Koioteren arrastoa
Koioteren arrastoa
2006, kronika
176 orrialde
84-95511-88-6
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

PYRAMID LAKE - NEVADA (azaroa)

Paiuteen artean bizitzen

 

Ameriketako Estatu Batuetan Veterans Day delakoa ospatzen dute azaroaren 11n, Lehen Mundu Gerraren amaierako bake-ituna sinatu zen egunaren urteurrenean, alegia. Gerra hura izan zen sarraskian parte hartutako inor orain bizirik egotea kasik ezinezkoa bada ere. Horretara, egun hori urtero seinalatuz zeingura gerratan izan diren beterano oraindino bizirik direnak omentzen dituzte. Bada, hemen kontatuko dena ez zatekeen gertatuko, egun hura, 2002ko Veterans Day izan beharrean, beste edozein egun izan balitz. Ez bainuen ikusi nuena ikusiko, eta ikusitakoaren ondorioz hiritik alde egin behar nuela erabakiko.

        Goiz egin nuen Unibertsitatera. Hara iristeko hirian sartu beharrik ez-eta, ez nuen beste jai egunen aldean nabarmen izan zitekeen ezer antzeman. Banekien jaiegun geneukala, baina ez zela erabatekoa, ate nagusia zabalik egongo zenez gero. Zein egun ospatzen zen, aurreko egunean norbaitek aipatu eta goizerako ahaztuta neukan. Bost niri jaiegunek. Center-eko liburutegiko giltza neukan eta, hura poza.

        Iritsi nintzenean Unibertsitateko eraikin nagusiko irakurgelako mahaietan ikasle japoniar bakanak zeuden. Kanpoko mundu amerikarrari eta beronen egutegiari gor. Nire moduan.

        Eskaileretan gora egin nuen, egun batez liburuak eta artxiboak denak niretzat izango zirelako, ez eta bihotzean kriskitinak banitu ere hain pozik.

        Center-eko liburutegian neu bakarrik sartuta, aldiz, ez nuen liburu bat baino kontsultatu. Biblia euskaraz.

        Haatik, eguerdirainoko tartea ero suhartuaren moduan idazten eman nuen. Eva eta marihuanaren historia oso-osorik etorri zitzaidan, eta etorri eran idatzi nik. Kanpotik norbaitek diktatuta bezala.

        Historia, labur esanda, hurrengoa da. Edengo Baratzea; gizakion munduko lehenengo eguna, goizeko hamaikak aldera; Evak, oharkabean, historian irentsi izan den marihuanazko lehenengo kea irentsi du; horren nondik norakoa eta ondorioak. Dena, Bibliako Hasiera Liburutik moldatua. OHARRA: ipuin hau Marihuanazko bufandak liburuan argitaraturik da.

        Hura idatzi ostean ahoa gozatzeko premia sentitu nuen.

        Lepoko poltsan liburu batzuk sartuta —euskarazko Biblia ere tartean—, eurokin batera betaurreko ilunak hantxe nituela ziurtatu ostean sonbreirua harturik —Nevadan ez dago horiek gabe kanpoan luzaz ibiltzerik—, campuseko lorategietara joan nintzen. Ea ba ikasleen jatetxea edo bestela kafetegia zabalik zegoen. Ez bata eta ez bestea.

        Zuhaitzen gerizpeetan tartetxo batez zer egin pentsatu ostean kale nagusira egin nuen, campusean eguerdiko sargori-ordu hartan inguruan zebilen bakarra nintzela oharturik. Eta hara non, Virginia Street kale nagusian gora, nonbaiten egina zuten gerra-beteranoen desfiletik zetorren ibilgailu bat ikusi nuen. Jeep taxu horietakoa, metrailadore eta guzti. Eta gidari, Vietnamgo gerraosteko beterano eroei buruzko film horietarik ateratakoa zirudien bat.

        Goiz hartan idatzitakoak idatzi ondoren abisutzat hartu nuen, bada, ikustea han kalean gora halako ibilgailua, eta halako mozoloa bertan sheriff, betaurreko metalikoak eta camouflage jantziak aldean, amorratuaren poztasuna aho ertzeko irrian eta harro boteretsuaren itxura gidatzeko moduan. Bat-batean kendu egin zitzaidan jateko gogoa edo, ez nago ziur, hirian jateko lekuren baten bila hara eta hona ibiltzeko gogoa izan zen joan zitzaidana. Oroimeneko artxiboren batetik zein egun zen, informazio hori kontzientziaren argira etorri zitzaidan. Veterans Day.

        Autoa harturik bake bila Pyramid Lake aldera egitea erabaki nuen. Jatorriz Renokoa edo inguruetakoa den inor ez da hara agertu izaten. Han, inor topatzekotan, mexikar familiaren bat edo, bestela, nire moduko arrotzen bat.

        Leku magikoaren fama du Pyramid lakuak.

        Amerikar fede onean heziek diotenez, hango uretan misterioak egiten du igeri; inoiz ontziren bat han desagertu eta, gero, handik denbora batera, Nevadako beste laku handian agertu izan ei da; Lake Tahoe izenekoan.

        Nevadako mortuan egin izan diren froga atomikoen eraginez beharbada, pentsatu nuen, lakuaren ederra bere osoan begien aurrean agertu zitzaidanean.

        Egiatan, laku biak ibaiak lotzen ditu. Orain Truckee River izena duen ibaiak; lehenagokoen hizkuntzan Toogit-yoo ibaia zenak; izenak gorabehera beti bat eta bera den ibaiak. Sortu, Lake Tahoe turismo-lekuan sortzen da. The Goodfather saileko lehen filmari esker mundu zabalean ezaguna da laku hori, bertakoek harrotasunez gogorarazten duten legez esanda. Isuri ostera, Pyramid Lake misteriotsuan isurtzen da orain Truckee River deritzon hori. Lehen Toogit-yoo zeritzona, bat eta bera.

