Bildumaren zerrendara itzuli

    —1—     —2—     —3—     —4—

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

JENDE ZUHURREN ARTEAN AFALDU NAIZ BART

 

                        Dana emon bear jako

                        maite dan askatasunari

                                        ( Lauaxeta )

 

Jende zuhurrez inguratua afaldu naiz bart.

Eta saiatzeagatik ere

ezin izan dut ezta garaurik ere maitatu,

hain baitziren zuhur,

hain baitziren artatsu eta ordenako,

diruaz, jendeen esamesaz,

eta oi Jainkoa

indarkeriaz, odolgaiztoaz eta besterenganako errespetuaz.

 

Horregatik, Jauna,

beldurrez eta guztiz ere,

Ebanjelioko fariseua bezala senditu naiz,

ez bainaiz, oi Jainko ahalguztiduna, haiek bezala,

azalez eder,

bihotzez zahar,

amodioz

zikoitz, seguru eta boteretsu.

Euskalduna bainaiz,

Euskal Herriko lur sagaratuaren seme errumesa,

mundu honetan ezin lapur diezadaketen dohain bakarra.

 

Massachusetts-eko Cambridge-n

1989.eko udazkenean

 

 

© Andolin Eguzkitza

 


www.susa-literatura.eus