Iazko hezurrak
Iazko hezurrak
2014, nobela
384 orrialde
978-84-92468-65-2
azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2019, nobela
Iazko hezurrak
2014, nobela
384 orrialde
978-84-92468-65-2
aurkibidea

Aurkibidea

LEHEN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio

Ilaretan

Bodrogiren zuhaitzak

Umeen alde

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio

Hamar txakur

Etzanda

Hirugarrena

HIRUGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio

Izaretan

Ez kantu guztiak

LAUGARREN ATALA

Erosi: 21,85
Ebook: 3,12

Aurkibidea

LEHEN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako hiru narrazio

Ilaretan

Bodrogiren zuhaitzak

Umeen alde

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste hiru narrazio

Hamar txakur

Etzanda

Hirugarrena

HIRUGARREN ATALA

Atzerriko egunkarietan aurkitutako beste bi narrazio

Izaretan

Ez kantu guztiak

LAUGARREN ATALA

 

 

BIGARREN ATALA

 

 

1

 

Irene Arriasek barruko kamiseta jantzi zuen egun horretan ere, giro beroa zekarren arren. Mundu guztiak esaten zuen, hego-haizea, aurreko egunak baino beroago. Aurrekoak ere oso beroak izan ziren, ikasteko txarrak, baina hura beroago zetorrela zioten, amak behin eta berriro errepikatu zion. Irene Arriasek barruko kamiseta jantzi zuen hala ere, eta burutik sartzen ari zenean, izerdi usaina sumatu zuen, usain uherra ia. Bost egun ziren kamiseta harekin, gezurra iruditu zitzaion une horretan, ia zazpi azken dutxatik, kalera irten zen azken egunetik. Egun birik behin aldatzen zituen normalean kamisetak, alkandorak, galtzerdiak, dutxatu egiten zen, zatika garbitu, besapeak, ilea, baina ez azterketetan. Izerdi usaina gorabehera, jantzi egin zuen kamiseta; harekin ikasi zuen, harekin egingo zuen azterketa. Pentsatu zuen inork ez ziola erreparatuko, ez zela usaina igarriko alkandorarekin, jertsearekin. Barrundatu zuen ez zuela azterketa ondo egingo kamiseta hori gabe.

        Arropak ere aurreko egunetako berberak jantzi zituen, sentimendu beragatik. Soinean jarri baino lehen, ordea, aurpegitik oso hurbil usaindu zituen, alkandora, jertsea, prakak ere bai, hankartean, izerdi usainari adi, bestelako usainei, baina ez zuen gauza handiegirik nabaritu: itxi usaina apur bat beharbada, kalera irten orduko joango zena nolanahi ere, hori pentsatu nahi zuen. Arropa harekin ikasi zuen, arropa harekin egingo zuen azterketa. Kolonia apur bat bota zuen, ez gehiegi ere, ez zuen izerdi usainarekin nahastu nahi.

        Ohi baino askozaz gehiago gosaldu zuen, ez zekien zergatik, ez zeukan gose berezirik. Asko gosaltzen zuenean, gorputza eten egiten zitzaiola iruditzen zitzaion Irene Arriasi ia beti, sabela gogortzen ariko balitzaio bezala. Arnasa ezin zuen natural hartu, pentsatu gabe, behartu behar zuen bere burua, birikak, arnas aparatua, arnasaldi luzeak egitera. Iruditzen zitzaion bihotza ere astiroago zebilkiola, lan handiagoa egin behar balu bezala; ematen zuen gelditu nahi zuela, gelditu behar zuela... Bere barruari begira jartzen zuen gosariak batzuetan Irene Arrias.

        Etxean ikasten egin zituen egunetan ez zuen takikardiarik izan. Zaila zen etxean takikardia izatea, ez bazen mugimendu arraro batean, arin makurtzean, estropezuak, gerria ohi ez den moduan jiraraztean. Gutxitan izan zuen etxean, azterketetarako ikasten inoiz ez. Momenturen batean pentsatu zuen hori zela ganoraz egin ahal izango zuen gauza bakarra: ikastea. Horretarako baino ez zuela balio, idazmahai baten aurrean egoteko, gehiegi mugitu gabe, mugimendu geldoak gehienez ere, mugimenduak ia zeroraino eramanez. Tentsio horrekin beti, azken bihotzekoak noiz joko. Baina hori guztia pentsatzen zuen, paradoxa badirudi ere, gorputza eternoa dela sinetsita zegoen une batean eta Sartre, Txillardegi eta Salinger irakurtzen ari zela.

        Ia ordu berean jesartzen zen ikastera egunero. Ordu asko egiten zituen, goizean, arratsaldean, eta apunteetako zerbait pisuzkoa iruditzen zitzaionean, gogoan ondo finkatu nahi zuenean, behar bezala egituratuta, argi, burua aurrerantz makurtzen zuen modu inkontzientean Irene Arriasek, paperetatik oso hurbil gelditu arte. Mugimendu absurdo horrekin bularra mahaiaren ertzaren kontra estutzen zitzaion... Horrela egon zitekeen ordu laurden ere bai, burua paperen gainean, begiak itxita, informazioa memorizatzen, bularra mahaiaren kontra estututa. Lantzean behin, ordea, bihotzak salto txiki bat egiten zion, mahai bazterraren kontra gehiegi estutu izan balu bezala, muskuluari lan egiten utzi izan ez balio bezala. Ez zen takikardia, taupadak ez ziren deskontrolatzen, baina takikardiaren hasieraren antza zuen: zirkin horrekin hasten ziren beti, antzeko salto batekin, itolarria. Irene Arriasek pentsatzen zuen orduan horretarako ere ez zuela balio, ikasteko ere ez, bulego batean egoteko ere ez... Mahaitik altxatu behar izaten zuen, lasaitzera, korridoretik ibili, berriro eseri ikasten jarraitzeko, hogeita hiru urterekin.

        Harrigarria egiten zitzaion orduan nola ibili zen hamazazpi urtera arte, harrigarria egiten zitzaion egin zuen kirol guztia, hainbeste ordu. Krosak egin zituen, gutxi, saskibaloia ere bai, futbola, baina eskubaloia batez ere, ia lau denboraldi. Askotan izaten zituen takikardiak partiduetan. Bi-hiru minutu egiten zituen kanpoan, hurrengo jokaldirako sartzen zen berriro, ezer gertatu ez balitz bezala, amaierara arte jokatzen zuen. Oraindik ez zuen buruan noiz joko zion azken bihotzekoak, muskuluak eternoak iruditzen zitzaizkion, bihotza ere bai, umea balitz bezala oraindik, aita hil eta zortzi urtera.

        Hamazortzi urte bete baino hilabete batzuk lehenago utzi zituen kirol guztiak Irene Arriasek, denboraldia amaitu gabe. Unibertsitatea hasteko zegoen, eta horrela ulertu zuen amak, horregatik utzi zuela kirola: ikasketak, denbora, bidaiak... Arrazoi hori bera ematen zuen Irenek ere, unibertsitatea, denbora. Ez da azalpen askorik eman behar, mundu guztiak ulertzen du, ezin direla unibertsitatea eta kirola nahastu, ganoraz. Nola hasiko zen beste guztia azaltzen, bihotza, takikardiak, nola azaldu Joanari, Iboneri, Itziarri, amari, muskuluak ugertu egiten direla, gelditu, eten, nola azaldu hori ulertu zuela, unibertsitatean hasi baino hilabete batzuk lehenago, azken bihotzekoak noiz joko zion zegoela orain. Itolarriak kontatu beharko zizkien, taupaden saltoak... Oso gauza sotilak, ez zituzten ulertuko, ulertuarena egingo zuten, desberdin begiratuko zioten.

        Irene Arriasek sinistu nahi zuen nortasun handia zuela, ez ziola ardura besteena, besteek pentsatzen zutena, ez zen hala, ez erabat, inoiz ez da erabat. Ez zien ezer kontatu hamabost urte eta gero arte, harik eta guztiak guraso ziren arte, harik eta guztiek zekiten arte zer den ume baten gaixotasuna, sukarrak, eztulak, arnasestuak, zer den hitz egiten ez dakien ume batek konortea galtzea, begiak zuri, espasmoak, zer den Gurutzetako ospitalea, larrialdiak, gauez.

        Irene Arriasek, ordea, sumatu ere ez zuen egiten goiz hartan, egun haietan, zer zen hori, guraso izatea, umeen ardura, sukarren ardura, 39 gradu, 40, nola itsasten den umea amaren aurpegira, aitarenera, nola itsasten dion bero zikin hori, listua, aho usain txarra. Lizentziaturarako ikasi, besterik ez, hori egin zuen hainbat egunetan, hori zeukan buruan, lan askozaz gogorragoa ez zuen imajinatzen, ezin zuen imajinatu, hogeita hiru urterekin. Naturaren kontrakoa iruditzen zitzaion hainbeste gauza ikasi behar izatea azterketa bakarrerako, azken azterketarako, ia karrera osoa azterketa batean. Langileen inbidia zeukan egun haietan, amen inbidia, umeena, bihotzaren salto txiki haiekin lantzean behin.

        Kalerako jertsea jantzi zuen, ez zuen jakarik eramango, arraroa egin zitzaion. Ordura arte ez zen kalera jakarik gabe irten, azterketa guztietara eraman zuen jaka eta guztiak gainditu zituen, nota onak, oso onak ere bai, baina hego-haizea lizentziatura egunean. Eskuak garbitu zituen, aurpegia, begiak batez ere, piztak kendu zituen, lentillak. Eta hori guztia egiten ari zela, komunean, iturriaren aurrean, aurreko guztia pentsatu zuen, takikardia, kirola, azterketak. Arin pentsatzen ari zen, arin pentsatu behar zuen goiz hartan, azken azterketarako ordu eta laurden falta zela, arin pentsatzera behartuta zegoen.

 

 

2

 

Unibertsitateko karpeta hartu zuen Irene Arriasek ohe gainetik, karpeta itxuragabea, puztua. Kalerako atera hurbildu zen, boligrafoak hartu zituen. Sukaldean zegoen ama, Begoña Sasieta, beheko suari begira. Sukaldeko atetik esan zion Irenek:

        — Banoa.

        Begoña Sasieta begirada galduta zegoela konturatu zen Irene, beste zerbait zuela buruan, ez zegoela alabari adi, lizentziatura egunean ere ez. Begirada galduta jarraitzen zuen erantzun zionean:

        — Bai.

        Irene Arriasek ezin zuen sinistu ere egin: azken azterketa, lizentziatura, karrera, bost urte, eta amak begirada galduta erantzun zion, Bai, beste gauza batzuk buruan, Bai, beheko suari begira, bere buruari begira. Irene Arriasek nahi zuen amak zerbait esatea azterketari buruz, gaurko egunari buruz, kontziente izatea goiz hartan, une hartan, gertatu behar zuen guztia hasi gabe zegoenean, zer zen azterketa hori, zenbat azterketa eta gero zetorren, zenbat urte, ikastola, institutua, unibertsitatea, zenbat ordu. Hizketaldia luzatu nahi zuen Irenek, denbora eman nahi zion amari azterketari buruz zerbait esan zezan, kontzientzia har zezan, modu minimoan bazen ere. Esan zuen:

        — Bazkaria daukagu. Gauera arte. Berandura arte.