        Hala bada, Nevadako laku nagusi biak elkarri ibaiaren bidez loturik direnik, zalantzarik ez; lurpeko beste bideren batez ere lotuak diren, auskalo. Hori horrela den ez den, militarrek badakitelakoan nago. Agintariek aitortu dutenarekin bat, hemengo mortuan 1951 eta 1992 urteen tartean bederatziehun eta hogeita zortzi —928— froga atomiko egin dira. Hainbeste ze, batek daki ez ote diren ontziak laku batean desagertzea eta berriz bestean agertzearena sinesteko lain. Onddo atomikoen erauntsi-indarra, ala lurpetan zulaturiko balizko tunel sekretuen miraria? Erantzuna X File sailaren zaleren batek, akaso.

        Ipuina sinetsi ez sinetsi, hantxe nuen errepidea, nik dakidala lakuen arteko lotura ziur bakarra. Gasolina hartzeko lotu, bide batez ura eta jateko zerbait ere erosi eta errepidean sartu nintzen. Nire sport itxuraz dotorean baina izatez merkean. Horixe.

        Hiria eta Pyramid Lake lakua, biak elkarrekin lotzen dituena 395 errepidea da. Harexetan gora ipar-mendebalderantz Carson City Nevadako hiribururako direkzioan laurogei bat kilometro eginda eskumatara sartu nintzen, 445 errepidea zioen geziari jaramon eginez. Horixe da, 445 errepidea, Pyramid Lakerakoa.

        Hautsik ez da falta Nevadako mortuan. Eta norbaitek horretan hautsik nahikoa ez badu, bihoa 445 errepidera. Nire sport ahula asfaltoa barik harriak zapaltzen eta harea-hautsak harrotzen hasita zegoela, kartela ikusi nuen. «Washoe Pyramid Lake Reservation; debekua hemen baimenik gabe sartzeari», halaxe zioen. Osorik ingelesez, jakina. Kartela muinotxo batean zegoen. Ez nion jaramon egin abisuari.

        Muinoa saihestuz beherantz eginez gero laster izan nintekeen uraren ertzean. Banekien hori eta gehiago ere. Aurrekotan hara konpainia onean joana nintzen, hots, bertako ohituren jakitun zen lagunarekin; eta eragozpenik ez. Aurrera egin nuen, pentsatuz nire artean, hipotesi berri modura pentsatu ere, lakuan ontziak desagertzearena eta hura dena ez ote zen zurien erreakzio xenofoboak eragindako ipuina. Indioenganako distantziari eusteko norbaitek sorturiko legenda, esan nahi dut. Militarren asmamena ez bazen, izan. Ez zedin han inor jenderik lar ibili. Hipotesi hori ere ezin zen baztertu. Virginia Street kalean gora ikusitako beteranoa etorri zitzaidan gogora. Lake Tahoe aberatsean imajinatu nahi izan nuen, bertakoei Pyramid galdura ez etortzeko agintzen zien tabuaren indarra sinetsirik. Irudimenak ez zidan hainbesterako eman. Veteran hura Renoko aldirietako edozeinetan biziko zen, edo bestela Yosemite Parkerako bidean mortua zeharkatuz gindoazelarik muino galduetan goi, oso goi, tarteka-tarteka ikusi nituen etxe galdu haietakoren batean. Dena ondo hesiturik eta armak beti prest imajinatu ahal nuen. Auskalo. Edonola ere, hara laku bi eta mundu bi, magiak barik historiak bereizita. Eskizofrenia antzeko bat.

        Nevada Estatuko laku biek irudikatzen duten gizarte eskizofreniaz gogoetan, nahi gabetan, ni han nenbilen aldi berean Lance Armstrong txirrindularia inguruko mendiotan entrenatzen ari zitekeela etorri zitzaidan.

 

 

— Lance Armstrong, minbizia gainditu duen txapelduna! Hantxe zaukak arrantxoa! —mendietako bat seinalatuz esan zidan lagun basko amerikanoak; egun batzuk lehenago izan zen, haitzetako irudiak bisitatzetik bueltan gentozela.

        Lagunak hura esan zuelarik, artean ez neukan erabat digeriturik haitz haietan eta egun hartan ikusitakoa. Duela hamar milaren bat urteko irudiak. Haitzetako goialdeetan luze eta eder. Europako hainbat lekutan direnen antzekoak. Urrundik begiratu marraztuak diruditen irudioi, gertutik begiratuta antzematen zaie zelan diren sortuak; harrietan tresna zorrotzen baten bidez zulaturiko puntuez.

        — Petroglyphs —esan zuen horiei buruz gure gidariak, berrogei bat urteko emakumezko blondak; emakume berez ederra eta azalpenak ematean ederragoak. Tarteka berari eta tarteka haitzei aho zabalik begiratuz, irudietako beste batzuk pinturak zirela ohartuz joan nintzen. Horiei ere izena eman zien —pictographs— nesken estiloko cowboy jantzita zegoen blondak.

        Irudiak, zulotxoz osatuak nahiz margotuak, norbaitek haitzak baino goragotik artisten eskuak zuzendurik doitasun harrigarriaz —GPSz!— sortuak balira bezain zehatzak ziren. Batzuk, banaka-banaka hartuta, irudi soilak, minimal kasik; multzoetakoak, ostera, hormairudi itzelak. Historiaz dakigunari desafio eginez. Den-denak mortuaren erdian.

        Diodan moduan mortuan ondo gorderiko lekua izanik, haraino iristeko misiorik sekretuenen pareko misterioz erabili gintuzten, autoz aldatuz, han eta hemen geldialdiak eginez eta, batez bestekoan, gutarik inor hara bere kabuz berriz itzultzeko bidea ahaztarazteko moduan zorabiaraziz. Eta itzuleran ere berdin antzean. Haitzetan ikusitako irudiek nahikoa zorabiatu ez bagintuzte legez. Hain zuzen ere, itzuleran lagun baskoak eman zigun lekuari buruzko txostenean irudi-multzoaren izena ageri da —The Lagomarsino Petroglyph Group—, baina non den ez du zehazten, «near Virginia City —Virginia City-tik gertuan—, Nevada» baitakar datu bakar.

        Zorabio hartatik askatzearren izan zen, nik uste, lagun baskoak, Karmelok, itzulerakoan Armstrong aipatzea. Amerika harrigarria!, esateko modu bat izan zelakoan nago.

