Hodeien adorea
Hodeien adorea
2012, nobela
216 orrialde
978-84-92468-38-6
azala: Inés López Ortega
Yoseba Peña
1977, Sodupe
 
2018, nobela
 

 

Urriko egun bat. Unibertsitatean geratuta zaudete, gogoratzen? Maddik bi aste besterik ez ditu egin gidabaimenarekin; egun bat gutxiago bere BMW berri eta txikitxoak. Kapitala maneiatzearen abantailak.

        Martxan jarri gara, norabiderik gabe. Isilik goaz, isiltasun deseroso eta errudun batean. Ustez, dena aitortu ondoren hobe sentitu behar nuke, baina ez da hala izan. Orain presio bikoitza sentitzen dut, berak ere muturra sartzen baitu: etengabe bere iritzia azaltzen dit, bere logika. Kontzientziaren ahotsa ez da baretu, eta okerragoa dena, orain Maddik bozgorailua jarri dio.

        — Pentsatu duzu? —zenbat maite zenituen lehen «z» txistukari eta «ts» dotore haiek.

        Ez diot erantzun. Zer pentsatu? Nire anaia da; ezin dut, besterik gabe, Poliziarengana jo. Zer esango luke amak? Zer esango nioke aitari? Familia desegingo nuke.

        Donostiako auto-ilara klasikoa. Irratia itzali du bestelako zaratei bidea emanez: klaxonak, motorrak, frenoak.

        Maddirentzat askoz errazagoa da: etika, justizia. Aire hutsa diren horietako hitzak, balio abstraktuak, jateko ematen ez dutenak. Hitzek ez dute ezertarako balio.

        Nola ez dutela balio? Barrutik usteltzen ari zarela lehendik antzeman arren, medikuak orain ahoskatutako minbizia hitzak seguru zartatuko dizula burua. Beraz, berdin harreman batean: bost axola benetan zer egin duzun; saia zaitez besteari adierazten, orein bihurtu duzula. Baina ekintzak kamustua du zure ahoa. Ez ahaztu: hitzek ertzak dituzte, perspektibak; hitzei testuingurua datxekie, denbora zehatz bat. Hitzekin harrapatzen gaituzte goikoek, aire beroarekin azken finean, eta hitzen izenean sakrifikatzen dute bizitza. Dugu.

        Bai zera! Hitzek ez nindukete korapilo hartatik askatuko. Begira zer ekarri zuten hitzek: gehiago nahastea! Begira Maddiri eta denetarik duen pertsona baten idealismoari. Esana dizut: hitz hutsez osatutakoa, bizitzatik urrun. Eta nik pentsatzen nuen: zer lortuko nuke Poliziarekin hitz egitera joanez gero? Hildakoa ez dugu berpiztuko. Lurpean jarraituko du, bi metrotara, har artean, mugitu gabe. Poliziara joanez gero, bat izan beharrean bi izorratuko ditugu. Txeferi urte pilo bat eroriko zaizkio. Eta «piloa» asko dira. Telebistan behin eta berriro errepikatzen dute hilketa terrorista bat izan dela; horrek zigorra osorik betetzea esan nahi du, hirugarren gradua hartzeko aukerarik gabe. Hogeita hamar urte; neuk egingo dizut kalkulua: 10.950 egun. Eta hori bider 24 ordu = 262.800.

        Bereak egin du! Hobe zuen beste biktima mota bat hautatzea, ez hain deigarria. Pentsa: pederastek, bortxatzaileek edota serieko hiltzaileek urte batzuk desgrabatzen dituzte. Izorrai! Bazuen lehenago pentsatzea.

        Ez dago Zuzenbidea ikasi beharrik, kartzelatik ateratzean zain izango lukeena igartzeko. Gizarteak ez du ahazten, ez. Bat egingo duzu, bai, baina hamaika pagatu... eta bizitza osoan!

        Gure Txefe gaixoa. Okindegian imajinatzen dut:

        — Ez da hori barruan egon zena?

        Supermerkatuan:

        — Jexux, ezetz asmatu nor ikusi dudan? Mutil hura akabatu zuena, gogoratzen? Baaai, orain dela... buf, Donostian... ETAkidea zena.

        Eta kartzelatik pasatzeak ondorioak uzten ditu betiko.

        Ondorio sakonak, zentzu guztietan gainera, kar-kar. Baina itzul gaitezen zure eszenara, haria eten egin didazu-eta:

        Zure Maddi maitea azkenean ohartu da zer esan nahi duen kristaletik kanpora tinko begiratzeak. Indartsu heltzen dio bolanteari. Tentsioko arratsaldea; ez dago jadanik maitasun muxuentzako lekurik; isilean jarraitu duzue luze.

        Haizea beti alde izaten ohituegi zegoen...

        Hara bestea! Ez zenuen Maddi batere ezagutzen! Oker zabiltza, beti berdin. Errazagoa da jendea karpeta estu eta mehe bakar batean sailkatzea, arantzen artean bilatzea baino. Bai, behin aitortu zizun, loak hartzeko istorio bitxiak asmatzen zituela gauean; esaterako, istripu batean zeuk salbatzen zenuela. Gaztea zen eta momentu hartan maiteminduta zegoen. Momentu hartan esan dizut... ez betiko. Entzun: baliteke Maddik denetarik edukitzea, baina alaitasun eta erraztasun haien azpian gauza asko ezkutatzen ziren. Bere zaharra, Juanmari Jauregizar, artean ez zen bizitzan nahikoa igo seme-alaben gertutasuna botere-jokoekin ordezkatzeko adina. Etxeko-lanak ederki beteta: egoskor moldatuak zituen Maddi eta neba, ume langileak. Ez ahaztu antzinako leinu bateko kideak zirela. Horrek halabeharrez exijitzen die belaunaldiz belaunaldi ardi beltzak detektatzea, bakartzea eta erauztea: gupidarik gabe, medikuek minbizi zelulak bezala. Nola eutsi, bestela, egitura politikoek baino luzeago? Portaera hori, biziera, genetikoki transmititzen dute.

        Argi dago Maddik eta nebak batzuetan arinkeriaz jokatzen zutela, hala ere ederki barneratutako mugak zeharkatu gabe. Ulertzen behingoz nire zalantzak zeuen etorkizunaren inguruan?

        Biharamunean eszena errepikatu egingo da. Ezinezkoa zaizue harremana arazotik kanpo mantentzea. Siamdar bat daramazue arrastaka: egiten duzuena egiten duzuela, beti daukazue atentzioa eskatzen; pisu astun bat lepotik zintzilik, eta zuek amildegi ertzean oin-puntetan.

        Unibertsitatean zaudete, kafetegi atzean dagoen bankuan eguzkitan. Erretzen ari da Maddi. Miretsi ere egin izan zenuen zigarroari eusteko bere estilo zoragarria; maitasunak itsutu egiten gaitu, eta arrazoi berberagatik, biziki gorroto duzu bere ke jarioa oraingoan. Ideia bat besterik ez duzu buruan bueltaka: desagertzeko premia. Hiritik, herrialdetik, bizitzatik.

        Zure azukre koxkorraren lagun bat hurbildu zaizue: Alberto Urrutia. Maddiren taldearekin bageunde, aita nor den eta ze enpresa zuzentzen duen zehaztuko nizuke, denok kontakizunean hobe kokatzeko; aberatsek ez dute izen-abizenekin nahikoa. Begi-keinuekin mundua biratu nahi duen horietakoa da morroi hau, ez berak uste duen bezain ederra, ezta cool-en tribuaren ale berezia ere: James Dean gurea zeruan zarena, Tommy Hillfucker jertsea lepoan, alkandora irekita, Hard-Rock kamiseta praketatik aterata, galtzontzilo koadrodunak agerian. Iraulpijoek ez dute mutazioz eboluzionatu, diruz baizik.

