Jende desegokia
Jende desegokia
2015, nobela
256 orrialde
978-84-92468-69-0
azala: Joseba Eskubi
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2011, nobela
 

 

Epilogoa

 

 

Laster konturatu zen Roman. Kattalinen atzetiko ibilaldiak eta Begoña Urmaletarenganako ahalegin antzua gora behera, haiekin edo beste edozein emakumerekin oheratzeak mesede egingo ziola ahaztu gabe, benetan behar zuena emazte bat zela. Bestela herren ibiliko zen, emazteak utzitako bat gehiago izango zen, eremu batzuetan emazterik gabe bakarrik agertzearen arriskua, beste emazte bat ehizatzeko gauza ez dena, hartutako kolpearen ostean oraindik burua tentetu ez duen gizajoa. Horiek guztiak eta gehiago, ebidentziak ingurukoentzat. Ingurutik baino, bere baitatik sortutako arrazoiak ere bazituen berriro ezkontzeko beharra elikatzen zutenak. Ez zuen bakarrik bizi nahi. Ez zen sekula bakarrik bizi izan. Nahikoa arrazoi da hori bat baino gehiago kitzikatzeko, alegia, behin bizitza berriari ekitera derrigortuta eta norbere burua bakarrik ikusita, arrisku baino gehiago aukera moduan hartzea abagunea. Ez zen Romanen kasua.

      Askoz hobe emakume batekin. Batzuetan nekagarri suerta daiteke, suertatzen da, baina, oro har, askoz hobe emakume batekin. Sexua epe luzerako bermatuta. Izango zen, honetan ere, perspektiba horrek alaituko ez zuen bat baino gehiago. Ez zen Romanen kasua. Inguruan begiratu zuen. Ez zuen denbora askorik behar zeregin horretan. Ez zuen bere emazte izatea merezi zezakeen inor ikusi. Inguruotatik kanpo bilatu beharko zuen. Badira lekuak. Azken Aukera eta antzeko izenez deitzen dituzte batzuek. Joan zen Garcia Riverora, baita Bilbo inguruetako helduentzako beste ehiza eremu batzuetara ere. Zoriak pisu handiegia zuela iritzi zion. Leku horietan. Ez soilik kontakturen baten hastapenean, areago kontaktatuaren profilean.

      Zerbait praktikoagoa behar zuen. Harreman agentzia batean eman zuen izena. Para solteros exigentes da haien leloa. Telebistan ikaragarrizko publizitate kanpainak egiten dituenetako bat. Fakturazio ona, pentsatu zuen Romanek. Arrakasta maila altua, ondorioztatu zuen. Eta halaxe ezagutu zuen, duela hilabete batzuk, laster bere emaztea izango zena. Lehenengo astea amaitu baino lehen bazekien asmatu zuela. Bere ondoan oso ondo emateaz gain, antzeko gustuak zituzten, etxearen ardura hartuko zuen eta, esan gabe doa, neskame bat kontratatuko dute ordu batzuetarako, garbiketa-eta egiteko. Luciak, honela deitzen baita aurki Romanen emazte izango dena, ezetz esango dio, orain ez duela lanik eta berak egin dezakeela dena. Romanek ez du gehiegi tematu behar izango bere iritzia nagusitzeko. Besteak beste, dagoeneko baduelako astean hiru egunetan etxea egitera joaten zaion neskamea eta bikoteak Romanen etxean jarriko duelako habia. Zer esanik ez, Romanek nahiago du Luciak ez dezala lanik egin etxetik kanpo. Diru arazorik ez du. Horrela etxeko ardurak hartu besterik ez du izango eta, gainera, menpekoago geratuko da. Azken hau ez dio bere buruari hitz hauekin aitortzen, baina ezta oso ezberdinekin ere.

