Deklaratzekorik ez
Deklaratzekorik ez
2019, nobela
312 orrialde
978-84-17051-26-6
Azala: Angel Aldarondo (Antoni Gisberten “Fusilamiento de Torrijos y sus compaņeros en las playas de Málaga” koadrotik abiatuta)
Beņat Sarasola
1984, Donostia
 
2009, poesia
2007, poesia
 

 

1996-08-10

 

 

Dena kamera motelean bezala: furgoneta-leihotik ikusten dudana, oro laino mehe batek estalia, ondoan dudan Imazekin izan dudan hizketaldi laburra, gu jasotzera etorri diren eta nik ikustez bakarrik ezagutzen ditudan bi gizonek eman dizkiguten azalpenak. Ekitaldiaren xehetasunak esplikatu dizkigute labur: paseilloa, halakoren harrera-adierazpenak, aurreskua, lore sorta eta oroigarri bana, gure adierazpenak, argazkiak kentzea. Donostian sartzen ari gara agidanez, baina ez dut xehetasunik jakin nahi; kanpora begiratzeari utzi diot, horrek zerbaitetan lagunduko balit bezala. Seguru ikusten dut Imaz, poz betean ez, baina bai animoso antzean; lehen aldia ez delako izango da agian. Urduri egongo nintzelakoan, baina ezta hurrik eman ere; akidura bai, neure buruarekiko narda bai, kanpokoarekiko indiferentzia bai. Ate lerragarriaren hotsa entzun dut, harrabots sor bat sartu da furgoan, atera egin gara, harrabots are ozenagoa. Sargoria, hezetasuna, bizkarraldea umeltzen. Hau izorratzea. Emozioa, horixe dut inguruan, zorion-keinu espontaneoak, satisfakzio-kera zinezkoak, ezagun batzuk identifikatu ditut, harrotasun sentimendua; nire barnean, ordea, ez da halako ezeren arrastorik: lekutu nahia, dena azkar pasa dadila, ahalik eta diskretuen joan dadila dena. Bistan denez, kimera hutsa. Nire buruari esaten nion, tira, ez duk hainbesterako izango, lau katu joango dituk, gu ez gaituk inor, baina bai zera; lepo da, jende ezaguna bezala ezezaguna. Ikurrinak kalean alderik alde, Euskal presoak etxera banderolak; oihalak apur bat makurtuta, bandera arteko pasillo bat aurrean. Goian, terraza batetik besterako zabaleran, gure izenak gorriz idatzita dituen pankarta bat. Ongi etorri. Zarata, berriz ere zarata, barrutik atera naizenetik ezin gogaikarriago zaidan murmurio konstante bat. Lasai egon nahi dut, zalapartatik aparte, ni eta nire baita bekoz beko, urrutian.

      Ez diet kasurik egin eman dizkiguten azalpenei eta ez dakit zer egin behar dugun orain; Imazek jakingo du egoera hauetan nola jokatu, ezta? Hark zer egingo itxoiten ari naizela, aurrera jo duela ikusi dut, seguru eta irribarrea ahoan; eskua altxatu du, ukabila tenk, behatzak ahurrean irmo; lerroa hautsi eta alde batera desplazatu da, halakori besarkada, beste aldera gero, harakoari besarkada. Pazientziarik eza adierazten duen hots bat entzun dut atzetik: “Benga mutil, segi aurrera”. Mutil. Hau izorratzea. Alde banatara so egin dut adiskideren baten bila, baina ez naiz ikurrin-banderolez harago ezer ikusteko gai. Aitak kartzelaren atarian esandakoak egiten dit durundi buruan: “Gurekin etorriko haiz, ezta?”. Gurekin etorriko haiz horrek esan nahi zuen, noski, ongi etorriaz paso egingo duk, ezta?, zeren gu ez gaituk joango, hik ikusiko duk zer egiten duan, joango haiz?, ez al gaituk gu familia?; hori guztia ikusi diot amari bisaian, nahiz eta hitz erdirik ez duen esan. Geroago etorri zait Imaz gure-zain-daudeka, harantzago furgonetaren kanpoaldean zeuden bi morroiak seinalatuz; egiatan, nahiko nuke aparte joan, ongi etorririk ez; nola ordea? nola kuestionatuko dut aurretik ezarritako gidoia, berez egitea egokitzen den hori? ez naiz ba orain nabarmenkerian hasiko. Imazen ama entzun dut gero, “atzetik jarraituko zaituztegu” esanez; nire gurasoei galdetu ere ez diet egin behar izan jakiteko ez digutela atzetik segituko, beren kabuz egingo dutela bueltakoa, amorraturik, aita direnak eta ez direnak botatzen, ama barruak janda.

