Carvalho Euskadin
Carvalho Euskadin
2023, nobela
296 orrialde
978-84-19570-14-7
Azala: Joseba Larratxe
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
 

 

Iruñea, 2016. urtea

 

 

 

 

Ezer ez zen izango izan den bezala Sanchez Godin agertu izan ez balitz.

      Sanchez Godin 2016. urteko egun batean agertu zen nire etxean, Arriaran Abokatuak bulegoak bidalita, eta niri dagokidanez, han hasi zen dena.

      Garai batean komunean dezente irakurri dudan idazle batek esan ohi zuen literatura informatu beharretik aske dagoen lengoaia dela. Ez zuen esaten, baina gauza jakina da, literatura, informazioa eman beharretik aske egonik ere, noizean behin informatu ere egin behar duen lengoaia dela, ezer kontatuko badu (nahiz eta ezer kontatzea ezinbestekoa ez izan). Eta are, eman beharreko informazio hori nola antolatzen den gakoa dela historiak funtsa izan dezan eta gutxieneko interes batekin jarraitua izan dadin.

      Horregatik erabaki dut Sanchez Godinen puntatik hastea, hura izan zelako ondoren historia horretan eduki nuen parte hartze guztiaren abiarazlea. Jakina, Sanchez Godin nire etxean agertu zenerako historia haren elementuak martxan zeuden, baina nik ez nekien ezer; hemen kontatzen dudana ondoren jakin izan ditudan gauzak dira; batzuk, protagonista izatea egokitu zaidalako, zuzenean jakin ditudanak; beste batzuk, aldiz, poliki-poliki handik eta hemendik besteen ahoetatik eta lekukotasunetatik jasotako zertzeladak dira. Azkenerako kontakizun koherente eta aski osatua eratzea lortu dudala uste dut.

      Hasteko, esan behar da Sanchez Godin ospe sendo baten jabea zela. Hau ulertzea funtsezkoa da, ospe sendo hartan oinarritu zelako jokaldi guztia. Sanchez Godin, Rayo Vallecanotik edo Leganesetik Osasunara etorritako defentsa zentralaren izena eduki arren, idazle eta intelektual ospetsua zen. Hau da, intelektuala izatea zerbait zen garaietako ospearen jabea zen. Publiko zabalarentzat ez zen oso ezaguna, baina espezialisten artean, aldiz, bazen nor. Iruñean lehen aldiz agertu zenean, nik ezin zehatz dezakedan 2015. urteko data batean, Sanchez Godinek hirurogeita hamar urteak pasatuta zeuzkan, baina ez zegoen erabat aguretuta oraindik. Arrautza egosi formako gorputza zuen, arrautza egosi txikiago baten eitea zuen buruaren azpian. Burusoila eta betaurrekoduna zen, patilla luzeak eta bibotea zeuzkan. Goiko aldean, albo bateko ile xerlo matxino batek gurutzatzen zion gaineko soilgunea, batzuetan; beste batzuetan albo horretako gainerako ileekin lerrokatzen zen. Mantso mugitzen zen, gehiegizko pisuak hartaratua, eta normalean begirada infinituan galduta bezala zeukan, zeinak, bere ospearekin batera, edonori susmarazten baitzion beti gogoeta sakonetan murgilduta zegoela.

      Haren ospe intelektualaren oinarrian gertaera jakin batzuk zeuden. Alde batetik, militantzia politiko antifrankista zegoen, gauza jakina baitzen idazle potolo-betiluna Alderdi Komunistarekin lotuta egon zela azken frankismoaren garaian. Gero militantzia komunista zehatza utzia zuen, nonbait, ezker eraldatzailearen forma berriei irekitzeko, nahiz gaur den eguna forma berri horiek zein diren inork oso argi ez dakiena, nik ez behintzat. Beste alde batetik, curriculum akademikoa zegoen. Espainiako unibertsitate ezagun batean ikasle dirdiratsua izana omen zen, lizentziaturako sari nazionala, edo sari berezia, edo halako zer edo zer irabazia Filologia Hispanikoan, edo Filosofian, edo letretako karrera horietako batean; literatura eta ideologiari buruzko tesi saritu batekin doktoratu zen, denik eta kalifikaziorik onenarekin. Unibertsitatean irakasle ere ibilia zen, nahiz eta inkonformismo berezkoak —ziotenez— karrera akademiko dirdiratsuagoa egitea galarazi. Sanchez Godinek arbuiatzen baitzituen unibertsitate espainiarrari zerion endogamia eta berezko burokrazia paralisi-eragilea. Karrera akademiko dirdiratsuago baten falta aise konpentsatzen zuen, ordea, Frantzian zeuzkan aitortza eta prestigioarekin. Arlo akademikoan inork ez zuen ahazten Althusser filosofo frantziarrarekin ibili izana zela, Parisen, baita Balibar, Badiou, Harnecker, Derrida, Foucault eta beste normalien zerutiar batzuen kolega hurbila ere izana zela. Ospe hori, Althusser izena ahoskatu eta horrek halako errespetu erreberentziala sortzen zuenean eskuratu zuen, hau da, orain dela urte asko, ze dagoeneko ia inork ez daki —beti daude salbuespenak, baina gero eta salbuespenagoak dira— nor zen Althusser eta are gutxiago zer den normalien bat. Nik ere ozta-ozta dakit Althusser filosofo marxista estrukturalista berezi samarra izan zela, eta normalien delakoa, Parisko Goi Mailako Eskola Normalaren ikasle bat, non, antza denez, Frantziako elite intelektualak hezi dituzten joan den mende guztian, eta are lehenagoan ere. Hori guztia gutxi balitz, saiakerak eta nobelak idatziak eta argitaratuak zituen. Eta koadroa osatzeko, esaten zen Manuel Vazquez Montalban idazle katalan zenduaren orbita pertsonal eta intelektualaren hurbilekoa izana zela, hainbeste ze katalanak bere obran erabili zuen bigarren mailako pertsonaia baten —Sanchez Bolin— inspiratzailea izan baitzen.

      Alegia, hitz lauz esanda, komunera joan nahi duela esateko saiakera bat idatzi behar duen morroi horietako bat zen.

      Curriculum honek Carlos III.eko Palazioaren ateak zabaldu zizkion alderik alde, eta goiko erpineko bulegoetatik hasita.

      Zehatz esateko, badirudi unibertsitate publikoko norbaiten bidez ireki zizkiotela Kultura Departamentuko ateak, hori erraz lortuko zuen Sanchez Godinek, hura ere unibertsitateko irakaslea izana zelako, esan den bezala, eta adiskideren bat geratuko zitzaion unibertsitate publikoaren sisteman. Publikoan, edonola ere, eta ez inola ere pribatuan, haren irudia guztiz bateraezina baitzen unibertsitate pribatuaren balioekin; Sanchez Godinek idazle ezkertiarra zelako prestigioa oso ongi irabazita eta hobeki finkatuta zeukan, hainbeste non ematen baitzuen Espainiako azken idazle ezkertiartzat famatu nahi zutela batzuek —artean esanda, eskuineko idazleei buruz zergatik ez du inork esaten “eskuineko idazle bat da”, edo antzekorik?—. Hala ere, edo horregatik, Godin txarbizitzen zen letren eta literaturaren itsaso zurrunbilotsuan, eta gurera agertu zenerako “kultuzko idazlea” zen. Literaturaz ezer ez dakienak ere badaki norbaiti buruz esaten denean “kultuzko idazlea” dela, malo, esan nahi dutelako ez duela deus ere saltzen, eta bera bezalako lau friki ganoragaberi baizik ez zaiela interesatzen idazten duena. Baina, amai dezadan hasi naizen tokian, Sanchez Godinen autoritate kultural eta akademikoa funtsezkoa izan zen operazioak aurrera egin zezan, are, esan liteke ospe eta autoritate horretan finkatu zela.

      Etxera agertu zitzaidanean, bakailao lehorra baino sikuagoa nengoen diruz, eta miseriatik ateratzeko esperantza etxe atzean eta toldo pean kultibatzen nituen marihuana-landare batzuetan jarrita neukan; edonola ere, nire egoera pertsonala ez da kontakizun honen ardatza, eta alde batera utziko dut, ezinbestekoa ez den guztietan gutxienez, bestela traba egingo bailioke hari nagusiari.

      Beraz, Sanchez Godin egun batean agertu zen nire etxean, 2016ko udaberriaren hasieran edo urte bereko neguaren bukaeran, hor nonbait. Sukalderaino sartu zen, aurkitu zuen eserleku erosoena aukeratu eta eseri egin zen. Zu zara Enekoitz Ramirez (a) Lanbas?, galdetu zidan. Nire izena Sanchez Godin da.

      Modu hartan bere burua aurkeztu eta goitik behera begiratu zidan, bere hitzen efektua deskubritu nahian bezala, edo. Berehala atera zituen ondorioak. Izan ere, Sanchez Godini buruz jakin ditudan guztiak aurkezpen horren ondoren ikasi ditut. Alegia, orduan ez nekien nor zen, ideiarik ere ez, eta halaxe aitortu nion, xaloaren xaloaz oihartzun lehorra eduki zuen “ez” batekin.

      Begiradarekin zeharkatu ninduen gardena banintz bezala eta nire atzean legokeen zerbaiti so egingo balio bezala. Ez zuen ematen, hala ere, oso harritua haren ospea ez zelako iritsi Iruñerriko txoko umil hartara, nire etxera, alegia.

      Jakin-minez begiratu nion, zer nahi zuen esan zezan gonbidapena eginez. Orduan zera bota zidan: ezagun egiten zaizu Leiho bat zabalik mundura izeneko kultura egitasmoa?

      Niri zer egin behar zitzaidan ezagun, bada, egitasmo hura? Ideiarik ez, nik, zertaz ari ote zitzaidan. Gero ikasi nuen egitasmo handinahi eta ezohikoa zela, kultur ekitaldi erraldoi bat, zeresana sortzen ari zena gero eta gehiago gizartean, jendeak egitasmoari buruzko detaileak ezagutu arauz.

      Azaldu behar da hemen “gizartea”, “jendea”, “mundu guztia” eta horrelako esamoldeak erabiltzen direnean, jende multzo erlatiboki txiki bati buruz baino ez garela ari, egunkarietako eta medietako berriez haratagoko informazioa erabiltzen ohituta dagoen elite bati buruz. Izan ere, informazioaren erabilera diskretua —erlatiboki diskretua— izan zen gertaeraren osagaietako bat, osagai garrantzitsua, Sanchez Godinek maisuki kudeatu zuena.

