Bihotz handiegia
Bihotz handiegia
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-06-8
Azaleko argazkia: Lander Garro
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2007, narrazioak
2004, narrazioak
Bihotz handiegia
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-06-8
aurkibidea
 

 

Ez duzu ezer arraroa antzematen?

 

Barandiaran tabernan egin genuen hitzordua amak eta biok. Opariak erostera elkarrekin joateko aitzakian, Joanesi erosi nahi nion alkandora berezia aukeratzen laguntzea nahi nuen. Telefonoz nabaritu uste izan nuen zerbait ez zebilela ongi. Espero bezala, ama ez dago terrazako mahai batera eserita, eta espero bezala, haserretu egin naiz zutik itxaron nauelako, ziur bainago aurreikusten duen atzerapena aurpegiratzeko egiten duela. Begien urdina eta horia nabarmentzen dituen goroldio koloreko beroki batean bilduta dago, eztarri-zuloa hegalekin estaliz saguzar bat dirudi eta bob estiloko orrazkerarekin oreka perfektua lortzen duten New Orleansko musikari batenak izan zitezkeen zapata zuri-beltzak daramatza. Presaka erretzen du.

      — Zergatik ez zara eseri?

      — Zure zain nengoen.

      — Eserita hobe, ezta? Tximista batek jota hiltzeko arriskua biderkatzen ari zara.

      — Ongi nengoen horrela, zure zain, ez du inporta. Ez du euririk ari. Imajinatu dut berandu etorriko zinela, hain lanpetuta zaude beti.

      — Arratsalde on eta kontu horiek. Sentitzen dut.

      Terrazako mahai batean jarri gara, parez pare.

      — Sentitu zer?

      Horrelakoa zen: bikaina. Gaizki sentiaraziko zintuen, gaizki sentiarazi zintuelako haserretuko zinen, haserretu zinelako zakarkeria bat esango zenion, zakarkeria bat esan zeniolako barkamena eskatuko zenion eta berak ezustea erakutsiko zuen barka-eskea zeri lotu ez zekielako, txiribuelta emozional hirukoitz baten bidez adieraziz pitzatuta egon arren maitatua izateko eskubidea zenuela berea bezalako bihotz bakanengatik.

      Tristura eragiten didate Gabonetako argi piztu gabeek, oholtza gainetik attrezzoa ikusten duzunean bezala. Halaxe zegoen Donostia egun hartan: Boulevardeko zumarretan gora naturarekin nahastu asmotan sortutako kableek eta anpulu itxurako argitxoek behinolako bonbilla koloretsuak ordezkatu zituzten. Seinale bat zen agian. Telefonoz nabaritu uste izan nuen zerbait ez zebilela ongi.

      Ezpainak uzkur-uzkur eginda nigana jiratu ditu eta zulotxo hartatik esan dit:

      — Erreparatu al diozu zerbitzariari? —seinalatu didan norabidera begiratu dut. Trabeska dagoen gizon bat katiluak jasotzen ari da ondoko mahaian—. Iguana bat dirudi!

      Algara batek irten dit. Begi batekin zerura eta bestearekin lurrera begiratzen du.

      — Gizajoa —jarraitu du amak serio—. Ez genioke barrerik egin behar, baina zaila da. Ikaskide bat izan nuen horrelako begiak zituena, uste dut katu baten erruz izan zela, zenbat barre egiten zioten eskolan koitaduari.

      — Gauza asko erosi behar al dituzu?

      — Aitari pijama bat eta diru-zorro on bat, daukanak higuina ematen du; amonari betikoa, lurrin kofre bat, badakizu zenbat gustatzen zaizkion nahiz eta usaimena aspaldi galdu duen...; eta zure anaiari ez dakit, agian Loreak Mendianeko arroparen bat... eta kaktus bat, hori seguru, sekulako elektrizitate estatikoa dute-eta etxean. Bide batez, gaur berarekin hitz egin dut eta neskatoari gauza bakarra erosteko, halaxe esan dietela senide guztiei, opari bana etxeko eta ahal dela txikia eta plastikorik gabea; zer iruditzen zaizu?, zuri ez dizu ezer aipatu?

      — Niri ez. Baina belarritako batzuk ez lirateke opari txarra.

      — Ezta pentsatu ere. Bera ere haurra izan zela ahaztu duela dirudi. Tren hura erosi genionean ez zuen ba hainbesteko kexarik izan! Zure koinataren kontua behar du izan, bestela ez dut ulertzen... Zortzi solairuko garaje harekin akordatzen? Sekulako matraka eman zuen eta azkenean lortu, eta orain hau...

      — Mozorro bat?

      — Ez, ez. Nik badakit neskatoak zer nahi duen. Eta horixe erosiko diot. Besterik ez genuen behar.

      — Zer duzu buruan?

      — Lehengo hilabetean, zure anaia-eta asteburu pasa joan zirenean, Donostiara etorri nintzen umearekin. Ahateei jaten ematera joan ginela, han agertu ziren bere adin bueltako bi ahizpa, biak goitik bera berdin jantzita, igandez, eskuindar itxurakoak, baina ongi, elegante, buruan laxoarekin eta belaunerainoko galtzerdiekin. Haietariko bakoitzak garai bateko Arrue estiloko jostailuzko kapotadun kotxea zeraman, urdin-ilun haiek, gogoratzen?, parpailez beteriko tapakiak eta barruan beren panpinatxoa... Kattalin ikusi behar zenuen, begiak irten beharrean... Ez zuen beste konturik izan arratsalde osoan, ez ahate, ez txokolate, ez txurro, ez ezer. Nik uste horrelako gauzak badirenik ere ez zekiela... gaixoa... Ze bizkorra eta sentibera den gure neskato polita!