      Aurrera egin dut jendearen oihuak entzuten ditudala, eztenak bezala sartzen zaizkidan garrasiak, presoak kalera amnistia osoa, euskal presoak etxera; bazterreko aurpegiak ikusten hasi naiz, jendea niri begira; ez dut sekula hainbeste jende niri begira izan. Zerbait esan behar dudala ere entzun dut, baina nik ez dut ezer esateko, hobe nago isilik; dena azkar joan dadila, ez dut besterik desio. Gizon bat hurreratu da eskuinaldetik, ez nago seguru ezagutzen dudan, eta besarkada batean bildu nau, min eman didate bizkarrean eman dizkidan zaplada irmoek, baina estu besarkatu dut nik ere, indarrez, hori da tokatzen dena, eta banandu garenean konturatu naiz, Joxe da, Jokinen aita. Aurrera egin dut, ez dut alboetara begiratu nahi, begiradak nahi ditut ekidin besarkadak bezainbeste, zuzen begiratzen dut, gertuago dut Imaz, eskuak altxatzen ditu, beste bat besarkatzen, beste bati keinu egiten. Ikurrinen pasilloan barrena segitu dut nik, noiz arraio iritsiko gara, lurrera begiratu dut, esku-paper urdin batzuk daude lurrean, espetxeak apurtu, eta makurtu egin naiz bat hartzera; espetxeak apurtu, eta bi begi barrote batzuen atzean, beste begirada bat; gora so egin eta hor da Imazen ukabila kantuen erritmoan, ez gaituzue geldituko, ez gaituzue geldituko. Ukabila igo behar nuke baina ezin dut; txalo jotzen hasi naiz, ez dakit zer-zergatik-nolatan, baina ahurrak astintzen ditut, eskuak zartatu, jakin gabe zehazki zeri demontreri ari naizen: harrera egiten ari zaizkigunei? Oihuei? Imazi? Geure buruei? Txalo jotzen dut jo, eta atseden gabe jarraitzen dut aurrera. Aupa hau, aupa bestea; zarta-zarta segitu dut nire gorputz-adarrei zeregin hoberik aurkitu ezinda.

      Fidantza batzean aske aterako ginela jakin genuenean, ongi etorrian zer esango, ez nuen beste kezkabiderik; nahikoa lan izan nuen hilabeteotan Imazi begiz begi hitz egiteko —zenbat alditan makurtu nuen burua, zenbatetan sentitu haren izaera kontsekuentearen oihartzuna—. Ez baitiogu elkarri geure inkomunikazio-aldien inguruan deus kontatu; zureak al ziren garrasi haiek? galdetu nahiko nioke, zer egin zenuen? eutsi zenion? deklaratu zenuen? Ez nuen itxura txarreko ikusi Mecoko ingresoen moduluan berriz elkartu ginenean, baina ez dakit nik nire burua sentitzen nuen bezain lehertuta ikusi ninduen hark; “oso latza izan da” atera zitzaidan niri, eta Imazek, solasgai harekin derrepente bukatu nahi balu bezala, “bagenekien zer zen etortzen ahal zitzaiguna”. Horiexek zuloaldiari buruz elkarri trukatu dizkiogun hitz bakarrak, eta ziur aski aurrerantzean kontatuko dizkiogunak. Tokatzen zaiguna onartzea, ez bizitzea kexari emanda, tinko jarraitzea, sakrifizioa gure egitea; zuloaldiak indartsuago egin gaitzala, gogorrago, helduago, horixe da dena.