        Kabroi horrek fitxa asko sartu zizkion Maddiri, gu elkarrekin hasi baino lehen; geroago ere bai, ziur nago. Momentu horretan, beste aukerarik ez zuenez, lagun onenaren papera jokatzen ari zen. Haren aholkua, esan gabe doa, beti nire kontra. Sasikumea.

        Laguna aldameneratu orduko, Maddik utzi egin dio bakarrizketa hutsalari, deseroso.

        Usain txarra hartzen diot.

        Albertok zalantzan dirudi, baina azkenean, agurrik egin gabe, Superheroien antzera esan dizu:

        — Terrorista. Terroristak, zu eta zure anaia puta hori!

        Ez da j'accuse bat: iraindu egin nahi zaitu, erronka bota. Gogoratzen hitzen inguruan irakatsi dizudana? Ba, hitz horiek zizta egin diote zuen maitasunaren puxikari eta airea eskapatzen hasi da. Fiuuu...

        Maddiri begiratu diot. Ezin dut sinetsi: nire sekretua kontatu al dio? Gure maitasuna hondartzako gaztelu bat balitz, momentu horretan marea heltzen ariko zen, behetik bustitzen hasita. Poliki-poliki desegingo zen, deformatuz, desitxuratuz, itsusiago eginez, azken olatu batek erabat lau utzi arte.

        Kabroi horri kontatu dio. Kabroi horri eta auskalo zenbat gehiagori.

        — Terrorista —azpimarratu du harrotuta; Maddirentzat antzezten ari da, jakinik lagunak atzean begira dituela. Boteretsua sentitzen da, zilegitasunaren esku zorrotza, John Wayne.

        Kalkulu akats larria egin du, ordea. Erabat ahaztu du nongoa zaren, zure auzoan muturra berotuz ematen dizkizuetela lezioak. Lehenengo ikasgaia: aurreneko kolpea beti zeuk eman. Eta halaxe izan da: ez zuen espero eta hondoraino irentsi du zure ukabila. Lurrera erori da. Maddiren garrasiak. Alberto heroi mitikoa zutitzen saiatu da, Rocky odoletan, jaiki ezinik. Karate, tae-kwondo, kick-boxing eta antzeko kakek ez dute kale-katuen babes-instintuaren kontra ezer egiterik.

        Ez dago borrokarik, ez du merezi. Bizkarra eman diot: badakit ez duela potrorik atzetik etortzeko. Soberan daki neu naizela galtzailea.

        Zimeltzen ari da lorea.

        Pott eginda zaude. Kostata heldu zara bus geralekura.

        Jadanik ez da nire arazoa bakarrik. Kaiku hori edo Maddi Poliziara joango balira, marroi batean egongo nintzateke neu ere. Konplizea; eta gauzak diren moduan, banda armatuarekin kolaborazioa eta guzti sartuko lidakete, han txalotzen edo laguntzen egon izan banintz bezala, gorpua hozten ari zela ziurtatzen edo. Akabo.

        Autobuseko bidaztiei erreparatu diezu; beren bizitzekin jarraituko dute zure arazoen aurrean ezaxola. Lehen eta azken aldiz begiratu diezu.

        Munduak ni gabe ere berdin-berdin segituko du. Deprimituta nago. Ez dut haserretzeko indarrik. Are txarrago: haserrealdiak etorri eta joan egiten dira, dezepzioa ez. Herdoildura da dezepzioa: ez dago atzera bueltarik, burdina gogorrena ere urratu egiten du azkenean. Talde bat izateari utzi diogu, agortu dira konfiantza, batasuna, enpatia, koordinazioa. Bakarrik nago. Agian horrela behar nuen hasieratik.

        Zortea kontran izan duzu horretan ere: sumin eguna ostirala izan da eta larunbat goizera arte ez du mugikorrak jotzen. Tonu bat, bi, hamaika; karrankari, erregular, setati.

        Ez naiz hartzen ausartzen. Baina ezin dut iheska ibili.

        — Bai?

        — Kaixo.

        Zuri dagokizu solasari ekitea, berak eman du deitzeko pausoa.

        — Zer moduz? —kakati, kakati, kakati.

        — Uste dut hitz egin behar dugula.

        — Ari gara —une okerra ironiaz jarduteko.

        — Telefonoz ez, mesedez. Geratuko gara? Orain?

        Kabroi horrek bere kartak jokatzen jarraitzen du, anaia eta biok izorratzen. Mugikorra estutu dut eta baietz erantzun diot.

        Zer da telefonoz esan nahi ez duen hori? Zirrara sentitu dut. Harremana uzteko ere pija hutsa da.

        — Non?

        — Uni-ko aldapan, betiko lekuan, lauretan.

        — Ados.

        Agurtzeko hitz goxoren bat bota dut faltan; ez «muxu bat» ez ezer. Amaitzen ari dela sentitzeak mina egiten dit. Ez dakit beragatik den, nigatik, biongatik.

        Autobusa berriz: arratsaldea. Gidaria eta hiruzpalau bidaide. Argi gehiegi leihoetatik barrena.

        Kalera begira noa. Beste autobus batekin gurutzatzean, pentsamendu bitxia: zuetako inork ez luke esango morroi bat hiltzen ikusi dudala anaia.

        Eszena izugarri ondo ikusten dut orain; zalantza izpirik ere ez: bota zaharrak, Txeferen gorpuzkera, forropolar gorria. Gehien jotzen duena. Ankerkeriaz, besteek gelditu behar izateraino.

        Dagokidan aurreko geltokian geratu naiz; oinez joan nahi dut tarte batez, minaren momentua atzeratzeko edo.

        Kursaaleko kuboak atzean utzi dituzu; ibiltariz lepo dago paseoa: amatxoak umeekin, korrikalari parea, jubilatuak itsasoari begira, jendea presaka eta turistaren bat: love is in the air. Hiri perfektuaren postalak.

        Heltzen lehena izan naiz. Urduri nago; ematen du gure aurreneko aldia dela.

        Iritsi da Maddi. Minigona beige bat aukeratu du ospakizunerako, alkandora urdin argia, jaka tailatua, zapi fina lepoan, poltsa txikia eskuan, gainontzeko osagarriak urdinez eta sandalia takoidunak, elegante baina polit: pinpirinpausa. Urduri dirudi; ez dakar irribarrerik. Bizpahiru metrotara geratu da, urrun, oso urrun.

        Ez dit muxurik emango. Zutitu egin naiz eta hitzik egin gabe ibilian hasi gara. Ez dakit zer esan. Korapilo bat sentitzen dut eztarrian buxatuta.

        Minutua igaro da, eta bi, eta hamar. Isilik jarraitzen duzuela pentsatzen segitzeko seiehun segundo.

        Ez naiz inoiz Maddiri eskutik helduta joan. Normalean besarkatuta ibili izan ginen, nik berari lepotik helduta, noizean behin garondoa laztantzen. Gorputz arrotza egiten zait; orain ez dakigu elkarren ondoan ze distantzia mantendu.

        Ez du luzatzea merezi. Normandiako hondartzari begira dauden soldaduak dirudizue, lehorreratzeko zain. Tiro hotsak, olatuak odoletan, eta zuek itsasoan kulunkan, itxaroten. Blindatuaren atea ireki egin da, kaporala garrasika.

        — Zergatik kontatu diozu?

        — Barrenak hustu behar nituen.

        — Baina zergatik berari?

        Ama Birjinak aurpegia estali du eskuekin, negarrez hasi da. Tableroa iraulita: hori da hori xake partida irabazteko modua! Bizkarra eman dizu, dardarka.

