Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

10

 

Kantari hasten nintzelarik liluratu egiten ninduten fokoek

Begiak balira baino biluztenago ninduten

Eta alarmak argiak itzalarazten zituelarik

Linternak ateratzen zituzten ofizial gazteek arauak hautsiz

Nire gorputza metrailatzeko Atlantikoaren erdian

Atlantikoaren azalean banengo bezala zabal

 

                   Utz nazazu hondoraino

                   Ezagutzen dut han

                   Inoiz zarratzen ez duen taberna

 

Orain batzuetan tristura etortzen zait ustekabean

Negarrez hasten naiz malkorik gabe

Pariserako trenaren fistuak abiatzea gaztigatzen duenean

Panpinatu egiten naiz eta ahotsik zakarrenaz

U-115 urpekontziaren himnoa kantatzen dut

Oroitzapenak hondoratzeko arao eztia

 

                   Utz nazazu hondoraino

                   Ezagutzen dut han

                   Inoiz zarratzen ez duen taberna

                   Utz nazazu heriotzaraino

                   Ezagutzen dut han

                   Beti zabalik duen maitasuna

 

Eta maitaleak daramatzan trenaren amorruak

Geltoki ondoko etxe honen argiak ikaratzen dituelarik

Nire biluztasunak alarma eragiten zuen garaia datorkit

Koru hordi bat datorkit etsaiaren 636 urpekontzi hondoratuetarik

Eta orduan bengala gorri bat lanbroan da nire kantua

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus