Tximeletak bizkarrean
Tximeletak bizkarrean
2018, nobela
320 orrialde
978-84-17051-14-3
Azaleko irudia: Paul Klee, Angelus Novus
Ugaitz Agirre
1992, Usurbil
 
 

 

Zazpi tximeletak

 

 

— Arratsalde on, Sara. Zer moduz zaude? Ia hiru hilabete joan dira azkeneko zitatik. Ondo? Beno, eseri zaitez beti bezala. Zerbait interesgarria gertatu al zaizu hilabete honetan?

              — Zerbait interesgarria?

              — Bai, interesgarria. Beno, ulertu interesgarria bere esanahirik zabalenean. Agian beste era batera planteatzen badut galdera... Ea. Zertaz hitz egin nahi duzu?

              — Niri buruz hitz egingo diozu, ezta? Hori baino gauza interesgarriagorik.

              — Ez dakit zer kontatu, Diana.

              — Beno, lehen begiratuan, bistakoa da ilea moztu duzula. Horri buruz hitz egin nahi duzu?

              — Ileari buruz? Hori interesgarria da?

              — Nik dakidala beti izan duzu ile luzea.

              — Ilea luzatu zitzaizunetik daramazu ile luzea. Dianak arrazoi du.

              — Iruditzen bazaizu nire ilea interesgarria dela, hitz egingo dut nire ileari buruz.

 

 

Bere itxura aldatu nahi du. Beste pertsona bat dela sentitu nahi du.

              Ogia eta tabakoa erostetik etxera bueltan dela, ile-apaindegi baten paretik pasatu da. Barrura sartzea erabaki du bitan pentsatu gabe.

              — Egun on, signorina —adeitsu bertakoak—. Zer egitea nahi duzu?

              Sarak ilea mozteko eskatu dio. Beti ile luzea eraman duenez, ispiluan begiratzen den aldiro bere betiko irudia ikusten du, eta gauzek aldatzen hasi behar dutenez, argi du: ilea moztu nahi du. Neska gazte bat arduratu da Saraz, eta ilea garbitu ostean, ispiluaren aurrean jarri du. Garbi esan dio ilea moztea nahi duela, berdin zaiola nola, berak begiak itxiko dituela eta neskak pentsatzen duen bezala mozteko ilea. Begiak zabaltzean, beste pertsona bat ikusi nahi du ispiluan.

              Hortaz, Sarak begiak itxi ditu. Guraizeen soinua besterik ez da entzuten. Ilea lurrera nola erortzen den sumatzen du. Orraziak eta pintzak. Sarak begiak itxita jarraitzen du. Bere lanean ez bezala, aldaketa prozesuak berdin dio. Abiapuntua zein den badaki, amaiera bakarrik ezagutu nahi du. Irratiko musika entzuten du atzean, modako abesti internazionalak bata bestearen atzetik. Behin guraizeekin amaituta, lehorgailua hasi da lanean. Ilea motzago sentitzen du, orain orrazia ez da lehen bezainbeste irristatzen. Baina oraindik lana ez dago amaituta, eta ez du intentziorik begirik zabaltzeko. Dagoen bezala jarraituko du neska hark ezer esan arte.

              Identifikazio ariketa batek hartu du. Bere nobelan, zientzialari alemaniarrek Serge Cabot bahitu eta, zaku batekin burua estalita, batek daki nora eraman dute. Berak, bitartean, ez daki ezer, ez non dagoen, ez zergatik dagoen han... Bere gorputzarekin esperimentatzen ari direla sentitzen du soilik. Metal-soinuak, elektrizitatearen hotsa, argi-fokuen berotasuna eta bere gorputzean txertatzen ari diren tramankulu artifizialen hoztasuna. Zerbait prefabrikatu bihurtu nahi dutela dirudi. Xiringaren orratza nabari du lepoan sartzen, eta begiak zabaltzen dituenean, ohe batean dago. Partisanian, heroien zitadelan. Aldaketaren aukeramenak zenbat duen libretik eta zenbat behartutik pentsatzen eman du azken guraize hotsek dirauten denbora.

              Ordu erdi geroago, begiak zabaltzeko eskatu dio. Sarak begiak ireki eta ispiluari begira geratu da harrituta. Flekilloa motz-motz moztuta, agerian utzi dio kopeta guztia. Patillek triangelu forma dute. Eta atzeko ileak lepoaren hasieran amaitzen dira, labur-labur. Gustatzen zaio, eta garrantzitsuena: ez du aurreko Sara ikusten. Beste pertsona bat dela sentitzen du. Eta hori da nahi zuena.

              Ordaindu, eskerrak eman eta etxera joan da irribarretsu erakusleihoak begiratzen.

 

 

— Oso ondo geratzen zaizu, bai. Baina zergatik nahi zenuen aldatu zure itxura?

              — Ea, Sara, kontatu nirea! Kontatu nirea!

              — Ez nintzen gustura nintzenarekin. Krisi existentzial horietako bat izan dut. Identitate krisi bat edo. Gauzak aldatzen joanda, pixkanaka, nor naizen ulertzera iritsiko naizelakoan nago.

              — Gauzak? Pluralean? Zerbait gehiago aldatu al da ba zure bizitzan?

              — Nondik hastea nahi duzu?

              — Lepoko hori berria duzu. Non erosi zenuen?

              — Lagun batek oparitu zidan duela hilabete batzuk.

              — Lapislazuli urdina. Oso dotorea. Baina kolorea edo materiala baino gehiago forma interesatzen zait. Tximeleta bat. Arrazoiren bat dago?

              — Ezagutzen duzu Farfalle taldea?

              — Ez. Horregatik da?

              — Ez da horregatik, Sara, badakizu ez dela horregatik!

              — Bai. Bolonian ikusi nituen martxoaren 9an. Hitzaldi bat ematera joan nintzen, badakizu, martxoaren 8aren bueltan antolatzen direnetako bat. Nire ikasle bat hangoa da, Daniella Neri izena du, eta TPOn ibiltzen da. Nola azaldu, espazio kultural libre bat, nolabait deskribatzeko.

              — Horri buruz hitz egin dezagun.

              — Ondo da.

 

 

Martxoaren 9an, jaiki eta prestatu ondoren, autoaren bila joan da Boloniara bidean jartzeko. Baina autoa ez dabil, giltza biratuta ere, motorra ez da martxan jartzen. «Bateriarik gabe? Justu orain?». Chiarari deitzea erabaki du laguntza eske. Pintzekin bi autoak elkartu eta bateria kargatu nahian hasi dira. Baina alferrik, ez du funtzionatzen. “Beste arazo bat izango da”, esan dio bizilagunak. Garabiari deitu dio eta tailer batera eraman dute autoa. Eta bitartean, malaostiaz beteta, baina dena berarentzat gordez, Fionari deitu dio.

              — Ciao Fiona, Sara naiz. Badakit autoan joateko geratu ginela, baina ezingo da horrela izan. Tailerrera eraman dut justu oraintxe.

              — Ba trenean joango gara, ez dago arazorik. 11:00k dira. Ordubetean Santa Maria Novellan? Abisatuko diot Daniellari ahal bezain azkar iritsiko garela.

              Goizeko arazoak nahikoa aztoratu du. Hitzaldi batera berandu iristea... Denak han bere zain egongo direla jakitea eta bera oraindik agertzen ez dela... Ez du horretan pentsatu nahi. Baina Firenzetik Boloniarako bidaia ez da hain luzea ere. Freccia hartuta, ordu erdi baino gutxiago irauten du bidaiak, eta geldialdi guztiak egiten dituen horietako bat hartuz gero, ordubete inguru. Lehenengoa hartu dute. Sarak garaiz iristean besterik ez du pentsatzen, ez du tren geltokian daudenen bizitzak asmatzen hasteko betarik. Soilik tipo batengan jarri du arreta. Aurretik behin baino gehiagotan ikusi duelakoan dago. Begi berdeak, marihuana kolorekoak. Sakonegiak hain txikiak izateko. Treneko besaulkian eseritakoan geratu da lasai.

              Iritsi dira Boloniara hizketaldi atseginari noiz amaituko den ez dakiten pausa bat jarririk. Baina solasaldi pausatua solasaldi aztoratu batekin nahastu da handik gutxira. TPOren bueltako neska kuadrilla bat kultur gunean ibiltzen den mutil zinemagile baten jomuga izan da azken urtean. Sarak gaiaren inguruan jakin nahi izan du, baina inork ez du ahorik zabaldu. Jomugan egon direnek anonimatuan jarraitu nahi dutela dirudi. Eta gertatutakoaren ńabardura bakar batzuk bakarrik jakinda, hitzaldia ematera abiatu da.