        Ez dakit besarkatzerik badudan, uki dezakedan, kontsolatu nahi dudan. Bizitza arrotza egiten zait, eszena hau lupa baten bitartez ikusten ari banintz bezala. Bularrean hutsunea antzematen dut eta saiatuta ere ezin dut ezer adierazi.

        Malkoz bustitako aurpegi eder horrekin begiratu dizu. Eta segidan esango dizunak oinaze mikatz bat eragingo dizu.

        — Jon, ezin dut horrela jarraitu.

        Irribarre ergel bat besterik ez zait atera. Utzi egingo nau.

        — Ziur al zaude ez duzula Poliziara joan nahi? —atea zirrikitu ñimiño bat irekita itxi dizu mutur aurrean.

        Medium bat da eta bere ahotik Alberto hitz egiten ari da. Putasemea.

        — Ez dakit benetan bera hiltzaileetako bat izan ote zen. Gainera, Txefe nire anaia da. Salaketarekin inork ez luke ezer irabaziko, dena galdu baizik.

        — Mutil bat hil zuen, Jon.

        Ez zegoen bakarrik!

        Maddik aurrera begiratzen du, serio. Gizateria salbatuko duen sakrifizioa deklamatuko du orain Scarlett O'Harak. Entzun nola gora egiten duten biolinek, momentu gogoangarria nabarmentzeko.

        — Orduan geu joango gara.

        — Badakizu horrela marroian sartuko nauzula.

        — Baina konturatu behar duzu...

        Damua da eskaintzen didan aukera bakarra; are gehiago: heretikoei bezala, damutzea eta egiazko fede katoliko barruan hil ahal izatea. Borreroaren aizkorari ahoa ur bihurtu zaio; bost axola infernuan usteltzeak!

        Maddirentzat bere eta bere familiaren ohoreak du lehentasuna; Corleone klanekoa zara zu ere.

        — Justizia, Jon.

        — Oso hitz polita da, bai. Eta zer gertatuko da nire familiarekin? Eta Hodeirekin?

        — Eta zer... mutil gizajo horren gurasoekin?

        Kursaaletik Antiguaraino garbi eta ozen zabaldu da harrabotsa: katedraleko beiratea eztandaz milaka zatitan puskatua. Krask.

        Planak, promesak, laztanak, denak batera lehertu zaizkigu. Kito.

        Maddik badaki ez dagoela esateko besterik.

        Muxu bat masailean emateko ezbaia igarri diot.

        Eskua ukitu dizu astiro, eta buelta emanda, alde egin du. Azkar urrutiratu da; takoien ziztadak gero eta samurrago txertatzen dira hiriaren algaran. Minutu bete barru beste neska bat irudituko zaizu urrunean, ez zenuke esango bera denik. Alde egin dizu betiko.

        Hilabete atzera begira, dena ondo zegoen. Eta orain, beste batzuen tragedia batek pikutara bidali gaitu. Ez naiz ezeren erruduna, baina bizitzaren zurrunbiloak konturatu gabe etorkizuna eta proiektuak irentsi dizkit.

        Justizia hitza okertuta dago; perspektibaren arabera konbexu edo konkabo ikusiko duzu. Amodio hondakinen artean, nerabezaroko olerkari penagarria berpiztu zait: this is the end, my only friend.

 

AUTO BATEK GAZTE BAT HARRAPATU DU

BART GAUEAN DONOSTIAN

 

        Egunkarietan istripu bat gehiago besterik ez zen izan. Kausa arrunta: frenoak gaizki muntatuta zeramatzan. Baina ez zuten garrantzitsuena zena aipatu: kolokoia, gidariarena eta harekin zihoazen lagunen mozkorra. Kazetariek, edo ez zekitelako edo ondo baino hobeto bazekitelako, ez zuten esan nor zen, ze abizen zituen. Ezta biktima haren arrebaren mutil ohia zela ere. Deus ez. Ezin zaio morboa ukatu. Aste batzuk igaro beharko zuten, kazetari zirikatzaileren bat ausartu arte.

        — He-man, hasi SLKrekin. Kolpetxo bat dik txapan. Aprobetxa ezak errebisio osoa egiteko.

        — Ados, nire kontu.

        Eta Txefek bere kabutan: Lasak esan duenez, dena lasai dago azkenean... Kristoren ostia txapan... Nola arraio izan ote da? Ez dago hau konpontzerik. Hegala aldatu beharko zaio oso-osorik. Umm... eta ate bat ere bai. Izorra dadila, gehiago kobratuko diogu putaseme horri.

 

MIKEL RUIZEN USTEZKO HILTZAILEA

ATXILOTU DUTE

 

        — Hegala da, nagusi. Hegala eta gidariaren atea ere bai. Hori bai, txapa besterik ez. Beno, argi keinukaria ere izorratuta dauka, baina gainerakoan ondo.

        — Ba idatz ezak eta hasi berehala, ostia; honek presa zaukak. Bezero inportante baten semea duk; beraz, badakik, sar ezak egurra, atzorako bukatuta nahi diat-eta.

        — Ez dut oraindik Copa Turboarekin bukatu.

        — Popatik hartzera erlikia hori! Hasi SLKrekin eta gero gerokoak. Argi zagok?

        — Bai, bai, nire kontu.

        Horrelako atxiloketa batean, Ertzaintzak normalean ez du antolatzen yankiek hain gustuko duten telebistarako ikuskizunik, badakizu: estrak, jaka urdinak atzean FBI letrak horiz, dekoratuak, beisbol kapelak, tiroak eta gidari suizidak autopista kolapsatuetan. Askoz errazagoa da.

 

TALDE ARMATUAN PARTE HARTZEAZ ERE

AKUSATUKO DUTE

 

        Eskerrak Lasak kontaktuak dituen txakurtegian. Kabroi halakoa, ondo baino hobeto mugitzen da hori kalean.

        Hori makina! Kabroi honen aitatxok sekulako dirutza izango du! Ez dakit nor izango den, baina polita autoa, dios, Koni horiek izugarriak dira; esekidura gogorra, txasis baxua... ondo tuneatuta dago bonba hau, bai jauna. Pijo higuingarri bat izango da, gidabaimena atera berri duena. Beti berdin. Alonso edo Ayrton Sennaren posterra izango du gelan zintzilik. Mirariak egingo nituzke honekin, mirariak! Aitatxok lasterketako autoa nahiko zuen, baina, amatxo beldur zenez, erdiko bidea adostuko zuten: deportiboa, segurua eta dotorea. Nazkagarriak!

 

GIDARIA IHES EGITEN SAIATU ARREN...

 

        Berton ez, berton ez dute lan gehiegi egin nahi: heldu bezain pronto blokeatzen dituzte sarrera guztiak. Ez dago ez estrarik ez jaka urdin atzean FBI letra horirik. Dekoraturik gabe doaz, beisbol kapelen ordez kaskoak. Ez da gidari suizidarik izango autopista kolapsatuetan. Berton folklorikoagoak gara, erregionalistak. Poliziek txapela daramate, euskal labela paparrean; atxiloketak trikiti erritmoan egiten dituzte, eskubideak zortziko handian irakurri, Ertzain-etxeetan aurreskua dantzarazi. Esan gabe doa, albisteetan zuzenean erakutsiko dute zure aurpegia, errugabetasun presuntziorik gabe. Zertarako?, denok ezagutzen dugu elkar.

        Txefe auto barruan sartu da: larru beltzezko tapizerian, gidariaren eserlekuan, erredura baten marka. Txirri baten arrastoa. Nola da posible?

 

AZKEN ATENTATUKO ETAKIDEAREN ANAIA ZEN

 

        Operazioa koordinatzen duena sartu da tailerreko bulegoan. Nagusiak harrituta begiratzen dio, ez baitu ezagutzen.

        — Kaixo. Hemen al dago Jose Felix Preciado?