      Luciak ez dauka seme-alabarik. Romanek bila zebilen bikotekideari jarritako baldintzetako bat izan zen. Dibortziatua zen Lucia. Honetaz Romanek ez zuen inolako iragazkirik jarri. Eta jarri zituen batzuk, nola fisikoari hala izaerari lotutakoak. Lehenengoak berehala egikaritzen dira; besteak, ostera, denborak argituko ditu. Denborak, ausaz, gauza bat esango du une batean eta kontrakoa bestean. Senarra eta lana batera galdu zituen Luciak. Normala, kontuan izanda odontologoa zuela senarra eta haren laguntzaile egiten zuela lan. Xehetasun hau, senarraren laguntzaile lan egin zuela alegia, atsegin izan zuen Romanek lehen unetik. Senarrak utzi zuela jakiteak ere lasaitasuna eman zion. Beste batekin joateko utzi ere. Hobe. Pare-parean zeuden horretan. Pare-parean egotea egoki iruditzen zitzaion kontu bakanetakoa. Oraindik ez daki Luciaren senar ohiak Henao kalean duela kontsulta, Begoña Urmaletarekin eta beste odontologo batekin partekatua. Laster jakingo du.

      Emazte ohiarekin dibortzioaren izapideak hilabetean konpondu zituen. Lucia ezagutu baino lehenago. Oraindik burua altxatu ezinik zebilela. Harekin izandako enkontru bakanetan zauriek zabalik eta zornea dariela zirauten. Esan zion ondo zebilela, ez zuela atzera begiratzen, «zu iragana zara» ere bota zion behin. Beste kontu bat da zer adierazten zuen bere aurpegiak. Gorputz osoak. Batzuetan ohiari deitu eta ezkontzera doala esateko bulkada sentitzen du. Konturatzen da patetikoa litzatekeela. Jakingo du noizbait. Horrek ohiari min emango diola amesten du. Baduen arren susmoa bost axola zaiola, are gehiago, lasaitua hartuko duela. Pare-parean egoteak eman lezakeen bakearengatik. Edurnek oraindik ez daki bere senar ohia ezkontzekotan dela. Eta jakingo duenean ziurrenik Romanen susmoa beteko da. Jakiten ez diren kontuen artean, badago zerbait Romanek oraindik ezagutzen ez duena. Emazteak alde egin zionean Mirenekin joan zela pentsatu zuen, emazteak hala adierazi ziolako. Edurnek ere ez zuen ezer egin gauzak argitzeko. Izan ere, gizon batekin joan zen. Gizon batekin zebilen eta harengatik utzi zuen senarra. Baina joan, Mirenen etxera joan zen, beretzako bat aurkitu arte. Maitaleak berarekin bizitzera joatea eskatu zion, baina Edurnek utzi berria zuenaren antzekoa izan zitekeen saltsa batean sartzea alboratu egin zuen banatzea erabaki orduko. Ahal zuenean alokatuko zuen pisu bat, bitartean Mirenekin. Hau guztia ez daki, momentuz, Romanek. Eta jakiten duenean lehenengo pentsatuko duena da, Edurnek eragindako mina handiagotzea zuela helburu argitu ez zionean Mirenen etxera zihoala, ez Mirenekin. Beharbada ez da oker ibiliko.

      Topaketa, Desegokituen Elkartea, zakurflauta eta Aretxabaleta, kamaradak, amesgaizto urrun bat dira gaur egun Romanentzat. Edurnek (beste amesgaizto bat, baina zoritxarrez ez hain urruna) eragindakoa. Badira, hala ere, une batzuk, zeinetan amesgaiztoa errealitate bilakatzen den. Hilean behin gertatzen da, batez beste. Euskal Herrian aski ezaguna den eszenografia militarrari jarraituz, polizia saldoa datorkio gainera basapiztien moldean. Lau kankailuk daramate ostiaka. Ikusi ahal izan duenarengatik, etxea txikitu diote. Auto baten atzeko aldean botatzen dute luze. Ostia errepasoak ez du etenik. Kamaraden burutzat jotzen dute. Atzean jesartzen diren hiru poliziek bere gainean jartzen dituzte oinak janzten dizkien botatzar haiek. Hor esnatzen da, beti. Izerditan blai eta arnasestuka. Benetan esnatu bitarteko une horretan, hain zuzen, bilakatzen da errealitate amesgaiztoa.

