Azken afaria
Azken afaria
2013, nobela
240 orrialde
978-84-92468-49-2
azala: Lander Garro
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2017, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Azken afaria
2013, nobela
240 orrialde
978-84-92468-49-2
aurkibidea
 

 

Bazkaria

 

 

Euria. Goian-behean ari du azaroko eguerdi hotzean. Ari du Guggenheimen gainean, ari du San Mamesen gainean, ari du Arriagaren gainean, baita Uribarri, Txurdinaga, Begoña, Santutxu, Irala, Errekalde, Indautxu, Abando, Basurtu, Zorrotza eta Bilbo inguruko gainerako auzuneen gainean ere. Euri zaharra da Zazpi Kaleetako etxeen harria iluntzen duena, beste garai batekoa, itsasadarra oliotsua zenekoa, ontzioletako garabi ugertuek ur zikina han-hemen urrekara bihurtzen zutenekoa; eta kale horietako batean bada leku bat, hara biltzen direnek txoko esaten diotena, non entzun ere egiten ez den kanpoan zarra-zarra ari duen euria, non giroa gozoa den, sutan dauden eltze, kazola eta zartaginen epeltasunean.

        Bi gizonezko dira traste horiek guztiak gobernatzen dihardutenak, amantal urdinetan letra zuriz EAJ/PNV inprimaturik. Burusoilak biak, baina ezberdinak garaieraz eta gorpuzkeraz: luzea eta zabala bat, txikia eta ihar samarra bestea.

        Felix Goñi da iharra. Abokatua, ezkondua, Beran jaioa baina egun Durangoko bizilaguna.

        Kosme Astoreka da zabala. Hau ere ezkondua, baina ikasketez bakarrik abokatua. Aurreko mendean Dimatik iritsitako familia baten seme bilbotarra.

        Astoreka berakatza zuritzen ari den bitartean, mahaia janzten dihardu Goñik. Lau plater paratu ditu zamau txuri-gorriaren gainean; eta lau edalontzi ipintzera doala, lagunarengana itzuli da itaun egiteko: Noiz etortzeko erran zenien?

        Berakatza xehatzeari utzi eta lauburu itxurako ordulari paretakoari begiratu dio Astorekak: Ordu bietan azaltzekoak ziren.

        Ia ordu bi eta erdiak dira!

        Ezagutzen dituzu horiek biak, Cantábricon egongo dira oraindino, zurrut eta berba, mundua zabaldu eta arteztu guran beti.

        Solasturi apartak, bai: poeta eta komunista.

        Hori lehen, orain idazlea eta abertzalea.

        Idazlea Samuel Salaberria da, beasaindarra, azken urteetan Kalifornian bizi dena. Arrakastatsua eta laudatua. Pare bat egun barru emango dioten sari bat dela medio dabil egunotan Euskal Herrian.

        Juanjo Rodera da laugarrena, gaur abertzalea eta noizbait komunista. Madrildarra sortzez, Deuston Zuzenbidea ikastera etorri eta betiko geratu da Bilbon.

        Astorekak ez du Rodera gonbidatu nahi izan, baina laurak egotea, garai batean bezala, jarri dio Salaberriak bazkarira joateko derrigorreko baldintza; eta etsi egin behar, idazlea omentzeko antolatu baitu bazkaria.

        Poeta ganorabako hori!

        Laurak ikaskideak izan ziren jesuiten unibertsitatean eta, hortaz, laurak abokatuak dira, lauretatik bik (Astorekak eta Salaberriak) oso aldi laburrean izan bazuten ere lanbidetzat.

        Baldres horrentzat ari gara lanean.

        Harentzat ari dira, bai, funtsean; Rodera Salaberriak ekarrita etorriko baita. Aspaldiko lagunek, orain den ospetsu bilakatu aurretiko gaztetako lagunek egin nahi dioten omenaldi modukoa da bazkaria, maitasun eta esker oneko agerpena, Euskadi eta euskal kultura munduan zehar zabaltzeagatik.

        Nobel sarirako zerrendan ei dago ganorabako deitu duzun gure Samu maitea.

        Zuk deitu diozu, ez nik, kexu da Goñi.

        Lapiko artetik sukaldariak: Berba egiteko modu bat baino ez da izan.

        Eta Goñik, labanak plater aldamenetan banatzen ari dela: Juanjo ere gurekin izatea ongi etorriko zaigu, nahiz eta biok badakigun nolakoa den.

        Katedraleko kanpaiek hiru bider jo dute. Laster agertu dira, mela-mela eginda.

        Usain ederra!, loriatu da Salaberria, bere inguruan euri putzua sortuz.

        Bikaina!, goretsi du Roderak, hari ere ura tantaka dariola.

        Xirak erantzi aurretik, eskuetan dauzkaten zorroetatik botilak atera dituzte. Kaliforniatik ekarritako Napa Mountain batzuk Salaberriak, Beramendi nafarrak Roderak.

        Gorria behintzat izanen dugu!

        Barre txikiak egin dituzte ateraldiarekin.

        Mesede itzela egingo dizue salda bero batek, Astorekak katilu lurruntsu bana eman die. Ea bazkaltzeari ekin aurretik barrenak epeltzen eta lasaitzen dizkizuen.

        Salda suspertzailearen ondoren, zigarreta bat isiotu du Roderak.

        Errieta ironikoa egin dio Salaberriak: Ez zenuke horrenbeste erre behar; itzali hori, sukaldetik datorren usain zoragarria ez kaltetzeko besterik ez bada.

        Eta Salaberriak muin egin dio Astorekari bekokian: Barkatuko diguzu gure berandutze luzeegia, baina, mesedez, erakutsi egiguzu behingoagatik usain miragarri horiek nondik datozen.

        Begitartea argitu zaio Astorekari, eta hots handiz iragarri ditu otoruntzaren osagaiak: Udagoienean gaudela kontuan hartuta, sasoi busti eta malenkoniatsu honetakoak izango dira jaki guztiak. Lehenik eta behin, onddoak, hiru modutan gertatuak: arrautzekin nahasita, txapelak labean erreta eta xaflak plantxan. Ondoren, gutizia nagusia: usoak saltsan. Eta amaitzeko, klasiko bat: bakailaoa bizkaitar erara. Postrerako: gazta eta pastel gozoak.

        Mundiala!, Salaberriak.

        Txalo bero bat!, Roderak.

        Salaberriaren botiletako bat zabaldu dute mahaira eseri baino lehen.

        Zuek ederto bustita etorri zarete, baina hemen egon gara gu, lehorrean, kexatu da Astoreka, Goñiri keinu eginez.

        Laurek edan dute ardo kaliforniarretik, eta bat etorri dira: Polita.

        Astorekak onddoz betetako hiru erretilu atera orduko, Athleticen egoeraz solastatu dira. Athletic zale porrokatuak dira Goñi eta Astoreka, San Mamesera sarri joaten direnetakoak. Muzinduta daude taldearen azken hilabeteetako ibilbide pattalarekin. Salaberriak eta Roderak, aldiz, ez dute futbola maite.

        Herriaren opio berria da!, edozein sineskeria baino okerragoa.

        Ondo, Juanjo, ondo, xaxatu du Salaberriak. Zuretzat ez da denbora pasatzen, gaztetan bezain borrokalari jarraitzen duzu.

        Gaztetan bezain dogmatiko, zehaztu nahi izan du Astorekak.

        Tira, beste askok beren burua merke saldu eta gero, miresgarria iruditzen zait oraindik ere gure Juanjo bezalako norbait egotea.