        — Bai —esan zuen berriro—. Ez ibili berandu orain —esan zion tarte baten ostean.

        Irenek ikusi zuen amak, hori esan eta gero, ez zeukala begirada galduta behintzat, alabari adi zegoela apur bat, ardura puntu bat ere ikusi uste izan zuen. Baina berehala konturatu zen ezetz, edozein lekutara berandu ez heltzeko esaten zion bezala esan ziola bigarren esaldi hori ere. Nota onak alabak beti, oso onak ere bai, zertarako arduratu orain. Labea zabaltzeko apur bat makurtu zen ama.

        Kaleko atea ireki zuen Irene Arriasek. Eskaileretatik jaisten zen beti, bost solairu ziren arren, eskailera-maila askorekin batetik bestera. Etxera igotzeko ez, igogailua erabiltzen zuen igotzeko: bihotzari beldur beti, taupada nabarmenegiekin heltzen zen bestela bosgarren solairura. Minutu asko behar izaten zuen gero bere onera etortzeko, ezin zuen amarekin normal hitz egin, arnasestua, azken bihotzekoari begira orduan ere, ahalegin txiki horren ostean, hainbeste kirol egin eta gero, lasterketak, lehiaketak, partiduak. Eskailera batzuekin aztoratzen zen orain, bost solairu, hogeita hiru urterekin, ezin arnasari buelta natural eman. Muskuluak ustelduta zituela ulertzen zuen Irene Arriasek, hori sinisten zuen.

        Ate guztiei begira jaisten zen eskaileretatik: laugarren solairuan izeko-osabak bizi ziren, hirugarrenean Iñaki Sáez Espainiako futbol selekzioko entrenatzailearen gurasoak, baina bigarren solairuan urduritzen zen Irene beti. Eskaileretako sabaia erreta egon zen bigarren solairuan urte batzuk lehenago... Zuriz margotuta zegoen orain, behar bezala, baina urte asko egin zuen erredurekin, orban beltz batzuekin, marra batzuekin.

        Irudi bat egiten ahalegindu zen norbait erregailu batez, irudi iluna, pigmentazioarengatik, zentzuarengatik ere bai. Beldur zion irudiari Irenek, drogarekin lotzen zuelako, drogazaleekin; haietako batek egin zuen zalantzarik gabe, horrela pentsatzen zuen Irene umeak, umearen burmuinak.

        Droga asko ibili zen hamar urte lehenago Algortan, herri guztietan, esaten zen lagun talde osoak hil zirela, beti esan izan da, beti ikusi izan da. Kaletik ere beldur zien Irenek, pertsona argalak, argalegiak, estuak, besobakarrak, herrenak, hortzak ere txarto, ilunduta, horituta. Droga sartzen ere ikusi zituen, zainetatik ere bai, kalean, San Nikolasen, Txopoetan, Urkijo-bason. Koilara txikiak, erregailu txikiak. Xiringekin zeukan Irenek obsesioa batez ere, ohartu gabe ziztatzea, hori zen beldurra. HIES hitza ere aditzen hasi zen, gaztelaniaz lehenengo, SIDA. Irene hamabi urtekoak, hamahiru, hamalaukoak ez zekien zer zen, ezin zuen jakin, larria zela bai, guztiak hiltzen ziren.

        1984an hil zen Julio Cortázar idazlea, eta esan izan da odol-transfusio batean sartu ziotela birusa. Ez da egia izango beharbada, ziurrenik, baina larritasun hori zegoen, gaixotasunarekin, drogarekin, xiringekin, eta Irene Arriasek bigarren solairuko sabaian zegoen irudi harekin identifikatzen zuen, droga, gaixotasuna. Tentsioan jartzen zen bigarren solairutik pasatzen zenetan, ez zion irudiari begiratzen, debekatu zion bere buruari. Normala baino beherago makurtzen zuen sama, arnasari eusten zion. Iruditzen zitzaion hori guztia, irudia, droga, birusa, indefinizio hori guztia arnas zezakeela, kutsatuta egon zitekeela bigarren solairuko eskailera-tarte hori, irudiaren bitartez, erregailuarekin egon zen pertsonaren bitartez. Arnasarik hartu gabe pasatzen zen haren azpitik beraz Irene Arrias, hamar urte geroago ere, sabaia zuriz margotuta zegoenean ere, irudiaren arrastorik gabe, lizentziatura azterketa egitera zihoala.

        Kalera irten zen, haizea, zakar ere bai, baina ez beroegi oraindik, hegoa izan arren nabarmen. Barrunda zitekeen asko berotuko zuela goizean bertan, zer esanik ez eguerdian. Arratsalderako ezin zen jakin, euria, bero handiagoa, zerua ere ez zegoen guztiz garbi, baina Ireneri berdin zion arratsaldekoak. Azterketak amaituta behar zuen arratsalderako, azken azterketa, azken ikasketa-saioa egin zuen bezperan. Orain berdin zion arratsaldeko euriak, beroak, haizeak, eguerdiko bazkariak.

        Azterketak eskuetan hartu, gainetik apur bat begiratu eta segituan jakiten zuen Irene Arriasek gaindituko zituen ala ez, nota altua aterako zuen, oztakoa. Azterketa asko egin zuen ordurako, beste batzuek baino gutxiago hala ere: inoiz ez zuen azterketa bat errepikatu behar izan, inoiz ez zuen irailean azterketarik egin. Orain azterketa ikustetik ordubete eskasera zegoen; ordubete barru jakingo zuen beraz zer, jakingo zuen benetan zen hura azken azterketa, jakingo zuen hor amaitzen ote zen kontua, hogei urtekoa.

        Hondamendiaren sentsazio hori ere bazeukan, ez oso bizia, baina tentsioan zegoen, hotz-korronte bat sentitzen zuen arnas aparatuan, digestio-aparatuan beharbada, ez zekien ondo, ahotik sabelera doazen hodietako batean. Gaixotasunen batekin nahas zitekeen, lo faltarekin, baina aurreko azterketetatik zekien nerbioak zirela, nerbio modu bat. Idatzi izan da azaleratzeko modu asko dituztela nerbioek, barruan geratzeko ere bai. Torrene kaletik Telletxeko geltokira hori guztia, egunero bezala baina desberdin.

        Irene Arriasi ez zitzaion urduria igartzen ordea, zuzen zihoan kaletik, ibiltzeko modua ere segurua, harroa ia. Gorpuzkerak laguntzen zion horretan ere, altua, argalegia beharbada, baina izterrak ondo beteta, bularrak ere bai, ez nabarmen ere. Gainontzean, kaleko jendeari begiratzen zionean, goiz hartan, espaloietatik isilik, hildakoak ikusten zituen, James Joycek bezala.

 

 

3

 

Tren-geltokira sartu zen Irene Arrias. Zortzi urte bete arte, ia bederatzi, handik hamabost bat metrora bizi izan zen, Telletxeko lehenengo etxean, aita hil baino hilabete batzuk lehenagora arte. Etxe berrian hil zen aita, geltokitik urrunegi ere ez, apur bat gorago, Torrene kalean.

        Ia egunero pasatu behar izaten zituen Irene Arriasek tren-geltokiko tunelak, ikastolara joateko, Faduran entrenatzeko, unibertsitaterako orain. Ohetik entzuten zituen trenak, zortzietarako bidaltzen zuen amak ohera. Bonbak ere entzuten zituen ohetik batzuetan, 70eko hamarkadakoak, Algortan jarri zituztenak, poliziei. Gau betean eztandarazten bazituzten, ez zituen entzuten, lo pisua zeukan.

        Guardia zibilen kuartel-auzoa Telletxetik eta Torrenetik 50 metrora dago, 100 metrora, ez gehiagora. Esaten zen Alangotik botatzen zituztela bonbak, granadak, dinamita, trenbidearen gainetik. Trumoiak zirela pentsatzen zuen Irenek batzuetan, trumoiekin nahasten zituen loberritan esnatzen zenetan adibidez, ez beti. Batzuk oso garbiak ziren, argi zegoen bonbak zirela, sirena-hotsak entzuten ziren gero. Berehala lokartzen zen atzera hala ere, ardura minimoa. Biharamunean komentatuko zuten familian, herrian, eskola-orduetan, ez gehiegi ere, kalte materialak.

        Kanpotik ez ziren kalteak ikusten, hesituta zegoen kuartel-auzoa, zaindari-dorreak, kamerak, agenteak fusilekin dorreetan, sarreran. Kanpotik ezin ikusi zer eragin zuen leherketak, inoiz ez zen ikusten barruko ezer kanpotik. Esaten zen futbol zelai txiki bat ere bazela etxe artean, autoak, motorrak. Kanpotik etxeetako leihoak baino ez ziren ikusten, baina inoiz ez pertsonak leihoetatik begira, ez agenterik, ez umerik, Espainiako banderak batzuetan balkoietan.

        Irene Arriasek kaletik ere ikusten zituen guardia zibilen seme-alabak, baina askozaz geroago jakin zuen guardia zibilen seme-alabak zirela. Orduan umeak ziren, Trinitarias, San Ignacio, Juan Bautista Zabala eskoletako umeak, hara zihoazenak. Bere adineko neska bi ikusten zituen egunero Irenek. Eskuetatik helduta eramaten zituzten amek, ama bat ume bakoitzarentzat. Begoña Sasietak aspaldi ez zion ikastolara laguntzen. Ireneri iruditzen zitzaion, 9 urterekin, 10ekin, oso desberdinak zirela ama haiek. Irene Arriasek tren-geltokiko tunelean ikusten zituen ama-umeak beti, ordu berean, ia egunero.

        Trena ordu-orduan heldu zen geltokira, karpeta bularren kontra estututa sartu zen Irene. Ez zuen jesartzeko lekurik topatu, trena heldu orduko zekien, beti gertatzen zen. Jendeari begira hasi zen berehala, hurbilen nortzuk zituen finkatu nahi izan zuen gogoan, aurpegiak, gorpuzkerak. Mutiletako bat agurtu behar izan zuen, ezaguna egiten zitzaion, arrastorik ere ez nondik, ez zuen aurpegi atsegina. Auzoko emakume bat ezkerrean, ez zuen agurtu, ama-alaba batzuk apur bat harago.

        Arraro egin zitzaion Ireneri adin horretako neskato bat trenean ordu hartan, hamaika, hamabi, hamalau urtekoa. Ikusten ziren batzuetan, gutxitan, medikuarengana seguruenik, Bilbora, ospitalera, kliniketara. Irene Arriasek gogoratu zituen, beti gogoratzen zituen, beste ama-alaba batzuk, tren horretan bertan ikusi zituenak, aspaldi, antzeko orduan. Gogoratzen zuen nola heldu zen ama-alaba haiek ikusi zituen egun hartan unibertsitatera tripak nahastuta, apur bat zorabiatuta ere bai.