 

 

— Salto bortitza? —harrituta dio Sarak.

              — Ia ez duzu treneko ezer aipatu. Zer da “solasaldi pausatua”? Firenzen zinen, eta bat-batean Bolonian zaude. Ez zara ezer ezkutatzen ariko, ezta? Eta zergatik erreparatu zenien begi berde horiei bakarrik korrika betean zinenean? —Dianak hari horretatik tiratzeko asmoz.

              — Ez dakit! Igual jende gutxik dituelako halako begi berdeak! —asaldatuta—. Jarrai dezaket istorioarekin?

              Begiak koadernora jaitsiz eta eskuarekin aurrera jarraitzeko keinua eginez, Sarak bere gustura kontatzen jarraitu zuen istorioa.

 

 

Daniella Sararen alboan dago. Inprobisatutako taberna islatzen duen atrezzoa jarri dute hitzaldia bera ere gisa horretakoa izan dadin, erosoa, hurbilekoa.

              — Buonasera a tutti —hasi da mintzoan Daniella berandutu baino lehen—. Eskerrik asko gaurko solasaldi honetara hurbildu zareten guztiei. Ohore bat da niretzat, eta zuentzat ere hala izan beharko lukeela pentsatzen dut, gaurko gonbidatua entzutea. Jakizue puntuak irabazten ari naizela kurtso bukaerako azterketan nota altua jar diezadan, askok dakizuen bezala bera nire irakaslea baita. Bromak aparte, eskerrik asko gonbidapena onartzeagatik, Sara. Ez dizu inporta Sara deitzea, ezta? Edo Ballet andrea deitzea nahi duzu? Sara hobeto, ezta? Sara orduan. Sara Universitŕ degli Studi di Firenzeko irakaslea da, Historian doktorea, katalana, idazlea ere bai, eta nola ez, emakumea. Hainbat artikulu eta argitalpen ditu, eta batez ere ospetsu da Heroiaren kaiera liburua idazteagatik. Baina gaur ez dator horri buruz hitz egitera, edo agian bai. Solasaldiaren nondik norakoen arabera izango da. Bai, egia da. Gaiarekin ere harremana du horrek. Kontua da emakumeek XX. mendeko kultur mugimendu eta espazioetan izandako rolaren inguruan egin zuela doktorego tesia. Bai, hori da, eta batez ere kontrakulturako giroan. Hippyak, punkiak, protesta kantua, mugimendu horiek, laburbilduz. Gaur hori nahi dugu hemengo gai izatea, tesi potolo horren sintesi txiki bat egitea, eta gero, beste galderak edo kuriositateak edo gaur egungo kultur egoeraren inguruan hitz egin nahi bada, ba aurrera. Halere, gogoratu nahi dut hitzaldiaren ostean Farfalle taldearen kontzertua izango dugula. Beraz, horretara ere gonbidatuta zaudete. Beno, ez naiz gehiago luzatuko, zure denbora jaten ari bainaiz. Hortaz, lehen galdera egingo dizut, pertsonala egia esan, baina zuk diozun bezala, ikertzaile bat gaira nola iristen den jakiteak informazio asko ematen du: zergatik aukeratu zenuen gai hori doktorego tesia egiteko?

              Sarak denboran atzera egin behar du bai edo bai. Bizitza aldatzeko eta iraganeko bizitzari aurre egiteko konpromisoa hartu du, eta horrelako galdera bat ezin du erantzun gabe utzi. Agian duela hilabete edo motibo horiek guztiak ezkutatu nahiko zituen, baina orain ez. Eta beharbada, auskalo, martxoaren 8ko izpirituak motibatuta edo, eta aspaldian sentitu ez zuen segurtasun batekin, dena kontatzeko adorea du.

              — Zergatik kontatuko duzu dena justu hemen, Sara?

              Bartzelonara egin du jauzi, 1995. urteko Bartzelona hartara. Sarak hemezortzi urte zituen orduan, eta unibertsitateko ikasketak egiteko aukera izan zuen. Herri txiki batetik joana zen hiriburura, eta horrek halako bertigo bat sortu zion. Babes sentsazio falta beharbada. Baina segituan jazo zen hori guztia. Bere herriko lagunik minenak zituen alboan, pisukide: Xavi eta Núria. Bata Zuzenbidea ikasten, bestea Arte Ederrak. Eta Sarak Historia. Horrez gain, kultur ekintzetan gogotsu parte hartzen zuen Gironellan bertan. Musikaria zen orduan, eta berarekin zeraman talde batean jo zuela esateko harrotasuna. Letrak egiten eta istorioak asmatzen ere bazekien, eta oso ondo egiten zuen gainera. Bartzelonak Gironellan ezagutu ez zuen askatasuna eman zion. Bere ipuin errezitaldi musikatuek arrakasta handia lortu zuten lehen urtean. Gironellan bizirik inoiz pentsatuko ez lukeen zerbait. Asteburuetan hirian geratzen zen, beti izaten zuelako emanaldiren bat. Eta emanaldiz emanaldi ibiltzeak gremioko jendea ezagutzeko aukera eman zion, haiekin esperimentatzea, ideiak elkarbanatzea, ekitaldi berriak antolatzea eta sortzea. 1995ean ezagutu zuen Bartzelona zerbait magikoa zen, zerbait inoiz imajinatuko ez zuena. Baina mundu horretatik baztertu egin zen. Bat-batean.

              Klasean bazen tipo bat, urte batzuk zaharragoa, Joan Fernández izena zuen. Punki bat zen, edo bere estetikak hori zioen. Tipo nabarmen horietako bat, denaren fokua bere gainean egotea gustatzen zaion horietako bat, bere egoa besteen begiradarekin (miresmenezkoa edo mespretxuzkoa izateak berdin zion) elikatzen zuen horietako bat. Oraindik gogoratzen du Erdi Aroko klase batean irakasleari bota ziona: “Erromanikoa ikasi behar dugula? Eta gotikoa? Elizak? Nik ez dut instituzio zapaltzaile eta hipokrita baten inguruko ezer ikasiko! Gaur egungo hezkuntza laikoa bada, zertarako ikasi behar ditugu erlijio puta baten ideiak? Gure ideia libertarioak zapaldu eta lokartu nahi dituzue horrekin! Sistemaren esklaboak zarete!”. Proudhon, Marx, Bakunin, Schopenhauer, Lenin, Trotski, Mao, Foucault, Chomsky, Derrida... azken mendeetako pentsalari denak irakurri zituela zioen, horiek denek idatzi zutena buruz zekiela. “Eta gainera, inori ez zion eztabaidatzen uzten berak adina irakurri arte. Uste zuen denen gainetik zegoela. Ez zeukan ideia putarik”, azpimarratu du Sarak.

              Baina izango zuen zerbait berarekin txora-txora maitemintzeko. Musika egiten zuela, akaso? Musika talde bateko kidea zen. Gitarra jo, abestu eta abestien letrak egiten zituen. Taldeko liderra zela pentsatzen zuen, ezinbestekoa zela. Bera gabe dena pikutara joango zela. Punk-oi estiloko taldea zen. Beno, hori zioen berak. Janzteko estiloa oso estrabagantea zuen mende berriko belaunaldien begietatik so eginez. Martens botak, kamiseta apurtuak, eskularruak, txupak, kazadora bakero apurtuak... Sex Pistolsen garaiko Londresen bizi zela uste zuen. Begiak margotzen zituen, gorputz guztian zeuzkan belarritako eta piercingak. Antisistema deklaratua zen: ez Jainko, ez Aberri, ez Lege.

              Elkarrekin irteten hasi ziren unibertsitateko bigarren urtean. Udan zehar punk-oi talde haren atzetik ibili zen Sara, bere printze urdinaren arrastoen atzetik. Gaur Manresan, bihar Granollersen, etzi Rubin.

              — Ironikoa da, e, Sara?