        Harrigarria baliteke, miresgarria ez nuke esango, Salaberriari kontra egin dio Astorekak. Sasoiak eta kontuak aldatu egiten dira, gero eta arinago gainera, eta horiekin batera aurrera egiten ahalegindu behar genuke denok. Ez al zaizu iruditzen?

        Aurrera egin, bai, baina ideia batzuei fidel izanik.

        Ados. Kontua da zein ideiari fidel izan. Klase borrokari? Komunismoari?

        Besteak beste, horiei behintzat bai!, tematu da Rodera.

        Antigoaleko kontuak..., Goñi bat dator Astorekarekin.

        Hori nahiko zenukete zuek. Baina noizbait atzera esnatuko da Trotskik sator gorria deitzen zuena eta ikusiko dugu orduan.

        Zenbat urte daramazu horrelakoak esaten, hogeita hamar, berrogei... eta begira non gauden.

        Kaka zaharraren erdian.

        Juanjo, mesedez, eskatu dio Astorekak, utzi demagogia sindikaturako; lagunen arteko bazkari batean gaude.

        Zuek hasi zarete.

        Goñik ez du etsi nahi: Ez gaude kakaren erdian. Sekula baino hobeki bizi gara.

        Batzuk.

        Batzuk ez, gehienok.

        Hemen beharbada bai, baina mundua ez da berton bukatzen.

        Gu hemen ari gara, hauxe da guk ezagutzen duguna, hauxe da gure lurraldea.

        Horixe, poztu da Astoreka.

        Salaberriak: Auzi honetan burgesekin nagoela uste dut (Astorekari eta Goñiri begiratu die). Gazteak ginenean, langileak benetako langileak ziren. Oraindik gogoan dut CAFen lan egiten zutenak nola irteten ziren arratsaldean, zein itxura iluna zuten. Gehien zuenak, garai hartan, bizikleta bat zeukan. Zoaz orain hango aparkalekua ikustera eta ikusiko duzu ze auto puskak dauden. Erdia baino gehiago 4x4ak. Horiek ote dira gaurko proletarioak, garai bateko klase iraultzailea?

        Eta New Yorkera eta Londresera eta Mexikora joaten dira oporretan, aberatsak legez.

        Onartu beharko duzu, Juanjo, horiek ez dutela inoiz iraultzarik egin nahi izango, ez zaiela komeni; batez ere, gizarte sozialista batean nekez biziko liratekeelako orain baino hobeto. Ez duzu uste?

        Rodera ez da sekula uzkurtzen: Ez dakit hala den edo ez den. Ondo dakidana hauxe da: norbait ondo bizitzeko beste norbaitek bizi behar duela gaizki. Hori hala da eta hala izan da beti. Lan egiten ez duenak beste baten lepotik bizi behar du derrigorrez. Edo ez?

        Hori ezin ukatuzkoa da, onartu dio Salaberriak; eta berehala solasgaia aldatzeko aukera baliatu du: Oso gozoak onddoak, Kosme; denbora eta dirua galtzen ari zara politikan. Sukalde famatu bateko erregea izan behar zenuke, Arzak, Arbelaitz, Aduriz... eta horiekin batera zu: Astoreka!

        Gauza bera erraten diot nik.

        Alferrik ari zara, Felix, honek politikan segituko du beti. Odolean darama.

        Roderari beltzuritu egin zaio Astoreka: Zuk legetxe, beraz, horretan jardun duzu-eta ezagutzen zaitudanetik.

        Ez, ni bezala ez. Ni militante soila izan naiz bizitza osoan.

        Ba, ea ikasten duzun, adarra jo dio Salaberriak. Kosmeri begiratzea baino ez duzu. Zuzendari nagusia da, egunkariek diotena sinestera.

        Madrilgo egunkariak sinestera...

        Zu omen zara Alderdiaren benetako gidaria, sakatu dio Salaberriak.

        Eta zu datorren urteko Nobel saria! Hori ere sinetsi egin behar al dugu?

        Gauza bera iragarri zuten iaz, eta duela bi urte, eta begira.

        Ezin zara kexatu. Inoizko euskal idazle arrakastatsuena zara.

        Baina, ze arraio, nork nahi du ba sari hori, Celak jaso eta gero?

        Nik dakidala, inork ez dio muzin egin.

        Sartre izan zen sariaren historia osoan uko egindako bakarra, gogorarazi die Roderak: Komunista bat!

        Eta onartu izan dutenak zer dira, kapitalistak?

        Zu zara literaturan aditua, Samu, nik sindikatuez eta langileez baino ez dut konprenitzen.

        Bai, eta Felixek nagusiez eta jauntxoez...

        Et, et, et, datozkidan bezeroei kasu egiten dien abokatu bat baizik ez naiz, ez ditut nik hautatzen.

        Ez, noski, haiek aukeratzen zaituzte. Baina zergatik zu eta ez beste edozein?

        Ez dakit ba.

        Amantaleko EAJ/PNV hizkiei begiratu die Salaberriak.

        Ez, ez, ni ez naiz Alderdikoa, nahiz eta mandil hau jantzi eta hauteskundeetan bozka haiei eman. Alderdiaren hurbilekoa naiz, baina ez militantea. Kosme da hemen militante bakarra.

        Eta segituan Astorekak: Neu bai, baina Juanjo ere bai.

        Oker zaude. Euskadiko Ezkerra izan zen nire azken alderdia. Harrezkero, akabo.

        Eta Herri Batasuna?

        Felixen antzera, hurbilekoa bai, baina ez militantea.

        Susmoa dut hurbilago zaudela zu HBtik Felix gugandik baino.

        Esplikaziotan trabatu da Goñi: Aspalditik ezagutzen nauzue, badakizue niretzat politika ez dela zuentzat bezain inportantea, ezta hurrik eman ere. Emaztea, semea, Athletic, horiek dira nire kezkak eta ardurak. Abertzalea naiz, noski, sortzetik ia, aita jeltzale porrokatua baikenuen; baina politikaren saltsa ez dut egundo sobera maite izan...

        Astorekak: Zuk beste saltsa bat duzu gurago... usotxoena!

        Salaberriak: Nire ustez, antz handiagoa du Felixek nirekin, zuekin baino. Zuek borrokalariak zarete, gu ez bezala. Guri geure txokoan egotea atsegin zaigu, goxo, bakean. Honek nik ez dudan familia zaintzen du; nik, aldiz, nire baitatik ateratako pertsonaiak eta sujetak. Eta aski dugu horrekin. Gu koldarrak gara, malenkoniarako jaidura dugu, nahi baduzue.

        Kontra egin dio Roderak: Zuk izango duzu, ez Felixek. Gizon praktikoa da Felix, langilea. Ez du ameskeriatarako astirik.

        Nik bai, ala?

        Zu idazlea zara, xelebrea.

        Hemengo batzuek baino ordu gehiago lan egiten duena.

        Niri ez begiratu, esan dio Astorekak. Begoña muturtuta edukitzen dut, haren ustez ez naizelako etxean batere egoten. Dibortziorako mehatxua eta guzti egin ez dit ba.

        Barre egin dute batzuek eta ardoa edan besteek.

        Ezkondu ez denak ezin dibortziatu, harrotu da Salaberria.

        Argi ibili, gauza bera erran ohi zuen Juanjok, gogorarazi dio Goñik.

        Ezkondu izan ez banintz, ez nintzatekeen orain nabilen moduan ibiliko, dibortzioaren gorabehera astunetan katigatuta.