        Ondo-ondoan jarri zitzaizkion ama-alabak urte bi lehenago, unibertsitateko hirugarren mailan. Alaba ama baino apur bat tenteago, ez erabat atsedenerako jarreran, isilik. Alabak amaren aurpegiari begiratzen zion askotan, ezer esan gabe, baina ez treneko beste inori. Hitz egiten hasi zen alaba halako batean, ahots egokia zuen, aurpegia ere bai, ondo jantzita, atsegina. Irenek ez zituen esaldi guztiak gogoratzen, ezinezkoa zen, baina batzuk bai, printzipalenak, hogei urte geroago ere gogoratuko zituen: «Zergatik hitz egiten dit niri, ama?», «Zergatik niri bakarrik?», «Zergatik ezin diozu zuk entzun?», «Pertsona normala da jainkoa, ama, osabak bezala?». «Zer esan behar diot medikuari?».

        Amaren erantzunak ezin izan zituen Irenek aditu, oso baxu ari zen. Gogoratzen zuen, hori bai, erabat alditxartu zela umearen sufrimenduari begira, goragale lauso bat. Baina ondoezaren arrazoia ez zen umea seguruena, ez osoa, ezpada momentu hartan ulertu zuela Irenek zer zen garuna, zer zen garunaren ustela, urte batzuk lehenago ulertu zuen bezala zer zen bihotz-muskulua, arnas etenak, itolarriak.

        Hori izan zen Irene Arriasen lehen kontaktua garunarekin, ondoeza eragin ziona, nahasmendua. Bigarrena bost urte geroago, enpresa txiki batean zegoenean, Galiziara bidali zutenean, autobusez, bakarrik, gauez. Emakume bat jesarri zitzaion aurrean, gidariaren ondo-ondoan. Metalezko makulua zeraman, herrena ez zen nabarmenegia ere, ile laburrekoa, berrogeita hamar urteak inguruan, goitik ala behetik, betaurrekoak.

        Isilik joan zen hasieran emakumea, ez zuen irakurri, ez zion pelikulari begiratu, isilik joan zen autobusa Bizkaitik atera arte, jendea lokartzen hasi zen arte, hamaika eta erdietan, hamabietan. Hitz solteak esaten hasi zen orduan, ez oso ozen baina autobus osoan entzuteko moduan, gauez. Gero eta ozenago emakumea, hitz solteak, esaldi laburren bat lantzean behin, «begiak», «deabruak», «konstelazioak», «Xurgatu egiten gaitu erreginak». Gaztelaniaz ari zen baina euskal ahoskeraz, La reina nos succiona.

        Bidaiarietako bat hurbildu zitzaion orduan, lo egin nahi zuela jendeak, ez zela hitz egiteko ordua, edo oso baxu hitz egiteko ordua zela. Begira-begira geratu zitzaion emakumea, autobuseko inork ezer ulertu izan ez balu bezala. Jesarlekuen gaineko apala seinalatu zuen orduan, maletak, zorroak, jakak, plastikozko poltsak. Baina erabat ilun zegoen ordu horretan, ez ziren poltsak ikusten, maletak, argi guztiak amatatuta, goizeko ordu bata ia. Marra ilun bat zen apala beraz, autobusaren alderik alde, zulo bat, beltza. Emakumeak behin eta berriro seinalatu zuen apala hatz erakusleaz. Esan zuen:

        — Zergatik daude niri begira horko begiak, guztiak niri?

        Gizonak esan zion ez zela begirik han, ez egiteko zaratarik, lo egin nahi zuela jendeak. Ematen zuen, ordea, emakumeak gutxi erreparatu ziola gizonaren erantzunari, oihua aurrekoa baino apur bat ozenago egin zuen: «Esaiezu ez begiratzeko niri». Gaztelaniaz: Diles que no me miren.

        Gizonak ez zion erremedio handirik ikusi, jesarlekuan eseri zen atzera. Hitz egiten jarraitu zuen emakumeak noski, gidariarekin orain. Ez zion kasurik egiten gidariak, apenas erantzuten zion, harik eta emakumea makulua astintzen hasi zen arte.

        Ez zirudien gidaria jotzeko asmorik zuenik, baina autobusa bazterbidean gelditu eta Guardia Zibilari deitu zion gizonak, irratiz. Guardia zibilak heldu, emakumeari lasaigarri bat eman eta autobusera sartu zuten berriro, leku berera. Ezin zuten inora eraman, ez ziren txoferrak, ez zekiten nor zen, zer gertatzen zitzaion.

        Ordubete egin zuen emakumeak lasai, baina hitz solteekin hasi zen gero berriro, begiak, gero eta ozenago, deabruak. Oviedora heltzen ari zen autobusa, han utzi zuten emakumea. Irenek ez zuen lorik egin gau osoan, galduta ibili zen hurrengo egunean, lan gutxi, txarto, erabat nahastu zuen autobuseko emakumeak, kordokatu, munduko garun guztiak ikusi zituen garun hartan, Irene Arriasena ere bai.

        Itzulerako autobusa Oviedon gelditu zenean, minutu gutxi batzuetako geldialdia egin zuenean, geltokiko bulegoetan galdetu zuen Irenek, zer gertatu zen emakumearekin, nor zen, nora bidali zuten. Hori guztia galdetu zuen bere buruari buruz galdetzen ariko balitz bezala, Oviedoko autobus-geltokian, lau graduko tenperaturarekin. Baina inork ez zekien ezer, txanda aldaketa egon zen, beste langile batzuk ziren, garun desberdinekin, larritasun desberdinekin.

        Horregatik hasi zen hilabete batzuk geroago horri buruz irakurtzen, garunari buruz, urte batzuk geroago indarkeriari buruz ere irakurtzen hasi zen bezala, arrazoiak garbiegi ere ez. Irakurri zuen bezala Operación Ogro. Cómo y por qué ejecutamos a Carrero Blanco, irakurri zuen bezala Indarkeriari buruzko tratatua, Traktat über die Gewalt, Wolfgang Sofskyrena.

        Galiziako bidaiaren ostean garunari buruz hasi zen irakurtzen beraz: irakurri zuen zer zen garuna psikiatrentzat, zer gaixoentzat, nor zen Oviedoko emakumea, zergatik begiak, deabruak, kamerak, zergatik hitz egiten zien jainkoak, aingeruek.

        Kasu klinikoak irakurri zituen batez ere, DSM-IV, Diagnostic and Statistical Manual of Mental disorders. Oviedoko emakumearen antzeko kasu asko irakurri zituen, oso desberdinak ere bai. Irakurri zuen nola eraman zuten udaltzainek 73 urteko andrazko bat ospitaleko larrialdietara, supermerkatuan oihu batean aritu zelako, langileei oihuka, gainontzeko bezeroei. Etengabe errepikatzen zien emakumeak beste guztiei hildakoak zirela eta ezin zirela han egon, supermerkatuan, hilobi batean egon behar zutela, edo erraustuta, baina ez supermerkatu batean. Ospitalean ere ezin izan zuten sosegatu, ez hitzekin behintzat, nullius in verba. Botikekin hasi ziren, tratamiento intramuscular, haloperidol 10 mg, levomepromazina 25 mg.

        Andrearen loba bat hurbildu zen ospitalera. Medikuekin hitz egin zuen, esan zien ezkongabea zela izeba, eta 76 urteko nebarekin bizi zela, itsua neba. Esan zuen ez ziotela gainerako familiari atea zabaltzen, lau urte lehenago ikusi zituela izeko-osabak azkenekoz, apenas irteten zirela etxetik, osaba itsua batez ere.

        Polizia biharamunean joan zen ospitalera. Esan zieten medikuei andrearen neba hilda topatu zutela etxean, tapaki ugariren azpian eta ustel zantzuekin. Etxebizitza ezin garbiago zegoela bestela, baina baten batek irudiak egin zituela hormetan eta sabaian, begiak batez ere. Autopsiak esan zuen hiru urte zirela gizona hil zenetik.

        Andreak zalantzarik gabe errepikatzen zuen hura ez zela bere neba, baina ez zuen ukatzen hildako batekin bizi izan zela hiru urtez. Esaten zuen euli asko sartzen zela etxera, baina ez zirela euliak, beste hildako batzuk baizik, gorpua jatera joaten zirenak. Esaten zuen espiritu batek hitz egiten ziola, agintzen ziola ez mugitzeko gorpua, harik eta «mugitu behar zuena» etorri arte. Esaldi ez nolanahikoak ere egiten zituen andreak, «Batekin bizi nintzen, askoren laguna hura, eta ez nintzen inorekin bizi».

        Azken egunetan goseak egon zela aitortu zuen andreak, ezin izan zuela behar bezala jan, euliekin, kiratsarekin, hildakoarekin. Narrazio bat ere bazeukan andreak gorpua norena zen azaltzeko, iluna, likitsa ere bai beharbada. Esaten zuen familiako beste gizon batek eraman zuela nebaren gorpua eta «haren lekuan» etzan zela. Familiako gizon haren gorpua zela hura beraz, ez zekiela neba non zegoen, bizirik beharbada. Gero berehala aitortu zuen zergatik eraman zuen neba familiako gizon horrek: «Ez jarraitzeko andreak hildakoarekin tontakeriak egiten».

        Irene Arriasek zirkina sentitu zuen gerrialdean, apur bat beherago ere bai, hanketan, esaldi hori irakurri zuenean. Ez zuen garbi ikusten zer zen 73 urteko andre batentzat «hildakoekin tontakeriak» egitea. Neska bahitu haiek etortzen zitzaizkion gogora, baladak, erromantzeak, intsentsuz eta ereinotzez lurruntzen zirenak hil eta gero, edo limoi-urez igurtzi. Gauez bi besoen artean atxiki eta oraindik zazpi astian erabiltzen zirenak. Hori etortzen zitzaion gogora Ireneri, hori pentsatzen zuen, baina ez zuen pentsatu nahi: neba-arrebak, 73 eta 76 urtekoak. Alde batetik bestera mugitzen zuen burua, aztoratu egiten zen, apur bat zorabiatu ere bai. Itxi behar izaten zuen liburua, DSM-IV, beragandik apartatu behintzat, metro batzuk, berehala hartzen zuen ostera.

        Horrela begiratzen zion Irene Arriasek garunari, munduko garun guztiei, horrela ulertzen zituen konexioak, neuronenak, gihar etenei begira ulertzen diren bezala arteriak, zainak, odola.

