Eraikuntzaren aita
Jasser Arafat bizkarzainez inguratuta gelara sartzea eta zain ginen berrehunen bat pertsonak zutik jarri eta txaloka hastea bat izan da. Txalo egiteari utzi eta jendea atzera eseri arte ez dugu, hala ere, palestinarren lider nagusi eta bakarra ikusterik izan. Txikia baita Arafat, estaturaz.
Bina mahaikide eseri zaizkio ezker-eskuin eta, atzean, militar jantzian zutik, bost ofiziale. Beste zortzi ofiziale, poliziburu edo segurtasun arduradun itxurako, alboko mahai batean jesarri dira. Arafatek inguruan zerbait ibiltzen badu, segurtasun agenteak ibiltzen baititu.
Nablusko Udaletxeko aretora sartzeko hiru aldiz miatu didate poltsa, hiru aldiz piztarazi didate magnetofoia eta argazkia ere atera behar izan diot horma biluziari, kamera benetakoa dela egiaztatzeko. Ondo zaindua dute, gero, Abu Ammar.
Gerra izenez deitzen diote palestinarrek Jasser Arafati: Abu Ammar, "eraikuntzaren aita". Arafatek berak aukeratu zuen goitizena, kartzelan, gero urtetan laguntzaile estuenak izango zituen Khalil Wazir eta Salah Khalal-ekin batera atxilotu zutenean. Kairon ikasle izan ziren garaitik adiskide, 1959an Kuwaiten elkarrekin egokitu zirenean erabaki zuten hirurek Fatah mugimendua sortzea. Harkat al Tahrir al Falastini-ren (Palestinaren Askapenerako Mugimendua) akronimoa, alderantziz jarria, da Fatah. Arabieraz garaipena esan nahi du fatah hitzak.
1965eko urtarrilaren lehen egunean egin zuen Fatah-k lehenengo ekintza, Israelgo ur hodi batzuen aurka. Arrakastarik ez zuen izan ekintzak eta hirurak preso hartu zituzten gainera, Fatah-kide gehiagorekin batera. Giltzapeturik zeudela erabaki zuten gerra izenak behar zituztela: Abu Iyad (jaien aita) hautatu zuen Khalalek, Abu Jihad (borrokaren aita) Wazirrek eta Abu Ammar, orduan 36 urte zituen Arafatek. Ogibidez ingeniaria delako eman zion "eraikuntzaren aita" izena bere buruari.
Jaioterria duen Kairon egin zituen ingeniari ikasketak. Aita Gazakoa zuen, Jerusalemen bizi eta lan egindakoa, baina Jasser jaio zenerako Kairon ziren. Izena ez zioten Jasser jarri; Muhammad Abdul Raouf Arafat al Qudwa da palestinarren lehendakariaren izen osoa. Jasser ere goitizena da: "Kezkarik gabea". Haurtzaroko lauzpabost urte Jerusalemgo Hiri Zaharrean egin zituen Jasserrek senitarteko batzuekin, baina bederatzi urte zituenerako Kairora itzuli zen. Horregatik du azentu egipziarra, gaur egun ere, arabieraz mintzo denean.
Sarrera-hitzaldi laburra zutik egin du Arafatek, atzeko horman zintzilikatutako bi metroko bere erretratu erraldoia erdi tapatuz. Mahaitik hizketan ari zaigun bitartean, Arafat bera guri so dago ezkerreko hormako beste hiru afixetako argazkietatik ere. Ez da harritzekoa. Abu Ammarren irudiak nonahi eta noiznahi ikusten dira Palestina autonomoan. Udaletxerako bidean ere ikusi ditut batzuk Nablusko kaleetan.
200.000 lagun dituen Nablus, Zisjordaniako hiririk populatuena, Palestinako Agintaritzaren mendeko segurtasun indar koloretsuek hartua dago larunbat eguerdi honetan. Urdin koloreko kamuflaje-uniformedun poliziak dira ugarienak: hamar metroro bat ageri da udaletxe inguruko kale nagusietan, uniforme urdin soileko poliziek trafikoa zaintzen duten bitartean. Uniforme berde eta txapel granatedunak ere badira bazterretan, kamuflajeko jantzi marroi eta berdedunak bezala. Udaletxera zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta "beltz" gehiago. Arafaten itzala dira "beltzak": 17 Indarra, lehendakariaren segurtasun zerbitzu berezia.