        Eta ez dut ukatuko sentsazio horretan bat egin ez nuenik. Handik egun batzuetara beste lagun basko batek, Josebak, Pyramid Lake ikustera eroan ninduelarik, horretara bai, horretara itzuli egingo nintzela erabaki nuen.

        Petroglifoak eta besteak nire kabuz topatzeko ez nintzatekeen ezta ehun urtean ere gai izango, baina lakurako bidea erakutsita dago. Harako bidean, diodan moduan, dena nahasten ari zitzaidan buruan. Veterans Daykoa, haitzetako irudiak, lakuak lehenengoz eragin zidan inpresioa eta, oi Amerika harrigarria, Lance Armstrong.

        Halako kirolarientzat neguan zer hoberik Nevada baino. Ortzia beti argi, egunak luze, hotzik hotzena ere lehorraren lehorrez jasangarri, beti udan egotearen sentsazioa izaten nuen nik neuk ere. Horrexetan dago, nik uste, Nevadako mendien indar misteriotsua. Pedalei minbizia gainditzeraino eragiteko bestekoa den indarra. Agian Joe bezalako baskoek hemen gelditzeko indar nagusi izan duten indarra. Pyramiden areagotu baino egiten ez dena. Ze, egia da; lakuko uretan sartzean emozio ezberdin batek astintzen du horretara ausartu denaren arima.

        Eta zer esan uretan biluzirik egonez gero.

 

 

Uretan sartu aurretik halaxe jarri nintzen. Biluzirik. Ertzeko harri handiago batean utzita galtza laburrak, eta euron babespean ura eta jatekoa. Eta espartinak ere bertan. Gauzok non uzten nituen kontu eginda. Ustez behintzat. Pyramid Lake inguruan dena baita harria eta harea, eta uraren azalean ez baita ezer bereizgarririk. Salbu eta beste ibarretik hurrean ikusten den huraxe. Uretatik gora sorturik letagin itzel handi modura ageri den hareazko haitza. Lekuari izena eman diona. Piramide naturala.

        Historia aurreko munstro galduren baten letagina dirudien haitz hari begira, norbera kosmoseko beste lekuren batean legokeen planeta batean sentitzen da. Eta igerian ertzetik hogei metro baino urrunago eginez gero, ene!, halako ikara-dardara bat nabaritzen da.

        Ikara gainditu nahirik, igerian berrogei bat metro egin nuen. Hantxe konprenitu nuen, edo susmatu behintzat, Reno inguruko jendeek lakuari dioten errespetuaren zergatia. Ez ziren bonba atomikoaren frogak, ezta legendek eragindako izua ere. Ezerezaren sentsazioa da gakoa. Edo, zehatzago, sentsazio horren ondoriozko larridura. Kentzen gaitza, arrazoi zehatzik gabekoa denez gero. Baina ni baitan bazen arrazoi bat larridura senti nezan. Taburen bat urratu izanaren erruak sakon-sakonetik dakarren larridura zen nirea.

        Tabua. Tabua urratzea. Ia-ia jasanezin egin zitzaidana horixe izan zen, hain ziur. Lehorrera ihes egiteko gurak zorarazi egin behar ninduela sentitu nuen. Haatik, hain zen irrazionala nire ihes egiteko gura, ze eutsi nahi izan nion, tartetxo batez hantxe geratuz eutsi ere. Piramide atomikoari begira. Horixe begitandu baitzitzaidan piramidea. Atomikoa.

        Ez zagok misteriorik, ez! Ezta taburik ere!, esan nuen nire artean behin eta berriro.

        Ur ertzerantz begiratu nuen. Hodei moduko bat bazen behearen parean, uher eta gorri, haizeak eroanda hegan. Haraino ekarri ninduen errepide berean zebilen autoren batek harroturiko harea-hautsa besterik ez zitekeen izan. Zena zela, hodei uger hura zerk sortua zen ohartu nintzenerako burua ia galdurik neukan. Tarte batez ortzia hareazko bihurturik zela begitandu zitzaidan. Haluzinazioetan ote nengoen pentsaturik, lehorrerantz egin nuen. Trakets baina. Urak beherantz tira egiten zidan.

        Ahiturik baina berriro ertzeko harea eta harriak zapaltzen izan nintzenerako, duda egin nuen galtzak eta era berean autoa eta beste denak non utzi nituen. Ezkerretara jo nuen, lakua lekuz mugitu izana posible ez zela pentsaturik. Eta nire ondasun apurrak non ote ziren igartzeko lehenik autoa topatu behar nuela iritzita. Autoa lehenik, galtzak baino handiagoa zenez gero. Hura lakuko perimetro irregularreko sartune batean utzi bide nuela pentsatzen hantxe biluzirik, zibilizazioaren zama sentitu nuen; inor ez inguruan, eta hala ere nire biluztasuna astun egiten zitzaidan! Askatasuna sentitu beharrean, larridura. Tabua urratzen ari ote nintzen. Benetan.

        Lakuaren ur-ertzeko plaia modukoan hareak eta harriek aldats leuna osatzen dute, metro pare batekoa. Haren ostean talaia moduko bat dago eta, bi metroak arrastaka igorik autoa begiztatu nuen. Nire sport zapalak mortuko narrastia ematen zuen, aurreko argi-zuloak begitzar eta gurpilak, lurrari atxikita, zango. Tarteka autoaren begitzarrek —argi-zuloek— dirdira egiten zuten. Eldarnioaren izarniadura?

        Washoeen erreserba zegoen aldera begiratu nuen. Inor ez.

        Berriro autoaren aldera zuzendu nituen begiak. Hala egitean haren begitzarrak baino txikiagoak ziren beste narrasti-begi antzeko bi ikusi nituen.

        Nor ote da?, galdetu nion nire buruari, aztoramen puntu batez.

        Ohartu nintzenez, ustezko beste narrasti-begiak norbaiten betaurrekoak ziren, hantxe behearen gainean eguzkiari desafio eginaz utziak.

        Haize bafada batek airean altxatu zituen sastrakazko zirimolak. Sagebrush-ak, salbiak, horiexek baitira mortuko sastrakak. Horiexek eta, tarteka, junipero pinu txikitxoak dira hango landare bakarrak. Bada, bien usainak, pinutxoena eta salbiarena, perfume bakar batean bildurik etorri zitzaizkidan. Gozo eta bero.

