Berandu da gelditzeko
Berandu da gelditzeko
1999, nobela
280 orrialde
84-86766-92-3
azala: Pablo Galarraga
Unai Iturriaga
1974, Durango
 
 

 

—6—

 

Martitzena. Goizeko hamarrak. Kanpai hotsa San Antongo elizan. Goiz ederra deitzen zaion horietako bat logelako leihotik sartzen ari zena. Itzartu bezain laster egin beharreko lehen lana baitzuen Mikelek pertsiana jasotzearena, egunari bere intentzioak ikusteko, oharkabean harrapa ez zezan. Somera kalean etengabea zen harat-honata. Erosketez beteriko poltsekin, emakumeek bost minutuko berriketaldiak egiten zituzten bost metrotik behin. Udaleko langileak hamaikagarrenez, amaigaberrenez, estolderia konpontzen ari ziren. Behin eta berriroko lana, astean behingoa behintzat. Kaleko biztanleen artean bazen susmoa udal langileak Jaunak tabernara pintxoak jatearren etortzen ote ziren. Izan ere astero egiten zuten bisita, martitzenetan gehienetan. «Eguaztenetan Mazarredora joango dira, eguenetan Ledesmara eta barikuetan Pozasera, behin eta barriro izorratzen diren estolden aitzakian txikito batzuk jotzeko. Gora Udaleko brigadilla!».

        Leihoa parez pare zabalik utzi zuen Mikelek. Ondoren betiko erritoak: komunera bueltatxoa, astinaldi xumea, italianarekin enkontrua, dutxa beroa eta, etxean kafearen usain goxoa barreiatua ordurako, egunkaria eta ogia sukaldeko mahai gainean. Dionisosek maiz izaten zuen Mikelek hainbeste estimatzen zuen detailea. Gustuko zuen Dionisosek eguneko ogi eta egunkariarekin etxean gosaltzea, irratia piztuta. Esan beharrik ez dago Dionisosen ohitura hura asko gustatzen zitzaiola Mikeli. Inoiz pentsatu izan zuen bere barne bizitzan Dionisosek amaren rola ordezkatzen zuela. Erran nahi baita, gizakiek ama naturalaren ondotik alde egin eta gero ere, ama sinboliko baten babesa behar izaten dutela, eta aurkitzen dutela ordezkoa. Alegiazko ama horrek eite ezberdinak hartzen ditu: askori irakaslea bihurtzen zaie ama, beste zenbaiti auzoko komiteko burua, hainbati neskalaguna (maitale eta ama rolak, biak batera egitera behartua); eta kopuru txikiagoan, amaren figura ordezka dezake: txakurrak, ardoak, Ertzaintzak, etxeak berak, edo baita argazki laru batek ere. Zergatik ez?

        Ogi egin berriarekin, kafesnea. Bezperan hainbat biderrez buruan erabilitako atentatuaren irudia zekarren egunkariak. Memoriaren disko gogorrean artxibaturik eta asimilaturik zuen irudi hura. Barneko orrialdeetara salto egin zuen azkar. Paperean ez zitzaion horren bortitza iruditu. Egia esan, ez zitzaion batere bortitza iruditu. Ez zen egunero edozein egunkaritan argitaratzen ziren argazkiak baino bortitzagoa bederen. Ogi berria, opil bat bezain xamurra, kafesnez goraino betetzen zen bustialdi bakoitzean. Erdia jan zuen kafesnearekin egunkaria irakurri bitartean. Zigarreta iziotu zuenerako, filmen orrialdea ikuskatzen ziharduen: «Ezer ganorazkorik ez!».