        Irene Arrias ohartu zen ia hamar minutu egin zituela trenean ezer egin gabe, azterketako ezeri buruz pentsatu gabe, beste gauza batzuk buruan, jendeari begira, jesarlekuei begira. Pentsatu zuen ez zela normala denbora galtzea orduan, azterketarako hain gutxi falta zenean. Erandiora heltzen ari ziren, karpeta zabaldu zuen, apunte batzuk atera zituen erdizka. Gogoratzen ez zituen zenbaki batzuk memorizatu zituen, edo gogoratzen ez zituela uste zuen zenbakiak beharbada. Inozoa iruditu zitzaion horretan hastea, ordea, tren batean, zutunik, baina egiten jarraitu zuen. Beste zenbaki batzuk memorizatu zituen, datak, izenburuak, ezaugarriak. Azterketa hasteko 25 minutu falta zirela heldu zen trena, Matiko pasatu eta berehala, Deustuko Unibertsitateko geralekura, «geltoki» maila ere ez zuena, «apeadero» gaztelaniaz, 1994an, Ruandan milioi bat lagun baino gehiago hil zuten urtean.

 

 

4

 

Hego-haizea gehiago nabaritzen zen Deustun, tenperatura ere trenean sartu aurretik baino beroagoa. Ematen zuen beti zela Algortan baino beroagoa Deustun, Bilbon ere bai, itsasoa, etxe altuak, porlana. Erreparoa ematen zion Ireneri jertsea kentzeak, pentsatzen zuen izerdi usaina igarriko ziotela. Berdin zion egun hartan, ez zion berdin, baina pentsatu zuen azterketa gelaraino eutsi behar ziola jertsearekin. Gela barruan kanpoan baino freskura handiagoa egongo zen, inori ez zitzaion arraro egingo azterketa jertsearekin egiten bazuen.

        Unibertsitateko lehen eraikinera heldu zen Irene; eguzkiak bete-betean jotzen zuen han, zabalgunean, zuhaitzak gorabehera. Zorabio txiki bat ere izan zuen, sabela nahastuta, buruko min apur bat, lehenengo zantzuak. Ez zuen azterketa buruko minarekin egin nahi, berdin egingo zukeen arren; azterketa asko egin zuen ordurako buruko minarekin.

        Bigarren eraikinera sartu zen berehala, klaustroko pasabideetara. Horma artean freskura sentitu zuen orain eta zentratu egin zitzaion burua berriro. Azterketa ekarri zuen gogora, zorabioan ahaztu bazuen. Azterketa-aretoko atera heldu zen minutu batzuk geroago, barruan zeuden ikaskide gehienak ordurako, guztiak beharbada.

        Natural sartu zen aretora, gela handia, handienetakoa. Inoiz baino ikasle gehiago, batzuk ezagutu ere ez, ez zituen inoiz ikusi, arraroa egin zitzaion. Berehala aurkitu zituen lagunak urrunetik, erdialdean, taldean. Joana Biurrun apur bat apartatuta ikusi zuen, apunteak karpetatik kanpora, zerbait ari zen idazten. Imanol Sarasua ere taldean zegoen, hitz egiten ari zen, haria galdu gabe, baina apunteak eskuetan, apunte batzuk.

        Guztiak agurtu zituen Irenek banan-banan, buruarekin, hitzen batekin. Ez zen hurbilegi jarri hala ere, obsesionatzen hasita zegoen izerdi usainarekin, azken azterketan, azken egunean, ondo zekien arren ia ezinezkoa zela inork usaintzea, berak ere ez zuen ezer nabaritzen jertsearen gainetik. Betiko hitzak gero, Amaia Senderekin esate baterako, Imanolekin:

        — Ondo?

        — Ondo.

        — Ordu asko?

        — Asko...

        — Atzo? —Leire Arruzak.

        — Izan nuen denbora.

        Leire Arruzak gaztelaniara aldatzen zuen batzuetan, Ayer?, Me dio tiempo al final. Imanol Sarasuaren apunteei begiratu zien orduan Irenek, igarri nahi zuen zer ziren. Imanoli gainbegiratzeko modukoak iruditzen bazitzaizkion, Irenek ere kontuan hartu beharko zituen beharbada. Kontuan hartu behar zen beti Imanolek egiten zuena, ikasten zuena, ona ikaslea, apartekoa ere bai, Joana Biurrun bezala, Amaia Sende bezala, Itziar Gereka bezala. Haiekin nahi izaten zuen Irenek beti, eskoletan, azterketetan, atsedenetan, haiekin bakarrik... Elitista horretan Irene... Nazka apur bat ematen zion horrek liburuetan, pelikuletan, baina gauza bera egiten zuen berak gero: ahal zenik eta gutxien egoten zen beste ikasle batzuekin, eskasagoekin, Gorka Etxebarriarekin, Miren Alzarekin. Karrera amaitu eta urte gutxira damutu zen, inozoa iruditu zitzaion, Miren Alzarena batez ere, baina hala egin zuen bost urtez, gaixotasuna balitz bezala, kutsatu ahal balitz bezala.

        Joana Biurruni begiratu zion orduan, nola zegoen apunteen gainean, nola idazten zituen oharrak. Urduritzen hasi zen Irene, iruditu zitzaion berak ere atera behar zituela apunteak. Mahai baten gainean etzan zuen karpeta, paperak atera, lagunengandik nahiko hurbil baina alboz, esaten zutena aditu eta irakurri ahal izateko. Hitz ere egiten zuen lantzean behin, esaldiren bat, hitz solteren bat, gehiegi ere ez, letrei adiago. Ez zen minutu asko falta, gutxi barru jakingo zuen zer zen azterketa, gaindituko zuen ala ez, gutxi gorabeherako nota ere bai. Azterketa hartu, irakurri eta lehenengo segundoan jakingo zuen zer, trebetasun hori zeukan bost urte eta gero, inoiz ez zuen huts egin.

        Irakasleak sartu ziren, azterketa-paperak eskuetan, inori gehiegi begiratu gabe. Irenek karpetan sartu zituen apunteak. Leire Arruza zeukan eskuman, ezkerrean korridorea, beste guztiak aurrerago, Itziar Gereka atzean bakarrik. Berehala hasi ziren azterketak banatzen. Azkenetakoa izan zen Irene Arrias paperak hartzen, urduri, arnas aparatutik hotza. Eman zioten azterketa, galderak irakurtzen hasi zen, arin irakurri zituen, hutu asko Europara begira zegoen momentu berean, errefuxiatuen kanpamentuetan, Estatu Batuetara begira.

 

 

5

 

Irene Arriasek azterketa hartu, irakurri eta lehenengo segundoan jakin zuen gainditu egingo zuela, nota ona ere atera zezakeen, oso ona ere bai. Galdera guztietan zeukan asko idazteko, ikasitakoaren laurdena ikasita ere gaindituko zuen azterketa hura. Engainatu zuten sentsazioa ere erne zitzaion une batez, hainbeste egun, hainbeste ordu, ia kalera irten gabe, ia beste ezer egin gabe, oztako bizimodu horrekin. Azterketa ziztrin hori gero, ikasitakoaren laurdenarekin ere nahikoa zuena.

        Berehala hasi zen idazten, burua altxatu ere ez zuen egin tarte luze batez. Eten txiki batzuk egiten hasi zen gero, idatzi behar zuena hobeto pentsatzeko betiere. Burua apur bat altxatzen zuen eta aurre-aurrean zeukan Imanol Sarasuari begiratzen zion, haren burmuinari hobeto esanda, haren burmuinak behar zuen lekuari. Eta arnasa hartzen zuen Irenek biriketaraino, Imanol Sarasuaren burmuina arnastu nahi balu bezala, barrukoa hartu nahi balu bezala arnasaren bitartez. Askotan egiten zuen, jende askorekin, urduri zegoenean batez ere, hori Ireneren manietako bat. Horregatik nahi zuen beti ikasle egokiekin, ikasle eskasagoekin ezin zuen egin, Gorka Etxebarriarekin, Miren Alzarekin. Imanol Sarasuarekin sarritan egiten zuen, bere gogokoenetako bat Imanol Sarasua. Zortea eduki zuen azterketa egunean, aurre-aurrean jarri zitzaion, ez zuen mugimendu nabarmenik egin behar hari begiratzeko.

        Azterketa bideratuta zuenean, idazteko lerro gutxi eta denbora sobera, eten luzeagoak egiten hasi zen. Burua gehiagotan eta tarte luzeagoz altxatzen zuen. Hor ere disfrutatu nahi zuen, azterketako azken minutuak, karrerako azken minutuak, unibertsitatekoak. Ordura arte ez zuen hain argi ikusi, azken azterketa falta zelako, lizentziatura... Sumatzen zuen gaindituko zuela, nola ez zuen sumatuko, baina orain bazekien, bazekien ez zuela gehiago ikasi behar izango, ez hainbeste behintzat, ez hainbeste ordu. Apur bat idazten zuen, denbora sobera, burua altxatzen zuen, lepoa aulkiaren kontra jarri. Imanol Sarasuaren burmuina arnasten zuen noizik behin.

        Beste ikaskide batzuei begiratzeko ere aprobetxatu zuen tarteren bat. Ez zituen guztiak ezagutzen, beste fakultate batzuetatik etorri ziren beharbada, beste urte batzuetakoak. Ezezagunak ez ziren asko, berrogei bat; beste gehienak ezagutzen zituen Irenek, gehienekin hitz egin zuen noizbait. Batzuekin oso gutxi, hiru-lau aldiz bost urtetan, labur, fotokopiak, azterketako egunak, ikastorduak, sastraka akademikoak. Batzuk ez zituen gehiago ikusiko, azken eguna hura, Durangokoak ziren, Gernikakoak, Gipuzkoakoak ere bai. Batzuk egunkarietan ikusi zituen urte batzuk geroago, Jon Arregi eta Elena Betiño esate baterako, 1999an eta 2003an. Ezkerrean zituen Irenek azterketan, korridorearen beste aldean: Elena Betiño apur bat aurrerago, Jon Arregi oso hurbil. Ikasle normalak, egokiak batzuetan. Arazorik gabe ikusten zituen Irenek burua altxatzen zuenetan.

        Jon Arregik urte bi egin zituen kartzelan handik urte batzuetara, epaiketaren zain, 1997an atxilotu eta gero. 1999an irakurri zuen albistea Irenek egunkarian, epaiketa izan zenean. Joana Biurrunek esan zion gero libre utzi zutela, kargurik gabe, urte bi eta gero, diplomatura bat egin zuela kartzelan.

        Azterketa amaitzeko esaldi bakan batzuk idaztea falta zitzaion Irene Arriasi eta ordu laurden oraindik. Azterketaren zati handi bat irakurri ahal izango zuen entregatu aurretik. Beste atseden txiki bat hartzea erabaki zuen orduan, iruditzen zitzaiolako ordura arte idatzitakoarekin gaindituta zegoela azterketa, nota onarekin ere bai.

        Beroa gero eta handiagoa zen aretoan, baina eskuak ikaragarri hotz zeuzkan Irenek. Izerdi tanta bat lehertu zitzaion aldakan, besapetik zuzenean, saihetsetatik tatarrez jaitsi barik. Iruditu zitzaion izerdi tanta hori ere usteldu egingo zela orduekin eta usaina hartzen joan. Berdin zion azterketa amaitu eta gero, ez zion berdin.