        Nevadako mortuko usaina, pentsatu nuen. Eta horrek bakearen sentsazioa kutsatu zidan, nonbait, lasaiago egin bainuen autorantz, baina nire biluztasunaren testiguren bat balegokeela susmatuz, eta balizko testigua non zen igarri ezinik. Aztoramen puntua ezin erabat kendu.

        Orduan galtzak ikusi nituen.

        Pausoa bizkorturik, haien bila egin nuen.

        Galtzen parera iritsirik euren azpian utzitako ura bilatu nuen. Luze edan nuen. Ordura arte sentitu gabeko egarria asetuz.

        Autoak egon behar zukeen alderantz begiratu nuen. Hantxe zegoen.

        Narrasti begitzarrak ziruditen autoko argi-foku bien artean eta kapotaren gainean erdi jesarrita legez.

        Nire sonbreirua zeukan buruan, eta liburu bat besapean. Libre zuen eskuaz egin zidan kasu. Galtzak jantzi nituen. Aldi berean, arrotza autoaren aurrean hantxe behearen gainean zeuden betaurrekoak hartzera makurtu zen. Hala bada, aurrez aurre izan ginenerako begiak ezkutaturik zituen.

        — Sonbreirua hartu diat —esan zidan, ingelesez, galtzak jantzi berritan harriekin oinetan min hartuz pareraino iritsi nintzenean—. Biblia hau ere hartu diat —biblia erakutsi zidan.

        — Ulertzen al duk euskaraz? —ingelesez egin nion, ez bainukeen sinetsiko baietz esatea.

        — Zein liburu den jakiteko ez duk ezinbestekoa zein hizkuntzatan idatzia den; karaktereak arabikoak izanez gero behinik behin. Biblia irakurtzen al duk?

        — Tarteka baino ez. Goizeon ipuintxo bat idazteko erabili diat. Sonbreirua, faborez.

        Gidariaren bandatik, ababorretik, autoan sartzeko keinua egin nuen, ea hala berak ere zirt edo zart egiten zuen. Egin ere, zart egin zuen. Beste atera. Istriborrekora. Nirekin etorri nahi zuela, besterik ezin esan nahi zuen keinuaz. Hango atea zabaldu orduko sonbreirua luzatu zidan.

        — If it's hot, you need a hat —«bero badago, sonbreirua behar,» ingelesez hat eta hot hitzekin jolas eginez esan zidan, eta eskua luzatu—. Austin nauk.

        Eskua esku batez estutu nion, eta bestearekin nire ondasunak eman, autoan sartzeko baimena ematen niola adierazteko moduan. Ez zuen halakorik behar. Autoaren atzeko jesarlekuan bere kapelua zegoela ikusi nuen. Ateak giltzaz itxi barik utzi nituen seinale.

        Sonbreiruari indioen estiloa edo, taxua edo, hartu nion, hantxe zeukan-eta hegalaren inguru osoan xingola gorria, hezurtxo zuri batez korapiloa eginda loturik. Begiak sonbreirutik arrotzaren jantzietara luzatu nituen; country estilokoak ziren baina, ilea hain beltz eta luze zuen, ze indioa izan behar zuelakoa egin nuen nire artean. Indioen larru kolore ustez berezia, aspaldi ikasita neukan hori ez zaiena bakanei baino igartzen.

        — Nora hoa? —galde egin nion, eta autoaren pizgailu automatikoari eragin gero.

        — Goazemak erreserbako restaurantera —eman berri nizkion gauzen artean jateko zerbait bazela esatekotan izan nintzen—. Nola duk izena?

        Esan egin nion. Izena, ez jatekoarena. Okei esan zuen. Bestela bidean ez genion elkarri hitz erdirik ere esan. Bost bat minutuz suge-errepidean aurrera eginda etxetxoak antzeman genituen arte.

        — Washoe Pyramid Lake Reservation —esan zuen.

        — Baimenik gabe, debekaturik sartzea —esan nion.

        — Hemen zarratu gintuztena badira, zera —pentsatu egin zuen, eta artean ulertutzat jo nuen Erreserbakoa zela— ehun eta berrogeita hamar bat urte.

        Irri egin zuen.

        — Nongoa haiz.

        — Baskoa.

        — Artzainak bezala. Esadak zerbait baskoei buruz.

        Ez nuen jakin zer esan. Zer esan nezakeen Nevadan baskoei buruz, artzainena eta hori dena ez bada. Kasino handienetako baten jabea, Dick Graves, baskoa dela, adibidez? Batzuek Europako indioak garela diotela esateko ez neukan barrurik. Ezta federik ere. Bestela Nevadaren historian hain inportanteak izan diren Laxalt haiek aipatu ahal nizkiokeen. Edo artzainen horretan sakondu bestela, hango mendietan artzain ibilitako baten etxean bizi nintzenez gero. Isilalditik berak atera ninduen:

        — Entzun duk inoiz Migel Leonis izena?

        Ezetz esan nion, izena zertara zetorren igarri ezinik.

        — Baskoa zuan. Sei oin eta pittin bat altuago zen gizon mandoa! Espiritu Chijulla izeneko indiar alarguntsarekin ezkondu eta, hara, gizona aberastu egin zuan.

        Ez zidan besterik esan. Nik ere ez. Migel Leonis izena buruan gordetzeko trikimailuren bat asmatu behar nuen, kosta ahala kosta. Leonis Lehoia, pentsatu nuen, eta horrekin lasaitu.

        Noiz, non izan zen Leonis horrena?, galdetu nahi izan nion, eta aukerarik ez.

        — Biblia irakurtzen duk? —galdetu zidan, eta erantzunari itxaron gabe erantsi—. Katolikoak zarete, ezta?

        Bo, bazekien gutaz nik ez nekien zerbait, Leonisena alegia, eta zerbait inportanteagoa ere. Gu, katolikoak! Hara joandakoak bai, jakina. Bo. Hori baldin bazekien, esan niezaiokeen beste guztia ere bazekien. Ziur.