      — Kapota bat ez da txiki-txikia, ama.

      — Dena ezin da. Behintzat ez da plastikozkoa izango. Eta panpinarik ere ez diogu erosiko, bestela haserretu egingo zaizkigu eta —esan du ahots sudurkariz kea botatzean—. Nahi baduzu har iezaiozu zuk panpinatxo bat ez oso garestia, ala? Kapota dagoeneko enkargatuta daukat herrian.

      Bizitzako egunik tristeena Eguberritan erabilitako lurrin pote bat jaso zuenekoa etorri da ondoren, bere buruaz errukitzen zenean ohi zuenez, eta niri beti iruditu zitzaidan trauma izateko adinako entitaterik ez zuen pasadizoa, areago hirurogeiko hamarkadan gertatua izateko etorkin familia baten baitan. Baina hark beti amaitzen zuen kontakizuna halako moduz non ezinezkoa baitzen sentitu zuen abandonua zeure ez egitea: “Oraindik ez dut jakin norena izan zen nirea izan baino lehenago, baina gertuko norbaitena behar zuen”.

      Bi kafe eskatu ditu, zerbitzariari hots egiteak sortzen dion barregura ezkutatu ezinik. Serio jarri da:

      — Badago kontatu nahi dizudan zerbait —esan dit, eta hautsontziaren kontra zapaldu du zigarroa, aukera baliatuz niri oraindik ez begiratzeko—. Pentsatuko duzu erotu egin naizela.

      Ez dut pentsatu nahi erotuta dagoenik, beraz ez ekitea erabaki dut. Bera ere urduri dago. Eskuak sartu ditu patriketan eta tabako pakete berria eta su-piztekoa atera ditu. Gero mahai gainean jarri ditu eskuak: handiak, zakarrak, astunak. Azkazal ongi moztuak ditu.

      — Begira.

      — Zer?

      — Ez duzu ezer arraroa antzematen?

      — Ez.

      — Erreparatu ongi.

      Betazal ertzak presa bilakatu zaizkio.

      Eskuak hartu eta ahurrez gora jarri dizkiot. Hatz potoloekin sakatu ditut.

      — Zer?

      — Ez dira nireak.

      — Zer.

      — Eskuak.

      — Zer?

      — Ez dira nireak. Aitari ez diot oraindik ezer esan; lehengo astean gertatu zen, horrela esnatu nintzen. Badakit zaila dela sinesten, baina hala da, ez esan ez duzunik nabaritzen.

      Ernegatzen ari da. Eskuak erretiratu eta tabako paketea hartu du. Hortzekin lagunduta kendu du zelofana. Sendoak ditu, eta hemezortzi urtetatik erretzen duen arren, itxura onekoak.

      — Joan al zara medikuarengana?

      — Ez esan txorakeriarik. Ez naiz ohitzen. Esku berriekin erretzera, esan nahi dut. Dena da ezberdina, baina batez ere erretzea.

      Kosta egin zaio zigarroa piztea. Orain arraroa zait zigarroa heltzeko bere manera, hatzak eskutik irteten diren lekuan jarri du, eta ezpainetara eramaten duen bakoitzean erakuslea eta erdiko hatza aurpegiaren alde batean kakotzen zaizkio, aurpegiaren herena estaliz. Erdiraino erre eta itzali egin du.

      — Ez naiz ohitzen. Badakit zer pentsatzen ari zaren, zure amak burua galdu duela. Niri ere hala iruditzen zait, zer uste duzu ba, tuntuna naizela?

      Kosta egiten zaio kikara platertxoaren erdian ipintzea, eta hurrupa bakoitzean okertuta utzi du.

      Sei hilabete ez ziren igaro erretiratu zenetik, hogeita bost urtetik gora sukaldean jardun ondoren Groseko Loretxu tabernan. Bere kalkuluen arabera berrehun mila kroketa egin zituen berak bakarrik, banan-banan, “eta ez nolanahikoak”. Egia zioen. Tabernako kantoi batean prentsan argitaraturiko losintxak zituzten ikusgai eta, eskaintzan zegoen pintxo samalda gorabehera, ez zegoen kroketak nabarmentzen ez zituen artikulurik. Baina bere lorpen handiena ez zen hura izan, aldagela eta dutxak jartzeko nagusia konbentzitu izana baizik, eta hala, koipe arteko lanegunetatik usain oneko ez ezik koktel baterako gertu irten ohi zen.

      Eskutarako krema zurrusta bat ipini du eskugainean. Biribilak marraztuz zabaldu du. Adi-adi behatu dut esku haiek bereak beste inorenak ezin dutela izan agerian utziko duen argudio baten bila, alferrik.

      — Atzamar bakoitza zentimetro luzeagoa daukat, eta begira diametro hau —erdiko hatza nire begien parean jarri du ni begiak okertzera behartuz—. Normala iruditzen al zaizu? Goazen, hemendik gutxira ezingo da-eta dendetan sartu.

      Ez nuen jakin zer egin. Amaren atzetik abiatu nintzen. Artean ez zebilen jende gehiegi, egia zen. Hotz zegoen. Zuhaitz guztiak gorri zeuden, kale garbitzaileen makinen tripetan egongo ziren falta zitzaizkien hosto guztiak, lurrean ez baitzegoen bakar bat ere.

      Behin ere sartu gabeko denda txikietara eraman ninduen. Oihalak haztatzen zituen zebra betaurrekoak sudur puntan jarrita, tiraldiak eragiten zizkien. Jantzi pare bat begiz joz gero berehala ebazten zuen bietatik zein erosi eztabaidaezinak ziren arrazoiak aletuz. Amak beti izan du nik baino gustu hobea. Nor bere jatorrizko klasetik ihes egiten ahalegintzen ginen, hura estiloaren bidez eta ni intelektuaren bidez; irrigarriak ginen urrutitik begiratuta.