      Imazen gurasoak begiztatu ditut harantzago; iristear gara, amaitzear da paseillo ditxosozkoa. Mutil eta neska bana ikusi dut mikroetatik hurre, herabe-antz, serio; bertsolariak, pentsatu dut, eta Imazen aldamenean kokatu naiz. Garrasiak beheitituz doaz, baina bozkario bera sumatzen dut inguruan, emozioa gainez. Imaz bera ere erasanik ikusten dut, harengan batere ohikoa ez den gisara; begiak gori, masailak bero, begiradak bilatu ditu jendartean, bati keinu, bestea agurtu, harako hura adoretu. Nik, oraindik burua sobera jaso gabe, inoren begirada aurkituko ez dudan ihespunturen bat bilatu dut baina topatzen ez, hau izorratzea; inguruan dudan jende-aldra behatzea beste erremediorik ez dut. Multzoa ikurrin eroriek inguratzen dute, eta ezkerraldean identifikatu ditut, lehen lerroan, Unai eta Oier. Aurpegi ezagun ugari, zahar, heldu, gazte; ezagun gehiago adiskide baino; azkar joan dadila, azkar dena. Denbora ohi baino motelago sentitzen dut, patxada gehiegizkoan, norbaitek munduaren joanari balazta bat jarri izan balio bezala.

      Furgonetan ekarri gaituenetako batek, Josebak, hitza hartu du, eta ezarian leuntzen hasi da harrabots gogaikarria. Hainbestekoa izan da lasaitua ezen haren jarduna sekula amai ez dadila desiratu dudan segundo batzuez; nahi baino laburrago aritu da, ordea, espero baino askoz ere laburrago, egia esan, eta txalo zaparrada batek egin du eztanda kolpetik. Mutil eta neska bana nabarmendu dira jende artetik, neska ezagutzen dut. Txistu-danbolinen konpasean ekin diote aurreskuari; lotsaizun moduko bat hedatzen hasi zait barrenean, dantzarien jauzi grinatsu bakoitzean areagotzen dena. Dantzarien ahalegin hotsak inoizko ozenen entzuten ditut, oinek lurrean egiten dituzten talkak bezalaxe, eta gora begiratu behar izan dut, ihespuntu bakarraren bila, hondoak jan ez nazan. Kolpe-hots bakoitzarekin entzun ditut kasko gaineko astinaldi anplifikatuak, eta nire burua bridatu behar dut berriz ere oihuka ez hasteko. Fazatia zait orain solemnitate hau guztia, antzezpen akigarri samarra, eta dena esajerazio deliberatu moduan ikusten hasi naiz; inork benetan sinesten ez duen erritual baten jarraipen mekaniko bat-edo, horrelakoa begitantzen zait une honetantxe, zutik ere nekez eusten diodala, eta egingo nuke ez naizela hemen hori sentitzen dudan bakarra. Zalantza izpirik ez da, baina, aurrean ditudanen begietan; konbentzimendua adierazten dute soinek, hitzek, jarrerek. Dagokidan papera jokatzen ari ez naizen erruduntasunez jaitsi dut berriz ere begirada eta une horretan sartu dira dantzariak azken konpasetan; buruaz diosal egin dute sinkronizazio perfektu batean, eta handiagoa izan da agerkeriak eragin didan lotsaizuna, nor izateak eragin didan laineza baino. Txalo-zaparrada bitartean etorri zaigu Begoņa, Imazen ama, eta hunkidurari ezin eutsi, lore sorta bana eman digu; are zaparrada zaratatsuagoa. Bereziki beroa izan da niri eman didan besarkada, semeari eman diona baino are beroagoa, eta azkar batean atxiki dut keinu neurriz gorakoaren esangura: umezurtzak eragiten duen gupida, guraso hobendunaren salaketarekin batera. “Mutiko gaixoa”. Neronek dudan handik ospa egiteko gogoa ere galanta dela, horixe esango nieke, eta mesedez uzteko bake-baketan, ez dudala haien babes, elkartasun eta bestelako hitz zaharren beharrik batere orain, ezta begirada erru-hedatzailerik ere. Lore sorta eskuan, neroni estaltzeko modu egokia izan daitekeela ohartzeak apur bat lasaitu nau.