        — Bai; zera, ez, ni neu ez nauk katolikoa. Biblia, idazteko erabiltzen diat.

        Ingelesez gaitz neukan arren, Evaren ipuina azaldu nion. Ahal izan nuen moduan. Kalamuarena sakon aipatu barik, badaezpada.

        — Eva dela-eta barre egin nahi izan duk? —esan zidan—. Haluzinazioak hik ere? Allen Ginsberg hark bezala. Ezagutzen duk?

        Baiezko keinua egin nion. Orduan errezitatu egin zidan. Hippy, beat, edo halako estilo batean. Esan nahi dut, William Burroughs poetari filmen batean ikusia nion estiloan.

        — Past Reno, Pyramid Lake's / blue Altar, pure water in Nevada sands' / brown wasteland scratched by tires (Reno pasata, Piramide Lakuaren / aldare urdina, ur gardena Nevadako hareetan basamortu gorria autoen gurpilez atzamarkatua).

        Aipamena gogoan gorde nezan edo, oharra egin zidan:

        Crossing Nation olerkia, 1968ko ekainaren 19an idatzia. Gutarikorik ez zuen aipatu.

        Ez zegoen galdetu beharrik. Poema gogoko zuenentz. Ezetz esango nuke, kito. Nolanahi ere, Erreserbako restaurantearen aurrean geunden eta, autotik jaisteko ordua zen.

 

 

Etxola modukoa da restaurantearen eraikina. Zurezkoa, halako beste lau edo bost eraikin sakabanatuen erdian eraikia. Koloretako argiak kanpoan eta argi koloretsuak barruan. Kasu honetan txanpon makinenak.

        Barraz beste aldean gizonezko bat zegoen, eta hemengo aldean berriz emakume bat, potoloa, eta beste gizon bat horren alboan. Garagardo banarekin denbora pasan hirurak. Telebistak ematen ziharduen auto-rallya zuten beren mututasunean jolas. Txanpon makinetako batean beste gizonezko batek ziharduen. Erreserbako biztanleak, Veterans Day ospatzen.

        Jokoa libre hemen ere, pentsatu nuen segituan.

        — Ezer nahi duk? —galde egin zidan.

        Jantokia barrurago zegoen, hotdogak egiteko tresnaren beste aldean.

        — Garagardoa eta halako bat —esan nion, saltxitxak erretzeko makinan ziharduten neska biei begira.

        — Nik edatekoak ekarriko ditiat; horiek hire kontura. Zera, Migel Leonis hori Calabasas izeneko lekuan bizi izan zuan. Ezagutzen duk lekua? Kalifornian zagok. Hoa egunen batean! —zutitu eta agintzera joan zen.

        Calabasas. Izen hura ez zitzaidan ahaztuko. Neu ere zutitu eta saltxitxak agintzera joan nintzen. Hamar segundotan hantxe nituen, jateko prest. Mahaira itzuli nintzelarik han zegon Austin, garagardoa eta zer zen igarri ezin izan nion halako edaria ekarrita.

        — Edatekoa beti jatekoa baino bizkorrago —esan zuen.

        — Ez dituk indiarrak —esan nion, neskak seinalatuz.

        — Leonis ez zuan indiarra; hura bezalako asko izan dituk inguruotan —hotdogak egiteko makinaren alderantz begiratu zuen. Nesketako batek keinua egin zion. Eskuaz.

        — Hi, Numaga —halaxe esan zion neskak, harakoan izena ondo ulertu ez banuen ere.

        Austin zelakoan nengoen. Ohartu zen bera ere.

        — Ez zaizkik indiarrak gustatzen? Bai, hemen Numaga esaten zidatek —esan zidan, begietara begira—. Izen paiutea duk —nire galdera igarri zidan—. Hemengo herria duk Paiutea. Historia jakin nahi al duk?

        Edari estrainioari xurrutadatxoak jo artean azaldu zidan Numagaren historia.

        — Zuen egutegiko 1820. urte aldera agertu zituan inguruotan zuriak. Gutarikoak —halaxe esan zuen, gutarikoak— Pyramid Lake alde honetan libre bizi zituan zenbait mila urtez geroztik —hamar mila urte; petroglifoen eta piktuglifoen (pictographs) akordua etorri zitzaidan—. Zuriak agertu zirenean ez ei zuan gatazka azpimarragarririk izan. Migel Leonis esan diat lehen? Ba pentsa! Paiute neska bat, buruzagi baten alaba, Estatu Batuetako armadako ofizial batekin ezkondu zuan. Odolak nahasten hasiak zituan, ikusten? —nire irudiko indiar taxurik ez zuten neskei begiratu zien.

        Nire hotdoga amaituta, garagardoari ekin nion, Austinek, edo Numagak, hurrengo zer esango zuen.

        — Buruzagiaren alabak liburua idatzi zian; igarriko duk titulua —bere hotdogari amaiera emateko tartea utzita—. Life Among the Piutes (Paiuteen artean bizitzen), bai. Hortxe idatzi zian, ba, zuriak agertu zirenean bere aitaitak esan zuela: «Nire anaia zuriak, azkenean ere iritsi dira hain luzaroan itxaron izan ditudan anaia zuriak». Ez duk beste leku askotan ere kontatu ez den ipuina. Ez al zitzaion Mexikoko neska hari ere halaxe gertatu? Zer zen gerlari hura, spanish?

        Zur eta lur geratu nintzen. Cortes eta Malintxeri buruz ziharduen. Ez zion horri bestelako garrantzirik eman, nire erantzunaren zain geratu barik ekin baitzion historiari.

        — Bakeak ez zuen luzaz iraun. Halako batean zuriek zilarra topatu zitean. Mila zortziehun eta berrogeita hemeretzian. Eta akabo gurea. Metal zuriak gizon zurien arima erakutsi ziguan. Zilar zuria gizon zuriaren arimaren benetako ispilua duk, badakik? —ez nion erantzun—. Gu enbarazua gintuan. Erreserbetara baztertu gintiztean. Hona, adibidez. Baina odolen nahasteaz jakin nahi duk, ezta? Halako batean, mila zortziehun eta hirurogeian, zera, utzidak papera eta idatzi egingo diat, neskato bi bahitu zizkigutean. Meatzariek. Inguruetan indio andana bildu zuan. Mendeku bila. Paiuteak, Shoshoneak, Bannock herriko buruzagiak, Oregon bezain urrun diren bazterretatik ere etorriak. Ezagutzen al dituk gure herrien izenak?