      Joanesen oparia bukaerarako utzi genuen. Nik ez nekien non bilatu. Kolpetik, kale erdian geratu zen ama:

      Berezi esaten duzunean zer esan nahi duzu? —gogaituta zirudien.

      — Egunero erabiltzekoa ez dena, baina ez okasio berezietan jartzekoa delako, baizik eta agian berari ez litzaiokeelako bururatuko erosterik, nik erosita ordea gustura jantziko lukeena.

      — Bai konplikatuak zaretela oraingo gazteak. Polita, ez? Eta ezin ordainduzkoa izan gabe, ona.

      Nire belarrietara dimentsio mistikoa hartzen zuen on hitzak berak esanda.

      — Horrelako zerbait.

      — Joanesen alde ona da, dena gustatzen zaiola. Edo hori edo oso zuria da.

      — Hala iruditzen zaizu?

      — Ez, ez zait iruditzen. Ongi zaudete?

      — Egia esan, bai, bolada ona daramagu. Orain ogia egiten hasi gara etxean, mundu bat da hori ere.

      — Biak zarete jenio bizikoak, ez da erraza izango.

      — Begira zer oparitu didan... —ahultasun une bat izan zen, bihotza zabaldu nion zintzilik neraman lepokoa erakutsiz: urrezko zitara bat, Emausen merke-zurrean erositakoa.

      — Badakit non —esan zuen pozik, lepokoari jaramonik egin gabe, eta bere gorputza zen emozioen eroale xelebreak zapata dantzan jarri zion, gora eta behera, puzgailu bati eragiten ariko balitz bezala—. Ez dakit nolatan ez zaidan orain arte bururatu.

      Egindako bidea desibiltzen hasi ginen, pozik zirudien.

      — Eta orain baduzu lanik? Ordaindutakoa, esan nahi dut —galdetu zidan aurrera begiratzeari utzi gabe.

      — Pasa den astean Legebiltzarretik deitu zidaten ordezkapen baterako eta etzi aldibereko itzulpena egin behar dut hizkuntza gutxituen inguruan egin behar duten kongresu batean.

      — Eta Nobel sariaren itzulpena?

      — Ez da Nobel saria, azken urteotako hautagaietako bat baizik.

      — Zenbat ordainduko dizute?

      — Plazeragatik egiten dut, zenbat aldiz esan behar dizut? Bestea nahiko txukun ordaintzen dute.

      — Funtzionario sartu behar zenuke. Opor onak eta soldata hobea, Eneritz bezala. Eta etxea garbituko dizuen norbait hartu, astean behin, buhame amets horiek baztertu, ikusten duzue ez direla bideragarriak.

      — Buhametasunak behintzat koartada ematen dit txerri izaten jarraitzeko, bada zerbait. Ez dakizu zenbat emakumek nahi luketen eurentzat horrelako aitzakia bat.

      — Neuk ez.

      — Hori badakigu.

      — Konplexu gehiegi dituzu. Beti izan zara...

      — Kontuz esango duzunarekin.

      — Zure bizitza da, hori ere hala da.

      — Nire txerri bizitza —amaren parean ispilu deformatzaile baten aurrean bezala ikusten nuen nire burua.

      — Ez dut horrelakorik esan. Bizitza interesgarria duzu, ez nirea bezalakoa: bexamela prestatzen joan zait.

      — Ez da hainbesterako.

      — Berriro jaioko banintz...

      — Turismoa ikasiko zenuke, bai. Baina humanitateari mesede handiagoa egin diozu jateko goxoa ematen, herrialde txiroetara aberaskiloak bidalita baino.

      Ohartu nintzen poltsen heldulekuak eskumuturretik zintzilik zeramatzala, ukabilak zerura begira. Bere besotik oratuta joateko nahikoa adore bildu izan banu sikiera... Ez nekien noiz hasi zitzaidan zail egiten berarengana hurbiltzea, baina urrutiratze agindu bat baneuka bezala jokatzen nuen, ez dakit mina eragin niezaiokeelako edo berak niri. Txarrantxaren gainetik jauzi egiteko bulkadaren bila aritu nintzen, bertigoa sentitzera ere iritsi gabe. Gainera, txera gehiegi adieraziz gero erotzat hartu eta poltsaz joko ninduke.

      Portu inguruko kalexka bateraino eraman ninduen. Umetan, libre zuen igande batzuetan, handik pasatzen ginen izkirak erosteko, eta beldurgarriak iruditzen zitzaizkidan horma heze haiek. Denda txiki bat zen, egurra eta harria, kolore gutxiko arropa, oso neurritsua guztia. Amak labur azaldu zion dendariari nahi genuena, eta berak, han zituen dozenaka alkandoretatik hiru atera zizkigun. Cowboy mozkera, petrolio kolorea eta loredun bazterkiak. Amaren bedeinkapena bilatu nuen zeharka. Pertxa kirtenetik helduta hegaldatu zuen, buruarekin baiezkoa eginez.

      Dendatik irten ginenerako Alde Zaharreko argiak pizturik zeuden. Alai nengoen loteria iragarkietan nola. Erosketa guztiak amaituta, karga-karga eginda gindoazen.

      — Itxaron segundo bat —esan nion eta, korrika batean, anaia eta biok eraman izan gintuen gozo-dendatik paperean bildutako bi merengerekin irten nintzen—. Autobusaren zain gauden bitartean jateko.

      Aurrez hala hitz eginda balego bezala jokatu zuen, harridurarik gabe, nahiz eta nigan ez zen ohikoa horrelakoak egitea. Geltokirantz abiatu ginen. Ni baino pare bat pauso aurrerago ibiltzen zen beti, oinak lurretik gehiegi altxa gabe.

