Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Gorgoina

 

 

Munduak itzulika jarraitzen duen artean, konflikto basikoenak entretenituz, gorgoina aulki batean jarririk dago neska tipi bat.

        Bost urte betetzen ditu gaur Maikak eta bilintxi-balantxa dabil baratze zolan, zangoak ahal bezainbat luzatuz. Orain arte saiatu da nola edo hala oldarra hartzen, pusaka eta gorputza balantzaka, abiadura hartzeak eta egoeraren menperatze eskasak kilikak eragiten dizkio sabelean. Ez du deus gehiagoren beharrik, dena badu neska tipi horrek: hain da erraza. Dilin-dalan darabiltza zangoak eta gorputz gainaldea, batean gorago heldu nahian, bestean, atzeraka urrunago joan beharrean, berriro ere aurrera abiatzeko, adatsa airean.

        — Hala! Bat, bi, hiru, lau!...

        Belardiaren beste puntan, etxeko atarian agertu da osaba aldean duela lehengusina handia:

        — Zatoz, Maika! Oraintxe abiatuko dugu marrazki biziduna. Denak jarriak gara eta zure zain!

        Noizbehinka neskatoari ziztu biziak barna iraultzen dionean oldarra doitzen du. Laster gaina harturik, lorietan berriz ere gorputza orekaren mugetaraino makurtuz kementsu ekingo dio.

        Libre da Maika. Segitzeaz edo gelditzeaz, nahi duenaz, eta horri ez dio lotsarik, bai kuraia bere izariko dozenaren heinean. Haize ufada bakoitzean askatasuna besarkatzen du, arnasaldi bakoitzean heltzen dio eta irensten erraietan oratzeko. Ez dio axola oinak lurrean herrestan minduko ote dituen, ez dio inporta saihetsetik edo gibeletik oldarra ematen dionak huts eginen ote dion, ez dabil galdezka sokei nahiko azkar heltzen ote dien, goregi ez doa sekulan eta gibelera egiteak ez dio axola, ingurukoen begi onaz axolarik gabe. Irabazteko ausardia. Galtzeko arrangurarik ez. Zentimetroak hartu arau lapurtuko dioten libertatea.

        Goizetik arrats arituko litzateke bilintxi-balantxa, bizia gozagarriagoa egiten dion artean, aspertu arte, orduan neholako abisurik gabe hortxe berean abandonatuko bailuke gorgoina, irringarriagoko zerbaiten menturan.

        Horrela segituz gero oin puntekin zerua hunkiko du laster eta ortzimuga jan lezake: xantza.

        — Bat, bi, hiru, lau!...

 

 

 

© cc-by-sa Bea Salaberri

 


www.susa-literatura.eus