        Elena Betiñoren izena Berrian ikusi zuen Irene Arriasek 2003an, azaroan, Guardia Zibilak Egunkaria itxi eta bederatzi hilabete geroago, Martxelo Otamendi zuzendaria eta zuzendaritzako beste kide batzuk atxilotu, torturatu eta etxera edo kartzelara bidali eta bederatzi hilabetera, tartean Joan Mari Torrealdai, Irene Arriasen familiaren ezaguna, lagun batzuen senidea.

        Berria egunkaria sortu eta urte bereko azaroan agertu zen barruko orrietan Elena Betiño beraz. Nola salatu zituen torturak, nola kolpatu zuten autoan bertan, nola poltsarena, nola mehatxuak, betikoa, ia betikoa, nola jarri zuten biluzik, lau hankan, nola ukituak, bularrak, hankartea, nola iruditu zitzaion batek klitoria ere bilatu ziola, nola atera zituzten batzuek zakilak, ez denak, nola ukiarazi zizkioten, eskuekin, ahoarekin, nola behartu zuten masturbatzera, lau hankan ia beti, nola isuri zioten likido bat uzkitik eta zerbait sartuko ziotela esan, nola ulertu zuen Elena Betiñok ezin izango zuela bost egunez iraun. Beti da oso antzekoa, nola eskatu zien agenteei buruan tiroa jotzeko, ezin zuela jasan, ezin zuela egon. Kartzelara sartu zuten Elena Betiño gero, urte bi baino askozaz gehiago. Bahiketa batean parte hartu zuen, zaintzan aritu zen, informazioa mugitu zuen.

        Irene Arriasek behin ikusi zuen Elena Betiño karrera amaitu eta gero, 2001ean, Bilbon bertan, botika baten atean. Hiru-lau gauza esan zioten elkarri, betikoak, non bizi ziren, norekin, lana, askozaz gehiago ez. Ibonekin zegoen Irene, oraindik ez ziren elkarrekin bizi, gutxi barru beharbada, bakarrik Elena. Saltokiko eskaileretan agurtu zuten elkar. Erradiografia handi bat zeukan Elenak eskumako eskuan, Irenek ez zion galdetu zer zen.

        Azterketa entregatzeko zortzi minutu falta zirenean amaitu zuen Irene Arriasek. Uste zuena baino estuago, baina oraindik bazuen astia zati batzuk berrirakurtzeko, zalantza gehien eragin zizkiotenak, erabat seguru idatzi ez zituenak. Erantzun bi irakurri eta uste baino hobeto zeuden, ordea, hirugarrena ere bai. Ez zuen gauza handirik aldatu behar izan, hitz bakanen bat, puntuazio-markak.

        Erabaki zuen ez zuela gehiago irakurri behar, ordua gainean, segundoak, minutu bat beharbada. Aulkitik altxatu zen, belaunen atzeko parteak bustita zituen, gogortuta ere bai, mugimendua behar zuen. Azterketako paper guztiak hartu zituen, berdindu. Korridoretik aurrera egin eta irakaslearen mahai gainean jarri zuen azterketa, Jon Arregirena baino lau atzerago, Itziar Gerekarenaren gainean.

 

 

6

 

Lasaitu arraroa hartu zuen Irene Arriasek azterketa-aretotik irten zenean, nekea ere bai. Goizeko bostetan altxatu zen ikastera, ikasitakoaren gainean ikastera, eta ordura arte ez zuen nekea sentitu, lo falta. Ematen zuen tentsioak mugitu zuela Irene azterketa amaitu arte. Orain ez zuen tentsiorik behar ordea, eta nekeak hartu zuen, lasaitu arraro batek.

        Bazkaria zuten azterketa osterako, jatetxea hartuta, Bilbon bertan, baina ordu bi baino gehiago falta oraindik. Imanol Sarasuak esan zuen bere etxean utzi ahal zituztela gauzak, karpetak, liburuak, eskuetan erabili behar ez izateko arratsalde osoan, gau osoan, hartuko zituztela beste egunen batean, ez zituztela asko behar orain.

        Hogei minututan ziren Imanol Sarasuaren etxean. Beheko ataria handia, sofak, koadroak, ispiluak, beirateak. Diru askorekin egin zuten, laurogei urte lehenago, ehun urte lehenago beharbada. Utzita zegoen orain: urratuta ikusi zuen Irenek argiontzi baten tulipa esate baterako, goitik beherako arrakalekin. Igogailuan igo ziren lau, Leire Arruza eta Itziar Gereka eskaileretatik. Igogailua bera ere zaharkitua, pintura altxatuta, idatziekin, uhertuta ere bai zati batzuetan, sabaiko junturetan batez ere.

        Itziar Gereka igogailua baino lehenago heldu zen, mendirako ohitura Itziarrek, ohitura baino gehiago. Elkarrekin sartu ziren seiak Imanol Sarasuaren etxera, ez zegoen inor. Imanolen gelan utzi zituzten gauzak, karpetak, liburuak. Leire Arruzak euritakoa ere ekarri zuen, eguraldi harekin, zeru harekin. Logelan utzi zuen hura ere, ikasmahaiaren gainean. Egur finekoa mahaia, pisu harekin guztiarekin apur bat okertu zela ematen zuen.

        Irene Arriasek komunera behar zuela esan zion Imanoli. Bidea erakutsi zion, atea seinalatu. Irenek ez zuen kisketa itxi, konfiantza hori nahi zion erakutsi. Komuna ere handia, Ireneren etxekoaren bikoitza baino gehiago.

        Komun-ontzira hurbildu eta ikusi zuen leiho bat zeukala gainean, erdiraino zabalik. Zaharra leihoa, etxe osoa bezala, egurrezkoa, pisu handikoa, gillotinakoa. Patio bat ikusten zen, beste leiho batzuk, leiho zatiak, beste komun batzuetakoak, sukaldeetakoak, logelaren batekoak. Irene Arrias ez zen leihoa ixtera ausartu, ezin izango zuen gero berriro zabaldu beharbada. Gertatu izan zitzaion inoiz... Erabaki zuen ez zuela ukitu ere egingo.

        Ideia gustatzen hasi zitzaion halako batean, norbaitek biluzik ikusiko zuelakoa, gerritik behera biluzik. Aurreko leihoetako norbaitek, mutil batek, gizon batek. Horregatik askatu zuen praketako botoia leihora begira, ez alderantziz betiko moduan. Horregatik jaitsi zituen prakak leihora begira, barruko arropa ere bai. Horregatik egon zen horrela, zutunik, gerritik behera biluzik, leihoaren aurrean, behar zuena baino askozaz denbora gehiago. Inork ezin zion aurpegia ikusi, leihoaren goiko parteak eta errezelek estaltzen zioten, sabeletik behera baino ez, hiru-lau leihok, hiru-lau aukera. Buelta eman zuen azkenean, komun-ontzian eseri zen.

        Konturatu zen Irene bera ere zerbait sentitzen ari zela, gehiegi ere ez, irudimena baino ez beharbada. Izan ere, aspaldi ez zuen ezer egin, etxean bakarrik askotan egon arren, ez zuen egiten azterketak zituenetan, datak hurbil zeudenean behintzat, ohitura hori zuen, neurosi hori beharbada, aurreko hiru egunetan beharbada, lehenago bai. Orain bazen aste eta erdi azkenekotik, eta sentsazio hori sentitzen ari zen Imanol Sarasuaren komunean eserita.

        Pentsatu zuen, halako batean, mutil biren komuna zela hura, anaia zeukan Imanolek. Irakurri izan zuen inoiz mutilek komunean egiten dutela askotan, komun-zulora zuzen. Komun hartan ere egingo zutela ulertu zuen Irenek, askotan, egunero, gaur bertan beharbada. Zerbait sentitu zuen berriro Irene Arriasek, orain benetakoa iruditu zitzaion. Eskua hurbildu zuen momentu batez gorputza apur bat aurrerago jarriz. Han bertan egitea ere pasatu zitzaion burutik une batean, inoren komuna, leihoa zabalik, bost minutu baino ez, baina berehala altxatu zen komun-ontzitik, gehiago pentsatzen hasi aurretik. Ura hartu zuen esku-ahurretan, hotza, garbitzen hasi zen. Leihoa zabalik hori guztia, bere buruari eman zion azken plazera. Aurpegia busti zuen gero ur hotzez.

        Komunetik atera zenean, Imanol Sarasuaren logelan zeuden eserita guztiak, ohean batzuk, lurrean, aulkiren batean. Gela handia hura ere, baina sei lagun ziren, Irenek lanak izan zituen tokia topatzeko. Lurrean eseri zen azkenean, ohearen ondoan. Musika jarrita, Irenek ez zuen taldea identifikatu, ingelesez.

        Bazkaria bera ere besterik gabe joan zen. Hiru-lau urte geroago Irene Arriasek ez zuen bazkariko apurrik ere gogoratzen, ezta zein jatetxetan izan zen ere, Bilboko zein kaletan, nortzuk egon ziren, zer jan zuten. Gauza bakarra gogoratzen zuen, ustez oso argi: Iñaki Basterra aurrez aurre izan zuela mahaian, bazkarian elkarri hitz egin ez bazioten ere. Normala baino hobeto gogoratzen zuen handik hilabete bi eta erdira hil zelako Iñaki Basterra, ohean.

        Seiak arte egon ziren jatetxeko mahaian eserita. Irene Arriasi esan ziotena baino garestiagoa izan zen bazkaria. Izerdi usaina ezin zen igarri jatetxe barruan, bestelako usain batzuk zeuden, guztiak onak ere ez, askozaz ere nabarmenagoak.

        Jatetxetik alde zaharreko tabernetara egin zuten gero. Hor hasten zen parterik txarrena Irenerentzat, goizetik saihestu nahi izan zuena. Batzuk egunak egon ziren horren zain, Leire Arruza adibidez, Amaia Sende, hala ematen zuen. Beste gehienak ere eroso zeuden, Imanol Sarasua, Itziar Gereka. Baina Irene Arriasek ez zuen edan nahi, ez zuen tabernetara sartu nahi, kea, musika, sosegurik gabe, zarata. Kanpoan gelditu nahi zuen, baten batekin, hizketan beharbada, baina guztiak sartzen ziren batzuetan tabernara, Irenek ere sartu behar izaten zuen. Inoiz bakarrik gelditzen zen kanpoan, jendeari adi, kaleari adi, bide-jokoen areto hartara sartu ez zen bezala bederatzi urterekin, nortasuna, txikitatik. Lagunak irten arte egoten zen, batzuetan sartu eta irten egiten zuen, bakarrik.