        Ez nintzen ausartu esaten filmetatik eta komikietatik egiten zitzaizkidala izenok ezagun. Ezta ere kontatzen ziharduen historiari ezagun airea hartzen nionik. Aldean eroan ohi dudan kaiertxoa utzi nion, orrialde zuri batean Migel Leonis izena hantxe idatzita. Kaiertxoa esku artean, kontatzeari ekin zion, Migel Leonis izenaren behean tarteka idatzi eta batera.

        — Paiuteen buruzagi gazteetako batek, izenez Numaga, bakearen alde egin zian hitz. Ezagutu behar duk haren diskurtsoa, filmetan agertua da-eta —irri egin zuen, eta zerbait idatzi kaiertxoan—. Badakik gauza bat? Gure aitak Bigarren Mundu Gerrako filmak ikustean beti egiten zian alemanen alde. «Horiek gure moduan, beti galtzaile!», esaten zidaan.

        Ateraldiaren inpaktuaren zain bezala geratu zen. Telebistan ematen ziharduten rallyaren hotsa eta txanpon makinarena batera iritsi zitzaizkidan. Azkeneko hori isildu egin zen, da!, eta handik segundo batera kantu bat aditu zen. Begiratu egin nuen. Juke-boxa zegoen, eta zorionez barran zegoen neskak kantu bat abiarazi zuen hantxe.

        — Ezagutzen duk Bonanza? Telesaila, bai —buruaz baietz egin nion—. Horko atal batean aipatu zitean Paiuteen Gerra iritziko zitzaion hari buruzko atal bat. Bonanza arrantxoa inguruotan zagok, badakik, ezta? —kaierean idatzi zuen.

        — Bai, ezagutzen diat Bonanza —kaierean idatziari begira esan nion.

        Zerbait banekien Bonanza arrantxoaz, baina ez nengoen egonda. Bai ostera, haitzeko irudien hartan ez ezik legendako beste leku batzuetan. Hala nola, Bodie izenekoan; meatzarien herrixka bertan behera abandonatuan. Txikitan filmetan ikusitako haiexek bezalakoa da Bodie. Mamuen herria.

        — Diskurtso gogoangarria, Numagarena. «Zuriak harea aleen parekoak dituk, ugari baino ugariagoak; ezin konta ahala ale dituk munduan; guk oraingo hauek akabatuta ere, beste batzuk etorriko dituk, eta horiek akabatuta ere, berriro gehiago, eta gehiago; azkenean eurek akabatuko gaitiztek gu». Ez zuan hala izan, baina kasik. Carson Cityn bildu zituan zuriak, ehun bat gizon. Harro. Numagaren gidaritzapean sarraski ederra egin genian —bera han egonda bezala esan zuen—. Bostehun bat soldadu ekartzea izan zen zurien erantzuna. Egin ziguten sarraskia, hura bai sarraskia. Hildakoak, gutarikoak, ehun eta hirurogei edo. Irakurri ahal izango duk hor nonbaiten hik heuk. Ondorioak? Gutarikoak sakabanaturik, zuriek forteak nongura altxatzen, gutarikoak goseak hiltzen, zuriek erreserbak sortzen, gutarikoak bakantzen, zuriek arrantxoak sortzen, gutarikoak hantxe eskean, eurek ekin eta guk eutsi ezin. Eta halaxe, edo erreserbetara, edo bestela morroi, zerbitzari, neskame, puta —hitza ahoan min hartuz bezala askatu zuen—. Eta erreserbetan ere arazo latzak, ze gero trena etorri zuan, eta lurrak lantzeko modu basa hori, eta etxeak eraikitzeko era doilor hori, eta hik ondo ezagutzen duan beste guztia, ze Renon bizi haiz, ezta? Odol nahasteaz beste ezer jakin nahi al duk?

        Atea zabaldu zen. Arrastiko argi izpiekin batera gizonezko indio bat sartu zen. Austinek, Numagak, eskuaz keinu leuna egin zion, eta sartu berriak erantzun. Agurea eman zidan.

        — Erromantikoa, erabat erromantikoa Allen Ginsberg. Pyramid Lake's / blue Altar, pure water in Nevada sands —berriz ekin zion—. Baina blue koloreko ur aratzak ilun bilakatu dituk, ez haiz konturatu? Ez duk ugerra ikusi? Altarean isuri den odolaz sortua duk.

        Pyramideko uretan odol haren pisua sentitu ote nuen, urraturiko tabua huraxe izan ote zen, alegia, odoletan bainatu izana?

        — Hona gure paradoxa; harea alearen balioa dik gutariko bakoitzak, harea alearen balioa dik zuetariko bakoitzak, honetan berdinak gara denok; harea aleak gara; haatik, zuek lakuko hareetan diren aleak baino ale gehiago zarete, eta gu eskukada bateko aleak baino ale gutxiago; gure harea aleak guztiak batera zuen begietara jaurtiz gero, segundo batez itsu gera zintezkete, oi zuen mina; zuek guri zuen aleak jaurtiz gero, lurperaturik geratuko gaituk, oi gure samina.

        Harea, sand, eta samina, sad, hitzekin jolas eginez esan zuen eta, ausartu egin nintzen:

        — Zertaz bizi zara? —poeta, xamana edo halakoren bat erantzungo zidalakoan.

        — Izokina arrantzatzen diat, hara eta hona ibiliz, eta bide batez nire herrietan aditzen ditudan ipuinak gordetzen ditiat.

        — Idatzita?

        — Ez dugu ohiturarik. Ipuinak maite ditugun guztiok ez gaituk idazle —bere begien geziari jarraituz sartu berria ikusi nuen barrako zoko batean jesarrita; ez zen benetan agurea, goiz aguretua baino—. Ipuinak gogoan gordetzen ditiat, eta etorri ahala kontatu, kontatu behar direnean. Ipuinak idaztea ipuinak ahaztea duk. Idatzi duan guztiaz gogoratzen al haiz?

