Zaharrak ez zuen hil nahi
Zaharrak ez zuen hil nahi
2011, nobela
160 orrialde
978-84-92468-32-4
azala: Unai Iturriaga
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2015, nobela
 

 

M.M. in memoriam

 

Ehorzleak ez zuen eragozpenik jarri nire lagunek Poli Urizarren koadernoa irakur zezaten, ezta eurak ezagutzeari ere. Bere etxera eraman nitzala eskatu zidan. Larunbat arratsalde batean joan gintzaizkion. Ohi bezala, edana eta puru bana eskaini zizkigun. Agustinek ea maria erretzerik bazen galdetu zion, eta ehorzleak ekiteko keinuarekin erantzun.

        Aitaren konturik ez zen ia aipatu, antza ez zuen ordurako interes handirik; beharbada, Poliren koadernoa zelako hara eraman gintuena. Polik eraman gintuela egia izanda ere, gu laurok batu gintuena, ordea, aitaren kontua zen. Nik neuk ez nuen ahaleginik egin Poliren haria utzi eta Cosmerenari heltzeko.

        Erabakia nuen eskuratutako datuen azterketaren ondorioz osatutako hipotesiaren berri amari eta izeko Margaritari ematea. Bataren senarra eta bestearen neba ez zen Alluitzen hil. 1972ko maiatzean desagertu zen, bere borondatez. Hilabete lehenago, Aste Santuan, Hondarribira joan zen Rubiorekin, bitxigileak han zeukan apartamentu bat ikustera eta bertako giltzak hartzera, izan ere, sei hilabetez erabiltzaile izatea irabazi baitzion jabeari jokoan. Honaino datuak.

        Orain hipotesiak. Probableenetatik ahulenetara. Laguntza logistikoa Bolatoki tabernan aurkitu zuen. Apartamentuarenaz gain, forentseak erraztuko zion bidea heriotza egiazkotzat jotzeko. Mahai hartan aurkituko zuen laguntza, nortasun berri bat osatzeko behar diren agiriak-eta eskuratzeko. Ziur Bolatokiko nagusiak eta mahaikideek esandakoa baino gehiago zekitela. Euren erreakzioak ikusita, beharbada, alda nezakeen hipotesia eta arrastoaren bila jarraitu, baina ez nuen uste hala izango zenik. Ezta nahi ere.

        Zalantza batzuk nituen. Bolatokiko nagusiak eta joko-mahaikoak ez ezik, izeko Margaritak esan gabe zeukan zerbait ba ote zegoen, ea zerbait zekien aitaren bizitza aldaketaz. Ez nuen uste. Desagerpenarena aipatu nionean izandako jarrerari erreparatuz gero, ez zekien ezer. Edo aktore galanta zen. Banaketaz agian bai, litekeena da zerbait gehiago jakitea, jakin zezakeen zergatia bera ere.

        Ehorzlearen etxean solas egin genuen dueluez, hilerriez eta beste hamaika kontuz. Batez ere Poli Urizar eta Asun izan genituen hizpide. «Beste ezpal bateko jendea», esan zuen behin baino gehiagotan ehorzleak.

        — Koadernoak aurkitu nituen egunean dozena erdi bat aldiz irakurriko nituen —bistakoa zen, buruz baitzekizkien hainbat pasarte—. Handik urte batzuetara, Franco hil zen urte berean, Poli Urizarren bidaia egin nuen, lehenengo koadernokoa. Bere herritik La Arboledara joan nintzen, handik Bilbora, Bilbotik Madrilera, eta buelta Bilbora. Hirugarren koadernoa, hala deitu diot jakin ez arren zenbat izan daitezkeen 1906-1936 artekoak, agian batere ez, ba, hirugarrena Poli Bilbon dela hasten da. Bartzelona, Paris, Baiona eta beste hainbat tokitan ibili zen, 1952an Bilbora itzuli arte.

        — Gustatuko litzaidake jakitea non eta nola elkartu ziren berriro Asun eta Poli —esan zuen Aitorrek—, ze, ez didazue esango, hor bai dagoela mamia.

