Karanbola toxikoak
Karanbola toxikoak
2015, narrazioak
192 orrialde
978-84-92468-74-4
azala: Oihana Leunda
Andoni Urzelai
1967, Aretxabaleta
 
 

 

6

Bigarren Asanblada

 

— New Yorketik etorri berria naiz, jaunak. Barkatuko didazue nire aztoramena. Jet-laga nahikoa nahasmendu ez eta ezusteko makur honi aurre egin behar...

        — Errutinazko galdera xume batzuk egitera baino ez gara etorri —esan dio Errazkinek.

        Soberako imintzio eta aieru antzeztu zale direnak ezin ditu jasan Errazkinek. Urte guztiotan egiaztatu duenez, funtsik gabeko pertsona friboloen ezaugarri berezkoena da axalkeriaz mintzatu behar hori.

        — Utzidazue gauzak nire erritmoan kontatzen, arrapaladan egindako galderei erantzun behar horrek gaizkitu egiten nau-eta.

        — Arinago, andrea. Ez digute denbora galtzeko ordaintzen.

        — Badiotsuet, katedra entzutetsu bat antolatzen dugu bertoko unibertsitatean: Bernardo Atxaga katedra, hain zuzen. Gaizki dago nik hau esatea, baina ez naiz alferrikako apaltasunez ibiliko: munduaren epizentroan euskarari txoko bat egitea ez da txantxetakoa gero! Izan ditugu bertan, besteak beste, Atxaga bera, nola ez, eta Ordorika. Ben Monderrekin kantuan hau. Monder ezagutzen? Musikari ezaguna da Estatu Batuetan.

        — Britney Spears bezainbeste, andrea. Harira! —Madariagak jasan ezin dituenak digresioak dira. Gogoz emango lioke zaplazteko bat atsoari.

        — Errespetu pixka bat! Erakunde garrantzitsu bateko burua naiz!

        — Gu ere bai.

        — Ez genuen besterik behar! Disgustu latz hau jaso eta gero ere halako tratu begirunerik gabea sufritu beharra...

        — Barkatu, andrea —esan dio Errazkinek—. Nire lagunak ez du batere pazientziarik. Hartu behar duzun denbora.

        — Askok kontrakoa uste duen arren, erakunde oso inportantea da gurea, bai jaunak. Kontua da, bekaiztiz josita dagoela herri santu hau. Hori da gure drama. Arrakasta izan baitu New Yorkeko katedrak, eta hori, antza, ez digute barkatzen. Baina...

        — Harira, andrea —Madariagak ito egin nahi luke.

        — Katedraren atzoko amaiera ekitaldira Jaurlaritzako ordezkaritza zabal bat eta Euskal Herriko hedabide garrantzitsuenak bildu genituen. Zer iruditzen?

        — Bat-batean ukabilean kabitzen zaigula mundua, andrea —Errazkinek lehenbailehen amaitu nahi du, ironia darabil artazitzat—. Haraino joan behar al da hemen eztanda egingo duten suziriak piztera?

        — Ez entzunarena egingo diot iruzkin sarkastiko horri, agente jauna, ezjakintasunak jalgiarazi baitu. Kippa jantzita joango bagina ere nekez lortuko genuke bertako medioen arreta, superpotentzia garelakoan edo? Tira, hori da gure lanaren fruitua, zenbaitzuek onartu nahi ez dutena. Han izan genituen Kultura sailburua, El Correo, Deia, Berria eta ETB. Bistan da, gure ekimenek mundu zabalean duten oihartzunak errebantxa nahia eragiten duela askorengan, eta...

        — Jende asko bildu zen inbidia partitu zen mahaian, andrea...

        — Galdeketa absurdo hau bukatzeko, gure ekimen ugarien sona adina arerio daukagula esango nuke, niri halakorik onartzea mingarria egiten bazait ere.

        — Ez dugu zalantzarik, andrea.

        — Eta orain, eskertuko nizueke zuen peskizekin beste toki batean jarraituko bazenute. Lanez lepo egoteaz gain, jet-lag honek ez dit-eta behar bezala pentsatzen uzten.

        Donostiari darion handikeria aristokratiko horrek ez dio Errazkini grazia zipitzik egiten. Alde Zaharrean mokadutxo bat hartu edo hondartzari gainbegiratua eman barik hartu dute ertzain biek itzulerako bidea.

        — Erregea baldin bahaiz, ezin duk hiritar arrunten moduan bizi. Kito! Opera gustatzen ez zaiala? Izorra hadi!, hori duk tokatzen zaiana.

        — Andre horrekin egoteak ez dik onik egin hiri ere.

        — Koktel arranditsu horietara joan beharraz gogaituta hagoela eta nahiago hukeela txosnan kalimotxoa edaten ibili? Beste horrenbeste! Hi, hori duk pribilegioengatik ordaindu beharreko prezioa.

