Mila ezker
Mila ezker
2009, saiakera
88 orrialde
978-84-92468-10-2
azala: Gorka Lasa
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
1995, kronika + argazkiak
 

 

Ezkerrak versus eskuinak

 

Zeruko Argia aldizkariak editorial kutsuko irakurgai bitxi bat argitaratu zuen 1976ko apirilean, eskuz banakako pilota txapelketako finalaren karietara. Retegi I eta Lajos ziren lehiatzekoak, 70eko hamarkadako izarra eta haren ohiko aurkaria, urtea joan eta urtea etorri, orpoz orpo segika izan zuen pilotaria. Denboraldiko norgehiagoka esperatuena, ordea, ez zen burutu. Eskuetako oinazeak ez zion Retegiri hitzordu aldaezin horri eusten utzi eta txapela, jokoan irabazitakoa izan ez bazen ere, Lajosek jantzi zuen. Bigarren garaipena zuen honek. Besteak, iloba Julianek deitura ostu zion arte ezker paretetako aztia izan zenak, zazpigarrena irabazteko aukera galdu zuen.

        Aipatu berri dugun orri beteko artikulu honek ez zekarren partidaren atzerapena errefusatzeak piztutako eztabaidaren berririk, ez bi nafarrok markatutako aroaren ezaugarriak eta nondik norakoak xehatzeko ahaleginik, ezta gertaerari lotutako bestelako azalpenik edo iritzirik ere, aldizkariaren azalak berak —pilotaren gaiari emana— eta Retegiri eginiko elkarrizketa minimalista batek antzekorik iradoki bazezakeen ere. Horren ordez, pilota jotzeko moduen analisi abstraktuago bat eskaintzen zaio irakurleari; ezkerra edo eskuina, hobea zein den epaitzera datorren analisi gordina, klabean esandako gakoz eta keinuz josia:

 

        Nork irabaziko ote du partida? Eskuinak ala ezkerrak? Ikuskizun da. Aurtengoz ez dugu jakingo. Hurrengo urtean, agian.

        Egia esan, ezkerrak asko harritu eta liluratu izan gaitu. Izan ere, inork uste ez duen jokoa egiten du ezkerrak. Noiznahi uzten gaitu ahozabalik. Ez dakigu nora joko duen: zabalera, txokora, atzera, erdira ala bietara. Bihurria eta harrigarria da ezkerra. Aldiro egiten du zerbait berria.

        Baina egiazko ezkerrak badaki ongi eskuina ez dela gizagaixo bat. Eskuinak ezkerrez ere jokatzen duela gogoan izan ohi du. Ondo ohartzen da ezker-eskuin ondo jokatzen duenik ere badela. Ezker-eskuinak onak dituenaren aurka jokatzen ari den ezkerrak, txorakeria gutxi egin ohi du. Harrokeria gutxi izan ohi du.

        Ezkerrak txalo asko jasotzen duela eta, besterik gabe beti ezkerraz jokatu nahi duen ezker txangoa da gogaikarria. Egiazko ezkerra, estuasunean, eskuin txangoz ere saiatu egiten da. Jendeak barre egingo ote dion beldurragatik ez da ahalegina egin gabe geratuko. Ezkerraz ezin denean eskuinaz saiatzen da, baldarka bederen.

        Ezker txangoari, ordea, hori lotsagarria iruditzen zaio. «Munduan bat baldin bada» jotzen du erronka. Bere ezkerra baino hoberik munduan izan daitekeenik ez zaio iruditzen. Ezker-eskuin onik duenik badela ez da ohartzen. Eta jakina, eskuinak, aurrean, zabalean, txokoan, eskuinean, ezkerrean eta nonahi sartzen dizkio tantoak. Ezkerra bera ere ezker txangoarena baino mila aldiz dotoreagoa, bizkorragoa, egokiagoa eta indartsuagoa du.

        Ezker txangoak eskuinari egiten dio jokoa beti. Eskuina indartzen, harrotzen eta lotsagabetzen duen txori-izugarri bilakatzen da ezker txangoa. Ezker txangoa laguntzat hartzen duenak ez du partidarik irabaziko.

        Ezker txangoa egiazko ezkerrari hurbildu nahi izaten zaio. Egiazko ezkerraren itxurak egin nahi izaten ditu. Ezkerrarentzat ezker txangoa baino gauza arriskutsuagorik ezer gutxi da. Egiazko ezkerra kontuz ibili ohi da eskuinarekin. Izan ere bai baitaki eskuina ez dela edozein. Baina ezker txangoa, berak uste baino askoz ere eskasagoa denik ezin sartu ohi zaio buruan. Gehiegi fidatzen da. Hor da okerra.

 

        Eskuinak ala ezkerrak irabaziko ote du? Partidua ez da tanto batera. Luzea da. Hogeita bira da. Ez dezagun etsi.

        Neurketa hartara bildu behar zuten bi protagonisten joerak ezagututa, Joan Inazio Retegiri zuzendutako purrustada izan litekeena susmatzen da izenpetu gabeko lerro hauen artean; aurkariak eskuin boleaz birrintzen zituenekoak aski famatzen diren arren, kolpe erabakigarrienak soilik ezkerrez taxutu izana leporatu nahiko balio bezala. Eta Julian Lajosen aldeko isilpeko apustua eman lezakeena ere bai, beharbada.

        Errepasoak errepaso, gaurko jokalariek eta bereziki aurrelariek ondotxo ikasitakoa esatera dator artikulua: birtuosoenak ere, Diego Maradonak ez bezala, alde makalena trebatuz zaintzen dituela bizkarrak.

        ...Ala politikaz ari zen?