        — Ez —labur eta lotsaturik erantzun nion.

        — Evarena behintzat oraindino ondo bizirik daukak. Nik ez diat ipuin hori sekula idatziko eta, beraz, ez zaidak sekula ahaztuko. Hiri ahaztuz gero, eta paperekoa ere galduz gero, nigana etorri, eta berriro kontatuko diat. Heure ipuina. Orain nik gizakia nola etorri zen hona kontatuko diat. Bi modutara, nahi baldin baduk. Baina beste garagardo bat gutxienez beharko duk —kaiera mahaiaren gainean utzi zidan.

        Ez nuen hartu. Garagardoaren bila zutitu nintzen. Kanpoan iluntzea beti bezain eder zetorren. Nevadan beste inon etortzen ikusi ezin den moduan. Gizakiok gurea ez den inguru batera tartetxo baterako gonbidatuak izan eta, tarte hori igarota gero, berehala ihes egitera behartuta bageunde legez sentitu nintzen. Berriro eseri nintzenerako hotdogak zerbitzatzen zituen nesketako bat mahaira jesarrita zegoen. Keinua egin nion, ea ezer nahi zuen, eta keinua egin zidan, ez zuela ezer edan nahi.

        — Sarah —esan zuen Austinek, Numagak—. Paiuteen artean bizitzen idatzi zuenaren izen berbera. Sarah Winnemucca zuan hura, ez zaik aise ahaztuko izena, ez daukak idatzi beharra —keinu egin zidan, kaiera seinalatuz; ezta ukitu ere hura nik—. Ez, ez zaik aise ahaztuko. Hemen ibiltzen bahaiz behintzat. Kasinoetan, restauranteetan, nongura ikusiko duan izena duk Winnemucca. Badakik zurien hitza; «gaur zer suntsitu, bihar hura omendu.» Halaxe asmatu zitean misil haiei Tomahawk izena ematea.

        Azalpenak aditzean nire artean egin nuen neskak beste izenen bat ez ote zuen. Kristau kutsuko Sarah ez zen besteren bat, tradizioari lotua. Ez nuen galdetu. Austinek, Numagak, bere historia, edo istorioa, kontatzeari ekin baitzion. Hona.

        — Ezagutzen al duk diskurtso hori, norena da lurra, norena airea, norena ura, horiek ez dira gureak, beraz ezin dira saldu, ezta ere erosi? Diotenez, gu kontinente honetara duela milaka urte iritsi gintuan. Asiatik. Bering itsasartea igarota. Baina badakik nork gidatu gintuen honaino? Koiotek.

        — Alaskan ba al da koioterik? —motz ebaki nion.

        — Gure tradizioak halaxe ziok; koioteak ekarri zituela gizakiak gure mundura. Agian koiotearekin azken etapa egin zian gizakiak —barre egin zuten biek—, lehenagoko etapetan beste animalia batzuek egin zitean gidarena.

        Adarra jotzen zidatela erabaki nuen.

        — Ipuin polita.

        — Hori duk esateko daukaana? Adituko duk egunen batean koiotearen ipuina, bai!

        Sarah-k eskutik oratu zion. Austini. Numagari.

        Aztoratuta, bigarren garagardoa ukitu gabe neukala ohartu nintzen. Edalontzia ahora eraman nuen. Edan artean, lagun biak hantxe uzteko ordua iritsi zela erabaki nuen.

        — Banoala uste diat. Nirekin etorri behar al duk? —kaiertxoa hartuta zutitzeko keinua egin nuen.

        — Ondo duk koiotearen ipuina osorik entzun nahi ez izatea baina, ez duk bigarren bertsioa entzun —berriz jesar nendin esan zidan—. Ezagutzen al duk Book of Mormon ospetsua? Konta egiozu, Sarah.

        Entzutera jesarri nintzen. Garagardoaren erdia hantxe neukala-eta, keinua egin nien; hura nuela aitzakia, alegia.

        — Gure lakuaren ingurura gizon zuriak agertu ziren aldi bertsuan —Sarah-ren ahotsa mehea bezain indartsua zen— Joseph Smith izeneko batek ametsak izan zituen. Ametsotan Joseph hark bere jainkoaren mezua aditu ei zuen, eta halaxe jakin, ba, bazirela nonbaiten lurperaturik Ebanjelio berri bateko izkribuak, urrezko tauletan idatziak. Antzina-antzinako lengoaia batean idatziak. Bere jainkoak taulok non ziren ere esan ei zion, eta hara joan Joseph Smith. Eta topatu zituela sinetsi. Lau urte eman zituen urtero haiek ikustera joatean, eta halako batean Moroni izeneko aingerua-edo agertu zitzaion, eta esan, «tauletan direnak Mormon profetaren idatziak dituk; ni haren mezularia nauk; bada, aldatu itzak ingelesera tauletan diren hitzak, neuk esango diat-eta horiek banan-banan zer esan nahi duten». Eta Joseph Smithek ustezko hitz haiek ingelesera ekarri zituen. Book of Mormon izenarekin argitaratu zituen hitzok. Begira ezazu egunen batean liburua.

        — Zergatik irakurri beharko nuke? —adarra jotzen ari zitzaizkidala begitandu zitzaidan.

        — Jakiteko zein den historia sinesgarriagoa; koiotearena ala liburu horretakoa —Austinek, Numagak, esan zuen—. Liburu horren arabera Babelgo Dorrea suntsitu ostean batzuk honaino etorri zituan; Israeldik; juduak. Itsasoz. Jainkoak gidatuta.

        — Kristo jaio baino seiehun urte lehenago izan zela dio liburuak —Sarah-k ekin zion—. Eta gero dio, ba, hona iritsi ostean zati bitan banandu zirela; lamanitak eta nefitak. Hauek, nefitak, kristoren ondorengo laurehungarren urtean erabat desagertu ei ziren, eta lamanitak ostera endekatuz joan arren bizirik segitu. Geu omen gara, indiook —amorrua nabaritu nion— lamanita endekatu haiek. Endekaturik garela, badakizu zertan igartzen zaigun? Larruazalean! Ba al dakizu zergatik dugun larrua ilun? Jainkoaren haserreak zigorturik, halaxe dio liburuak! Egun, hogeita lau milioi pertsonak sinesten dute liburu hori jainkoak diktatua dela eta, beraz, hemengo lehen biztanleak zuriak izan zirela, eta gu arraza endekatua garela.