      Aņil koloreko zerua zegoen eta ilargiaren barruan hemorragia bat zirudien hodei bat. Markesinara iritsi ginenean sokatxoa askatzen ahalegindu zen ama. Zehaztasuna eskatzen zuen mugimendua zen, bere hatz ordurako trauskilek nekez lor zezaketena. Hortzekin lagundu nion eta berak erakutsi bezala jan nuen: ginga lehendabizi eta hostopil xaflak pasteletik banaka askatuz ondoren.

      — Munduko onenak dira —esan zidan—, ez zait komeni baina!

      Ni segituan okitzen ninduen, baita txikitan ere; aldiz, orduan bezala, gozamena erakutsi nuen hutsik ez egiteko. Kleenex mutur batekin garbitu nion ezpain ertza, keinu hura egitera ausartu izanagatik hunkituta.

      Poltsak zangoen artean jarrita eta eskuak patrikan sartuta egin zuen autobusaren ibilbidea, isilik. Bere geltokian agurtu ninduen, ezagutuko ez banindu bezala, eta haserre ote zegoen ideia burutik kendu ezinda joan nintzen etxera, noiz egin ote nion min.

 

 

Frisiarren ordezkariaren itzultzaile izendatu ninduten. Iceberg zahar baten koloreko begiak zituen neska eder-eder bat zen. Bere aldamenean eserita egin nituen interpretari lanak. Gorbatadun gizon gizenen esanak aldi berean itzultzeak eskatzen duen nolabaiteko transformazioarekin gozatu ohi dudan arren, atsegin hartu nuen ni egitera sekula ausartuko ez nintzatekeen eta ordura arteko ponentzien tonu zurruna puskatzen zuten gazte haren ateraldiak antzezten. Are gozagarriagoa izan zen, bazkalaurretik eta bitartean akonpainante lanetan jarraitu eta euliak eztira bezala hurbildu eta ez ingelesez ez frisieraz zekiten hizkuntza gutxituzaleen zirto, laudorio eta orotariko hurbilpen estrategiak ingelesera ekartzea, Annari ahopean esan, erantzuna jaso eta, berari ikasitako zakarkeria neurtuz, bere gorputza zuen baina nire ahotsez mintzatzen zen kreatura haren barrunbeetatik bueltan itzultzea.

      — Ez pentsa, nekagarria da naizen bezalakoa izatea —esan zidan oraindik ulertzea lortu ez dudan modu batez—. Ibiltzeko beharra daukat.

      Gertukoan urrunekoa zen. Jatetxetik atera ginenean txano bat jantzi zuen eta hondartzarako bidea hartuta agurtu ninduen. Galera txiki bat sentitu nuen egun erdiz okupatutako gorputz hura aldentzen ikustean.

      Arratsaldeko saioan trajez jantzitako bibote luzeko tartariar baten interpretaria izatea egokitu zitzaidan. Saio hark ere kitzikatzen ninduen, ez bainintzen hain itxura bitxia zuen inoren parte inoiz izan, baina tartean heldu zitzaizkidan amaren mezuek ez ninduten nire baitara behar bezala biltzen utzi: “Eedttorriko zxzree5eter?!”, “Eettorrriko xar5etten??” eta jarraian bi audio mezu, lehena eztul batena eta bigarrena internet ez zebilela eta gauean haien etxetik pasa gintezkeen galdezka. Hitzaldiaren ostean inor gutxi inguratu zitzaigunez, goiz amaitu genuen. Irteeran tartariarrak aitortu zidan nahiago zuela bere kabuz ibili, ez zuela kongresuko afaritara joateko asmorik, euskaldunok gehiegi jaten genuela eta digestio horiek adimena ez ezik arima ere kaltetuko zigutela. Azal beltzaran fin-fina zuen, masailetan laranja, eta irri egitean urrezko letagina ikusten zitzaion. Boulevarderaino lagundu nion, eta han ortopedia denda batera sartu zen, niri bostekoa estutu eta gero.

      Joanesen bila joan nintzen. Gure etxe atarian zegoen zain. Askotan bezala orduan ere kontrako norabideetan genbiltzan, eta oraindik ez nion ezer aipatu, batetik, gaiari buruz fribolizatu gabe hitz egiteko kapaz ez nintzelako sentitzen, baina, batez ere, kontatzeak erreal bilakatuko zuelako behin betiko. Autoz joateko tentatu nuen, hartara ez nuen berarekin patxadaz hitz egiteko astirik izango, baina ez zuen nahi izan, gurasoen auzoan aparkatzen zaila izango zela argudiatuz. Berritsu zegoen. Enkarguz berriztatzen ari zen ohe-buruaren istorioa kontatu zidan. Altzariez pertsonez bezala hitz egiteko artea zuen: gaitzak sendatzen zizkien, puskatutako hankak konpontzen edo urratutako azala leuntzen. Haien iragana ezagutu nahi izaten zuen. Aukera berri bat ematen zien inguru ezberdin batean. Ohe-buruaren istorioa amaitu zuenerako gurasoen etxepean geunden. Ur putzuetan hostoak eta zigarrokinak nahasten ziren.

      Kapsula itxurako etxe orratz hartako hamaikagarrenean hazi eta bizi izan nintzen hogeita bi urte izan arte. Gogoan dut Joanes lehenengo aldiz eraman nuenean lotsa sentitu nuela, benetan nor nintzen jakingo zuelako azkenean.

      Joanesen paparrera erorita iritsi ginen zazpigarren solairura. Ezin saihestuzkoa zen: igogailuan sartzen nintzen aldiro umetu egiten nintzen.

