Errotik
Errotik
2010, nobela
200 orrialde
978-84-92468-24-9
azala: Unai Iturriaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2023, antzerkia
2018, saiakera
2015, nobela
2007, poesia
2004, poesia
Errotik
2010, nobela
200 orrialde
978-84-92468-24-9
aurkibidea

Aurkibidea

—2—

—3—

 

 

—1—

 

Minbizia dudala jakinarazi zidatenetik bost urte joan dira. Koloneko minbiziaren eraginez heste zatitzarra kenduta, bost urte itxaron behar nituen gaitza berpiztuko zitzaidan jakiteko; bost urteren ostean berriz ez agertzekotan, libro nintzen. Hilabetea falta zenean joan ginen hiru hileroko azterketa egitera. Minbizia berriz ernaldu zitzaidala esan zidaten. Eta ospitalean daroadan hirugarren astea hasteko bezperan baieztatu didate: metastasia.

        Koadernoa eskatu nion atzo alaba zaharrenari. Agian lerro hauek idatzi ahala azaleratuko ditut aspalditik nerabiltzan susmo txarren zergatiak; agian nire bizitzaren berri emateko idatziko ditudan orriok izkiriatuta deskubrituko dut, neuk ere zergatik nekien minbizia berriz ernalduko zitzaidala; agian nire bizitza kontatzeko dudan ezinbesteko behar hau da susmo txar guztien froga. Berbak barrenetik erauzten ditudan neurrian ulertaraziko dut zerk eragin zidan minbizia, berbak askatzen ditudan neurrian askatuko da gure alaba zaharrenak hartu duen bideak non duen hasiera.

        Lerro hauek ez dira edozeinek irakurtzekoak. Menturaz ulergaitzak egingo zaizkio gazteegi irakurtzen dituenari, menturaz ulergaitzago helduaroan denari. Ez berben hurrenkera ulergaitza delako, bai erabakiak pertsona adina har daitezkeelako. Neuri ere, korta bete behiek baino gehiago hausnartuta ere, nekeza egiten zait nire amiltzearen arrazoiak ulertzea, gaitza suertatzen zait bizitzearen alde zein gutxi borrokatu naizen konprenitzea. Ez nuke gura balizkoa ere izango ez den aitita naizen honengatik inork ernegatzerik, nahikoa egin zuten alboan bizi izan zirenek. Nigatik horrenbeste borrokatu duen Marik egunerokoei lotutako pasadizo mordoa kontatuko lituzke, nire kontakizun hau baino erakargarriagoak. Jaiotzen ere ikusiko ez dudan balizko iloba imajina nezake, askaltzen ari dela, asmatutako eta egiazko hamaika ipuin eta konturekin aho zabalik, igogailurik gabeko zazpigarren solairuan dagoen 68 metro karratuko pisuan bizitza landa berdez inguratutako baserrian litzatekeenaren antzekoa irudikatu gura duen amamari adi-adi, otordua prestatzen duela, irratian trikiti doinuak entzunda odola berotuta fandangoa, arin-arina edota porrusalda dantzatzen erakutsiko dion amamari begira. Eperdikoren bat edo beste eman ere emango dio eta, batez ere, dena izateaz harro sentitzen irakatsiko dio. Nirekin ere ahalegindu zen, baina ni ikasle oso txarra izan naiz txikitxuterik. Hori guztia eta askoz gehiago imajina nezake; eta okerrena da imajinatu legez gertatuko dela, begiak zabaltzen ere ikusiko ez dudan balizko ilobak nire alaba izango duela ama eta, minbizi honek akabatuko ez banindu, aita naizen hau izango zukeela aitita. Haur jaioberriari erraz kontatuko nizkioke isilean gordetako guztiak. Haur bati bai.

 

 

Hamahiru urte nituela sartu nintzen Euskalduna ontziolan, umetan hasita berrogeitik gora urte Euskaldunan lanean eman zituen gure aititaren itzalari segika. Hilurren zegoela, errautsak horrenbeste urtetan bizileku izan zuen dikean zabaltzeko eskatu zigun, egun Bilboko Itsas Museoa deritzonaren parean. Euskaldunan igarotako urteei buruz etxean egin zituen aipamen apurretan, lanaren latza eta lankideekiko adiskidetasuna azpimarratzen zituen. Lankideak etxekoarteko zituen.

        Ikastun sartu nintzelarik, ikasi eta era berean lana egiten genuen, Euskaldunak berak, beste ontziola askok legez, bere eskola baitzuen. Eskolotan ikasten genuena praktikatzen genuen itsasontzietan. Aitaren antzera, errematxatzailearen laguntzaile hasi nintzen lanean, XX. mendeko hasieretan itsasontziak errematxez gorpuzten baitziren, ez soldaduraz. Itsasontzia osatzen zuten xaflatzarrak batzeko, errematxatzaileak mailutzar batekin jo eta jo egiten zituen ukabilak halako errematxe edo torlojuak, eta laguntzaileak kolpeei eutsi egin behar izaten zien. Egundo lan nekagarriagorik!

        Aita langile izateak lehentasuna zemaigunez, etorkizunean zein ogibide izango nuen pentsatzeko astirik ere ez zidan eman. Hamalau urte nituela hasi nintzaion estatuari irabazten nuenetik zatikia ordaintzen. Orduko hamalau urte gaurko hogei ziren. Orduan irabazten genuena ez zuen edonork irabazten. Diruak neke guztiak ahaztarazten zizkigun, dirua baita oroimena sobornatzen lehena.

        Soldagailu elektrikoak agertu zirenean, ordura arte Euskaldunako langileen erdia osatzen genuen errematxatzaile zein laguntzaileok, soldatzaile edo galdaragile lanetan aritzeko hautua egin behar izan genuen. Nik bigarrena hautatu nuen.

        Ikasle txarra nintzelako, garai hartan liburuetatik ezer ikasi gura ez nuelako sartu nintzen Euskaldunan, lanean hastea beste irtenbiderik ez nuelako. Minbizia diagnostikatu zidatenetik ikasi dudan guztia orduko burubakokeriaren ordaina izan da. Orduan ikasi gura izan ez nuen guztia orain xurgatu gura nuke. Hamahiru urterekin baztertu nituenak derrigorrezko bidelagun ditut orain. Tamalez ezingo ditut guztiak irakurri.

        Oso gazterik hasi ginen lana gogotik egiten. Larunbat goizak bere egiten zituen bederatzi orduko lanak aintzat hartuta, berrogeita hamar bat orduko lan astea zen gurea. Eskerrak gerora, nahiz eta sindikatuak sortzea galarazi, langileon hainbat eskakizun zein borrokaren poderioz lanaldia murriztea lortu genuen. Askoren aldarriak lor dezakeenaren lehen aztarrenak ezagutu nituen orduan. Askoren artean egindako lana beti samurragoa dela ikasten hasi nintzen. Euskaldunak desagerrarazi gura zituen diktadurapean bizi ginen, armen indarrez agintzen zutenen menpean, eta gainera langileak ginen. Diktadurari garaipen txikiena lapurtzea gauza handia zen guretzat. Urte batzuk geroago, Carrero Blanco almirantea Espainiako Gobernuko lehendakariorde izendatu zuten egunaren bezperan erdietsi genuen garaipen txiki bezain garrantzitsu hura. Eskoletan, 1936ko gerrari buruzkoak ezagutarazteaz gain, gerraostekoak ere ezagutaraziko dituzten itxaropena dut, itxaropena baitut gure historia geure oroitzapenetatik ere kontatzea lortuko duguna.

        Sindikatuak sortzea galarazita zegoela azpimarratu dut, baina bazen sindikatua orduan, goitik beherakoa, sindikatu bertikala zeritzona. Erabat arbuiatuagatik, noiz edo noiz erabili ere egin genuen zoritxarreko sindikatu hori. Berbarako, eta zehatzen gogoratzen dudala, hemezortzi urte nituela gertatutakoa adibidetuko dut. Gorriak, komunistak, masoiak eta separatistak izateagatik, langileontzako eskubideak eskatzeagatik, 3.500 langiletik 40 kaleratu egin gintuzten. Ideologia francozalekoak izan ez arren, beste aukerarik ez zegoela iritzita, sindikatu bertikaleko hauteskundeetan parte hartu genuen, ordezkari guztiak geure sokakoak izan zitezen, beste ezelango borrokarekin ustez lortuko ez genituen helburuak lortu asmoz eta hauteskundeetan beste sindikatu batzuk aurkeztuko genituen egunaren zain. Hauteskundeetan gehiengoa lortu eta bi hilabeteko grebaren ostean, hartu egin behar izan gintuzten berriro.

        Aukeran berandu baina iritsi zen eguna, eskuratu genuen gure sindikatua hauteskundeetan aurkezteko eskubidea, sindikatu bertikala makurrarazita. Sindikatu horizontala izan asmo zuen Batasunaren Aldeko Langileak haustes-zerrendak lortu zituen ordezkari gehien. Langileen aldeko borrokarako grinak iraun zigun artean mantenduko genuen irizpideetan oinarritutako sindikatua zen hura. Eztabaidatu beharrekoak, ebatzi beharrekoak, batzarretan erabakiko genituen, askoren artean, ez orain legez, hiru-lau askojakinen artean. Beti arbuiatu izan ditut askoren asanbladei zilegitasuna ukatzen dizkietenen argudioak. Asanbladak, antolatutako taldeen bazka direla diote, formazio politikoa dutenak ateratzen direla beti garaile, jendeari iritzia, bozka, sekretuan emateko aukera eman behar zaiela. Egundo ez dut gezur hori sinetsi. Pertsonok, mundu arrano hau kakazten hasi ginenetik, batzartuta hartu izan ditugu erabakiak, batak besteari entzunda aberastu dugu pentsaera eta jakinduria. Asanbladetan, ukaezinezkotzat dugun arrazoia zutabe mengelekoa dela kontura gaitezke, hurkoaren bihotz-begiak gureak ez bezalakoak direla, guretzat hil ala bizikoa dena ezdeusa litekeela askorentzat. Euren arrazoia nagusituko ez den beldur direnak mintzo dira asanbladen aurka. Entzuten ez dakienaren amarrua baino ez da. Jazintori ikasitako lehen lezioa da.

 

 

Jazinto Ibarruri, Derioko seminarioan apaizgai izatekotan sartu eta ezkerreko iraultzaile zela sinetsita irten zen zamudioztarra da. Fanon du ezizena, Frantz Fanonen Afrikar iraultzaren alde liburua eroaten zuelako gau eta egun aldean, bibliaren ordainetan. Joxe Azurmendiren Kultura proletarioaz eta Gotzon Garateren Marx eta nazioa ere estimu handitan zituen. Eta Gabriel Arestiren poema gehienak buruz zekizkien. Hasieran gogoz kontra, gerora aseezinez, neuk ere irakurri egin nituen Jazintoren liburu maite haiek. Neuk ere ikasi nituen Arestiren poema asko, Oskorri musika taldearen kantuak ezinbesteko lagun.

        Frantz Fanonen antzera, Jazintok ere zanpatuak indarkeria erabiltzeari zilegi zeritzon, erabiltzeak izua sorrarazten bazion ere. Fede kristauaren manamenduak langileen borrokarekiko sinesmen bihurtu zitzaizkiolako utzi zuen apaizgoa. Munduaren salbazioa langileen esku zegoela sinetsita sartu zen Euskaldunan, kostata, gorriegia izatea egundoko eragozpena baitzen Francoren menpeko enpresa batean sartzeko. Francoren garaiko gobernadore zibilarekin negoziotan zebilen osabaren artekaritzari esker lortu zuen ontziolako bulegoetan kontable lana. Izerdi sundatik urrun zeuden lan burokratikoak utzita, sarritan hurreratzen zen ezkutuko gure batzarretara, gerora maiz ahozgoratuko zuenez, langileen batasuna batzarretan sustraitzen baitzen eta langileen batasun horrek ahalbidetuko baitzuen faxisten azorripean zetzan Euskal Herria askatu eta iraultza proletarioa gauzatzea.

        Zertaz ari zen zehatz jakin ez arren, konturatu konturatzen ginen erabakiak batzarretan hartu genituen bitartean bat izan ginela Euskaldunako langileak. Tamalez, letra anitzetako sindikatuak sortu ahala banatu egin ginen; nork bere bidea hartu zuen; lanari dagokion ikuspegien artean gero eta troka sakonagoak zabaldu zitzaizkigun, salto batean ez zeharkatzeko modukoak bihurtzeraino. Milaka tonatako itsasontziak eraikitzeko gai baginen ere, nekez eraikiko genuen gure arteko zubirik. Ez ote ginen denak langile?

        Lanean hasi nintzelarik hilean 117 pezeta irabazten nituen, eta urtero berritzen ziren lan-hitzarmenetan lortutako garaipenen emaitza legez, lau urtera 4.000 bat pezeta irabazten hasi nintzen, tartean ikastun izatetik ofiziale izatera igaro nintzelako. Soldata batetik besterako aldea obratutako lanean zetzan, lana ezarritako epean amaitu ezean ez baitziguten berdin ordaintzen. Fanonek errepikatzen zidana gogoratuz: «Nekearen izerdia daragioten makinak behar dituzte nagusiek, hezur haragizko automatak».

        Lotsatzekoa lirudike, akaso, paperen artean, bulego bateko erosotasunean behar egiten zuen baten teoriek limurtzea, baina Fanonek isiotu zidan oraino amatatu ez zaidan langile borrokalariekiko miresmenaren sua. Fanonek eta nire izerdikideek.

        Buzoa, bokadiloa eta osasuna lagun, gaztetatik sindikalgintza zein langileen borrokak bertatik bertara bizi arren, ez genuen formazio ideologiko lerratuegirik behar gutxieneko baldintzak galdegiteko, baina ez ginen edonoren aurrean makurtuko. Francoren makilak inor kolpatzen bazuen, langileak kolpatzen zituen; eta langileetarik inongoak kolpatzen bazituen, euskaldunak kolpatzen zituen. Alabaina, makilakadak bizkar askoren artean jasotzeak arindu egiten zigun mina, ubeldurek elkartu egiten gintuzten, bat ginen egurra jasotzeko ere. Fanonen teoriek hazitarako lur joria zuten gure artean. Elkartasun hark ontziolako mugak ere gainditzen zituen, ez ginen geure zilborrei lelotuta begira geratzekoak. Ondo gogoan dut, 1968an Guardia Zibilak Txabi Etxebarrieta hil zuenean bat egin genuela mobilizazioekin, gogor egin genuela Gasteizko martxoaren 3ko hilketak salatzeko, dirua bildu genuela Burgosko epaiketaren aurkako gastuei aurre egiteko. Sindikatu bakoitzak bere sariak jasotzeko ahaleginak egiten bazituen ere, langileria ginen, hurkoekiko elkartasuna oinarri zuen langileria. Sano urte gutxiren buruan esanahia galdu duten berbak oroitzen ari naizen sentipena datorkit. Langileria. Noiz utzi genuen herdoiltzen?

        — Hi, Jazinto, ez daukak lanik bulegoan, ala? Noiz irakurtzen dituk horrenbeste liburu eta horrenbeste teoria?

