Gastibeltzaren karabinak
Gastibeltzaren karabinak
Marc Legasse
taldea: Maskarada
1985, antzerkia
78 orrialde
84-398-5149-9
Marc Legasse
1918-1997
 
 

Legasse-Sastre elkarrizketa

Alfontso Sastre.- Elkarrizketari hasiera emateko, ea «Gastibeltzaren Karabinak»en estrenaldia zuk teatroarekin izan duzun lehen kontaktoa den jakin nahi nuke.

Marc Legasse.- Bai nire lehen kontaktoa da. Urduri samar nago, zeren eta oraingo honetan liburuen mundutik kanpo aterako bait da nire obra eta nire pertsonaiak bizirik ikusteko aukera izango dut eszenario baten gainean.

Sastre.- Esperientzia berri bat izango duzula diozu, eta eritziz oso interesgarria, eta euskal antzerkigintzarako ere oso esperientzia garrantzitsua ere izan litekela uste dut. Eta hau, ez diot zu aurrean zaudelako, jadanik eritzi hau esana daukat zenbait alditan ere eta dakizunez, «Karabinen» irakurle amorratua izan naiz bai bere lendabiziko bertsioan, bai orain Maskaradak presentatu duen teatrorako moldaketa irakurtzerakoan, gainera zuk idatzitako obraren zentzua oso ondo agertzen jakin duela iruditu zait.

Legasse.- Eskerrik asko Alfontso. Teatroari buruz zuk nik baino gehiago dakizu baina ni ere bat nator zurekin. Uste dut Maskaradak nire liburuaren mamia azaltzea lortu duela, hots, euskal senaren eta barne espiritualaren alderdi barrokoa, naif kutsua eta sinplezia.

Sastre.- Zure obran hainbat paradoxa aurkitzen ditugu, besteak beste, Euskal Herriaren ispiritua nabari zaion obra izanik Euskal Herriarengandik kanpoko erreferentzi askotaz baliatzen dela. Espaniar autore klasiko batek, Torres Narsok mota bitako komediak desberdintzen zituen: «Comedias a noticia» eta «Comedias a fantasía» deritzenak. Lehenengoetan gai historikoak erabiliko ziren eta «Comedias a fantasía» izenekoetan asmatutakoak, hots, gertatu gabeko gaiak, gai historikoetan eta gertakizunetan oinarritu gabekoak. Oso zail kokatu genezake zure obra multzo handi bi hauetako edozeinetan, horretan datza obraren paradoxikotasuna. Begien aurren nabarmentzen denari jarraiki, «Comedia a fantasía» batez ari garela pentsa genezake, alabaina, euskal notizian, Euskal Herriaren burruketan oinarriturik dago eta hauxe dugu zure obraren berezitasun paradoxikoa, edo barrokoa nahi baduzu, nire eritziz.

Legasse.- Nik gehiago ikusten dut «a fantasía» delako sailean. Izan ere, egilearen jazar-ideiak direla medio, guztiz iraulirik agertzen da egia historikoa eta historigileei ez diet bat ere aholkatzen bertan esaten diren gauzak hitzez-hitz aztertzea.

Sastre.- Zurekin ados nago zure obran fantasia gehiago dagoela esaten duzunean, baina fantasiaren aldeko apostua eginez errealitatearen eta irudimenaren arteko harreman bat dagoela ere esan dezakegu, halako irudimen dialektiko bat nabaritzen delarik, irudimen aldea biziki azpimarratuz, baina zure obra herri konkretu eta mugatu batez ari dela eta ez edozein herri kosmopolita edo urrutikoaz haintzat harturik, eta kontutan hartzekoa da hori obra honek inkorporatzen duen beste zenbait elemento fantastikoren bidez azaltzen zaigula.

Legasse.- Euskal Herriak mitika ekipaia haundi bat daroala uste dut; euskal mitoak ikasle asko izan ditu: Barandiaran, Caro Baroja eta hainbat gehiago, eta euskal mitotik eta mitikatik euskal mistika atera da, hau da, euskal mistizismo bat sortu dela uste dut, eta mistizismo honek eragin haundia du jendearengan, jende honek nahiago du hilik suertatzea euskalduntasuna uko egitea baino. Victor Hugok esan zuen euskaldun batentzat «euskaldun izatea» erlijio bat zela. Azken batean, nik egin nahi izan dudana eta Maskaradak ere, mistiko-mitiko-humoristiko nahaste barroko hau izan da.