      Leiho bat zabalik mundura hamar egun iraun behar zuen asmo handiko kultur jardunaldi bat zen; hamarraldi horretan egunero ekitaldiren bat zegoen, crescendo moduan antolatua, zeinaren goren puntua Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarraren presentzia izango baitzen, aurreko urtean, 2015ean alegia, Nobel saridun izendatua etorriko baitzen hitzaldi bat ematera Gaiarre antzokira.

      Gurean guztiz ohi kanpokoa zen hori bezalako gauza bat justifikatzeko, batzuek esaten zuten orduko gobernu autonomiko berriak ahalegin bat egin nahi zuela kulturaren panoraman historikoki edukitako bigarren edo hirugarren mailako paperetik irteteko, eta munduari erakusteko —hots, Madrili eta Bilbori, batez ere— gure erkidegoa erreferente bat zela kulturaren —kasu honetan literaturaren— arloan. Beste batzuek pentsatzen zuten, ozenki esatera ausartu gabe, dirua parrastaka zakarrontzira botatzeko antolaturiko handinahikeria bat zela. Nor zen edo zergatik aukeratu zuten Aleksievitx, nik ez nekien, baina suposatu nuen Aleksievitx baino lehenagoko Nobel saridunek, Munrok edo Modianok, alegia, dezente ezagunagoak izanik, diru-sari askoz ere handiagoak eskatuko zituztela Aleksievitxek baino. Aleksievitxek hiru abantaila biltzen omen zituen bere baitan: azken Nobel sariduna zen, lehenik, emakumea zen, bigarrenik, eta gainera, merkeagoa, hirugarrenik. Vargas Llosa ez zen aukera bat, gobernu berriaren aurkariek ekartzen zutelako hauteskunde kanpainetan noiznahi, eta jada gure bizitzetan Espainiako prentsa arrosaren bidez sartuta egonik, ez zuelako nobedadeak, berriak, sortzen duen efekturik sortuko.

      Jardunaldia egiteko asmoa aurkeztu zenerako, programa ia erabat finkaturik zen, eta hari solte batzuk baino ez ziren geratzen. Aleksievitxen presentzia lotuta zegoen, eta Sanchez Godinek Aleksievitxek hitzaldia eman bezperan aritu behar zuen, horixe zen Leiho bat zabalik mundura delako hartan erreserbatua zuen eguna. Preseski, jardunaldia aurkeztu zenean, Sanchez Godinen parte hartzea misterio laino batean bilduta geratu zen bakarra izan zen. Alegia, publiko egin zen haren parte hartzea, txundituta utziko gintuen zerbaitekin, baina zerbait hori zer izango zen azaldu gabe, hura sorpresa baitzen, eta ustekabea baitzen aferari grazia guztia ematen ziona. Off the record, lehen esandako elite intelektual eta kultural horien artean zabaldu zena izan zen Sanchez Godinek liburu bat aurkeztuko zuela, baina liburu hori ez zela berea izango, Manuel Vazquez Montalbanena baizik. Alegia, Manuel Vazquez Montalban hil eta gero, haren paperen artean aurkitutako nobela inedito bat, hil osteko nobela bat. Sanchez Godinek, gobernuan eduki zituen hasierako bilera haietan, azaldu zuen nobela kasualitatez aurkitu zuela Biblioteca de Catalunyan dagoen Manuel Vazquez Montalban Fondoan. Han, paperak eta dokumentuak sailkatzen eta antolatzen ari zenean, bekadun batzuen laguntzarekin, nobela agertu zen. Hil ondoko nobela argitaragabearen izenburua: Carvalho en Euskadi.

 

 

Ni horretaz guztiaz enteratu nintzenerako, Sanchez Godinek oso aurreratua zuen proiektua, egoki mugitu zen eta jada saldua zuen produktua gurean; hasieran unibertsitateko irakasle batzuekin bildu zen, zeinek probintziako kultur munduko notableengana eraman baitzuten: enteratuak, dozena erdi liburutik gora irakurritakoak, oraingo terminologian “preskriptore” izena ematen zaienetakoak. Azkenik, irakasleak eta notableak tarteko, Carlos III.a etorbideko Palazioko ateak zabaldu zitzaizkion, eta han ere bilerak eduki zituen gure ordezkari politikoekin, denik eta goren mailakoekin. Sanchez Godinek erakutsi bide zuen “bere” produktua saltzen abila zela. Baieztatu zuen Vazquez Montalbanen oinordekoen baimenaz ari zela, noski, eta haren jardunak legezkotasunaren eta fede onaren berme guztiak betetzen zituela.

      Gobernuaren aldetik, Leiho bat zabalik mundura jardunaldirako bozeramaile berezi bat izendatu zuten, kontseilari bat, Pepa Jauregi, batzuek Pepa Eisenhower —baita Pepona Eisenhower ere, baina hori bakarrik ostia txar handia zeukatenek— esaten ziotena agintzeko zeukan gogoarengatik, omen. Peparen eskuin eskua Zuberobeitia izeneko bat zen. Zuberobeitia hau gobernu berriko zuzendari nagusi bat zen, Bilbotik ekarria. Merezimenduak egin nahi omen zituen Bilbora itzultzeko, baina hona etortzeko han utzi zuena baino kargu hobe batera. Lanpostua harentzat tranpolin bat zen, oso ongi zetorkiona zailtzen joateko, Bilbora barrakako jefe moduan itzultzen zenerako. Pepa oso pozik omen zegoen Zuberobeitiarekin, Kulturako aurrekontu ia guztia bere irudiaren osperako erabiltzeko zalantzarik ez zuelako eduki. Sanchez Godinekiko negoziazioak, gobernuaren izenean, Zuberobeitiak eraman zituen. Sanchez Godinek baieztatu zuen, bere autoritate moralaren pisu guztiarekin, Montalbanen liburu ezezaguna bere ohiko argitaletxearekin ez ateratzearen eta bestelako argitaratzailerik bilatzearen arrazoi nagusiak argitaletxe hark erakutsitako interes falta eta interes falta horren ondorioz erakutsitako sentiberatasunik eza izan zirela. Jakinaren gainean zeuden notable denek ulertu zuten egiazko arrazoia zela liburu ineditoa argitaratzearen truke eskainitako baldintza ekonomikoak ez zirela idazle katalanaren oinordekoen gustukoak izan. Horri dagokionez, ez zegoen fidagarritasun osoz jakiterik zenbat diru eskatzen zuen Sanchez Godinek Montalbanen liburua Leiho bat zabalik mundura izenekoan aurkezteagatik, baina mundu guztiak zioen diru kopuru eskandalagarria zela. Noraino handia, zifrak ez zetozen bat; 120.000 eurotik 300.000 eurorako tartea aipatzen zen. Kopuru horretan Sanchez Godinek garbi poltsikoratuko zuena ez ezik, gainerako gastu guztiak —liburuaren edizioa, argitalpena, promozioa, itzulpena eta abar— sartzen omen ziren. Egiazko kopuruak zeintzuk izan ziren, nik ez dakit. Itzulpena esan dut, paketearen barruan zegoelako Carvalho en Euskadi Carvalho Euskadin ere izatea, alegia, euskarara itzultzea.

      Bistan denez, diskrezioz eta off the record erabiltzen zen informazio bat izan arren, horrek denak hautsak harrotu zituen egunerokotasunaren aurpegi arruntaren azpiko maila sakon batean, lurrikara txiki baten indarrez.

      Medioen erreakzioak eman zuen aditzera barneko lurrikara horren indarra. Iritziak ez zetozen bat, uste izatekoa zen bezala, eta uste izatekoa zen norabidean. Gobernu berriaren aldeko egunkari bakarrak sutsu aldeztu zuen ekimena; kontrako betiko prentsa eskuindarrak, aldiz, hasieratik erakutsi zuen aurkakotasuna, espantuka arituz, eta aurrekontua gehiegizkoa zela, asmo megalomano eta tokiz kanpokoa zela azpimarratu zuen. Iritzi-emaile batzuei irakurri ahal izan zien leunena hura “bilbotarkeria” bat zela izan zen. Oro har, bistan zen haiek nahi zutena zela Leiho bat zabalik mundura frakaso erabatekoa izatea, gobernu berriaren loriarako asmaturikoak gobernua barregarri uztea, eta ez ziren gehiegi saiatzen hura disimulatzen. Ezkerreko edo euskarazko prentsak distantzia hartu zuen, bertako sortzaileei ematen zitzaien toki eskasa zela medio, zer esanik ez sortzaile euskaldunei —nahiz eta bazegoen bat programan, eta nahiz eta Sanchez Godinek ekarritako liburuaren euskarazko itzulpena aurkeztuko zen jatorrizkoarekin batera, euskaltzaleei eginiko kontzesioa zena, bistan zenez—. Madrilgo prentsak toki gutxi eskaini zion ekitaldiari, eta harriduraren eta ironia burlatiaren artean mugitu zen, ohikoa duten nagusitasunez. Jarrera horrek harrotzen zuen Pepa Jauregi, lotuta zeukalako Aleksievitxen presentzia; are, Estatuan egingo zuen jirako lehen geralekua Leiho bat zabalik mundura programan egingo zuen, Madrilera, Bartzelonara edo beste edonora joan baino lehen.

      Politikariek zuhurtziaz jokatu zuten, behingoz, eta hori ez da ohikoena norbait ogia erostera joatea bezalako ekintza xume bat, demagun, esamesa eta kanbalatxe politikorako erabiltzen ahal den komunitate txiki batean. Hanka laburreko politikan ohituta egonik ere, oposizioak isiltasunaren hautua egin zuen, aiduru, ahal zuten informazio guztia bilduz, une egokia iristean gobernuaren jugularrera jauzi egiteko prest. Gobernua zuzenean edo zeharka aldezten zuten indarrak ere isildu ziren, dena ongi atera zedin otoitz egiten, batzuen kasuan, eta gaizki ateraz gero faktura prestatzeko gertu, Pepa Eisenhowerri pasatzeko.