      Kamaradek ez dute beste ekintzarik egin. Zelula lotan dago. Hala ere hazia erein zuten edo ereinda zegoena ureztatu. Esan nahi baita, izan zirela hurrengo hilabeteetan gisa hartako ekintzak, xumeagoak gehienak. Hainbat mendi tontorretan gurutzeak birrindu zituzten, elizaren batek edo bestek ere jaso zuen erasoren bat. Begoñan abenduaren hogeian egin zuten irain-orde mezan milaka batzuk fededun bildu ziren. Haien artean Eusko Jaurlaritza, lehendakaria buru, sozialistak deritzotenak, popularrak. Gauzak horrela, Ertzaintzaren eskuhartzea denbora kontua zen.

      Ertzaintza, ordea, erabat galduta zebilen. Informazio agenteek gau eta egun ziharduten susmagarri bila. Ez zuten susmagarririk falta, informazio masa itzela zeukaten, jakina baita herri honetan susmagarri zerrenda luzea dela. Baina unibertso zabal hori mugatzeko erabili ohi zituzten bideetatik ez ziren inora iristen. Ikerketa zuzentzen zuen komisarioa desesperaturik zegoen. Goitik zetorkion presioa, etengabea izateaz gain, gero eta astunagoa zen. Bazekien denbora ahitzen ari zitzaiola, berandu baino lehen izenen batzuk eman beharko zituela. Behin, informazio zerbitzuetako bere menpeko batek, argienetakotzat zeukatena denek, hipotesi bat garatu zuen: «Jende antolatua da, eliza gorrotatzen duten ezkertiarrak, muturrekoak, ez derrigorrez ezker abertzalekoak, inolaz ere ez ezker abertzaleko tipologia arruntenen multzoren batekoak, ukitu akratadunak, baina eszenografia, batez ere San Nikolasekoa, militarregia anarkisten gusturako, laurogeiko hamarkadako musika, RRV motakoa, badago nolabaiteko lotura sasoi harekin, zeinetan prozesio ateoak eta erlijioaren kontrako beste eraso batzuk ohikoak ziren, gaztetxeetan ibiliak edo dabiltzanak». Molde pausatuan garatu zuen, hemen argudio bat, han metafora bat edo adibide bat. Komisarioak bereak eta bi egin zituen hantxe bertan ostiaka ez hasteko orojakile harekin. Horren ordez, barrenak sosegatuz, berak osatu zuen menpekoaren arrazonamendua. «Beraz, laurogeiko hamarkadako punkien moduan jantzitako berrogeita bost eta berrogeita hamabost urte bitarteko gizonezkoa. Mekauendios, bihar bertan izen batzuk nahi ditut eta pare bat gaztetxe edo antzeko miatzeko agindu eskaera».

      Aginduak nola eman. Hor dago gakoa. Biharamun goizean komisarioak sei susmagarriren izenak zituen. «Egiaztatuko zenuten erasoen unean ez zeudela beste nonbait, ezta?». Baietz erantzun zioten menpekoek. Ez zen fidatzen. Lehen ere egin zituztelako antzeko hanka-sartzeak. Alegia, gertatu dela susmagarriari sekulakoak egotzi eta gero, dozenatik gora lekukok ziurtatzea eurekin zegoela gertaeren unean lekutik urruti. «Eta pentsatu nahi dut miatuko ditugun gaztetxe edo dena delako horietan aurkituko dugula frogarik». Baietz erantzun zioten bere agindupeko agenteek. Baietza aurreko erantzunekoa baino dezente irmoagoa izan zen. Ñabardura horrek areagotu baino ez zuen egin komisarioaren mesfidantza. Baina zeukatenarekin egin behar zuen aurrera. Ezin zuen operazioa atzeratu. Sei gazte atxilotu zituzten. Bilboko gaztetxe bat eta Barakaldoko etxe okupatu bat miatu. Kamaradek erabilitako arropak aurkitu omen zituzten gaztetxean, baita zenbait liburu eta aldizkari antiklerikal. Hori jakinarazi zuten behintzat, ohikoa duten polizia-narratiba xarmangarrian. Epaileari bidali beharreko txostenean, miaketen emaitzez gain, akusatuen ibilerak, atxikimendu ideologikoak eta ekintzak nola gauzatu zituzten kontatzen zen. Komisarioak estoikoen egonarriz entzun zien bere agenteei ikerketaren berri ematen. Miaketetan hartutako dokumentazio idatzia ikusi zuenean, 1992an Zazpi Kaleetako gaztetxea itxi zutenean aurkitutako giza-eskeletoaz gogoratu zen. Hura behintzat han zegoen, ez zuten ertzainek eurek jarri. Operazio hartan parte hartu zuen komisarioak ertzain xehea zela, hasi berria ia-ia. Kamaraden arropak ikustearekin batera burutazio bat izan zuen: ziur ez datozela bat atxilotuen neurriekin. «Mekauendios». Denak begira zituen. «Pentsatu nahi dut arropa eta paper horiek atxilotuen hatz-markez beteta egongo direla». Denek aldendu zuten begirada.

