatik ez genizun enpresa goizago erosi. Negoziazio teknika bat besterik ez zen. Orain nahi baino ordu gehiago ematen ditugu lanean. Soldata ez da zoragarria, baina aurrera egiten ari gara. Aukeratzen ditugun diskoak ez dira gorrentzat eginak. Zure diskurtsoak jasan behar izaten ez ditugunetik botagura desagertu zaigu (...) Ez al zinen konturatu ahal bezain azkar utzi nahi geniola zure morroi izateari? Beste edozeinek egingo lukeen bezalaxe. Ala oker nabil? Tira, kasu batzuetan ziur aski bai».

        Telefonoaren erantzungailuan dardaraka dagoen argi gorria itzaltzera joan denean:

—Lehenengo mezua: «Gerhard Kahn naiz, Neumann jauna. Honezkero ongi aski ezagutzen nauzu. Ordainketa oraindik egin ez duzula gogorarazteko deitzen dizut. Ez dut berriro eztabaidan hasi nahi. Zure denda ixteak ez du gure arroparekin zerikusirik. Erosi egin zenigun eta, beraz, ordaindu egin beharko duzu».

—Bigarren mezua: «Hanna, etxean bazaude, hartu telefonoa mesedez. Oso presazkoa da. Diru asko lapurtu didate, asko. Nire abokatuaren telefonoa behar dut. Telefono gidan dago: Thomas Schiller. Hanna, entzuten al duzu? Ordu honetan joaten zara etxea garbitzera, ezta? Zure telefonorik ez daukat hemen eta nire etxera deitzea beste aukerarik ez zait bururatu. Ez ezer esan ez emazteari... emazte ohiari, ez seme-alabei, mesedez. Ezta beste inori ere. Mesedez. Hanna, hor al zaude? (isiltasuna) Ederki ba. Mila esker zure laguntzagatik, Hanna. Tira, abokatuaren telefonoa Interneten bilatzen saiatuko naiz. Eta bueltatzen naizenean hitz egingo dugu zure ordutegiaz. Ni ez egoteak ez du esan nahi lan egiteari utzi behar diozunik. Agur».

 

 

8. TXOSTENA

2007-09-20

 

Autopsiak argitu duenez, berrogeita hamar urte inguruko gizonezkoak bi aste inguru zeramatzan hilik. Ez dago zalantzarik itota zendu zela.

        Ez du ez agiri ez diru ez telefono ez giltzarik aldean.

 

 

HANNA

 

— Nori deitu behar diozu?

        — Poliziari.

        — Arduratuko dira bere senideak. Edo lagunak bestela. Ez da zure arazoa.

        — Soldata nork ordaintzen didala uste duzu ba?

        Ahots bat entzun da telefonoaren beste aldean.

        — Bai? Gabon. Hanna Stich naiz. Walter Neumannen etxea garbitzera joaten naiz bi astetik behin... Bai, Leipzigen. Neumann jaunak orain dela bi urte kontratatu ninduen... Ba, kontua da orain dela bi aste zela Leipzigera bueltatzekoa.

 

 

 

© Harkaitz Zubiri

 


www.susa-literatura.eus