Pendrive
Pendrive
2013, narrazioak
136 orrialde
978-84-92468-50-8
azala: Gorka Lasa
Arrate Mardaras
1960, Abadiņo
 
 

 

EDIZIOA FIKZIO

 

Pendrivea bulegoko mahai gainean aurkitu nuen goizero bezala kafea hartzetik bueltan mahaira eseri nintzenean. Nor egon zen hantxe bertan, aurrean, eserita bezperan?

        Hark ahaztuko zuela pentsatuta dei egin nion, eta ezezkoak leiho bat zabaldu zidan beste inorena izan zitekeen probabilitatea ixten zuen bitartean.

        Hurrengo egun guztia itxaron nuen, badaezpada, uesebea ireki eta gordetzen zuena ikuskatzeko.

        Sorpresa handia hartu nuen, anabasa hartan osotasuna aurkitu nuelako, puzzle bat zen, aukera bat edo beste ematen zituena.

        Pendrive galdu baten inguruko hipotesiak jorratuz egindako testuak zeuden, hauei lotuta agertzen ziren beste testu solte batzuekin zetozenak. Eta baita ere ipuinak. Beraz, idazlea proiektu desberdinekin ari zela pentsatu nuen.

        Editore batek inoiz egin behar ez zuena egitera ausartu naiz egile jakinik gabeko lana argitaratzean. Behin langa urratuta, ustezko proiektuak nahasi egin ditut.

        Ipuinak kronologikoki ordenatuta zeuden, zenbaki erromatarrak erabiliz, Ginebrarena azkena zetorren, eta hala utzi dut. Bazeukan izenburua, beste ipuinek ez. Neuk jartzeko tentazioa izan nuen, eta, bidezkoa ez dela uste dudan arren, hala egin dut. Aparteko narrazioei ere izena jarri diet.

        Lehen bi ipuinei buruz idazleak argitze aldera idatzitako oharrak ere mantendu egin ditut.

        Beste orrialde batzuk zeuden baztertu egin ditudanak, autofikzio itxura zutelako. Ez nuke arazorik nahi egiazko idazlea barik beste norbait balitz haren baimenik gabe mahai gainean utzi zuena pendrivea. Izenburua neuk asmatu diot.

        Nire izenean erregistratu dut sei hilabete luzez itxaron ondoren jabeak bere burua ager zezan; inongo arrakastarik gabe, usu denari kontra eginez, honelakoetan haiek, idazleak, egoten baitira aiduru editorearen erabakiaren zain.

        Idazle moduan funtzionatuko ez duen beldur, editore koldarrak sortutako lana datekeela pentsatuko duenik ere egongo da. Pentsatzea dohainik da.