Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Garbigailu-larsen

 

 

Sartzerakoan igarri dut garbigailua martxan dela, engoitik zikloaren erditsutan. Ia hautemanen den urruma eztia da, tarteka nahasiagoa eta kementsuagoa. Istant bat iragan ondoan, usaia harturik ez dut gehiago entzunen ere. Bilduko nau, noizbehinkako tirrinta ozen eta samin batek haren presentzia oroitarazi arte. Azantza horrek entretenituko du bakardade isila eta aldi berean apurtuko, eztiki: etxearen eta familiaren arima eta murmurioen transkribatzailea da, leku hauetako izpiritua.

        Badituenez zenbait urte dagoeneko, zoratuko da erraz programa bukaeretan, huts egite tipiak gertatuko zaizkio, akidurazko ur xirripa isurketak, egoitzako trenkadak oro bibraraziko. Bizkitartean, barkatuko diogu, badituelako haren alde sekulako zuriketa galka aldiak buruturik zintzoki: mendi ateraldietako galtzerdi mutxitu istilez beteak, jantzi finagoak eta dentelak, erridauak... On-gaitzen lekuko konstantea da haren zokotik. Horregatik, egin duen lan guziaren esker onezko ordainez, ez dut aldatu nahi, erabat iraungi arteko tartearen faborea eginen diot. Dena den, berriak ez luke berehalakoan doinu bera, guri eta lekuari ohitzeko denbora beharko luke, izpirituaren xurgatzeko tartea; zenbait astez arrotza litzateke gure artean.

        Korrokan, babesa adierazten dit. Bakarrik faltako zait zangoak barneratzea txapinen zorro epeletan eta orkatiletan gora igaten utzi abandonuaren eztia. Soinu banda gisa noiztenkako garbigailu-larsen goxoa.

 

 

 

© cc-by-sa Bea Salaberri

 


www.susa-literatura.eus