Bizitza homeopatikoak
Bizitza homeopatikoak
2008, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-00-3
azala: Lander Garro
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2002, narrazioak
1992, ipuinak
1987, antzerkia
Bizitza homeopatikoak
2008, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-00-3
aurkibidea
 

 

BIZITZAREN SENTIMENDU HOMEOPATIKOA

 

 

 

 

Markos Zapiain eta Arrate Egañari,

beren adeitasun mugagabeagatik

 

Oier Gorosabeli,

bere gorputz lerdenagatik

 

 

Nola iritsi naiz honetara? Errudunak bilatzen hasita, zerrenda luzea osa nezake: Mediterraneoko uharte eguzkitsuak, Espasa Calpe argitaletxearen marketing saila, UEUren laxokeria, UPVren endogamia, Opus Deiren zurrunkeria, Etxegarateko obren atzerapena, Jose Maria Aznarren larderia, Ibarretxeren txepelkeria... Baten batek esan lezake, ibilian-ibilian, Adan eta Ebarenganaino iritsiko naizela horrela, edozer gauza asmatzen dugula geure burua zuritzearren, eta akaso ez du arrazoi faltarik hori dioenak. Dena dela, protagonista bakoitzaren erantzukizuna ukatu gabe ere, esango nuke bizitzaren nire sentimendu homeopatikoak izan duela erru nagusia, eta, hitz horiek ezer gutxi argituko zutenez, goazen pausoz pauso, historiaren nondik norakoa azaltzeko.

        Ez da erraza nondik hasi asmatzen, baina badakit funtsean nora iritsi nahi dudan eta hori izango dut nire kontakizunaren helburu: aurtengo udan itsasoan egindako kruzeroa; izan ere, 2002 honetako abuztuan hamabost eguneko bidaldi bat egin genuen Anek eta biok plazerezko transatlantiko horietako batean, Bartzelonan hasi eta bertan amaitu, tartean Mediterraneoko hainbat portutan geldialdiak egin eta Greziako uharteak astiroxeago ikusi eta gero. Ane nire neska-laguna da, gero ere izango dut hartaz luzeago jarduteko aukera.

        Hitzik ez nekien nik aurretik halako itsasontziez; hobeto esanda, gaztetxoa nintzeneko Vacaciones en el mar telesaila ikusi izana oroitzen dut, baina ez zait iruditzen hori oso erreferentzia fidagarria denik ezertarako. Aurrez ezer jakin ez eta urte askoan hala jarraituko nuen seguru asko, Espasa Calperen sari hura izan ez balitz. Hori azaltzeko, baina, zer edo zer kontatu beharko dut neure lanbideaz.

        Liburu-saltzailea naiz ogibidez. Liburu-denda bat dut, neurea, eta bertan egiten dut lana. Gazteagoa nintzeneko eskemak aplikatuz gero, burges koxkor bat naiz, merkatarien klase ertain horretakoa, baina Karl Marxen Das Kapital-en tomo guztien gainean zin egin dezaket askoz gehiago irabazten nuela eta buru-kantsazio gutxiago nuela administrazioko langilea nintzenean, orain enpresari txiki bihurtuta baino. Ama Administrazioaren magal goxoa zergatik utzi nuen-eta, luze samarra izan liteke dena batera kontatzeko, eta geroxeagoko utziko dut hori ere.

        Liburu-denda bat daukat, beraz. Lihoaren penak konta nitzake orain, bertsio modernoan, eta Charles Dickensen nobela batean baino malko gehiago isuraraziko nuke irakurle sentiberen artean, baina ez dut halakorik egingo, ez orain eta ez gero, adarrik adar joanda basoaren ikuspegia galduko dugu bestela.

        Liburu-dendarioi —labur antzean azalduko dut, alor honen berri ez dakienarentzat— banatzaileek bidaltzen dizkigute liburuak; argitaletxe jakin bati loturik egon liteke banatzaile hori, baina gehienetan argitaletxe bati baino gehiagori eskaintzen die bere zerbitzua; hala denean, argitaletxeak eduki ditzake bere promotoreak ere, beren etxean ateratzen dituzten liburuak bereziki lantzeko eta promozionatzeko. Banatzaile nahiz promotore guztiak gure lankideak dira, nolabait esanda, haiek gabe guk ez baikenuke izango zer eskaini eta denoi interesatzen baitzaigu liburuak ongi saltzea. Baina, aldi berean, gure lehiakide ere badira, liburuaren prezioa zatitzean bati puska handiagoa ematen bazaio txikiagoa geratzen baita bestearentzat; eta, beste alde batetik, elkarren etsai amorratu izaten dira askotan banatzaile batzuk eta besteak, enpresa bateko eta besteko promotoreak, denek nahi baitute ahalik eta tokirik handiena beren produktuentzat, denek estutzen baikaituzte dendariak, beren liburuak aholka diezazkiogun erosleari.

        Barkatuko didazu digresio profesionala irakurle maite horrek, Espasa Calperen sariarena azaltzeko argibide batzuk komeni ote ziren iruditu zait-eta. Banoa berriz ere harira.

        Espasa Calpekoek ohitura izaten dute urtero halako bidaia exotiko bat antolatu eta bertara gonbidatzeko beren promotore saiatuenak, salmentetan gehien nabarmendu direnak, eta baita beren liburuak bereziki ongi erakutsi eta saldu dituzten dendariak ere; niri, egia esanda, ez zitzaidan burutik pasa ere halako sari bat egokitu zekidakeenik: azken batean, herri batean lan eginda, salmentak beti dira apalak, zerikusirik ez hiriburu handi bateko posibilitateekin. Halaxe komentatu nion urte hartako bidaiaren aukera aipatu zidan Espasako promotoreari.

        — Ez da salmenta bakarrik —esan zidan—; irudimena ere saritzen da: eskaparate bat txukun jartzea, interes berezia erakustea...

        Irudimena, txukuntasuna, interesa... horiek denak nire dohainak dira, barkatuko didazu harrokeria irakurle onbera horrek. Kontua da ideia hura buru barnean kilika hasi zitzaidala. Ideiarekin batean, aldeko eta kontrako faktore bana erabakiaren balantzan. Kontrakoa, nik ez niela sinpatia handirik Espasakoei. Ez neuzkan begitan hartuta, baina ez nituen begiko ere. Aukeran, erdarazko argitaletxeen artean, nahiago Anagrama, edo Alfaguara bera, bere taldearen handi-mandikeria eta guzti; edo argitaletxe txikiago eta gustu literario zorrotzagokoak: Acantilado, Pre-Textos... Espasakoak, horien aldean, klasiko samarrak iruditzen zitzaizkidan eta, dena esan behar bada, oso espainolak, eta apur bat fatxak ere bai. Hori, kontrako faktorea. Baina aldeko bat ere bazela esan dut: Aneri halako ibilaldi erromantiko bat eskaintzeko aukera izatea. Urte mordoa generaman batera, estudiante garaian elkar ezagutu genuenetik, hogei bat urte nire kalkuluen arabera, eta bitarte horretan makina bat bidaia eta irtenaldi egin bagenituen ere, denak izan ziren merke-zurrean egindakoak, diruz justu antxean ibili izan baikinen, bai lehen eta bai orain. Eta hogeitik hogeita hamarrera bitartean motxila eta kanpinarekin ibiltzea guztiz natural eta dibertigarria baldin bazen, hogeita hamarretik aurrera apur bat nekaturik eta lekuz kanpo hasi ginen sentitzen, nik uste, eta berrogeiak betetzekoak genituenez, aldatzeko garaia ere bazela pentsatu nuen, behingoz bakarrik bada ere. Eta gure poltsikoak ezin bazuen, zergatik ez aprobetxatu Espasa Calperen sakela beteak? Faktore biak balantzan jarri eta, zer nahi duzu esatea, irakurle fidel horrek? Ez zuen alferrik esan gure Axular handiak haragia flako dela, eta nik ere amore eman nion tentazioari, neure buruari esanez oso gutxi zirela irabazle izateko aukerak, baina esperantzari leiho bat irekita utziz, beste poeta hark esan zuen moduan.

        Eskaparatismoa nire zaletasun handienetako bat da: pintatzaile frustratua izatearen ordezko bat egongo da hor beharbada, gaztetan akuarelak eta olioak alde batera utzi nituenez geroztik horixe izan baita neure sorkuntza plastikorako alor emankorrena, etxea janztean Anek aukeratu zituen-eta altzariak nahiz koloreak, hau ez da gure etxeko dekorazioaz hitz egiteko tokia baina. Erakusleihoa neure erara moldatzen dut eta, beste harrokeriatxo bat onartzen baldin badidazu, irakurle zintzo horrek, sekula liburu bat erostera sartzen ez diren herritarrek ere behin baino gehiagotan esan izan didate neurea dela herriko eskaparaterik ikusgarrienetakoa. Ez dut oraindik galdu noizbait, edertasun hori aitortzeaz gain, barrura sartu eta zer edo zer erosiko duten itxaropena. Bien bitartean, horrekin eta neure erosle leialekin konformatu behar. Beraz, Espasaren erronka onartu nuenean, erakusleihoa horren arabera apaintzeari ekin nion, denborarik galdu gabe. Austral bilduma da argitaletxearen ondare nagusia, azalean beti ahuntz baten marrazkia duen hori, literaturako klasiko mordoa atera eta ikasle jendeak betidanik erosi izan duena, moduan eskaintzen baitituzte; orduan nik, sail horretako sorta handi samarra hartu eta, panel batean itsatsiz, ahuntzaren logoa osatu nuen liburu guztiekin. Ponpoxo eta moñoñoa geratu zen, nik uste. Baina honekin irabaziko al dut kruzerorako bidaia?, galdetu nuen neure artean. Eta orduan, Greziako uharteen tentaldiak berotuta, ideia gaizto bat bururatu zitzaidan, eta bururatu ez ezik gauzatu ere bai, Ane kimikarien nazioarteko biltzar batera joana zela aprobetxatu eta gaupasa bat eginda. Gaupasa, tentazioa... ez dakit zer imajinatuko duzun egin nuela, irakurle leial horrek, baina seguru ez duela zerikusirik errealitatearekin. Dena dela, bazterrak nahasten eta korapiloak endredatzen gehiago jardun gabe, kontatu egingo dut, orain arte inori aitortu ez diodan sekretu isilpeko eta mortala den arren.

        Ez dakit data aipatu dudan: 2001eko udazkena zen, Eguberrietara bidean, eta urte osoan zehar —Ibarretxe eta Mayor Orejaren arteko zorioneko hauteskunde haiek zirela eta ez zirela— liburu mordoa atera zuten Espainiako argitaletxeek euskal gatazkaren kontura; zehatzago esanda, euskal abertzaletasunaren kontra; eta argitaletxe horien guztien artean Espasa Calpe nabarmendu zen gehiena. Ezin esango dut liburu haiek saltzeak egundoko poza ematen zidanik, baina ni azken batean profesional bat naiz eta, gainera, ez nago zentsuraren alde; beraz, dendara sartzen zirenen artean Savater, Ussía, Ezkerra edo Gorriaranen irakurleak baldin bazeuden, zergatik ez nizkien ba haien liburuak salduko? Dendan arakatzen hasi eta Espasako perla guztiak atera nituen: Jon Juaristiren zitalkeriak, Mikel Azurmendiren paranoiak, Jose Maria Callejaren zaborrak, Arzalluzi buruzko libeloak... Horiek guztiak eta beste hainbat paratu nituen bigarren panel baten gainean, ez edonola baizik eta liburu-azal horien bitartez «Basta Ya» hitzak osatuz, handi, argi eta ikusgarri. Gaueko ordu txikiak zirela baliatuz eskaparatea jantzi, argi guztiak piztu, kanpora atera eta argazki-karrete osoa bota nuen. Espainiako bandera edo halako detaile konstituzionalistaren bat eranstea ere pasatu zitzaidan burutik, baina gehitxo izango zen eta arrazoiz esaten dute bizkaitarrek: «lar, txar».

        Antxintxika eta arineketan, erakusleihoa hustu eta ahuntzarena apailatu nuen berriro: Lazarillo de Tormes, Novelas ejemplares, Rimas y Leyendas, San Manuel Bueno Mártir, Las inquietudes de Shanti Andía... pentsatzen jarrita, aurrekoa bezain espainola zen hizkuntzaz eta kulturaz, baina ez horren erasokorra neure herritarren begietara, ezta horren merituzkoa ere Espasako nagusien pentzutara.

        Bi eskaparateen argazkiak bidali nituen Espasa Calpeko marketing sailera, erakusleiho biko denda banu bezala. Promotoreak berak ziurtatu beharko zukeen denda benetan halaxe jarria zegoela, baina Gabon garai hartan lanpetuegi zebilen bere eskualdeko eskola, liburutegi eta dendak banan-banan bisitatzen, eta telefonoz egindako liburu-eskari eta zorion-agurrarekin konformatu zen. Besterik zer nahi nuen bada nik?

        Saria nahi nuela esan beharko dut, eta saria egokitu zitzaidan. Handik hilabete pare batera, Madrildik deitu zidaten marketing saileko buruek eta, bidaiarako gonbidapena egiteaz gainera, zorionik beroenak eman zizkidaten, hiritar gisa erakutsi nuen adoreagatik. «Por su coraje cívico» gogoratzen dut esan zidatela, bost duroko beste hitz askoren artean.

        Orduko tranparen emaitza ote da nire ondorengo zoritxarra? Ala neure burua espainolismoari saltzeak ekarri dit horrelako ordaina? Ikuspegi bata zein bestea bekatuaren eta zigorraren teoria kristauaren fruitu dira, eta ez dut halakorik onartu nahi, barka nazala Fedor Dostoievski gizajoak. Bizitzaren sentimendu homeopatikoa dudala esan dut lehenago, ordea, eta hitz horien zentzua argitu beharko dut, sekta sasizientifiko bateko kide naizenik pentsa ez dezazun, irakurle saiatu horrek.

        Homeopatikoa deitzen diot nolabait deitzearren, Ane bera ere farmazia homeopatikoetako bezeroa baita aspaldi samarretik, giltzurrunetan dituen arazoekin hobeto moldatzen laguntzen diotelakoan, erabateko federik ez badauka ere. Homeopatiko deitzen dudan bezalaxe deitu nezakeen aleopatikoa edo «Lao Zi-ren ikuspegia», haren Dao De Jing klasikoan ederto geratu baitziren adierazita Ying eta Yang aurkakoen osagarritasuna eta denok helburu beharko genukeen harmonia unibertsala; baina, halako kontzeptuak erabiltzen hasiz gero new age eta esoterismo merkearen zakuan sartuko nauzu, irakurle sufritu horrek, eta inondik ere ez nuke nahi halakorik. Neure lotsak eranzten eta miseriak erakusten hasi naizenez gero, erants dezadan ez dakidala zer saltzeak ematen didan amorrazio handiagoa: edo Isabel San Sebastianen gezurtekak, edo autolaguntza deitzen zaion letra-zabor hori dena; tamalez —lehen ere aipatu dut ni profesionala naizela eta zentsuraren kontrakoa—, bi liburu mota horietatik dexente gehiago saltzen dut, konparaziorako, Koldo Izagirre edo Philip Roth-en obretatik baino.

        Taoismo, homeopatismo edo dena delako horrekin esan nahi dudana hobeto ulertzeko, eguneroko bizitzako adibide bat erabiliko dut: baditut nik bi iloba, nire arreba baten neska-mutikoak; eta beste bi iloba-antzeko, Aneren ahizparen neskatoak. Ba, nire arrebaren etxera baldin banoa, esaterako, nire iloba Maiderren urtebetetzea delako, harentzako opari bat eramanez gero beste bat hartu ohi dut, hutsik egin gabe, Oierrentzat; eta alderantziz. Honaino ulergarria eta normala da dena, bakoitzak bere urtebetete-eguna izan arren umeak erraz gaitzitzen dira-eta, edozein txikikeriarekin. Marka, baina, hau da: nire arreba Mirenen etxera joan banaiz eta honen ume biei oparitxo bana egin, biharamunean ez bada aste horren barruan behintzat, Aneren ahizpa Josunerenean agertzen naizela, Garazi eta Uxuerentzako opari bana hartuta, nahiz eta hauen etxean inork jakin ez bezperan nire beste ilobenean izan naizela opari banatzen. Txepelkeria? Beharbada. Irrazionalismoa? Seguru asko. Baina nork bere maniak eta kontraesanak ditu, eta ni, sistema horren bitartez gizarteak ezarritako injustiziak eta naturak eragindako desberdintasunak konponduko ez ditudala jakin arren, lasaiago sentitzen naiz neure kontzientziarekin. Amen.

        Itsasaldi miragarri hori irabazi nuela jakin bezain laster, errezeta homeopatiko bat aplikatuz bezala, Txalaparta argitaletxeko liburuz bete nuen eskaparatea; Pamielak Nafarroa oso, maritimo eta birkonkistatuaz atera dituen obrak nabarmen kokatu nituen han eta hemen; euskal liburuek gaina hartu zieten erdarazkoei kristaletik begiratzen zuenarentzat. Hori egitearekin batera, otoitz egiten nien Kubako Xangó eta Ezkioko Ama Birjina ukatuari, Espasa Calperi ez zekiola bururatu sariaren merezient egin ninduen eskaparatearen argazki sekretu hura inon plazaratzea, Basta Ya-koen apologia hori kalean zabalduz gero Txalapartaren propaganda baino pedigri hobea beharko bainuen gure herriko jarraitxuen suminetik babesteko, asmo ironiko eta salatzailearekin egin nuela sinesten ez bazidaten bederen. Liburu-dendetako Lagun-bis bihurtu behar ote nuen kruzero batean serbituriko lenteja platerkada baten truke? Zorionez ez zen halakorik izan, baina Ying-Yang aurkarien arteko harmonia unibertsalaren zaindariari nire zortea handitxoa iruditu zitzaion, nonbait, orduantxe gertatu baitzen Aneren auto istripua. Zorionez —eta lerro gutxitan bigarrenez erabili dut hitz hau—, Aneri ez zitzaion ezertxo ere pasatu, kotxea txatarrerako gelditu zen arren. Aseguru-konpainiaren hitzetan, «siniestro total».

        Oraindik Greziako itsaso epeletara iritsi gabe haria galtzen ari naizela leporatuko didazu akaso, irakurle gogaitu horrek, baina uste dut iritsi dela kontakizun honetako beste protagonista aurkezteko unea: Ane Lizarraga, aurrerantzean Ane, nire bizitzako laguna, nire bihotzeko kuttuna, momentu on eta txarretako neska-laguna.

        Ez dut love story erromantiko bat berritu nahi, bikote guztiek bezala bere gorabeherak izan baititu gureak ere, baina esango nuke aski ongi joan zaigula, oraintsu arte bederen. Aspaldi hasi zen gure artekoa, lehen iragaitzaz aipatu dudan moduan, eta Udako Euskal Unibertsitateari zor diogu elkar ezagutu izana; UEUri, edo gizakumeon bizitzekin dado-partidak antolatzen dituenari, halakorik balego, ez dut uste baina.

        Nik Euskal Filologia ikasten nuen Gasteizen; Anek Kimika, Donostian. Ni euskal dialektologiazko ikastaro batean apuntatu nintzen uda hartan; Ane, ez dakit ziur baina, kimika organikozko zerbaitetan, Ane —niretzat— beti aritu baita kimika organikoan sakontzen. Biontzat izan zen estreinaldia: esan nahi baita, lehenengo aldia genuela Larraonako colegio mayor hartan. Euskalkietarako interes dexentekoa nuen nik orduan, eta Anerena kimika organikorako ez zen izango txikiagoa, baina gure motibazio nagusia harago zihoala esango nuke: batetik, noski, euskal giro jator eta labeldun batean parrandaz parranda ibiltzea; bestetik, berriz, guztiz akademikoa izan gabe ere, bazen eragile jasoago bat: Euskal Herri berri bat eraikitzera zihoan intelligentsia-ren partaide edo gutxienez bidaide izan nahia. Asmo bikoitz hori irudi batean laburbiltzekotan Joxerra Etxebarria aipatuko nuke, bere praka motz eta udako txankletekin, batetik fisika nuklearreko klaseak serio emanez eta bestetik bertsolaritza taldean jo-ta-fuego jardunez, goizez nahiz gauez beti alai eta beti lanean, Oskorriren «Guretzat berdin dira» kantuan bezala, xakearen misterioez edo begetarianismoaren on-gaitzez hitz egiteko gertu, arlo bakoitzeko espezialistekin bezala baita ni edo Ane bezalako gaztetxo ausart eta ezjakin pare batekin ere. Bitxia da gero: urteen talaiatik, eta objektiboak izanda, guztiz txiroa zen orduko euskal kultura, hutsunez betea gure intelektualitatea, baina mundua gurea zela sentitzen genuen, ezerezetik abiatuta Parnasoaren gailurra ukituko genuela geure nahiaren eta lanaren indarrez. Bizitzaren filosofia homeopatikoa aplikatuta ez zitzaigun arrazoirik falta, hainbat mendetako gabezia eta zapalketen ondoren etorkizun oparoagoa zor baitzitzaion gure hizkuntzari. Hala eta guztiz, ez diot gure herriari opa Joxerra Etxebarria izatea bere paraderoaren sinboloa. Zer gerta ere.