      Bitartean, idazleak, intelektualak, liburuzainak, argitaldariak, eta plazako kultur giro apaleko eragileak eszeptizismoaren, harriduraren eta mesfidantzaren artean kulunkatzen ziren. Hain zen handia halako kultur ekitaldi batek eragiten zuen paradigma aldaketa, ze esan liteke gehienak tokiz kanpo geratu zirela, mugitzeko zailtasun gehiago zituztenak bezala, egoera berriak aukerak direlako sinesmenarekin ikusten zituztenak ere, lehenek ez zekitelako horrek guztiak nola eragingo zien beren negozioei, bigarrenek ez zekitelako, zinez, aukera zertan zetzan eta nola profitatu.

      Talde feministek protestak egin zituzten Sanchez Godin Althusserren ikaslea izan zelako, eta Althusser krimen matxista baten egilea zelako, emaztea bere esku propioez ito baitzuen. Horrek polemika gogor samarra eragin zuen: Althusser tratamendu psikiatrikoan egon zela, batzuek, desenkusatu nahian edo; nola izan zitekeen ezkerrak —ezkerrak, gainera— hiltzaile matxista bat lider intelektualtzat hartzea, besteek. Edonola ere, Sanchez Godinek ez zuela zerikusirik izan Althusserren emaztearen hilketarekin gogorarazi behar izan zen.

      Bitartean, jende arruntari berdin zitzaion, hura dena oso urruti zegoelako bere egiazko kezketatik, eta Osasunaren martxa zelako benetan jende multzo kopuruz esanguratsu bat biltzen zuen kezka bakarra. Gehienez, kultura masa-espektakulu bihurtu nahi den ia gehienetan bezala, halako atxikimendu epidermiko moduko bat sortu zen, baina Aleksievitx zen interes gehien bereganatu zuena, batez ere idazle bielorrusiarra guztiz ezezaguna zelako, eta hori zela medio, munduaren erdiak beste erdiari “Nor da Aleksievitx?” egiten zion galderari erantzuten jakitea laster bihurtu baitzen kulturaren erakusgarri gorena, ongi geratzeko eta jendaurrean prestigioa irabazteko bide segurua.

      Egitasmo haren aurkezpena eta propaganda egin zen denbora guztian Sanchez Godinek berriz demostratu zuen diskrezioa behar-beharrezkoa zuela, eta lortu zuen prentsan inork ez argitaratzea hark aurkeztu behar zuen liburua zein zen; espektatibak sortu zituen baina informazioa ezkutatu zuen, maisuki, eta elkarrizketak egitera joan zitzaizkionen jakin-mina desaktibatu zuen, trebeziaz, eta perla eder batzuk botaz isildu zituen: “Althusser marxismoaren Lutero izan zen: idazki sakratuak kendu zizkien Vatikanoko teologoei unibertsitateko irakasle ez numerarioei emateko”, eta gisakoak. Kazetariek, gazteak gehienez, ea zer ziren “irakasle ez numerario” horiek galdetu ziotenean, Sanchez Godinek gaurkotu zuen aipua: “Irakasle elkartu, edo unibertsitateari buruzko lege berri bakoitzak unibertsitateko pariak direnei ematen dien izena, dena dela”.

      Orduan nik ez nion horri hainbeste garrantzi eman, baina gerora gauzak zertara etorri ziren ikusita, esaten duzu, ño, Sanchez, bazenekien zertan ari zinen. Diskrezioa, denboren kontrola, eraginkortasuna.

      Sanchez Godinek aurkeztuko zuen liburua Vazquez Montalbanena zela, beraz, beti jakinaren gainean daudenen elitearen zirkulu esklusiboetan geratu zen, gehi zirkulu esklusibo horietan zer egosten den jakitea beren bizitzaren helburu bihurtu duten frankotiratzaile batzuen datu-basean. Frankotiratzaile horietako bat Johanes Goñi Ozpinki da, nire adiskidea —nolabait izendatzearren—, zeinarekin liburuaren kontu hau zela medio harremana areagotzea beste erremediorik ez bainuen izan, eta zeinari buruz orain ez ezik, geroago hitz egin beharko baitugu, derrigor. Ozpinkik jasotako berrien arabera, Jauregi-Zuberogoitia sozietatearen arrakastaren gakoa zen konturatuak zirela interes konbergenteak zituztela, eta aurrekontu handi bat jartzen ahal zutela intereson zerbitzuan. Zein ziren interes horiek? Baten anbizio politikoa eta bestearen gora-nahia. Ozpinkik esan zuen, halaber —baina hori geroago esan zuen, kasuak beste konnotazio batzuk hartu zituenean, ez hasiera hartan—, Sanchez Godin Vazquez Montalbanen herederoen izenean ari zelakoa, hori inork ez zuela zalantzan jarri, berehala zabaldu zelako Sanchez Godin kasik Bartzelonako idazlearen anaia bat bezalakoa izan zela; eta hain handia zela bere autoritatea, inori ez zitzaiola okurritu herederoei galdetzea, badaezpada; alegia, ez zedin gerta Sanchez Godinek galdera mesfidantzaren frogatzat hartzea eta galdetzaile lotsagabea begitan hartzea, eta afera itxuraz interesgarri horretatik kanpo uztea. Carvalho en Euskadi berari dagokionez, Sanchez Godinek ez zion inori erakutsi nahi izan —itzultzailea alde batera utzita, jakina—, ez zuela filtraziorik nahi argudiatuz. Kortesiaz edo, Pepa Jauregiri eskaini zion, noski, baina honek uko egin zion ohoreari, Sanchez Godinen arrazoiak, liburua begiluzeen atzaparretatik babestea, ontzat emanez. Orduan Sanchez Godinek kortesiazko eskaintza Zuberobeitiari berritu zion, baina honek ere uko egin zuen, Pepari fideltasuna eta haren arrazoiei atxikimendu hautsezina, adhesio inkebrantablea, erakustearren.

      Hutsa, huts barkaezina.

 

 

2016ko egun hartan nire etxean agertu zenean, Sanchez Godinek agindu bat zuen niretzat: Baionara joan behar nuen, egun jakin batean, ordu zehatz batean, Les Pyrénées ostatura. Han hurbilduko zitzaidan norbait eta norbait horrek zerbait emango zidan. Ez zegoen oso argi zer emango zidan: izan zitezkeen paper batzuk, edo karpeta bat paper batzuekin, edo usb bat. Edozer zela ere, nire misioa zen ezezagun horrek ematen zidan hura, zena zela, hartu eta Sanchez Godini ekartzea. Korreo lana, hitz batez.

      Joan egin nintzen, beraz, esandako egunean eta orduan esandako tokira. Kontaktua inolako arazorik gabe gertatu zen. Berehala konturatu ginen biok “bestea” nor zen. Biak zakur zaharrak ginen, eta ez genuen denbora gehiegi pasatu behar izan elkarren ipurdiaren usnan.

      Elkar trukagarriak izan gintezkeen. Ni izan nintekeen mahai haren aurrean eserita zerbeza bat edaten ari zen tipo hura, eta hura zatekeen kristalezko atea zeharkatu berri, segundo batzuk lehenago tabernako bezero urriei begiratu panoramikoa egin zien beste morroi hau, ni alegia. Une hartan nor zer tokitan zegoen, zori kontua baino ez zen izan. Ideia aztoragarri horrek ez ninduen abandonatu Les Pyrénées horretan egon nintzen denbora guztian.

      Burusoila zen, baina burusoiltasun antigoalekoa zen berea, nolabait esan; alegia, buru gaina zeukan soil-soila, baina alboetan txima luze eta lika batzuk hazten zitzaizkion. Haren ondoan, nik ilea arrasean moztuta neraman, nire soilguneak kiroltasun itxura batez disimulatzeko. Hainbat egunetako bizarra zeukan; nik, aldiz, bizarra egunero egiten dut. Altueraz antzekoak ginen, gure belaunaldietako batezbestea, gutxi gorabehera, arreta ez deitzeko modukoak, ez goitik eta ez behetik ere. Begiratu tristea zuen, malenkoniak eta eszeptizismoak zipriztindua, baina ez zitzaidan iruditu fidagarria; partez dagoeneko ez naizelako inorekin fio, partez nabarmenegia zelako haren begien konplizitate eskea. Aurpegi haren nortasuna begietan kontzentratzen zen bitartean, nirearen ezaugarri nagusia sudurra da, nik uste. Hainbatek esan izan didate nire begiradak aire aztoragarria duela, iduri duelako toki guztietara begiratzen dudala, eta inora ez aldi berean. Nik uste dut nire sudurrak eragiten duela inpresio hori, besteen soak bereganatzen dituelako iman baten indarrez, hainbat segundoz; eta begietara so egiten didatenerako nire begiak, segundo horiek aprobetxatuta, bueltan datoz, nahi dutena eskaneatu eta gero.

      Morroi horren begiradak konplizitatea eta errukia eskatzen zituen, eta emateko puntuan zeundenean dir-dir estrainio batek atzera eragiten zizun, une hartan ulertzen zenuelako bere sareetan erortzen ari zinela.

      Soin-enborraz aski zabala zen, ni neu bezala. Bestalde, zerbeza ausarki edatearen ondorioz —imajinatu nuen— kupelosia aski garatua zuen. Ni abdominalak egiten saiatzen naiz nire kupelosia neurri arrazoizkoetara ekartzen.

      Baina guztiarekin, janzkera zen gehien urruntzen gintuena. Hark polar aski maiztu bat zeraman, txandaleko prakak eta kirolerako zapatilak, eta nik aldiz, antezko jaka bat, praka bakeroak eta larruzko zapatak neramatzan, gomazko zoladunak. Alegia, janzkera egokia nonahi diskretu egoteko, baina baita lasterka ateratzeko, eta are inori ostiko bat potroetan emateko ere, beharrezkoa izatera.

      Clochard bat eta badaezpadako bat aurrez aurre; baina jantziak trukatu eta bakoitza bestearen bizitza bizitzera joan izan balitz, inor ez zatekeen trukeaz konturatuko, beharbada.

      Euskaraz egiteko moduarengatik berehala eta aise nabaritu nuen Bizkai aldekoa zela, edo bizkaieraz egiten den Gipuzkoako herri batekoa.

      Zerbeza bat eskatu nuen. Mahaian eseri nintzen. Hark eskua polarraren patrikan sartu, usb bat atera eta eskuan jarri zidan.

