Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Despedida

 

 

        Beso batez gerria heldu dit eta beste eskuaz jakaren botoiak askatzen hasi da, eta gero blusaren botoiekin jarraitu du. (...)

        — Oso ondo —onartu diot; eta nik askatu ditut azkeneko botoiak—. Dean etorri aurretik. Egizu azkar.

Raymond Carver

 

 

Kepak hogeita hamahiru urte zituen. Ordurako Amaratik, bere betiko auzotik, urrun samar bizi zen, pisu txiki, deseroso eta garesti batean, bizilagun zaratatsua eta alboko zakur zaunkaria eta guzti. Lantokian saileko nagusi alfer eta exijentea zeukan, eta Abegi SAk ez zion sei hilabete baino gehiago iraungo zuen kontraturik eskaini nahi izan azken bi urteetan, enpresarentzat merkeagoa zelako eta, arazoak sortuz gero, arazorik gabe kalera zezaketelako. Zazpi lagunentzako lekua zuen kotxe handi eta erosoa zeukan bere bikotekideak eta berak erabiltzeko. Hartara, urte gutxian pilatutako zorrak ordaintzera iristeko bakarrik bazen ere, bazekien ehun urtera arte behintzat bizi beharko zuela. Bitarte horretan, elizan ezkonduko zirela adostu zuen bikotekidearekin, nahiz eta Kepa bataiatua ere ez zegoen.

        Imanolek antolatu zuen despedida, Keparen despedida izanik ere, berak egin izan ez balu ez baitzukeen beste inork ardurarik hartuko, eta Imanolek bai baitzekien Keparentzat ezkontza baino askoz garrantzitsuagoa zela despedida. Mikelek lagundu zion Imanoli, gogo txarrez baina, dena haren gain ez uztearren.

        Despedidarako, Kepa eta hamabi lagun elkartu ziren larunbat eguerdi batean.

        — Nolatan gonbidatu dituk bi horiek? —galdetu zion Mikelek Kepari, autopistan aurretik zihoakien Ander Igara eta Iñaki Tolosaren kotxeari begira.

        — Nola esango nikek? Iñakik lortu zidaan orain Abegi SAn daukadan lana. Eta tira, azken finean bi horiek ere gurekin egon zituan gelan, ezta?

        — Zoritxarrez, bai. Zorionez hemen ez dauden beste asko bezalaxe.

        — Egun eta erdi besterik ez duk izango, Mikel. Saiatu hadi ondo pasatzen. Orain ez zagok axola duen beste ezer.

        Zornotzan bazkaldu zuten. Elkarrekiko hurbiltasuna urrun gelditzen hasia zitzaiela nabari zen giroan, baina sagardoak eta hitzontzien zaratak aise bete zuten isiltasuna.

        Lepo janda abiatu ziren Zugaztietara. Ibaizabalen inguruan garatu zen lehenengo industrializazioaren eremuak ziren. Milaka lagunek lan egin izan zuten meatzeen inguruan, duela gutxi Foru Aldundiak diru publikoz eraiki zuen golf zelaitik hurbil, paint ball batean hartu zuen ordua Imanolek bazkalosterako. Hamahiru laguneko taldea bitan banatu zen. Batetik: Kepa, Imanol, Mikel eta beste lau. Bestetik: Iñaki, Ander eta beste lau. Irainka hasi ziren, talde bat besteari. Elkar akabatzea zen jokoaren helburua. Izerdi patsetan ibili ziren, pinturaz betetako armak eskuetan. Keparen taldeak irabazi zuen, imajinatuko zenuten bezala.

        Dutxatzeko eta gauerako prestatzeko jaitsi ziren Bilbora, Imanolen gurasoek Gran Via inguruan zuten etxebizitza handi huts batera. Gainerakoak izerditsu eta garagardo bana eskuan egongelan sakabanatzen ziren bitartean, Iñaki dutxatu zen lehenengo, eta Ander gero. Soinean galtzontziloak soilik zituela irten, sofan eseri eta Anderrek mahai gainean bereizi zituen kokaina marrak. Hamahiru. Bakoitzarentzat bana. Kepak bere poltsa atera eta hauts zuria hamahiru lerro paralelotan itxuratu zuen. Imanolek berearekin hirugarren ilara bat osatu zuen. Marra zuriak desagertzen hasi ziren mahai gainetik. Giroa puztu egin zen. Baina denboraz justu zebiltzanez, ezin zituzten afarirako prestaketak hantxe eten.