              — Urtebete lehenago, tipo horrekin maitemindu aurretik, ipuin txiki bat idatzi nuen. Printzesa arrosa, printze urdina eta munstroa. Bertan, printze urdinak munstroa akabatzen du pentsatuz horrela printzesa arrosa salbatuko duela. Eta printzesak berak ere salbu dela pentsatzen du behin printzeak munstroa akabatuta. Baina printzesa arrosa konturatzen doa pixkanaka munstroaren izaera bera dutela printze urdinaren eskariek: printzea munstro bihurtu da. Agian printze urdina eta munstroa pertsona bera dira, ez duzue uste?

              Mutilarekin irteten hastearekin batera, Sara goitik behera aldatu zen. Gustatzen zitzaion mutila bezala janzten hasi zen, horrela gehiago erakarriko zuelakoan. Xavik ezin zuen sinetsi kurtso hasieran bere aurrean zuena Sara zenik. Zertan ari zen galdetzen zion, baina Sarak alboratu egiten zuen. Pisukideak izanda ere, pisu berean bizitzera mugatu zen beren harremana. Baina hori Sara etxean baldin bazen. Gehiagotan ateratzen zen kalera, batzuetan egunak egiten zituen etxera azaldu gabe. Mutilarekin zegoen egun guztian, rock star baten groupie-a bailitzan. Kontzertuetara joaten zen, kontzertua hasi aurretik kamerinoa deitzen zuten kale kantoian speed arrastoak sartzeko. Behin, guztiz kolokatuta, berak gitarra jotzen zuela esan zion, eta mutila barrezka hasi zen. “Erakutsi zer dakizun egiten!”, eta bere gitarra pasatu zion. Kantu melodiko horietako bat hasi zen jotzen, bere ipuinen musika zena. Trebetasun izugarria zuen. Urteak egin zituen gitarra jo eta jo, zuen mailara iristeko. Baina Joanek aurpegira egin zion barre. “Zer da hori? Folka? Popa? Musika klasikoa? Zuk ez dakizu gitarra behar den bezala jotzen! Lasai, ez da zure kulpa, zure genetika da”. Eta beste arrasto bat barrura eta garagardo trago bat edan eta gero, tabernara sartu zen publikoari bere musika magistrala eskaintzera. Sara kale kantoian geratu zen, eta ordutik ez zuen gitarrarik jo aurreko egun batean etxean aurkitu zuen arte.

              — Hainbeste maite nuen, zoriontsu izateaz ahaztu nintzela —eta isilik geratu da ur trago bat edateko—. Baina hori orain esaten dut; orduan, tipo hark bere alboan egoten uztea zen zoriontsu izatea. Berdin zuen mundua bukatzen bazen, lagun guztiak galtzen banituen, klaseak huts egiten banituen... Denak berdin zuen. Bakarrik bere alboan egon nahi nuen, eta horrek sekulako mina egin zidan.

              Behin baino gehiagotan harrapatu zuen beste neska batekin. Maitasun askearen ideia ateratzen zuen patriketatik, eta Sarak barkatu egiten zion. Behin Sara Xavirekin ari zen hizketan pisuko arazo bategatik, eta tipoak, jeloskor, sudurra hautsi zion Xaviri ukabilkada batez. Gero, gaya zela esan zion Sarak bere bikoteari. Erantzuna: “Merezi huen, marika zikina!”.

              — Oso antisistema eta koherentea zen tipoa.

              Baina isekak eta hain natural ikusten diren keinu txikiak gehituz joan ziren. Egun batez, hitzordu batera berandu joateagatik kolpatu zuen. Baina merezitakoa zuela pentsatzen zuen, behar bezalako neska laguna ez zelakoan.

              — Berriz esango dut: hainbeste maite nuen, zoriontsu izateaz ahaztu nintzela.

              Bertaratuen barne-zurrumurruak sentitzen ditu. Kontakizunak hartua duen norabideak sortutako amorrua azaleratzen doa.

              Eta egun hartara iritsi zen. Beste kontzertu bat eta beste egonaldi bat kale kantoian. Tipo gazte bat azaldu zen taldekideak eta Sara anfetaminaz ipurtzuloraino zeudela. Pixa egitera joango zen, galtzak jaitsi baitzituen. Orduan, Sara bere tokitik altxatu eta zertan ari zen galdetu zion. Ea bere zakila han aterata zerbaitetan laguntzerik nahi zuen. Aho matraila alderik alde mugitzen zitzaion Sarari eta mutilak pixa egitera besterik ez zela azaldu esan zion izututa eta galtzak presaka igoz. “Galtzak pixarekin busti dituzu!”. Barrezka hasi zen. “Ezin zara horrela joan hortik, utzidazu hori lehortzen”. Eta Sara mutil haren aurrean belaunikatu zen. Segituan, Joan bere tokitik altxatu eta zer hostia egiten ari zen galdetu zion tipoari. “Zertan habil hi? Zer nahi duk, nire —bere bularrean esku kolpe batez adieraziz bere jabetza— neskak hire zakil nazkagarria zurrupatzea? Zer uste duk haizela hi, e?”. “Nik ez dut ezer egin!”, oihukatu zuen. “Errepika ezak hori!”, kolkotik helduta. Lurrera bota zuen. “Ez haut gehiago ikusi nahi!”. Lurretik ahal bezala altxatu zen, “Sunormala”, ustez inork entzungo ez zuela. “Zerbait esan duk?”, bira erdia emanik Joanek. “Nik sunormala deitu zaituela uste dut”, esan zuen Sarak, anfetamina kolokoi haren erdian esandakoak zer ondorio izango zituen pentsatu gabe. “Sunormala ni? Benetan? Hori pentsatzen duk?”, pauso geroz eta arinagoekin. Eta ezer erantzun aurretik, kristalezko botila lehertu zion buruan.

              — Galdetzen badidazue zergatik probokatu nuen, uste dut pentsatzen nuela horrelako gauzak egin behar nituela bere alboan egon nahi banuen. Soilik bere burua maite eta miresten zuen. Egoista bat zen. Esan nahi dut, berak ni maitatzeko eta miresteko, bera bezalakoa izan behar nuen.

              Antza jendea kalean zegoen hura guztia distantziatik ikusten, eta telefono kabina batetik deitu zioten poliziari. Segituan entzun ziren sirena hotsak, eta handik korrika alde egin behar izan zuten denek.

              — Gertatuarekin anfetaminen eragina joan zela sinetsita nago. Eta gero... —ahotsa ahultzen doakio—. Gero beste kale kantoi batean bukatu nuen mutil laguna zenarekin. Poliziarengandik salbu, baina... —gogoratzeak eta esateak korapilo askaezin bat sortu dio eztarrian.

              — Prest zaude esateko, Sara?

              — ...han bortxatu ninduen. Lehen aldiz —isiltasun pisutsu batek hartu du aretoa—. Hori eta gero ni bortxatzen jarraitu zuen.

              Mutu geratu dira denak. Inor ez da gai isiltasuna apurtzeko. Eta Daniella, momentuan bere alboan dagoena, izoztuta geratu da. Pentsatuko du: «Eta orain zer egin?». Malkoek ihes egiten diote Sarari. Daniellak musuzapi bat luzatu dio.

              — Eskerrik asko, Daniella —itoa.

              Ostean, publikoari begiratu dio. Denak daude berari begira, jada ez dakite zer espero. “Zergatik aukeratu zenuen gai hori doktorego tesia egiteko?” izan da Daniellak egin dion galdera. Inork ez zuen imajinatuko hain galdera inozoa egitean ordu erdi eta gehiago iraun duen erantzun hori entzutea. Inork ezin zezakeen horrelakorik espero.

              — Beno, iruditzen zait onena atsedenaldi txiki bat egitea izango dela —aipatu du Daniellak oholtzatik—. Haize pixka bat hartu, zigarro bat erre, horrelako gauzetarako. Ondo iruditzen zaizue bost-hamar minutu eta gero berriz etortzea?

              Denak ados ideiarekin.

              Sara komunera joan da bost-hamar minutu horietan, eta aurpegia busti du.

              — Egin duzu azkenean. Baina zergatik egin duzu, Sara?

              Komunetik atera eta Fiona eta Daniellarekin egon da oholtzaren ertzean hizketan. Bi ikasleek ez dakite zer esan, ustekabean harrapatu ditu Sararen oroitzapenak. Irakasleak lasai egoteko esan die. Egin behar zuen zerbait zela, eta denbora askoan barruan eduki ondoren, gogorra izanda ere, merezi izan duela. Hitzaldiarekin jarraitzeko prest dagoela jada.