        Harrigarriena ez da zure dibortzioa, zure ezkontza baizik. Oraindik oroitzen naiz nolako errietak egin zenizkidan Maiterekin ezkontzera nindoala kontatu nizunean. Aitzin mendeko zer edo zer zen ezkontzea, zure orduko ustean; arrunt atzerakoia eta abar.

        Zuzen zinen, Felix. Zuk diozun bezala izan zen eta barkamena eskatu behar dizut. Dena den, antzera pentsatzen jarraitzen dut, zuentzat harrigarria edo etsigarria izanagatik ere. Ezkontza, are bikotea, edozein delarik ere kidea, kartzela da.

        Eta hala eta guztiz zuk kartzela eta kateak aukeratu zenituen.

        Ulertu behar duzu maiteminduta nengoela. Eta maiteminean ez dago kate astunik. Maitasuna droga bat da, gogorra gainera; ez dagoena ikusarazten digu eta dagoena ezkutatu. Horregatik sartzen gara hor jauregi zoragarri batean sartuko bagina bezala, eta ez kartzela batean.

        Astorekak: Maitemintzen garenean ez gara konturatzen ez ezartzen dizkiguten kateez, ez ezertaz.

        Gustura dago Salaberria: Uste nuen politikaz baino ez zenekiela, gainerako guztiak bost axola zizula; baina oker naiz, antza denez.

        Goñik: Zuek uste baino anitzez gehiago daki Kosmek. Baita maitasun kontuez ere.

        Kosme beti izan da gauza asko dakien gizona, onartu du Salaberriak. Serio ari naiz, adarrik jotzeko asmorik gabe. Deuston ere asko zenekien eta, egunkariei kasu eginez gero, orain ere guk denok baino gehiago dakizu...

        Berriz egunkariak?

        Ahantz ditzagun egunkariak! Nik dena barkatzen dizut onddo zoragarri hauen ondoren.

        Gustura ahaztuko nituzke, zaude seguru. Egunkariak dira, baina, nitaz (eta gutaz) ahazten ez direnak. Batez ere Bergaretxerenak.

        Benetan ikaskide loriagarriak izan genituen, gogoratu da Salaberria: Bergaretxe, Mario Conde, Almunia... eta Juanjoren gainerako lagun sozialista haiek guztiak. La crème de la crème.

        Hemen gaudenok baztertu gabe, gaineratu du Roderak: Samuel Salaberria, Kosme Astoreka... La crème de la crème.

        Gure Astoreka, intelektuala eta ekintza gizona!, esan du Goñik.

        Eta zuek zer zarete ba?

        Hori zuk erran beharko duzu, zu zara hobekien ezagutzen nauena.

        Zure Maitek bezain ondo. Gizon on bat zara, behargina eta familia ondo jagoten dakiena.

        Gizon on bat? Susmagarria, Felix, oso susmagarria, zirikatu du Salaberriak. Beharbada, gizajo bat zarela esan nahi izan du.

        Esan dudana esan dut, ez gehiago, ez gutxiago, azpimarratu du Astorekak.

        Eta Juanjori buruz, zer duzu esateko?, ziztaka berriz Salaberria.

        Gaitza da Rodera definitzea. Argia da, baina batez ere berezia. Inork espero ez dituen gauzak egiten ditu, eta gutxien espero litekeen momentuan. Deustoko sasoian nork esango zigun noizbait gurekin euskaraz berba egingo zuenik. Madrildik etorritako señorito bat euskaraz!

        Zure Alderdiko señoritoek inoiz egingo ez dutena...

        Samu, eten egin dio Roderak, utzi egiozu Kosmeri bukatzen, jakin-minez nago eta.

        Juanjok ezustekoak emateko abilezia itzela dauka, ostera hasi da Astoreka.

        Badaki garai berrietara egokitzen, Salaberriak.

        Aldakorra da, bai, jarraitu du Astorekak. Baina betiko ildotik inoiz atera barik.

        Komunismoaren ildotik esan nahi duzu?

        Jakina.

        Egoskorra da: Alderdi Komunista, Euskadiko Ezkerra, eta orain, antzinako lagunak sozialdemokrata bihurtu eta boterearen eztia dastatzen dabiltzanean, Juanjo aurrera beti bide artezean barrena, Neguko Jauregia hartu arte.

        Idealista bat da, ondorioztatu du Goñik.

        Salaberriak Astorekari: Zuk aspaldi ahaztuta izango duzu hori zer den.

        Astorekak ez entzunarena egin du, ardoa basoetara isurtzeko aitzakiaz.

        Ez zara bakarra, azaldu dio Salaberriak. Literaturaren mundua, politikarena ez bada ere, diruaren menpe bizi da berdin-berdin eta, zoritxarrez, politikarenari darion bezainbesteko kiratsa dario ia.

        Astoreka poztu egin da: Hara!, ez naiz, hortaz, hemengo txerri bakarra.

        Bakarra ez, baina agian handiena bai, barre egin du Salaberriak.

        Roderak ere bai.

        Goñik protesta moduko zerbait egin du: Zuekin ados ez egoteak ez du erran nahi urde bat denik. Txantxa gutxiago, lagunak!

        Bizkarrean jo dio Roderak: Ene, Felix, ikasi behar zenuke gauzak hain serio ez hartzen. Begiratu niri, denetarik deitu dit Kosmek eta, hala eta guztiz, oso lasai nago.

        Lehen ere nahikoa laudorio egin diogu Kosmeri, baina onddo festa honen ondoren edozer gauza barkatu beharko diogu.

        Ea ba bide batez Arzalluzek ere barkatzen duen.

        Zer dauka ba horrek barkatzeko?

        Samu, zu Kalifornia eguzkitsuan bizi zara, loredun alkandorak janzten dituzu eta, idazten ez duzunean, hondartzan egoten zara, garagardo izoztu bat esku batean eta zigarreta bat bestean, emakume gazte bikinidunei begira...

        Bai, halaxe egoten naiz, patxada ederrean.

        Kexatu egin da Goñi: A ze tema politikariekin, Juanjo! Denetarik izanen da horien artean ere...

        Noski. Txarrak eta okerragoak. Denetarik.

        Astorekak Salaberriari: Beraz, Kalifornian ez zara Euskadiz eta Euskadiko lagunez akordatzen?

        Nahi baino gehiagotan gogoratzen naiz. Modu obsesiboan batzuetan. Eta kezkatu egiten naiz, kezkatzekoa baita milaka kilometrotara egon eta buruan Euskal Herria baino ez erabiltzea egun osoan. Gaixotasun bat. Hara joanda hango kontuez pentsatzen hasiko nintzela uste nuen, baina justu kontrakoa gertatu zitzaidan. Idaztera esertzen banintzen, hona nindekarten nola edo hala istorio guztiek. Eta sekula baino ugariago etortzen zitzaizkidan. Uko egiten nion haiek idazteari, seguru asko aurreiritzi ergel baten edo ustezko kosmopolitasun ustel baten ondorioz. Ordura arte izan nintzen idazleari muzin eginda, beste bat bilakatu nahi nuen, oso bestelakoa eta, horretarako, ezinbestekoa iruditzen zitzaidan atzean utzitakoa erretzea. Garbiketa antzeko zerbait, askapen moduko bat. Makina bat buelta eman nion kontu horri eta denak alferrik, etsi egin behar izan nuen arte: aurrerantzean, nahi nukeena ez, ahal nuena idatziko nuen. Azkenean, neure buruari ezina aitortzeko kemena bildu nuenean, orduan hasi nintzen nobela idazten. Sei hilabeteren buruan osatuta neukan lehendabiziko bertsioa.