      Operazio hura desastre hutsa zela baieztatzeko premiarik izan ez arren, atxilotuak ikustera joan zen. Kristalaz beste aldetik behatu zituen. Haietako bakar bat ere ez zen kamarada. Eskerrak presio mediatikoak buruak eskatzen jarraitzen zuen. Betiko antisistema saldoak egingo zuen protestaren bat, baina epaileak, komisarioa bera bezala goitik zetorkion presioaren aitzakian, barrura sartuko zituen haietako batzuk. Denak bidali zituen barrura, polizia-txostena ontzat emanez bere osotasunean. Gotzainek, erregimeneko alderdiek, tertulietako kideek... denek txalotu zuten erabakia.

      Josebak harrituta jarraitu zuen atxiloketen ingurukoa. Hala ere, harridurak ez zion adimena lausotu, kontrakoa baizik. Kamaradak bildu zituen. Santurtziko antzokian jarri zien hitzordua, izan ere Kamarada Horiak antzerki emanaldia zuen han, atxiloketen aurka eta adierazpen askatasunaren alde Bilbon deitutako manifestazioaren ordu berean. Susmaturik baten batek manifestaziora joatea hobetsi zezakeela, hil ala biziko kontu bat aztertzeko zela adierazi zien. Ez zuen inork hutsik egin. Aho batez onartu zuten Kamarada Beltzaren proposamena. «Zipaioen jokabideak argi erakusten du ez dakitela haizeak nondik jotzen duen ere. Eta hori, beste inork baino lehenago, poliziek eta epaileek eurek dakite. Horrenbestez, atxilotuen askatasuna eskatzeko egingo diren mobilizazioei adi egongo dira. Bertaratzen diren guztien zerrenda egingo dute, bakar bat utzi gabe. Horregatik, kamaradak ez dira inongo bilkuratan agertuko. «Zelula lotan jarri», borobildu zuen Kamarada Fuksiak.

      Josebak, kamaraden loa zaintzeaz gain, betikoan jarraitzen du. Ezagunentzat edo ezagunen ezagunentzat lantxoak eginez bizirauten. Batean elektrikari, hurrengoan igeltsero edo iturgin. Ateratzen zaizkion aukerei muzin egin gabe, polibalente. Hilabeteak igaroko dira berriro Desegokituen Elkarteko kideren batekin topo egin arte. Bere irakasle ohiak deituko dio, erosi berri duen apartamentu batean konponketak egiteko. Beterano haiekin izandako esperientzia ona irudituko zaio beharbada, baina, batez ere, nahikoa. Bai zati baterako behintzat.

      Kattalin eta Odile Moresena luzapenean zegoen. Biak zeuden horretaz jabetuta. Arazoa da ez zegoela, kirol partiduetan bezala, amaiera emango zion txisturik. Ez da halakorik izaten. Bietako batek utzi behar izaten du zelaia. Amaiera beti da asinkronikoa. Egokiena biek batera «amaitu da, goazen bakoitza geure aldetik» esatea litzateke. Zoritxarrez ezinezkoa da. Era batera edo bestera biek zuten dilema berbera: besteari aurrea hartu eta «tira, amaitu da, ederra izan da, egin dezala bakoitzak bere bidea» esan ala besteak ekimena hartu arte itxaron. Zaila da biktima eta biktimarioaren rolak saihestea. Oso zaila zauriturik gabe amaitzea. Sinkroniara hurbil liteke batak aurrea hartzea erabakiko balu eta besteak abandonatuaren rola hobetsi. Zauriak ez dira ekidingo, baina bai haien larritasuna murriztu.