              — Beno, Sarak esan digu hitzaldiarekin jarraituko duela. Orain ez dakit nola planteatu gaia bera ere, baina zerbait inprobisatuko dugu.

              — Barkatu, Daniella —moztu dio Sarak une batez—. Jarraitu aurretik eskerrak eman nahi dizkizuet nire kontakizuna entzun duzuen moduan entzuteagatik. Mila esker. Badakit neurekoi samarra izan naizela, eta nire konplize bihurtu zaituztedala hori kontatuta. Baina ez nintzen gai izango horretarako, eta benetan behar nuela, zuengatik ez balitz. Ez dakit giroa izan den, ez dakit babesa izan den, ez dakit aldeko atmosfera izan den. Jende gehiago egon balitz, seguruena ez nuke kontatuko, baina hemen, gure artean, babestuta sentitu naiz. Eta Daniella, lehen galdera hori laburbiltzeko, gai hori aukeratu nuen gizonezkoek kultur eremuan aktibo izatetik pasibo izatera behartu nindutelako.

              Gero hitzaldiak jarraitu du. Daniellak punk estiloari buruz galdetu dionean, 80ko hamarkadara egin du atzera. Aukera izan zuen tesia egiten ari zen bitartean garai hartako hainbat protagonista elkarrizketatzeko, eta haien hitzak berreskuratu ditu.

              — Espainiako punkari buruz hitz egitera noala esaten badut, agian norbaitek ez du oso begi onez ikusiko, beraz, eta niri ere ez zaidanez espainiarra naizela esatea gustatzen, ba euskal punkari buruz hitz egingo dut. Euskal Herria, ez dakitenentzat, Espainia eta Frantziaren artean dagoen nazio bat da, Katalunia bezala. Eta hango hiri batean, Iruńean hain zuzen, emakumez bakarrik osatutako punk estiloko talde bat eratu zen: Belladona —“Kasualitatea Belladona deitzea, e, Sara!”—. Ulertu behar duzue eremu hori oso tradizionala zela 80ko hamarkada hasieran. Aukera izan nuen Aurora Beltran taldeko kidea elkarrizketatzeko. Eskerrak ematen zizkion moja eskola batean ikasi izanari, horregatik atera baitziren atera ziren bezalakoak. Hori barrezka esan zidan. Baina horretatik aparte, irudipena zuen emakumearen papera musikan apaingarria besterik ez zela. Pasiboa, ezta? Eta gizonezkoek betetzen zutela musikaren partea, aktiboa izango zena, alegia, oholtzaren gainera igotzea eta pentsatzen zutena esatea. Baina bere ibilian ikusi zuen musika egiteko gai ziren hamaika emakume zeudela.

              Gero beste talde bat hartu zuen hizketagai: Vulpes. 17 urteko lau neska ziren. Espainiako telebista nazionaleko programa batean agertu ziren Me gusta ser una zorra kantuarekin, eta handik aurrera dena iskanbila eta topikoak izan ziren. Interviú aldizkarian biluzik ateratzeko eskatu zieten, batzuek pentsatzen zuten euren kontzertuetan kulerotan bakarrik ateratzen zirela...

              — Nahiz eta punkaren errealitatea progresista eta irekitzat aurkezten den askotan, kultura hegemoniko patriarkalaren apendize bat da. Batzuk ez daitezen haserretu, punki guztiak ez dira horrelakoak, ados, baina gehiengoa apendizearen parte baldin bada, esan dezagun punka kultura patriarkalaren apendize bat dela, salbuespenekin. Eta norbaiti hori esatea gaizki iruditzen zaiolako ez naiz isilduko. Nire tesiaren ondorioetako bat horixe izan zen. Kontrakultura izango da, baina horrek ez du esan nahi matxista ez denik.

              Gaur egungo arazoak ere izan dituzte mintzagai, eta uste baino gehiago kostatu zaie solasaldia amaitzen. Baina jendea gustura dago, eta gustura dagoenean... Azkenik, eta gogoaren kontra, Daniellak amaitutzat eman du hizketaldia eta txalo zaparrada batek hartu du aretoa.

 

 

— Konturatzen zara publikoan esan zenuen horrek zer nolako garrantzia duen?

              — Momentu egokia iruditu zitzaidan. Alkoholiko anonimoen saio batean bezala.

              — Zenbat aldiz kontatu duzu pasarte hori?

              — Lau aldiz. Zuri, bi hurbilekori eta egun horretan. Sentitzen nuen han ez nindutela kritikatuko, haien babesa izango nuela. Horregatik bota nintzen amildegira. Gainera, Bolonian gertatutako iskanbilaren nondik norakoak jakin ahal izan nituen horrela. Nirekin enpatia sentitu zutela dirudi.

              — Zer gertatu zen ba Bolonian? Ez dut ezeren berririk izan.

              — Isilpean mantendu dute TPOko barne kontu bat izan delako. Eta prentsa ez da horretaz arduratu ere egin, beno, egunkari lokal bat bai, baina handik aurrera ezer ez. Kontua da...

 

 

— Arazoa ez da gurea. Gezurra esan digu film bat grabatzeko aitzakia medio. Tuntuntzat hartu gaitu emakumeak garelako.

              Hala esan dio hogei urteak duela gutxi gainditu dituen neska batek. Garagardoari trago bat eman dio ostean. Sekulako errabiarekin esan dio, gainera.

              Orduan hasi da Sara gertatutakoaren berri izaten. Antza, kultur guneko zinemaz arduratzen den mutil batek bere posizio kultural eta artistikoa, eta baita gizonezkoarena ere, baliatu ditu emakumeengana hurbiltzeko eta eraso egiteko. Izenik ez dute esan, nahiz eta zirkulu alternatiboetan izena eskuratzen ari zen zine-zuzendaria izan.

              — Zurrumurru asko zabaldu dira azken hilabetean —hasi da beste neska bat—. Behin dena jakinda zein erraza den hitz egitea! Bost urte genituenetik ezagutzen dut, klase berean ikasi genuen. Konfiantzak nazka ematen duela esaten dute, bai, baina nazka ematen duela konturatzen zarenean. Eta duela urtebete bere inguruan galdetuko bazenit, erantzungo nizun tipo legala dela, konfiantza transmititzen duena, segurua, lagunen laguna... Orain ez.

              — Ez diot inori esan horrelako “pelikuletan” parte hartu dudala. Halere, seguru hemengo ia denek ikusi dituztela —kultur guneko mutilei aipamen eginez—. Inork ez du salatu!

              Sara pentsakor geratu da, eta aztertzen hasi da kulturak berak, adierazpen artistikoa sortzen duenak, zer nolako indarra eta boterea duen. «Okerrena iruditzen zaidana, ezkerraren barruan gertatzea da. Ezkertiar eta feminista eta ekologista eta ideia progresista guztiak biltzen omen dira hemen, eta suposatzen da hemen sartzen denak, gehiago edo gutxiago, baina ideia orokor horiek konpartitzen dituela. Hala ez bada, lekuz kanpo dago. Marxek kultura sistema ekonomikoaren adierazpen huts eta pasiboa zela esan zuenean, ez zekien ezer. Kulturak uste baino indar gehiago du eragiteko. Bestela, zer zentzu du horrelako zerbait egiteak eremu autogestionatu batean?». Bere buruari bueltaka eta bueltaka ari dela, beste neska bat gerturatu da.

              — Badakizu, Sara, pelikula bat grabatu nahi zuen. Bere lehen lanak ikusi badituzu, zeharo apurtzaileak diren istorioak eta eszenak ditu. Argia nola erabiltzen duen, soinua, mugimendua... Talentua du, eta imajina dezakezu egunen batean Veneziako Biennalean egongo dela. Gainera, gustatzen zitzaion proiektuaren zirriborroa hemen aurkeztea eta nola hobe zezakeen jakiteko debateak antolatzea. Dena zen oso hurbilekoa eta parte-hartzailea. Egun batean etorri zen aktoreak behar zituela esanez, baina neskak. Mutilik ez. Susmorik ez nuen egin. Zerbait normala iruditu zitzaidan.