        Deitura ofiziala arrotza egin zaio nagusiari.

 

JENDARTEAN EZINEGONA PIZTU ZUEN

KASUA ARGITU DA

 

        Zure anaia kartzelan. Anaia barrura bidali duzu eta gorotza baino zikinago sentitzen zara.

        Isilik egon izan banintz!

        Albistea paperetan argitaratu dute. Alde edo kontra, ez dago inor bere iritzia eman ez duena. Herri honetan denok gara futbol entrenatzaileak eta epaileak; kasu bietan, irakurtzen jakitea ez da derrigorrezkoa, ezta baloi bat edo zuzenbide liburu bat gertutik ikusi izana ere.

        — A, begira, hortxe doa kale borroka morroiaren anaia. Bai, ostia, gizajo hura nola garbitu zuten ikusi zuena.

        — Ezetz asmatu zein ikusi dudan! Neska-lagunak anaia salatu zion mutila! Bai, ETAkide hura, Mikel Ruiz akabatu zuena... ba, haren anaia. Gogoratzen?

        Txefe tailerrean atxilotu arren, berehala zabaldu da auzoan. Vox populi, bolo-bolo... xuxurlan, marmar artean, txutxu-mutxuka. Ibili ahala, begi zorrotzez betetako horma bat altxatu zaizu inguruan, isil baina mehatxagarria, Moisesen uren gisakoa. Bakardadea bakartiagoa da jende artean. Izugarria da bizitza zeinen bizkor alda daitekeen. Behar ez zenuen lekuan egoteagatik, zaborretara.

        — Isilik egoteko eskubidea duzu...

        Baina ze ostia? Nork esan die?

        — ...abokatu baten aurrean...

        Kabenzotz!, ez dut ezer ulertzen. Putza!, hanka sartu dut barru-barruraino. Neuk bakarrik jango dut marroi osoa!

 

POLIZIAREN ARABERA

KOMANDO LEGAL BATEKO KIDEA ZEN

 

        Derrepente immobilizatu dute: begiak kliskatzeko astirik ere ez. Pistolak erabiltzeko irrikaz, hatz urduriak katuak laztantzen. Agenteak tiro egiteko gogotsu daude buru-estalkien azpian. Prest, tenk. Komisarioa bulegoan sartu eta aurpegi serioa duen gizon batekin mintzo da.

 

LITEKEENA DA ZELULA TERRORISTA

ISOLATU BAT IZATEA

 

        Ostiral gaua deskonektatzeko: lagunak, nesken ametsak, alkohola; ohikoa. Bai zera: ez duzu umorerik, mozkortzeko gogorik ere ez. Jende-fobia. Eta barne ahots madarikatu hori, bizitza normalera itzuli behar duzula gogoratzen. Ezer gertatu izan ez balitz bezala.

        Agian mutur luze horregatik lortu duzu mando-artaldea Alde Zaharretik ateratzea. Hondartzako diskotekak, Loliten ehiza!

        Donostitiak: bular handiak, txikiak, kolore biziko jantziak, takoiak, lepokoak, sabel eta sorbalda biluziak. Lehoia zara antilopez betetako sabanaren erdian. Biktima hautatzea da konplikatua, azkarregi igarotzen zaizkizu-eta aurretik, edo urrunegi: aurora borealak.

        Bat aukeratu! Eskolan ez da ligatzen ikasten. Zer esan? Begiratu eta desiratu, ez dakizu besterik egiten. Azkenean hurbildu zara. Nola esan ohera eramateko amorratzen zaudela?, bahitu egingo zenukeela?, kamiseta erauzi nahi diozula, minigona urratu, gorputz osoa zupatu, laztandu, zureganatu?

        Ze bakarrik gauden bizitzan eta ze zaila den onartzea.

        Maddi ligatzen ariko da non edo non. Eta zuk, zuk ezin duzu neskato gazte bat bera ere liluratu. Euforia samin bilakatzen zaizu; eusten zizun gezurra aire hutsa besterik ez da: zuretzat porrota da askatasuna. Maddiren ondoren, dena doa maldan behera.

        Etxerako bidea: galtzaileen bidea. Zure estropezuen hotsak erritmo aproposa markatzen dizu errealitatetik aldentzeko: tak, tak, tak. Eta azken aldiko pentsamendu beti berak etortzen zaizkizu gogora:

        Zer egin behar nuen?, zer ez da egin behar sekulan?, ba al neukan beste aukerarik?, zer gertatuko zen ez banu...?

        Ume mokoa ematen duzu zergatika, aseko ez zaituen erantzun alferrikakoaren bila.

        Simaurra naiz. Bizitzari tinko eta setati oratzen kaiku patetikoa. Droga dosia etengabe eskatzen duen mozoloa. Sexua, adrenalina eta ahanztura.

 

PRENTSAURREKOA EGINGO DU

BARNE MINISTROAK

 

        Noiz konturatzen da bat atxilotu egingo dutela?

        Txefek gutxi behar izan zuen. Lanpeturik zebilen motorrarekin eta ez zituen sartzen sumatu. Morrosko bat hurbiltzen ikusi zuenerako, hutsaren hurrengoa zen ihes egiteko aukera: jokoz kanpo zegoen. Kexuka hasi aurretik bilurtu zuten, salataria nor izan zitekeen pentsatzeko astirik gabe.

        Otu zitzaion aurreneko gauza bizitzaren ironia izan zen: lehen nire koadrilakoak ziren buru-estalkidunak. Bigarrena: tortura benetan zer den berehala konprobatuko dut. Inkomunikaturik, mundutik kanpo, argi garratz baten azpian, ezezagunen mende, lege arrotzen gatibu.

 

KOLOKAN JARRIKO OMEN DU

JARDUERA ARMATUAREN AMAIERA

 

        Bum-bum-bum.

        Han doaz, mihia lodi-lodi eginda. Elkarri entzun gabe mintzo dira, zarataka. Pasatu dioten txirria erretzen ari da gidaria. Ez edozein kalamu: onenetik onena. Umekeria bati egundoko zukua atera dio: bi partiduko zigorra, bi asteko oporraldia. Baikorra da: zertarako damutzen etxean gelditu? Bizitzak hauspotu egiten du: Realeko harrobikoa, etorkizun oparoa, familia ezaguna, lerdena, dirua barra-barra. Aurkezpenik behar ez duen horietakoa: mutilek inbidia diote, neskek desira.

        Bum-bum-bum.

        Odol taupada frenetikoak lokietan. Presarik ezean, heltzeko antsiak behartzen du lasterketan bezala pilotatzera. Erabat disfrutatu ez den segundo bakoitza galdu egiten da. Topera, gauari zukua zurrustan atera nahian, carpe noctem for ever.

        Aldamenekoak zerbait oihukatu du; berak baietz buruarekin, txirriari musuka. Irribarre perfektuak burua inguratzen du kremailera baten gisara: edan, erre eta hartu duen guztiaren deskribapen xehea. Mundial doa gaurkoa!

        Zebra-bidera heltzean bururatu zait, bizitzaren metafora bat dela: une zuri eta beltzen segida. Zergatik da beltza baino zikinagoa zuria? Ideia hori gogoan eman dut heriotzarako nire azken urratsa. Beste bat, aurretik emandako milioiak bezalakoa.

        Metro inguru galtzada barruan, semaforo berdea oinezkoentzat, eta ni buruaren labirintoan pareten kontra kolpeka. Azkarregi hurbiltzen ari den musikaren bibrazioa heldu zait: bum-bum-bum.

        Berandu erreakzionatu du: frenoen kirrinka, autoa irristaka niregana, errepidea, zebra-bidea, DANBA! Kolpe lehorra, burrunbatze xume bat harrabotsaren magalean. Bafleen eromena besterik ez da entzuten.

        Bum-bum-bum.