        Gorputzaren alderdi fisikoak bere diktadura inposatzen du. Goizeko lehen upakadaren keak erabateko eragina izan dezake azalez eta hezurrez estaliriko barrunbeetan. Mikelek mugimendu bereziak sumatu zituen bizkarrezurrak eta ipurgainak bat egiten duten toki geografikoan. Ondoren mugimenduok beherago jo zuten uzkiaren uzkurdura probokatuz. Alarmatzat interpretatu zuen, eta zigarreta iziotu berria hautsontzian lagata abiatu zen komunera, uzkurdurak behartutako ibilera xelebrez. Karrajoaren erdi parean zegoenean gogoratu zen halako uneetan ezinbestekoa den egunkariaz. Ezinezkoa atzera egitea, bide luzeegia joan-etorrikoa. Izterrak elkarren kontra helduta sartu zen komunera eta, edozein erregek ohi duen moduan, harro eseri zen tronuan. Lortu zuen, hala ere, unetxo batez uzkiaren uzkurdurari eustea, komun pareko bidetetik letrarik zeukan zerbait, edozer, hartu artean. Expo Muebleko katalogoa. Bikaina.

        — Hori duk-eta eguna hasteko modua! Beste guztiak kontuak! Zukuak, gimnasia eta lerdokeriak... Posible bada, kafesne eder batekin hasi behar da eguna, eta ondoren kaka pilo eder bat. Horixe duk osasuntsuena, Mikel, ez egin kasurik sasimedikuei!

        Manuelek mostradorea atondu zuen tabernan, eta emazteak sukaldean prestatutako pintxoen platerak erreskada egokian jarri, beirazko estalkitxoa eta guzti. Dena txukun, dena kalkulatuta, egunero. Mikel beste egunkari bat gainbegiratzen ari zen barra kontran jesarrita, tortilla eta ardo beltz berezi bat irakurlagun.

        — Arrazoi duzu, Manuel, arrazoi.

        — Izango ez diat ba! Nik urteetan egin diat hori, eta begira nola nagoen.

        Manuelek berrogeita hamarrak ondo paseak zituen. Burua urdintzen hasia, gizon mardula. Aurelio Artetaren koadroetan agertzen diren gizon sendo horietako bat izango zen gaztetan. Haren izaerak ere garai haietara eramaten zuten Mikel sarritan.

        — Dana dala, zelan hi hemen orduotan?

        — Gaur jai hartzea erabaki dut.

        — Gaur jai? Lanik egiten dok ba?

        — Zeozertxo bai.

        — Zeozertxo! Horixe egingo dok hik, zeozertxo! Aspaldion señorito ohiturak hartuta habil. Goizetik tabernara, pintxoa eta ardo ona, periodikoa... Ez haiz txarto bizi.

        — Ba ez.

        — Dionisosen ohitura batzuk hartu dozak, bai. Beste batzuk ez baina!

        — Hara, Manuel, egun ederra dago eta ez gaitezen sermoitan hasi.

        — Egia dok, egun ederra jagok gaur. Ederra, koño! Ze asmo?

        — Arratsaldean entsegua dugu. Goiza, uste dut, potrojorran pasatuko dudala. Zer deritzozu?

        — Orain urte batzuk haginetako bat emongo neuan hori esateagatik. Baina ze ostia, ondo egiten dok!

        — Han ba!

        Sabela berdinduta eta pentsakor jalgi zen Manuelenetik. Ziri-jokoen koadrilateroan, puntuetara bazen ere, azkenean Manuel garaitu zuen, nahiz eta tabernariak pentsakor utzi. Bakarrizketan geratu zen taberna ataurrean. «Arrazoi dik Manuelek. Ze ostia egiten duk bizitzan? Astean artikulu puta bat idatzita bizi nahi duk? Ez dik lotsarik ematen oraindik ere amaren hileroko diru laguntza jasotzeak? Noiz arte Dionisosen eskutik jaten, bizitzen?».

        Neuronetara bidalitako ke dosi egoki batek barne eztabaida oro laino dezake. Halaxe egin zuen, Camel bat iziotu eta norabide konkretu bako ibiltzeari ekin. Someratik Unamuno plazara. Handik San Nikolas ostera. Une batez Arenalgo zubi parean egiten ari ziren obrei begira egon. Bera eta beste hogeita bi jubilatu latorrizko hesitik txandan begira. Ez zitzaion aparteko ikuskizuna iruditu langile eta induskailuen ariketa geldoa, baina telebistan botatzen zuten okerragorik. Bailen kaletik igo eta Marzanarekin bidegurutzea egiten duen horretan behera. La Mercedeko zubia gurutzatu eta erriberatik merkatu-plazaraino. Itzuli batzuk egin zituen arrandegi, harategi, fruitu eta barazki postuen artetik. Oilaskoaren igoeraz ari ziren emakume bi harategian. Atentatuari buruz beste hiru arrandegian. Barazki postuko gizonak Athletic zuen mintzagai, eta emakumeek baietz egiten zioten buruarekin. Futbolaz ari zen, futbola bizitzaren ardatz ez den leku bakarretako batean, oraindik ia esklusiboki emakumeen eremu den merkatu-plazan. Museo batetik irten bailitzan joan zen handik, porruak, azenarioak eta entsaladarako letxuga-tomateak plastikozko poltsa batean.

