Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—19—

 

Europan izan naizen artean Citroën etxeko autoei fidel izan natzaie. Gerrako haiexen akordua, beharbada. Eta Europa esaten dudanean kontinentea esan nahi dut. Britainia Handian eta Irlandan izaten nintzenetan besterik izaten baitzen autoen kontua. Eta beste kontu batzuk ere diferente izaten ziren haietan. Baina hariari!

        Bisitariak gogoz hartu zuen gonbidapena, eta are gogotsuago onartu zidan autoa gidatzeko eskaintza. Egia esan, oraindino hortxe garajean daukadan Citroën hori gidatzea gozamena da.

        Autoa harturik Ziburu aldera jo genuen. Telesforo Monzon bizi izan zeneko etxearen inguruan oroimenak hobeto lan egingo zidalakoan.

        Lapurdira gerrako azken egunetan etorri nintzenetik hara, ingurua polito aldatua zegoen. Etxeetako koloreek irauten dute. Eta itsasargiaren dorreak. Harexeri begira jesarri nintzen.

        —Mallonak hona etorri ahal izango zuen, Sinbad eta besteek bezala; baina begira zer egin zuen —esan nuen, ia-ia nire buruarentzat, karpeta mahaiaren gainena utzita.

        —Hona etorri zen Sinbad? —bisitariak, karpetari begira.

        Erantzuteko astirik izan orduko zerbitzaria etorri zitzaigun, zer hartuko genuen galdetzera. Ardo zuria agindu genion. Eta Baionako urdaiazpikoa. Eta gogoan ez dudan beste zerbait ere bai.

        —Ez zait komeni urdaiazpikoa. Nire adinean, badakizu —esan nion—. Sinbad eta itsaso poliziako beste batzuk Baionara etorri ziren. Bai.

        Isilik geratu ginen. Ardoaren eta urdaiazpikoaren zain bezala. Baina ez zen hori gure isiltasunaren arrazoia. Airean zegoen Sinbaden ihesa traizioa izan ote zen. Baina berak ez zidan galdetu, eta nik ez nion tiratu.

        «Ez, Sinbad eta ihes egindako besteak ez ziren traidoreak izan. Edo Sinbad ez, behinik behin. Hurrengo urteetan egingo zituen zerbitzuak ziren testigu», pentsatu nuen nire artean.

        Ez nion esan. Eta hantxe segitu genuen, isilik, jatekoari eta ardoari ekinez. Mallonaren azken egunak gogoratzeak min ematen zigun. Bioi. Niri, arraioa!, oraindino min ematen didalako. Berari, ez dakit zergatik. Baina susmoa nuen laster jakingo nuela.

        —Mallonaren kalbarioa noiz hasi zen, ez dakit —kalbario hitza beren-beregi hautatu nuen—. Donibane egunean, beharbada.

        —Ez dago argi herrira noiz itzuli zen?

        —Ez —biribil esan nion—. Baina beste batzuekin jazo zena gogoan hartuz gero, esan liteke Donibane egunaren bueltan atxilotu zutela. Hala uste izateko beste arrazoi bat ere badago, ostera.

        Karpeta hartu nuen.

        —Ekainaren 27an bilera ederra egin zuten herrian —karpeta ireki eta batera esan nion.

        Zerbitzariaren etorrerak eten zidan egiteko nintzena. Ekainaren 27ko bilera haren berri zekarren papera erakutsi nahi nion. Zerbitzariak alde egin arte itxaron nuen. Hori ez zen behingoan izan. Hantxe utzi zituen basoak eta urdaiazpikoa, eta gogoan ez dudan bestea ere. Eta horiekin batera, kontua. Bisitariak dirua ateratzeko zirkina egin zuen. Ez nion ordaintzen utzi. Visa utzi nuen.

        —Hona hemen bilera hartan berba egin zenaren akta —papera luzatu nion.

        Orri bakarra zen, alde bietan idatzia. Esaten zuena laburtzea erraza da. Edo gaitza, nondik eta zelan begiratzen zitzaion. Hori bisitariak esan beharko zuen. Irakurritakoan. Nik ostera buruz nekien. Hamaikatxo aldiz irakurria nuen.

        Lehenik eta behin orriak udaletxean bildu direnen izenak ematen ditu: alkate berria eta zinegotzi berriak. Lau denetara. Gero horiekin bildu direnen izenak ematen ditu. Zortzi izen dira.

        —Ezagunak egiten zaizkizu izenak? —bisitariak ardoari zurrutadatxo bat jotzeko burua altxatu zuela aprobetxatuz bota nion.