        — Hara, Luis, nik ez zaukaat familiarik, eta ez nauk tabernarik taberna ibiltzeko zale. Badakik, ardoak kalte egiten zidak.

        — Monagillotan edandakoak egin zian kalte hiri, orduko laharrak!

        — Ardoak pentsamendua lanbrotu baino ez dik egiten, Luis. Eta guk argi eta zuhur ibili behar diagu, ez zaukaagu lelotzeko astirik.

        — Bizipoza ere beharko diagu, ba!

        — Bizipoza kapitalismoa garaitzen dugunean izango diagu, gura beste gainera. Orain antolatu eta ekiteko garaia duk, sasian minik hartu gabe aritzen ikastekoa.

        — Bai, arrazoi duk, baina lehenago goazen txikito bana hartzera.

        Itsasontzien azpietan gorderik batzartzeak, gure aldarriek mundua irauliko zuten itxaropenak, adorea ematen zigun, edozeri aurre egiteko kuraia. Edozelango gatazkarik egotekotan, langilerik langile, eskutik eskura, hitzetik hortzera berbagai izateko orritxoa helarazten genion elkarri. Minutu bakarrean ontziolaren jarduna gelditzeko gai ginen, minutu bakarrean erotzeko moduko astrapala barealdi isila bihurtzeko gauza ginen. Berrehun panfletoren indarrak behin baino gehiagotan jaitsarazi zuen Molto sindikatu bertikaleko ordezkari frankista, komisario politikoa, laguna bailitzan, nagusiak gure alde zeudela-eta azorriak gordeko zituztela sinetsaraztera, gure deiadarrak isiltzera.

        — Orain ere grebara deitzen? Zergatik ez duzue lehenago nagusiekin berba egiten? Nagusiak beti prest daude zuen eskariak entzuteko?

        — Eta ulertzeko?

        — Hi, Molto, hoa etorri haizen bidetik.

        — Hoa nagusiei ipurdia miazkatzera. Etorriko dituk odolkiak ordainetan!

        — Traidore zikina!

 

 

Etxean ez genuen ontziolako lanaz, gatazkez berbarik egiten, ez aita zenak, ez nik. Marik eta alabek ez dute nire ahotsetik aipamen askorik gogoratuko. Isiltzeko azturak ez dira gura beste aldatzen, hain gutxi aztura dela onartzen ez dugunean. Jokatzeko ditugun erak noiz bihurtzen diren ohitura konturatzen garenerako berandu izaten da. Gehienetan, iraganegi izaten da.

        Borrokak iraun zuen bitartean dena eman nuen neurrian ez nuen etxean deus kontatu. Emazteari aitortu izan banio tiragomak egiteko taldeko buru nintzela, poliziekin bertatik bertara kolpeka aritu nintzela, ezagutzen ez zuen gizonaren berbatzat hartuko zituen. Etxekoek ez ninduten ezagutzen. Ez zuten ezagutzen Deustuko zubia suak har zezan koktelak prest uzten zituen gizona, ezezaguna zitzaien Eusko Jaurlaritzako aurrealdea margoz zipriztindua izan zedin bezperako gaua puxikak betetzen ematen zuen taldeko burua. Arrotzak zitzaizkien suziriak pizten zituzten nire eskuak.

        Auzoko lagunek lantzean behin egiten genuen berba ontziolako lan-gatazkei buruz, urteroko batez besteko bi heriotza eta laurehun zaurituei buruz, langileon soldata eta ikasleen diru ezari buruz. Unibertsitate mailako ikasketak izateak jendartean zuen gehiegizko izen onari iseka egiteko erakusten genituen gure sosak langileok. «Liburuek ez dute ardo egarririk asetzen!» aurpegiratzen genien gure poltsikoen beroa desiratzen zuten lagunei. Askorik estimatzen ez nuen futbola izaten genuen berbagai nagusi, bi urte erreskadan Espainiako liga irabazi zuen Athletic, sorreran Euskalduna ontziolako nagusiek finantzatutako taldea.

        Haatik, borrokaren unerik latzenetan lagunak lagun izan genituen. Itxialdietan, baraualdietan, lagunen babesa eten barik sumatu genuen. Gure hurbilekoentzat, Euskaldunaren aldeko gure borroka euren borroka ere bazen. Dozena erdi ardoren ostean, poliziekin trukatutako esku-zartak antzezten genituenean, garaiezin sentiarazten gintuzten.

        Ostera, inguruko guztien babesaren beroak ere ez zidan goizeroko beldurra erauzten. Liskarrek iraun artean, lo gutxi eginda eta ikara ustezko gizontasunean ezkutaturik joaten nintzen ontziolara, egunak zer ekarriko, aurrez aurreko istiluek zein zauri eragingo. «Ezin dut hutsik egin, ezin dut hutsik egin, joan egin behar dut, joan egin behar dut» mailukatzen zidan barruak, «lehen lerroko lubakiak bete behar ditugu».

        Kontakizuna puzten ari naizela lirudike, badakit, baina horixe dut hartu genituen erabakien garrantzia ez ahazteko era bakarra.

        Gure makil dantzak konponbiderik ekarriko ez zigula oharturik ere, ezin genien burkideei etsipenerako aitzakiarik eman. PNVren esku zegoen Jaurlaritzak gure ontziolaren biziraupenerako ezelango ahaleginik egingo ez zuela ziurtatu ostean, guztiok birkolokatu arte ekin egin behar genion: «Aurrera, eutsi gogor Euskalduna!».

        Ondotxo zekiten langileon erresistentziak iraungitze data zeukala, lehenago edo geroago nekea nagusituko zitzaigula, harrien pisua gero eta jasangaitzago egingo zitzaigula.

        Garesti ordainaraztea, ez nuen beste guraririk.

        Mendekua.

        Baina gatozen kontakizun kronologikora.

        Euskaldunako gatazka hasi zenean, gu CATekoak ginen, arlo publikoko ontzigintza industrian sortu eta hildako sindikatukoak. Ezkertiartzat genituen sindikatua eta geure buruak; besteak beste, ez liberaturik, ez arduradunik, ez egitura organikorik ez genuenez, erabaki beharrekoak asanbladetan eta lan-talde irekietan ebazten genituelako. Horretan baino ez bada ere, kontsekuenteak izan ginen, berbakoak. Osterantzeko sindikatuak eskerrekotzat genituen, noski, buru-makurrak.

        — Indarkeriarekin ez duzue ezer lortuko. Negoziazioetarako giro deserosoa baino ez duzue sortzen. Tentsioa eta urduritasuna nagusi badira, ezingo ditugu denon zorionerako gutxienekoak adostu.

        — Beraiek indarkeriarekin lortzen dutena guk zergatik ezin dugun lortu azaldu egiguzue, arren. Sinetsarazi egiguzue, polizien indarrarekin lortzen dutena zergatik ezin dugun guk koktelen suarekin edota ur hodien presioarekin lortu.

        Gehiegitan errepikatuko zen ezbaia.

        Euskalduna espainolen menpekoa zela aipatu dut. Menpekoa zen Franco bizi zela, menpekoa izango zen gero ere. Bere etorkizunari zegozkion erabakiak Madril, Gasteiz eta Bilboko agintarien artean adostu zituztela konturatu ginenerako beranduegi izan zen. Etsaia urrunekoa zelakoan, ez genuen alboan ere bagenuela susmatu.

        — Bai, mobiliza gaitezen! Baina argi izan behar duzue, mobilizazioen eraginez bakarrik ez dugula ezer lortuko. Mahai-inguruan elkartu eta negoziatu egin behar dugu.

        Sindikatu sortu berrietako buruzagi erreformistek ez zuten langileon eskubideen alde kale-lanik egin gura. Euren sindikatuen nagusigoa baino ez zuten helmuga. Gaitza izaten da ohartzea, gaitza izaten da langileen ordezkaritzat aurkezten direnak gezurretan noiz ari diren antzematea. Nagusien bakerako borrokatzen zirenak bereiztea obsesio bilakatu zitzaigunetik, odola bera ere maltzurtu egin zitzaigula aitortu behar dut. Ontzigintzaren birmoldaketarekin batera birmoldatu ez ginenontzat, langileen arteko mesfidantza mila poliziaren makilakadak baino mingarriagoa zen. Lanbidearen hobetu beharreko baldintzak salbuespen, familia bat osatzen genuen, langileak izatearen harrotasunean uztarkide ginen. Sindikatu erreformistak hori guztiori desagerrarazten ahalegindu ziren heinean desagertu zitzaigun sindikatuekiko sinestea.

        Nagusien aurrean burumakurtzearen aldeko sindikatuetako eledunak epelegiak izateaz salatu genituenetik, antzuak izatetik emankor izatera igaro ziren gure ahaleginak. Itxieraren aurkako azken borroketan alboan izan genituen hasieran ekintza zuzenaren aurkakoak izan zirenak.

        Erabakigune nagusitzat batzarrak genituen langileok INTG, CAT, CSI eta LAB sindikatuak sortuta, ontzigintzako langileen borrokalari sena berpiztea beste irtenbiderik ez genuen, PSOEren asmoak geldiaraziko bagenituen.

 

 

Ekintza zuzenerako borrokalariak batzeko lanari 1983an ekin genion buru eta bihotz, jakin bagenekielako nagusien negoziatzea hobesten zuten sindikatuek enplegua erregulatzeko hirugarren espedienteari baietza eman ziotena. Euskalduna desagerrarazteari zeritzoten enplegua erregulatzea.

        — Ezer negoziatzen hasi orduko lanpostuak murriztea beste aukerarik ez dagoela argudiatuko dute. Hori izango da negoziazioaren abiapuntua, ez lanpostuak manten daitezkeen aztertzea.

        — Eta zer egingo dugu, negoziazio mahaira ez joan? Ahalik eta langile gehien mantentzea lortu behar diagu, ahalik eta kaleratze gutxien egotea.

        — Ahalik eta lanpostu gehien mantentzea? Hi zer haiz, nagusien satorra? Sindikatuak zertarako sortu ditugu, gutxienekoak lortzeko? Lanpostu guztiak mantentzea exijitu behar diagu, guzti-guztiak mantentzea!

        — Baina ez zarete benetako asmoez jabetu, ala? Euskalduna itxi gura dute, lagunok! Itxi, txapatu, finikitatu, desagerrarazi!

        — Bai zera, ez dira hori egiten ausartuko!

        — Ausartuko ez dira ba! Zuek halako sindikalista epelekin zelan ez dira ausartuko.

        — Arrazoia du. Aurrez amore emanda joan behar baduzue, ez zaiteztela joan, ez bederen gure izenean.

        — Gutxi izaki, zuek negoziazio mahaira deitu ez zaituztelako berba egiten duk horrela, bekaitzak jota hagoelako.

        — Bekaitzak jota? Zer uste duk, hire semearekin ari haizela?

        PSOEkoek negoziazio-mahaira gonbidatzen ez gintuztenean, gu joan egiten ginen. Ez gintuzten gutxiengoa izateagatik baztertuko. Gu CATekoak ginen.

 

 

1984an Espainiako Gobernuak ontziolen birmoldaketaren oinarriak ezagutarazi zizkigunean ekin genion etenbako kale-aldarriari. Birmoldaketak ez zuen atzerabiderik, gure borrokak are gutxiago.

        Lanik gabe utzi gura gintuzten, guk inoiz baino lan gehiago astinduko genien, Berregituratze guztiak basatiak dira lelopean. Irailaren 20rako deitutako greba orokorrak izandako arrakastak indarberrituta, ordura arteko borroka moldeak aldatzeko premia zabaldu zen langileon artean. PSOEren Gobernuarekin izandako elkarrizketak emaitza antzukotzat genituen, suari egurra bota behar genion garrak iraungo bazuen.

        Bi hilabete geroago Santi Brouard hil zuten. Gerrarako zirikatzen ari zitzaizkigun.

        — Gehiegizko botereak horditurik daude.

        — Edo luzaroan mamurtutakoa gozatzen.

        — Ez, ez dira horren azkarrak.

        — Ez, noski, leloak dira, gure antzera.

        — Egoeraren azterketa bihotzarekin baino buruarekin argitzen saiatzen ari nauk.

        — Amaitzen duanean esango didak zer sentitzen duan.

        — Ardurabakokeria galanta litzateke langileei eta ezker abertzalekoei, biei, horren gogor kolpatzea. Kapitalari egoera politikoa zein ekonomikoa gatazkatsua ez izatea komeni zaio. Santi erailtzea gehiegizko ausardia izan da. Herriak ez du barkatuko.

        — Zein herriri buruz ari haiz?

        Astebetean ez genuen Fanon dikeetan ikusi; ez zitzaigun Marx, Lenin edota Arestiren berbak gogoraraztera hurreratu; astebetean ez genuen lanetik etxerako bidea elkarrekin egin. Bulegopera zain joan nintzaionetan ez itxaroteko keinu egin zidan leihotik, harik eta ostiral arratsaldean, seiak baino hamar minutu lehenago, bila etorri zitzaidan arte.

        — Erantzun egin behar zieagu. Etxeko inork ez ziguk zilegitasuna ukatuko. Laiak prestatu behar ditiagu. Iraultza sozialistaren haziak sakon ereiteko sasoia heldu duk.

        Benetan ari zen, sinetsi egiten zuen aldarrikatzen zuena. Horrexek ematen zidan bekaitzik handiena.

        Jazintoren berba haiek zein jopuntu iradokitzen zuten jakiteke amaitu genuen urtea. Afrikar iraultzaren alde berrirakurtzen hasi nintzen.

        Eguneroko buruko minak ez zuen atsedenik hartzen, horratik. PSOEren Gobernuak onartutako birmoldaketaren arabera, Euskaldunan ari ginen 2.461 langileetatik 200 langilerentzako lanpostuak baino ez ziren mantenduko. Neurri hura borroka molde gogorren kontra zeuden sindikatuentzako arrantza sasoia zabaltzea izan zen. Afiliatuz gero, lanpostua galduko ez genuela edo beste lantegiren batean lortuko zietela promes egiten zutenez, lankideak saldoka hurreratu zitzaizkien. Ez diet ezer aurpegiratzen; finean, gu langileak baino ez ginen, ogia irabaztea beste jomugarik ez genuen familiaburuak, orduan sano emakume gutxik egiten baitzuten lana etxetik kanpo, sano gutxiri ordaintzen zioten soldata duinik. Lansari bakarrarekin lauzpabosten bizimodua zelan gobernatu, hori zen gure buruhauste bakarra. Marxen Kapitala irentsi ez genuenok, ezinbestean, ustez mugiezinena zen zutabeari oratu behar genion. Ostera, bazen gure artean jasotzeko beste emateko prest zegoenik ere.

        — Burkideok, PSOEkoen asmoak onartzen baditugu gureak egin du.

        — Goazen Ogasunekoen egoitzara eta erre ditzagun euren proposamenak, kalean bertan, edozeinek ikusteko eran.

        — PSOEkoei egurra eman behar diegu; ezkertiarrak direla esanez batera, txakur uhalez estutzen dute langileria.

        — Moztu ditzagun trenbideak eta errepideak.

        Biharamunean eztabaida latza izan genuen ontziolan. Batetik, bezperako ekintzen antzekoak areagotzearen aldekoak geunden; bestetik, indarkeriak ezertarako balio ez zuela, langileen arteko batasuna apurtzen zuela generitzonak.