        Gertatu zitzaiona gertatu baino bost minutu lehenago, ez zuen Irene Arriasek ezer sentitu, minutu bat lehenago ere ez. Natural hitz egiten ari zen Itziar Gerekarekin, esku mugimendu handiekin, barreekin, keinuekin. Baina Itziarrek zioena aditzen ari zen batean, arnasa hartu zuen Irenek, arnasaldi luzea, biriketarainokoa, eta orduan: itolarria, taupada arraro hori, takikardia. Inoiz ez zuen modu horretan izan, geldirik. Beti mugimendu zakar baten ostean, kirolean, ariketa fisikoan, beti keinu arraro bat egin eta gero, inoiz ez ia geldirik, arnasaldi bat egitearren, luzea, biriketarainokoa.

        Larritu egin zen Irene, azken abisua izan zitekeen beharbada, hain modu arraroan, azken bihotzekoa. Muskuluaren ahula ikusi zuen Irenek hor, arnasaldi luze bati ere ezin zion eutsi, hogeita hiru urterekin hori guztia. Zorabio txiki baten hasiera sentitu zuen, lagunengandik banatu zen ezer esan gabe, atari bateko eskailera bakarrean eseri, harrizkoan.

        Berehala hurbildu zitzaizkion lagunak, Itziar Gereka, Imanol Sarasua, gogoratzen ez zuen beste norbait, Joana Biurrun apur bat geroago. Ondo zegoen galdetu zioten, arduratuta, igartzen zitzaien. Aurpegi txarra zuela, zurbila ere bai, zerbait behar al zuen, ura, jateko zerbait.

        Gehiago larritu zen Irene Arrias lagunen ardura ikusita, baina ezin zien kontatu, ez orain, geroago beharbada, pasatu eta gero. Orain esaldi laburrak baino ez, arnasa hartzea ere zaila, ez zitzaiolako takikardia pasatzen, itolarria ere ez, ehunka taupada minutuan. Arin pasatzen zitzaion normalean, baina hura desberdina zen, azken abisua beharbada, lizentziatura egunean bertan, ironikoa ere bai.

        Harrizko eskaileran eserita, posizio horretan, lepoa biribilduta, sorbaldak apur bat aurrerantz, alkandoraren goiko partea zabaldu zitzaion, ez asko. Eta orain bai: izerdi usaina, alkandora barrukoa, besapeetakoa. Nabarmen heldu zitzaion sudurrera, usain gogorra ordurako, hainbeste ordu, azterketa, bazkaria, arratsaldea. Lotsa eman zion, oso hurbil zituen lagunak, igarriko zioten. Apur bat apartatzeko eskatu zien, leku apur bat behar zuela, haizea ere bai beharbada.

        Lau arnasaldi luze egin zituen gero, jarraian, laugarrenarekin joan zitzaion takikardia. Erritmo normala berriro, baina aurpegiko koloreari buelta emateko denbora gehiago behar izan zuen. Lagunei berehala esan zien pasatu zela, ondo zegoela. Gezur txiki bat ere bai, zorabioa izan zela, besterik ez.

        Artean zurbil zegoela esan zioten, kolorerik gabe, etxera joan nahi zuen galdetu zioten, lagunduko ziotela tren-geltokira. Irenek ez zuen etxera joan nahi, zertarako etxera, inoiz ez zuen takikardia bi izan egun berean, bata bestearen ostean. Eutsiko zion, ordu pare batez, hiru. Lagunekin geratu nahi zuen, ikaskideekin, izerdi usainarekin, gogorik ez zeukan arren. Ez zuen beste ezer edan, taberna gutxitan sartu zen, hitz ere aurretik baino gutxiago eta esku mugimendu gutxiagorekin.

        Gehienek erretiratu behar zutela erabaki zutenerako, ez zegoen trenik San Nicoláseko geltokian. Taxia non hartu behar zuen azaldu zioten Irene Arriasi Imanol Sarasuak eta Itziar Gerekak, bide zati batean ere lagundu zioten. Goizeko ordu biak hamar gutxiagotan sartu zen taxira, hogei minutu baino lehenago zegoen Algortan, Telletxe kalean, geldirik, bakarrik.

 

 

7

 

Telletxen gelditzeko esan zion Irenek taxi-gidariari, Delante de la estación, por favor. Ordaindu egin zuen, dirutza iruditu zitzaion, bazkari osoa baino garestiagoa. Sí, es fácil ahora, derecho, baje por Salsidu, betaurreko ilunak gidariak, goizeko ordu bietan. Zahar itxurakoak betaurrekoak, benetan zaharrak beharbada, En Fadura es fácil ya, marca Bilbao, creo. Taxiari begira geratu zen, eskumarantz egin zuen arte, trenbidea zeharkatu, Salsidutik behera imajinatu zuen arte, Fadurarantz, Bilborantz.

        Autoa desagertu zenean, auto bakarra kalean, goizeko ordu bietan, astegunean, pauso batzuk egin zituen Irene Arriasek espaloitik, baina Zuricalday aurrean gelditu zen. Telletxe kaleari begiratu zion, Getxorantz; beste aldeari ere bai, Euskal Herria kaleraino, calle Hispanidad lehen, Mariandresenara bidean. Ez zegoen inor inon, ez zebilen autorik, inoizko handien iruditu zitzaizkion kaleak, Algorta, baina txikia ere bai, berarentzat zelako, berea zelako orain. Iruditu zitzaion, gainera, merezi zuela Irene Arriasek Algorta osoa, berea izatea, hogei urtez ikasten egon eta gero, lizentziatura azterketa egin eta gero, ondo egin eta gero.

        Algortarren mamua erne zitzaion orduan, jende gutxi delako benetan Algortakoa, hori esaten dute algortarrek, jende gutxik gurasoak Algortakoak, aitite-amamak. Herri minimoa Algorta XIX. mendean esate baterako, familia gutxi ordukoak Algortan gaur. Baina algortarrak ziren Irene Arriasen gurasoak, Abel Arrias, Begoña Sasieta, Casinoko etxe batean jaioak, San Martinen jaioak, Telletxera ezkonduak. Begoña Sasietaren aitite-amamak izan ziren Algortako San Nicolás elizan ezkondu ziren lehenengoetakoak.

        Zuricalday aurrean zegoen Irene Arrias beraz lizentziatura gauean, etxetik 40 metrora, goizeko ordu bietan, ordu biak eta laurden beharbada. Pentsatu zuen nekez edukiko zuela Algorta berriro horrela, berarentzat, berea, inor barik, mugimendu barik, isilik. Jende asko ibiltzen zen beti, larregi ere bai, erdiko kaleetatik behintzat. Ez zen gauekoa Irene Arrias, ez zuen herria berriro horrela ikusiko. Pentsatu zuen Algorta osoa ikusi behar zuela horrela etxera orduko, inor gabe, berarentzat, erdiko kaleak behintzat. Aurrera barik, beraz, Torrenera barik, lo egitera barik, eskumatara egin zuen, Telletxetik.

        Algortako etorbidera heldu zen, Avenida del Ejército 1980a baino lehen. Hantxe egon zen Borreguero klinika ere, han jaio zen Irene 23 urte lehenago, han egin zion lehenengo urratua amari, ia zentimetro eta erdikoa, odolak, usainak.

        Aurrera jarraitu zuen, Getxorantz, Kirikiñora heldu zen, aldatsa igo. San Martineraino ikus zezakeen handik goitik, aitaren jaiotetxeraino, inor barik inon, autoak geldi. Trinitarioen eliza ezkerrean, Lourdeseko Ama Birjinaren imitazioa zeukana horma batean, haitzuloaren beraren imitazioa, Algortan bertan. Pezeta batzuk sartu zituzten fraideek imitazio horretan, harginak ekarri, igeltseroak. Frontoi bi ere bazituzten elizaren ondoan, eurenak, erlijiosoenak, futbol zelai txiki bat, ortuak.

        Irene Arrias Andikoetxetik sartu zen, Muxike Aurrekoa kalera heltzeko. Hara heldu nahi zuen, hura ere ibili nahi zuen hutsik. Calle Nueva esaten zioten batzuek, Muxique-Aurrecoa lehenago, Capitán Morga diktaduran, kale hartan bizi izan zelako Pablo Morga kapitaina, Francorekin altxatu zena 36an.

        Kale hartako etxe batera joaten zen Irene Arrias umetan, askotan, merienda hartzera, komikiak irakurtzera, lagun baten izekoren etxera, Capitán Trueno, Capitán Morga. Patio berezi bat zeukan etxeak barruan, Mortadelo, labirintoa etxea Irene Arrias umearentzat, Asterix. Askozaz geroago jakin zuen etxe horretan egon zela hasierako ikastola, Algortako lehenengo ikastola, etxe partikularretan egiten zenean, Ipurbeltz, 1965ean beharbada. Hilabete baino gehiago ez zen egon bertan ikastola, ezin zen hilabete baino gehiago egon etxe berean, Kipe lapurra, poliziak jakiten zuen bestela, informazioa pasatzen zieten. Hilero aldatzen zuten ikastola beraz, etxe partikular batetik bestera. Esan daiteke kale berean bizi izan zirela Pablo Morga matxinoen kapitaina, Francoren laguntzailea, eta ikastola 30 urteren buruan.

        Katu bat ikusi zuen Irene Arriasek Muxike Aurrekoa kalean, alderik alde pasatu zen. Iruditu zitzaion pertsonen falta areagotu zuela katuak. Iruditu zitzaion orain kaleetatik falta ziren pertsonak biharko hildakoak zirela, etzikoak, etzidamukoak. Eta Irene Arriasek atzoko hildakoak gogoan erabiltzen zituen moduan, Morga kapitaina, Francisco Franco, amaren aitite-amamak, biharko hildakoak ere erabiliko zituztela etzikoek, edo hori ere ez agian. Pentsatu zuen halako batean Irene Arrias bera zela biharko hildakoa, Iazko asto hilak aurten lurruna, biharko pertsona hilak etzi lurruna beraz. Irene Arriasen gorpuak lurrunik ere ez beharbada, astirik ere ez lurruna eragiteko, ez behintzat etziko hildakoek usaintzeko modukoa. Lurrari emango zioten lurruna eragin baino lehen, seguruena, erraustu agian. Irene Arriasek ez zuen oraindik bere alaba ezagutzen, ez zekien zer egingo zuen alabak amaren gorpuarekin. Izerdi usaina etorri zitzaion gogora orduan, biharamunean kendu behar zuen, hori lehenengo gauza, arropa guztiak garbigailura. Hori da pentsatu zuena biharko hildakoez pentsatzen egon eta gero. San Nikolas plazara heldu zen.

 

 

8

 

Plaza erdian jarri zen Irene Arrias, erdia imajinatu zuena. Ez zuen hori sekula egin, ez zuen plaza hutsik inoiz ikusi. Frontoiari begira jarri zen, goiko leihoei begira. Udaletxea izan zen sasoi batean, eskola nazionala ere bai, Escuela Nacional, liburutegia orain.