        Entzun dezaket.

        Ez dezaket ezer ikusi.

        Iluntasuna.

 

GOIZALDEKO 3:45ean GERTATU DA

 

        — Ez dut ulertzen, mutil zintzoa da.

        — Ba morroi bat akabatu du.

        — Hil?

        — Orain ez dugu hitz egiteko betarik. Geldi zaitez hemen, mesedez.

        Lan-jantzi urdinez, SLK beltz batean lanean ari da. Bere izena esan diotenean, kapoteko txaparen kontra kolpatu du burua. Harrituta dago atxiloketarengatik. Bilurrak itxita daudela frogatutakoan komisarioak aurrera egin du mentalki. Beste bat gehiago.

        Aferek, bukatu ondoren, estatistiketarako baino ez dute balio.

 

BERMEA ORDAINDUTA

ASKE GERATUKO DA GIDARIA

 

        Bum-bum-bum.

        Penagarria da irratia kasu hauetan automatikoki ez itzaltzea. Fabrikatzaileek soluzioren bat asmatu beharko lukete.

        Bum-bum-bum.

        Autoarekin harrapatu naute eta ate irekiek erritmo-botaka jarraitzen dute. Errepideak gogorragoa zirudien. Epel dago.

        Bum-bum-bum.

        Hirurak izuturik kanporatu dira.

        — Hilda zagok?

        Negarrez hasi da bat. Gaixoa: bizitzak ez gaitu egoera barregarrietarako prestatzen! Edonork, pelikula objektiboki ikusiz gero, komikotzat hartuko luke, bai. Korazaren barruan zihoazenak onik; babes gabekoa lurrean txikituta. Noizko oinezkoentzako airbag-ak?

        — Gureak egin dik.

        — Deitu anbulantzia bati!

 

ZUHURTZIGABEKERIAZ AKUSATUKO DUTE

 

        Kolpeak kristala apurtu eta batera sentitu zuten, oihartzun baten modukoa. Mila pitzadura, zirrikituetan odola, tanta gorrixkak behera irristatzen.

        Pertsona bat autoz harrapatuz gero, badirudi hantxe bertan geratuko dela: edo zaurituta edo ziplo hilda; bai zera: metro batzuk egiten ditu, zilipurdi eta aztalka.

        Hiru bizidunek amets bat izatea nahi lukete. Zerraldo lehertuta dagoenak hasi besterik ez du egin ametsa: betiko loa.

        ¿Padre, por qué me trajiste a la ciudad?

        ...

        Bukatu duzu? Txalo bero bat! Ez, are gehiago: txalo zaparrada, mesedez! Bravo! Bravissimo! Hori antzezlana! Izugarria! Sekulakoa! Rafael Alberti eta guzti: hi haiz hi!

        Jaun-andre maiteok, hau izan da dena gaurkoz. Aurkezle Mikel Ruiz Gizajoa izan duzue; laguntzaile: Jon Preciado; eta teknikari: Yoseba Peña. Eskerrik asko entzuteagatik. Hurrengora arte, ongi bizi!

        Ene, ene! Ba ez duzu froga gainditu, adiskidea. Irudimen eta asmamen joriak aitortu behar dizkizut, baina ez da nahikoa.

        Esnatu, Loti Ederra...

        Benetan uste al duzu horrela gertatu zela? Liriko eta tragiko geratu zaizu, bai jauna, eta dena oharkabean, literaturarako daukazun berezko sen horri esker. Poesia eta guzti, egunkari titularrak Ehun metro nobelari omenaldia eginez; hemerotekako lan aparta! Marka da: horretan ez zara asko okertu.

        Maddiren nebak kotxez harrapatuta hil nintzen.

        Hil egin nintzen. Istripu batean, zerk eta auto batek harrapatuta, gaixoa. Ez zara makala gero!: heroiak anaiari eusten dio; senidea delako, ezta? Zu hor tinko, elezaharretako pertsonaien antzera: setatsu, bakarrik arriskuaren aurrean. Bi hitzetan: Clint Preciado.

        Gero, Maddi andereñoak zipaio maltzurrengana joz hanka eta muturra sartu dituenean, patu petralak gillotina abiarazi du: Txefek konpondu beharko zukeen autoak nebaren eskuetan huts egin du... zu garbituz.

        Hunkigarria, zinez, zure tragedia greziarraren bukaera: Pathos-en lokarri ikusezinak txotxongilo antzerkian. Zer esango dizut ba: oraindik zirrara sentitzen dut! Akaso, kritika ñimiño bat egitea zilegi balekit, borobiltzeko Poliziaren ustelkeriaz zerbait aipatzea falta zaizu. Horrek askoz ere garaikideago bihurtuko luke kontakizuna.

        Baina... zuk...

        Utzidazu bukatzen, zozoa! Nahiago duzu auto istripuaren bertsioa, beste norbaitek hil izana baino? Ai, Jontxu, ongi dakizu ez zela horrela izan. Ez horren polita, ustekabekoa, inuzentea eta, batik bat, ez horren heroikoa. Askoz gehiago dago, ezta?

        Onartu ezazu behingoz: zipaioengana joan zinen eta Maddiren nebak ez zintuen Mercedes SLK eder harekin nahi gabe hil. Istorioaren hasiera eta bukaera erakutsi dizkizut. Oroi zaitez, familiarekin zerikusia baitu.

        Itxaron, itxaron eta segi entzuten:

        Urriko egun bat eta unibertsitatean geratuta zaudete. Maddik bi aste besterik ez ditu egin gidabaimenarekin; egun bat gutxiago bere BMW berri eta txikitxoak. Kapitala maneiatzearen abantailak.

        — Kaixo, guapo —arretaz makillatuta daramatza orain dela oso gutxi arte erotzen zintuzten begi urdin horiek.

        — ...

        — Zenbat ikusi zenituen? —poliziak gogor ziharduen aulki zurian eserita; aldamenean, buruan hazka egiten zuen komisarioak.

        — ...

        — Zerbait hartzera joango gara? —Lolitaren ezpain gorriak hurbildu dizkizu Maddik—, baina lehenago muxutxo bat eman behar didazu, maitea.

        — ...

        — Hasieratik berriz ere. Zu handik pasatu zinen, ezta?

        — Bai.

        — Eta zarata entzutean hara hurbildu zinen?

        Buruarekin baietz adierazi zenion, lur jota. Noiz bukatu behar zuten galdeketa anker hura?

        — Bost borroka ikusi zenituen Mikel Ruiz jipoitzen. Hala da?

        — ...

        — Zelako klase astuna gaur. Ez dut uste horrelako asko aguantatuko dudanik! Zer moduz zu?

        — Ondo. Baina ekonometria... buf, ez dut ezer ulertzen. Azkarregi doa eta esan didate inork ez duela aprobatzen.

        Goiz hartan erabakia hartuta esnatu zinen: Poliziarengana joko zenuen. Ezin izan zenuen gosaldu: «zenbat eta lehenago hainbat hobe», pentsatu zenuen esneari begira. Dena azkar igaro zen. Komisarioarekin hitz egitea eskatu zenuen eta berehala eraman zintuzten beste gela hartara. Zutaz gogoratzen zenez, abegikor egin zizun harrera. Segituan igarri zizun Britney Spearsen aurpegia, gozakaizteko irrika asegaitza. Hogeita hamasei urte luzez ziharduen lanean: une txarrenean hasi zen, polizia lana harro izateko modukoa ez zenean. Orduan egurra ematea zuten eguneroko eginkizuna, badakizu, comunistas, vascos y maleantes. Ez pentsa beraientzat goxoa zenik; latza egiten zitzaien telebistan manifestariak astintzen ateratzea edota sasoian mantentzea, korrika arin egin ahal izateko borra, ezkutu eta kaskoarekin. Gutxi baloratutako beharra. Baina hori guzti hori iragana zen. Bere kartak ederki jokatu eta euskal labela irabazia zuen. Handik bi hamarkadatara alabek arazorik gabe esan zezaketen ertzaina zela aita. Legearen zerbitzuan bizi oso bat.