        Hortik aurrerakoa egunkarietan irakurri dugu, esan dio Astorekak. Benetan ondo atera zaizkizu gauzak, eta pozten gara. Topa egin dezagun!

        Salaberriaren alde!

        Goñik erretilu eta plater hutsak jaso eta garbiak ekarri ditu, usoa saltsan zerbitzatzeko.

        Eskuak igurtzi ditu Salaberriak, irrintzi antzeko zerbait botatzearekin batera: Gauza eder eta miresgarri asko dago Kalifornian, piloa, baina hau bezalakorik...

        Alabantzak errepikatu dituzte Astorekarentzat.

        Ze usaina! Ze itxura!

        Utz ezazu politika behingoagatik. Neuk lagunduko dizut jatetxea zabaltzen, esan zio Salaberriak. Idazlea bazina eta ez sukaldaria, Joseph Roth izango zinateke!

        Ez dakit hori nor den, ez diot ezer leitu.

        Honek El Correo baino ez du irakurtzen, Roderak.

        Deia ere bai, Goñik.

        Arzalluzekin egindako elkarrizketa irakurriko zenuen, Salaberriak. Kontu interesgarriak aipatu ditu: Lemoiz, makina txanponjaleak, GAL... Izenik eman gabe ere, uste dut zutaz diharduela batzuetan.

        Aspalditik dakit zer pentsatzen duen nitaz, haren ahotik sarritan entzunda. Badakit zer dioen orain, baina baita lehen ere, Garaikoetxeak eta bere adiskideek Alderditik alde egin zutenean. Burukide eredugarria nintzen orduan, leiala eta behargina, Alderdiaren berreraikitzeari erabat emana.

        Traizionatu egin zenuen arte.

        Nik ez nuen inor saldu. Ni Alderdiarekin izan nintzen leiala. Alderdiak bere kideen gainetik egon behar du beti.

        Eta zuk, Felix, galdetu dio Roderak, zer deritzozu?

        Athleticen adibidearekin aise konprenituko duzu: klubak edozein jokalariren gainetik egon behar du, salbuespenik gabe.

        Baina nik Arzalluzi buruz galde egin dizut.

        Badira urte anitz ezagutzen dudala, baina ez dut sekula traturik izan harekin.

        Ari garen auziaz jakin nahi dut, ez zuk Arzalluzi buruz, orokorrean, uste duzunaz.

        Ni ere Alderdiarekin nauzu.

        Kosmek aipatu duen haustura gaitz hartan, Garaikoetxearen kontra zinen, nafarra izanagatik ere. Zer esaten zizuten Beran? Zer esaten dizute hango batzokian sartzen zarenean, hango lagunekin egoten zarenean?

        Beran ez dago batzokirik.

        Batzokian edo tabernan, berdin dio.

        Gurasoak zendu zirenetik urtean behin baizik ez naiz hara joaten. Eta nire gaztetako lagun gehienak ezker abertzalekoak dira, ez EAkoak.

        Eta zer esaten dizute?

        Ez ditut ikusi ere egiten.

        Utzi bakean, Felixek ez dizu inoiz esango zuk entzun nahiko zenukeena. Jai daukazu.

        Deuston ere halakoa zen. Akordatzen zarete Burgosko prozesuaren kontra Bilbon egin zen manifestazioan gertatu zitzaionaz?

        Denak oroitzen dira; ez agian Goñik egun hartan egindakoaz, baina bai manifestazioaz, laurentzat izan baitzen estreinakoa. Galdera erretoriko batez hasi duen istorioa burutu nahi du Salaberriak, ordea, eta hari horri jarraitu dio ahal bezain laster. Fakultate guztietako jendea bildu zen abenduko eguerdi hartan. Institutuetatik ere azaldu ziren ahoz aho zabaldutako hitzordura. Ikasleak Gran Vian pilatu ziren, harik eta astiro espaloi batetik ibiltzen hasi ziren arte. Jendetza zen, eta, denak isilik ibilita ere, kale zabal osoa betetzen zuen isiltasun astuna ozenagoa zen autoen eta autobusen zarata baino.

        Gogoan du Goñik: Kosmek eraman ninduen, eta uste dut han ikusi zintuztedala lehen aldiz.

        Deuston ikusita ezagutzen zintuztedan nik. Harritu egin ninduen zuek han topatzeak. Baina Samurengandik espero nuen, Bertolt Brechten poemak leitzen baitzituen.

        Bizkor mintzo da Goñi: Han ginen, jendetza haren gibelaldean egoteagatik kontent, eta orduan, auskalo nola, jende guztia batera itzuli eta manifestazioaren aitzinaldean ikusi genuen bat-batean geure burua. Ikaragarria izan zen. Zangoak dardaraka neuzkan eta, nire gibelaldekoek pixka bat bultzatu izan ez banindute, han egonen nintzen oraindik, izoztuta bezala geratu bainintzen, ibiltzeko gauza ez nintzela.

        Erremuskada Astorekak: Grisak azaldu zirenean arrapataka atera zinen, ipurdia sutan bazenu lez.

        Egia. Bizi nintzen pentsiora heldu nintzen arte ez nintzen gelditu. Gure amaren ezaguna zen Lesakako andere baten etxean nengoen, eta, hark ni ikusirik, gaixo nintzela pentsatu eta ohatzera bidali ninduen agudo. Beharbada egun hartan ohartu nintzen ez neukala politikarako behar dena, sobera koldarra naizela...

        Denok ginen kakati hutsak Francoren sasoian, onartu du Astorekak.

        Franco zaleak izan ezik, zehaztu du Roderak. Haiek harro ibiltzen ziren Deuston, ezeren beldurrik gabe. Edo ahaztu egin zaizue?

        Ez zaio inori atzendu.

        Astorekari begira Roderak: Zuekin hain ondo konpontzen diren horiexek...

        Bere burua defendatu du Astorekak: Hori da demokrazia. Adostasunetara, akordioetara heldu beharra dago. Haiek ere herriak aukeratutakoak dira, nahiz eta guri ez gustatu.

        Demokrazia..., kopeta ilundu zaio Roderari.

        Demokrazia, bai. Edo gurago duzu Kubakoa?

        Kuba duintasun adibide bikaina da. Inperiotik milia gutxi batzuetara egonda, inguratuta eta enbargo zital horrek zigortuta, kapaz dira medikuak eta irakasleak bidaliz beste herri batzuei laguntzeko.

        Ez didazu erantzun. Non bizi gurago zenuke, han edo berton?

        Hemen bizi naiz, Kosme, hemen lan egiten dut, hemen ezkondu nintzen, gurasoa naiz. Hemen bizi nahi dut eta, hainbeste urte eta gero, hemengotzat dut neure burua. Baina gauzak diren bezalakoak dira, eta Kubak urtetan egin duena ez dute ustezko estatu demokratikoek inondik ere egin, askoz aberatsagoak izanik ere.

        Argi dago. Ez duzu erantzun gura.

        Zuk nahi zenukeen moduan, seguru asko, ez. Kuban akatsak egin dituzte, ugari; baina herriaren alde, gutxien dutenen alde ahalegindu dira beti, kosta lain kosta, beste inon ez bezala.

        Herriaren alde? Begiratu zelan duten orain herria, miseria gorrian.

        Astorekari laguntzen beti Goñi: Prostituzioa desagerrarazi behar omen zuten eta uharte osoa putez gainezka dago.

        Hori egia da, esan du Salaberriak. Han egon nintzenean, jineterak egun osoan segika neuzkan. Munduko lanbide zaharrena desagerrarazi nahi izatea, marka da gero! Hori eskuindar bati ez litzaioke burutik pasatuko. Ezkertiarrak, ordea, halakoak dira, moralista hutsak, apaizak baino okerragoak batzuetan.