        San Nikolas plaza ere Plaza de la Constitución izan zen, 1876tik, Karlistaldiak, Konstituzio berria, herrikoek San Nicolás esaten jarraitu zuten arren. Urte batzuk geroago Plaza 18 de Julio, Espainiako Armadaren altxamendua, Franco. Leku guztietan begiraleak Francok, leku guztietan kaleen izenak aldatzen zituzten pertsonak. Ez zen erraza, ondo egin zuten, metodikoki, herrikoek San Nicolás esaten zioten arren artean.

        1980an aldatu zuten azkenez betiko izenera, ehun urtetan aldatu ez zenera. HBk Txiki-Otaegi proposatu zuen, Francoren azken fusilatuak, baina San Nikolas izenak irabazi zuen bozketan, horrela, grafia aldatuta, 19 boto 5en kontra.

        Frontoiaren atzean San Nicolás elizari begiratu zion, horma altuei: sakristia hormen atzean, erretaula, aldarea, bankuak. Azken jesarlekuen atzean, bazter batean, Jesus gurutzetik jaitsi zuten unea, eskultura handia, odoletan, hilda. Eskua apur bat luzatuta ukitu ahal zen eskultura, umeek ere bai. Oso eskultura erreala, Irene Arrias umea apur bat ikaratzen zuena. Ez zekien zein materialetan eginda zegoen, baina Jesus izerditan zegoela ematen zuen. Irene Arrias umeak ezin zuen imajinatu zer zen hildako baten izerdia, usaina, lurruna. Ama sakristauarekin hizketan egon zen batean ukitu zuen, Jesusen belauna, izeko baten hileta-elizkizunean. Ez zegoen bustita, ez zen izerdia.

        Eskulturaren gainean korua gogoratzen zuen Irenek, eskailera estu batzuetatik igo behar zen. Koruan Merklin organo bat, Joseph Gutschenritterrek berak egina, harribitxi bat, munduan gutxi lakoa, ia bakarra. Esaten izan da Joseph Gutschenritter bera ere harrituko zukeela Algortako organoak, berak eginikoak, ikusi arren ez zuela sinistuko, egin eta 100 urtera. Izan ere, organoak eraikitzen direnetik 15-20 urtera hasten dira endekatzen, biguntzen, nahasten, pieza jakin bat batez ere, gainontzekoak ere bai. 15-20 urte pasatuta hasi behar da horrelako organoak konpontzen, zuzentzen. Organo gehienek gutxi daukate hasierakotik: adabakiak bata bestearen gainean. Hori dauka Algortakoak desberdin, mende oso bat baino gehiago egin duela konponketa beharrik gabe. Hasierako bera da, inork ez du berregin, ez du eskatu, beharrizanik ere ez, ia ezinezkoa iruditzen zaie organogileei.

        Gutschenritterrek ez zuen fama ona Frantzian, beharbada Cavaillé-Coll frantziarraren konpetentzia zelako orduan, baina haren organoetan ikusten da orain zer den momentu bateko fama ona, fama txarra, momentu jakin batekoa. Hodiak letoiz egitea erabaki zuen berunez barik, ez zen ohikoa.

        Begoña Sasietaren aitite-amamen ezkontza baino 19 urte geroago sartu zuten organoa korura. Irene Arriasek ez zekien haien ezkontzan musika jo zuten elizan, ez zekien ohitura hori zegoen ala ez. Irene ikusten ari zen plaza horretara aterako ziren ia ziur Begoña Sasietaren aitite-amamak ezkondu eta gero, Leon Sasieta eta Telesfora Rosa Uria, Irene Arriasen birraitite eta birramama, Irene orain zegoen lekutik pasatu ziren beharbada. Aurrera jarraitu zuen Irenek gero Basagoititik, María Cristinara bidean.

        Sustrai tabernara heldu zen, Batzoki aurrera. Hutsik Sustrai ingurua ere, pertsianak itxita, isilik. Hori ere bitxia Irenerentzat, beti zebilen norbait handik, barruan, kanpoan. Taberna zen orain, kafetegia lehen, «dastategi» esaten zieten sasoi batean, degustación. Han egin zuen lan Begoña Sasietak aldikada batez, Abel Arrias hil zenean, kafetegian, dastategian, etxeak ere garbitu zituen, gaixoak zaindu, horretan ari zen orain ere, edadeko gizon bat zaintzen, gutxik nahi zituen lanak. Alaba zeukan, egin behar zen, unibertsitatea, Deustu. Begoña Sasietak inoiz ez zion Ireneri esan, esate baterako, ezin zuela Deustun ikasi. Hori eskertu behar zion Irene Arriasek amari, edadeko pertsonak, gaixoak, orduak, ez hori bakarrik.

        Basagoititik gora Portu Zaharrerako aldapari begiratu zion Irenek, mojen ikastetxera doana. Begoña Sasietaren ikastetxea, Begoña Sasietaren mojak, falangistak gehienak, asko bai, bat izan ezik: sor Carmen. Nazionalista sor Carmen, gauza arraroa orduan, giro horretan. Franco etortzen zenetan, Areetara, Bilbora, sor Carmen bidaltzen zuen zuzendariak umeekin, Francori harrera egitera, nazionalista bakarra. Cara al sol kantatu beharrean ezpainak gora eta behera mugitzen zituzten umeei buruan jotzen zizkieten kolpeak mojek, ez sor Carmenek. Barkuren baten sirena-hotsa entzun zuen Irene Arriasek mojen ikastetxetik gora.

        Basagoititik irten zen Irene apur batez, desbideratu egin zen. Txopoetara nahi zuen, han egoten zelako lagunekin, asteburuetan, udan, euren adineko talde asko inguruan, bankuetan, harrizko petrilean, lurrean. Hutsik ikusi nahi zuen orain, inoiz ez zuen hutsik ikusi.

        Harrizko petrilean eseri zen, Ereaga hondartzari begiratu zion, Igeretxeri, itsasoari gero. Beti iruditu zitzaion Ireneri itsasoa ere ez zela hura: itsasadarra, hibridoa, gauza triste bat, zikin ia beti. Ereagan ia egunero bainatzen zen 87 urteko andre bat ezagutzen zuen, inbidia lauso bat ere ematen zion. Irene bera ere otsailean bainatu zen behin Ereagan.

        Serantes mendiari ere begiratu zion, Santurtziko argiei. Beti egoten zen argiren bat Santurtzin, Portugaleten, adi egoten ziren beti. Itsasoari begiratu zion berriro, betazalak itxi zitzaizkion. Lotan geratzen ari zen harrizko petril baten gainean. Ez zuen lotan geratu nahi, ez zuen etxera sartu nahi, Algorta pentsatzen jarraitu nahi zuen. Basagoiti etorbidera atera zen atzera.

 

 

9

 

Irene Arriasen osaba 1936an bertan sartu zen Euzko Gudaroztean, Bilboko mendietan ibili zen, ingurukoetan, eibartarra izan arren, armagile baten semea. 1943an itzuli zen Algortara, urtebete eskaseko gerra, zazpi urte etxetik kanpora. Itzuli eta berehala ezkondu zen Begoña Sasietaren ahizparekin, Miren Sasietarekin.

        Ehiztari ona Ireneren osaba, txikitatik armen inguruan noski, Eibarren, tiratzaile ona. Espainiako txapelduna ere izan zen plater-tiroketan, Mediterraneoko Jokoetan urrezko domina, 1955ean. Espainia hirugarren izan zen domina-zerrendan, Frantzia eta Italia aurretik. Egiptok baino hiru urre gehiago Espainiak, Irene Arriasen osabarena bat, Francoren Espainiaren alde domina. Baina dominak Espainiaren alde irabazi arren, ezin izan zituen armak bere izenean erregistratu, traidorea izan zelako, probintzia traidoreetakoa. Taberna ere jarri zuen Algortan, Caza Bar, hor ere zaletasuna, ehiza, eskopetak, baina taberna bera ere ezin bere izenean erregistratu... Inoren pentzuan beti, kartzelako zazpi urte eta gero. Hori errepikatzen zion beti Begoña Sasietak Ireneri osabaz aritzen zirenean, inoren pentzuan beti, probintzia traidoreak.

        Labezomorroak jandakoa zen Irene Arriasen osaba kartzelan zegoela, beti kontatzen zuen, nazka keinuak egiten zituzten familiakoek. Esaten zuen labezomorroen tripak zuri-zuriak direla, aho barruan leunak, gozoak normalean. Irene Arriasek sumatzen zuen osabak ez zuela Julio Cortázarren narrazio hura ezagutzen, baina Cortázarrek ere bazekien labezomorroen tripak zuriak direla, ez da erraza jakitea zergatik: la luna cayó de plano en la masa blanquecina de la cucaracha, esaten du, el cuerpo desnudo de su revestimiento coráceo. Julio Cortázar ez zen kartzelan egon, Belgikan jaio arren Lehen Mundu Gerra hasten ari zenean, 1914an. Ez zuen, seguruena, labezomorroen zaporea ezagutu, Ireneren osaba bezala, ahoan leuna, gozoa gehienetan.

        Irene Arrias Basagoiti etorbidera irten zen berriro eta osabaren Caza Bar taberna 70eko hamarkadara arte egon zen lokaletik pasatu zen, goizeko ordu bi eta erdietan, Casino plazan, horregatik gogoratu zituen osabaren dominak, labezomorroak. Lokal txikia zen, minimoa, baina bezero asko izan zituena, Algorta osoa, udako jendea, Athleticeko jokalariak. Plaza del Caza ere esaten zioten plaza osoari, Satistegi izen zaharra berreskuratu zuten arte 1980an. Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur izena ere proposatu zuten izen aldaketak egin zituztenean, ETAko kidea, 1976an desagertua.

        Manuel María Smith ere joaten zen Caza tabernara, arkitektoa, Neguriko etxe asko egin zituena, Bilboko printzipal batzuk ere bai. Esaten zen madari bat eramaten zuela poltsikoan Manuel María Smithek Caza tabernara joaten zenetan. Irene Arriasen osabari eskatzen zion gero madaria hozkailuan sartzeko eta 30 minuturen buruan ateratzeko. 30 minutu beti, zehatz... Madaria ardo gorri batekin jaten zuen gero.

        Casino plazan ere ez zegoen inor, argirik ere ez leihoetan. Amaren etxea ikusi zuen Irenek: han jaio zen ama, gerran, gerra galduta zegoenean, 1937ko abenduan. Etxekoneko batzuk falangistak, nazionalistak besteak. Nazionalistetako bat, Arregi, kartzelan egon zen, heriotza-zigorra, Casino barruan euskaraz hitz egitearren. Baten batek salatu zuen, horrelako asko egoten zen, Mire, creo que en la casa de los Gárate imparten clases en vascuence; No, perdone, señor, es inglés, son los hijos de unos amigos.

        Arregi ez fusilatzeko otoitz egiten zuen Begoña Sasietak amarekin, gauero, eta burua ere nahastu zitzaion Arregiren emazteari. Euskaraz kantatzeko leihoak eta leiho-ateak ixten zituzten Begoña Sasietaren etxean. Etxekoneko falangistak, badakizu, jende ona baina falangistak, ez zituzten salatuko beharbada, beharbada bai. Gorra zeukan Begoña Sasietaren amak, ozen egin behar zioten. Hiru aitagure gauero Arregiren alde.