        — Cristina Enea parkera joango gara? Joango gara geroago terraza batera, eguraldi ona aprobetxatzera —umore oneko zikloi bat da Maddi, alaitu egin nahi zaitu kosta ala kosta.

        — ...

        — Eta orduan konturatu zinen haietako bat ezagutzen zenuela.

        — Ez, momentu hartan ez; geroago.

 

GIZARTE GAIXO HURA SENDATZEKO ESPERANTZA

 

        Ertzain batek kafe beltza ekarri zizun; ez zenuen dastatu ere egin. Beldurra, artean: auskalo zer bota zioten.

        — Ondo, geroago ezagutu zenuen. Baina zein?

        — A... —eztarria garbitu zenuen tua irentsiz, eta ahapetik aitortu zenuen, ez ulertzeko moduan—: Anaia.

        — Nor?

        — Anaia.

        Zapla, muturreko itzela. Hogeita hamasei urtetan ez zuen antzekorik ikusi. Morroi gogorraren katamaloak, baina, funtzionatzen du: aurpegian ez du txintik ere mugitzen, bibote grisaren ile bat bera ere ez.

        — Anaia ezagutu zenuen. Eta ondoren?

        — ...

        — Zer moduz? —xuxurlatu dizu Maddik, maitekor.

        Cristina Enea parketik pasieran zoazte. Isilune luze baten ondoren etorri da galdera:

        — Badakit hau oso zaila izaten ari dela zuretzat...

        Haur potolo bati erreparatzen diozu, pozik pilota batekin jolasean. Eskapatu eta urrundu zaionean, aitatxori begiratu dio mainati. Aita pilota bila joango dela konturatzeak keinua argitu dio.

        — ...eta zera nahi dut, zuk jakitea zurekin nagoela. Maite zaitut. Egin beharrekoa besterik ez dugu egin. Erabaki zuzena hartu dugu, benetan, maitea. Aukera bakarra genuen. Ez sufritu gehiago, bihotza; ezin zaitut-eta horrela ikusi.

 

LEGEAK BEHARTU EZ ARREN

SALATU EGIN ZUEN

 

        Zu musukatzeko gelditu egin da Maddi. Haren ezpainek zaporea galdua dute zuretzat. Deseroso sentitzen zara, zurrun. Ez duzu konpainiarik nahi, eta antzeman egiten zaizu.

        — Elkarrekin gaindituko dugu hau, bale? Oso ausarta izan zarela dio amak, eta egia da. Begira iezadazu, maitea: elkarrekin gaindituko dugu hau, bale? Elkarrekin. Maite zaitut.

        Ezin diozu gauza bera esan. Ez zaude batere ziur. Zenbat eta gehiago behartu, orduan eta meheagoa da maitasunaren iturriko haria. Ia tantarik ez: putzu lehorra zara basamortuan.

        — ...

        — Ziur al zaude anaia zela?

        — Gau hartan zeraman forropolarra aurkitu nuen... odol arrastoekin.

        Zuri tinko behatzeari utzi gabe, kriskitin eginez erregistroko agindua lortzeko manatu zion zipaio bati. Paper zirtzil hori eskuratu orduko atxilotuko zuten. Aho zabalik gelditu zinen. Ze espero zenuen ba, salatzea eta anaia preso ez hartzea? Are gehiago, habia hura txori askorentzako amua izango zen, beti gertatzen den moduan.

        — Maitea, aitarekin ja hobeto?

        Amadeok hitza kendu dizu. Agertzen zarenean gelaz aldatzen da, bizkarra emanda. Alferrik saiatu zara gertatutakoa hamaika bider azaltzen. Amarekin ere ez du hitz egiten; ez dakizu nor jotzen duen erruduntzat. Manolik egunak igaro ditu negar batean. Balirudike goiz batean ez zaizkiola semeetako bi ohetik altxatu. Latzena, ordea, Hubble teleskopioaren erreakzioa da: izugarri botatzen du faltan Txefe. Kopetilun eta orbitatik kanpo dabil etxean barrena, Txeferen bila. Askotan topatu izan duzue anaia nagusiaren ohean eserita, geldi-geldi. Ez du sukaldeko bere aulki berezira hurbildu nahi. Muzin egiten dio jateari. Barre, oihu edo txaloen ordez, negar egiten du, barruko mundua beltzez tindaturik. Eta zuen amak bainuontzian sartzen duenean lasaitzeko asmoz, geldi-geldirik geratzen da, urarekin bat egiteko asmotan-edo. Zerbaitek adierazten dio maite duen norbait falta zaiola. Erne ibili behar duzue, behin eta berriro horma kolpatzen baitu buruarekin.

        Gurasoena egunen batean birbideratuko duzula espero duzu; luze hitz eginez lor daiteke. Baina Apollo13ak... ez du inoiz ulertuko anaia nagusia hiltzaile putaseme hutsa dela; errealitateko kontzeptuak dira horiek, eta friki honek, barkatu, ez du kontzeptuak aintzat hartzeko dohainik. Gabezia eta hutsunea, hori besterik ez du sentitzen. Mutikoa negar batean ikusteak eta Txefe faltan botatzeak bihotzak urratzen dizute. Zeu zara oinazea ekarri duzuna; zeurea da errua.

 

GOBERNUKO BOZERAMAILEAK ESKERTU EGIN DIO

 

        — Non aurkitu zenuen... forro hori?

        — Ganbaran.

        — Jipoitzaileen artean besteren bat ezagutu zenuen?

        Zu besarkatzen saiatzen da berriro Maddi, eta etengabeko esfortzu setati horrek zure azken defentsa gainditu du: hondoa jota, negarrez hasi zara. Metatutako min guztia kanporatu nahi duzu lantuaz. Zure barruko urtegiko horma erraldoian arrakala bat egin da: handituz doana, urari ihes egiten uzten diona, txorrota bilakatzen ari dena, eta azkenean ur-jauzi... uholdea ekarri arte.

        Maddik ezin du hainbeste samin geldiarazi: etsipena, gabezia, inpotentzia, desesperazioa; izan ere, berak ere eragiten baitizu modu batean edo bestean. Jendeak harrituta begiratzen dizue: mutila negar zotinka neskaren besoetan! Kontsolamendu motela da, noski, ez du-eta ulertzen atsekabea benetan sortzen dizun kausa.

 

ERREZONOKOZIMENDU GISA, DOMINA

 

        Atxiloketa noiz gauzatuko zen ez zenekiela itzuli zinen etxera, atxilotuko ote zuten. Aitorpena bukaturik, atseginez agurtu zizun komisarioak, inori ezer ez esateko eskatuz. Tripako mina zenuela esan zenion Santa Manoliri eta gelara jo zenuen zuzenean. Handik gutxira, kamamilazko infusio batekin agertu zitzaizunean, nekez eutsi zenien malkoei: ama zugatik dena ematen eta zu bere seme bat salatuz ordaintzen.

        Pijama bilatzeko ireki zenuen armairua. Txandal praka zaharraren gainean zegoen; pentsakor laztandu zenuen, institutu garaietan zure eguneroko larruazala izandako hura: estilo bat, klan bat, iraultza bat. Orduan zure saltsan mugitzen zinen auzoan, noizbait kartzelara bidaliko zenuen anaiaren gerizpean gustura.