      Denak normal itxura zuen. Amak trastez beteta zeukan sukaldeko mahai-gaina: lapikoak, erretiluak, puregailua, sagarrak kiribil luze bat osatuz mozteko tramankulua, piperbeltza xehatzeko gailu erraldoi bat... Su guztiak piztuta eta saltsak borborka, sukaldeak lokomotora bat zirudien. Mahaiaren ertz batean gaztainak zuritzen ari zen aita, kapoia urtero legez prestatzeko. Labanarekin lapak arroketatik erauzi eta gordinik jaten zituen heroi haren arrastorik ez nuen aurkitzen konkortuta eta betaurrekoak jarrita ikusten nuen figura harengan. Garai batean aita eta biok elkarrekin joaten ginen mendira gaztainak biltzera. Gero ganbaran egunkari orrien gainean zabaltzen genituen.

      — Jakizu Galiziako gaztainak direla hauek —bi hatzekin jaso zuen bat argi aldera, begi bat kliskatuz—. Kalibre ederrekoak, halakoxea dute prezioa ere.

      — Ordenagailua gure logelan dago, nire mesanotxean. Atzotik ez dabil —esan zigun amak, txipiroi bat garroetatik heltzen zuen bitartean.

      Azken hogeita hamar urteetan ez zen gela hura aldatu. Edredoia bai, mordoxka bat ezagutu nizkien, baina hormetako zuritasuna, altzari ilun pisuak, zeramika eta letoizko lanpara... telesail zahar bateko set-a iruditu zitzaidan.

      Amak bazekien logela hura ez zegoela bere estiloaren mailan, baina krediturik inoiz eskatu ez izanaz harrotzen zen, eta hala jarraituko zuen hil artean, “Jainko potzoloak hala nahi izatera”. Joanesek ohe gainera bultzatu ninduen eta nire gainean etzan zen esku-muturretatik harrapatuta nindukala. Korridoretik zetozen urratsek ohe ertzean eserarazi gintuzten.

      — Ba al dakizue nola pizten den —galdetu zigun aitak, eta nire aldamenean jarri zen.

      Joanes pasahitzaren bila joan zenean, historialera jo nuen: “wifia mantso dabil”, “Zalando”, “Ray Ban eskaintzak”, “katu gizenak”, “gabonetarako menuak”, “karramarro pastela”, “erorketa barregarriak”, “adimen handiko haurren ezaugarriak”, “bost urteko neska+hankak okertzen ditu ibiltzean”, “Egipto”, “Egipto+gerra”, “Egipto + hegaldia + hotela +Bilbao + Eroski bidaiak”, “limoi ura edatea ona da?”, “limoi uraren kalteak”, “serenditi” (sic), “nola tapizatu besaulki bat”...

      “Esku hauek ez dira nireak”en arrastorik ez zegoen. Aita begira-begira neukan. Kokots azpiko haragiak mugimendu propioa zeukan, nolakoa ote zen belarri zulotik irteten zitzaion iletxo sorta laztantzea?, magnolia kimuak ziruditen.

      — Zer?

      — Ezer ez. Zuek dakizue honetaz. Zure ama da, badirudi orain ezin duela bizi hau gabe. Halakorik!, emakume hau aurreraka beharrean atzeraka doa.

      — Gazte jendea bezala, aita.

      Joanes pasahitzarekin itzuli zen. Gustatu egiten zitzaidan bere prestutasuna, batzuetan pentsatzen nuen niregatik baino jendearengatik egiten zuenagatik nengoela berarekin. Amari ez zitzaion inoiz gustatu, ezagutu zuen egunean, naufrago bat zirudiela esan zidan, “Arropa zahar eta ilaje horiekin”, baina bera konturatu ez arren on egiten zion harekin egoteak, beste inorekin baino gehiago baretzen zen bere amorrua. Maratza izan arren nortasun handikoa, plazer hartzen nuen amari niri buruzko gauza txarren bat esaten zionean adibidez, narrats hutsa nintzela etxean edo ezin zuela nirekin kontatu inora garaiz eta txukun ailegatzeko, baita nik emandako iritzi baten kontra altxatzen zenean ere. Amaren begietara umiliazioak ziren haiek barne poz hedakorra eragiten zidaten, oraindik ez naiz gai zergatia xuxen azaltzeko, baina izan daiteke adierazpen haiek amarengandik urruntzen nindutelako, hark nirekin sortu izan nahi zuen golema ukatzen zutelako. Eta izan daiteke, baita ere, erakusten zutelako nik ez neukala Joanes zikiratuta, amak aita bezala. Kastratu gabeko gizon batekin egoteko bezain indartsua nintzela erakutsi nahi nion akaso.

      Nire izena oihu bilakatuta entzun nuen. Ama zen, sukaldetik. Sei urteko umea bilakatuta joan nintzen beregana, gaizki egindakoa konpontzeko asmoz. Eskuak distiratsu zituen arrain tripengatik. Ahopeka hitz egin zidan:

      — Kontutxo bat: ez zenuten ordenagailuaren kameratik tirita kenduko, ezta?

      — Tirita? Zergatik diozu?

      — Aizu, ez pentsa nire burutazio bat denik, CIAko agente ohi batek esan zuen, eta horrelakoak salatzeagatik Errusian bizi da orain. Hortik zelatatzen gaituzte, eta gero informazio hori salerosketarako erabiltzen dute.

      — Eta zer ikusiko lukete?

      — Xantaia egiteko erabil dezaketen edozer, zer uste duzu bada, jende famatuarekin bakarrik egiten dutela, ala? Inuzentea!

      Garai batean nik ere estalita izan nuela gogoratu nintzen, Joanesek barre egin zidan arte.

      — Ez dugu kendu, zaude lasai.