        Irene Arriasek erraz zeukan Casino plazatik etxera berehala heltzeko, lotara joateko, lau minututan egon zitekeen ohean, baina ez zuen nahi, María Cristinaraino behintzat heldu nahi zuen. María Cristina izena ez zuten 1980an aldatu, broma ere ematen du, izen guztiak aldatu zituztenean: Txiki-Otaegi, Pertur, Eustakio Mendizabal Txikia. María Cristina utzi zuten han, koloniak, Amerikan, Marokon. Leku askotan ez zuten nahi, baina Algortan lotu zen, itsasoari begira, beste leku batzuetan ere bai euskal herrietan.

        Apur bat aurrerago jarraitzea erabaki zuen Irene Arriasek, San Ignacioraino, elizaraino. Amaitzen ari zen paseoa, inor bako paseoa, Algorta berarentzat. San Ignacion hartuko zuen buelta etxerako. Eskuak poltsikoetan sartu zituen, etxeei begiratu zien, zuhaitzei, handik imajinatu zuen amama, Marina Zabala, 57 urte lehenago, marokoarra atzetik, haurdun. Basagoiti etorbideko 5 eta 7 zenbakietako sotoetan sartu zituzten orduan Francorekin etorri ziren marokoar guztiak.

        Irenek astiroagotu egin zuen pausoa, oso astiro heldu zen San Ignaciora. Apur bat aurrerago ere joan zitekeen, udaletxeraino adibidez, udaletxe aurrean dagoen plazaraino. Obelisko bat jarri zuten han 1937ko uztailaren 21ean, gerrako hildakoak omentzeko, alde batekoak, Plaza de los Mártires por Dios y por España izena asmatu zioten. Marokoarrak begira egongo ziren obeliskoa jarri zutenean, eurek jarriko zuten beharbada, por dios y por españa marokoarrek ere. Irenek Algorta pentsatu zuen gau horretan ere han zegoen obeliskoa oraindik, 1994an, Ruandan hildako guztiak zenbatu gabe zeudenean. Eliza aurrean hartu zuen buelta, etxerako.

 

 

10

 

Basagoititik barik, Alangotik sartu zen Irene etxerantz joateko. Gasolindegiaren atzeko partetik pasatu zen, beste espaloira aldatu. Begiratu ere ez zion egin errepideari, bazekien ez zela autorik, ezin zen egon. Zahar-etxea egon zen lekutik pasatu behar zuen derrigor, el antiguo asilo, Algortako gaztelaniaz. Etxebizitzak ziren orain, altuak eta asko, ganorazkoak ematen zuten. Irenek osabaren labezomorroak imajinatu nahi izan zituen etxe hartako sukaldeetan, galdara-geletan, zuriak tripak, leunak ahosabaiaren kontra.

        Ama jaio zen etxera heldu zen berriro Irene, Amezti 2. 1937an jaio zen Begoña Sasieta, gerra galduta zegoenean, Stalinek purgetako batzuk egin zituenean, handienak beharbada, ezagunenak, garbiketak. Stalinen idekoek obsesioa zeukaten garbitasunarekin, Hitlerrek berak «higiene» hitza aipatzen zuen sarritan, juduak, kontzentrazio-esparruak. Franco gizon lasaia izan zen beste horien aldean, inozoa ia, Melitón Manzanas lasaiagoa, inozoagoa.

        Begoña Sasietaren etxeko hormak ukitu zituen eskumako eskuaz, tatarrez ibili zuen eskua hormatik. Imajinatu zuen amak ere askotan ukituko zituela horma haiek gerraostean, gosez, errazionamendua.

        Amezti kaletik jaitsi zen Irene Arrias, zeharo hutsik hura ere, goizeko hiruretatik hurbilago erlojua orain ordu bietatik baino. Gurea zinema paretik sartu zen, Torrenera ailegatzeko. Etxetik ehun metrora baino gutxiagora zegoen, ezkerrean merkatua. Hango sotoetara sartzen zen Marina Zabala alabekin eta senarrarekin, ahizpekin ere bai, sirena-hotsak jotzen zuenean, hegazkinak zetozenean, alemaniarrak, espainiarrak, italiarrak, Algorta ez zuten bonbardatu azkenean.

        Torrenera heldu zen Irene, bere kalera: postetxea eskuman, harrizko petrilekin, harrizko eskailerekin. Postetxeko etxaurreari begiratu zion. Mutu geratu zen orduan, arnasa apur bat eten zitzaion, ez asko, ez takikardietan bezala. Ume bat zegoen postetxeko eskaileretan jesarrita, goizeko hiruretan, hiru urtekoa, bikoa beharbada, pijama eta galtzerdiak, plastikozko poltsa bat eskuan, aurrera begira umea. Ireneri begiratu zion, aurrean bilduta eskuak. Plastikozko poltsari gogor eusten zion, baten batek agindu hori eta bakarra eman izan balio bezala. Izerditan behar zituen eskuak derrigor.

        Alde batera eta bestera begiratu zuen Irene Arriasek, kale osora. Umearen ama ikusi nahi zuen, ikusi behar zuen, aita, familiakoren bat. Hutsik zegoen Torrene, gainerako kaleak bezala, asteguna, goizeko hirurak. Umearengana hurbildu zen, bakarrik zegoen galdetu zion, euskaraz, gurasoak non zeuden. Zurbil-zurbila umea, begiak marroiak, ez zuen ezer erantzun. Izena ere galdetu zion, euskaraz lehenengo, gaztelaniaz ere bai, isilik jarraitu zuen umeak. Hasperen egin zuen Irenek, ez zekien zer gehiago galdetu, ez zion ulertzen beharbada, alferrik ari zen beharbada. Por qué estás aquí galdetu zion, gaztelaniaz soilik orain, baina inozoa iruditu zitzaion galdera berehala, zer erantzungo zion galdera horri, izena ere ez bazion esaten.

        Berriro begiratu zuen Irenek alde guztietara, inor ez, ez zekien zer egin, galdera gehiago ez, hori seguru, keinuak beharbada. Eskua luzatu zion, baina ematen zuen umeak ez zekiela oso ondo zer egin. Eskuari begiratu zion, Ireneren aurpegiari gero, eskuari berriro, segundo asko egin zituen berdin. Irene eskua erretiratzeko ere egon zen, baina zirkin bat sumatu zuen umearen ezkerreko eskuan, poltsa apur bat askatzen ari zela, oso astiro guztia. Ezkerra askatzen zuen heinean, gehiago estutzen zuen plastikoa eskumaz. Guztiz askatu zuen ezkerra azkenean eta Ireneren ahurraren gainean jarri. Hotz zeukan, normala baino hotzago, zurbila eskua bera ere. Gorantz tiratu zion Irenek apur bat, berehala ulertu zuen umeak, berehala jarri zen zutunik. Eskailerak jaitsi zituzten, postetxetik irten.

        Zapata barik zegoen umea, galtzerdiak baino ez, erreparoa ematen zion Ireneri. Pentsatu zuen besoetan ere har zezakeela, lepoan, baina iruditu zitzaion umeak uko egingo ziola, eskua ere askatuko ziola, uzkurtu, eskaileretara itzuli. Berdin jarraitu zuten beraz, baina Irene ahalegindu zen zoruari ondo erreparatzen, umeak kristalik ez zapaltzeko, harririk, metalik. Berehala heldu ziren Irene Arriasen etxe atarira, zorua nahiko garbi zegoen.

        Igogailuko botoia sakatu nahi zuen galdetu zion Irenek umeari, keinuz. Pentsatu zuen gustatuko zitzaiola, beste ume batzuk ikusi zituen inoiz, baina umeak ez zuen botoia sakatzeko zirkinik ere egin, begiak Ireneren begietan, ezkerreko eskua Ireneren eskumakoan, plastikozko poltsa bestean. Ezinezkoa zen Irenerentzat poltsa barruan zegoena ikustea, urdin iluna plastikoa. Botoia sakatu zuen.

        Igogailuko ateak zabaldu zirenean, argia kanpora amildu zenean, atzera egin zuen umeak, Ireneren izterren kontra estutu zen, edo izter ostean ezkutatu beharbada, aurpegia batez ere. Ematen zuen ez zuela igogailua nahi... Eskaileretatik igo ziren bosgarren solairuraino, baina Irenek ez zuen arnasesturik izan, oso astiro igo zelako umea, eskailera-maila bakoitzean oin biak, bost solairu.

        Etxera heldu eta umea barrura pasarazi eta gero, Irenek ez zuen, betiko antzean, minutu batzuk itxaron behar izan arnasberritu arte. Eskertu egin zion umeari, esan ez bazion ere, sinistu zuelako bere gorputza oraindik ere bazela nor, lekuetara igotzeko, ariketa fisikoren bat egiteko.

        Egongelan utzi zuen umea, argi txiki batekin, ama esnatzera joan zen. Berehala zabaldu zituen begiak amak. Ume bat topatu zuela esan zion Irenek, «Ume bat tope dot, ama», esan zion, «neskato bat». Ez zuen ematen amak gehiegi ulertu zuenik, kostata altxatu zen ohetik, hirurogei urtetik hurbilago beste inondik baino. Egongelara eraman zuen Irenek, amak bestelako berbarik gabe ulertu zuen egongelan. Umearen aurrean makurtu zen, esku bien artean hartu zion aurpegia, masailak laztandu zizkion atzamar lodiez, iletik pasatu zion eskumako eskua, gorputz-atal guztiak haztatu zizkion, pijama apur bat altxatu, goitik, behetik, begietara ere begiratu zion. Irene atzean zain, lasaiago orain.

        Begoña Sasietak antzeko galderak egin zizkion umeari, Irenek kalean egin zizkionak, euskaraz, gaztelaniaz. Umeak ez zion ezeri erantzun orain ere. Begoña Sasietak plastikozko poltsa hartzeko keinua egin zuen orduan, plastikoari heldu eta apur bat tiratu zuen, barruan zer zeukan ikusi nahi zuen. Umeak ez zion utzi, inoizko gogorren estutu zituen atzamarrak, altzora erakarri zuen poltsa.

        Begoña Sasietak modua aldatu zuen beraz, ilea laztandu zion berriro, masaila, «Zer dekozu hor, laztana». Poltsa seinalatu zuen, umeak ez zuen ezer egin, baina Irenek igarri zion begiak apur bat argitzen zituela. Segundo batzuk behar izan zituen oraindik, minutu oso bat beharbada. Plastikozko ertzak bereizten hasi zen azkenean, oso era traketsean, aspaldi egin izan ez balu bezala, inoiz egin izan ez balu bezala. Poltsa barruan hiru botika desberdin zegoen, kutxa handi bi, txiki bat, Irene Arriasek ordura arte ikusi gabekoak hirurak.