              Beste batek jarraitu du kontakizunarekin:

              — Gainera, ordainduko zigula. Eta ni neu orduan ez nenbilen ekonomikoki ondo, beraz, ez nuen pentsatu ere ezezkoa ematea. Izena, telefonoa eta adina. Kontu burokratikoetarako izango zirenak ustez, egingo genuen lana ordaintzeko. Banaka deitu zuen, ni behintzat bakarrik joan nintzen —eta gehiengoak baieztatu—. Oso ondo argiztatu gabeko gela bat zen, arraroa zena, baina tira, “egiazko kultura alternatiboaren prekarietatea” bezalako esaldiak erabiltzen zituen.

              — Niri eszena halako testuinguru batean gertatzen zela aipatu zidan; horrela, izango zenaren ideia bat egiten joateko eta ados ez banintzen, proiektutik atera nintekeela, nire hautaketarako eskubidea eskaintzen arituko balitz bezala.

              — Ikusten duzunez, bazuen denerako erantzunen bat. Hori da arazoa, pentsatuz libre genbiltzala, kontrolatuta gintuen. Bazekien noiz zer esan edo zer egin, dena bere asmoen probetxurako, noski! Txikitan harrapatu ohi nituen tximeletak bezalakoak ginen: kristalezko pote handietan sartzen nituen hegan egin zezaten, baina kristaletik harago ezin zuten joan.

              — Gela hartan arropa probatzen genuen, argazkiak ateratzen zizkigun, grabatzen gintuen proiektuaren making of-a balitz bezala. “Jarri postura honetan”, “kamiseta kendu”, “utzi laguntzen”... horrelako gauzak esaten zizkigun, eta gero zuzendariaren eserlekuan eseri eta pentsatzen jartzen zen ahots gora: eszenaren esanahi filosofikoa eta metaforen gorpuztea. Gogoan dut tipo hark haluzinatuta uzten ninduela zituen burutazioekin.

              Nesken testigantzak hala moduz jarraitu ditu. Tximeletak aipatze hutsarekin burua beste norabait joaten zaio. Baina azken esaldiarekin geratu da, eta gorputzean neskak berak aipatutako nazka bera sentitu duelakoan dago. Beste batek solasaldi deserosoen inguruan jarraitu du segituan. Esan omen zion ea sexu-eszena bat grabatzera ausartuko ote zen. Gehiago ordainduko ziola eta sexuaren metaforak auskalo zer esan nahi zuela obra hartan.

              — “Ni aurrean nagoelako bada, kanpora joan naiteke zuk bukatu arte”, esan zidan.

              — Grabatzen hasi aurretik egin zizkidan galdera pertsonalekin harritu nintzen, sexuaren inguruan gehienbat. Kamera itzalita omen zegoen eta nik sinetsi egin nion. Sinetsi nion bezala proiektua egiazkoa zela. Berez, egiazkoa baita. Pelikula Internetetik ezabatzen saiatu gara, baina alferrik.

              Konfiantza. Nondik ote dator konfiantza? Hiztegiren batek edo bestek latinetik datorrela esango du. Seguru Zesarrek konfiantza zuela bere lagun eta ingurukoengan. Eta une batez, konfiantzak traizioarekin errimatzen duela konturatu da Sara.

              Neska haiek hizketan jarraitu dute garagardoak edanez. Sarak oholtzaren gainean egin bezala, barruko korapilo eta presio agoniazko hori askatu nahi dute.

              — Imajinatu —beste batek—. Niri eskatu zidan mugikorrarekin nire egunerokoa grabatzeko. Youtuber bat izateko eskatzen zuen, baina kamerarik izango ez balitz bezala. Ulertzen? Unibertsitateko lana egin, bazkaria prestatu, lo egin, dutxatu, pixa egin, irakurri... kamera piztuta. Kanpoko kontrola norberaren egunerokotasunean nola infiltratzen den erakutsi nahi omen zuen. Gehiegizkoa iruditu eta ezetz esan nion.

              Okupatzen duten munduko partzela txiki honetan aske sentitzen dira gertatutakoa esateko, eta gainera, Sara bera dute entzule, adi-adi. Azkenerako, bere asmoen berri eman die denei. Eguneroko bat idazten ari dela eta hortik bere autobiografia bat egin nahi duela. Ea gertatutakoaren berri eman dezakeen galdetu die eurei, diskrezio guztiarekin. Ez dira beren izenak agertuko, kontrakoa nahi ez badute behintzat. Konfiantzaren eta traizioaren kontakizun hark, posizio artistikotik egindako eraso hark, argiak piztu dizkio garuneko neuronetan. Eta aprobetxatu nahi du. Neskek baiezkoa eman diote, eta mugikor zenbakiak elkarbanatu dituzte gaiaren inguruan lasaiago hitz egiteko, bai baitaki Sarak hobe duela neska haien testigantzak ondo gordetzea fikzioa ahalik eta fidelena izan dadin.

 

 

— Zuk ezin diozu hori inori esan, ezta Diana? Sekretu profesionala da, ezta?

              — Bai, Sara, ez kezkatu horregatik. Baina benetan hori gertatu dela? Nazka hitza erabili zuen neska hark arrazoia du. Eta zer egin dute erasotzailearekin?

              — Oraingoz TPOtik kanporatu dute. Eta neskek bide judiziala aztertzen duten bitartean, bide soziala jorratu nahi dute.

              — Eta zuk bide literarioa jorratuko duzu eskandalu horren berria zabaldu dadin?

              — Posibilitate bat da. Gero jakin beharko dut nola txertatu istorioan, baina uste dut jendeak jakin beharreko zerbait dela. Beno, eta orain egunaren amaieraz hitz egiteko momentua heldu da. Farfalle taldearen kontzertua. Ezagutzen dituzu?

              — Ez, ez ditut ezagutzen.

 

 

Entzuna ez duen musika talde bat da Farfalle. Baina izenak berak, halako grabitate indar bat du Sararengan. Agian beste izen bat izango balu taldeak, ez luke jakin-min berarekin itxarongo kontzertuaren hasiera.

              Adreilu biluziak inguratzen du eszena. Ilunpetan sartu dira bost kide gaueko hamarrak pasatxotan. Ilunpetan, argi lotsatiak soilik airean, siluetak bakarrik antzeman daitezke. Eta iluntasun horretan, bakoitzak bere txokoa hartuta, musika hasi da preludio isilarekin amaituz. Melodia hauskor bat; harparen sokek markatzen dute erritmoa eta biolinak gorpuzten du, bere hauskortasunean. Kantariak hitzak jarri dizkio doinuari: “Haizezko dira hitzak, haizearen menpekoak. Zugan bizi dira eta zugan dute zentzu osoa. Euri iluna ari duela, begiratu zure barruan, eguzkiaren pare argi epela darie. Handitu zara egun hartatik. Zerua urdin da. Itzul zaitez hitz haiek entzun zenituenera”. Minutu eskaseko kantua, minutu eskaseko melodia; baina emozioek eta gogoetek gehiago diraute.

              Musikak ebokaziorako duen indarrak sorginduta, barne-bidaia bati hasiera eman dio. «Zein dira nigan zentzu osoa duten hitz horiek? Eguzkia bezala epeltasun goxoa darien hitz horiek?». Lau hitz dabiltza bueltaka bere buru gainean putreen gisa. Eta lau hitz horiek baztertu nahi ditu, ez du nahi hitz horiek izatea berari zentzua emango diotenak. Ez. Beste hitz batzuek izan behar dute, «nire hiztegi emozionalean behar du beste hitz batek, hondoratuegia eta ahaztuegia dagoen hitz batek egon behar du nonbait, lau hitz horiek ordezkatzeko».

              — Farfalle gara. Bizitzaren edertasun txikiak gogorarazi nahi dizkiogu munduari. Hain mekanikoak eta hain programatuak egin gaituztenei esan nahi diegu beren begien horizontetik harago badela beste mundu bat. Maitasuna maite dugu. Edertasuna maite dugu. Gure burua maite dugu eta gure gorputza maite dugu. Eta horregatik, munduari esan nahi diogu, zuei esan nahi dizuegu, gauza bera egin dezazuen. Gu gara Farfalle. Grazzie, grazzie mille.