        Estitxuk popatik hartzera bidali zintuenean, nonbait krisian sartu eta unibertsitateak azken bultzada eman zizun amildegi ertzean. Eta zeu, beti zirt edo zart, dena edo deus ez: salto egin zenuen pijoen lubakira, haien putzuetan murgildu. Txeferen harridurarako aldatu egin zinen. Auzoaren historian gertatu zen lehen aldia, nori eta bere anaiari gertatzea ere!

        Institutuko Jon Preziadok eta unibertsitateko Jon Preciadok katamalo zeharo ezberdinak zeramatzaten. Ez zintuela ezagutzen ebatzi zuen Txefek; handik bere mesfidantza, hoztasuna.

        Irten egin zinen zegokizun molde eta klasetik. Zeuen txikitako unibertsoan, edozein pasadizok edo markak sailkatzen zuen jendea tiradera mugiezin batean: azkarra izatea (Anibal), koldarra (Kakati), indartsua (He-man), argala (Espageti), atzerrian bizi izana (Aleman)... Bizitza osorako izango ziren zigorrak edo bedeinkapenak, zure kasuan bezala. Eta hein handi batean Txeferekin esker oneko egon behar zenuke. Ahaztu egin duzu ja zure ezizena?

        Ez: Kapi. Futbol taldeko kapitaina izan nintzelako beti.

        Ba, izaera hori traizionatu zenuen. Eta anaia eta familia eta auzoa eta erroak. Ez dago ezaugarririk gabeko gizonik; zuk mozorro hutsa izan nahi zenuen.

        Txorakeria galanta. Denok daukagu aldatzeko eskubidea; bizitzak kanbiatu egiten gaitu, saihetsezina da. Eta ezinezkoa ere bai.

        Utzi aho-korapiloak. Anaiak, bigarren aldiz traizionatua izan aurretik, ezetz asmatu zer egin zuen Kapi ezizenarekin? Hizki bat ordeztu eta hara!: Kain. Nago ez ote zuen berak uste baino beteago asmatu.

        Ez du batere graziarik.

        Anaia etxera heltzen entzun zenuen, amari gaixorik zeundela esanez. Ondoren, urratsak pasilloan eta zu bakean uzteko xuxurlak, lotan egongo zinela ziur aski. Aurpegia burukian iltzatu zenuen lotsa minean: saldu egin duzu eta, bitartean, Txefe zutaz kezkatzen da. Txefe ere bai.

 

KEINU HONEK EUSKAL GIZARTEAREN

KOLDARKERIA ETEN DU

 

        — Bai ala ez?

        — Zer?

        — Epaiketan deklaratuko zenuke? Erantzun, mesedez.

        Maddik burua laztantzen dizu, mina konpartitu nahian. Oker, bihotzaren matematikak aplikatu behar baitira: min bat zati bi berdin bi min.

        Maddik behin besterik ez zuen Txefe ikusi; ez zegoen anaiaren gurasoekin bizitzera derrigortuta.

        Zeu ere ez, badakizu ezetz.

        — Jon, galdera bat egin dizut.

        Ze demontre espero zuen ba? Anaia salatzera joana nintzen; jakina deklaratuko nukeela!

        Ordurako berdin zuen: otsoaren ahutzak ixten ari ziren zu barru-barruan zinela.

 

ADIERAZI DU TERRORISMOKO BIKTIMEN BOZERAMAILEAK

 

        — Hiru atal izango ditu azterketak. Hirurak gainditu behar dira. Hiruretako bat suspendituz gero, zuzentzeari utziko diot automatikoki. Nota finala hiruren batez besteko aritmetikoa izango da... lehen aipatutako lana gaindituta baldin badago, jakina. Egunero-egunero lan eginda, aise gaindituko duzue ikasgai hau; bestela, denbora luzez izango nauzue zuen amesgaiztoetan.

 

«ZERO TOLERANTZIA» POLITIKA ZIURTATU DUTE

 

        — Bai, deklaratuko dut.

        — Ondo. Pozten nau gugana jo izanak.

        — Jon, maitea, ez da zure errua izan; mesedez, ez negar egin. Berak egin zuen, ez zuk.

        — Epailearen agindua iritsi bezain pronto atxilotuko dugu. Ganbara miatu beharko dugu frogen bila. Baliteke deklarazioa nahikoa ez izatea; anaia izanda... auskalo.

 

IRMOTASUNAREN ETEKINAK

 

        Serie B-ko pelikula bat dirudi eta zeu zara protagonista. Oso aktore traketsa, bide batez, bere burua ezagutzen ez duena: agertzen dituzun sentimenduak ez datoz hitzekin bat. Eta gainera, galduta zaude eszenan: zure aurrean mintzo ari dira, han bertan ez bazina bezala.

        — Deklarazio honekin, hogei urte seguru. Barruan daukagu jadanik.

        Eta orain, benetako egia:

        — He-man, hasi SLKrekin. Kolpetxo bat dik txapan. Aprobetxa ezak errebisio osoa egiteko.

        — Ados, nire kontu.

        Txefek begirada azkar bat bota zion. Makurtu, ukitu, ireki, itxi. Epaia:

        — Hegala da, nagusi. Hegala eta gidariaren atea ere bai. Hori bai, txapa besterik ez. Beno, argi keinukaria ere izorratuta dauka, baina gainerakoan ondo.

        — Ba idatz ezak eta hasi berehala, ostia; honek presa zaukak. Bezero inportante baten semea duk; beraz, badakik, sar ezak egurra, atzorako bukatuta nahi diat-eta.

        — Ez dut oraindik Copa Turboarekin bukatu.

        — Popatik hartzera erlikia hori! Hasi SLKrekin eta gero gerokoak. Argi zagok?

        — Bai, bai, nire kontu.

        Baina aldea hementxe dator. Adi: telefonoak jo du bulegoan. Anaiak ez du zirkinik egin; baten batek hartuko du. Auto azpian etzanda dago.

        — He-man! Hiretzat, Lasa duk.

        Lasa? Tailerrera deitzen? Bekozkoa jarri eta mugikorra aldagelan itzalita duela gogoratu du. Azpitik irten eta eskuak trapuarekin garbitu ditu. Betiko urrats motzez mugitu da; tresna arrotza balitz bezala hartu du entzungailua. Gertu dauka nagusia; ezin du patxadaz hitz egin.

        — Esan.

        — Hi, kontu txarra: zipaioengana joan dituk eta hire izena zaukatek.

        — Ze esatek? Nork...?

        — Ez zakitek. Alde egin ezak oraintxe bertan, etxetik ere pasa gabe. Joan hadi Iparraldera eta desagertu denboraldi batez, aditzen al duk?

        Lasaren gainontzeko jarraibideak txundituta entzun ditu, bere burua arreta jartzera behartuz: nora jo, norekin kontaktatu.

        — Ze berri? —nagusia ez da ergela.

        — Kaka zaharra! Arazo larri bat.

        — Larri-larria?

        — Aitari bihotzekoak eman dio —ez da gezurtero ona gure mutil txintxoa—. Joan beharra daukat, ospitalera.

        — Eramatea nahi duk?

        — Ez, ez... —hanka sartu du bihotzekoarekin—. Aurrena amaren bila joan beharra dut etxera.

        — Joan lasai. Eta arratsaldean deitu, dena kontatzeko. Hala, ospa, hoa!

        — Eskerrik asko.

        Laneko arropaz irten da, koipez belztuta eta SLK hiltzailea tailerrean geratu da, konpondu gabe. Zeu ere ohartuko zarenez, horrek denbora pixka bat gehiago ematen dizu agoniaz gozatzeko.

        Autobusean harrituta begiratzen diote. Gure lanak zikinak eta apalak izan arren, bulegariak bezala jantzi ohi gara. Eta Txeferen haserre keinuak, gainera, arreta deitzen du: Supermekanikaria munduaren aurka. Ze ostia begiratzen duzue?