        Mikelen komunerako txanda iritsi zenean, inoiz izan ez zuen gorputzaldian sartu zen dutxara. Ur beroa plazer ikaragarria zen soinean behera. Xaboia ematearren txorrota itxi zuenean, komuneko paretaren beste aldean emakume baten negar oihuak entzun zituen, eta gero gorputz bat pareta kolpatzen, eta segidan oihu eta kolpe gehiago. Korrika irten zen dutxatik. Biluzik eta bustita agertu zen egongelaren erdira. Putzu bat osatua zuen hizketan hasterako.

        — Ez dakizue zer nolako hotsa atera duen paretaren kontra jo duenean —azaldu zien Mikelek.

        — Beldurgarria duk etxe batzuetako giroa —esan zion Anderrek.

        — Beldurgarria duk hire piura —barre egin zion Kepak Mikelen gorputz biluziari.

        — Zuek ez al duzue ezer entzun? —harritu zen Mikel.

        Ezetz erantzun zioten. Eta berehala despedidaren makinaria abian jarri zen berriro. Garai batean entzuten zuten musika hasi zen bozgorailuetan.

        — Ez al diagu ezer egin behar? —galdetu zien Mikelek.

        Zipitzik ulertuko ez balute bezala begiratu zioten.

        Berriro komunera joan zen Mikel. Tarteka kolpeak eta oihuak entzuten ziren oraindik.

        — Etorri entzutera. Benetan. Ikaragarria da.

        Inor ez zen hurbildu.

        — Larrialdietarako telefonora deituko dugu behintzat, ezta?

        Musikaren gainetik mutukeria zen jaun eta jabe. Bazter batean botata zeuden galtzetatik telefonoa hartu zuen Mikelek.

        — Uztak hori —esan zion Iñakik—. Bihar deituko diagu. Orain deitzen badugu, pikutara joango duk despedida; ertzainak etorri arte itxaron, gero galdera guztiei erantzun, eta abar. Afaldu, parranda lasai egin eta bihar ahaztu gabe deitzea izango duk hoberena. Etxe horretan benetan arazoak badaude, berdin jarraituko ditek bestela ere. Nahikoa duk bihar deitzea.

        Gainerakoek sabaira begira eta garagardoak edaten jarraitu zuten. Mikelek musika itzali zuen. Isiltasun pisu hura luzatu ahala, jasanezinagoa bihurtzen ari zen denentzat.

        — Zer diozue orduan? —galdetu zien Mikelek.

        — Ez dakit ba —esan zuen Kepak.

        — Neu arduratuko nauk berriro dena antolatzeaz —proposatu zien Mikelek—. Noizko egingo diagu hitzordu berria?

        Inork ez zion kasu egin, ezta begiratu ere.

        — Hiri —esan zion azkenean Kepak ahots mehe batez— ezkontzaren kontu hau lelokeria hutsa iruditzen zaik, ezta?

        — Ez dik horrekin zerikusirik.

        — Tira, Mikel, uztak dagoen bezala —aholkatu zion Garik.

        Isiltasun ozen horren erdian, Mikelek motxilatik arropa garbia atera eta azal oraindik erdi bustiaren gainean jantzi zuen. Atezuan begira zituen lagunak. Mikelek kalerako atea ireki zuen.

        — Nora hoa?

        — Ez zakiat. Buelta bat ematera. Etikagatik ez bada, gutxienez... badakizue larri dagoen norbaiti laguntza emateari uko egitea delitua ere badela?

        — Nola izango duk hori delitua! —bota zuen Anderrek.

        — Ez al du beste inork ezer esan behar? —galdetu zuen Mikelek.

        — Ez haiz konturatu dagoeneko erantzun diagula? —ihardetsi zion Josetxok—. Joan hadi lasai arnasberritzera. Jatetxera baino lehen elkartuko gaituk, nahi baduk, Pozasen.

        — Ez duk ba Donostiara alde egingo! —esan zion Kepak.

        Imanolek isilik jarraitu zuen.

        — Orain kalean ez zaik bururatuko Poliziari deitzea, ezta? —galdetu zion Anderrek—. Bihar egingo diagu.