        — Babelgo Dorrearen ostekoarena eta hori dena derrigorrez da ipuina —esan nion.

        — Tamalez, Smith hark berriro lurperatu ei zitian usteko izkribuak, urrezko tauletan idatziak ei zirenak. Nik berriz, herriaren ahotik hartu diat koiotearena.

        Ingurura begiratu nuen. Paiute herriaren parte bat hantxe zegoen, Erreserbako restaurantean, Veterans Day egunaz ahazturik. Gizon aguretuari begiratu nion. Alkoholaren marrak azpegietan zituen. Marra berriak sortzeko bidean zen, mahai gainean zituen hiru-lau garagardo botilek iradokitzen zutenez.

        Orduan bai. Jaiki eta alde egitekotan izan nintzen. Haatik, Sarah-ri begiratu nion. Irria zebilkion ezpainetan, Austini, Numagari, zerbait esaten zion artean. Eta galdera etorri zitzaidan.

        — Zer dela eta etorri haiz lehen niregana? —zutik nengoela bota nion.

        Zutitu egin zen bera ere.

        — Lakuan bainatzeko potroak dituen zuria nor ote jakin nahi izan diat. Hippy haluzinatu horietakoa ote hintzen edo —duda egin zuen, eta irri gero—. Horixe. Horrexegatik aipatu diat Allen Ginsberg. Ea amua irensten huen.

        — Koiotearena gustukoago diat Smithena baino —erantzun nion—. Azken batean animaliak baziren hemen, gizakiak Bering itsasartea igaro baino lehen, ezta? Koiotearena kasik-kasik zientifikoa duk.

        — Heuk esan duk —ezker besoa luzatu zidan, hango eskuaz nirea hartzeko, eta besteaz besarkatu; bihotzez—. Baina Smithena eta antzeko beste tauletan idatzitako kontuak sinesten dituztenek agintzen ditek inguruotan! Gu folklorea gaituk. Esan diat lehen. Winnemucca denean ikusiko duk. Zuriekin zubia egin zuen indioari ohore.

        Winnemucca bai, baina Migel Leonisen emazte Espiritu Chijulla ez zidan aipatu. Sarah-ri begiratu nion. Beste Winnemucca baten ondorengoa ote zen, edo beste Espiritu Chijulla baten enborrekoa, halaxe geratu nintzen. Zeren eta gurasoek izen kristaua Sarah ipini bazioten, ez ote zen zuri batekin ezkondu zen indiar haren oroiz izan. Eta horrela ezkero, zein izen indiar ipini beharko zioten, Winnemucca baino. Haren odolean basko baten baino gehiagoren arrastoak izan behar zirela ziurtzat jo nuen. Baskoak Nevadara eta halako besteetara lotu zituen indar bakarra ez zen mortuko argiaren indarra, ezta ere mendien dimentsioa infinitua.

        — Winnemucca! —esan nuen.

        Neskak nire artean nerabilenaren zantzuren bat antzeman zuelakoan nago. Eskuaz agur egin zidan, herabe. Odola nahasturik zeukanik dudarik ez. Austin, Numaga, odol nahastukoa zenik, ezta ere. Elkarrenganako zituzten keinuetan biak elkarren besoetan izatekoak zirela igartzen zela begitandu zitzaidan baina, zer nekien nik odol nahastuko haiei buruz. Ordura arte Migel Leonis nor izan zen ere jakin barik nengoen eta.

 

 

Astiro itzuli nintzen etxera, sport autoaren narrasti begiak pizturik, gaua harrezkero mortuaren gainean abaildua baitzen. Hala ere ortziko sabaian argitasun laru bat zegoen, eta tarteka arrantxo bakanetako argiak ikusten nituen. Nevada den ederra. Austinek, Numagak, beste zenbat izan ote zituen otu zitzaidan, eta harrietako irudiak ikusi zituenentz galdetu behar izan niokeela, eta agian hobe izan zatekeela tarte batez han geratu izan banintz. Irratia piztu nuen. Coloradotik meza katolikoa ematen ari ziren. Ez nuen dialean besterik bilatu.

        Halako batean suzko gurutze handia ikusi nuen. Muino bateko maldan norbaitek gauero pizten zuena zen. Benetako suz egina zelakoan egona nintzena luzaz. Behin kasualitatez hara ingurura ailegatu nintzen arte. Argizko gurutzetzar hark ziostan hirira iristen nindoala. Harexek, eta handik gutxira agertu zitzaidan hiriaren beraren argitasunezko bobedak, eta lehorreratzeko eta aireratzeko behera eta gora eginez hura zeharkatzen zuten hegazkinen norabideek. Laster nengoen.

        McCarran bulebarrean zuzen jo nuen etxerantz. Ez nuen hirian sartu nahi. Veterans Day haren arrastorik ez zela harrezkero izango banekien arren.

        Beti bezala, McCarranen etxe artean galduta ibili nintzen. Hiriko muinoko etxeak denak zitzaizkidan oso antzekoak, eta baita euren arteko kaleak ere. Beraz, urbanizazioaren goi erpineraino, muinoraino, igo behar izan nuen, handik errazago topatu ahal izaten nuen-eta etxea.

        Une batez muinoan lotu nintzen. Ez luzaz, ez bainuen nahi inork Poliziari dei egin ziezaion, arrotz bat han geldi zegoela eta. Veterans Day! Haatik, pittin batez hiria eta mortuaren mugan egoteko gogoari ezin nion gehiago egin.

        — Hemen ezin duk ezer kanpoan utzi, ze gau batzuetan koioteak honaino sartzen dituk, uzten direnak jatera —etxeko jaunak, artzain ibilitakoa bera, halaxe esaten ohi zidala gogoratu zitzaidan.

        Hiru hilabete hirian eta ez neukan halako bakarra ere ikusita.