      Saiatu nintzen mihitik tiratzen, ea zer zen ematen zidan hura, nork eman zion hari, halako gauzak. Ez zidan ezer esan. Hark ere ez zekiela esan zidan, eta ez dakit gezurretan ari zen edo ez. “Nik ekarri egin dot, beste barik; zer dan, zuk esango eustazula uste neban” esan zidan, edo halako zer edo zer.

      Hango aldia egina zen, eta beraz, agur esan eta lekutu nintzen.

      usba hartuta Arriaranen bulegora joan eta bertan utzi nuen, horixe zelako Sanchez Godinek emandako jarraibidea. Joan nintzenean Bildosolak ez ninduen hartu, ez omen zegoelako bulegoan, are gutxiago Arriaranek, nirekin oso gutxitan baino ez baitzen elkartzen. Idazkari batek eman zidan txeke bat; adostutako dirua zen, kopuru aski ona lan erraz haren truke. Txekea hartu, kobratu eta etxera egin nuen.

      Arriaranen bulegoan egon nintzenetik laugarren edo bosgarren egunera, ordea, berriz eduki nuen Bildosolaren deia. Bilera batera deitu ninduen, Bilboko bulegoan. Beste zereginen bat egon zitekeela niretzat gaztigatu zidan.

      Bilerara agertu nintzenean, hiru pertsona zeuden: Arriaran bera —ustekabea; horrek esan nahi zuen bilera garrantzizkoa zela, inondik ere—, Bildosola eta, nola ez, Sanchez Godin. Arriaranek irribarre odontologikoak eta bizkar gaineko esku-zartak barreiatu zituen, esku-emate estrategiko batzuk banatu zituen, horrenbestez bileraren garrantziaz kontura gintezen, eta aienatu egin zen, gizon okupatua baita, eta bilera hasi zen.

      Bildosolak hartu zuen hitza: Sanchez Godinek arazo bat zeukan eta guk lagundu behar genion. Zer arazo? Sanchez Godinek azaldu zuen, bere begirada berezi harekin. Denborarekin, berarekiko harremana garatu ahala konturatu nintzen askotan begiratzen zidala gardena banintz bezala, eta izen bat jarri nion begiratzeko modu horri: korrelato objektiboaren begirada. Neronek ere ez dakit oso ongi zergatik jarri nion izen hori; beharbada esan nahi nuen ezen, ni harentzat gardena izanik, haren soak nire gorputza zeharkatu, eta haratago, hark bakarrik ikusten ahal zuen beste errealitate batekin, beste errelato batekin, egiten zuela topo; edo beharbada bakarrik esan nahi nuen begiratzeko modu horrekin kikilarazi nahi ninduela, haren erabateko nagusitasun intelektuala azpimarratzeko. Kontuak kontu, arazoaren berri eman zigun; zidan, esan beharko nuke, azalpena niretzat baitzen, Bildosola jakinaren gainean egongo zenez: egun batzuk lehenago —hau da, nire etxean lehen aldiz agertu baino egun batzuk lehenago—, Donostiara etorria zen Carvalho en Euskadi nobelaren itzulpenari buruzko gorabehera batzuen gainean hitz egitera, itzultzailea Donostian bizi zelako. Amara Plaza hotelean hartu zuen ostatu; eta hango gelan lapurtu egin zioten: liburuaren jatorrizkoaren kopia zuen usb bat, ordenagailua, kartera eta bertan zeukan diru guztia: bostehun euro. Lapurreta gertatu eta gutxira, aldiz, gutun bat jaso zuten Arriaran Abokatuak bulegoan, gutun anonimo bat. Gutunak zita bat jartzen zuen, Baionan. Zita horretan, gutun anonimoaren egileek jatorrizko liburua zeukatela erakutsi nahi zuten, nolabait esan, bahituta; eta liburua berreskuratzeko baldintzak jarriko zituzten. Orduan sartu nintzen ni joko hartan, Baionara bidali nindutenean, lan zikina egitera, beti bezala; izan ere, ez omen ziren fio zita horretan benetan zer gerta zitekeen, eta badaezpada ere, ni bidali ninduten morroi. Ohituta nago.

      Antza zenez, Les Pyrénées tabernan zegoen beste morroi hark eman zidan usba froga bat zen. Carvalho en Euskadi nobela morroia bidali zutenen eskuetan zegoelako froga. usbak nobelaren pasarte esanguratsu batzuk zeuzkan, eta horrekin, liburu lapurrek demostratu nahi zuten haiekin negoziatu behar zela. Hori ez ezik, liburua berreskuratzeko baldintzak finkatu zituzten bertan, baita aurrerakoan bi aldeen arteko kontaktuak eta negoziazioak garatzeko jarraibideak ere.

 

 

Beraz, lapurrek, usban, Carvalho en Euskadi berreskuratzeko zer egin behar zen azaltzen zuten. Baina horretan sartu baino lehen, argi geratu ez zitzaizkidan beste puntu batzuk argitu nahi ditut, Sanchez Godinek eta Bildosolak nire galderei emandako arrapostuetatik ondorioztatu nituenak.

      Lehenengo gauza zen ezin nuela ulertu nola aurkeztuko zen Carvalho en Euskadi izeneko liburu bat aldameneko autonomia erkidegoan, eta ez Euskadin bertan. Badakit puntu hau lehen ere aipatu dudala, zeharka bada ere, baina berriro itzuli nahi dut haren gainean; Bildosolak zioen arrazoi ekonomikoak, politikoak eta anbizio pertsonalak zeudela aukera hartan. Sanchez Godinek, askoz ere gordinago hitz eginda, argi utzi nahi izan zuen gurdikada bat diru eman ziotela liburua Iruñean aurkezteagatik; are, Euskadin ere eskaini zuela liburua, eta askoz diru gutxiago emateko prest agertu zirela. Bildosolak zioen diru eskaintza handi hartan autoafirmazio keinu bat zegoela: Euskadiri begi-zeharka begiratzeko morrontzatik askatu direla lau haizeetara adieraztea; konplexuak gainditu dituztelako erakustaldi bat, Bizkaiko golkoa eta Mendebaldeko Pirinioak dauden munduko koordenada hauetan egiazko motor kulturala haiek direla edo izan daitezkeela erakusteko maniobra bat…

      Nik nireari atxiki nion, ordea: alegia, izugarria zela, xvi. mendeko logikara itzultzea bezala zela, noiz Hego Euskal Herriak 320 mila inguru biztanle baitzuen, Iruñeak bederatzi mila inguru eta Bilbok eta Donostiak bost mila eskas bakoitzak. Alegia, Euskal Herriko zentro kultural, ekonomiko eta politikoa irauli eta garai hartara itzuli nahi balitz bezala zela, izugarria, sinestezina; ordea, ez nien hitz horiekin eta datu horiekin esan; izan ere, nik datuok ezagutzen ditut Joxe Azurmendiren Pentsamenduaren Historia Euskal Herrian liburua ari naizelako irakurtzen, eta komuneko apalategian daukadalako. Baina Bildosolak eta zer esanik ez Sanchez Godinek Azurmendi ezagutzeko aukerak oso eskasak zirela kontsideraturik, futbolaren mailako konparazio batera jotzea hobetsi nuen, konparazio historikoaren kaltetan, eta Osasunak Athletic-eko izarra fitxatuko balu bezala zela esan nien. Orduan Bildosolak elkarrizketaren norabidea aldatu eta esaten hasi zen halako ekitaldi kulturalak beti direla interesgarriak. Kultura interesgarri izate horrek nolabaiteko eztabaidatxoa piztu zuen gure artean, nik galdetu nuelako, orduan, “interesgarriak, zertarako?”, eta Bildosola espantuka hasi zelako, “zer, hori ere azaldu behar al da, ba, hori ere azaldu behar al da?” esanez. Sanchez Godinek korrelato objektiboaren begiradak banatu zituen, eta ni mutu geratu nintzen. Beharbada hiruretako inork ez genekien zertarako balio duen kulturak, eta horregatik inork ez zuen azaltzen; edo beharbada haiek biek ongiegi zekiten zertarako balio duen, eta ez zuten nahi azaldu, entera ez nendin.

      Puntu hura aski eztabaidaturik, nonbait, Carvalho en Euskadi euskarara itzuli izanaren auzira bueltatu nintzen. Antza zenez, idazlearen oinordekoek guztiz beharrezkoa jo zuten liburua euskarara itzultzeko keinua egitea; Pepa Jauregik ez omen zuen oztoporik jarri, eta are, itzulpena oso prezio onean ordaintzeko prest agertu zen, itzulpenaren kudeaketari buruzko guztia —itzultzailea aukeratu, epeak finkatu, zuzenketak eta berrikusketak egin, eta abar— Sanchez Godinen esku utziz. Horrek ekarri zuen harira Carvalho en Euskadi liburuaren edizioaren eta argitalpenaren kontu guztia, nik artean ezagutzen ez nuena. Gobernuak kontaktatu zuen argitaletxe ezagun batekin, hark jar zitzan haren bitarteko profesionalak liburua produzitzeko, diru kopuru baten truke; gobernuak ordainduko zituen produkzio gastuak eta ko-argitaratzaile moduan agertuko zen beste argitaletxeak ez mintzeko liburu horretarako propio sortuko zen argitalpen-zigilu berri batekin batera: Pandora argitaletxea; zabalkundeaz arloko enpresa batzuk arduratuko ziren. Gero, gastu guztiak ordainduta —Sanchez Godinek eskatutakoa barne—, eta egile eskubideak likidatuta, ezer geratzen bazen, gobernuak eskuratuko zuen. Antza denez, erabaki horrek haserrea piztu zuen alboratuta geratu ziren argitaletxeen artean. Baina niri hori ez zitzaidan hainbeste interesatzen. Nor da itzultzailea, jakin nahi izan nuen. Bildosolak izen bat eman zidan, oharra eginez: “Izenak ez dizu ezer esango”. Ez, izenak ez zidan ezer esaten, baina oraindik geratu zitzaidan azken zalantza bat: Sanchez Godinek ez zuen lapurreta salatu? Bildosolak eta Sanchez Godinek inteligentziazko begirada bat trukatu zuten eta Sanchezek erantzun zidan, ezetz. Hasieratik iritzi ziotela hura ez zela lapurreta, esan dezagun, normala. Bestetik, gaia delikatua zela. Hasteko, noren aurrean salatu? Delitua gertatu den tokia kontuan hartuta, Ertzaintzan egin behar zuen salaketa; baina lapurretaren gaia, liburua alegia, non aurkeztuko zen kontuan hartuta, Foruzaingoan salatu beharko zukeela. Beste aukera bat zela Espainiako Polizian salatzea; baina afera nazioartekotu zela, liburuaren lapurrek Baiona aukeratu zutelako negoziazioak egiteko tokitzat; orduan, jendarmeei salatu beharko zien? Beraz —zioen Sanchez Godinek—, Bartzelonara deitu zuen, jarraibideak eskatzeko. Bartzelonan erabateko diskrezioa eta zuhurtzia behar zela erabaki zuten. Onena zela isiltzea eta gertaeren zain geratzea, ea lapurrak edo lapurrek zerbait esaten zuten. Eta gero gerokoak.