      Bertsolarien txanda ailegaturik, jada azkenetan gaudelako atsegina, hitz-hartzea gero eta gertuago dagoelako pairamenarekin batera. Denetarik pentsatu izan dut azken egunotan: protokolozko lau esaldi tipiko esan eta kontua gainetik kentzea, esker-hitzetara mugatu eta bestelako kontsideraziorik ez egitea, balorazio politikoagoak egitera ausartzea. Azken hori, jakina, berehala baztertu nuen; izan ere, nor arraio naiz ni balorazio politikoak egiteko? Imaz ondoan izanda, lekuz kanpo egongo litzateke, gainera. Adierazpenik ez egiteko intentzioz ailegatu banaiz ere, orain eginezin sentitzen dut aukera hori; halako karraren aurrean, halako bihotz-berotasun mozkorraldiarekin, ez naiz geratuko ba isilik. Segurua da Imazek hitz egingo duela, ondo eta zabal, eta nik ere zerbait esan beharko dut, eskerrik asko etorri zareten guztioi sikiera, zuen indarrarengatik ez balitz ez ginateke hemen sikiera, ez ahaztu barruan jarraitzen duten guztiak sikiera, urratsez urrats lortuko dugu sikiera, herriaren babesarekin ez dago helburu ezinezkorik sikiera, denon bultzadarekin geldiezinak gara sikiera. Ahots dardarti eta kirrinkari samar bat entzun da, eta berriz ere jendetzaren isiltasunaren plazera. Zurt dira den-denak, bertsolarien errimei adi; ikustez ezagutzen ditut, Parte Zaharretik. Herriak sortzen duen guztia, betirako izango dela, larai-larai-larai-larai betirako izango dela. Espetxe denak suntsitu eta, euskal presoak kalera, larai-larai-larai-larai, ta euskal presoak kalera. Tatuatuko dugu guztiok, euskal hizkuntza ahoan, larai-larai-larai-larai, euskal hizkuntza ahoan. Ozen entzungo dutela denek, askatasunaren hotsa, larai-larai-larai-larai, askatasunaren hotsa. Esperantzaz beteta gogoa, bihotz beroa eskuan, larai-larai-larai-larai, bihotz beroa eskuan. Eusko Gudari denen auhena, hemen entzuten ari da, larai-larai-larai-larai, hemen entzuten ari da. Gaurko arantza mikatzetatik, biharko lili ederrak, larai-larai-larai-larai, biharko lili ederrak. Esaten dizuegu amultsu, izan ongi etorriak, larai-larai-larai-larai, izan ongi etorriak.

      Txaloak, deiadarrak, gora eta militarrak. Jendetzaren lerroari segika, adoreturik oihuztatu ditugu oro: gorak, etak, eta militarrak. Eztarria urratzeak apur bat ernarazi nauelarik, Imazi egin diot keinu nahi badu berak har dezala hitza, nik laburrago jardungo dudala. Bereak izango dira balorazio sakonak, testuinguruaren irakurketa xeheak, etorkizun hurbileko aukera politikoen aletzea, eta ni, moldatuko ahal naiz zerbait taxuzkoa esateko? Bueno, entzun diot Imazi, ondo entzuten da? Mila esker bihotzez egin diguzuen harrera bero honengatik; banan-banan eskertu nahi nizueke eman diguzuen babesa, espero dut gero edo datozen egunetan egin ahal izatea; bidegurutze baten aurrean dago herria; momentu historiko erabakigarria tokatu zaiguna; handira jokatzeko garaia da horregatik; Herri Batasunak berriki ezarri duen bide-orria burutzeko garaia da; argi eta garbi eduki dezatela Frantzia eta Espainiako estatu faxistek; herri hau aurrean izango dutela; txaloak, txalo gehiago; ez dira txikiak aurrean ditugun erronkak; etsaiaren erasoen aurrean irmotasunez erantzuteko garaia da; baina inteligentziaz jokatzekoa ere bai; bihotza bero; burua hotz; honakoa borroka luze baten katebegi bat baino ez da; guztion esfortzu eta konpromisoarekin; etorkizuna gurea izanen da; herri bat dugu irabazteko; herri libre bat; barruan daudenengatik; txaloak; bidean erori diren guztiengatik; etorkizuneko Euskal Herriarengatik; hortzak; erakusteko; garaia da; eta txaloak; txalo gehiago, eta isiltasun luze samar bat; boterearen menpeko komunikabideen intoxikazioaren gainetik; soldatapeko txakur eta borrero guztien gainetik; errepresio hiltzailearen kolaboratzaile diren lazodun guztien gainetik; herri honen ordua da; Euskal Herriaren garaia da; Euskal Herriaren garaia da; Gora Euskal Herria askatuta; gora; Gora Euskal Herri Sozialista; gora; Gora ETA militarra; gora, esan dugu aho batez denok.