        Roderari ez zaio argudiorik falta: Eskuindarrak, aldiz, prostituzioaren kontrakoak omen dira, baina laster baztertzen dituzte beren eragozpen moralak, horrekin dirua egin ahal izanez gero. Ikusi, bestela, zer egiten duen El Correok.

        Trufarako dago Salaberria: Horiek ama ere salduko lukete, norbaitek erosiko balie. Defuntuen eta puten kontura bizi dira.

        Athletic atzendu gabe, Goñik.

        Horixe: defuntuak, putak eta Athletic.

        Prostituzioaren alde zaudete, hortaz?

        Mutu utzi ditu, une batez, Astorekaren galderak.

        Salaberriak: Ni bai. Erabat.

        Zu ere bai, Juanjo?

        Ez. Ezkerra beti egon da prostituzioaren aurka, nik dakidala.

        Eta zuk, Felix, zer diozu?

        Ni kontra nago, noski.

        Itxura batean, zu zara puten aldeko bakarra, esan dio Astorekak Salaberriari.

        Aurka baldin bazaude, zergatik ez diezu zure alderdikideei esaten, Deian argitaratzen diren prostituten iragarkiak kentzeko? Falangisten egunkaria ez baita halakoak argitaratzen dituen bakarra.

        Denok ditugu kontraesanak.

        Kontraesanak argitu egin behar dira, ordea.

        Eta batez ere gainditu, sakatu die Roderak.

        Denbora behar da horretarako, Astorekak.

        Hara eskuindarren betiko leloa! Azkarregi joateko beti beldur.

        Badakizu, Juanjo, gauzak ezin direla goizetik gauera lortu, Goñiren arrapostua.

        Hogeitaka urte daramatzazue gobernuan eta zer aldatu duzue urte horietan guztietan?

        Salaberriak: Zer edo zer aldatuko zuten, ezta?

        Zer baina?

        Oilartu egin da Astoreka: Krisi ekonomiko izugarria konpondu genuen. Nahiz eta orain inork gutxi gogoratu.

        Herri eskergabea gurea!

        Ba bai. Zuk barre egingo duzu, baina hala da, eskergabea eta ahanzkorra.

        Eskerrak ahanzkorrak garen, poztu da Salaberria. Egin dituzuenak egin eta gero, hala hobeto zuentzat.

        Zer egin dugu ba guk?

        Lemoiz...

        Guk ez genuen Ryan hil!

        Hil izan ez balute, lehergailu atomiko bat izango genuke orain zuek hainbeste maite duzuen Bizkaiko kostaldean.

        Zehaztapena egin du Salaberriak: Hori jendearen protestei eta presioei zor zaie, ez milien barrabaskeriei.

        Horregatik bakarrik balitz, Leitzarango autobidea ere bertan behera utzita legoke aspaldi. Ez al duzu uste?

        Roderaren hitzak profitatu ditu Astorekak: Ba, zuengatik balitz, dena legoke bertan behera utzita zuen Euskal Herri maitean.

        Zuek ez duzue maite, ala?

        Guk beti maite izan dugu Euskadi! Eta ez zaigu orain inor etorriko zer maitatu behar dugun esaten. Batez ere, madrildar abertzaletu berri bat...

        Ederra bota dizu!, kontent dago Salaberria.

        Astoreka eta Goñi irribarrea ezkutatu ezinik dabiltza. Roderak zer erantzungo, zain daude hirurak.

        Eta Rodera ez da isilik egotekoa: Esan gauzak argi, Kosme, esan español alua!

        Barre egin dute berriro. Laurek oraingoan.

        Salaberriak: Politikari bati argi hitz egiteko eskatzea ere...

        Kieto hor! Gaur zuen sukaldaria naiz, ez beste ezer.

        Berdin dio, sukaldari jeltzaleek ez dute sekula argi hitz egiten.

        Baina sukaldari onak direla onartu beharko duzu, Goñik.

        Ez dago dudarik, saltsa hau prestatu duena, ona ez, bikaina da. Nola demontre egiten duzu usoa horren dotore?

        Bost minututan ez behintzat.

        Ez diguzu azaldu nahi?

        Ordubeteko lana da...

        Badugu pazientzia pixka bat. Konta iezaguzu.

        Arranoa!, nik bai galduko dudala pazientzia zuekin. Tira... erosi lau uso; tipulinak, azenarioak eta porruak bina; tomate heldu bat, erramu orria eta berakatza; salda baso bat, koñak kopa eta ardo txuri botila osoa; gatza eta piperbaltza. Aurrena, barazkiak oliotan eztitu; gero, usoak bota eta gardostu; likidoak isuri, dena tapatu eta ondo egosi. Azkenean, usoa azpilean ipini; eta lapikoan geratu denarekin purea egin eta usoei gainetik bota.

        Baina, Kosme, guk sekretutxoak jakin nahi ditugu...

        Idazleei ez zaizkie sukaldeko sekretuak kontatu behar. Eta abokatuei ere ez.

        Baina Roderak isilik egoten ez dakienez: Jeltzaleak adituak dira saltsetan; berdin prestatzen dute sozialistekin, EAkoekin edo beste edonorekin.

        Eta Astorekak beti erantzuten dionez: Zuekin izan ezik, edozeinekin!

        Ez zenuen azpimarratu beharrik. Argi dago: zuek beti demokratekin, noski; ez terrorista kuadrilla batekin.

        Nik ez nuke hala esango, baina esateko modu bat da, onartu dio Astorekak.

        Sozialistekin ez duzue batere arazorik, GAL haiek sortu zutela beste inork baino hobeto jakin arren.

        Roderari lagundu dio Salaberriak: Saltsan ibiltzeko ez dute eragozpenik, ez sozialistekin, ez Franco zaleekin. Horiek ere demokratak direnez...

        Orain bai.

        Eta haien menpeko txapelokerrak ere bai?, Roderak.

        Txapelokerrak txapeloker beti.

        Beraz, txapelokerrak ere terroristak dira?, Salaberriak.

        Txapelokerrak eta kito, Astorekak.

        Eta torturatzaileak..., Salaberriak.

        Gura duzuna.

        Orduan, Ertzaintza bezalaxe, Roderak.

        Ertzainek ez dute torturatzen!, pipertu egin da Goñi.

        Egonarri txikikoa da Astoreka ere: Zuek beti kaka zabaltzen. Beste ezertarako ez duzue balio. Kaka ezker-eskuin bota eta alde guztietan bazterrak nahastu. Artistak zarete horretan.

        Salaberriak: Artista asko dago hemen... gehiegi.

        Ez zara zu bakarra izango.

        Hoberena bai, baina ez bakarra, sardexka altxatu du Goñik. Gaur marka guztiak hautsi dituen artista Kosme izan da.

        Jatetxe bat zabaldu beharko dizugu!, aldarri egin du Salaberriak.

        Topa egin dezagun artearen eta artisten alde, proposatu du Roderak.

        Osasuna!

        Ardoak giroa baretu eta gaiez aldatzea ekarri du. Familiako kontuez hasi dira, seme-alabez. Denak dira guraso, Salaberria izan ezik.

        Emakumeak gehiegi maite ditut, betiko bakar batekin egoteko, esan du Salaberriak.

        Ibili kontuz, bakarrik aguretu nahi ez baduzu.

