Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

SAMURTASUN POLITIKO BAT

 

Elkartasun basati bat sumatzen ahal da

behinola taberna-zulo berak

konpartitu zituztenen artean.

Konplizitate isil bat elkarri begiratzean,

iluntasuna laztanekin igurzten zituzten haiek ikusita

egunen zama bidegorrian izerditzen duten hauen lekuan.

Geografia estu bat bestearen ileorde zurian,

aukeren mundua ahoskatzen zuen hura

uzkurturik sentitzean.

Gogoaren antzaldatze bat,

poema kaskarrenak posible egin zituzten

azal tenteen soinu banda aditzean.

Jakinduria mutu bat,

oraindik sentitzeko gai diren

gorputzen janzkeran,

erretirotik urrun diren isurien egarrietan.

Samurtasun politiko bat,

galdera lizun batek urruntzen duen

iragan komunaren bidean.

Konspirazio poetiko bat,

behinola aukera zena

egun fikzioa dela jakinik,

norberaren gezurrak sinesteko prest daudenak

eroak baizik ez direla aitorturik,

osasun txepel hau gehiegi maite dugun honetan.

Herrentasun eder bat,

balizkoen agenda murriztuari erreparatzean.

Porrot sentsazio gozo bat,

eskutik

helduta

ahur.

 

 

 

© cc-by-sa Oier Guillan

 


www.susa-literatura.eus