Ez da erraz zehatz jakiten Palestinako Agintaritzak zenbat polizia mota dituen: bederatzi dio honek, hamahiru beste horrek, hamalau direla hango hark... Bizkarrean edo eskuartean daramaten tresnan egiten dute bat denek, baita trafikoa zaintzen dutenek ere: oldartsuena ere otzanduko lukeen kalashnikova, edo tankerako arma.
Entzuleak hizlari eta hizlaria entzule bilakatu dira sarri. Sei-zortzi beso altxatzen dira hitz eske Arafat isildu orduko eta, moderatzailearen gidaritzagatik baino eskuz esku dabilen mikrofonoa bereganatzeko zenbaitek duten trebeziagatik, Nablusko entzule ez-kazetariengandik heldu zaizkio galdera gehienak, eta ele zuri franko, Abu Ammarri. Losintxa losintxaren gainean, lainoetan gora ezarri dute liderra entzuleek, Fatah-ko kideak gehienak seguruenik.
Nekea eta adina nabari zaizkio mugimendu geldoetan, aurpegi zimurtuan, ile eta bizar zilartuetan, baina sendoa du ahotsa. Zahartzaroaren zantzuak bai, baina gaitz txar aipatuaren arrastorik ez. Heriori hainbeste aldiz itzuri egin dion gizona ez dela oraindik errendituko ematen du. Katuek baino bizitza gehiago omen, izenak ere ez gutxi dituenak: "Bederatzi bizitzako gizona" ere esaten diote.
Atxiloketari, eta akaso heriotzari, ihes egin zion lehen aldi ezaguna 1968koa da, Palestinako Askapenerako Erakundeko (PAE) presidente hautatu zuten urtekoa. Ramallaren ondo-ondoan dagoen Al Bireh herrian ezkutaleku zuen etxera soldadu israeldarrak aurreko atetik sartzen ari ziren une berean, emakume jantzita atzeko leihotik hanka egitea lortu omen zuen Arafatek.
Arrisku gorriagoan egon zen, besteak beste, Libanoko Gerran (1982), Ariel Sharon Defentsa ministro israeldarrak PAEko palestinarrak Beirutetik botatzeko ez ezik Arafat hiltzeko erabaki sendoa hartu zuenean. Tai gabe batera eta bestera zebilen auto batean bizi izan zen Arafat Beiruteko bonbardaketa trinkoen egunetan. Sharonen agindupeko hegazkinek zortzi etxe suntsitu eta ehundaka lagun hil zituzten, Arafat non baino non harrapatuko. Burua lepo gainean haztatu ahal zuela irten zen ordea Beirutetik. Hurrengo urtean, Arafat Libanoko Tripolira itzuli zelarik, israeldarrek itsasoz eraso zioten, gerraontzietatik. Baina heriotzari zorrean berriro, Abu Ammar.
Israeldarrei Jasser Arafat aipatzea infernuko sua aipatzea baino okerragoa zen orduan, eta laboristen gobernuak ere egin zuen lider palestinarra akabatzeko eginahalik. 1985eko urriaren lehenean sei F-15 bidali zituen Simon Peresen Gobernuak Tunisiara, PAEren etxe nagusia bonbakatu eta Arafat hiltzeko helburuz. Goizeko hamarretan izan zen bonbardaketa, bulegoak jendez gainezka zeudenean. 56 palestinar eta 17 tunisiar hil zituzten lehergailuek. Baina Arafatek larrua osorik, orain ere.
1992an jazo zen azkena. Apirilaren 8an, Arafat hegazkin istripuz hil ote zen zabaldu zuten nazioarteko berri agentziek. Lider palestinarra Khartumdik (Sudan) Tunisiara zeraman An-26 hegazkin sobietarra Saharako basamortuaren erdian erori zen, Sudan eta Libia arteko mugatik gertu. Hegazkinak istripu larria izan zuela besterik ez zen jakin ordu batzuetan. Pilotoak eta kopilotoak azken arnasa eman zuten. Arafatek ez. Zaharraren zaharrez hiltzeko asmoa du, inondik ere.