        Zaharrak garela ezin ukatu. Bakardadea, ordea, ez da zuek uste bezain ikaragarria. Alderantziz, gozoa ere izan liteke. Inork ezagutzen ez nindueneko bakardade guztizkoarekin amets egiten dut orain. Askatasun osoa ematen zidan bakardade harekin...

        Ze askatasun?

        Edozer egiteko askatasuna. Gau osoan idaztekoa, goiz osoan lo egitekoa.

        Guk ez dugu idazten. Guk ordutegi zorrotzak ditugu eta horiexek bete behar. Egunero lanera joan, egunero familiari jaramon egin...

        Eskerrak denek ez dioten familiari zuek bezainbesteko kasu egiten. Zer egingo nuke nik bestela!

        Zer esan nahi duzu?

        Senar guztiak zuen modukoak izango balira, ez nuke maitalerik aurkituko. Beren senarrez nazkatuta dauden emakume ezkonduekin izaten dira nire abenturak gehienak.

        Alua, Roderak.

        Zorionekoa zu, Astorekak.

        Ba, niri ez didazu batere inbidiarik ematen, Goñik.

        Ez da harritzekoa, Salaberriak.

        Astorekak dena jakin nahi izaten du: Ezkongabekoekin ere egingo duzu.

        Batzuetan, unibertsitateetara joaten naizenetan. Hor beti egoten da idazle famaturen bat seduzitu nahi duen neska gazteren bat.

        Berdin dizu?, galdetu dio Goñik: ezkonduak, ezkongabeak, zaharrak, gazteak.

        Aukeran, ezkondu gazteak nahiago. Arazoak beren senarrentzat uzten dituzte eta niri beren onena baino ez didate ematen.

        Sexua, alegia, Astorekak.

        Gutxi iruditzen al zaizu?

        Norberak erabaki behar du.

        Nik aspaldi erabaki nuen emakumeak direla mundu honetan merezi duen bakarra.

        Emakumeak eta... Athletic, erantsi du Goñik.

        Eta literatura?, jakin nahi izan du Roderak.

        Literatura ere gaztetatik dudan beste grinetako bat da. Ia orduan bezainbeste gozatzen dut liburu on bat irakurtzen. Idaztea, aldiz, ezberdina da; nekeza, gero eta nekezagoa, gainera. Amorragarria da egun osoa idazten pasatzea eta biharamunean irakurri, txarra dela ikusi eta bota egin behar izatea. Eta ekin berriro berridazteari. Oso gogorra da.

        Ez da horrenbeste izango, Roderak.

        Hasperen teatral bat egin du Salaberriak: Emakumeekin bai, emakumeekin dena da gozotasuna!

        Zuk ezagutzen dituzunekin izango da dena gozotasuna, purrust egin du Astorekak. Niri sarritan haserretzen zait andrea.

        Begoña gajoa, ihes egin dio Goñiri.

        Emakumeekin, ohean, esan nahi nuen. Txortan! Ondorengoa aspergarria da. Ondorengoa beren senarrentzat.

        Gu bezalakoentzat, alegia.

        Bai.

        Oi, Itziar hemen egongo balitz...

        Roderaren esaldia osatu du Salaberriak: Matxista zikin bat naizela izango litzateke esango lidakeen gauzarik gozoena. Badakit. Baina zorionez laurok bakarrik gaude hemen.

        Emakumerik onartzen ez duen txoko batean, Astorekak.

        Lau gizon bakarka, poetak esango lukeen moduan.

        Hemen kazoletan dago poesia, esan du Goñik, usoa jateko erabili dituzten platerak jasotzeko jaikitzean. Presta zaitezte, beraz, hurrengo poemarako: bakailaoa Bizkaiko eran. Klasiko bat. Gorenetan gorena.

        Bai, baina jarrai dezagun emakumeen kontuarekin, eskatu die Astorekak. Sukaldaritzaz askotan berba egiten dugu eta inoiz ez sexuaz. Aprobetxatu behar dugu gaur aditu bat dugula. Idazle handia izateaz gain amorante itzela delako gure Salaberria.

        Andrezale eta limurtzaile sonak ez du oinarririk. Nitaz esaten diren gehienak esamesak besterik ez dira, etsaiek zabaldutakoak.

        Hortaz, idazleek ere badituzue etsaiak; eta ni, horiek politikarion kontuak zirela sinistuta.

        Zuen modukoak gara idazleak. Ez dago alde handirik.

        Ederto izorratuta zaudete zuek ere orduan, esan du Astorekak.

        Bai.

        Gutxi asko, denok gaude antzera.

        Baina Goñik: Denok ez. Ni, bederen, ederki bizi naiz.

        Zorionekoa zu, kezka larri bakoa. Bufetea ezin hobeto doakizu, maite duzun eta maite zaituen andre batekin ezkonduta zaude, semea ikasle ona duzu eta futbolari profesionala izango da urte gutxi barru...

        Zu ere ez zaude kexatzeko, Kosme, esan dio Salaberriak. Felixek duen guztia daukazu zuk ere.

        Bufeterik ez baduzu, nahi ez duzulako da. Politika gustatzen zaizu, boteretik hurbil egotea... Eta ondo joan zaizu, nik dakidala. Emaztearena beste kontu bat da, eta hortaz ezin nik ezer esan; eta berdin zuen semeaz.

        Andrearena utz dezagun, baina semearena...

        Aitatxi bilakatuko omen zara laster. Ez al zaude pozik?

        Jakina.

        Hona hemen, aitona Kosme!, adarra jo dio Salaberriak.

        Berriz topa egin behar dugu, ez al duzue uste?

        Aho batez onartu dute Roderaren proposamena. Kaliforniako ardoa bukatuta, berak ekarritakoa zabaldu du: Kanako ezteietan ez bezala, berezia agortutakoan arrunta atera behar.

        Aitona Kosmeren alde!, edalontziak altxatu dituzte laurek.

        Ez, nire alde ez. Bilobaren alde hobeto.

        Sukaldariaren lehen bilobaren alde!

        Roderak Astorekari: Aurrena izan zinen ezkontzen, aurrena seme-alabak izaten, eta aurrena aitontzen.

        Gure abangoardia, Salaberriak.

        Jarraitzaile bako abangoardia, herri bakoa, bere burua gutxietsi du Astorekak.

        Abangoardia zu zara, esan du Goñik, Europako literaturaren lehen lerroan!

        Abangoardia joan den mendeko kontua da, jendeak literaturan sinesten zuen garaikoa. Joyce, Faulkner, Beckett eta haien garaikoa. Antigoaleko gauzak. Politikan bezala, oker ez banago.

        Roderak ez dio ulertu: Zer esan nahi didazu?

        Badakizu, Lenin, Alderdi Komunista masen aitzindari eta gidari, eta gure gaztaroko gainerako zera guztiak.

        Txorakeria guztiak esan gura duzu, Astorekak.

        Bai, hori esan nahi nuen, baina iraindu nahi izan gabe. Zuk oraindik kontu horiek sinesten dituzu, ezta, Juanjo?

        Ez denak.

        Baina komunista zara oraindik.

        Alderdi Komunistarik gabeko komunista.

        Nahi duzun bezala, baina komunista, egoskortu da Astoreka.

        Salaberriak, aldiz, amets egin du: Komunismoa!, ederra izan behar du komunismoak...

        Edengo baratzeak ere bai, Goñik.

        Zer?

        Zerua, alegia, paradisua.

        Felix, ezagun duzu seminarioko mutikoa zarela.

        Beharrik handik pasaturikoa naizen. Handik pasatu izan ez banintz, ez nintzatekeen hemen zuekin gozo-gozo egonen. Seminarioari esker heldu nintzen Deustora; hara baino lehenagoko ikasketa guztiak Elizari esker egin nituen, etxean anitz ginelako. Eta gurasoak, egun osoz lan egiten zuten arren, aski pobreak.