      Luze jo du txalo-zaparradak, irrintziak entzun dira, Imazen gurasoak ikusi ditut lehen lerroan berriz ere, hunkiturik, harro semearen jardunarekin. Zirkuluaren beste aldean, Unai ere bai, bete-bete, eta Oier, niri keinu egiten, nire ahuldadea sumatuko balu bezala, kemena eman nahiko balit bezala. Zuk ez daukazu marroirik, horixe esaten zidaten denek, Oierrek ere bai, zuk ez duzu zertan kezkatu, eta orain ni hemen, mikrofono baten aurrean zerbait esan beharrean, jendetza niri begira; gezurra dirudi, ezagutu ere egiten ez duzun jendea egun batetik bestera arretaz zure hitzak entzun nahian, zure keinu, zure ibilerei adi. Baina nik ez dut hau nahi, nik barealdia behar dut, arreta orotatik urruti, multzo orotatik bereiz; ez dut behar mozkorraldirik, eduki dut sobera dagoeneko. Imazek emandako erakustaldiaren ondoren, halako berba-jario geldiezin, erraz eta sendoaren ondoren, zer arraio esango dudan, horixe ez dakit; orain iruditzen zait hobe zatekeela nik hitz egin izan banu aurretik, txarretik onera txarra ez delako hain txar. Baina orain, konparaziora, barregarri geratzeko aukeraz harago, ezin dut besterik imajinatzen ahal. Kontuz ibili, gaztigatuko nieke parez pare ikusten ditudan lagun eta enparauei, hau ez da broma bat, ez da jolasa; itxaropena aditzen da hemen, adorea, hemen ez da besterik bihotza eta beroa baino. Han barrukoa, zuloaren luze-zabal horretan dagoena, besterik da; han ez du balio, ez dute balio, hemengo garrak, hemengo hitz lodiek, oihu kementsuek, han ez dute balio diskurtso borobil eta aurrez ezarririko estrategia politiko burutsuek, estrategia politiko hotzek. Han haragia da harriaren kontra, zuloaldian ez da lekurik humanitatearentzat, dagoena eta existitzen ez dena, guztia geratzen da etenik. Horixe sentitzen dut nik, eta ez dakit nola Imazek ez duen hori bera ere bizi, edo agian berak iraun zuen, eutsi zion, are indartsuago egin zuen horrek guztiak; zapalkuntzak indartsuago egin behar duela bat, horixe esan zioten formazioetan, horixe esaten zuen behin eta berriro, eta bera ere, bigarrenez, indartsuago bilakatu da akaso. Txarrari ona bilatzen, umiliazioa distira bihurtu nahian, horretan ari gara denok, ari dira. Aldiz, tolesak baino ez dizkiot aurkitzen honi guztiari, tolesak eta zimurrak, nola bestela? Zer esan bestela zuloaldia bizi ez dutenei? Nola adierazi han bukatzearen desgrazia gorria? Orain garaiz zaudetela, saihestu ezazue hori guztia; esango nieke, borroka da bide bakarra, bai, baina ez da hau borrokabide bakarra, hau akabua da, esango nieke, zorigaitza ezbeharraren gainean, horixe besterik ez; horrekin guztiarekin nola kristo eraiki taxuzko ezer? Nola arraio hitz egingo dugu etorkizunaz, esperantzaz, laster-etorriko-da-garaipenaren-egunaz? Pentsatu eta esaten ez diren gauzak. Entzuleriak entzun nahi ez dituenak, igorleriak esan ezin dituenak. Txalo-irrintziak beheititzen doaz, eta geroz eta begirada gehiago nire gorputzean, ezker-eskuin gurutzatzen zaizkit, goitik behera zeharkatzen. Hau izorratzea; honek ere zerbait esan beharko dik ba, ea zer esaten duen, besteak bezain ondo hitz egiteko lanak, hori bai, arraro ikusten diat nik ba, muzin samar, beste nonbait balego bezala, normala ere baduk, hi, jasandakoa jasan ondoren, bai, bai, ulertzen diat, ukitu zitiztean? ukitu? bai, bai, ederra jaso omen zitean biek ere, hori entzun diat, azkar askatu ditiztek behintzat, bai, tira, baina fidantzak-eta, laguntza eskatu behar izan omen ditek Imazen gurasoek, eta bigarren aldia duk, gainera, bai, familia hori ere, sufritzen ari dena, hau muturreko