Asmo bera baldin bazuten, kukuak oker jo zien Fatah-ren sorreran eta PAEren gidaritzan lankide eta lagunmin izan zituen Abu Jihadi eta Abu Iyadi. Intifadaren hastapenetan, 1988ko apirilean, Tunisiara horretara propio joandako Israelgo elite komando batek tiroz josi zuen Abu Jihad. Golkoko Gerra lehertu baino bi egun lehenago, 1991ko urtarrilaren 14an, Abu Iyad erori zen: Abu Nidal gerrillari palestinar disidentearen taldeko kide batek kalashnikov batekin tirokatuz hil zuen "jaien aita". PAEren adar militarraren burua zen Abu Jihad zendu zenean, eta PAEren Inteligentzia aparailuaren arduradun, berriz, Abu Iyad. Bakarrik utzi zuten Abu Ammar.
Nablusen ez dago bakarrik, bere giroan baizik. Maiz eten ditu galdegileen hizjario luzeak txisteak eginez. Publikoak barre, noski, liderraren ateraldi guztiei. Nazio Batuetan asentamendu juduak gaitzestearen aurka bozkatu zuten hiru estatuak aipatu dituenean bezala:
Amerika, Mikronesia eta Mikronesia Handia.
Mikronesia Handia, jakina, Israel da.
Zenbait galdera erantzunik gabe ere utzi ditu.
Netanyahu bigarrenez gobernuburu aukeratuko duten kezkarik ba al duzu? galdegin dio zutik jarrita ABC News-ko kazetari gazteak.
Ez naiz besteen barne arazoetan sartzen.
Eta kazetari berak:
Benetako bakea lortzeko zer litzateke hobea, Netanyahuk bere kargua uztea edo Clintonek uztea berea?
Irribarrea besterik ez ordainetan. Hurrengo galdera.
Ordu eta erdiko jardunaren ondoren, aski entzun dugula deliberatu baitu aurkezleak, etorri bezala alde egin du Arafatek: txalo eta zutitutako jendetzaren artean, ikusten ez dugula.
Horixe egin nahi du Nablusko Udaletxe atarian bildutako jendetzak: Abu Ammar ikusi. Udaletxe barruko eskaileretako ertzak ere bilera aretora sartu ezin izan duten langileek hartuak dituzte, aurreneko errenkakoek segurtasun lerroa egiten dutela, lehendakariari bertatik bertara so egiteko. Kanpoan, kamuflajeko eta ez-kamuflajeko uniforme urdin, berde, marroi eta beltzeko poliziek ate nagusitik hamar-hamabost metrora eusten diete han bildutako ehundaka herritarrei.
Protesta girorik ez dago. Sarri entzuten dira palestinarren artean Arafaten aurkako kritikak, baina Nablusko Udaletxe aitzinera etorri direnek liderra txalotu baino ez dute nahi. Atean mugimendua nabari denetik hasi dira txaloak eta oihuak, saltoak eta brinkoak, Abu Ammarri deiadarka denak. Atzenerako irten denean, kanpoko eskaileretan gelditu, eskuarekin denei diosal egin, eta zain zuen automobilean desagertu da ziztu batean.
Arafaten autoaren gurpilak jiraka hasi ahala, dozenaka polizia lasterka abiatu dira, Abu Ammarren atzetik joango diren ibilgailuetan lekua hartzera. Arafaten autoak 17 Indarreko sei "beltz" ditu ezker-eskuin, lasterka autoarekin batera, nagusiaren leihoak babesten. Atzerago, "beltzen" jeep bat eta kamuflajeko uniforme urdineko polizien dozenerdi jeep, anbulantzia bat eta beste zenbait autorekin batera.
Atasko polita utzi dute Nablusen. Baina trafiko ataskoa, bozina hotsa, uztaileko bero itogarria bezain arrotza da hiri palestinarretan.