        Ziur naiz denok genuela buruan kontu hori, beste inkognita guztien gainetik ez bazen ere, zerrendan oso goian bai bederen.

        Nire pentsamenduetan barna balebil bezala jarraitu zuen nire lankideak.

        — Horixe da, niri behintzat, gehien interesatzen zaidana. Elkarrekin eman zuten denboran zerbait gertatu zen, zerbait erne zen, eta baita moztu ere. Ezinbestean moztu. Eta hor agertzen zaizkigu berriro elkarrekin berrogeitaka urteak pasa eta gero.

        Ehorzleari begira geratu ginen hirurok. Honek, ordea, ez zuen azalpenik emateko trazarik. Trago bat orain, puruari tira gero, hiruroi begiratzen zigun irriño bihurriz, gure jakin-mina handitu ahala handituko balitz bezala bere gozamena.

        — Eta, zer gertatu zen Artemiorekin? —galdetu zion zuzen Agustinek.

        — Artemio eta Asun bikotea ziren Ollerietan Poli hartu zutenean —ihardetsi zion ehorzleak—, eta Asun eta Poli bikote izan ziren etxe honetan. Eguraldi lasaiarekin ere konplikatuak dira pertsonen arteko harremanak. Atera itzazue, ba, kontuak zelan erabil lezaketen jendea belaunaldi horrek bizi izandako haizeek eta ekaitzek iragan mendeko lehen erdian, are gehiago belaunaldi horretan hauspoari eraginez ibili zirenen bizitzak.

        Orduak aurrera, goizeko txikietan sartuta, hasi ziren proposamenak ere agertzen, hala-moduzkoak batzuk. Aitorrek, ekintza gizona nonbait, bota zuen gustatuko litzaiokeela berari ere Poli Urizarren ibilbidearen lehen zati hori egitea.

        — Eta baita ere Madrilgo Kale Nagusiko 88an Calle de Mateo Manterola plaka jartzea.

        — 1936an, gerra hasi eta hiru hilabetera —azaldu zigun ehorzleak—, udalak hainbat kaleren izenak aldatu zituen Madrilen, berrehunen bat. Mateo Morral izena jarri zioten Kale Nagusiari.

        Esango nuke honek animoak gora eraman zituela, izan ere ehorzlearen etxetik alde egin baino lehen hartua genuen erabakia. Kaleari izena aldatu ez, izena aldatzeko plaka bakarra ez baita aski, baina bai M.M. in memoriam testuarekin plaka bat jarriko genuela Mateo Morral kalea izandakoaren 84an, ehorzleak argitu baitzigun 1906ko 88a gaurko 84a dela. Agustin arduratuko zen plaka eta hau hormara iltzatzeko behar zirenak ekartzeaz. Buzo bana ere agindu zigun, bizkarrean Construcciones y Derribos MM idatzita. Eskailera Madrilen bertan erosiko genuen. Eskuratu, esan zuen Aitorrek, eskuratu.

        — Handik itzulitakoan, hirugarren koadernoaren kopia bana emango dizuet —hitza eman zuen ehorzleak.

        Ehorzlearenean nire aitaren konturik aipatu ez bazen ere, handik irtetearekin batera esan zidan Agustinek:

        — Ez zakiat zergatik zuzendu zen higana ehorzlea, eta ez hire amarengana.

        Susmoa hartua zuen, nire amak zein izeko Margaritak bazutela kontu guztien erantzuna. Baita ehorzleak berak ere.

        Nik, ordea, galderak baino ez neuzkan. Anabasa batean agertzen zitzaizkidan, euren bila joan gabe. Eurak zetozen, gutxien espero nuenean. Pentsatzeko besaulkian eseri orduko, Agustinen hitzak nituen ganbaran dantzan. «Ez zakiat zergatik zuzendu zen higana ehorzlea, eta ez hire amarengana». Neronek ere ez. Ez zen halako lanak zituen lehen aldia izango. Ez dut uste beti mugitu beharreko gorpuen familiako norbaitengana zuzenduko zenik, are gutxiago ordubete barru kanposantuan hitzordua jartzeko. Zerbait zeukan gurekin. Gezetatarrok zerbait ginen beretzat. Ehorzlearen etxetik irtetean izan nuen sentipena, orduan Agustinek barik, Aitorrek galdetu zuenean: «Baina, hire aita zergatik desagertuko ote zuan?». Ez zakiat. Berresten dudana da ez dagoela loturarik banaketaren eta desagerpenaren artean. Ezinezkoa da.