pila, hau muturreko pila, gu beti jaso eta jaso, jaso eta jaso, besterik ez, marka duk gero. Imaz ere begira ari zait, konfiantza eman nahian, pozik eman duen hizketa-lezioaren ondoren. Alde batera begiratu dut, beste aldera; ez, ez nituen inolaz espero, baina batek daki; non ote dira gurasoak? Etxean sartuta, ama afaria prestatzen, aita telebistaren aurrean, amorratuta oraindik, beraiek zer egin duten gaizki galdezka; zer egin duten gaizki semea mobida horietan sartzeko, zer egin duten seme jarraitxu bat toka dakien, beraiek beti eman didatela heziketa on bat, ez dela ezer ezkutatu etxean, irekian hitz egin dela politikaz beti, eta halere hau, galdetuko du aitak, zer kristok egin du huts?; ikastolaren errua, edo ikastolako giroarena, Begoņa horrena ere bai noski, bere folklorismoarekin, gauza guztietan esku hartzeko joera horrekin, posible duen guztietan ideologia zabaltzen, nork esango zion duela bost urte hor ibiliko zela Madrilera joan-etorrian hamabostean behin; umiliazio horretatik pasatu beharra, nola begiratzen dioten bere adiskideek, “hire semea duk?” sinesgaitz, “hire abizen bereko hori hire semea duk?” galdetuko diote berriro, eta nola sentitzen duen bere gain aita kaskarraren zama, nola bere garaiko bat baino gehiago poztuko den, harrapazak esanez bezala, bere ibilbidearen ondoren semea “halakoa” atera delako pozik, patuaren ironiak, pentsatuko dute, pentsatuko du nire aitak halaber, eta kanal batetik bestera egingo du jauzi, bakarrean geratzeko pazientziarik gabe, ahapeka madarikazioak esaten dituen bitartean. “Ixo!” esango dio amak sukaldetik, “hemendik entzuten zaizu” eta isildu egingo da lipar batez berriz ere murmurioka hasi arte. Baina kontua ez da nire gurasoak zertan diren, ez ezak tranparik egin, baizik eta zer egiten duan hik hor, zer egiten dudan hemen, alegia, eta batez ere, zer egingo dudan, zer esango, txaloak amaitu baitira dagoeneko eta jendea nire zain dago, zerbaitetarako paratu dute nire izena pankarta horretan, zerbaitetarako egin baitigute paseilloa, ikurrinak, bota dizkigute bertso horiek, loreak, oihuak; orain zerbait esan beharko dut ba nik, zerbait eman beharko diet bueltan. Nire marranta entzun dut anplifikaturik, eta erretorikoki, zerbait esatearren, denbora irabazteko, “ondo entzuten da?” galdetu dut, Imazek egin duen bezalaxe, baietz lehen lerrokoek, baietz atzealdekoek, denak niri begira, hau izorratzea, begiak nire larruazalean, balkoietan daudenak ere begira, niri zain, hasiko-al-haiz-motelka, benga-ez-diagu-egun-osoaka, eta nik, halako jario ito bat sentitu dut barnean, jario bat behetik gora, eta kolpe zaharren oihartzunak entzun ditut, eta nola kolpekatzen nauten berriz ere, eta morroi mukerrak eragiten didan narda, Ketxus uste dut deitzen ziotela, musika puta hori, zuloaren usain nazkagarria, usaintzen dudala iruditzen zait berriz ere, eta behazuna datorkidala berriz ere sabeletik, eta begiak beteta, ezin eutsi, dena aterako zait kanpora, barnea joango zait aho-begietatik; eskuaz apartatu dut mikroa, kolpeak sortzen duen zarata lehorra, zarata lehorra garbi, baina ni jada makurturik naiz, barrenak askatzen, berriz ere zapore garratz hori, laztan heze bat masailetan behera, eta hauspoarekin ere nahiko lan, errai-begiak atera beharrean, eta Imazen ahotsa sentitzen dut ni lasaitu nahian, badakidan arren jada ez dagoela niretzat aringarririk; dena botatzen dudanean zer gorpuzņotan geratuko naizen, zer izaki suertetan, hori da nire kezka; botatzearen bota beharrez, dena ari naiz galtzen-eta errai-begietan, horixe da orain dudan kezka bakarra.