DARDAREN INTERPRETAZIOA 2
Queensboroko zubiaren bestaldean
East River ertzeko faktoria birrinduan adreiluak
biltzen dabiltza gazte mexikarrak.
Osorik dauden adreiluak baino ez zaizkie baliozko.
Hamabost xentimo ematen diete bakoitzeko.
Izan zituen behiala leihoak eta beirak faktoria zahar
gaur birrinduak.
Faktoria suntsituko leihoetan behin
Empire State eta
Ezpainetako Barra eta
Chrysler Building
eta gainerako etxeorratzak islatzen ziren.
Ehundegi bat zen faktoria hura eta alkandorak
josten zituzten mexikar emakumeek,
egunean hamalau orduz,
pedaldun makinaz. Erne. Entzun daiteke gaur ere
makina gelako pistoien zarata.
Hatzen pespunte dardartian, leihoetan islatu
zerulerroko eraikinak urtzen zirenean,
irudi zen etxeorratzen zerulerroa bera
josten zutela emakume mexikarrek,
eraikuntzei eta argiei
hartzen zizkietela bebarruak ilundu ahala,
eta hiriak jarraitzen zuela arnasten, haien hatzez
jositako botoietatik.
Eta ohartzen ziren emakume mexikarrak hala zela
zinez
ezinbestekoa zela haien lana munduarentzat.
Dardara egiten zuten hatzek gero,
eta etortzen zen gaua adreiluak inarrostera
beren aurri etorkizuna iragarriz.
© Harkaitz Cano