        Zu ez zinen Deustoko pobre bakarra, eten dio Salaberriak. Nik bekei esker egin nuen batxilergo osoa, eta beka izan nuen Deuston ikasteko ere.

        Eta osaba jesuita bat ere bai, bota dio Roderak.

        Hori ere bai, baina urteetako nire ahaleginari esker lortu nuen Zuzenbideko lizentzia.

        Goazen, Juanjo, esan dio Astorekak: hauek bietako zein den pobreena eztabaidatzen duten bitartean, postreak ekarri eta kafeak egiten hasiko gara.

        Gazta, irasagarra, pastel koloretsu txikiak eta kafeak azpil batean paratuta itzuli direnean, Salaberria lezioa ematen ari da: Liburu gogoangarria da. Baina, niretzat, Manifestuak balio literarioa du, beste edozeren gainetik. Mamu bat dabil Europan barrena, komunismoaren mamua. Sublimea da. Inork ez du hasiera hain indartsua sekulan idatzi. Lepotik hartzen du irakurlea eta irakurtzen segitzera derrigortzen, mamu ustez izugarri horren berri jakin nahian. Zoragarria da hasiera hori, Gerra eta Bakea eta Moby Dick nobelenak bezalaxe.

        Ados. Baina Marxek ez zuen horretarako idatzi, munduko langileak batzeko eta kapitalismoa suntsitzeko baizik, esan dio Roderak.

        Goñik: Hagitz solas interesgarria duzue, baina gin-tonic batzuk egitera noa, zintzur-mingainak freskatzeko bertzerik ez bada.

        Astorekak: Bi hauei ez ekarri. Behar baino gehiago edan dute eta.

        Gogaitu egin zaituztegu?, Salaberriak.

        Hor nonbait.

        Desenkusatu egin da Rodera: Zaudete lasai, ez dugu berriz aipatuko. Bueltatu gaitezen emakume kontuetara, Kosme irrikatan dago eta.

        Aukera politika edo andreak badira, andreak gurago, nahiz eta betidanik politikan buru-belarri jardun. Ezelango duda barik.

        Denok ados, Roderak.

        Zer duzu emakumeez esateko, ba?

        Astorekak: Gutxi. Begoñaren ondoan pasatu dut bizitza ia osoa.

        Zerbait ikasiko zenuen berarekin.

        Begoñarekin ikasi? Ez duzu ezagutzen.

        Emakume ona da, Goñik.

        Bai, oso ona, baina...

        Baina zuk beste zerbait behar duzu, ondorioztatu du Salaberriak.

        Ez dakit zer behar dudan.

        Irakasle bat behar duzu, beharbada.

        Kosmek dirudiena baino anitzez gehiago daki emakumeez.

        Goñiren hitzak entzundakoan kopeta zimurtu zaio Astorekari, baina kosk egin dio mihiari.

        Baliteke, onartu du Salaberriak. Politikariak halakoak dira leku guztietan; dakitena baino askoz gehiago edo gutxiago dakitela sinetsarazi nahi izaten digute. Halaxe gertatzen da Kalifornian ere.

        Erran dizut, Kosmek ongi ezagutzen ditu emakumeak.

        Mozkortuta zaude, Felix!, moztu dio Astorekak.

        Larregi edan dugu denok, Salaberriak.

        Ez kezkatu, Kosme, diotso Roderak, zuk eta biok ez dugu gidatu behar. Okerrenean, taxiz joango gara etxera.

        Ni ere oinez joango naiz, esan du Astorekak; ea euriarekin eta haize hotzarekin burua argitzen zaidan.

        Ez dugu berehala alde egingo, ezta?

        Ez, jaunak, ez dago presarik.

        Astorekari hitzaldirako gogoa piztu zaio: Niri mundu errealean bizitzea gustatzen zait, ez alegiazko batean. Eta errealitate horretan eragin eta, ahal dela, aldatu. Errealitatearen zati txikerrena ere gurago dut, egia esan, edozein fikzio baino, nahiz eta ipuin hori sano liluragarria izan.

        Salaberriak adoretu egin nahi izan du: Ekintza gizona zara, beraz. Liburu sail oso bat idatzi behar nuke zutaz, eta zure balentrien berri eman, Barojak senide batekin egin zuen bezala. Ekintzaile baten oroitzapenak, liburua ikus dezaket, azal eta guzti...

        Samu, ez duzu inoiz ulertuko zer esan gura dudan.

        Nik ulertu dut, esan dio Roderak, eta errealitateari buruz esan duzuna musika iruditu zait, Marxek berak sinatuko zukeena.

        Baina nire begiek jasotzen duten errealitatea eta zureek jasotakoa ezberdinak dira, nahiz eta biok gauza beraren aurrean egon. Hala ere, biok gura dugu errealitate horretan eragin eta hobetu; zuk suntsitzen, eta eraikitzen neuk; zu utopia ustez eder eta benetan hiltzaile bati begira, eta aurrerapenari begira neu; zu inora ez heltzeko arrapataka, eta urrats beharbada astitsu baina sendoez neu.

        Algaraka hasi da Rodera.

        Baina Astorekak jarraitu egin du: Edozelan dela, batzen gaituena interesatzen zait, ez bereizten gaituena. Eta batzen gaituena grina da, munduan eragiteko grina. Hauek (Goñiri eta Salaberriari begiratu die) ez dute halakorik sekula sentitu. Ez dakite zer den.

        Guk ez dakizkigun beste gauza batzuk jakingo dituzte!, zuzendu nahi izan dio Roderak.

        Samuk nobelak egiten daki, liburu onak. Bada zerbait. Ze, onartu gura ez badu ere, enpresa gizon bat da izatez, torlojuak barik kultura-edo egiten duena. Eta bide batez, gure herriaren eta hizkuntzaren izen ona munduan zehar zabaldu. Gure ordezkaria da, zelanbait.

        Eta zer esan behar diguzu Felixi buruz?

        Gizon ona da, baina grina falta zaio...

        Politikarako, esan nahi duzu?

        Gizon lasaia dela esan gura dut. Beharrerako eta familiarako du berezko grina.

        Bai, familia da niretzat garrantzitsuena, onartu du Goñik. Baina zuretzat lana da nagusia.

        Gauza bera dira niretzat beharra eta zaletasuna. Familiarena, ostera, beste kontu bat da.

        Bortz seme-alaba dituzunez, zeu zara horretan maisua. Juanjok pare bat, nik bakar bat baizik ez, eta Samuk deus ez.

        Bi neskato zoragarri ditut!, esan du Roderak.

        Salaberria ere sentimental ipini da: Ez dut haurrik eduki nahi izan, horrek maite nituen bizpahiru emakume galtzera bultzatu baninduen ere. Zorigaiztokoa ni.

        Barre egin dute denek.

        Idazle handia zara; Euskal Herrian ez ezik, mundu erdian ezaguna. Ez esan emakumeen faltan zabiltzanik.

        Gauzak diren bezalakoak dira, eta ez uste dugun edo nahi genukeen bezalakoak. Idazten hasi nintzenean ametsetan ere espero ez nuena eta gehiago lortu dut, bai; baina horrek ez du esan nahi desiratzen dudan guztia eskura dudanik, batez ere emakumeez ari bagara.

        Kopla gutxiago. Ez dizugu sinesten.

        Egia esan, jarraitu du Salaberriak, orain arte ez, baina orain gustura izango nintzateke aita.