        Hasieran alde bietakoa nintzen; bien usteekin bat egiten nuen, biak ulertzen nituen. Indarkeria erabili beharrak ikara ematen zidan neuri ere; onartzen nuen nire koldarkeria, koldarkeria ote zen ere zalantzak izanagatik. Berandu baino lehen erabakitzea beste aukerarik ez genuen izan. Nik Jazinto nuen alboan zer ebatzi laguntzeko.

        Batzarretik irten, Deustuko zubia moztu eta lehen autobusa erre genuen. Ontziolara itzultzean poliziek ezustean harrapatu gintuzten dozena bat lagun, bero-bero makilakatzeraino. Makilakatzen zaituzten unea laburra bada ere, bihotzak arnasestuka darrai luzaroan. Zergatik eragiten ziguten poliziek horrenbeste izu? Ez ziren, ba, gulakoak? Zerk beldurtzen gintuen: uniformeek?, borrek?, ke poteek?, furgoneta uherrek?

        Geroztik sarritan galdetu diot neure buruari, zein zorion klase bizi lezakeen polizia denak, zelan senti lezakeen pozik inork pertsonak jipoitzen, atxilotzen, torturatzen. Nork zainetaratzen die horrenbeste gorroto? Diruaren truke gorputza saltzeari prostituzioa deritzogunean, diruaren truke pertsonak txikitzeari zelan deritzogu?

        — Polizia-etxean sartzen direnean agindu bakarra burmuineratzen diete: bete manamendua eta bakea! Ez galderarik, hain gutxi erantzunik. Soldaduak ez ditu nagusiaren erabakiak zalantzan jartzen.

        — Baina poliziek izango dute bihotz bat, burmuina.

        — Bihotza harri bihur liteke, burmuina lozorrotu litekeen eran, arrazoia itsu-mutu-gortu litekeen eran. Boterearentzat Segurtasun Indarrak direnak Izuaren Ejertzitoak dira menpekoontzat. Boterearen indarkeria zilegi dela jendarteratzea lortu dute, eta guk autobus ziztrin bat erretzeko zilegitasunaz eztabaidatzen galtzen dugu denbora. Mobilizazioen agintea hartzen ez badugu, nagusiekin hitzarmenak lortzearen aldeko sindikatuek betikoa esango dute, ezin izan dugula besterik egin, gehiago lortzerik ez dagoela... Aldaketa soziala lortzeko motorra geu gara, langileok, obrerook. Hamar urte joan dira diktadorea hil zenetik. Hamar urtean egoerak okerrera egin du euskal langileriarentzat.

        — Ez zakiat iraultzarako gogotsu gauden. Ez zakiat ardura digun ere. Ez zakiat iraultza zer den ohartzen garen. Ez zakiat politikarako hire grinaren laurdenaren laurdenik dugun.

        — Kapitalismoaren menpe bizitzeak ere ez ziguk ardura; baina bizi, bizi gaituk, desoreka itzelak eragiten dituela jakinda ere.

        Jazintorekin langileon borrokari buruz eztabaidatu ondoren, arrazoia berak zuela iruditzen zitzaidan beti. Teoria eta praktika uztartzen genituenez, atoan baiezta genitzakeen ordu luzetan hausnartutakoak. Autobusak erretzeari utzi behar genion? Autobusak erretzen hastearekin bat PSOEkoek batzartzera deitu gintuzten. Autobusak erretzeko asmoari eutsi behar genion. Gutxiengo batek Olabeagan, trenei su ematen genienean, ontziolako langileen gehiengoak Bilboko kaleak zeharkatzen zituen lan gehiago, polizia gutxiago orroka. Jazintok irri egiten zuen halakoetan, ELAkoek ere, UGTkoekin batera PSOEkoekin birmoldaketa negoziatzen ari ziren haiek, barrikadak aldarrikatzea lortu baikenuen.

 

 

Euskaldunako ezkerreko langileona zen akuilua. Geuk xaxatuko genituen aurrerantzean langileak, adoretsu borroka gintezen Poliziaren aurka eta gure ontziola itxieragin gura zutenen aurka.

        Etxean ere, sasoi berean mikaztu zen giroa.

        Otorduetan borrokei buruzko aipamenik egin ez arren, gauero izerditan blai esnatzen nintzen, amets-okerren presiopean.

        — Zer duzu?

        — Amesgaiztoa, besterik ez. Egizu lo.

        — Kontadazu, arren; zerk estutzen zaitu horrenbeste?

        — Ondo nagoela esan dizut. Egizu lo.

        — Zelan egingo dut lo, oihu batean itzartzen banauzu. Zer duzu?

        — Gure alabei etorkizunik ezin bermatzeak kezkatzen nau, zerk bestela? Guretzat dirua biltzen ari dira, euren gurasoentzat! Nik ez nituen horretarako munduratu gura, horrela bizitzeko ez.

        — Dirua dutenei kendu eta ez dutenei emateko lana hartzen dutelako lotsatzen zara? Zer gura duzu, denbora eskaparateei begira ematea? Nik gurago dut apurtu eta kristalekin zauritzea. Odola zer den ikasiko dute behintzat.

        — Baina zer diozu, gurago duzula kanpotik ibili orduko barruan nekatzea? Beste aukerarik ez dutela? Hogei urte ere ez dituzte-eta! Honetatik guztitik ahalik eta urrunen ibil daitezen egin behar dugu ahalegina. Gero ere izango dute ogia izerditzeko astia.

        — Ez duzu zangoa atzera zeuk bakarrik bota beharrik. Alabak eta neu gaituzu, ez orporik erakutsi.

        — Poliziekin aurrez aurreko borroketan ibiltzeari koldarkeria deritzozu?

        — Maite zaitugunoi egiak ostentzeari deritzot koldarkeria.

        — Nik sufritzearekin nahikoa da.

        — Bai, barruan daroazun minbiziak eskuak igurtziko ditu horrelakoak diozuzen bakoitzean. Martiri gogora zaitzagun diozu? Uste nuen fededuna ere ez zinela. Gero eta arrotzagoa zatzaizkit.

        Mari ez zen isiltzekoa, ez nuen berehalakoan engainatuko. Alabei nire ezinegonaren berri ematen ez bazien ere, ni indartsu estutzen ninduen. Zirujauek baino askoz gehiago luzatu zidaten bizia haren gedarrek, haren kontu eskeek, aldean isilean neraman kaka guztia oka eginarazteko haren esfortzuek.

        — Azkenetan bahengo zer egingo huke?

        — Zergatik galdetzen didak hori?

        — Galdera baizen ez duk.

        — Erantzuna kolkoan dakarrena.

        — Zalantza kolkoan dakarrena, esango nuke.

        — Zer gertatzen zaik, zer duk?

        — Bizitza osoa eman diagu ontziola uher honetan lanean. Betiko ixten badute, azkena izango duk guretzat.

        — Zer diok, baina?! Euskalduna biziraunarazteko borroka irabaziz gero, langileok hartuko diagu ezkerreko iraultzarako aginte-makila.

        — Eta galtzen badugu?

        — Borrokatze hutsak balio izango dik. Galduta ere, ez ditek langileria orain bestean gutxietsiko, ez horixe.

        — Hi, Jazinto, egin duk larrutan aspaldian?

        — Orain ez diat astirik.

        — Horretarako ez duk astia behar, gogoa baizen.

        — Horrexetarako ez diat astirik behar ba, gogoa izateko!

        — Hi, Fanon, ez duk guztiz erantzi seminarioko abitua, txatalen bat josita daroak.

        — Zer diok?

        — Apaizek zerua lortzeko sufritu egin behar dugula sinetsarazten ditek mezetan. Hik uste duk iraultzaile osoa izateko berdin jokatu behar dela, plazerak ahaztu eta borrokari baizen ez haizela eman behar?

        — Aizak, ez nazaala prediku merkeekin aspertu. Hik baino lehenago ulertu nian erlijioa herriaren opioa dela.

        — Marxek bezala. Hi ez haiz haren errenkarnazioa izango, ezta?

        Ahulen arteko ika-miketan indartsuen agertzen zenak isilarazten zuen eztabaida kidea. Ziurrenik, neuk ere ume-umetatik irentsitako doktrina katolikoaren eraginez, nahiago izaten nuen Jazintok irabaztea, arrazoia zuela pentsa zezan.

        — Ez daukak kontsolatu beharrik, neure mugen jabe nauk.

        — Marxek, Leninek, Chek eta Castrok, Fanonek berak, egingo zitean larrutan lantzean, ez?

        — Ez zakiat, ez diat egundo sexuaren aipamenik irakurri haien idatzietan.

        — Maitasunari buruzkorik ere ez?

        — Maitasun barik ez dagoela iraultzailea izaterik idatzi zian Chek.

        Atzamar erakuslea goratzen zuen halakoetan Jazintok, esandakoen garrantzia azpimarratu guran. Hezurdura lodiko betaurrekoak, bekokia garbi, belarri osteko ile zuri kiribila luze, patilla mardulak, metroa eta hirurogei inguru, sorbalda estu, hezur eta azal. Eguneko hogeita bost ordu langile mugimenduei buruzko teoriak praktikara zelan ekarri asmatzen, historiako iraultzaileen zitak dekodetzen eta ezkerreko idazleen poemak irakurtzen ematen zituen egunak gure Fanonek.

        Ondo gogoan dut Gabriel Arestiren poema ezaguna antzeztarazi egin zigula behin baino gehiagotan lankide bati baino gehiagori.

        — Benga, benga, Luis, hi Anton izango haiz; eta Josean, hi, Gilen.

        — Ez, ni Julio Salinas izango nauk; eta Josean, Arkonada. Julio Salinasi baloiak belaunean jo, gero aurpegian eta gola, goooooola jaun-andreok.

        — Euskalduna gainbeheran eta hik Athletic akorduan. Futbolzalea bilakatu haiz bat-batean?

        — Elkartasun handiagorik? Athletic ez da ba Euskaldunaren kimu? Futbolari buruz eztabaidan ari garenean, sarritan gogorarazten diguk Ibaigane bera Euskaldunak oparitu ziola Athletici.

        — Oparia itzuliko baligute.

        — Bi urtean poza oparitu zigutek. Ez egiek jokalari eta zaleei gure miseriaren errurik egotzi. Bi urtean espainolak makurrarazi egin ditiagu.

        — Futbol-zelai batean.

        — Milaka ikusleren aurrean. Beste ezerk baino min handiagoa eragin zieagu.

        — Ez nekian lehen taldeko jokalaria hintzenik.

        — Athletic geurea duk, bihotzean daramaguna. Euskaldunako langileak ez diren zenbatek zaukatek gure borroka euren borrokatzat?

        Fanon dikearen alde batetik ozen errezitatzen hasten zenean, guk Antonenak eta Gilenenak antzezten genituen, atezainarenak eta aurrelariarenak.

        Poesia mailua dela dioen poema ere makina bat bider erabiltzen zuen Fanonek, batez ere euskarazko kultura eta langileen borrokak bat egin behar zutela aldarrikatzen zuenean. Poesia eta mailua. Soldagailua eta metafora. Tamainako sententzia ulertzen ez genuenontzat, Andre Bretonen esaldiarekin amaitzen zuen: «Artean denak balio du, langileen iraultzaren aurka egitea izan ezik».

 

 

Bizitzako azken hilabeteak etxean irakurtzen eta oroitze ariketetan eman ditut, urteetan jasotakoa metatzen. Barruko aztiren batek minbizi honek akabatuko nauela errepikatzen dit aspalditik. Poeta txarra naizenez, barkatuko didazue alderatzea Areatza baserriko haurtzaroa, Simona astoaren gainean kortaraino eroandako belarra sikatuta metak egiten genitueneko sasoia eta autobiografia hau idazteko burutu dudan bilketa lana. Poeta ere ez naizelako ausartu eta idatziko ditut hitzok, etorkizunean bazka izan dezazuen.

        — Egunen batean polizia-etxera baharamate, ez haiz poemak errezitatzen hasiko, eztok?

        Ezerk ez zion amorru sakonagorik eragiten, errezitatzen zituen poemen arranditasuna adar jotze batekin barregarri uztea baino.

        — Zelan ez zaituztete menpean hartuko, poesiari ere trufa egiten badiozue? Fidelek ez zuen alferrik esan, ikasia den herria ez dutela egundo engainatuko!

        — Ikasia inork irakatsia izaten duk.

        — Euskalduna desagerrarazi behar ditek, lanpostuak galduko ditiagu, familiak egoera larrian izango ditiagu... eta zuek olgeta deritzozue denari? Itsu zaudete? Kapitalak borroka hau irabazten badigu, Bilbo eskuindarren esku hilko duk, Francoren esku hil zen legez.

        — Kapitalak milaka polizia, ejertzitoa, komunikabideak eta dirua ditu...

        — Eta guk arrazoia, kemena, duintasuna eta herritarren babesa. Zer gehiago behar duk?

        — Irabaziko dugun ziurtasuna.

        — Borroka alferrikakoa izango ez den ziurtasuna.

        — Lanpostuak mantenduko ditugun ziurtasuna.

        — Nik etxera ogia eroan gura diat, ez besterik.

        — Badakizue hori geuk baino ezin dugula ziurtatu, gure borrokak baino ez duela lortuko.

        — Bazakiagu gure borrokak ez duela ezer ziurtatzen, Fanon. Gu baino gehiago dituk, boteretsuago eta indartsuago, onar dezagun.

        — Galdu behar badugu, isurarazi diezaiegun odola borborrean.

        Euskaldunako borrokak iraun zuen urteetan lantzean errepikatzen ziren beste eztabaidetako bat. Arerioaren tamainaz ez genuen zalantza izpirik, galderak borrokarako gure gaitasunaren neurrien ingurukoak ziren gehienbat. Langileak baizen ez ginen.

        — Hator, Luis.

        — Berandu duk. Familia zain diat afaritarako.

        — Ez duk luzarorako izango, hator. Begira ezak zubitik udaletxeraino. Hauxe duk suntsitu gura dutena. Lotsatu egiten dituk jaten eman dien ontziolaz. Ramon de la Sotak 1900eko maiatzaren 18an sortutako ontzioletako langile belaunaldiek mende baten hiru laurdenak egin zitiztean lan etenbakoan. Bizkaiko industriagintzaren birikietako bat itoko ditek. Hastapenetan itsasoratu ziren Portu eta Gorbea-mendi, edota munduan ezagun egin ziren Santa Fe serieko berrogeita zortzi merkataritza-ontziak akaso itsas museoren batean oroitaraziko ditiztek, edo ontziolari buruzko dokumentazio fondoren batean abandonatuko ditiztek. Ikusten duk Ibaigane jauregia, gure Athletic sainduaren egoitza? Euskaldunak eraiki eta oparitu zioan Bilboko Udalari, Lehen Mundu Gerrak sortutako eskarien mozkinei esker. Ez ditiat aberatsak goratu nahi, bakoitzari berea onartu baizen. Aikor Deustuko Unibertsitatea ere!; besoa emango nikek, eskuindar madarikatuok pozarren jarriko zirela gure ontziola begien paretik betiko desagerrarazteko asmoen berri izan bezain laster.

        — Tira, ezin haiz egunero odol berotuta bizi. Hator gurera afaltzera, on egingo dik-eta lagunarteak.

        — Lehenago ere esan diat, Luis, ez diat errukiaren beharrik. Gainera, bakarrik egon gura diat. Biharko greba egunak ekar liezagukeena hausnartu beharrean nagok.

        — Gure alaba zaharrenak pozik entzungo ditik hire sermoi proletarioak. Hark ere ez dik besterik buruan. Hator eta ase ezak haren jakin-mina; niri ez zidak bakerik ematen.

        — Ondo da. Hire alabagatik egingo diat.

        Galdu sekula ez, gutxienez berdindu. Txikerra zen gorputzez gure Fanon, erdeinu zuen bere txikitasuna. Ontziolako lanetan zaildutakoon bekaitzez egoten zela igartzen zitzaion ezkutuan burutzen genituen batzarren denboretatik.

        Bulegoko zereginek are gehiago amorrarazten zutenean, ontziolako historia idatziz asaskatzen zen. Gurekin ez zela inor akordatuko iragartzen zigun, geure historia geuk kontatu ezean porlanarekin batera lurperatuko zela.

        — Giharrik emankorrenak garunetakoak dira, ez ahaztu.

        — Ez, ez diat ahaztuko koktelak jaurtitzerakoan.

        — Gabon, Mari, baduzu bosgarren platera betetzeko lain?

        — Jan ohi duzunaren erdia jaten baduzu, seigarrenarentzat ere sobera.

        — Gabon, Mari.

        — Hara, Fanon, aspaldiko. Zer, noren irakaspenak laudatzera zatozkigu gaurkoan?

        — Zure gizonak ekin didalako etorri naiz, Mari. Mitinak bihar emango ditugu.

        — A, bai, bihar duzue greba eguna, ezta? Zer diote epelek?

        — Atera kontuak, PNVkoek ere bat egin dute greba deialdiagaz! Jeltzale guztiei kalera ateratzeko deia luzatu diete. Ontzigintzako enpresak dauden herrietara joango gara, udaletxeetara sartu, balkoietatik pankartak eskegi eta udalbatza guztietan gure aldeko idatzia lortzera. Arratsaldean Bilbo hartuko dugu.

        — Zenbat lagun biltzea espero duzue?

        — Bost mila inguru.

        — Bost mila? Hi erotuta hago, zeharo aldrebestu hau hego haizeak. Zelan batuko gaituk bost mila lagun?

        — Gabon denoi. Horrenbeste lagunentzako afaria prestatu duzu, ama?

        — Zuen aita eta zure maisua gizonkeriatan, betiko antzera.

        — Hara, hara, Fanon! Hau poza! Zer dio gure ideologoak?

        — Gabon, Lorea. Zuen aitak xaxatuta etorri naiz. Jarrai-n ez ei zaituzte behar bezala formatzen.

        — Etxean baino gehiago bai, behinik behin.

        — Hori ez da gatxa. Luisek politikaz berba egitea baino gurago du afaldu barik oheratu, ez da Luis?

        — Horrenbesterako ere ez da, andrea.

        — Mesedez, aita, klasekideek Euskaldunako egoeraz galdetzean egunkariak irakurtzeko erantzun behar izaten diet-eta!

        — Janak kalte egingo liguke laneko kontuez ariko bagina. Etxean behintzat bakea izan dezagun.

        — Meza esan behar duzu?

        — Bakea eta isiltasuna ez dira beti bat, aita. Etxekoa kanpokoen iturritik edan behar izatea ere!

        — Loreak arrazoia du.

        — Arrazoiak ez du samina eztitzen.

        — Norberarentzat gordetzeak bai?

        — Lorea, non dago zure ahizpa? Deitu egiozu eta afaldu dezagun batekoagatik baino ez bada ere.

        Piztia kaiolatua sentitzen nintzen horrelakoetan. Halaber, beldur nintzen Marik, gura barik, ez ote zien gure alabei eta Jazintori nire minbiziaren berri emango. Koloneko lehen minbizi hura diagnostikatu zidatenetik hiru hilabete ziren joanak. Zirujauaren esanetan, kaltetutako heste zatia errotik aterata, ohiko bizimoduaz gozatzeko aukera izango nuen. Zertarako alabak edo lagunak alferrik kezkarazi? Ebakuntza egin eta atseden hartu. Kirofanora sartzeko eguna etortzeke, bagenuen barrenak non askatu. Ebakuntza giltzurruneko harriak kentzeko zela esango genien.

 

 

Fanonen aurreikuspenak labur gelditu ziren. Bost mila lagun baino askoz gehiagok bete genituen Bilboko kaleak greba orokorreko manifestazioan.

        Goizerako antolatu genituen piketeen joan-etorrietan lasaitasuna izan zen nagusi, oso langile gutxi joan baitziren lanera. Egia aitortzera, informazioa banatzeko baizen ez ziren pikete bakezaleak urduritasun itzelezko bihurtzen ziren Polizia inguratzen zitzaigunean. Langile guztiok grebarako dugun eskubidea defenditzen ari ginela oihukatzen genien txakurrei, borrekin zaunka egiten ziguten bitartean.

        Grebarako legez lanerako eskubidea ere bazutela zioskuten langileekin izaten genituen tirabirak ziren samingarrienak. Zer argudiatu behar genien, grebarako eskubidea lanerakoaren gainetik dagoela? Eskirolak izendatzea errazena izanik ere, ni zalantzek itotzen ninduten.

        — Eskirolak ez dira jabetzen, greba egunetan etorrita nagusien xantaiari men egiten diotela, langileriaren aurka egiten dutela, kate-begiak loditu eta loditu egiten dituztela.

        — Langileak dituk, hi eta ni bestekoak. Ez zakiagu zein miseria bizi dituzten etxean, ez zakiagu beharrizanak zenbateraino estutzen dituen.

        — Eta ez zakiagu diru goseak, aseezinak, eduki-minak sastatzen ote dituen lanerako. Horren geurekoiak, horren buruzaleak bagara, zein jendarte eredu utziko diegu ondorengoei?

        — Denontzat ez dik neurri berak balio. Hire teoria iraultzaileetan, lantzean, pertsonak ere kontuan hartzeak kalterik ez.

        — Pertsonak kontuan hartu, diok? Zertarako borrokatzen gara, ez bada pertsonen alde? Ez hadi okertu, praktikan jartzen ditugun teoriok pertsonen berdintasunean oinarritzen dituk, justizia sozialean.

        — Berba potoloegiak langile eskolabakoarentzat.

        Onartu besterik ez dut, Fanonen arrazoiak, gehienetan, ontzat hartzen nituen. Baita lankide askok ere. Metro eta laurogeikoa, sorbalda lepo zabala, laurogeita hiru kilo aldeko nintzen honek, ezin gizontxo hari gehiago egin. Gure ama zenak, kankailua bezain bihotz onekoa nintzela esaten zidan. Umetan, adin batekoak eta bestekoak olgetan, haserretu eta errietan, hartu baino ez nuen egiten, ez nintzen ukabilak luzatze zalea. Etxeratzean, ubelik antzemanez gero, merezi zuenari txalokoak on egiten ziola ziostan amak, muturrekoak zirela mugarri garbienak harroputzentzat. Nolanahi ere, ez naiz behin ere gure alabei eperdikorik emateko gauza izan. Borra, ezkutu, kasko eta pistolez lepo dabiltzan polizien kontra pozarren luzatuko nituzkeen ukabil handitzarrekin ezin inori ubelik eragin. Jakin gura nuke polizia bati haginak apurtzeak gozamenik, harrotasunik, heroikeriarik lekarkidakeen. Akaso, jo eta atoan damutuko nintzatekeen, poliziak ere pertsonatzat baitira. Ala ez? Hurkoak txikitu arte jotzeko aginduak betetzeko prest dagoenari, pertsona izendatzea dagokio? Bai, poliziekin tematuta nago; bai, gorrotoak ez du bizitzen uzten, badakit; hobe nuke dena ahaztea. Hiltzen ari naiz, ordea, oroitzea dagokit orain, libre naiz edozer esateko.

        Bizi-biziak izan ziren 20.000 lagun aldarrika batu gintuen greba orokorraren ondorengo egunak ere. Deustuko zubian eta trenbideetan suzko barrikadak piztu genituen; 1.500 lagun TVE Espainiako telebistaren egoitzara joan ginen, gure borrokari buruzko berrietan gezur edota manipulazio gehiago onartuko ez genituela jakinarazteko; Eusko Jaurlaritzak Gasteizen zuen egoitzako ateetaraino 2.000 iritsi ginen, bertan zain genuen polizien harresiraino. Horrenbeste filmetan ikusitako gudu-zelaiak bertatik bertara sentitzean, bihotza ahotik zerigula oihukatzen genuen Polizia gutxiago, lanpostu gehiago. Ikasten hasiak ginen beldurra kukutzeko modurik hoberena ahalik eta ozenen oihukatzea zela; eta multzoak zemaigun babespean, itzelak esaten genizkien soldadutxoei, gorriz jantzitako bertokoei zein marroiz jantzitako arrotzei.

        Egoera hain zen tirabiratsua ze, langileon artean ere muturka hasten baikinen. CCOOkoek Espainiako poliziei ez baina ertzainei harriak botatzen zizkietelako, ELAkoek epelak aurpegiratzen zizkieten. Beste askok ez genuen batere bereizketarik egiten, koloreak ez zuten Polizia bat edo beste onberago egiten.

        Euskal Herrikoak ez eze, Espainiako ontzioletakoak ere borrokan ari ziren. Gijonen, Poliziarekin izandako liskar bortitzetan, langileei elkartasuna barrikadetan adieraztera joandako unibertsitateko ikasle bat tiroz hil zuten. Raul Losa zuen izena.

        — Gure alabei gerta dakieke.

        — Edonori gerta dakioke.

        Etxeratzean goibel igarri ninduen emazteak.

        — Esan diot kontuz ibiltzeko, esan diot txakurrek ez dituztela pistolak hutsik, desarratzeko irrikatan egoten direla, atzamar dantzariak dituztela, gure odolak ez dituela zorabiatzen.

        — Ekiozu, Mari; esaiozu nahikoa desgrazia dela nik beharra galtzea, beste galerarik ez dugula behar.

        — Aita, aita, zer egingo duzue Raul Losarena salatzeko? Institutuan greba orokorra deitu dugu. Langileekin batera mobilizatzea proposatu da, baina ez dakigunez zein asmo duzuen, bihar goizeko lehen orduan institutuan biltzea erabaki dugu, zuen deialdiaren zain.

        — Gijongo mutiko horrena oso larria da. Tiroa eman diote, tiroa. Horren ostean ezin zara lagunengana balentriak kontatzera joan. Horren ostean ez zara ezer, ez zara inor.

        — Mesedez, ama; ez naiz horren umea. Badakit zein arriskutsua den. Zer uste duzu ez daridala kakarik poliziak ikusi orduko?

        — Ez nabilkizu etxean geratzeko esaten, kontuz ibiltzeko baizen.

        — Kontuz ibili, kontuz ibili... beti berdin. Azkenean zeuek bihurtzen gaituzue oiloak baino oiloago.

        — Zuhurra izateko eskatzen ari gatzaizkizu, ez koldarra.

        — Ba orduan utzidazue apur bat azeria izaten, apurtxo bat baino ez bada!

        Ama eta alabaren arteko sesioetan isilik geratzen nintzen, ezin nion alabari aitagatik borrokatu ez zedila eskatu.

        Salbuespen urriak salbuespen, lanpostua galtzekotan ginen langileon senideak egonarri handiz izan genituen burkide, apalarro. Jakinaren gainean geundenez, kalean behinik behin, atze-lubakietan egonarazten ahalegintzen ginen, gehienetan alfer-alferrik; gehienetan gu baino askoz ausartagoak ziren, kuraia soberan zuten. Ikasle mugimenduetan ari ziren gure seme-alabek zenbatgura ekimen antolatu zituzten, sostengua adieraztearekin batera PSOEren Gobernuari aurka egiteko, haiekin etorkizunik ez zutela kantatzeko. Rockaren eta punkaren eztanda bizi zuten, sistemaren aurkakoa zen edozeren alde egingo zuten; kaleak sutan argitzeko arrazoi gehiegi zeuden; langileen borrokari eredugarria zeritzoten, edozer egingo zuten gure alde. Urrunetik harrotasuna sorrarazten ziguten, etxean besterik zen arren.

        — Gure alaben etorkizuna zama astunegia da zeuretzat bakarrik gordetzeko. Etorkizunak ez die behin eta berriro gogoraraziko, ontziola batetik kaleratutako langile baten alabak baizen ez direla. Etorkizunari bost axola dio.

        — Badakit, Mari, badakit. Baina ez diot atso zahar horri poztasunik eman gura, izorratu egin gura dut, burla egin.

        — Eta horrela lortuko duzu? Alabei bizi dugun egoeraren larria mozorrotuta lortuko duzu? Minak zeu bakarrik jan zaitzan utzita lortuko duzu? Uste nuen umetan katekesietan ikasitakoa ahaztu egin zitzaizula, baina orain ezezkoan nago. Hurkoaren zoriona erdiestearren norberak sufritu beharra irakasten saiatu zitzaizkizun, eta zinez lortu zuten helburua. Ez zara konturatzen? Isiltasunak akabatuko zaitu!

        — Eta zer egin behar dut, psikologoarengana joan? Eta zer esango diot, kabroi batzuek bat-batean kale gorrian utziko nautela? Eta zer egingo du psikologoak, Solchagari deitu eta egin duena hobeto pentsa dezala esan? Ezkondu eta familia osatu genuenean, etxera ogia ekartzeko ardura hartu nuen, eta ez dut bete.

        — Fanonegaz horrenbeste urtean ibilita horrelakoak esatea ere! Ogia ekartzeko ardura... zer uste duzu, zu barik hil egingo ginatekeela neskak eta hirurok?, ez ginatekeela ogia lortzeko gai izango? Zertzat gaituzu ba, besamotz hankabakotzat, ala?

        — Ulertu egidazu.

        — Bai ondo ulertu ere. Horregatik amorratzen naute horrenbeste zure berbek.

        Hamaika bider galdetu diot neure buruari zein estutasunek elikatu didaten gehien minbizia, kanpokoek edo etxekoek. Kanpokoei erraz egin niezaiekeen ihes; etxekoei ihes egitekotan, betiko izango zen. Jakin banekien kanpokoak berandu baino goizago amaituko zirena, ez langileok ez Espainiako Gobernuak ezin izango geniola gatazkari luzaroegi eutsi. Etxeko estutasunen amaierak minbiziaren garaipena zekarren.

 

 

Gijongo gaztearen erailketa izan zela kausa, aldatu egin zuen jarrera PSOEren Gobernuak. Lagun zuten UGT sindikatuari negoziaziorako zirriborroa prestatzeko agindu zioten, lanpostuen deuseztatzea baino mahai gainera eraman zezala behin-behineko etenaldia. Proposamen aurrerakoi bezain posibilista zeritzoten. Eguneroko zortzi, bederatzi, hamar orduak bete behar dituen galdaragileak ez du jukutria politikoen zergatiak asmatzeko astirik izaten. Ontziolak ixtea erabaki zuten arte, sindikatu gehienek —guztiak esatea larregi litzateke— langileon eskubideak jagotea zuten helburu. Diktadurapean elkarrekiko elkartasuna zen ororen gaindi. Belarrimotz, hazurbaltz, trenakekarriko, maketo eta gisako irainak debekatuta zeuden ontziolan. Langileak ginen, burkide. Franco hil ondoren legeztatu ziren sindikatuen jarduna nabarmentzen hasi zenean sortu zitzaigun elkarrekiko mesfidantza. Satorrak saldoka trebatu zituzten nagusi eskuindarrek, langileon batasuna barru-barrutik, zuztarretik usteltzeko. Batzuk lanpostu itzelen jabe eta beste batzuk lan barik utziko zituen proposamenak egin zituzten sindikatu espainolistetako kideek. Burkide izateari utzi zioten. Traidore, saldu, lapur bihurtu ziren. Akordatzen naiz, ontziolan obratutako batzarretako batean entzun genituela, lehen aldiz, oraindik ere tristatzen nauten berba haiek:

        — Ezin izango dugu denon lanpostuak mantentzea lortu. Ahalik eta gutxien galtzen ahalegindu behar dugu.

        Ahalik eta gutxien, baina galtzen, beti galtzen. Etxera bidean, inoiz ez bezala, Bilboko negua ospelegia begitandu zitzaidan. Benetan ari ziren gure lanpostuen alde ala gure borroka-neurri bortitzak apalarazteko gezurrak baizen ez ziren? Galdaretako kea, Bilboren hatsa, mingor igartzen nuen azalean. Gorrotagarrietan gorrotagarrienak norberekeria, handiustea eta bekaitza direla ikasi genien gurasoei baserrian. Idiek elkarrekin goldatzen dute, artoa auzolanean ereiten da, odolosteak ordainetan auzoratzen dira. Zein gosek, zein aseezinak daroake langile xumea kideak baino gehiago dela uste izatera?

        Hasieran eutsi bagenion ere, hiru urteko borrokek sortutako nekearen podesuz, langileen artean nork bere bideari, nork bere etorkizunari beste ezeri baino gehiago begiratzeak hartu zion lekua elkartasunari. Bizitzeko jatea dagokigu, jateko lana ezinbestekoa da, berdin dio zein baldintzatan, lana eta lana. Zalantzak ditut jana eta lana kontzeptuak elkartu zituena langilea edo nagusia zenetz, filosofo aberaskumeren baten esaldi ponpoxo horietako bat denetz, logika guztiei izkin eginda izurritea legez zabaltzen den baieztapen horietako bat. Lan egiteko bizi, bizitzeko lan egin. Gure ama zenak, Simona astoarekin galtzutan gindoazela esaten zidan zer pentsatu behar dugun: jatekoa lortzeko arazorik ez dutenek inposatzen digutela, eguneroko jana irabazteko ardurarik ez dutenak izan direla filosoforik filosofoenak. Behin baino gehiagotan hitz egin diot Jazintori gure ama zenari buruz, zelan kontatzen zizkigun sutondoan jarrita jentilei buruzko ipuinak, zenbatetan errepikatzen zigun heriotzak ez eze goseak ere denok berdintzen gintuela. Pupitredun eskolabako jakintsua, beste askoren antzera.

        Euskaldunaren borrokaldiak aurrera zihoazen ahala, gure protestak hirian zehar hedatzeak zekarren kaosa saihesteko, jokamoldea aldatzea ebatzi zuten poliziek. Aurrerantzean ontziola barruan mantenaraziko gintuzten.

        Horma-kontra suari ihes egin behar dion arratoiaren antzera, poliziak uxatzeko bitarteko berriak asmatzeari ekin genion. Halako batean, ureztodietatik Nerbioiko ur zikinak erabil genitzakeela bururatu zitzaion baten bati. Kakari gorotza. Txakurrak ur kontaminatuen beldurrez arineketan ikustea sekula izan dudan plazer handienetakoa izan zen. Gure barre algarak udaletxetik zazpi kaleetaraino entzuten ei ziren. Nerbioiko ur beltza, tanketa marroiei aurka egiteko obus. Torlojuen jaurtigailu ziren tiragomekin poliziak eurak gura baino urrunago kokarazten genituen, burdinazko torloju haiek kaskoak zulatzeko lain baitziren. Umetan beleak uxatzeko lortutako trebeziak gugan zirauen, bost hamarkada geroago ituan zeinek gehiagotan jo egiten genuen apustu.

        Langile potrozorri batzuk menperatu ezinak odol gaiztoa egin zien PSOEko buruei, hain gaiztoa ezen Ezkerraldeko langileak zeritzoten batzuen izenean agiria argitararazi baitzieten ia komunikabide guztiei. Agirian mehatxua luzatu ziguten: gure borroka moldeekin amaitu ezean, gure senitartekoen aurka egingo zuten.

        — Solchaga-kumeek agiria nork egin duen ez dakigula usteko dute.

        — Agian jakin dezagun idatzi dute. Lapurdira joan eta errefuxiatuak akabatzeko gai badira, langile anonimoak akabatzeko ez dute atzera egingo.

        — Gijongo mutila akabatu zutela egun gutxi batzuk baino ez dira igaro. Ez dira ausartuko.

        — Behin egin duenak askotan egin lezake. Txakurrak odola dastatzen duenean erotu egiten dela diote. Estatuaren magala atsedenerako duenak zeren beldurra izango du, ba?

        — Gijongo mutilaren hilketari emandako erantzuna eredugarria izan da, abisua Felipe Gonzalezentzat. Alderdi sozialista da, gerran Francori oldartu zitzaizkienen ondorengoak dira, ezin dituzte langileak saldoka usoak legez tirokatu.

        — Zertarako orduan mehatxuzko idatzia?

        — Aginte makila noren esku dagoen erakusteko baino ez da, ez hadi larritu.

        — Lanpostuagatik borrokatuko nauk, familiagatik, nire duintasunagatik. Baina ez diat martiri proletarioa izateko batere asmorik. Izan hadi heu, gura baduk.

        — Luis...

        — Barkatu, bai, barkatu; baina aspaldian laguna zen aurpegia traidorearena duk. Hegan ere ikusten ditiat satorrak.

        — Paranoikoa.

        — Ze paranoiko eta paranoikondo. Zer ostia duk paranoiko?

        — Berdin ziok, guk geureari ekin diezaiogun. Kikildu gura bagaituzte, suari egur gehiago bota behar diogun seinale. Urriaren 30eko greba orokorra berotzen hasiko gaituk. Sutondoa laster da epeletan.

        — Beste greba orokor bat?

        — Bai, noski. Non egon hintzen azken batzarrean ba?

        — Hi, denok ezin gaituk Fanon izan. Zenbatu dituk orain arteko batzarrak? Badakik zenbat ordu eman ditugun kalapitan? Ez nauk robota, txotxo; eta gainera, batzuenak gurago ditiat ez entzun.

        — Hori ez duk zilegi. Onartzen diat batzarrak zentzu barik luzatzen direla askotan, baina hartzen ditugun erabakiak denon artean hartzen ditiagu, onerako zein txarrerako. Oker naitekek, ez diat beti arrazoi. Hik heurez pentsatzen ikasi behar duk.

        — Bai, noski; baina hik ez bezala bozkatuz gero, kristorenak eta bi esango hizkidake. Samurrena: traidore.

        — Ez nazak iraindu, lagun; hori baino gehiago estimatzen haut.

 

 

Urriaren 30eko greba eguna goizeko 07:00etan hasi genuen, batzartuta, egunak ekarriko zizkigunak aurreikusi guran. Deustuko zubira irten ginen, bai oinezkoei informazioa banatzera bai zabaltzeko asmoa zuten dendak ixtera. Etorbide nagusiko sarreran bi tanketa gainditu genituen ordurako artaldea osatzen genuen 500 buruek. Zorrotzaurre eta Erriberatik bueltan, Deustuko Unibertsitatera ere sartu ginen. Hango oihuen durundia! Bizkaiko jesuiten jakintza-leku sakratuan ikasleei langileekiko elkartasuna eskatzen zitzaien lehen aldia izango zen ziurrenik. Ikasleen gehiengoa bankarien aberaskumeek osatu arren, euskaldun fededunen alaba-seme esaneko batzuk ere baziren.

        Fanonek behin baino gehiagotan gogorarazten zidan, horietako batzuk euskarazko kulturaren ikur ere izango zirela etorkizunean. Pott zeritzon taldea eta izen bereko aldizkaria aipatzen zizkidan, inoiz aleren bat irakurtzeko mailegatu ere egin zidana. Artean ez nuen euskarazko kulturaren berri askorik, ez bazen etxean ikasitako kanta, dantza, ipuin eta bertso zaharrik. Hori bai, Oskorri pozarren entzuten genuen, batik bat, Arestiren poemak kantatzen zituztelako. Ez Dok Amairukoak ere ezagun zitzaizkigun, haiek ere Arestiren poemak zituztelako kantagai. Portugaleten ikusi genituen eta horrenbeste erasan ninduten, ezen poema batzuk buruz ere ikasi bainituen.

 

                Ama hil zaigu lanak itota

                lanaren amoreagatik

                hil zaigu zertarako den bizitza

                zertarako den bizitza jakitera

                iritsi gabe

                zahartzaroaren beldurrez

                gaztaroa ezagutu gabe

                izeba ere hil da

                era berdinean

                hil da izeba...

 

        Ontziolan euskararen aldean espainola izaten zen nagusi. Euskara gutxi batzuen artean egiten genuen, txorierritarron, arratiarren eta bilbotar euskaldun zaharren artean, batez ere. Fanon eta enparauen burugogorkeriari eta euskarazko kulturari zioten begiruneari esker izan ez balitz, negar barik galduko genituen hizkuntza zein kultura. Fanon txitean-pitean joaten zen Baionara, errefuxiaturik zeuden ETAko lagunekin bildu, Frantziako ezkerreko mugimenduen aldizkariak erosi edo euskarazko diskoak eskuratzera. Joan-etorri haietako batean Errobi taldearen Gure lekukotasuna diskoa ekarri zigun.

        — Hauxe izango da gure ereserkia, Luis, Extremaduratik hona bidalitako belarri gogorrenek ere ikasiko dutena.

        Lantegiko hamar manamenduak zioen kantaren izenburuak.

 

                Lehena:

                Nagusiak dituzu maitatuko

                bai eta

                ahal bezain ongi zerbitzatuko.

               

                Bigarrena:

                Lanaren hasteko eta uzteko

                orduak

                dituzu beti errespetatuko.

               

                Hirugarrena:

                Lanean denborarik ez galtzeko

                ez zara

                inoiz lagunekin solastatuko.

                Laugarrena:

                Nagusiak arrazoin duelako

                denetan

                ez zara haren kontra mintzatuko.

               

                Bosgarrena:

                Telefona ez duzu hunkituko

                ahalaz

                kanpotik inork ez zaitu deituko.

 

                Seigarrena:

                Lan presatu baten aitzinatzeko

                beharrez

                igandean aritzea onartuko...

 

                Zazpigarrena:

                Ongi irabazten duzulako

                ez duzu

                emendazionerik galdatuko!

 

                Zortzigarrena:

                Nagusiak hazten zaituelako

                agian

                ez diozu ezer ez ebatsiko.

 

                Bederatzigarrena:

                Nagusiak baitira beharrezko

                sekula

                ez duzu haien lana trabatuko.

 

                Hamargarrena:

                Ta gauean langileek eskainiko

                pottotta

                ta ipurdi nagusiarendako!

 

        — Baina zertarako balioko ziguk kanta horrek? Nori kantatuko zioagu, ulertuko ez dutenei? Txakurrei? UGTkoei?

        — Geure buruari! Ez da nahikoa hiretzat? Egunero atezuan egon beharko gaituk, egunero. Ereserkiak, gogoa pizteko kantuak, ezinbestekoak dituk iraultzak exijitzen dizkigun sufrimenduak arintzeko. Ingelesa tutik ere ulertzen ez duten progre asko hor entzuten dituk, The Beatlesenak zoroen antzera kantatzen.

        Makina bat greba orokor deitu genituen borroka urteetan; denak izan ziren ezberdin, bai jarraipenari dagokionez, bai mobilizatzeko erari dagokionez, zein erantzunari dagokionez. Orduko honetan, Deustuko Unibertsitatetik udaletxera bidean, La Salveko komisaldegi parean, dozena erdi laudorio oihukatu genizkien txapelokerrei, zenbat maite genituen jakin zezaten. Udaletxeko eskaileretan luzaroan aurpegiratu genion PNVri PSOErekin bat egin izana, arratsalderako deitutako manifestazioari atxikimendua adierazteari muzin egin izana. Bazkaldu aurretik Zazpi Kaleetara joan, gure aldarrikapenekin bat egin zezaten eskatu eta arratsaldeko manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatu genien dendariei. Sinesgarriak irudituko zitzaizkien gure argudioak, bai alde zaharreko dendarioi bai Bilbo eta Bizkaiko beste askori; izan ere, arratsaldeko manifestazioan 25.000 bat lagun bildu ei ginen.

        Manifestazioaren hasieran, sindikatu zein alderdi politikoekiko konfiantza oro galtzen hasteko moduko iskanbilak suertatu ziren. Gatazka hasi zenetik egunero barrikadetan genbiltzan tiragomadun langileok aho bete hortz geratu ginen. Sindikatu eta alderdi politikoetako buruak elkarri mokoka ari ziren, hasierako pankartan nork erdiko lekua hartuko, argazkietarako tokirik egokiena zeinek beteko.

        — Nabarmen halakook! Garbitu egin beharko genitizkek.

        — Jo eta txikitu!

        — Bihar-etzi sailburutzaren bateko besaulkiak berotzen egongo zarete faltsuok halakook!

        Agiraka, ukondokadaka oratu genion pankartari; agiraka, ukondokadaka bota genituen atzera argazki-minez zeudenak. Ez izerdirik eta odolik bota barik, inor baino nor? Ez horixe! Zeharo amorratuta geunden, langileon batasunaren sakoneko egoera hauskorra milaka herritarren aurrean agertzeagatik eta gurekiko horren begirune gutxi adierazteagatik. Sano minduta geunden. Fanon zer esanik ez. Eusko gudariak eta Internazionala hortzak estututa kantatu genituen, zeinek ozenen.

        Etxerako bidea isilik egin genuen Fanonek eta biok. Greba orokorrak erabateko arrakasta izanagatik, sindikatu batzuetako buruekin eta bizkartzainekin izandako matrakaren ondorioz mikaztuta generaman odola, irribarrea goibel.

        Herdoilaren tristeziarekin batera, ziutate honen soinekoa udazkenetan lanbroa da.

        — Zertaz ari haiz?

        — Kantari berri baten diskoan entzun diat. Ruper Ordorika izena dik, eta diskoak Hautsi da anphora.

        — Hautsi da anfora? Zer duk hori, grekoa?

        — Bernardo Atxaga deritzon batek idatzi zian, Etiopia poema liburuan argitaratzeko. Ez duk akorduan, 78an Pott aldizkari literarioa oparitu niala hire egunean?

        — Bai, bai, uzkerra edo puzkerra esan gura ote duen galdetu nian.

        — Nire gusturako bigunegiak izan dituk. Baina Erriberatik oinez noala sarritan etortzen zaidak: eta bere sabaia laino baso bat non bizi den ilargiaren badaezpadako agonia.

        — Eta zer esan gura du?

        — Zabaldu begiak, Luis; kantatu ahala alde batera eta bestera adi bahago, ikusiko dituk bus txofer batzuk boxeolari hilaz mintzatzen, apatridak bailiran, trenak, memoria karrilen fatalitatean galduz, denboraren oihal singlea, arratsezkoa soilik, arrabita baldarren nostalgia, kantoietan, eta harantzago mozkorrak, kale garbitzaileen beilegi bizia, beste zubi bat, prostitutak...

        — Buruz dakik, kabroi horrek.

        — Bihotzez. Sentitu egiten ditiat Ordorikaren melodiak. Lagako diat diskoa.

        — Esan berri duk bigunegiak direla. Eta gainera ni zaharregia nauk modernitaterako.

        — Ez zagok modernitaterik, lagun. Ahaztu nahia duk modernitatea, ez besterik.

        — Heuk badiok... Nik gurago ditiat Arestirenak, Oskorrirenak. Ulertu egiten ditiat behintzat.

 

 

Mari emaztea telebistari so kausitu nuen. Arratsaldeko manifestazioko irudiak ematen ari zirelarik, milaka lagun bildu ginela entzun nion esaten TVEko soldatapekoari. Hala ere, azpimarratzekoena, sindikatuetako ordezkarien arteko liskarrak izan ziren telebistako editoreentzat ere. Gure atakan egon izan balitz, Marik zer egingo zukeen galdetu nion neure buruari. Ez zidan gutxitan aurpegiratzen, munduko gerrak, nahigabe guztiak, gizonkeriak baino ez zirela, gizonen arteko lehia zentzugabeak kakazten zuela dena, menperatzaile menperatu binomioa gizonok asmatu genuela. Mutututa ematen nion arrazoia. Barruan gordetzen nituenak gordeta, pentsatzen nuena zelan asmatzen zuen misterioa da niretzat oraindik ere. Elkarrekin daroatzagun ia hogeita hamarretik gorako urteotan, berbabako komunikazioa garatu dugula ematen du, elkarrekiko maitasunaren biziraupenerako telepatia antzekoa. Gure adineko bikote ezagun askok ohe banatan lo egiten dute, batzuk Elizaren mehatxuei gorrarenak eginda banatu ere egin dira, lanpostua galtzean alkoholetan babestera egin zuten lankide askoren familiak txiki-txiki egin ziren. Marik erakutsitako maitasuna, eta alabena, atezuan nuen minbizia desagerrarazteko erabili izan banu!

        Ontziola ixteko arriskuaren berri izan aurretik, alaba Lorea eta bion arteko harremana hotza zen, urrunekoa, laztanik gabea. Oso gazterik hasi zen politika kontuetan muturra sartzen, institutuan hastearekin batera. Goizetan ikastetxean konplotean aritzen bazen, Bilboko Gaztetxera joaten zen arratsaldero, sistemaren aurkako hitzaldi, mahai-inguru edo antzeko ekintzetan parte hartzera. Ostiral-larunbatetan ordu txikitan etxeratzen zen, zein baino izen xelebreagoak zituzten punk taldeen kontzertuetan batek daki zer egin ostean. Errieta egitearen ardura Marik hartzen zuen beti. Begiak itxita itzarrik aditzen nituen.

        — Lorea, nahikoa da. Astebururo-astebururo, ostiral eta larunbatean, bietan ordu txikietan etxeratzeari utzi egin behar diozu.

        — Ez naiz drogatzen, ama. Oraindik ez dut larrurik jo. Utzidazu gazte izaten.

        — Aitak lana galtzen badu, besteok bildu beharko ditugu sosak.

        — Aitak ez du lana galduko! Denon artean lortuko dugu! Fanonek esan dit PSOE makurraraziko duen zerbait gertatuko dela.

        — Noiz? Zer?

        — Ez dakit, baina laster.

 

 

1984ko azaroko egun guzti-guztietan gudukatu ginen txakurrekin. Batzuon eta besteon erak asko mokortu ziren. Poliziek pistolak gero eta sarriago, gero eta errazago erakusten zizkiguten; geuk ere behin baino gehiagotan jipoitu genituen ostikoka, amorruaren amorruz oldartuta gure oinetara eroritako sarjentuak zein kapitainak. Gorrotoak itsutu egiten omen du. Zeinek barrabaskeria sonatuagoa egin ari ginen langileak eta Polizia. Berbarako, guk ordurako lagun zaharra genuen Echeita sarjentuari emandako astindu ederraren ordainetan, eurek Ismael lankidea suebakietan harrapatu ostean Gobernu Zibilera eroan zuten. Jakin bezain laster 500 lagunetik gora bertaraino iritsi, kristalak harrika txikitu, makilakadei luzaroan eutsi eta, praketako kakei kasu egin barik, Ismael askatzea lortu genuen. Eskaini genion txalo zaparradak Gobernu Militarrean jo zizkiotenak ahantzarazi zizkioten, une batez bederen.

        Biharamunean, Sondikako aireportuan sartu ondoren, hegazkina geldiarazi, Espainiako Gobernuaren asmoak katabut batean sartu eta Solchagari helarazteko agindua eman genion pilotuari. UGT eta CCOO sindikatuek gure borroka moldeak gaitzesten zerraiten, batu baino sakabanatu egiten bide genituen langileak, erabiltzen genuen indarkeriak langileen izen ona zikintzen ei zuen, helburuak lortzeko beste bide batzuk hobetsi behar genituen. PCE-EPK berak ere zinez kritikatu zituen generabiltzan metodoak. Orduan enpresa batzordeak agiria kaleratu zuen, asanblada proposatzearekin batera gogorarazteko sindikatu bakoitza gerrarako bere estrategiak hautatzeko buru-askea zela. CCOOkoek tiragomak debekatzea gura zuten, koktelak desagertzea.

        Ismael atxilotu zuten egun hartan bertan, batzuk poliziekin paparretik helduta ari ginen bitartean, enpresa batzordeko zenbait kide gobernadore zibilarekin elkarrizketatu ziren. Besteak beste, Euskaldunako afera 40 langile gudarienak atxilotuta konponduko zela proposatu zien Iñaki Lopez gobernadoreak. Berrogei aztoratzaile nagusiok kartzelatuta, sindikatuek zarata apur bat egin baina atoan isilduz gero, akabo Euskaldunaren tragedia. Txintxoek saria izango zuten, lanpostua ziurtatuko zieten beste nonbait.

        Asanbladan tamainako xantaiaren berri emandakoan, borroka moldeak mantendu ez eze gogortzearen aldeko iritzia izurritu zen. Amaitutakoan, betikoak halako hiru irten ginen zain genituen oilar marroiei gure gangar gorriak erakustera. Harrotasunezko irribarreak ostentzen genituen zapien azpietan, ontziola osoa gure alde genuen, samaldan garaiezinak ginen.

        — Anbulantzia, deitu anbulantzia! Iñaki odoletan ari da begi batetik!

        — Mangeraren presioa menderatu ezin eta aurpegira ihes egin dio!

 

 

Etxekoekin nekez biltzen ginen hilabeteotan. Egunak argitu aitzin etxetik irten eta gauerdia heltzear zela itzultzen ginen. Aitzakia ezin hobea lanekoez berbarik ez egiteko. Itzarrik itxaroten ninduen Marik.

        — Zagoz lasai, ez dizut ontziolakoez galdetuko, neuk kontatuko dizut. Euskaldunako langileen emazteek antolatzea erabaki dugu. Hainbat ekintza burutzea pentsatu dugu. Etziko manifestazioa izango da lehena.

        — Baina...

        — Ez dizut iritzirik eskatu, jakinarazi baino ez nizun egin gura. Afalduko duzu?

        — Eta neskak?

        — Lorea ez da oraindik etxeratu. Amaia lotan dago.

        — Bihar goizago itzultzen ahaleginduko naiz.

        — Zer ardura dio biharkoak orain...

        Ez zidan besarkada onartu, ez zituen besoak nire lepotik eskegi. Zabaleran hamar metrokoa zirudien harresi ikusezinak bete zuen gure arteko metro eta erdia. Harresi ezaguna bera, ezkonduta egin genituen urteetan lantzean-lantzean agertzen zitzaiguna, musukatu eta belarrira «sentitzen dut» esatea eragozten ziguna, harresi gupidagabea.

        Inoiz baino gutxiago ikusten nuen Jazinto ere; eta ikusten nuenetan nik etxekoei baino gutxiago kontatzen zidan eskuartean zerabilenaz, igarrita bainion, ostendu gura zidan zerbait zerabilena eskuartean.

        — Batzuekin eta besteekin nabilek, borrokari maila gorenean zelan eutsi asmatu guran. Ezin nauk ditudan irakaspenak hiri irakastera mugatu. Formazio ideologiko faltan zagok ontziolako makina bat burkide. Handia egin behar diagu, osterantzean, akabo Euskalduna.

        — Herenegun alde zaharrean hirekin zeuden neska-mutil gazteak ez ditiat sekula gure dikean ikusi.

        — Lanpostuak galtzeak eragindako ezinegona baino harago doan borroka dela gurea ikusarazi behar zieagu PSOEko kapitalista saldu horiei; sozialistak, baina benetakoak izateko ordua heldu dela.

        — Ez itzak gazte zaildubakoak kakaztu. Izango ditek gero ere borrokarako astia eta hamaika arrazoi.

        — Borrokarako kemena eta arrazoiak orain zauzkatek. Gazterik ikasi behar ditek egurra banatzen.

        — Tiragoma, ur hodi eta koktelekin egundoko egurra ematen diegula uste nian... eta hi bakezalea hintzela.

        — Tiragoma, ur hodi eta koktelekin? Molotovek eta Von Ribbentropek Sobiet Batasunak eta Alemaniak elkarri ez erasotzeko hitzarmena sinatu zutenean, denbora irabaztea baino ez zitean helburu izan. Stalinek eta Hitlerrek ejertzitoak indartzeko astia behar zitean. Gu goizero itzultzen gaituk suebakietara tiragoma, ur hodi eta koktelekin. Baina noiz arte? Nekeak jota etsi edota gutako baten bat garbitu arte? Eurek gero eta tanketa gehiago, gero eta su-arma gehiago zakartzatek. Ez diat indarkeria maite, baketan bizi gura diat, baina belaunikatu eta erreguka ez diagu ezer lortuko.

        — Zer proposatzen ari haiz? Zertan habil?

        — Hiri ez diat ezer proposatu.

        Milaka eta milaka lanpostu galduko ziren jakitun, PNVko Jaurlaritzakoek zein PSOEkoek, batzuek baskoei eta besteek abertzaleei egotzi zieten deskalabruaren ardura. Guk dakigula, ez batzuek ez besteek ez zuten zirkinik egin Euskalduna itxi ez zezaten. Biek babestu zuten berregituraketa, zeinek ogi birrin gehien bildu. Botere publikoaren ohiko jokabidea. Langileen eskubideei bizkar emanda funtzionatzeko sortu zituzten, enpresarien diru gosea asetzeko. Botere publikoko agintariak ez dira egundo fabrika bateko langileekin batera ateratako argazkian ikusiko, ez dira lan-baldintza duinak aldarrikatzeko elkarretaratzeetan langileekin bat eginda hanpatuko. Aldamenean beti izango dute enpresari aberatsa, ugazaba, jabea, nagusia, jauntxoa, ekonomiaren motorra, etorkizun onuragarriaren bermatzailea. Gutxiengoa diren horiekin agertuko dira ehunka langile anonimok eraikiko dituzten egitasmoetako lehen harriak finkatzen. Bankariekin bazkalduko dute, komunikabideei begira kirol taldeei emandako diru-laguntzak eskertzeko, eta mikrofonorik ez dagoenean, euren alderdien finantziazioan inbertitutako milioiengatik lausengatzeko. Horiekin eta euren sindikatuak munduko langileriaren eskubideen gainetik daudela uste duten traidoreekin egiten dira lagun botere publikoko putre madarikatuok.

 

 

Azaroaren 15ean gure aldarrikapenak Bilboko banketxeak okupatuta kaleratzea aurreikusita bagenuen ere, ezinezkoa suertatu zitzaigun. Atari guztiak zaintzeko ehunka polizia bidali zizkiguten Espainiatik, atzaparrak astintzera. Iñaki Lopez gobernadorea gutako 40 borrokalarienak atxilotzeko ekinean zebilen. Gutako bakoitzaren argazkia ere bazutela jakinarazi zigun, berriz ere. Tiragomadun gaizkileak ginela zabaldu zuen sokako zituen komunikabideetan. Gure artean beldurra hedatzeko trikimailua baizen ez zen, arratoien harrotasunerako pozoia. Banketxeak okupatzeko polizien harresia iraganezina zenez, amorrua Gobernu Zibilera bideratu genuen. Lopez gobernadoreari ozen eta argi gaztigatu genion, tiragomadun gaizkileak berrogei halako hogei ginela, bera ere jomugan genuela, mehatxuak betetzeko direla frogatuko geniola. Azken guda dantzaren lehen notak izango ziren.

        Kalean ostiaka ari ginen artean, UGTkoek akordioa sinatu zuten PSOErekin. Hitzarmen horren arabera, Gobernuak bertan behera utziko zituen kanporatzeak, ontziolen lan-karga handitzeko ahalegina egingo zuten, aurre-jubilatuentzako aparteko diru-laguntzak gordeko ziren eta galdutako beste lanpostu sortuko zituzten hogeita hamasei hilabeteren buruan.

        Biharamunean giza-lubakia osatuta abiatu ginen hitzarmenari buruzko gure iritzia kaleetan zabaltzera. Ostera, ejertzitoa zirudien polizia saldoa zain genuen ontziolako atarian. Gomazko pilotekin batera torlojuekin tirokatu gintuzten, eta ontziolan barrura sartzeko helburu irmoa erakutsi zuten. Ez zuten herritarrek ezer ikusterik gura, ez zuten gura errepresiorako zerabiltzaten metodoak agerian gera zitezen. Itsasontzi erraldoienetarako bost tonako Nelson garabia itaurrean, atzetik berrogei bultzaka, beste ehun besoak astintzen, azkenean guztiak kanporatu genituen. Ikusgarria izan zen tanketak arrapaladan atzera egiten ikustea.

        Zuri-beltzezko film hartan legez, gudu-zelaiko lubakietan lokatzetan dagoen soldadua erakusten duen film hartan legez, guda noiz irabazi noiz galdu ez dakielako zoratzen den mutil gazte haren begirada luzaroan erakusten duen hartan legez, halaxe sentitzen ginela akordatzen naiz, halaxe azaldu zuela kronika idazteko ontziola barruraino etorritako kazetariak.

        Kazetari gaztea zen, hasiberria, zuzendaria kosta ahala kosta liluratu gura duenetarikoa eta, noski, zaildubakoa. Estatubatuarren filmetan ikusitako gerra giroa iruditu ei zitzaion hari ere ontziolara sartuaz batera ikusi zuena. Ehunka ginen zaurituta botika-kutxara joan, obuan zaindu eta berriro borrokara itzultzen ginenak. Kazetariaren kronika hura etxean gordeta izan dut, oso gutxi baitira gure borrokei buruz gorde direnak:

        «Euskaldunako langileen borrokaren berri jasotzera ontziolara bertara joateko proposamena luzatu zidatenean, baiezkoa pozarren erantzun nion zuzendariari. Goizeko 07:30erako Bilboko udaletxetik bertan dagoen sarreran genuen hitzordua. Horren goiztiar biltzeko arrazoia 08:00etan sarrera guztiak ixten ari ziren polizien tanketek argudiatu zidaten. Elkarren kontrako gudurako estrategiak ondo baino hobeto ezagutzen zituzten arerioen erdian nengoen. Ontziola barruan, ehunka langile buzo urdinak, zapiak eta kaskoak janzten ari ziren. Tiragomen egoera ikuskatu, gomak aldatu, neurriko torlojuak bereizi, botilak gasolinaz bete, trapu-zaharrak busti, suziriak prestatu, ur hodiak tenkatu eta arnasa sakon hartu ostean, nor bere lekura abiatzen da, aurrez egokitu zaion lubakira. Langile hauek edozertarako prest daude euren lanpostuak mantentzearren. Jokoan dagoena ez da soilik Euskalduna ontziolaren etorkizuna, jokoan dagoena milaka lagunen, milaka familien bizibidea da, eguneroko ogia galtzeko arriskua. Horrek behartuta borrokatzen dira Euskaldunakoak, Euskaldunako heroiak». Eta horrela hiru-lau orrialde.

        Gure borroka terrorismotzat definitzen zuten kazetari soldatapekoen artikuluak gaitzesten genituen bitartean, aldeko hau puztuegia iruditu zitzaigun. Gu ez ginen ez heroi ez terrorista, langileak ginen.

        Negoziazio saioek, erromesenak ziruditen manifestazioek ez zuten aldaketarik ekartzen, ez zuten ezertarako balio. Jakin bagenekien gure borroka moldeek eragozpenak pairarazten zizkietela Bilboko langile askori, eta era berean jakin bagenekien horietako askok ederto batean ulertzen zutela zergatik jokatzen genuen gisa hartan.

        Egunetik egunera poliziei aurre egiteko bitarteko berriak asmatzen genituen. Egunetik egunera ontziolako sarrerak babesteko neurri sendoagoak zuzendu genituen, soldatutako altzairuzko xaflak atetzar bihurtuta, gomazko pilotetatik babesteko egurrezko ezkututzarrak jasota. Polizien tanketen bekaitz, geurea moldatu genuen, ur hodi, tiragoma eta suziriak jaurtitzeko zulo eta guzti. Borrokaren unerik latzenak zetozkigula jakinki, nork zelan jokatu behar zuen are zorrotzago zehaztu genuen. Ez zegoen inolaz ere atzera egiterik ez huts egitea onartzerik: lehen lerroan, tiragomadunak; atzetik, harri jaurtitzaileak zein torloju handiak habailarekin jaurtiko zituztenak; alboan, eskularruz babestuta, kezko poteak erori ahala itzuli edo uretan itzaltzeko zeregina zutenak; bertatik bertara hornitzaileak, harri, torloju eta jaurtikitzeko baliagarria zen edozer eskura izateaz arduratzen zirenak; nor bere lekuan, talaieroak, polizien joan-etorrien nondik norakoen berri emateko agindua zutenak; eta atzealdean, hamarnaka izaten genituen zaurituak artatzen aritzen zirenak.

        Poliziek ere egunetik egunera oldarkorrago erasotzen baikintuzten, geu ere oldarkorrago jokatzen ahalegindu ginen. Aurrez aurreko esku dantzak inoiz baino odoltsuagoak izan ziren garai hartan, nagusi ziren komunikabideek inoiz baino berri gutxiago zabaldu zituzten. Lekukorik gabeko sarraskia. Poliziak ezinean ari ziren, aurre egiten genielako, beldurrak gaindituta topeka egiteko prest geundelako, eurei ere belaunek dar-dar egiten zietelako. Badakit gure auzoko askok ez dutela egundo borra kolperik hartu, poliziek ez dituztela sekula jipoitu eta telebistan ikusten dutenetik elikatzen direna. Poliziaren ardura bakarra izua eragitea da; izuak izozten bazaitu, txotxongiloa legez erabiliko zaituztelako, zure ahotik beraiek gura dutena esango duzulako, pertsona ere ez zarela sinetsarazteraino estutuko zaituztelako. Buruz buru tinko erantzunez gero, beldurra oihartzundu egiten zaie, espero ez duten erantzuna da. Noizbait pertsona ere izandakoak baitira.

        Gure irmotasunak ez eze emakumeen ausardiak ere zur eta lur uzten zituen. Deustuko zubiaren pareko sarreratik hasita, ia egunero burutzen zituzten manifestazioetan epelak eskaintzen zizkietenean izerdia atertu ezinik egoten ziren, bata besteari begira, aginduen zain.

        — Itzal handiko gizonen atzean itzal handiko emakume bat dagoela esan zuenak kaka gustura egingo zuen.

        — Ez dakit zergatik, akaso poliziak gizonkeriaren maila gorena direlako.

        — Ausardia eta zuhurtzia ahizpak direla dio Jazintok.

        — Eta hori nondik oihukatu dik, atzeguardiatik?

        — Ezin izan denean trebe.

        — Badaezpada ere.

 

 

Euskal Herrian eta Espainian ontzioletako milaka langileekin zituzten liskarrak gutxietsita edo mugagabeko boterea zutelako mozkortuta, azaroaren 20an, Santi Brouard, Herri Batasuneko kidea asasinatu zuten PSOEko mertzenarioek. Ez edozein egunetan, azaroaren 20an baizen, Franco hil zen egun berean. Hogeita hamaika eta esku zein zen gogorarazteko keinua.

        Aurreikusita genituenak bertan behera utzita, erailketa gaitzesteko ekimenekin bat egitea deliberatu genuen goizeko asanbladan, tartean hurrengo egunerako ezkerreko alderdiek deitutako greba orokorrerako deiarekin. Bulegoetako leihoetatik behera pankarta eskegi orduko pelotazoen eta ke-poteen zaparradatik aterperatzera behartu gintuzten. Ikasle eta bestelako langileen besoak matxinbratuta, zaparrada bidali zigutena uholde itzuli genien. Ohiko amorrua ohi baino elikatuago genuen. Zaurituak ere ohi baino gehiago izan ziren, odola lotsagabe isurita.

        Biharamuneko greba deialdiak gelditu egin zuen Euskal Herria. Santi Brouarden hilotzaren atzetik hiri bete lagun, zenbatezinezko jendetza. Berebiziko mina eragin bide zien Santiren hilketagatik emandako erantzunak, bi egun geroago Espainiatik beren-beregi ekarritako txakur odolzaleenak izan baikenituen haginka hasteko irrikatan.

        — Juan Jose motorrean zihoala geldiarazi eta hezur guztiak txikitu arte jipoitu dute!

        — Geldi zitezen erreguka hurreratu zaien emakumeari ubeldura galanta utzi diote izterrean!

        — Autobusetatik jendea atera eta mehatxatzen ari dira!

        — Fusilatu egingo gaituztela zaunka egin dit batek!

        — Besoak inoiz ez bezala nekatu beharko ditugu. Goazen!

        Enpresa batzordeko kideek irratietara deitu eta alderdi politikoetako ordezkariei laguntza deia egin zieten, etor zitezela ontziola barrura polizien triskantza ekiditera.

        Beruna erabiltzeko baimena zutela usna genezakeen.

        — Torloju gehiago, torloju gehiago!

        — Zuek bostok, zubikoek laguntza behar dute!

        — Hiru bidoi irauli egin dira! Arteztu eta urez bete behar ditugu!

        Polizien irrati frekuentzia atzemateko ardura zutenen abisua:

        — 11:30ean sartuko direla entzun diegu! Burdinekin datoz! Beruna erabiltzeko agindu diete!

        Anabasaren erdian sarleku bat babestea ahantzi genuen. Ohartzerako, ustez gotorleku bilakatu genuen ontziolan barreiatzen ari ziren 60 bat, hortzak kaskoetatik agerian. Ontziolaren barruko bigarren babestokietan eutsi genien arren, beste horrenbeste agertzekotan ederki berotuko ziguten larrua. Beharrik gure burkideak izan ziren bikoiztu zirenak. Berrehun besok jaurtikitako harri zein torlojuez ontziolaren eremuetatik lekoratzea lortu genuen. Atzerabide horretan sindikatuetako bulegoak, liburutegia eta jantokia osorik suntsitu eta proban itsasoratzen ziren ontzietarako jan-edanak lapurtu zizkiguten. Idazteko makina ere eroan ziguten.

        — Baten batek borrokaldi hauei buruzko liburua idatzi gura izango du.

        — Idazten jakin egin behar, ordea.

        — Hik baino hobeto zakitek zer idatzi.

        — Gure berbek torlojuek baino min handiagoa ematen zietek, antza.

        — Bai, batez ere hire adjektiboek.

        — Berria erosi beharko dugu.

        — Idazteko makina baino ez da! Torlojuak behar ditugu, ez letrak!

        — Torlojuekin idatziko ditugu aldarrikapenak?

        — Panfleto nahikoa idatzi ditugu ezertarako.

        Tiro hotsa izan zen entzun genuen hurrengoa. Ez kezko poteak jaurtitzearen hotsa, ez gomazko pilotena. Usnatu genuen, eta asmatu. Di-da batean, metrailetak, subfusilak eta pistolak desarratzen hasi ziren. Izerdi hotza, izu ikaragarria, heriotzaren hatsa kokotean, odola gatzatuta. Eutsi ezinik, amaitzeke zegoen itsasontzian aterpetzera egin genuen. Bidean Bizenteri bala sartu zioten gibeletik bertan. Bala bat. Eta ehunka gehiago. Berunezko heriotza dosi haietatik babestearekin batera, eskura genuen edozer botatzen genien borreroei. Itsasontzira heltzeke harrapatu zituztenak belarrietatik odola atera arte leherrarazi zituzten.

        — Pablo, Pablo, zer duk, Pablo?

        — Goazen atzerago, hemen arriskutan gaudek.

        Ez zituen bi metro egin. Izuak bihotza geldiarazi zion. Tiro dantza hartan, lankide batek medikua eta anbulantzia itsasontziraino ekartzea lortu zuen. Beranduegi ordea. Bihotzekoak eman zionetik artatu zuten arte, hiltzeko nahikoa, hogei minutu joan ziren. Hildako bat. Pablo. Gutarra.

        Hiltzaileka kanporatu genituen fabrikatik. Irakinaldi hartan pistolak eskura izan bagenitu, erruki barik dantzaraziko genien arin-arina, dardararik gabe zulatuko genizkien kaskoak zein ezkutuak.

        — Koldarrak!

        — Kabroiak!

        — Hil gaitzazue guztiok! Jubilatu gaitzazue betiko potrorik baduzue, hartara ez duzue birmoldaketarik egin beharko!

        Poliziak antzarak ferratzera bidalita, Lopez gobernadorea lumatzera abiatu ginen. Hartu gintuen lotsabakoak, bai eta esan ere harro zegoela Poliziaren jokabidearekin, berriz aginduko ziela tiroka sartzea indarkeria erabiltzen jarraitzen bagenuen. Bizkartzainen artetik erraietako gorrotoaren hatsa igartzea baizen ez genuen lortu. Boterearen indarrak gangartzen zuen oilo bustia.

        Gaur badakit gorrotoa egun hartan sentitu nuela. Gorroto berba txitean-pitean erabiltzen dugu, norbaitekin haserretzean, gure pentsaeraren kontrakoa den politiko telebistazalearekiko sentimendua azaltzean, min sakona eman digunari buruz galdetzen digutenean. Gaur badakit horietan zein beste milatan, edozeri deritzogula gorrotoa. Nik bizi izan nuen sentipen hark eraginda, Lopez gobernadorea, Ramon Jauregi, Solchaga, Barrionuevo, Felipe Gonzalez garbituko nituzkeen, eta batez ere egunero jazartzen gintuzten polizia guzti-guztiak. Egun hartan egingo nukeen, zalantza izpi barik, ondorioetan pentsatuta ere, emaztea eta alabak gogoan izanik ere. Horma kontra fusilatuko nituen, begietara begira. Ezagutu nautenek gizon ona izan naizela azpimarratzen dute, amama Pantxikek esaten zidan legez, on hutsa. Baina gorrotoak odola gobernatzen badizu, ordura arteko guztiak ez duela fitsik balio konturatzen zara, beste norbait dela zure barruan, arrotza, ezezaguna, Hyde kontrolaezina.

        Harrezkero sarritan logabetu naiz, sortutako odol txarra egundaino aldean ote daroadan, ez ote zitzaidan zainetan betikotu, barrua ez ote zitzaidan orduantxe usteltzen hasi. Gorrotoak bizirik mantentzen zaituela diote jakintsu ustekoek, mendekua argumenturako baliatzen duten hainbat filmetan, gorrotoaren kimua den mendekuak bizitzeko arrazoia ainguratu liezagukeela, mendekua gauzatzea justizia gauzatzea ere badela. Gidoietarako hitz segidak, idazteko errazak, urrunekoegiak, baina bizitzan behin, bederen, barru-barrukoak.

        Pablorena hilketa izan zela oihukatu genuen legez, halaxe berretsiko nuke bihar ere. Pablo hil egin zuten. Itsasontziak eraikitzen emandako urte luzeetan lan nekagarri askoak hartu zituen Pabloren bihotzak, altzairu xaflen pare gogortzeraino, puzten hasita. Pablo ez zen koldarra, Pablok aurrez aurreko borrokan eman zituen azken egunak. Ez borrek ez gomazko pilotek ez zuten kikildu. Tiro hotsek eta heriotza horren hurbil antzemateak geldiarazi zuten Pabloren bihotza.

        — Bizitzari atxiki nahiak hil du Pablo Gonzalez gure lankidea. Munduko langileriak pairatzen duen jazarpenaren beste adibide bat. Kapitalismoaren segak moztutako beste belar txar bat. Noiz arte lankideok? Noiz arte burkideok?

        — Gizona ere bazela ahaztu duk.

        — Gizonak bakarrik ezin dik iraultzarik burutu.

        — Gizonik gabe ere ez.

        — Ezta amamarik, amarik eta alabarik gabe ere. Hi, Euskaldunako langilea dela hil ditek Pablo, polizien kontra borroka latzean hil ditek, Estatuaren aurkako borrokan hil ditek. Ahaztu egin duk?

 

 

Espainiako segurtasun indarrek hiru egunetan bi lagun hil zituztelarik, lantegiak, ikastetxeak, dendak itxita eta kaleak sutan zeudela, PSOEk Jose Barrionuevo Barne ministroa bidali zigun Euskaldunara bertara. Lopez gobernadorearen mehatxuak bere egiteaz batera, Poliziak ordura arte baino zorrotzago jokatuko zuela esan zigun komunikabideen bitartez. Solchaga bigunegiaren okerrak zuzentzera etorri bide zen Barrionuevo, uxatuko gintuen txorimaloa, txuzoa, arranpaloa, mamutzarra.