        Mikelek zakar itxi zuen kaleko atea. Harrituta geratu ziren egongelakoak, harik eta Iñakik musika ozen jarri zuen arte.

        Dutxatik irten zen azkena egongelaren erdian lehortzen ari zen bitartean, ateko tinbreak jo zuen. Imanolek ireki zuen.

        Ertzain bat zen.

        — Gabon. Sar naiteke? —esan zuen gaztelaniaz, egongelaren erdira sartu eta inguruari begira hasi zen bitartean.

        Arropa izerditsuak, garagardo botilak, hauts zuriz eginiko lerro paraleloak mahai gainean, patata frijituak eta kakahueteak alfonbran.

        Ertzaina komunera joan zen.

        Egongelakoek txintik ere ez zuten esan.

        — Ez da inor dutxatzen ari?

        Mutilek elkarri begiratu zioten.

        — Zer gertatzen da? Deiren bat jaso duzue? —galdetu zion Garik.

        — Bai, baina hemen galderak nik egiten ditut. Erakutsi nortasun agiriak.

        Mutilei eskuetatik kendu gabe, ertzainak ez zien arreta handirik eskaini agiriei.

        — Zu, beraz, Kepa Sakola zara.

        Baietz egin zion buruaz, eztarriko intxaurrak gora eta behera egiten ziola.

        — Giro bero samarra duzue hemen, ezta? —esan zuen ertzainak, bere ahoskera bitxian.

        Txapel gorria erantzi eta ile luzea bizkarrean behera erortzen utzi zuen. Musika aparatura hurbildu, abestia isilarazi eta poltsikoan zeraman cd bat jarri zuen. Keparengandik hogei zentimetrora kokatu eta alkandoraren botoiak askatzen hasi zen. Bularretako gorria zeraman. Galtzak erantzitakoan tanga gorria azaldu zen begien bistara. Uhin aldakorretan mugitzen zuen gorputz argala. Keparen ezpainak doi-doi igurzten pasa zituen bular borobilak. Iñaki, Ander eta beste batzuk uluka hasi ziren. Egongelako bazter batera alde egin zuen Imanolek. Abestia bukatutakoan, Kepa eskutik helduta logela batera eraman zuen emakumeak. Irribarrea eta izua nahas-mahasean ageri ziren Keparen aurpegian.

        Hamaika mutilek begiratu aztoratua egin zioten elkarri.

        — Azken orduko burutazio bat izan da —azaldu zien Anderrek—. Iñakiri galdetzeko astia besterik ez dut izan. Tira, ezustekoa eman nahi genion Kepari, eta bide batez zuei. Orain egitea baino ezusteko handiagorik, ezta? Gero afaltzera bapo joateko. Tira, egia esan, neska zazpietarako iristen zenerako lortu behar genuen Kepa dutxan egotea, eta neskak han harrapa zezala, eta abar. Baina Mikelen kontu horrekin...

        Emakumeak jarritako musika entzuten zen bozgorailuetan: Joe Cocker kantu ospetsu bat abesten. Musikaren bolumena apaldu zuen Josetxok. Logelatik zetozen emakumearen hotsak entzun zituzten.

        — Entzuten? Hor ere norbaitek laguntza behar duela dirudi.

        — Deitu Mikeli! Edo larrialdietako telefonora deitu behar dugu?

        — Hobe izango da suhiltzaileei hots egitea!

        Imanolek haiengan iltzatu zuen begiradan suma ezin zitekeen zerbait zegoen. Txantxetarako gogoa itzali zitzaien une batez. Imanol bazter bateko aulkitik altxa, eta mahai gaineko kokaina lerro bat sartu zuen. Arnasa sakon hartu eta, salto batean, arropak utzi zituen gurasoen logelara alde egin zuen.

        — Ez duk ba Donostiara alde egingo! —oihu egin zion Anderrek, trufaka.

        — Segi dezala festak! —ulu egin zuen Patxik.

        Garik beste cd bat jarri zuen berriro. Lerro bana sartu zuten Josetxok eta Ramonek. Garagardo gehiago zabaldu zituen Josuk.

        Sakelako telefonoa belarri parean zuela itzuli zen Imanol.

        — Nori deitzen ari haiz? —galdetu zion Iñakik, asaldatu antzean.

 

 

 

© Harkaitz Zubiri

 


www.susa-literatura.eus