            Eta melodia instrumental eta klasikoa erritmo bortitzagoetara gerturatzen joan da. Musikaren estandarteak eta hitzen definizioak galdu egiten dira elkarren artean, noizbehinka, eta zentzu propio bat hartzen dute belarrietan lur hartzean. Eta ateak zabaltzen dira, eta leihoak, eta tiraderak, eta kaiolak, eta kutxa ahaztuak. Eta berriz ixteko indarrik gabe, haize korronteak mahai gaineko orri guztiak aireratzen ditu, ordena gabezian, anabasan, zurrunbiloak harrapaturik aurretik daraman guztia. Erritmo sentigarriak, sendagarriak batzuetan, gorputza mugimenduaren esperientziara hurbiltzen dutenak. Eta kantu bat amaitzean, hurrengoa hasten da. Denboraren nozio oro galduta du Sarak. Begiei dirdira berezi bat darie, haurtzaroko irudi bat ikusi balu bezalaxe. Utopia bat. Uharte bat ozeanoaren erdian, baina igeri jakin behar da bere ozeanoetan nabigatzeko.

              Duela aste batzuk mundua suntsitu nahi zuen bere burua suntsituta. Haserre zegoen, barruko piztia orroka zuen beste behin ere. Baina doinu hauek baretu dute. Tximeleten doinuek. Biolin, sintetizadore, harpa, gitarra hauek. Eta abeslariaren ahotsak.

              Hasieran saiatu bada ere, puntu batetik aurrera ez da gai hitzen esanahia ulertzeko. Dimentsio paraleloetan dabil. Musikaren boterea horrelakoa da. Ideia abstraktuak bururatzen zaizkio doinuen pentagrametatik zintzilik. Eta momentu batean nirvanara iritsi dela sentitu du. Ez du buruan ezer eta aldi berean dena du. Mahai nordikoaren gainean dauden orrien koloreak inprimatu dira bere irudietan:

 

 

 

 

 

 

Bi ordu inguruko esperientzia. Kontzertuak aldatu egin duela sentitzen du, edo estasi mistiko baten osteko euforia izan daiteke. Berdin dio. Diskoa erosi die hamar eurotan eta sinatzeko eskatu taldeko kideei.

              — Zeinen lepoko ederra! —abeslariak—. Non erosi duzu?

              — Lagun batek oparitu zidan —erantzun dio Sarak irribarretsu eta nostalgiko, lapislazulizko tximeleta hatz puntekin ukitzen duela.

              — Zoragarria da! —berretsi du biolinistak. Argazki bat ateratzerik bagenu? Diskoren bateko azalerako balio lezake. Ez duzue uste, neskak?

              Baiezko borobila izan da.

              Sarak kontzertuagatik zoriondu ditu beste behin. Doinuek eragindako emozioak eta sentipenak aipatu dizkie. Barrurako bidaia bat egin duela.

              — Horrelako sentsazioak transmititzen eta sortzen saiatzen gara. Pozten gara lortu badugu.

 

 

— Beraz, lotura bat sortu zenuen taldearen eta lepokoaren artean. Lepokoak momentu hori gogoratzeko balio dizu.

              — Benetan hori horrela dela esango diozu, Sara?

              — Momentu horretan zentzu bat eman nion bizitzari.

              — Aipatu duzu taldearen aurkezpenean hau esan zutela: “Maitasuna maite dugu. Edertasuna maite dugu. Gure burua maite dugu eta gure gorputza maite dugu”. Ondoriozta dezaket tximeletak lau kontzeptu horiekin lotzen zaituela?

              Eta Sara pentsakor geratu da. Oso isilik. Bere eskuei begira. Hatza hatzarekin ukitu, eta begirada leihotik kanpora bidali du. Euria ari du kristalaren bestaldean. Udaberriko egun euritsu horietako bat. Diana Sararen erantzunaren zain dago, baina ez dirudi segituan etorriko denik. Apunteak hartzen jarraitu du, agian beste galderaren batekin beste erantzun bat aterako dio. Sarak ahoa zabaldu du, baina ez da hitzik aho horretan. Soilik gogoetak dabiltza bere buruan.

              — Ondo zaude, Sara? Ur baso bat nahi duzu?

              — Uste dut gaurkoz nahikoa egin dugula.

              — Oraindik hamabost minutu geratzen dira.

              — Berdin du. Gainera ez naiz ondo sentitzen, nekatuta nago.

              — Aipatu didate ospitalean egon zinela duela hilabete inguru. Intoxikazio bat izan zenuela belladonarekin lotuta. Zer egin nahi zenuen horrekin?

              — Ez duzu uste orain dela guztia esateko momentua, Sara?

              — Uste nuen inspiratzeko balioko zidala, baina bidaia txar bat besterik ez zen izan. Medikuak ultzerak nituela esan zidan, seguruenik tabakoagatik. Dena dela, ez da ezer larria izan. Orain hobeto nago.

              — Bi hilabetean bi aldiz joan zara ospitalera. Lehenengoan paroxetina gaindosi batekin eta bigarrenean belladona hartzeagatik. Zure buruaz beste egitean pentsatzen ari zara?

              — Ez da hori, Diana. Momentu txarrak bizi izan ditut azkenaldian, eta erabaki txarrak hartu ditut. Ez da beste ezer. Baina esan dizut orain bizitza beste era batera ikusten dudala. Orain badakit zer egin pozik izateko. Gainera, gaizki egindako guztia egunerokoan idatzita dago. Orain badakit zer ez dudan egin behar egoera berean aurkitzen naizenean. Nire akatsetatik ikasten ari naiz. Seguru nago hurrengoan elkartzen garenean hobeto sentituko naizela. Baina denbora behar dut. Badakizu: ekaitzaren ostean barealdia etortzen da, baina ekaitzak dena harrotzen du, eta denbora behar da dena lehengora itzultzeko.

              — Eta nola dakit hemendik hilabete bitartean ez duzula beste erokeriarik egingo? Urteak daramatzat zurekin, eta hainbatetan ikusi zaitut oso egoera txarrean. Badakit gai zarela zure akatsetatik ikasteko, baina ez dakit. Ez dakit egia guztia esaten didazun.

              — Uste duzu hona gezurrak esatera etortzen naizela?

              — Ni hemen zuri laguntzeko nago. Egia osorik esaten ez duzun bitartean, ezin dizut lagundu. Nire kontura lortu behar izan dut paroxetina eta belladonaren informazioa. Uste duzu ez direla gauza garrantzitsuak? Bi hilabetean bitan ia zure burua akabatu duzu! Konturatzen zara?

              Sara besaulkitik altxatu da, lurretik bere poltsa hartu eta irribarre batekin agurtu du Diana. Hurrengo zitan elkar ikusiko dutela. Diana harrituta gelditu da denarekin.

              — Nire denbora galtzeko etortzen bazara, bidali egingo zaitut.

              — Hurrengora arte, Diana —atetik.

              — Hurrena azkena izango da horrela jarraitzen baduzu, entzun? Gogoratzen duzu lehen saioetan zer esan zenidan?

              — Nahi duzu nik gogoratzea zer esan zenion, Sara?

              Eta atea gurutzatu du bere etxerako bidea hartuz.

 

 

Etxeko atea zabaldu du.

              — Itzuli naiz —xuxurlaka. Badaki ez dagoela inor, baina.

              Argia piztu du.

              — Bazen garaia itzultzeko! Ba al dakizu ze ordu diren?

              — A! —garrasi—. Ez eman horrelako sustorik! —isilune bat eta gero.

              — Sssssss... Bizilagunak esnatuko dituzu —Sarari begira geratu da—. Kasu gehiago egin beharko zenioke Dianari. Bestela alferrik zoaz bere kontsultara. Badakizu hori, ezta?

              — Itxoin pixka bat. Zurekin hitz egin behar dut.

              Gelara joan da aldatzera. Etxeko arropa jantzi, lepokoa ohe alboan utzi, eta aitarengana itzuli da. Ura berotzen jarri du katilu batean.

              — Arrazoi zenuen.

              — Gauza askotan, egia esan. Baina zertan zehazki?

              — Aldatzen hasi behar dut. Berandu izan baino lehen. Beno, jada hasi naiz. Baina beste pauso bat eman behar dut. Ez dut erreformista izan nahi, iraultzaile izan nahi dut!

              Mikrouhin labeak pi pi pi hotsa. Infusio poltsatxo bat sartu du ur berotan.

              — Iraultzailea?

              — Bai. Nire bizitza errotik aldatu behar dut. Eta zuk nahi edo ez nahi, nire maisu espirituala izango zara. Nire guru partikularra.

              — Ba ez zait ideia asko gustatzen. Zure galeoia eramango duen lemazaina ezin dut izan? Zerbaitegatik deitzen ninduten Kapitaina.