        Badakizu... Txefe Txefe da eta ez dio Lasari kasurik egin: etxera joan da. Ganbarara jo du zuzen. Kutxazko harresia behera bota eta plastikozko poltsa hartu du urduri. Igogailua geratu du txikitan jolasean egiten zenuten antzera, gogoratzen? Abiatu eta gutxira, stop botoiari sakatuz eta gero atea bortxatuz irekitzeko. Mailatik hogei edo hogeita hamar zentimetrotara gelditzen zenuten, tarteko hutsunean eskua sartzen nor ausartuko. Ba, handik bota du froga, inork aurkituko ez duen gordelekura: leloa zen erosi genuenean!

        Izerditan sartu da etxera.

        — Zer egiten duzu hain goiz etxean? Zerbait gertatzen da?

        Erantzunik ez. Gelan sartu da arrapaladan, danbatekoz. Bi gauza ditu gogoan: arropa eta diru pixka bat hartzea, eta Luke Skywalkerri agur esatea. Bost axola etxeko besteek; sentibera, gure hiltzailea.

        Amak bidali zaitu galdezka:

        — Zer duzu? —potro ikaragarriak zureak: ziniko halakoa!

        — Ospa hemendik eta itxi ate puta hori!

        Sikiera zure aurpegia ikusi izan balu... Bizitzan, ordea, Tagorek zioen moduan, eguzkia ezkutatu delako negar egiten baduzu, malkoek ez dizute izarrak ikusten utziko. Harrapazak hori!

        Kontu handiz men egin diozu eta zure logelan babestu zara. Hain lasai egoteak harritu egiten zaitu. Heltzear dira. Barruko ezbaia: eskapatzea edo atxiloketan egotea, ez duzu batere argi: ze komeni zaizu?

        Normalean goizeko hirurak aldean ekiten diote antzezlanari, izorratzeko batik bat. Atea ostikoz botatzen dute, denak ahuspez jarri, eta abar. Baina kasu honetan, presagatik, Basque Country Street-eko kanta tristea antzarak ferratzera joan zaie.

        Txefe ohearen azpira makurtu eta aldizkari eta paperak ateratzen hasi da, dena azkar-azkar kontrolatzen. Ez die froga tontorik utzi nahi.

        Txirrina entzun du, zirrara sabelean sentitu. Amaren lagun bat izango ahal da! Isilune arrotza, bi segundo, eta gelako ateak paretaren kontra jo du bortizki. Unitate antiterroristako rugbilari bik plakatu dute.

        — Eskuak gora! Paretaren kontra!

        Irauli egin dute eta ohe gainera bota, aurpegia burukiaren kontra itoz. Txefek kanoi hotza sentitzen du lepoan; eskuak gogor helduta, mina sorbaldetan. Ez du ezer ikusten; tiraderak lurrera botatzen aditu die. Pasillotik ahots bare bat heltzen da amaren negar-zotinekin batera.

        — Talde armatuko kidea da, andrea. Hilketa batean parte hartu du. Terrorista bat hazi duzue hemen... Pentsa ezazu arretaz zer egin duzun gaizki.

        Zure anaiak begiak itxi eta listua irentsi du. Ez du ezer ulertzen; aspalditik onartua zuen halako zer edo zer gerta zekiokeela. Mundu hartan loteriatzat daukate: tokatzen da, eta kito. Eta denek ezagutzen dute sari handia irabazi duen baten bat. Baina erokeria haren erdian Txefek ezin du egia asmatu: trapuzko txotxongilo bat besterik ez dela izango.

        Eskuak bizkarrean bilurtuta, tiraka altxatu dute. Uniforme gabeko ertzain bat dago amaren ondoan, buru-estalki beltzarekin; negarrez jarraitzen du Manolik. Momentu horretan bertan atera zara gelatik, ezinegonean. Kolpeak eta oihuak entzun dituzu baina ez zara lehenago irteten ausartu. Komisarioak agurtu egin zaitu:

        — Mila esker, Jon. Bete beharrekoa egin duzu —sorbaldako takatekoak hogeita hamar zilarrezko txanpon balio du.

        Masailezurreko giharrak tenkatu dituzu, beste aldera mugitu aurpegia.

        — Zuk salatu nauzu? Nire anaiak! Kabroi halakoa! Txikitu egingo zaitut!

        Txefe ero moduan jarri da. Buelta eman duzu negar batean. Eta, azkenik, algarak kontzientzia esnatu dio Independence day-ri; uniformeen joan-etorria behatzen egona da liluratuta, txaloka eta saltoka. Orain, ordea, Txeferen suminak zerbait piztu dio barru-barruan, eta anaia eutsita daukan poliziaren gainean salto egin du eta jo egin eta atzaparkatu eta hozka egin. Tigre bat da, behi lodiari helduta. Ertzainak bultzaka astindu du hormaren kontra:

        — Kendu egidazue subnormala gainetik! Kabenzotz!

        Iraina entzuteaz bat, Txefek ezker eta eskuin egin du dorpeki; loturatik askatu egin da eta sekulako ostikoa eman dio potroetan. Arnasestuan belauniko erori da polizia. Braveheartek ez du gehiagorako astirik: beste ertzain guztiek kontraerasoa jo dute, kolpez kolpe, denak batera. Eta zuen ama melee erdian sartu da garrasika, jipoia alferrik gelditu nahian.

        Komisarioak lepotik helduta dauka Avatar; eta laguntza eskatu dizu, beste polizia bat bazina bezala:

        — Eutsiozu, joder!

        Zaplateko batek atzera bota du Manoli. Lurrean eserita geratu da, alzheimerra duen atsoaren gisara. Txefe ahuspez estutu dute zoruan, zorabiatuta baina aieneka. Liskarrarekin jarraitu nahi duen bakarra Yuri Gagarin koitadua da: hankei eragiten die amorruz, zeuk besoen artean heldu arren. Eta zuen amak, bizitzan lehendabiziko aldiz, ez dio kasurik egiten.

        Kalera atera dute Txefe, arrastaka, lauren artean. Atea itxita ere, Pottoki Astronautaren deiadarrak entzuten dituzte.

        Igogailuan, potroetakoa jaso duenak iletik tiratzen dio jadanik hain adoretsua ez den gudariari:

        — Hirekin jaitsiko nauk Madrilera, putaseme hori! Gustuko ditiat hi bezalako heroi ausartak: gehiago irauten duzue!

        Beldurra sartu zaio hezurretaraino. Unai Romanoren aurpegia ikusi uste izan du flash batean.

        Buru-estalki bat alderantzira ipini diote, itsutzearren. Izerdi eta listu lehorraren kiratsa dario. Furgonetara sartu duten bitartean pentsamendu bitxi batek hartu dio gogoa: Space Cowboya izan da egiazko maitasun keinua erakutsi duen bakarra. Hurrengo hiru egunetan, ordea, ez diote pentsamendu bitxietarako astirik utziko.

        ...bai, deklaratuko dut...

        ganbaran, ezkutatuta...

        ...zurekin nago, bale?

        ...nire anaia...

        ...baina, lehenago, muxu bat eman...

        muxu bat

        muxu goxoa

        Kainen musua.

 

        Nola geratu zaizu gorputza? Benga, txotxolo, ez horrela hartu. Agian tragikoegi jarri naiz, baina sinetsi egin behar didazu: askoz hobea izan da zuretzat heriotza.

        Ez zenuen etorkizunik. Inork ez du etorkizunik, benetan ari naiz. Baina zureak... ez zuen bizi izatea ere merezi. Ez didazu sinesten? Oraindik gauza gehiago jakin nahi duzu? Jakin-mina da katu guztien galbidea, adiskidea! Gero ez niri etorri gustatu ez zaizula esanez.

        Zeren, akabatu ez bazintuzte, arlote bat

IZANGO ZINEN