      Luzapenean izateak ez zuen esan nahi egoera jasanezina zenik. Askotan gertatu ohi da luzapena aurreko denbora guztia baino luzeagoa izatea. Bizi daiteke horrela. Narriadura jasangarri batean. Kanpotik eragiten duen erakarpen-indar bat agertzean, ostera, zailagoa egingo da elkarbizitza. Lehenengo indar horren hartzaile denarentzat eta gero bestearentzat. Narriadura bizkortu egingo da. Hau gertatu zitzaion Odile Moresi. Esan izan baliote urtebete lehenago Peter Zuazo batek erakarriko zuela Kattalin uzterainoko indarrez, barrez lehertuko zen ziurrenik. Horixe gertatu zen, ordea. Email hura, ezkutuan bidalitako hura, zama astunegia osatzeraino iritsiko zen gezur multzoaren lehenengo alea izan zen. Zarata gutxiago zegoen leku batera joateko gonbita onartzea, azkena.

      Duela gutxi Postariaren mendekua berriro argitaratuko dela entzun dut. Lizasoren lana, pentsatu nuen. Berehala argitu zidaten ezetz, ez zegoela Lizasoren eskua atzean. Areago, inozotzat uzten ninduela hori pentsatze hutsak. Eskua Martin Ziordia delako batena omen da. Edizio gaurkotua. Barrenetxearen zoria jasoko duena aldez edo moldez. Dirudienez Barrenetxea Leongo herri batera joan zen emaztearekin banatu ostean. Banatu ostean hasitako ibilbide alkoholikoa, behin-behinekoz, amaitutzat emandakoan. Berak eskatu zuen lekualdatzea. Berdin zitzaion nora. La Pola de Gordón herriko postaburua izan zen, ustez istripu batek eraman zuen arte duela hamabost urte. Bere gorpua herritik kilometro gutxira dagoen Barrios de Luna urtegian agertutakoan abiatutako epailearen ikerketak istriputzat jo zuen bederen. Horrela artxibatu zen.

      Esfingea, dei diezaiogun Martin Ziordia, izan omen da Barrenetxearen arrastoa miatu duena. Lortutako informazioa, tartean alkoholismoa tratatu zion psikiatra, La Pola de Gordóneko posta bulegoko langile baten lekukotza edo heriotza-ziurtagiria, Peter Zuazoren esku jarri zituen. Hori egitean Peter Zuazo kitzikatzea bazuen helburu, erdietsi zuen. Posta bulegoko gertakarietatik hogeita zortzi urte igaro badira ere (eta hiru gutxiago Postariaren mendekua argitaratu zenetik), Zuazok nahiago luke Barrenetxearen heriotza eragin zuena istripua barik hilketa izatea. La Pola de Gordóneko posta langileren batek burututakoa, esate baterako. Bata zein bestea izan, bere mendekuak zeharka eragindakoa dela pentsatzeak kontsolatzen du.

      Gaur gaurkoz, Peter Zuazok berak baino ez daki zertan geratuko den narrazio berritua. Leundu nahi izango du agian. Edo garraztu. Hori gutxiena da. Zer gehitzen dion da kontua. Berriro Begoña Urmaletaren buzoian utziko ote duen. Utzi zein ez utzi, Barrenetxearen emazte ohiarekiko mendekua izango ote den. Romanek izango ote duen paperik kontakizunean. Odile Moresek, menturaz. Bai, Odile Moresek, baietz egingo nuke.

      Behin baino gehiagotan pasatu zait burutik orri hauek Desegokituen Elkarte efimeroan kide izan nituenei erakustea. Horretarako biltzeko dei bat egitea. Baztertu egin dut. Edozertarako deitzea legoke lekuz kanpo. Gainera, zertarako erakutsi kide ohiei? Ezertarako ere ez. Peter Zuazok Postariaren mendekua-rekin egin zuen bezala, buzoian utz diezazkieket. Baita Begoña Urmaletari ere eta Gaztegiri eta Edurneri eta Luciari eta Lizasori eta Martin Ziordiari.