              — Ez hasi txikikeriengatik horrela! Etiketa bat besterik ez da.

              — Baina guruarena...

              — Ba izan lemazaina horrela gusturago sentitzen bazara!

              — Askoz gusturago.

              Zigarro bana piztu dute.

              — Eta zer egin behar dut orain?

              — Zer esan nizun Enzorena gertatu eta gero: bukatu puzzlea.

              Infusioari trago txikiak ematen dizkio aitari entzuten dion bitartean, eta Enzorena etorri zaio burura. Duela pare bat aste gertatu zen, Boloniatik bueltan. Enzok bere artikulu baten inguruan hitz egin nahi zuen, baina Sara ez zegoen indarrez bulegora joateko. Ospitaleko joan-etorriak medio, aste batez etxean geratzeko baimena lortua zuen, eta Enzori eskatu zion, berak nahi bazuen behintzat, bere etxetik pasa zedin.

              Egun hartan bitan jo zuen txirrinak. Lehenengoan, Jehovako testigu bi izan ziren. Muturren aurrean itxi zien atea barrezka. Bigarren aldiz jo zuen txirrinak. Atea zabaldu eta han zegoen Enzo motxila bizkarrean. Pauso bat atzera eta bere oinetakoei begira geratu zen, dena aldi berean. Sarak azpiko arropa eta zetazko kamisoi garden bat bakarrik zituen jantzita, eta Enzo lotsagorrituta sentitu zen irakaslea horrela ikusi zuenean. Sarak pixka bat gehiago estaltzeko keinua egin zuen, eskuak gainean jarrita zer edo zer estaliko balu bezala. Inkontzientziaren kausa-efektu bat. Azken finean, kamisoiaren gardentasunak hutsal bilakatzen zuen hura estaltzeko edozein keinu edo asmo.

              Barrura gonbidatu eta burumakur sartu zen. Eskua begien parean jartzea falta zitzaion. Sofan eseri zen, eta Sara bere gelara joan zen jertse baten bila.

              Sararen absentzia hartan, «Ze berenjenaletan sartu naiz? Irakaslea horrela egonda... zerbait nahi ote du? Enzo, ez pentsatu horretan! Utzi fantasiak!», pentsatu zuen. Edo horrelako zerbait pentsatuko zuela uste du Sarak. Itzuli zen jertse urdina jantzita. Bera ere sofan eseri zen. Hankak gurutzatu eta besoa sofan luzatu.

              — Eta zer galdetu nahi zenidan?

              — Ez al da hobe mahaian jartzea hitz egiteko?

              — Ez gaude unibertsitatean, utzi protokoloak alde batera —esan zion bere urduritasunak uxatze aldera—. Zer da ulertu ez zenuena?

              Enzok hankartean zuen motxila zabaldu, eta koadernoa atera zuen. Ausaz ireki eta bost orrialde pasatu zituen. Idatzita zuena irakurri zuen bere baitarako.

              — Begira, proffesoressa Ballet...

              — Deitu Sara.

              Isilik geratu zen mutila, kontrola galdu izan balu bezala, egoera berrira egokitzeko ahalegin sotil batean.

              — Begira, Sara. Gomendatu zenigun zure artikulua irakurri dut, eta zalantza batzuk ditut. Bertan azaltzen duzu proiektu modernista hiru ismotan banatzen dela: liberalismoa, sozialismoa eta nazionalismoa. Garapen ideia da hiruen ardatza, eta ondorioz, etorkizuneko proiektu gisa uler daitezke. Plangintza bat edo ez dakit... Bai, plangintza bat eskatzen duten proiektuak dira.

              Sarak arretaz entzuten zion.

              — Orduan, etorkizunera begira egindako proiektuak baldin badira, zergatik baliatzen dute historia justifikazio modura? Ez al da kontrajarria iragana baliatzea etorkizuna justifikatzeko? Nazionalismoetan oso garbi ikusten da hori, baina klase borrokaren teoria ez al da antzekoa? Liberalismoa ez dakit, akaso badute miresmen gisako bat Erroma eta Greziarekiko. Klase batean esan zenuen bezala humanismotik eratorri daitekeena, ondo gogoratzen badut.

              — Badakizu nola funtzionatzen duen Estatu Batuetako sistema judizialak? —Enzok buruarekin ezezkoa egin zion—. Pertsona batek ongia edo gaizkia egin duen ondorioztatzeko ez dira hemen bezala kode zibiletan oinarritzen, historian zehar egin diren epaiak aztertzen dituzte abokatuek. Hau antzekoa da, beti existitu izan den zerbait erakutsi behar da zure teoria justifikatzeko. Jurisprudentzia, alegia. Esentzialistak dira. Bestalde, liberalismoa eta sozialismoa mentalagoak dira, ez dakit ulertzen didazun, teorietan errotuagoak daude. Aldiz, nazionalismoak emozionalagoak dira. Halere, horrek ez du kentzen faltsuak direnik, teoria ia algebraikoak izateak ez du esan nahi berez egiazkoak direnik. Dena da sorkuntza bat, ideala edo materiala izan.

              Sarak hizketan jarraitzen zuen Enzok apunteak hartzen zituen bitartean. Baina jolasteko gogoa zuen. Izan zitekeen pasatako guztiaren ondorioz bere gorputzak halako zerbait eskatzen ziolako. Erakarpen bat ere izan zitekeen. Ez pertsona berarena, ez. Egoerarena baizik. Oso morbosoa iruditzen zitzaion ikasle batekin bere etxean horrela egotea.

              — ...eta horrek denak eztanda egiten du Bigarren Mundu Gerran. Kaferik edo nahi duzu?

              Hasiera batean ezezkoa esan zuen, baina azkenean baietz. Kafea egiten jarri behar zuen Sarak, eta hiru bat kafe katilu ateratzen ziren beti. Horregatik esan zuen baietz Enzok, kafea alferrik ez galtzeko. Sofatik jaiki zen, kafe xehatua kafeteran jarri, urarekin bete, sua piztu eta kafetera suaren gainean jarri zuen.

              Enzok isil-isilik jarraitzen zuen.

              — Lasai, Enzo, ez zaitut jango. Ez duzu zertan hain edukazio onekoa izan behar.

              Eta nahiz eta tonu oso goxoan esan, ez zen erraza lasaitzea egoera hartan. Oso urduri zegoen, tokiz kanpo egongo balitz bezala. Sara bi katiluren bila zebilen, azukrea eta esnea atera zituen. Enzo, bitartean, pentsakor. Bere fantasietan, bere bulegoan egiten zuen larrutan Sararekin, Giulia begira zegoela. Behin baino gehiagotan masturbatu zen halako irudiak buruan bueltaka zituela. Baina fantasiena bere garun barruko kontua zen, bere garunaren gaineko kontrola bazuen, fantasietan nahi zuena egin zezakeen, baina errealitatean ez zuen ezeren gaineko kontrolik.

              — Esnearekin edo gabe?

              — Gabe.

              Kafe katilua mahaiaren gainean utzi eta erretzen ote zuen galdetu zion. Ezetz. Sarak bere zigarroa piztu zuen.

              — Eta gustura al zaude klaseekin?

              — Batzuetan besteetan baino gusturago, baina nahi nuena egiten ari naiz.

              — Historia, alegia, pentsatzen dut. Eta zergatik? Zergatik Historia?

              — Uste dut kezka politikoak edo zirela. Gaur egungo egoerara nola iritsi garen ulertu nahi nuen. Eta horretarako Historia egokiena dela pentsatzen dut.

              — Eta gero zertan zentratu nahi duzu? Etorkizunean.

              — Erromatar historian sakondu nahi nuke. Agian master bat egin horren inguruan. Baina ez nago seguru, igual beste karrera bat ikasiko dut. Filologia italiarra adibidez, literatura asko gustatzen zait. Zure liburua oso gustura irakurri nuen.

              — Bai zera! —erdi artifizial bat eskua izter gainean jartzen ziola.