      Puntu horretan geunden. Lapurrak Baionan niri emandako usbaren bidez mintzo ziren. Ondoren, eta bukatzeko, arazo arantzatsuena zetorren: zer eskatzen zuten lapurrek jatorrizkoa bere jabeen eskuetara itzultzeko? Sanchez Godinek azaldu zuenez, lapurren mehatxua argia zen: diru kopuru handi bat jaso ezean, jatorrizkoa, Carvalho en Euskadi, zabalduko zuten interneten, debalde. Zenbat eskatzen zuten jakin nahi izan nuen, noski, eta arrapostuak zur eta lur utzi ninduen: milioi erdi bat euro eskatzen ez zuten, ba! Niri izugarrikeria bat iruditu zitzaidan. Sanchez Godinek, aldiz, esan zuen Vazquez Montalbanek asko saltzen zuela bizi zelarik, eta oraindik haren irakurleetako asko bizirik zeudela. Bildosolak azpimarratu zuen milioi erdia negoziazioak hasteko kopurua baino ez zela. Bestetik, batak zein besteak bestelako kezka ere adierazi zuten: ez zen bakarrik galera ekonomikoa; horri gehitu behar zitzaion Carvalho en Euskadi liburuaren aurkezpena zela Leiho bat zabalik mundura jaialdiaren ekitaldi garrantzizkoena, Aleksievitxen hitzaldia aparte utzita; eta liburuaren aurkezpenak huts egiten bazuen, horrek ondorioak edukiko zituela, ondorio politikoak, oposizioak erasoa joko zuelako, eta Pepa Jauregiren asmoa barregarri geratuko zelako, ordura arte erakutsitako gogoa eta jarritako enpeinuarekin. Enpeinua esan zutelarik, nik dirua ulertu nuen, baina edozein kasutan ulergarriak zitzaizkidan arrazoiak. Eskatutako kopuruari zegokionez, lapurrek estimazio oso baikorra egin omen zuten negozio editorialari buruz, Sanchez Godinek zioenez. Azkenik Bildosolak azaldu zidan ezen, inongo poliziaren aurrean salaketa ez aurkeztu arren, leialtasun gutxieneko batek behartuta, dena jakinarazi ziotela Pepa Jauregiri, eta hark esan ziela haren aldetik neurriak hartuko zituela, nahiz eta horrek ez zuen esan nahi Bildosolak eta Sanchez Godinek ezin zezaketela egoki jotzen zituzten desmartxak egin, liburua berreskuratzeko. Pepa Jauregik neurriak hartuko zituela esatean, ulertu behar omen zen hark bai, hark polizia inplikatuko zuela aferan, zer polizia kidego, eta kidego horretako zer atal egongo zen inplikatua jakin ez arren. Eta arren, faborez eta otoi, den-dena, zena zelakoa izanik ere, diskrezio osoz eraman behar zen aurrera.

      Momentuz bederen, hitz egindakoa zen lapurrekiko negoziazio zuzenak egiteaz Bildosola eta Sanchez Godin arduratuko zirela. Bilera amaituta, Bildosolarekin aurrez aurre eta bakarrik nengoela, zuzen galdetu zidan: lapurtuko zenieke liburua lapurrei? Gauza izango zinateke?

 

 

Nire aldetik, erantzuna zen baietz, balio zuen prezioa ordaintzeko prest egonez gero.

      Bildosolaren plana aski erraza zen: Sanchez Godini txantajea egiten zioten lapurrei jatorrizko testua lapurtzea; gero, testuaren jabe egiten banintzen, Bildosolak nahi zuen ni lapurrengana joan eta botika beretik eman niezaien, hau da, txantajea egin niezaien: emadazue dirua, edo testua interneten jarriko dut, eta abar. Bide horretatik, lapurrei negozioa zapuztuta, dena ez bazen, diru gehiena berreskuratzea espero zuen.

      Bitartean, negoziazioetan ari ziren. Nik ez neukan detaile askorik horri buruz. Antza denez, bilerak Iparraldean egiten zituzten, Hendaian, baina lapurren aldetik ari zirenak txorimalo batzuk ziren, egiazko lapurren nortasuna ezkutuan gorderik gera zedin erabiltzen zen pantaila. Txorimaloak Hegoaldekoak omen ziren, Bildosolak zehaztu zuenez.

      Lau aldiz bildu eta gero aurrerapenak egiten ari omen ziren. Bai Bildosola, bai Sanchez Godin bat zetozen gauza batean: lapurren kalkuluak baikorregiak omen ziren. Lapurren ustez, Vazquez Montalbanen nobela ezezagun batek aise lortuko zituen 50.000 erosle. Prezioa 40 euroan jarriz gero, fakturazioa 2 milioi eurokoa izango zen; eta argitaratzaileak, gastuak kendu eta gero, fakturazioaren % 30 eramanez gero, negozioak 600.000 euro joko zuen. Hortik beren eskaera: 500.000 euro. Haien ustez eskuzabal jokatzen ari ziren, 100.000 euroko beherapena egin zutenez estimazio horretatik, merkatuaren gorabeherak atzemanezinak direlako, eta beti dagoelako ustekaberako tarte bat. Bildosolak kontraeskaintza egin zien, noski, Sanchez Godinen laguntzarekin: Vazquez Montalbanen ezezagun batek ez lituzke 50.000 erosle bilduko, haren jarraitzaile asko eta asko hil direnez gero; Carvalho en Euskadi liburuak, gainera, ez omen zeukan egile horren onenek lortutako maila; hortaz, 30.000 ale saltzera iristen baziren, pozik; eta ez inola ere 40 euroan, 25ean baizik. Hortaz, fakturazioa, gehienez ere, 750.000 eurora irits liteke. Eta horri % 25eko etekina aplikatuz gero, negozioaren kopurua 187.500 euro izan zitekeen, asko jota. Kopuru horiek kontuan hartuta, 90.000 euroko kontraeskaintza egin zuten.

      Bistan zenez, Bildosolak ez zuen deus ordaintzeko asmorik, baina negoziazioak beharrezkoak ziren denbora irabazteko.

      Horrela zeuden gauzak ni, Bildosolarekin akordio batera iritsi eta gero, harentzat eta haren aginduz jatorrizko testua lapurrei ebasteko lanean hasi nintzenean.

      Horretarako, bistan zen lehen urratsa zela Baionako Les Pyrénées tabernan usba eman zidan morroia lokalizatzea, eta hari horretatik tira egitea.

      Nola jakin nor zen Baionako morroia? Hasi nintzen pentsatzen Iparraldean zer ezagun geratzen zitzaidan, eta kontuak eginda, konturatu nintzen gehienak hilik zeudela. Ustekabean, ordea, Ozpinkiren laguntza eduki nuen: hark Iparraldeko barnealdeko herri batean jaio eta Baionan bizi zen kazetari baten izena eman zidan: Martina Karrikabürü. Ozpinkik zioenez, kazetari hark Iparraldeko mundu guztia ezagutzen zuen, eta hura txikia izanda, laster jakingo zuen nor zen niri usba pasatu zidan gizona. Martina Karrikabürü, gainera, Iparraldeko giroa xehe-mehe ezagutzeaz aparte, aise mugitzen zen Hegoaldean ere, non azken urteetan zenbait mediotako kolaboratzaile aritzen zen. Ozpinkik egin zuen artekari-lana gu bion artean. Martinarekiko tratua hau zen: hark lagunduko zidan usba eman zidan Baionako Les Pyrénéeseko morroiarekin, eta trukean, nik informazioa emango nion Vazquez Montalbanen liburu ezezagunari buruz, kazetariak interes bizia baitzuen haren gaineko erreportaje luzea egiteko, haren ustez oso ongi salduko zena —oso ongi, beti euskal prentsak erabili ohi dituen zenbaki apalak kontuan hartuta—, baina, batez ere, kazetaritzaren munduan ospea emango ziona.

      Martina Karrikabürürekin aurrez aurre eta beste inongo lekukorik gabe geratu nintzen lehen egunean, Izpegi gaineko benta batean, segituan konturatu nintzen nire misioaren arrakasta, neurri handi batean, nire alaba izaten ahal zen neska harekin finkatzen nuen harremanaren nolakoaren araberakoa izan zitekeela.

      Martina Karrikabürü hogeita hamar-hamabost urte inguruko emakume gazte bat zen. Ez dut esango ederra zela, edertasuna kotizazio baxua duen balorea delako. Alegia, batek ikusten du neska eder bat, eta liluratu egiten da harik eta hurrengoa ederragoa dela konturatzen den arte; eta bigarrenarekin liluratzeko denborarik gabe agertzen da aurreneko biak baino ederragoa dirudien hirugarren bat, eta horrela hurrenez hurren, ad infinitum. Amaierarako edertasuna bera debaluatua geratzen da, norbera konturatzen delako bigarren mailako kualitate osagarri bat baino ez dela, barra-barra zabaldua, ia edonoren eskura dagoena, egiatan balio duena buru-bihotzaren edertasuna baita. Ondorio horretara iritsiz gero izorratuta zaude, ordea, emakume gazte horren eta zure garaikideak diren emakume eta gizon miserableen arteko ezberdintasun bakarrak baitira, buru-bihotzaren edertasunari dagokionez, hogeita hamar —demagun— urtean bizitzak emandako adarkadak eta pairarazitako ajeak, gehi beste desgrazia batzuk, zeinek ilusioz beteriko hasierako gazte bihotz-ederra norbera bezalako zahar miserable, berekoi eta kobarde eginda utzi baitute, larruazalaren leuntasun galduaz ez hitz egiteagatik. Beraz, gera gaitezen Martina Karrikabürü legginsak ongi geratzen zitzaizkion bere garaiko emakume ahaldundu bat zela, berrogeita hamarretik gorako —ongi gorako— gizon bati merezi duen mesfidantza logikoaz begiratu ziona Izpegi gainean lehen aldiz elkarrekin eta lekukorik gabe egon ginen hartan. Izan ere, begirada hark markatzen zuen distantziak, gehi errezeloak, argi sentiarazi zidaten asko jokatzen nuela lehen enbido hartan. Tentsio askoren bideraketa egokia jokatzen zen. Laburbiltzeko, eta sakontasunetan sartu gabe, bil ditzagun bi ezezagunen arteko tentsio horiek guztiak —tentsio linguistikoak, sexualak, emozionalak…— izen bakar batean: belaunaldi ezberdinetako kideen arteko tentsioa.