      Aita eta Joanes gurekin bildu ziren sukaldean. Amak txipiroiak guraizeekin mozteari ekin zion, ebakien erdiak airean emanez.

      — Konponduta —esan zuen Joanesek—. Garbiketa egin dizut, zabor pila zenuen.

      — Mila esker, gazte —esan zion amak—. Zenbat zor dizut?

      — Garagardo batekin bakean, etxekoandre.

      Aitak garagardo latak atera zituen. Gero ardi gazta eta urdaiazpiko zatiak ipini zituen plater batean. Gu sukaldeko mahaira eserita geunden bitartean bera zutik egon zen, platera gugana gerturatzen eta urruntzen.

      — Zein esku-lan egingo ote digu aurten Eneritzek? Jakin-minez nago —ama sasoiko ote zegoen jakin nahi nuen, jakinda, baiezkoan, ezingo nuela gelditu.

      — Kafe kapsulak bukatuko ahal zitzaizkion behintzat! —esan zuen amak, berpiztuta.

      Joanesek eta biok barre egin genuen.

Gogoratu, ama, trikotatzen ere badakiela...

      — Dirurik ez gastatzeagatik, horrek edozer.

      — Patuko batzuk gaizki, ala?

      — Gero bera ez da ba hain zarpaila... Eta oporretan furgonetan, bai, baina tokirik chic-enetara... Pobre plantak egin nahi badituzte zergatik ez dira joaten Errioxako camping batera...? Ez, Kopenhagera…

      — Alde ederra Errioxan! —esan zuen aitak.

      — Bere alde esan behar dut plastikozko poltsekin egin zigun diru-zorroak joko handia eman didala... —esan zuen Joanesek patrikatik kartera aterata.

      — Baina nahiago dituzula nik oparitu nizkizun Nikeak? Esan egia! Lukurrerua! Irakasleek irabazten dutenarekin! Eta gure Aitor hain apalduta ikustea... Beti izan da inuzente xamarra, baina...

      — Ama, joan beharra dugu.

      — Bere gurasoak ikusi besterik ez dago... Ikusi izan dut bere ama arrandegian hamar bokarta erosten, hamar! Bukaeran -txo jarrita dena konpontzen duten santujale horietako bat da...

      — Zer ikustekorik dauka batak bestearekin, ama?

      — Handia, ikusi nahi duenarentzat.

      — Bagoaz.

      — Ez al duzue beste garagardo bat nahi?

      Aitak atera lagundu zigun:

      — Eta afaritara garaiz etorri. Seguru al zaudete ez duzuela beste bat nahi? —galdetu zuen atea itxi aurretik.

      Igogailuan sartu bezain pronto, Joanesek erradioaktibitate neurgailu imajinario bat pasa zuen nire gorputzetik. Pi-pi-pi ozenak egin zituen pasaera bakoitzean, baina ernegatuegi nengoen barre egiteko.

 

 

Gabon egunean, ilundu arte aritu nintzen itzulpenarekin lanean. “I am your soul mate, not all those others” esaldian katramilatu nintzen. “Ni naiz zure arma bikia, eta ez beste horiek guztiak” idatzi nuen, eta nik eragindako istripuari begira gelditu nintzen Joanes gelara presa sartuz etorri zen arte. Nire espezialitatea ziren.

      Joanes bereziki dotore zegoen, esker oneko gorpuzkera zuen eta guztiak ongi ematen zion niri ez bezala. Amak zioen gu ez geundela Zaran jantziak izateko sortuak. Esaten zuen bakoitzean inarrosi egiten nintzen, nire munstrokeria zein ote zen gogora ekarri ezinda. Ikaskide baten ezkontzarako erosi nuen alkandora erakutsi nionean urrats bat egin zuen atzera: “Ez zait gustatzen eta kolore honek gaizki ematen dizu, baina nire iritzia besterik ez da” esan zidan atsekabetuta. Handik bizpahiru egunetara nik behin ere hautatuko ez nukeen blusa bat bidali zidan aitarekin, beherapenetan erositakoa, nirea baino zatiaz merkeagoa, eszeptizismoz probatu nuena eta jantzi orduko garaiezina zena. Bere morroia nintzen. Harrezkero behin baino gehiagotan egin dut nik erositakoa jartzeko saiakera, baina ispiluan begiratzean hondoratu egiten naiz.

      — Zein konbinazio arraroa egin duzun, ezta? —esan zidan Joanesek jantzi nuen gona luzeari begira.

      — Arraro-originala edo arraro-ingresa-nazazue-nire-ama-laurdenkatu-eta-hozkailuan-gorde-aurretik?

      — Lehena.

      — Gezurretan ari zara.

      — Arraro-epaitua-sentitzen-naiz.

      — Arraro-deprimituta-nago.

 

 

Ez ginen oso berandu iritsi. Aita eta anaia komodaren kaxoi bat konpontzen ari ziren korridorearen erdian. Ama sukaldean zegoen Kattalinekin eta Eneritzekin. Eneritz zorrotxoko miso salda prestatzen ari zen haurrarentzat, eta Kattalin amonak eskatutako gabon kanta abesten, horregatik amonak emango zion bost euroko billeteari begira.

      — Bai guapa zaudela —esan zidan amak nire harridurarako. Begiek diz-diz egiten zioten.

      — Guk hegaluzea ekarri dugu —esan zuen Eneritzek poltsatik kristalezko pote bat aterata.

      — Ez zegoen premiarik, neska, honek daukan lanarekin, hobe egingo zenuten denak zuentzat gordeta, ene! —espantu egin zuen amak—. Zenbat kilo egin zenituzten? Zergatik ez duzue afaria nire esku uzten?