              Kafeari trago bat eman zion Sarak. “Bero dago, ezta?”, esan, eta oso garbi geratu ez zen berotasuna baliatuz, edo kafearena edo bere barnekoa, jertsea kendu zuen. Eta kamisoi hutsean geratu zen berriz ere, azal biluzia eta azpiko arroparen gorritasuna agerian utziz. Zigarrokinak erortzekotan zirela, hautsontziaren bila abiatu zen. Baina ipurdia sofaren gainean jarri ordez, mahaiaren ondoan zegoen aulki batean eseri zen, Enzoren aurrean, aurrez aurre. Hankak gurutzatu eta zigarroa ezpain artera eraman zuen. Mutilak ahora hurbildu zuen katilua. Oso deseroso zegoen. Kafea tragoan edan zuen, eztarria ia erre zitzaion. Lekuz kanpo sentitzearen sintomak, izerdi hotza kopeta ertzetik behera. Eta isiltasun bortitz hark, Alex DeLargen paranoia beethovendarra iradokiz, esponentzialki bikoizten zuen bihotz taupaden abiadura.

              — Eta esadazu, Enzo Fusai —sentsualitate guztiarekin gehi intriga dosi leun batekin—, eleberriko zein pasarte gustatu zaizu gehien?

              Ez zekien zer esan, eta esatera abiatzen zen edozer gauza ez zen ahotik irtetera iristen. Azkenerako, pasarte bat aukeratu beharrean, halako istorio aldrebesen logika nola asmatzen zuen galdetu zion.

              — Zein jarraibide edo erregela jarraitzen ditudan?

              Buruarekin baiezkoa egin zion.

              — Nik ez ditut erregelak jartzen, momentuko ideiari jarraitzen diot.

              Enzo isilik geratu zen. Ez zion sinesten egia esan, baina eztabaida galtzeko txartel guztiak izango zituen. Beste galdera bat: nola inspiratzen ote zen pasarte makabroenak idazteko.

              — Pasarte makabroak?

              — Momentu batzuetan istorio gore bat irakurtzen ari nintzela pentsatzen nuen. Pertsonaiak hiltzeko era, hain esplizituki kontatuta detaile txikienarekin... Ez dakit. Hain beharrezkoa da?

              Barre egin eta gorputza aurrerantz bota zuen, tokitik mugitu gabe hurbiltasun sentsazioa handitzeko, eta ez zion begirik kentzen Enzori. Iris marroietatik harago, begi niniaren belztasunaren atzean zer topatuko ote zuen galdetzen. Eta horrek bere onetik ateratzen zuen mutila, baina ez zuen nahi bere irakasleak pentsa zezan momentuak kikiltzen zuela.

              — Drogaren bat hartzen duzu horrelako gauzak idazteko?

              — Zerbait zehatza darabilkizu buruan bueltaka?

              — Ez, baina agian, zera, horrelako esperientzia batek laguntzen duela pentsatzen dut. Esperientzia pertsonal baten alterazioa edo. Ez dakit ondo esplikatzen naizen.

              Zupada bat eman zion zigarroari eta atzera bota zuen bizkarra.

              — Noizbait egin duzu larrutan kokaina hartuta, Enzo?

              Hankak zabaldu zituen, oso pausatuki, segundoak eterno bihurtzen zirela zirudien. Enzok burua galtzekotan zuen, begiak zabaldu zitzaizkion ahoa bezala. Eta berriz gurutzatu zituen hankak.

              — Zoragarria da.

              Sara bere aulkitik zutitu zen. Eta Enzok hutsuneak besterik ez zituen buruan, segundo gutxi batzuetako iraupena zuten fotogramak. Mundu lurtarretik alde egin izan balu bezala. Ez zuen egoeraren gaineko inolako kontrolik, txotxongilo bat zen orainaldiaren atzaparretan. Bere gorputzak ez zion erantzuten, garunak bidaltzen zituen aginduak bidean galtzen ziren.

              Kamisoia kendu zuen. Azpiko arropetan geratu zen.

              Bere gainean eseri zen. Mutilaren eskuak bere bularren gainean jarri zituen. Enzo hipnotizatuta zegoen.

              Gero, gauzak konpentsatze aldera, Enzo biluztu zuen. Sarak sentsualitate eta intriga guztiarekin kendu zion arropa, biluzten zuen eremu bakoitza mihiarekin kitzikatuz.

              Ilusiozko mundu batean ala errealitatean zen pentsatzen zebilen Enzo. Baina Sarak ezpainak listuarekin busti zizkion, inoiz jaso gabeko muxu bati hasiera emanik. Begietara begiratu zion.

              — Ez pentsatu ezertan, Enzo, utz iezadazu dena niri.

              Zakila ukitu eta laztandu ostean, ahoan sartu zuen.

              Biak guztiz biluzik zeudenean, lurrean etzanda egin zuten larrutan. Sara goiko aldean zen denbora guztian, Enzoren zakil tentetuaren gainean jauzika. Intziri profanoak in crescendo zihoazen. Geroz eta ozenago, melodia bat izatetik zarata izatera.

              Lurrean etzanda geratu ziren biak biluzik. Arnasestuka. Izerdia eta semena nahasturik azalaren gainean.

              Enzok beste behin kontenplatu zuen bere irakaslearen gorputza. Bere onera itzuli zela zirudien, gorputzak kasu egiten zion berriz ere. Eta bizkar biluzia ikusi zuenean, kuriositate bat sortu zitzaion.

              — Zer dira bizkarrean tatuatuta dituzunak? Tximeletak?

              Sara egongelako sabaiari begira zegoen.

              — Zoaz, Enzo.

              Harritu egin zion horrek.

              — Joateko —lehorki.

              — Baina...

              — Zoaz, Enzo, zoaz hemendik —sabaiari begira.

              Enzo jaiki eta Sararengan iltzatu zituen begiak. Eskua sorbaldan ipini zion. Sarak bira eman eta bere ikasleari begira geratu zen. Goitik behera. Guztiz biluzik zegoen eta semenez bustita zuen zakil hark ez zuen gehiago erakartzen jadanik.

              — Beste behin ere errepikatu egin behar al dizut? Joateko hemendik. Edo ez duzu ulertzen?

              Sararen begirada oso hotza zen eta hitzak lehorrak. Negua estepan. Enzo harri eta zur zegoen. Begi haiek ez ziren duela ordu erdi begiratu zioten berberak. Arropa jantzi, ahal bezain azkar eta era penagarrian, eta agur lotsati eta indar gabeko batekin agurtu zuen. Ateak ez zuen zaratarik atera ixterakoan.

              Sarak sabaiari begira jarraitzen zuen biluzik egongelaren erdian.

              Enzo, ordutik, ez da Sararen klase batera ere joan, eta azterketa beste pertsona batek egitea eskatu du mezu elektronikoz.

 

 

— Sara! Entzuten al didazu?

              — Zerbait esan didazu, aita?

              — Puzzlea bukatzeko gomendioak ematen ari nintzen, eta zu bitartean Enzorena gogoratzen. Beti bezala, pasatako gauzak buruan. Angelus Novus ematen duzu.

              — Barkatu. Eta nola bukatu dezaket puzzlea?

              — Xavirekin hitz egin, berak asko lagunduko dizulakoan nago. Giuliarena konpontzea ere ez legoke gaizki. Eta Anari gertatutakoa kontatzen badiozu eta bakeak egiten badituzu, oraindik eta hobeto. Baina hori dena eginda ere ez duzu puzzlea bukatuko.

              — Eta nola bukatuko dut? Zer da bukatzeko egin behar dudana?

              — Zuk galdetu didazu zer egin behar duzun, eta nik erantzun.

              — Baina erantzun argi eta garbi bat eman, ez buruhauste bat!

              — Denbora guztian metaforak erabiltzen ari den batentzat oso sinplea behar luke horrelako zerbait ulertzeak.

              — Batzuetan desesperatzen nauzu. Bazenekien hori?

              — Oso ondo, gainera.

              — Ez didazu esango orduan.

              — Hartu opor espiritualen bat. Lagungarri izan daiteke.

              Gelarako bidea hartu du. Lotara joateko ordua da. Ispiluaren aurrean biluztu eta arropa lurrera bota du banan-banan. Eta azal biluzitan geratu da. Isilik. Eskuekin gorputza ukitzen du, bere formak, kurbadurak sentitu nahi ditu. Anatomia fisikotik hasi eta sakonago sartu. Forma jakin hark zer ezkutatzen ote duen jakin nahi du, jakin behar du.

              Bira eman du. Tximeletak ikusi ditu hegan bere bizkarretik gora. Lasaitu egin da. Gainditzeke diren minen erakusgarri dira, oroigarri: ama, Bartzelona, Dublin, Olivia McDonald, New York, Firenze eta aita.