        —Bai —esan zuen, negarguraz kasik—. Gaur herrian bizirik diren batzuk direla esan liteke, izen eta abizen berberekin.

        Karpeta hartu nuen.

        —Begira —esan nion, karpeta barrutik Bizkaiko telefono-aurkitegia ateraz—. Hortxe daude izenak.

        Ez zuen liburukotea hartzeko keinurik egin.

        —Baina ezinezkoa da egungoak eta ordukoak berberak izatea. Denbora luzeegia joan da tartean —esan zuen.

        —Orduko haien semeak dira gaurko horiek —erantzun nion—. Eta beharbada zure abizena ere hor dago.

        —Hor ez —esan zidan, eta negargura menderatzeko ahaleginean zela igarri nion.

        —Besteen artean orduan? —bota nion.

        Ez zidan erantzun.

        Besteak ekainaren 27ko hartan herrian bildu zirenek aipatu zituztenak ziren. Zenbat izen! Denak gizonezkoak. Tartean abadeak, medikuak, maisuak, marinelak eta kapitainak, lanbide zehatzik aipatzen ez zitzaien beste askorekin batera. Bisitaria astia hartuz ari zen papera irakurtzen.

        —Akusazioak ez dira makalak, ezta? —zinismo puntu batez esan nion, urdaiazpikoari ekinez.

        —Erridikuloak dira, barregarriak, huskeriak! —haserrez esan zuen.

        —Jo tragotxo bat, jan zeozer —aholkatu nion.

        Begira geratu zitzaidan, mutu.

        Akusazio haiek denak buruz nekizkien nik.

        —Espainia Berriaren ikuspuntuak gogoan harturik —errezoan legez ekin nion— izen-abizenez aipaturik datozen hurrengo pertsonen afiliazio politikoa eta horiek duten arriskua azaltzen da, arrisku horren kausak adierazita.

        Akta hartako sarrera berbak ziren, bildutakoen izenen azpian zetozen burokrata-berbak. Harriturik begiratu ninduen.

        —Salatarietako batzuek euskaraz hobeto zekiten espainolez baino —esan nuen—. Euskaraz idatzi izan balute, behintzat. Ikusi duzu batzuei buruz esaten dena? Euskarazko eskola publikoak ematen zituztela. Mallona gixajoa! Ez zekien Espainia Berriaren berri.

        Bisitariak burua makurtu zuen. Irakurtzeari berriz ekiteko. Orduan plateretik beste urdaiazpiko xerratxo bat ostu nuen. Buruz nekizkien salaketa haietako lehena eta nagusia separatista zen. Gero erreskadan zetozen beste akusazio batzuk.

        —Agitadore edo nahaslea —gogoratzen ari nintzen—, finantzaria, herriko batzordeko partaidea, asaldaria, armadaren izen onaren zikintzailea, milizianoa, salataria, medikua frontean, propaganda zabaltzaile zorrotza eta zinikoa...

        —Hau egundokoa da —ozen eta bat-batean bota zuen bisitariak.

        —Zer?

        —Begira zein akusazio; Euzkadikoa izan zen Gobernuak... —esaten hasi zen.

        —...misio sekretuak egiteko agindu ziona —eten egin nion—. Esan dizut buruz dakit horkoa. Baina zerk harritu zaitu? Ni harrapatu izan baninduten akusazio hori berori leporatuko zidatela? Ez egidazu barregurari eragin, arren. Hor duzu beste hori, arrantzaleen artean propaganda egiten zuela leporatzen zaiona. Baina ez da hori inportanteena.

        Azken hori lehian sarrarazi nahiz bota nion. Ez zidan erantzun.

        —Bakoitzari leporatzen zaion akusazioaren ostean zera diote: Espainia Berrira egokitu ezinekoak. Horra Mallonaren fusilamenduaren arrazoia. Egokitu ezinekoa zen.

        Ziburuko portuko kirol-ontziei begiratu nien. Horren ostean arrantzuntzien aldera begiratu nuen. Izan ere, 1937ko ekain hartako irudiak portukoekin nahastu zitzaizkidan. Nik ere arrantzuntzi batean ihes egin behar izan nuen. Baina Sinbadek-eta baino nahikotxo geroago.

        —Ohartuko zara izkribuaren azken aldera dakarrena; banan-banan aipatu diren denak dira guztiz arriskutsuak —berriro errezo moduan hasi nintzen— eta Espainia Berrira egokitu ezinekoak, erabat.

        —Fusilagarriak! —bisitariak, haria harrapaturik.