      Ez zen inoiz iaioa izan afektua erakusten: hegaluze pote erdia hustu zuen plater gainean eta haurren antzera sardexkaren kirtenaren inguruan eskua kiribilduta harrapazka jan zuen, egoste eta gatz puntua laudatuz eta Eneritzen esku ona azpimarratuz.

      Ospakizunetan egongelako atea itxita izaten zen denok elkartu arte, eta inor hara hurbilduz gero atearen jagolea zen aita agertu ohi zen, zerbait behar ote genuen galdezka. Bitartean sukaldean egoten ginen zutik. Joanes zen gure arteko ur-irina, Eneritzi ikasle musulmanen integrazioaz, Aitorri mendi xendra batez, aitari TAOko langileen grebaz, Kattalini bere panpinaren biografiaz eta amari borborka ari zen saltsaren osagaiez galdetuko ziona; ni akotazioen parte nintzen, parte inportante bat.

      Ordua iritsita, amak eskuak garbitu, mantala hiru tolesetara errenditu eta labearen heldulekuan zintzilikatu ondoren egongelako atea zabalduko zuen. Jarraian, akaso hotzak egongo ginela esango zuen, beraiek ez zutela hotzik, baina gu ez hozteko berogailua piztuko zutela, eta berogailua piztuko zuen.

      — Aurten ere gosea pasako dugu! —esan zuen Aitorrek mahai gainean zeuden jakiei begira.

      Gu denok eseri bezain pronto, aita bieirez beteriko azpil batekin etorri zen. Atzetik ama: Kattalinentzat arrautza egosiz, oliba beltzez eta azenarioz egindako bi pinguino zekartzan plater batean.

      — Hau baino osasuntsuagorik ez zait deus okurritu —esan zuen, Aitorri eta Eneritzi begiratu gabe, baina haientzat.

      — Zuek etorri aurretik txinoetara bidali nau horren bila —esan zuen aitak pinguinoek bizkarrean zeramatzaten paperezko aterkiak seinalatuz.

      Kattalinek berehala utzi zuen agerian pinguinoaren txotxezko eskeletoa eta sofan eseri zen.

      Aitorri begiratu nion, bera ere isildutako telebista ikusten ari zen. Hain urruti ikusten nuen gu guztiongandik, ez zuen gure familiakoa ematen, areago ez zuen ematen inoiz gure familiakoa izan zenik. Urruntze hartan nik izandako erantzukizuna neurtu nuen, nik onartu ez arren, amarekiko leialtasunez nire anaia, bere semea, gutxiestera jolastu nintzen aldiez.

      Ogi-mamiz egindako pilotatxo bat bota nion sudurrean joz. Barre nekatu bat egin zidan, gero nagiak atera zituen eta Eneritzi izterra laztandu zion. Parte ez hartzeko bezain libre sentitzen zen. Umetan futbolak eta ondoren mendiak babestu zuten gugandik, etxetik. Pilotatxoa itzuli zidan koilara katapulta gisa erabilita. Beste pilota bat bota nion, baina segidan antzeman nuen gehiegi behartzen ari nintzela. Telebista begiratu nahi zuen.

      — Erne gero nirekin! Gaiztotutakoan oso gaiztoa naiz —esan zidan hatza altxatuz.

      Amak magalean gordeta zituen eskuak, aho-zapiaren azpian, eta katakume bat ezkutatzen ari balitz bezala begiratzen zituen tarteka. Irribarrez segitu zituen hasi eta mamitzen ez ziren gu guztion arteko elkarrizketak. Inor ez zen jabetu, antza, ongi egonez gero nekez utziko liokeenik isiltasunari mahai hartan bere kasa ibiltzen.

      Gelditzen zen azken kroketa hartu nuen, eta tentuz dastatu nire amaren barruan gertatzen ari zena antzeman asmoz, baina ez nuen lekuz kanpoko ezer sumatu.

      — Kapoia ekarri, Txomin —esan zion bat-batean amak aitari, ameskeriatik esnatuta—. Lehortu egingo da bestela.

      Gainezka zegoen erretilua eskuetan etorri zen aita. Zatikatzera egin zuenean, biraoka hasi zen: keak betaurrekoak lanbrotzen zizkion eta ez zuen asmatzen labanaren muturra non sartu.

      — Egizu zuk, axola ez badizu, Joanes; gizon honek animalia izorratuko du bestela —esan zuen amak—. Edo zuk, Aitor —saiatu zen konpontzen.

      Joanesek egin zuen, konposizio ederreko anoak zerbitzatuz gutariko bakoitzari.

      — Kapoia, Oiartzungo baserri batekoa. Gaztainak, Galiziakoak. Eta esku-lana, etxekoa —esan zuen aitak.

      — Esan beharra daukat lasaitu ederra hartu dudala aurten ez dagoelako foierik afaltzeko, ba al dakizue ahateei zirrosia eragiten dietela gibela gizentzeko? —esan zuen Eneritzek.

      — Ez omen da guztiz horrela —egin zion aurre Joanesek—. Mitotik asko dauka.

      — Komeni zaizuna bakarrik sinesten duzu —esan nion.

      — Humanitatearen historia horixe besterik ez da —erantzun zidan Joanesek.

      Platerekoa lardaskatuta, egongelatik irten zen ama, edalontzia eskuetan. Erori egin zitzaiola entzun nuen, baina beste inork ez zion erreparatu. Handik gutxira bere bila abiatu nintzen. Bainugelan zegoen, atea bilduta. Eskuak konketari tinko helduta, bere aurpegia gertutik behatzen ari zen ispiluan. Hasieran iruditu zitzaidan aho ertzeko zimurrei behatzen ari zela, baina ez: matrailezurra behin eta berriz tenkatzen zuen eta begi ertz-ertzetik begiratzen zion bere buruari.

      — Dena ongi?

      Niregana jiratu zenerako puskatuta zegoen.