      Beraz, modu inkontzientean hasi nintzen kalibratzen, itxuratzen ahal nituen jarreren katalogoaren barruan, zein hartzen ahal nuen, eta are zein komeni zitzaidan hartzea, lehen zita hartan. Ze, bistan dena, jarreraren bat hartu behar da, paperen bat itxuratu behar da, ez gaitezen engaina. Natural jokatzea esan ohi dena, norbera den bezala agertzea, alegia, ez da aukera bat; naturaltasuna beste maskara bat gehiago izateaz aparte, ez du inoren arreta pizten, eta arrunkeriarekin lotzen da. Zoritxarrez, gutxieneko sinesgarritasunarekin antzezten ahal nituen jarreren katalogoa ez zen hain zabala eta guztien efektua oso zalantzazkoa iruditu zitzaidan. Aitakeria onberarena hasieratik baztertu nuen, begi-bistakoa zelako jarrera hori niretzat ez, baina Martinarentzat deskatalogatuta zegoela, tratu txarrak etxean hasten direla ehuneko handi batean estatistikoki frogatu denetik. Kolega enrollatuarena saia nezake, garai batean ongi funtzionatzen zuen eta antzezten ez zen zaila, baina dagoeneko aprobetxategi askoren demasakeriek izorratu dituzte paperak eskaini ohi zituen aukerak oro, eta erabiliaren erabiliaz higatuta dago, desaktibatuta. Adineko gizon eskarmentudunarena hor dago beti, baina norberak benetan oso eskarmentuduna eta oso adineko izan behar du ezezagun batek —emakume gazte ahaldundu batek, endemas— paper hori jokatzeko zilegitasuna aitor diezaion. Pepe Mujica bat, Chomsky bat, edo hortik gora. Gizon diskretu eta eraginkorrarena da azken posibilitateetako bat, baina paper horrek gutxi hitz egitea eta inteligentzia-aurpegia jartzea eskatzen du, eta askotan solaskideak —zer esanik ez, Martina bezala, karakter handiko emakumea denean— ergelkeriaren agerpentzat hartzen du inteligentzia keinua, eta isilik egotea esateko ezer ez edukitzearekin nahasten du, emaitza penagarriekin, nola izan baitaiteke norbera bestearekiko eta haren aginduekiko mendekotasun erabateko egoeran geratzea.

      Gauzak horrela, zirt edo zart egitea erabaki nuen: irtenbide sortzaile bat, alegia. Zer, ez dakigula begiratzen eta begiratzen ere jakin behar dela? Alda ditzagun ekuazioaren parametroak. Jo dezagun frogatu beharraren kargaren inbertsiora. Hortaz, Martinaren aurrean paratu nintzen, hankak zabal eta besoak bular aurrean antxumatuta, eta harro plantan zera esan nion, probokatzaile, zer, zeri begira zaude, gustatzen zaizu, e, gustatzen zaizu ikusten duzuna, ezta? Martina Karrikabürük, lehenik, mintzo oso ezezagun batean, etrusko arkaikoan, esaterako, hitz egin izan banio bezala begiratu zidan; gero, poliki-poliki hitzon esanahia prozesatu ahala, argi-izpi bat egin zitzaion buruan eta hasierako ustekabe hura gainditzen joan zen, harik eta aurpegiaren muskuluak barre-algara total, erostezin eta geldigaitz batean lehertu ziren arte. Hitz hauek koroatu zuten, handik gutxira, leherketa hura: aurrez gaztigatu didate, bada, umore bereziko gizon xelebrea zarela, eta hala zara, zinez.

      Martinaren laguntzarekin hagitz erraza izan zen Les Pyrénéeseko gizona identifikatzea. Aski eduki zuen Martinak telefono dei pare bat jakiteko Txetxu esaten zioten jonkia edo jonki ohi bat zela. Bizkarra, deituraz. Txetxu Bizkarra. Gizajo bat, antza zenez. Hogei bat urte omen ziren Hegoaldetik alde egin zuela, erorketa baten aitzakian, baina gehiago herrian inork ez zuelako jasaten, benetan Polizia atzetik zeukalako baino. Arrazoi berberarengatik ez zen itzuli —kontatu omen zuten Martinaren informatzaileek—, lasai arraio itzultzen ahalko bazen ere. Zuberoa aldean malbizitzen omen da, batzuei eta besteei gezurrak sakatzen. Herritik ere zeozer ematen diote, geratzen zaion familiak-eta. Martinaren aburuz, ordea, Txetxu Bizkarra bigarren mailako mezulari bat baino ez zen. Txetxu Bizkarra Rober Kareagaren itsu-makila baino ez zen, jakinarazi zidan Martina Karrikabürük. Konplotaren hariak atzetik erabiltzen zituen burua Kareaga omen zen. Rober Kareaga (a) Jaun Barua. Jaun Barua? galdetu nion Martinari, Lertxundiren kantuaren erreferentziagatik erdi barrez, xederak hedatu zituena? Martina Karrikabürüri ez omen zion hainbeste grazia egin, ordea.

      Jaun Barua urte pilo bat lehenago atzerriratu eta han bizitzen gelditu zen. Bilbokoa omen zen eta, mihi gaiztoek esaten zutenez, herentzian diru mordoxka bat hartutakoa, Iparraldean han eta hemen inbertitua zeukana negozio txikietan, nola baitziren, esaterako, sagardotegi bat, ileapaindegi bat, pate-fabrika bat, espartin denda batzuk eta gidatzen irakasteko akademia bat, besteak beste. Toki askotan zeuzkan negozioak. Autoeskola Baionan, noski. Gizon okupatua zen eta bazen nor Iparraldeko gizartean, non jada inork ez zion iraganaz hitz egiten hasteko gustu txarrik erakusten, orduko burkide ohien konfiantzazko zirkuluak alde batera utzita.

      Martina Karrikabürüren aburuz, Jaun Barua limurtzaile profesionala zen edo izana zen; Iparraldean izandako eta gero abandonatutako neska-lagun guztiei negozio bana ireki omen zien, haurdun egon edo ez. Haurdun zeudenei, negozio handiagoa.

      Martinaren bidez lorturiko informazioa Bildosolak zeuzkan datuekin gurutzatu nuen, nire desmartxen berri emateko hiru egunetik behin egiten genituen bilera horietako batean. Rober Kareaga izena ezagun egiten zitzaion. Rober Kareaga, Rober Kareaga… Kareagatarra, Arratiakoa edo kareagatarra Markinakoa?, galdetu zidan. Ez nekien eta ez zitzaidan inporta. Martinaren bidez Kareagari buruz jakindakoak berritu nizkion, ordea. Baita Jaun Barua esaten ziotela eta limurtzaile fama zuela ere, noski. Orduan Okamikako dukearen ondorengoa izango da, ondorioztatu zuen Bildosolak. Erdi Aroan, dukeak berrogeita hamar kilometroko erradioan higitzen zen guztiari egiten omen zion tiro: emakumezkoak edo gizonezkoak izan, etxabereak ere baztertu gabe. Beraz, Kareaga hori, e?, zioen. Esan liteke balizko lapurra familia ezagun batekoa izateak lasaitzen zuela Bildosola, oina jartzeko lurzoru sendo bat emango balio bezala; izan ere, Jaun Barua leinuko ardi beltza izanik ere, dena etxean geratzen zelako inpresioa nagusitu zen.

      Jaun Baruaren jatorriaz luze mintzatu eta gero —izan ere, Bildosolak kareagatarren leinu guztien gainean zeukan ezagutza alimalea zen: nondik nora ibiliak ziren, nor norekin ezkondu zen, fortuna nondik heldu zitzaien (fortuna zeukatenen kasuan), edo nola galdu zuten (lur jo zutenenean)—, bere aldetik lortutako informazioen berri ematen hasi zen. Nik ez nuen dudarik nirekin partekatu zituen informazioak partzialak izango zirela, eta interesatuak. Informazioen iturriak zein ziren, hura ere ez zegoen oso argi. Batzuetan, Bildosolak txantaje-egileekin izandako bileretatik aterata zirela iradokitzen zuen, edo ematen zuen; beste batzuetan, aldiz, iturri misteriotsuetatik zetozen. Iturri misteriotsu horiek Polizia baizik ezin zen izan, zirela Pepa Eisenhowerrek mobilizatutako foralak, edo Ertzaintza, edo auskalo… Eskualde txiki batean komertzial bakar batek hiru edo lau oinetako-marka batera saltzen dituen bezala, jakizu Behobiako —demagun— informatzaile batek zenbat poliziaren errepresentazioa eramaten ahal zuen…

      Kontuak kontu, bistan zena zen Bildosola susmo txarra hartuta zegoela. Oso nabaria zen, zeren, gaiaz hitz egiten zuelarik, han eta hemen, etengabe, aierua adierazten zuten esaldiak eta lokuzioak sartzen baitzituen: “hau guztia ematen duena bada…”, “non eta dena fartsa alimale bat baino ez bada izan…”, “tontoen moduan engainatzen ari ez ote zaizkigun…”. Ulertu nuenez, hori esaten zuenean ez zen ari txantajeaz, edo ez txantajeaz bakarrik. Nolabait esan, txantajeaz harago joan zitekeen zerbaiten gainean ari zen, edo hori iruditu zitzaidan, behintzat. Ezin izan nion ezer atera, ordea. Zer susmo zen, zergatik, susmo horren edo horien arrazoia zein zen, zertan zeukan oinarria galdetzen nionean, beste alde batera begiratzen zuen, erantzuna saihestuz bizkarra harrotzeko prozedura erabiliz.