        Handik Ronda kaleko liburu denda batera. Eskaparatean, Cheren biografia sendoa, euskerazko nobela batzuk, disko kañero zenbait eta kamisetak. Barruan agerpen bat: aparizio bat, alegia; larruazal zurbila, begi marroixka argiak, ezpainak arrosa indarge batekoak, soina argala. Berpizkundeko pietate bat iduri zukeen, ez baleramatza oinetako deportibo zartatuak, praka bakeroak eta ez dakit zeren aurkako komitearen kamiseta bat. Mikel barrura sartu zen, baina belu.

        — Gero arte.

        — Bai, agur.

        Mikelen albotik igaro zen, espazio betea espazio huts bihurtuz. Jorge Oteizak bezala, baina askoz estilo gehiagorekin. Atarian jakablua jantzi eta Ronda kalean behera desagertu zen Pietatea.

        — Bai?

        — Zer?

        Mikel jiratu egin zen. Betaurreko batzuk ari zitzaizkion berbetan. Betaurreko haien atzean begi bi eta buru bat. Burua gorputz adar baten gainean pausatua zegoen, eta gorputz hura mostradore baten atzean ezkutatua.

        — Ea zerbait berezia nahi duzun...

        Ez ziren betaurrekoak hizketan ari zirenak. Betaurrekopean sudur bat eta aho bat ere bazeuden. Handik jalgiko ziren berbak.

        — A! Ez. Begiratzera nator soilik.

        — Ondo da, begiratu lasai.

        Gizaki bat zen betaurrekoen atzean ezkutatzen zena, gizaki soil bat, bere poz eta bere miseriak izango zituena.

        — Dena den, gomendatzen dizut, begiratzekotan, liburuetara hurbiltzea. Zauden lekutik dena ikusten da, baina konkretuki ezer ez.

        — Jakina.

        Orduan jabetu zen egoeraz. Dendaren erdi-erdian zegoen zutik, mugitu ere egin gabe, barazkiz betetako poltsa bat eskuan, eta zozo aurpegi izugarriaz. Betaurrekodunak irribarre egin zion. Mikel lotsagorritu egin zen.

        Ez zen ezer konkreturen bila joan, baina besapean liburu bat zuela irten zen. Aparizio batek bultzatu zuen sartzera, kristau askori ama birjinekin gertatu ohi zaion bezala. Jakob Arjouniren nobela batekin irten zen handik. Nobela beltzari buruz galdegin zion dendako mutilari, eta hara non aurkitu zuen nobela beltz sozialaz munduko jakitunik tunenetako bat. Urtero joan ohi zen Xixongo Semana Negrara, han banatzen ei ziren Hammet sariak nobela beltz sozial sailean. Hori dena eta beste hainbat gauza. Kontuak kontu, Jakob Arjouniren Happy Birthday truku! nobelarekin zihoan, eta etxera orduko Manuelenean hartu zuen atseden.

        — Barriro be hemen?

        Txikito bat zerbitzatu zion.

        — Zelebratzera nator.

        — Zelebratzera, zer?

        — Agerpen bat! Apariziño bat, alegia.

        — Edan egik hori, beste bat atarako deuat.

        Kolpe batean hustu zuen txikitoa eta berriro bete zion edalontzi gotorra.

        — Zenbat urte jaukozak apariziño horrek?

        — Ez dakit. Gaur ikusi dut lehenengo biderrez. Ez da ezaguna.

        — Hoba.