        — Gabon, aita. Zer berri Barrionuevok?

        — Oso txarto portatu garela eta zigortu egingo gaituela entzun dut, Lorea.

        — Filosofiako gure irakaslearen antzera, orduan.

        — Pabloren hilotza laguntzetik nator!

        — Neskak, prestatu mahaia eta afal dezagun.

        — Ni ez naiz gose, Mari. Ohera noa. Gabon.

        — Ez duzu goserik behar etxekoekin egoteko.

        — Barrionuevok Euskalduna itxi egingo ei du.

        — Behin-behinean izango dela esan dute, baretzen zareten artean.

        — Badakizu ez garena baretuko. Pablorenak badakar berea.

        — Eman egurra, aita, erruki barik.

        — Suari ari gara egurra ematen.

        Biharamuneko asanblada Sarrikoko unibertsitatean burutu behar izan genuen, ontziolara hurbiltzen ere ez baitziguten uzten. Erantzunetarako egutegia adostu genuen lehentasun. Gure besteko eztabaida luze, amaitezinik gabe, emakumeek ontziolara sartuta asteburuko itxialdia antolatu zuten. Itxialdian bildu ziren 500etik gora emakumeak txaloka agurtu genituen itxialdiaren amaierako manifestaldiaren hasieran. «Euskaldunako emakumeok ez dugu amore emango».

        PSOEk estrategia aldatu zuen. Aurrez aurreko borrokaren bidez garaituko ez gintuela baietsirik, langileon batasuna apurtzeko ahaleginari ekin zion. Espainiako Enplegurako Zuzendaritza Nagusiak komunikabideei jakinarazi zienez, Euskaldunako langileokiko lan-harremanak apurtutzat ematen zituzten. Hilabeteko epean enplegua sustatzeko fondoetan izena eman beharko genuen. Horretarako, bidaliko ziguten gutuna onartuta itzuli beharko genien. Agindu hori bete ezean, lan-kontratua hutsalduko ziguten eta ondorioz kaleratu egingo gintuzten.

        Iruzur berriari zein erantzun eman ordu luzetan hausnartu ondoren, emakumeen ideia bikain hura gure eginez, mugagabeko itxialdia burutzea erabaki genuen. Helburuak lortu arteko mugagabea.

        Mugagabeko itxialdiak eragina izan zezan, hilabetetan luza zitekeela aurreikusita, parte hartuko genuen guztiok goitik behera bete beharreko baldintza zorrotzak onartu genituen. Ezin izango genuen, egoera larriren bat salbuespen, ontziola abandonatu; lanposturik ordaindueneko lankideetatik hasi eta sartu berrienetara, hartutako ardurak hutsik egin barik beteko genituen; kanpokoekiko harremanen zenbatekoa eta maiztasuna asanbladetan ebatziko genuen; jan-edanak kanpotik ekarriko zizkiguten; goizero-goizero, izenez izen, itxialdian geundenon izenak gogoraraziko genituen. Itxialdia arintzeko, kirol zein kultura jarduerak ezinbestekoak izango ziren. Luze aurreikusteak ez zigun denbora laburtuko; denborari ere, aurre egin beharko genion, gogor.

        Herrixka bihurtu genuen burdinazko lantokia, aspertzeko asti barik joaten zitzaizkigun egunak, eguneroko eragozpen txikiei irudimen handiz erantzun guran. Euskal Herriko txoko askotatik, Espainiatik, Europatik eta Hego Ameriketatik paparra puzten ziguten elkartasunezko ehunka mezu jaso genituen. Emakumeek ontziola barrukoak beste oihartzun eragiten zuten aldarriekin aztoratzen zituzten belarri minberak. Egunero zeharkatzen zuten Bilboko erdigunea Euskaldunatik ez dira pasako aldarrika. Alaba zaharrena ere, Lorea, institututik piper eginda aurre-aurrean aritzen zen, bere amari besotik helduta.

        — Eztarria lakartuta duzu, Mari.

        — Kantuan aritu naiz.

        — Lorearekin koruan?

        — Ama ere punki bihurtu zaigu, aita.

        — Gangarrak gizonkeriatzat zenituztela uste nuen.

        — Sistemaren kontra egitea da morrontzarik ez onartzea. Eta gainera punkia izateko ez da ezinbestekoa gangarra, ez dira gutxi gurasoenera etxeratzean mozorroa eranzten dutenak.

        — Lorea, zuk ikasketei eman beharko zenieke lehentasuna.

        — Zer ikasteari, aita? Espainia zein loriosa izan den ikasteari? Espainiako probintziak non dauden buruz ikasteari?

        — Ikasten ari da.

        — Mesedez, Mari, izango du gero ere kalean aldarrika ibiltzeko aitzakiarik.

        — Joateko ordua da, ateak itxi behar dizkigute bestela.

        PSOEkoen asmoak geldiarazi genitzakeen uste hartan, langileen batzordeko ELAko hiru kidek mugagabeko gose-greba egitea erabaki zuten. Ondo iruditu zitzaigun CATekoei, baina ez genuen gose greban parte hartu, fisikoki indartsu egon behar genuela uste izan genuelako. Asko nekatzen du fronteko lehen lerroak zaintzeak.

        Lankideek gose greba hasi zuten eguneko goizaldean, Euskaldunan soberan geunden langileen zerrenda ekarri zigun mezulari batek. 2.243 lagunek galduko genuen lanpostua. Galduko ez zuten lankideen gehiengoa 55 urtetik gorakoa zen. Luze hausnartutako trikimailua.

        UGTk ere langileon irmotasuna higatzeko estrategiarekin bat egin zuen. Bai komunikabideei bai afiliatuei bidalitako idatzian, gure itxialdia helburu politikoak lortzeko zela esan zuten, zuzenbide estatua kolokan jartzea genuela xede, ez langileon eskubideak bermatzea.

        — Gure artean haserretzea lortuko dute.

        — Satorrak dira, uzta izorratzen duten satorrak.

        — Burua agertu ahala aitzurrarekin garbitzen zituen gure amama zenak.

        — PSOEren sindikatu bertikala da, ez dago alderik.

        — Abenduaren 11ko greba egunarekin zilegitasuna galarazi behar diegu.

        — Hik zer diok, Jazinto?

        — Itxialdi hau eta abenduaren 11ko greba dira gure azken fusilak. Burdina urtu arte ekin diezaiogun suari.

        — Eta zer hasiko gaituk, lankideak jipoitzen? Hasi hadi, hasi hadi, ikusi egin gura diat zelan jipoitzen dituan. Oraindik ez haut koktel bakarra jaurtitzen ikusi.

        — Ez dira lankideak, traidoreak dira.

        — Ez UGTkoentzat, ezta PSOEkoentzat ere.

        — Oraintxe esan duk, buruak dituk moztu beharrekoak. Gillotina prest diagu, aizkorak zorrotz.

        — Isildu hadi gizona! Hitaz trufatzen dituk!

        — Laster mututuko dira, laster.

        — Esango didak zer darabilan eskuartean? Ez gara lagunak?

        — Laguna haizelako ez diat txintik esango. Ekin egiok heureari.

        Langileen batzordeko ordezkariek itxialdia haize alde zihoala erantzuten zieten ontziolara zetozen kazetariei, greba orokorrak arrakasta izango bazuen hil ala bizikoa zela Euskaldunak borrokari gogor eustea.

        Asteburuetan, elkartasuna adierazi gura ziguten guztiei aukera emateko eta batez ere etxekoekin luzaroan egon ahal izateko, ontziolako ateak zabaldu eta era guztietako ekitaldi kulturalak antolatzen genituen. On egiten zigun itxituraren zurruntasuna apurtzeak. Geu ere ez ginen preso egoteko jaio.

        — Umerik ez dut gaur arte burdinon artean ikusi.

        — Olgeta ederrean ari direla dirudi.

        — Lorea umea zela, Atxispe errekan behera bidaltzen genituen paperez egindako itsasontziak etorri zaizkit akordura.

        — Baten bat hondoratzen ikusi zenuten?

        — Ez, haiek zazpi itsaso eta gehiago zeharkatzen zituzten.

        — Lorea umetatik izan dugu ameslaria.

        — Eskua izerditan duzu.

        — Nobiotan ere erreka bazter uher honetatik ibiltzen ginen.

        — Orduan ere eskuak izerditan izaten zenituen.

        — Orduan maitasun pozak eragiten zidan izerdia.

        — Eta orain maitasunaren zoritxarrak?

        — Erdu hona.

 

 

Abenduaren 11ko greba egunean milaka langilek egin zuten bat gure deialdiarekin. Bilbo leiho eta ate ixtea lortu genuen, Euskal Herriko gainontzeko herrialdeetan ere milaka izan ziren Euskaldunarekiko elkartasunagatik eta PSOEren Gobernu ustela salatzeko kalera atera zirenak, Euskal Herria industriatik gabetzeko zituzten asmoak ez genituela inondik inora onartuko oihuztatu genien milaka emakume eta gizonek. Poliziek ez zuten jendetzari oldartzeko adorerik izan, agintari zituztenak erantzunaren neurriaz jabetu zirelako. Gobernu Zibilera joan, orduetan protesta egin eta piketeetan atxilotutakoak egun berean askatu genituen.

        Milaka horiek biharamunean zer egingo genuen pentsatzeak loa galarazi zidan. Bezperakoaren aparretan, iraultza lorgarritzat joko genuen? Langileok boterea eskuratu genezakeela sinetsiko genuen? Nor bere eguneroko lanetara bilduko ginen bezperakoa gertatu izan ez balitz legez? Grebak lantzean ustebako jai egunak izateko aitzakia bihurtuko zitzaizkigun? Bezperako milaka horietatik zenbatek egingo zion aurre arbuiatzen zuen nagusiari? Jendartearen eraldaketarako ezinbestekotzat ote genuen geure burua? Eraginik izan ote zuen bezperako greba orokorrak? Zer da greba orokor bat pertsona baten bizitzan?

        Hiru egun geroago Madrilera joan ginen PSOEkoei zenbat maite genituen belarrira esatera. Lau egun geroago 40.000 zalek bete zuten San Mamesko zelaiari itzulia eman genion. Itxialdira bueltan, askoz gutxiago ginen ontziolan gaua igarotzeko prest. Kanpoko ekintzen arrakastek itxialdiaren egokitasunari buruzko eztabaida areagotu zuten.

        — Itxialdian jarraitu behar badugu, Europarainoko oihartzuna izango duen ekintzaren bat burutu behar dugu.

        — Amaitu barik dagoen itsasontziaren amarradurak eten eta ibaiaren erdira bideratzea proposatzen dugu LABekook.

        — Erotu egin haiz? Zelan utziko dugu tamainako petroliontzia Bilbo erdian?

        — Bazakiagu komunikabideek zer zabalduko duten.

        — Kaka zabalduta ere, gutxienez zabalduko ditek. Gogoan duk lehengo asteko greba orokorrari buruz idatzitakoak? Itxi zuten enpresen zerrenda baino, zabaldu zutenena goratu zitean.

        — Gure borroka komunikabideek egin dezaketenaren gainetik zagok. Soldatapean dituzten horiek zabaltzen dutena zabaltzen dutela, PSOEn agintzen dutenek bazakitek zertarako gai garen. Kartutxoak amaitzen ari zaizkiguk, bete-betean asmatu behar diagu.

        — Bai, Jazinto, baina petroliontzia noraezean utzita, udaletxerantz joan eta zubiak txikitzen baditu?

        — Eraikiko ditiagu zubi berriak.

        — Ni ez nauk horren erantzule izango. Bilbotarren gaitzespena baizen ez diagu jasoko.

        — Greba orokorrean garbi erakutsi zigutean bilbotarrek elkartasuna. Gure alde ditiagu, ezbairik gabe eta tinko. Ulertuko ditek Gobernua makurrarazteko bide bakarra dela.

        — Zera ulertuko dute! Lurrikara baten kalteak eragingo ditugula ulertuko dute, gerrak txikitu ez zituenak txikituko ditugula.

        — Ongi da, segi dezagun inork ikusiko ez gaituen ontziola honetan itxita, betiko manifestazioak egiten. Ondo dakite goiz edo berandu, nekatu egingo garela.

        — Itxialdia bertan behera uzten badugu, gure arteko zatiketa nabarmendu egingo da. Gehiengoa enplegua sustatzeko fondoetan sartuko da, gosez dagoen arrainak beti irensten du amua.

        — Bozka dezagun eta kito.

        Astean behin etxera joateko baimenak ematea erabaki genuen. Gabonetaraino eutsiz gero, ospakizunak etxean egiteko aukera zabaldu zen. Gose greban jarraitzen zuten ELAko hiru lankideek, bozgorailuetatik, borrokari su eta gar lotzeko deia helarazi ziguten. Sindikatu handiek euren izen ona gordetzeari aitortu zioten lehentasuna, sekula ez bezala. Enplegua sustatzeko fondoetan izena emateko erabakia norbanakoarena edota guztiona zatekeen erabakitzeko haserrealdi bortitzak izan genituen. 55 urtetik gorakoek ezer gabe geratuz gero ogia zelan lortuko zuten aurpegiratzen zieten gazteagoei, galtzen ere ikasi behar dela sententziatu zuten. Izozmendiak branka arrakalatu zigun. Minbizia eskuak igurzten sumatzen nuen sabel aldean.

        — Arrazoi dute: galdu egin dugu. Esku hutsik baino hobe, eskaintzen dizkiguten birrinak hartu eta etxekoekin biltzen bagara.

        — Ezin diagu miseriarik onartu. Bulegoetan guri barreka hasiko dituk izu-laborritan negarrez beharko luketenak. Gure duintasuna zagok jokoan. Ezin gaituk horren erraz belaunikatu.

        Bazkaloste batean, ontziolako jantokian, Jazintok nire egunean oparitutako liburua irakurtzen ari nintzela, datorkigukeenaren profezia beldurgarria den George Orwellen 1984 nobela, ETBko albistegian entzun genuen: «Eguerdi on dizuela. Espainiako Barne Ministeriotik ohar bidez jakinarazi digutenez, Jose Barrionuevo bahitu dutenak ETAkoak izan dira. Bart goizaldeko 02:15ean Bilboko Carlton hoteleko gelatik desagertu zen Barne ministroaren arrastorik ez dute. Polizia Nazionaleko Bilboko buruekin bilera egin eta Euskalduna ontziolako langileekin dituzten liskarren inguruko azterketa egitera etorri zen. Barrionuevo ministroak atzo bertan adierazi zuen, Espainiako segurtasun indarrek euren ahalegin guztiak ETA desagerraraztera bideratuko zituztela. Euskaldunako langileekin izandako liskarrei dagokienez...».

        — Lanera berandu iritsi haizela esan zidatek.

        — Atzo oso berandu lokartu ninduan eta gaur ez diat iratzargailua entzun ere egin.

        — Eta Barrionuevorena, entzun duk?

        — Ez. Zer gertatu zaiok kabroi horri?

        — ETAk bahitu egin ei dik.

        — Bazuan garaia! GALekoentzat abisu entzun beharrekoa, inondik ere. Zer eskatu ditek askatzearren?

        — Oraingoz ez ditek ezer eskatu, antza. Hik zer eskatuko huke?