        — Ez zakiat nora hoan...

        — Izan gintezke gu akaso aldi berean poliziak eta txoriburuak? Arrazoi horrexegatik izorratzen naik hiri honek. Plater guztietatik jan nahi lukeen hiri burgoia besterik ez duk. Modernotasunaren aire lotsagabea hartu nahi dik tradizioaren eitea galdu gabe. Hala ba, zuentzat osorik 2016, trabesti alaenak!

        Errazkinek astiroegi gidatzen du beti, haserre egonda ere.

        — Ez gaituk sekulan iritsiko —ohartarazi dio Madariagak.

        — Instituzio horri neronek ere emango nioke sua!... emakumea barnean dela, noski.

        — Pasatu egin haiz.

        — Joder, kezkatuagoa zegoan ditxosozko jet-lag horrekin K Taldearen mehatxuekin baino. Ez al zaik arraroa egiten?

        — Ez zakiat, ez nauk inoiz hegazkinez ibili... Baino arrazoi duk, emakume jasangaitza zuan, okaztagarria. Asunaren ukitua bezain mingotsa.

        — Hi eta hire asoziazio xelebreak, motel. Tira, hiri erdiguneko eraikin baten bigarren solairuan zaukatek egoitza, ez duk erraza bertara ailegatzea. Zertarako arduratu, beraz? Bestalde, ez ditek asko behar halakoek zapuzteko, defentsiban baitaude uneoro. K Taldeko malapartatu hauek... besterik ez zakiat, baina ez dituk burugabeak. Bazakitek mira non ipini.

        — Ez zakiat nora hoan...

        — Konturatzen bahaiz, euskararen magalean babes hartutako enpresetan eta erakundeetan ezarri ditek jo puntua. Zer gertatzen da halako entitateekin? Helburu jakin bat betetzeko sortzen diren arren, denborarekin, norbere eta ingurukoen lanbidea ziurtatzea besterik ez zaiela interesatzen.

        — Eta zer?

        — Hor daukak emakumearen aldarte suminduaren arrazoia. Alerta konstantean zagok. Bere lanbidea ezbaian egon daitekeelako izuak horretara bultzatzen duelako. Ondorioz, denbora eta esfortzu gehiago eskaintzen ziotek norbere lana justifikatzeari, probetxuzko ezer egiteari baino. Eta horrek balio dik diru publikoaren anparoan sortutako kultur zein bestelako egitura pribatu guztientzat.

        — Higuingarria. Edozelan ere, gauza bat duk hori pentsatzea, eta bestea... denari su ematen hastea...

        — Irakurri iezadak berriz komunikatua. Oharkabean pasatako pistaren bat aurkituko diagu beharbada.

 

K Taldearen Bigarren Asanbladak bere gain hartzen du Artazugoikoko Irale zentroari egindako erasoa. Horrelako sasi-erakundeetan izaten den katxondeozko diru publikoaren xahutzea salatu nahi dugu ekintzarekin. Gure kanpaina hasi baino ez dela egin iragarri nahi dugu bigarren komunikatu honekin. Duela astebete Gerediaga eta gaur Bilboko Iraleren egoitza erre bezala emango diegu sua Etxepareri, Topaguneari, Kontseiluari, ETBren oskolpean hazi eta aberastutako ekoiztetxeei eta, oro har, erakunde publikoen itzalpean kultura era desegokian kudeatzen eta denon sosak hurrupatzen ari direnei, harik eta desmadre hau eteten ez den arte. Bide batez, doakie gure mespretxurik gordinena Gerediagaren aurkako ekintza ulertu ez dutenei. Harien berri ez dakiten txotxongiloak zarete! Gerediagak eta enparauek saldu nahi diguten kultur eredu miserable hori gustuko baduzue, zoazte denok Las Vegasera antzarak ferratzera!

 

        Irale zentroaren hondakinetan aurkitutako komunikatuak pistarik eman ez baina sikiera adimena entretenitzeko balio izan dienez, mutu egin dute Mendarotik Ermurainoko bidea, bakoitza bere hausnarretan bilduta. Madariagak ireki du ahoa, tupustean pentsamendua argitzera etorritako ideiaren bati bide eman eta kidea txundituta uzteko intentzioz baino, bien arteko isilune astuna hausteko.

        — Eta ultra atzerakoiek burututako ekintzak balira?

        — Zein ultra?

        — Egileek euskarari herra diotela zirudik. Futbol estadioetatik kanporatu dituztenetik ez zaukatek nora jo. Seko aspertuta zabiltzak kalamidade horiek!

        Errazkinek duda egin du Madariaga ez ote den ergel mortala.