      Atea itxi zuen eta eskumuturretik helduta bere ondoan mantendu ninduen, ispilu aurrean keinu hura egiteari utzi gabe.

      — Ez al zara konturatu?

      Negarrarekin begiak berdatzen zitzaizkion.

      — Ez dut deus antzematen, ama.

      — Belarriak.

      — Zer.

      — Orain belarriak.

      — Belarriak zer?

      — Ez duzu ikusten?

      — Ez.

      — Ez dira nireak.

      — Nola ez dira ba zureak izango? Horixe badirela. Hirurogei urte bete zenituenean oparitu genizkizun belarritakoak daramatzazu, begira.

      — Belarritakoak bai, neska; belarriak dira nireak ez direnak! —destainaz esan zidan, ez dakit nondik ateratzen zuen indar hura—. Begiratu, baina begiratu ongi!

      Orduantxe izutu nintzen benetan lehenengo aldiz. Keinuka hasi zen ispilu aurrean: kopeta zimurtzen, begiak ņarrotzen, sudur zuloak zabaltzen eta sudur punta estutzen, ezpainak uzkurtzen eta lasaitzen.

      — Lehen mugitu egiten nituen eta begira orain, hortxe daude kieto. Eta zein handiak diren, mesedez. Ez dizut esango printzesa belarriak nituenik, baina arrunkeria hau! Kartilago honekin tropa oso batentzako zopa egin nezake-eta, faborez!

      Kokotsetik helduta burua niregana jirarazi nion. Pare-parean neukala, bi belarriak aztertu nizkion, ez bakarrik begiradarekin baizik eta baita hatzekin ere. Haragitsuak ziren, eta epelak.

      — Eta ba al dakizu zer den okerrena? Nireak ez diren esku hauekin ukitu beharra!

      — Lehen txikiagoak zenituela esango nuke. Eta gingila horiek...

      — Ez esan nik horrelako gingilak nituenik, faborez!

      — Ez zait iruditzen, ez.

      — Eskerrak bakarren bat konturatu den. Eskerrak. Baina orain mahaira joango gara eta dena normal balego bezala jokatuko dugu, aditzen? Eta batez ere ez aipatu deus aitari, badakizu zenbat larritzen den, eta gero nik kontsolatu behar izaten dut bera —aurpegia ur hotzarekin busti eta toalla mutur batekin lehortu zuen—. Ni joango naiz lehena eta minutu barru-edo zu etorri, susmorik ez pizteko.

      Agindutakoa bete nuen.

      Egongelara iritsi nintzenean, eskuetan zeukan landarearen atzetik hizketan ari zen Eneritz, mahaiaren aldamenean zutik.

      — Esaten ari nintzen, landare hau ekarri dudala berez Urte Zahar gauean egin behar litzatekeen erritu baterako, baina guk egun hori borda batean igaroko dugunez... iruditu zaigu kosmosari ez zaiola inporta izango astebete aurreratzea...

      Ausarta zen, sobera baitzekien familia haren nihilismo basatiari erronka jotzen ari zitzaiola. Joanesek ostiko txikiak eman zizkidan mahai azpitik, baina nik zangoa erretiratu nuen.

      — Baldin eta denok parte hartu nahi baduzue. Ez dadila inor behartuta sentitu —jarraitu zuen—. Aitorri eta bioi polita iruditu zaigu hau zuekin konpartitzea.

      — Jolas bat besterik ez da —desenkusatu zen Aitor—. Egin nahi ez baduzue, ez egin.

      — Kattalinek, gainera, ikasi du idazten eta berak ere egin nahi du.

      Joanes nire belauna estutzen ari zen oin puntarekin.

      — Egia al da hori, Kattalin? Zure ideia izan al da? —esan zuen amak munduko ideia onenaren aurrean balego bezala.

      Eneritzek kolorezko errotulagailuak, sokatxoak eta kartulina zatiak banatu zituen. Bakoitzak bana hartu genuen. Urte berrirako desioak idatzi behar genituen, eta gero zintzilikatu. Aita arduratuko zen landarearen zaintzaz. Urtero-urtero egingo omen genuen.

      — Urtero-urtero —errepikatu zuen Kattalinek.

      Nor bere kartulinara bildu zen.

      Duelu batean bezala, ama eta biok elkarri begira geratu ginen errotulagailuak eskuetan. Bera izan zen estalkia kentzen lehena. Zerbait idatzi zuelako itxurak egin zituen. Nik ere berdin egin nuen, eta adar berean zintzilikatu nituen biak.

      — Ongi zaude? —galdetu nion beste inork ez entzuteko moduan.

      Hatz lodia tentetu zuen ezkutuan eta begi bat kliskatu zidan.

      Desioen errituala bukatu bitartean leihora atera nintzen. Hotza sentitu nahi nuen gutxienez, nengoen egoeratik ateraraziko ninduen edozer. Zerua beltz zegoen eta saretutako hodeiez inguratuta odoletan ageri zen ilargia.

      Mahaira bueltatu nintzenean, Eneritz gainontzekoen kartulinak zintzilikatzen ari zen eta Kattalin nire amaren gainean zangalatrau eserita zegoen. Elkarri kontuak esaten ari ziren. Amak hatz batean kiribiltzen eta askatzen zituen neskatilaren adatsak, Kattalinek aurpegia eta belarriak ferekatzen zizkion nire amari.

      — Zenbat maite dut nik ume hau?, zenbat?, zenbat?, zenbat? —esan zion begirada umetuta.

      — Asko, asko, asko! —erantzun zion Kattalinek.

      Gero, hatza ahoan sartu eta nire amaren bularren gainean etzan zuen burua. Andre hura betiko galtzera nindoala ohartu nintzen, betiko, betiko, betiko.