        Nork ez du izan, behin edo behin, desagertzeko gogoa. Buruaz beste egitea da moduetako bat. Izenaz beste egitea beste bat. Kontu existentzialak egon daitezke izenaz aldatzeko arrazoien artean. Besteak existentzia bera jokoan izatearekiko kontuak dira. Bizia, bizirautea, jokoan. Hauetariko gehienetan diru kontuak dira bizia edo bizirautea jokoan jartzen dutenak. Litekeena da aita bizitzaz gogait eginda egotea. Eta horrexegatik beste nonbait, beste norbait. Litekeena da, baita ere, zorrek janda egotea. Jokoan galdutakoengatik, nahiz eta ezin ahaztu jokoan irabazi zuela bere ihesaren hasieran erabili zuen pisu frankoa. Edo aseguru etxean egindako badaezpadako operazioengatik. Horrenbestez, izan zitzakeen kartzelaren edo eraso fisikoen mehatxuak. Pisuzko motiboa, irtenbide drastiko bat bilatzeko. Eskura nezakeen informazioa honetaz. Aski litzateke Bolatokiko jokalari ohiengana edo amarengana edo Margaritarengana jotzea. Zerbait atera nezakeen, bila segitzeko zerbait. Sekulako nagia ematen zidan. Ez zitzaidan interesatzen jakitea, ea aseguru etxeari lapurretan egin eta harrapatu zutelako desagertu zen aita edo hartzekodunen batzuek sikarioak kontratatu zituztelako berari eskarmentu eder bat emateko. Denboraz prestatutako plan bat gauzatuz desagertu zen. Itxura guztien arabera, planaren betetze maila erabatekoa izan zen. Bejondeiola.

        Desagerpenaren eta banaketaren artean loturarik ez zegoela erabaki nuen arren, desagerpenari buruz pentsatzean banaketa zetorkidan beti burura. Banaketaz pentsatzean, ostera, ez nuen desagerpena gogoratzen. Honek zer pentsa ematen zidan eta ematen dit. Bateko zein besteko pentsamenduetan ehorzlea da, lehentxeago edo geroxeago, beti agertzen dena. Sarritan akordatzen naiz, Elenak, elkar ezagutu genuenean, egin zidan baieztapen batekin: «Ez duzue antzik», esan zuen Bolatokin aita seinalatu nionean paretako argazki batean. Paranoia hutsa dela esaten diot neure buruari. Baina neure buruak ez dit sinesten. Beno, agian sinetsi bai, baina ez du hori baino egiten. Ezin du eragotzi puxika bat balitz bezala barrenean puzten zaidan ideia hori. Mamu hori. Hipotesia arrazoiaren fruitua denez, ez da hipotesia. Beste zerbait da. Litekeena da amarekin ibili zen gizona ehorzlea izatea. Ez daukat daturik. Ez dago horra eraman nazakeen arrastorik. Eta hala ere, behinola ehorzleak esandakoa etortzen zait: «Aspaldi, emazte batengatik desafioa egin nioan senarrari, edo agian berak niri, ez diat ondo gogoan». Tira, izango ziren gizon gehiago Mahatserrian. Baita Mahatserritik harago. Dena den, ez dakit zergatik, probableago iruditzen zait etorri berri batekin endredatzea. Datek ez dute aukera hau eragozten. Tarte labur batean gertatu zen dena: ehorzlea Mahatserrira etortzea, ama beste gizon batekin endredatzea... Baita nire munduratzea ere. Tarte oso laburrean dena. Ez zen kontu luzea izan.