        — Zergatik?

        — Maitemintzekotan beti dok hoba ezezagun bategaz maitemintzea.

        — Zer ba?

        — Ezaguna badok azkenean ezkondu egingo hazelako. Hona hemen ni neroni.

        — Manuel!, menuetarako ardoa lehenbailehen!

        Emaztearen ahotsa zen sukaldetik ozen zetorrena.

        — Gero arte.

        Manuelek ardo botilak onilaz betetzen jarraitu zuen, eta Mikel 13an gora igo zen. Porruak garbitu, azenarioa zuritu eta txikitu, patatekin berdin, eta azkenik bere ukitutxoa: tomate gorri bat azal barik. Espresean jarri eta hogeita bost minututan eginak. Bizkitartean egongelan jesarri zen nobela erosi berriari ekiteko. Bezperan Dionisosek zabaldutako botila ardoari txikito bat atera zion, bere buruak eskertuko ziona, noski.

        Dionisos heldu zenerako jausiak ziren lau bat txikito eta nobelaren lehen hogei orrialdeak.

        — Porrupatatak.

        — Hi, beste zeozer egiten be ikasi beharko heunke.

        — Barazkiak oso onak dira, osasungarriak. Eta barazkietan onenak porruak. Barruak garbitzeko ez dago horrelakorik.

        — Hori egia dok baina...

        — Kopla gutxiago eta jan —burruntzalikada bete bota zion platerera.

        — Hik ardoa edan dok, eztok?

        — Apur bat.

        — Alegre ikusten haut.

        — Beste apur bat baita.

        — «Beste apur bat baita?». Eta zertara jatorrek berba jokotxo hori?

        — Agerpen bat, apariziño bat.

        — Neska bat?

        — Bai.

        — A, koño! Esan ba!

        Dionisosek bien edalontziak ardoz bete eta, irratiaren marmarra teloi gisa, minutu pare batean sukaldean ez zen bien zurrupa hotsa baino entzun. Mikelek platerkada errepikatu zuen. Dionisosek, berea bukatuta, Ducadosa iziotu.

        — Lortu dok nire liburua?

        Tomatea. Mikelen ukitua porrupatatei. Amak erakutsia, eta hari bere amak, eta horrela. Ez zuen antza ondo zuritu eta azal zati bat geratu zitzaion eztarrian trabesean itauna entzundakoan. «Liburua? Kaguendios liburua! Non ostia egongo da liburua! Aneren lehengusua, Bilboko jaiak...». Ezin zuen tomate azala eztarri sabaitik askatzea lortu. Eztul batean hasi zen.

        — Lasai, gazte! —lepoko batzuk eman zizkion Dionisosek.

        — Ito behar nuela uste nuen.

        — Tomate azal batekin?

        — Ez, galderarekin!

        — Lortu dok liburua?

        — Ahaztua nuen...

        Tomate azala bezain gorri zeukan matrail buelta. Gero bekokia eta segundo erdi batean aurpegi osoa. Dionisosek upakada handi bat eman zion Ducadosari.

        — Liburu hori lehenbailehen gura joat hemen.

        Egunkaria hartu eta egongelara alde egin zuen. Mikel porrupatatekin geratu zen sukaldean. Ez zen bromatarako kontua. Platereko hondarrak lapikora bota eta lapikoarekin komunera. Komunzulotik joan ziren hondarrak, arratoientzat. Ontziak harraskan bildu eta logelan ezkutatu zen.

        — Mikel! Baina ze ostia duk hau? V. Internazionalaren manifestu berria egin nahi huen, ala?

        — Ez...

        Entsegu lokalean zeuden Zuria Beltzekoak. Mikelek bezperan idatzitako letra irakurri zuen Anek:

        — «Gaur saldu egin naiz... Amiñi bat baino ez bada ere, saldu egin naiz». Eta ondoren plusbalia, Iraultza industriala, Marx, Bakunin, Vladimir Ilitx... Erotu egin al haiz? Proletargoaren rocka egin nahi duk?

        — Ez dun hori, ez hadi hain zirina izan.

        Mikel lokalean batetik bestera zebilen, letra berriak proposatzen zituen bakoitzean bezala.