      Guztiarekin ere, Bildosolarekiko informazio trukeak ondorio zehatz bat eduki zuen; hark hala aginduta, Gipuzkoako Merkatal eta Ondasun Higigarrien Erregistroaren web-orrian sartu nintzen, eta Haizea argitaletxearen nota arrunta eta azken bost urteetako kontuak eskatu nituen.

      Arrazoi bat zegoen horretarako, noski. Bildosolak jakinarazi zidanez, Montalbanen liburua erreskatatzeko negoziatzaile nagusia, beste aldetikoa —gure aldetik Bildosola zen bezala—, abizena ahaztu dudan Hegoaldeko argitaletxe bateko ordezkaria zen, Haizea argitaletxekoa. Haizea argitaletxeko morroiak esan omen zuen lan hori borondate onez eta artekaritzan laguntzeko asmo humanitarioarekin egiten zuela, eta propio eskatu ziotelako; hau da, bere burua aurkeztu zuen nazioarteko gatazkei irtenbidea bilatzeko hortik zehar —Norvegian edo Suitzan, gehienbat— dagoen erakunde altruista bateko kidea balitz bezala. Gratis et amore ari omen zen, baina liburua lapurtu zutenek eskatuta, hori bai, arazoa konpontzea beste interesik gabe. Logikoa zen Bildosolak Haizea argitaletxeari buruzko xehetasunak jakin nahi izatea. Suposatu nuen Bildosolarekin kontaktuan zeuden poliziek eta mota guztietako informatzaileek ikerketa eginda edukiko zutela argitaletxe horri buruz, baina nik ezagutzen ez nituen arrazoiak tarteko, Bildosolak kontrastatu nahiko zuen bere informazioa nik ematen ahal nionarekin, eta horregatik eskatzen zidala niri Haizea argitaletxeari buruzko daturik behinenak jakin nitzan. Datu horiek lortzeko diru txiki bat gastatu nuen Gipuzkoako Merkatal eta Ondasun Higigarrien Erregistroan —Bildosolari berehala jakinarazi nion moduan—, baina merezi izan zuen, nire ikuspuntutik bederen. Haizea argitaletxeak diru-galerak deklaratu zituen azken bost urteetan, eta nire kalkuluen arabera, bost urte horietan bakarrik ehun mila euro edo gehiagoko zorra pilatuko zuen. Argitaletxeko bazkideak lau ziren: negoziazioetan zuzenean parte hartzen zuena eta beste hiru lagun. Hori guztia jakinarazi nion Bildosolari, zeinak zaputza hartu baitzuen, alde batetik Kareaga ez zelako bazkide horietako bat, eta beste aldetik, bazkide horien izenek ez ziotelako ezer esaten. Niri ere ez zidaten ezer esaten. Tira, ez, ez da zuzena. Niri lau izenetako hiruk ez zidaten ezer esaten, baina laugarrenak bai, laugarrena Garaiñe Karrikabürü baitzen.

      Kasualitatea ote? Momentuz gorde egin nuen niretzat xehetasun hori, Martina Karrikabürürekin mintzatuko nintzen arte.

      Ez nuen askorik itxaron behar izan. Martinaren eta nire arteko harremana, aste haietan, aski maiz garatu zen. Umore sen arraro xamar baten jabe zen gizontto bat nintzela erabaki zuenetik gure artekoa mendian behera amiltzen den erreka bezain erraz eta suelto zebilen, eta bezain gardena zen, eta lizunkeriaren haginkada ustekabekoa sentitzen nuelarik, nire aje gero eta ugariagoen eta handiagoen kontaketari ekiten nion, ez baitago libidorik hori gainditzen ahal duenik, norberarenetik hasita. Ordainez, Martinak beti gogorarazten zidan puntual-puntual medikazioa hartzeko tenorea, beste zerbeza bat eskatzea galarazi nahi izaten zidan eta hirugihar bokadilloak irmoki debekatzen zizkidan, zeina oztopo bat izatera iritsi baitzen, gertatu zelako nobelaren eta Jaun Baruaren kontura elkarrekin ibili ginen garai hartan hainbat festa suertatzea Iparraldean —Nafarroaren Eguna, Herri Urrats, eta beste—, eta guk festaz festa egiten baikenituen hitzorduak, Martinak askotan txanda egin behar izaten zuelako barraren batean. Zuk, ordea, ez duzu inongo minik, ez? esaten nion nik, eta gero aprobetxatzen nuen galdera inozo horri zer erantzun ez zekiela geratzen zen une laburra beste zerbeza pare bat edo hirugihar ogitarteko bat eskatzeko. Horrek amorratzen zuen Martina pixka bat, ez horrenbeste nire osasunarengatik benetako kezka zeukalako, nik uste, ezpada ez zitzaiolako gustatzen inor bere aginduei ez makurtzea, halako moldez non une batez pentsatu bainuen bere arbasoen artean ez ote zen izango Napoleonen armadako sarjenturen bat, herentzia genetikoan gene oso menderatzaile bat txertatu ziona.

      Bistan da, nik Martinari Garaiñe Karrikabürü ezagutzen ote zuen, edo haren ahaidea ote zen galdetu nahi nion, Haizea argitaletxeari buruzko berririk jasotzeko, baina ez nuen galdera zuzen egiteko modua aurkitzen, eta horrek elkarrizketa-saio aski luzeak eta aski ugariak izatera behartu ninduen, Ricard batzuk edateko aprobetxatu nituenak. Egia esan, ez dakit zergatik aritu nintzen horrela. Senak agindu zidan itzulinguruka ibiltzea, zirkuluan hegan eginez hildako aziendara hurbiltzen den saiaren gisara. Kosta egiten zitzaidan konexio-puntu egokira iristea, ordea, eta inora ez zihoazen bideetatik galtzen nintzen. Biontzat ezagunak izan zitezkeen erreferentziak bilatzen nituen, eta hala, nire garaiko anekdota xelebreak kontatzen nizkion, nola zen, esaterako, Pazko astelehen batez Sarako feriako bazkalondo bat kari, Xarritonen prediku amaigabea pairatu zuen madrildar batena, halabeharrez han suertatua. Madrildarra arratiarren ondorengoa zen, baina ez zekien euskaraz fitsik ere, eta, auskalo zergatik, Xarriton nazien okupazio garaiko kontuez ari zen atertu gabe, hari begira, nahiz eta sei edo zazpi bazkaltiar geunden mahai biribil batean. Madrildarrak baietz adierazten zuen buruz etengabe, ezer ulertzen ez zuen arren. Ondoan nuenez, esan egin nion, txo, esaiozu ez zarela ezertaz jabetzen ari, eta ezetz esan zidan, bakarrizketaren altura horietan oso dezepzionagarria gertatuko zitzaiolako abadeari egia horretaz jabetzea, eta gauzak zeudenean uzteko. Damurik, anekdota hauek Martina hotz uzten zuten, protagonistetako asko hilda baitzeuden, edo bestela iraganeko agure edo atso beneragarriak iruditzen zitzaizkion, entzutez baizik ezagutzen ez zituenak, gurasoei-eta entzunda. Jakina, gisa horretako anekdotek asko galtzen dute protagonistak ezagutzen ez badituzu. Nago adarretatik ibiltze horretan Martina atera zela garaile, egin nahi zuen artikulurako material ugari atera zuelako. Finean, Vazquez Montalbanen liburuaren aferaren egoerari buruz nik bezainbeste zekienean, orduan bai, orduan zuzenean galdetu nion, alegia, zer da Garaiñe Karrikabürü, Haizea argitaletxeko bazkideetako bat, zuretzat? Jendakia, tartekoa, ahaidea duzu? Uste dut Ahüzkiko bentan geundela egun hartan, eta Martina ari zen ohiltzen elkartzen ginen guztietan agertzen zitzaizkion lagunen bat, mutila zein neska, Martina oso ezaguna izaki, denek jakin nahiko zutelako, besteak beste, zer ari zen hizketan txorimalo harekin, nirekin alegia, informazioak kotizatuko baitzuen afektuen burtsan, inondik ere. Hor etorri zen erantzuna: Garaiñe Karrikabürü nire izeba duzu, aitaren arreba gaztea da, hortik hastea zenuen, horrenbeste itzuli-mitzulirik gabe.

      Horrek perspektiba berriak ireki zituen. Martinaren izebak Jaun Baruarekin edukitako harreman sentimentala oso aspaldikoa zen, eta ez zuen oso luze iraun. Banandu zirelarik, Jaun Baruak argitaletxeko partaidetza bat eskaini zion, zeina, sekula mauka bat izan ez bazen ere, azken urteetan hondamendia izaten ari baitzen. Alabaina, Martinak zioenez, aski ongi ezagutzen zituen Jaun Baruaren azturak, antolatzeko erak eta mugimenduak, jakiteko non edukiko zuen liburuaren kopia, baldin eta, uste genuen bezala —berak ere—, liburuaren lapurreta haren parte hartzearekin gertatua bazen. Toki hori zein zen niri jakinarazteko jartzen zuen baldintza bakarra, aski ulergarria beste alde batetik, zera zen: izeba istilu nahasi horretatik ondorioztatzen ahal ziren ardura orotatik, penal zein bestelakoetatik, libro uztea. Ahal nuena egingo nuela agindu nion.

 

 

Hortaz, Bildosolarekin bilera egin nuen hurrengo aldian, poz-pozik joan nintzen. Gurea da! aldarrikatu nuen, pentsaturik Bildosola ere poztuko zela. Baina ez zen bozkarioa izan aurpegian ikusi niona, nire aurrerapenen nondik norakoa azaldu nionean. Zerbait ez omen zebilen ongi, ez zidan esan nahi izan, ordea. Informatikan aditu bat beharko dugu Jaun Baruaren defentsak txuliatzeko; gainerakoan, operazioa ontzat ematen duzunean, haren sancta sanctorum-ean sartu eta liburua lapurtuko dugu. Itxaroteko esan zuen, kontsultatu behar zuela. Ez nuen ulertzen Bildosolaren jokamoldea, zinez. Gogogabetua eta mesfidati ikusten nuen, uzkur. Niri, aldiz, jokaldi guztia argi zegoela iruditzen zitzaidan, eta hala esan nion Bildosolari: Pontificio Denaondok euskaratu du Carvalho en Euskadi; berak filtratu dio liburua Kareagari, Haizea argitaletxeko editorea mediante, eta operazioa asmatu dute argitaletxearen pufoa kitatzeko, Garaiñe Karrikabürüren oniritziarekin, edo gabe. Hor dauzkazu denak. Zer, ekingo diogu? Bildosolak gogorarazi zidan liburua ez zutela “filtratu”, Sanchez Godini lapurtu ziotela, eta nik arrapostu eman nion hori tontoak despistatzeko engainagarri bat izan zela. Lapurtu izan ez baliote, itzultzailea baitzatekeen lehen susmagarria.