        Gehiegi edan duzu!, Roderak.

        Zaharregia zara aita izateko, Astorekak.

        Zuzenean aitatxi bilakatuko zinateke, Goñik.

        Gomendioa egin dio Roderak: Ni ere berandu samar izan nintzen aita eta, sinets egidazu, behin ere ez zait damutu.

        Bat etorri da Goñi: Gizon batentzat ez dago aitatasuna bezalakorik. Maitek eta biok dugun pena handiena da haur bakarra izatea.

        Eta orduan Salaberriak Astorekari: Zer moduz dabil zuen zaharrena? Ez-egitekoren bat egingo zuen orain ere...

        Ganoraz dabil. Esan dizuet ume baten esperoan daudela.

        Erabaki al dute izena?

        Oraindik ez.

        Juan Jose deitzen ahal diozue, iradoki du Salaberriak.

        Rodera legez?

        Ez, Ibarretxe bezala.

        Lehendakaria...

        Harritu egin da Salaberria: Ez al duzu Ibarretxe atsegin?

        Zoaz pikutara!

        Ez duzu batere maite, bistan da.

        Alderdi gizona naiz ni. Alderdia edozein kide baino inportanteagoa da. Alderdia Garaikoetxea baino inportanteagoa zen, eta Ibarretxe baino inportanteagoa da orain ere Alderdia.

        Etxera bidaliko duzue, beraz, Gorordo bidali zenuten bezala?

        Ibarretxek ez du zerikusirik Gorordorekin. Zorionez.

        Baina etxera bidaliko duzue, edonola ere.

        Guk ez dugu inor bidaliko. Hura joango da etxera, lehendakari izateari uzten dionean.

        Arzalluz joan zen bezala...

        Arzalluz ez zen sekula lehendakaria izan.

        Joder, Samu, emazu bakea behingoz. Ez gaude zure nobela horietako batean.

        Inoiz irakurri al duzu baten bat?

        Ez, noski. Denbora pasatzeko badauzkat beste gauza batzuk.

        Maitaleren bat akaso?

        Roderak ironiaz: Hauek kristauak dira; kontzientziak eragotzi egiten dizkie zuri hainbeste gustatzen zaizkizunak.

        Kristauak dira, baina ez ergelak.

        Astorekari gustatzen zaio kontrakarrean aritzea: Zuek zarete argiak eta bizkorrak! Ezkertiarrak!

        Roderak: Alderantziz da. Argiak eta bizkorrak zuek zarete, eskuindarrak; zerbait esan eta, gero, esan duzuenaren aurkakoa egiten duzue.

        Salaberriak: Horixe egiten dute politikari guztiek, eskuinekoek zein ezkerrekoek.

        Ez naiz politikariez ari, ezkerreko eta eskuineko jendeaz ari naiz, gu bezalako jendeaz, alegia.

        Inor ez da perfektua, esan dio Goñik Astorekari zeharka begira. Ziur aski horrexek egiten gaitu gizon eta emakume, horrek egiten gaitu benetan garena, izan eskuineko edo izan ezkerreko.

        Oso ikuspuntu literarioa zurea, nobela bat idatz dezakezu.

        Abokatu apal bat bertzerik ez naiz.

        Ez hain apala, Felix, diotso Astorekak.

        Salaberriak: Zu apala baldin bazara, zer da Juanjo orduan?

        Roderak ez dio inori iritzirik ematen utzi: Ikasketaz abokatua den militante bat naiz ni, horixe izan naiz beti eta horixe naiz gaur egun ere.

        Definizio ederra, txalo jo dio Astorekak. Neuk ere horixe esango nuke, inork neure burua definitzeko eskatuz gero. Lagako didazu erabiltzen?

        Jabego pribatuaren aurkakoa naiz.

        Erraz esan dezake hori zentimorik ez duenak.

        Juanjo santu bat da. Laikoa, baina santua...

        Isildu zaitezte, mozkor zikin horiek! Zuek uste baino gaiztoagoa naiz. Galdetu Itziarri bestela. Harentzat deabrua bera naiz. Edan duguna edan dugunez, zerbait aitortu behar dizuet: sarritan desiratu dut diru pixka bat, amets egin dut diruak nola erraztuko lidakeen bizimodua. Oso tentagarria da.

        Tentagarria!, ahotsa goratu du Salaberriak. Santu hizkera, inondik ere.

        Roderak ez dio idazleari jaramonik egin eta diruaz segitu du berriketan: Batzuetan hain eskura egonda... Ezer ez da musu-truk izaten ordea. Zerbait ematen dizunak beste zerbait eskatuko dizu, zuk uste baino lehenago.

        Ez zaizu Marx ahaztu, Salaberriak.

        Hori jakiteko ez da ez Marx ez Engels ez Lenin ez Trotski irakurri behar. Bizitzearekin nahikoa da. Itziarrek ez du inoiz horien libururik irakurri eta ezin hobeto daki edozeren prezioa.

        Ez dut zure Itziar ezagutzen, baina arras maitemindurik zaituela erranen nuke.

        Salaberriak abisatu dio: Ezagutuko bazenu, erraz ulertuko zenuke. Emakume aparta da!

        Asmatu duzu, Felix, zeharo maiteminduta nauka.

        Zuk ere maiteminduta edukiko duzu bera, Astorekak.

        Hor dago koska. Lehen maite ninduen, orain auskalo. Bigarren alaba izan genuen arte seguru nengoen, ondoren ez hainbeste.

        Emakumeak!, hasperen egin du Salaberriak.

        Ezin haiekin bizi, ezta haiek barik ere, Astorekak.

        Salaberriak: Zergatik ez gara behin eta betiko maitemintzen? Zergatik ibili behar dugu emakumez emakume?

        Astorekak: Denok ez gara Felix bezain zoriontsuak...

        Zoriontsua al zara ba?

        Bai, oso zoriontsua, onartu du Goñik. Gaztetan beste maite dugu elkar.

        Bizkarreko bat jo dio Salaberriak: Zu ere bakana zara, Juanjo bezala.

        Xelebrea erran nahi duzu, ezta? Baina normalagoa al nintzateke, maitaleren bat izanen banu?

        Baietz Salaberriak. Eta baietz Astorekak ere.

        Dibortziatuta egongo bazina behintzat, esan du Roderak.

        Nahiago dut orain arte bezala jarraitu, horregatik jendeak xelebrea deitu arren.

        Zeinen polita, iseka egin dio Salaberriak.

        Astorekak irri: Erromantiko bat zara, Felix.

        Eta Goñik: Erromantiko xelebre bat, nonbait.

        Horixe, xelebre erromantiko bat.

        Amultsu Salaberriak: Zu bezalakoak maite dituzte emakumeek, gizon leial, fidel eta erromantikoak.

        Astoreka saskarra da: Ez gezurrik esan. Gizon boteretsuak maite dituzte emakumeek, dirudunak, ospetsuak.

        Emakumeak!, hasperen egin du berriro Salaberriak.

        Eta berriz ere emakumeei buruz solasean segitu dute; maitasunaz, seme-alabez, politikaz, negozioez, diruaz, saldukeriaz, inbidiaz, irrikaz, harreman arriskutsuez, adiskidetasunaz. Eta edan egin dute, asko, denetik, harik eta botila gehienak hustu eta txokoaren goxotasuna utzi behar izan duten arte, udazkeneko gau euritsuan murgiltzeko. Zazpi Kaleetan galdu dira. Eta alkoholak blaitutako haien hitzak lausotu egin ditu etenik gabe erortzen segitzen duen euriak.