        —Lenin al da Vladimir Ilitx hori?

        Jonen galderari baiezkoa egin zion buruaz, baina Ane begiratzeari utzi barik.

        — Ba niri gustatzen zait.

        — Klaro! Hiri autoaren asunto hori gustatuko zaik gehien, ezta?

        — Ba...

        — Atentatuko autoa eta Lenin, biak batera. Ederra letra e, Jon?

        Anek beste behingoz Jonekin hartu zituen bere zirinen bueltak. Jonek soinetik kendu zuen gitarra, artez erantzuteko:

        — Bai, Ane, bai. Autoa martxan jarri eta pum! Madero bat gutxiago. Deputamadre iruditzen zait, ulertzen? Oso ondo gainera. Hori entzun nahi zenuen?

        Ane eta Mikel zur eta lur laga zituen. Sinesgaitza. Betiko mutil otzana bere buruaz ziur.

        — Talde honetan hiru gara, eta hirurok esan dezakegu nahi duguna... hau da, de-mo-kra-ti-ko-ki erabaki behar direla gauzak.

        Jon ere lokalean bueltaka hasia zen. Beste biak euren harriduratik irteteke zeudela jarraitu zuen:

        — Talde honek ez du beti zuk idazten duzuna soilik esango. Ez dakit ondo esplikatzen naizen. Mikel eta biok zure aldean maila baxuko gizakiak izan arren, geure iritziak eta geure pentsamenduak dauzkagu, bai?

        — Baina...

        — Ez baina ez ostia!

        Benetan ari zen. Zauritutako piztia bezala. Hainbeste denbora pasa zuen zauria miazkatzen, ez zuela inork espero halakorik.

        — Kokoteraino nago zure letra intimistekin, ulertzen? Kokoteraino! Letra horiekin kantu bat egingo dugu eta kito!

        Gitarra soinean hartu zuen berriz ere. Anek Mikeli begiratu zion, laguntza eskatzen duen umearen gisan. Mikelek irribarretxoa egin zion eta baxua hartu. Ez zuen baterian jesarri beste erremediorik izan.

        Orduerdigarrenera agertu zen Txapli.

        — Hau da burrunba! Hau da nire burrunbanda!

        — Aupa Txapli!

        — Aizue, barkatu lehenago ezer ez esatea... baina asteburuan kontzertua daukagu, zapatuan.

        — Zapatu honetan?

        — Bai horixe.

        — Eta orain esaten diguk?

        — Esan dinat atzo esatea pasatu egin zaidala.

        — Hago lasai, Txapli, ez gaudek hiri kontuak eskatzeko.

        Mikelek itzali zuen neskaren bihotzean lehendik pizten aritutako sua.

        — Barkaidak, Txapli.

        — Ez dun ezer. Barkatuta hago, maittia!

        Eta muxu bat eman zion bekokian.

        — Kendu paretik, babua!

        — Maittia!

        Lokaleko arrautza kaxek zurrupatu behar izan zituen Txapliren ohiko barre algararen dezibelioak.

        — Non da kontzertua?

        — Ez nagok seguru, Jon. Badakik, oso txarra nauk izenetarako. Bihar agertuko duk egunkariko agendan.

        — Hik dauzkak potroak! —Mikeli jasangaitza egiten zitzaion Txapliren ganorabakokeria maitagarria.

        — Beno, joan beharra daukat. Tori oparitxoa!

        Poltsatxo bat bota zion Aneri, sedazko paperetan bildua. Barruan zegoenaren berri ondo zekiten Zuria Beltzekoek.

        — Handia haiz, Txapli!

        — Ez duk hainbesterako! Deituko dizuet.

        Anek egin zituen zeremoniak. Karneta atera, poltsatxoa zabaldu, milakoarekin tutua egin... Bakoitzarentzat lerro eder bana. Ohiko legeak errespetatuz, bateria-joleak sartu zuen aurrenekoa. Molekulen festa gorputzetan. Abiadura lege guztiak hautsiak zainetan.

        — Ekartzak letra hori, Mikel. Ea ganorazko zerbait egiten dugun!