Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-15-0
J.A. Artze
1939, Usurbil
 
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Poesiazko lehen edizioak bibliofiloen harrotasuna izan dira beti, baina J. A. Artzeren lehen obrak euskaltzale guztiena sortu zuen. Estreinakoz, liburua objektu artistiko bezala ageri zitzaigun, alor anitzeko lanketa batean. Harrotasuna, nazionala izan zen. Abanguarda literaturan sartua genuen plastikaren eta ozentasunaren eskutik; liburua ikusi eta entzuteko eszenario multiplea da, kaligramak eta hotsezko eskulturak eskaintzen zaizkio irakurle aktibo bati. Artzek berbak ontzi ere badirela erakusten digu, barruan sartuta arkitektura miresten ari garela poetak jo egiten du; orduan durundio batek kordokatzen gaitu, hitzaren sustraira garamatza, ia aro aurre-semantikora, hotsera, totelkatze primigeniora. Baina ez da ozentasun hutsa, marrumak kontzeptu bat ezkutatzen duela ohartzen gara, zentzumenak erreskatatu digulako. Artzeren ozendura-jokoek balio sinbolikoa dute, fonosinbolismoa dira. Eta formalismoarekin batera, bi joera nagusi ageri zituen poema testualagoetan: berariaz lizun-zikin eginiko zenbait poema, onustea eta zurrunkeria kolpatzeko probokazio umoretsuak, eta egituraz oso sotilak ziren poema laburretan isuritako lirikotasuna.

Joera honi utzi gabe, geroagoko lanetan (Laino guzien azpitik... eta Eta sasi guztien gainetik... obra bakarra bi aletan, Zumetaren irudiekin) poema garatuagoa ematen zaigu egituraz, hala eskatzen zuelako gure historian ironia garratzez egiten zuen sakontzeak. Begi-belarria gehiago lantzen da testutik bertatik, erretorika aberatsagoan. Aro experimentalista Bide bazterrean hi eta ni kantari opariarekin amaitu zuen, poema fisikoki irakurleak berak idatziz haurtzaroko hitzaganako lilura berreskuratzeko jostailua.

Ortzia lorez, lurra izarrez liburu mardulean J. A. Artzek giltzerdi egiten du bere poesigintzan. Alienazioaren denuntziaz haratago jo nahi du, moral askatzaile bat proposatzen du nitasun espiritual batetik kaos antolatu honi aurka egiteko baino gainditzeko. Amaia Iturbidek dioskunez, «beat generation horren partaide izan zen poeta metafisiko, abangoardista eta konformagaitz honek postmodernismoaren aroan tradizioa defendatzen du, yuppien sasoian aszetika laiko bat praktikatzen eta kristautasunera itzuli da». Gizarte materialista honetan ez etsitzeko ahalegin poetikoa da bere azken obra ere, salmodia kutsuko hegalditan antolatua. Poetak ez du galdu, haatik, hitzaren alderdi guztiak ustiatzeko talentua, baina orain joko haiek zama semantiko handiagoa dute, eta esan liteke adieraren arabera antolatzen direla. Lehen zeukan espazioaren eta soinuaren ardura berberaz, orain J. A. Artze abiatua da formaren liberaziotik barnearen liberaziora.

J.A. Artze (Usurbil, 1939), Ez dok Amairu taldearen eta Baga, Biga, Higa sentikariaren eragile nagusienetakoa izan zen, eta bere anaia Jesus Marirekin batera txalapartaren erabilera modernoa sustatu zuen. Poesia plazara, eszenariora eraman duen lehen poeta izan da, eta bizitza literariotik eta eztabaidetatik urrundua egon da beti.

 

Bibliografia

Iturbide, Amaia. B. GANDIAGA, J.A. ARTZE ETA X. LETEREN POEMAGINTZA. POESIA TRADIZIONALAREN BIDETIK. Erein, 2000

Oronoz, Belen. GAZTERI BERRIA, KANTAGINTZA BERRIA. Erein, 2000