        — Ultrak balira, komunikatuak ez lirateke euskaraz idatzita egongo, Sherlock. Supiztaile kuadrilla horren piromano burua ez duk ez antieuskalduna ez eroa.

        — Ez futbolzalea orduan?

        — Ez. Azeri bat duk. Jantzia eta adimentsua. Bat: egiten dutenaz harro daudenez, ez zaukatek euren jarduna eufemismo txatxuekin mozorrotu beharrik: herritar xumeen hobe beharra, abangoardia eta abar. Zinezkotasuna ematen ziek horrek. Bi: morroiak badik euskal kulturaren ezaguera nabarmena. Ez diat esango euskara jasoa darabilenik, baina bai ondo landutakoa. Hiru: ez zakiat letra molde diferenteen erabilerak zerbait argitu diezaguken, baina ez duk kasuala. Izan litekek autorearen gogo suminduaren adierazgarri. Panfletoari eman ziotek, gainera, halako ukitu anarkista baldar bat. Baina esango nikek, halaber, gure morroiak ez duela gazte petral buruarin gisa nabarmendu nahi. Lau: bigarren asanbladari egindako aipamen horrek zerbait garrantzizkoa ezkutatzen dik. Zatibitze bat akaso? Ez genian besterik behar!

        — Laburbilduz...

        — Susmagarriak izan behar dik kulturarekin zerikusia. Gogaitutako maisua edo andereñoa izan litekek. Edo idazlea. Sistemak bazter utzitako edozelako sortzailea, bestela. Edo funtzionario kirten bat... Auskalo.

        — Demontre! Ba, konponduta gaudek! Ez ziguk horrek susmagarri sorta makala uzten!

        Trabatutako gogoetek kotxearen abiada moteldu eta bere pentsamendu propioan korapilatu da Errazkin Iurretara bidean. Emazteak utzi ondoren ez daki zeren aurrean egotea komeni zaion: edo burua katigatzera behartuko duen kasu katramilatu baten aurrean edo, alderantziz, zirt-zart batean argituko litzatekeen arrunkeriarenean, hartara penen zauriak miazkatzeko denbora irabaziko luke-eta. Minari dolu tarte bat eskaintzea osasuntsua deritzo Errazkinek, barrenak hustu eta desintoxikatzeko ez bada ere. Azken finean, bere esku daude bi aukerak: K Taldekoen peripezien peskizei nahi beste denbora eman diezaioke, hala behar duela iritziz gero; kontrara, ikerketa bere horretan ustel dadin utzita ere, ziur da gaur ez bada bihar edo etzi harrapatuko dituztela han edo hemen, direnak direla ere ekintzaile amateur horiek ez baitaukate iraultzaile taxurik.

        Berriro hariari tiraka segitzea deliberatu du Errazkinek. Ez du oraindik emaztearen kontuari segundo bakarra eskaintzeko talenturik.

        — Zer egingo huke hik nire tokian? —galdetu dio Madariagari.

        — Beste neska batekin hasi. Ahalik eta lasterren.

        — K Taldeari buruz ari nauk!

        Autoa polizia-etxean aparkatu orduko esan du Madariagak:

        — Noizik behin agertzen dituk ba, herriko paretetan, halako pintada enigmatiko batzuk? Elkarrekin errondan genbiltzala ikusi genitian orain hamabosten bat egun.

        — Bai —Errazkin harritu egin da, gutxitan lotzen du inork berea ez den hausnarketaren sokara. Agudezia faltari egotzi dio deskuidua. Motel dabilkio pentsamendua azken aldian.

        — Oker ez banaiz, zera esan huen hik: Polizia ikasketak ordez Psikiatriakoak egin izan bagenitu aberastu egingo gintuzkean... Txo, gizartea burutik jota zagok!...

        — Esaldi poetiko haiek, ordea, zer ikusi zaukatek honekin? Bat-bateko ateraldi dibertigarriak besterik ez dituk pintada horiek.

        — Ez zakiat ba... Norbanakoen barne iraultza kultural moduko baten aldeko aldarria egiten dutela esan hidan. Eta nonbaitetik hasi beharra dagoenez...

        — Ez gaitezen endredatu malamentean, Madariaga.

        — Ados.

        — Bide batez... hik baheukan konfiantzazko mihiluze batekin kontaktua... Zertan da hartu-eman hura?

        — ONCEko kupoia erosten zioat noizik behin. Ez duk salatari bat. Kuxkuxeroa bai, baina ez salataria.

        — Zerbait jakingo dik beharbada.

        — Itsua duk!

        — Baina ez gorra. Bazterretan gertatzen den guztiaz jabetzen dituk itsuak. Egin iezaiok bisita.

        — Kupoia erdibana?

        — Ez. Tira, bai.