      Bildosola ez zegoen batere konbentzituta, baina hala ere, kontsulta batzuk egin eta gero, azkenean operazioa baimendu zuen: aurrera, aurrera. Ez dadila okerrago irtenbidea arazoa bera baino, gaineratu zuen.

      Kareagak txalet bat zeukan Senpere inguruan, lakutik gertu; beste pisu txiki bat Baionan, Pannecau karrikatik hurbil; lantegi edo estudio moduko bat Mauletik ez oso urrutiko herri txiki batean; apartamentu txiki bat Chambre d’Amourren. Martinak ez zuen baztertzen beste ezkutalekuren bat gehiago edukitzea, baina segur zen liburu lapurtua euskarri informatikoan edukiko zuela Baionako pisuan, han zegoelako, haren hitzetan esateko, “Kareagaren inteligentziaren kaserna zentrala”. Izebari entzunda omen zekizkien Martinak Jaun Baruaren arsenal teknikoaren ezaugarriak, eta azalpen bat eman zidan: zer tresna, zenbat mega, zer sistema eragile eta nik zer dakit. Baina azalpen hura alferrekoa zen. Ez nuen ezer ulertu, eta horrek denak ez zidan deus esan, hotz utzi ninduen, Martina Xarritonen hitz-jarioari buruzko anekdotek hotz uzten zuten bezala. Hori bai, esan nion hori dena paper batean apuntatzeko, nire ideia baitzen Jaun Baruaren trepeta teknikoen ezaugarriak Bildosolari pasatzea, honek hartua baitzuen bere gain operazioan lagunduko zigun teknikari informatikoa aurkitzeko ardura.

      Bildosolaren agindua jaso bezain pronto martxan jarri nintzen. Jardunaldietako egunak hurbiltzen ari ziren eta ez zegoen denbora galtzerik.

      Lehenbiziko gauza operazioa egingo genuen eguna finkatzea izan zen. Horretaz Martina arduratu zen. Aurrera gindoazela esan nionetik hiru egunera lehen mezu bat bidali zidan guasapez: hurrengo larunbatean izan behar zen. Kareagak Baionako abesbatza batean kantatzen zuen, eta larunbat horretan urteroko bilera egiten zuten, Donostian, hango beste abesbatza batekin, haienaren antzerakoa. Zirudienez, bi abesbatzek ohitura hori zeukaten aspalditik. Elkarretaratzea urte batez Iparraldean eta hurrengoa Hegoaldean egiten zen, hurrenez hurren, eta asteburu osoa irauten zuen. Urte hartan Donostian tokatzen zen. Egitaraua beti berdina edo antzekoa: eguerdian ardo txuri batzuk, bazkaria soziedadean, bazkal osteko kantuak; txikiteoa Parte Zaharretik, kantatuz, noski; afaria soziedadean, koparen bat, eta bakoitza aldez aurretik lo egiteko hartuta zeukan hotelera edo inoren etxera, ohitura baitzen bi abesbatzetako batzuek beren etxea eskaintzea bisitan zetozenei. Esan beharrik ez zen: bazkal osterako hordiegi zeudenak edo arratsaldean zehar aitzurra harrapatzen zihoazenak libre ziren programa horretatik ateratzeko eta irtenbide sortzaileagoak emateko beren mozkorraldiari. Ordena baten barruan, hala ere: desmadre erabatekoa gertatu zen urte baten ondoren, zeinean beteranoenak eta herrenak baizik ez baitziren elkartu, despedidako Hara nun diran! eta Agur jaunak kantatzera, antolatzaileek esku hartu zuten. Zeremonia horretara ez iristea gaizki ikusia zen bi abesbatzetan. Urte hartako anabasaren ondoren, nolabaiteko kontrola eta oreka lortua zuten.

      Edozein kasutan, Kareaga ez zen itzuliko igande arratsaldera arte, igandean parrandak segitzen baitzuen, era lasaiagoan, talde txikiagoetan eta protokolo askorik gabe.

      Beraz, lana larunbatean egingo genuela erabaki genuen. Gaueko hamabietan. Egun pare bat lehenago joan nintzen Martinarekin Jaun Baruaren etxeko atariko ezaugarriak ikustera. Kareagaren apartamentuaren ataria zein zen seinalatu zidan. Baionako alde zaharreko ohiko etxe horietako bat zen, fatxada txuriz eta eraikuntzaren zainak kolore biziz margotutakoa, hango baserrien itxura imitatzen duten horietako bat. Eskuko poltsa ez handiegi bat prestatu nuen: gakorde batzuk, hainbat tamainatakoak, bihurkinak, kurrikak, giltzak, zulagailu txiki bat… Horrekin aski izan behar zen beheko atariko eta apartamentuko sarraila irekitzeko.

      Ostiralean Bildosolak aurkitutako aditu informatikoa agertu zen. Administrazioren bati zerbitzua era subrogatuan ematen zion enpresa pribatu batean ari zen, behin-behineko kontratuarekin. Urteak bazirenez egoera prekario eta zuzengabe horretan ari zela, eskrupulu guztiak galduta bide zituen hura bezalako lanak egiteari dagokionez, baldin eta sari ekonomikoak hil amaierara iristeko bidea errazten bazion. Ez dakit zer aginduko zion Bildosolak, den zuhurrarekin, baina ez zen horrelako kezketarako momentua. Ematen zuen bazekiela zer zeukan esku artean. Ziurtatu zidan nik ordenagailurako bidea irekitzen banion hark di-da batean egingo zuela lana. Bere indarretan konfiantza zuela ematen zuen. Niregandik ez zuela besterik behar berretsi eta larunbaterako geratu ginen.

      Larunbatean praka eta txamarra beltzak jantzi nituen, buru-beroki beltz bat eta goanteak ere bai, zer gerta ere, ez nekielako zer egin beharko nukeen. Martina ez zen etorri, hala erabaki genuelako. Arriskutsuegia zen inork inguru horietan eta gaueko desorduetan ikustea.

      Jaun Baruaren apartamentua jende gutxi ibiltzen zen kalexka estu batean zen, errekatik hurbil. Gaueko ordu horietan ez zebilen inor. Ondoko atariaren hegalaren abaroan gorde ginen, informatikaria eta biok. Hurbileko kaleetan ere ez zen apenas inor ibiltzen ordu hartan, zabalik geratzen ziren tabernak ez zeudelako oso gertu. Gau iluna zen eta ez zen ustekaberik izan.

      Han itxoiteko esan nion informatikariari, eta atarira joan nintzen nire lanabesen poltsarekin.

      Eraikina zaharra zen, eta beheko atea oso erraz ireki nuen, plastiko gogor laukizuzen baten laguntza hutsaz. Bistan zen Jaun Baruak, ezer gordetzen bazuen han, ez zuela nirea bezalako bisitarik espero.

      Apartamentua bigarren solairuan zegoen. Ate berria zeukan, baina ez zen bereziki segurua, ezta ere. Sarrailaren ezkutua muturrean gakotua zen barra batekin kendu nuen. Sarraila-zilindroa agerian geratu zelarik, kurrikak erabiliz apurtu nuen erditik, eta bihurkinak zuloan sartuz sarraila libratu nuen. Denera ez nuen behar izan hamar minutu baino gehiago. Azantz pixka bat atera nuen, egia da, baina etxe zahar hartan apartamentu bana zegoen solairuko, eta inork ez zuen ezer entzun, ez beheko apartamentuan, ez goikoan ere.

      Horrenbestez, informatikariak bidea libre zuen. Kalera jaitsi nintzen, beraz, eta ordura arte hura egondako tokia hartuz, buruko keinu batez esan nion gora joateko. Ni kalean geratu nintzen, barrandan.

      Bukaezinak egin zitzaizkidan berrogei minutu geroago informatikaria etorri zen bueltan.

      Erraza izan da, esan zuen, eta usb bat erakutsi zidan, non, ustez, kopiatuta baitzegoen lapurtu nahi genuena. Erraza?, nik. Igotzekotan egon naiz, zeozer gertatu zaizun ikustera, erantzun nion. Defentsarako sistema primario samar batzuk erabiltzen zituen, jakinarazi zidan. Ez zen gainditu ezin zen ezer, baina gauza bakoitzak bere denboratxoa eskatzen du. Eman zidan usba hartu eta txamarraren poltsikoan sartu nuen, pozik. Operazioa labur eta garbia izan zen.

      Aldez aurretik eman nizkion jarraibideei jaramon eginez, informatikariak gauza batzuk txikitu, beste batzuk bota, barreiatu, aldrebestu eta tokiz aldatu zituen, lapurreta arrunt bat izan zen itxura emateko. Sinesgarriagoa egiteko, zerbait aprobetxagarri aurkitzen bazuen, huraxe hartzera animatu nuen; baina berrehun euro baino ez omen zituen aurkitu. Huskeria bat.

      Mugara iristean bereizi ginen. Aitortu behar dut orduantxe bertan galdetu izan balidate, esango nukeela informatikariaren gainean lehen unean egin iritzi txarra aldatu nuela.

      Ordea, iritzi aldaketa horrek etxera arteko bidea baino ez zuen iraun. Zehatz esan, etxera sartu eta ordenagailua piztu nuen arte.

      Baiki, usbak dokumentu bat zeukala. Carvalho en Euskadi.

      Ireki egin nuen.

      Torpea behar zuen batek halako hanka sartzea egiteko. Carvalho en Euskadi jarri arren, Carvalho Euskadin zen.

      Bai, jatorrizkoa hartu zuelakoan, informatikariak, zopilo halakoak, euskal itzulpena eskuratu zuen.