        —Horren ostean —nire errezo modukoarekin segituz ekin nion— afiliazioa nazionalista edo ezkertiarra izanik ere, euren jarreren zabaltzaile hain sutsuak ez diren batzuen izenak datoz, Espainia Berrira egokitu ahal zirenen izenak dira. Begiratu ondo!

        Eta bai, ondo begiratu zuen.

        —Ene! —harritu zen—. Hona hemen herriko elizatik urrezko ontziak eta forma sakratuak desagertu zirela salatu zuen abadearen izena.

        —Hortxe da, bai. Zerrendako azkena. Abertzale moderatua, abadea eta mugimendu nazionalari sinpatia diona dela dio.

        Uste dut bisitariak orduantxe ulertu zuela herriko elizatik desagertu ei ziren ontzien nondik norakoa. Abade hark halakoak salatu beharra zuen, larrua gorputzari atxikirik gordeko bazuen. Bere abertzaletasuna ukatzearen truk, eta gudariek ateoen modura ostiak desagerrarazi zituztela aitortzen ordainetan, herrian geratu zen.

        —Abade honek —izena aipatuz esan zuen bisitariak— bazekien elizan Iriondo jauparia egona zela, eta hark ostiak edo berak hartu edo gudarien artean banatu zituela.

        —Bai —esan nuen—. Baina orain, esan, zenbat izen dira zerrenda horretan?

        Erantzuna banekien arren zain geratu nintzen. Bisitariak atzamar batez lerroak errepasatuz zenbatzeari ekin zion.

        —Hirurogeita sei? —esan zuen, begiak nire begietan.

        —Eman dezagun hirurogeita sei zirela, bat gora bat behera. Bada horien artean zure etxekorik? —zuzenean galdetu nion.

        —Ez —esan zuen.

        Erantzunaren motzak ez ninduen harritu. Harrezkero ziur jakin nuen. Izena laster esango zidan. Hain zuzen ere, esateko gogoak erretzen zegoen. Zerbitzariari deitu zion, zigarro pakete bat eskatzeko.

        —Kostatu egiten da, ezta? —esan nion, zigarrotxo bat isiotzen zuen artean.

        —Mallona bat bada zerrendan, baina ez da gure Mallona.

        —Ez zara haren etxekoa izango? —esan nion.

        —Norena naizen esaten badizut ez duzu aurrera egin nahi izango —esan zuen, kea sendo kanporatuz—. Beharbada.

        —Beharbada —ironiaz esan nion, nire kontaera eteteko asmorik ez nuela ulertzeko moduan—. Ba, ez. Alejandro Mallona Izaren izena ez dago zerrenda horretan.

        —Ordurako kartzelan zegoelako —esan zuen; eta arnasa hartzeko astirik kasik barik bere izena bota zidan—. Bernardo dut izena.

        —Hara! —esan nion—. Bernardo! Izen polita, literarioa, tradizio handikoa herrian. Bai ba, bai.

        Gogoan Mundakako Bernardo Garro 'Otxolua' idazlea eta itzultzailea nuen hori esatean. Ipuin polita idatzi zuen Donibane egun bati buruz. Baina ba ote zekien hori beste Bernardo gazte hark?

        —Ekainaren 27ko batzarra egin zenerako kartzelan zegoen? —berak lehenago ziur esandakoa galdera modura bota zidan.

        —Nor? —haria galtzen ari nintzela uste dut.

        —Mallona —esan zuen.

        —Mallona bat ez; bi, hiru, lau baino —esan nion—. Emaztea, Presentacion, eta bien alabak, Presentacion eta Teresa, kartzelara eroan zituzten.

        Horrela bota nion, eta oker ez banago malko batek ezkerreko begi ertzean kanpora ihes egin zion. Edo eguzkiak engainatu ninduen, beharbada. Beste nonbaitera begiratu nuen. Eta halaxe ohartu nintzen zerbitzariak aspaldi zuela visa txartela mahai gainean utzia. Ordainketaren agiria sinatu eta zutitu egin nintzen.

        —Osteratxo bat ez zaizu txarto etorriko —esan nion, karpeta hartu eta batera

        Eta oinez ekin genion. Izango genuen Citroëna hartzeko astia. Edo nork zekien neuk bakarrik etorri beharko nuen haren bila, haserretu egingo zitzaidalako. Karpetaren barruan nituen azken paperen berri jakitean. Ze harrezkero ziur nengoen. Haietan zegoen zerbait jakin guran etorria zen niregana Bernardo hura.

        «Bernardo, eta zer gehiago?», nioen nire artean.

        Esango zidan. Gogoak ematen zionean, baina esango zidan.