        Iruñeko gauek jarri zuten gure maitasun-hastapenerako dekorazioa: Larraonan bertan hasieran, afalondoan sortzen zen giro lasai eta berriketarako apropos hartan; Parte Zaharreko tabernetan gero, hiri guretzat ezezagun hartan egindako espedizio basati samarretan; eta izena inoiz jakin banuen aspaldi ahaztu nuen herri koxkor bateko jaietan azkenik, Nafarroako geografia zabalak eta udako santu patroien zerrenda are zabalagoak eskainitako aukera oparoan. Handik aurrera, asteburuetako nobioak izan ginen Ane eta biok: batzuetan ni joaten nintzen haren herrira, besteetan bera etortzen zen nirera, eta, uda iristean, biok joaten ginen UEUra. Horrela pasatu ziren urteak eta amaitu ziren gure karrerak.

        Ohartzen naiz hau ez dela gauzak kontatzeko modu taxuzkoa. Oroitzen naiz nola, gure dendan izaten ditugun liburu-aurkezpen eta idazleekiko solasaldi horietako batean idazle batek esan zigun —eta ez noa haren izena esatera, nire trakeskeriaren erantzule egin nahi dudanik pentsa ez dezan, ez idazle hark ez beste inork—, esan zigun bada delako idazle hark, kontakizun bat erreal eta sinesgarri egiteko funtsezkoak direla xehetasunak; xehetasunik gabe hotz eta abstraktu suertatzen den testua, benetako eta konkretu bihurtuz doala detaileak gehitu ahala. Hortaz, nik orain zertzelada batzuk sartu beharko nituzke gure harremanaz, bakoitzaren izaeraz, tartekako liskarrez edo goxoaldiez. Agian bai, baina Bartzelonan daukagu Espasa Calperen kruzeroa zain, eta horra iritsi beharko dut noizbait. Oroitzen naiz baita ere beste idazle batek —eta honen izena ere isilpean gordeko dut, arrazoi beragatik— aholku osagarria eman zigula, hots, inportantea eta pertinentea ez den guztia kendu egin behar duela idazleak, ezabatu, jakintzat jo, elipsi bitartez gainditu. Hemen, adibidez, hurrenkera kronologikoari jarraituz gero, nire soldadutza-aldiaz hitz egin beharko nuke, baina nola kontatu nahi dudan istoriorako ez zaidan iruditzen ez funtsezkoa eta ez pertinentea, jauzi bat egingo dut urtebete penagarri haren gainetik eta aurrera segituko dut.

        Ni ez nintzen izan ikasle azkar, jakintsu, saiatu eta distiratsu horietakoa. Txukun antzean moldatu nintzen, hori bai, eta urtez urte gainditu nituen ikasgai guztiak, etxekoen pozerako eta nire lasaitasunerako; baina, UEUra eraman ninduen dialektologiarekiko interes goiztiar hori gorabehera, ez nintzen bereziki nabarmendu ez testu zaharren azterketan, ez hizkuntzalaritzan orduan moda-modan zegoen arbolagintzan, ez beste inongo arlotan. Karrera amaitzean nire ikaskide bizkorrenek linguisten Meka Berria bihurturiko Emaitira joatea amesten zuten bitartean (Emaiti, kosta zitzaidan jabetzea baina, M.I.T. zen: Massachusetts Institute of Technology, non Noam Chomsky buruargi eta guru garbiak bere zientziaren infusioak prantatzen zizkien mundu osotik jakin-gosez inguraturiko dizipuluei), bitartean diot, nik nahikoa nuen lanpostu itxurazko bat topatzea. Ane, berriz (eta honetara nentorren), ikasle bizkor, argi eta saiatu horietarikoa zen, zenbat eta gehiago ikasi orduan eta gehiago sakondu nahi zuena, eta non egongo zen hobeto Jakintzaren Tenplua deritzan horretan baino? Ikerketa-beka eskatzera animatu zuten kimika organikoko departamentukoek, urte gutxiren buruan bera ere bertako irakasle bihurtuko zen segurantza osoan.

        Unibertsitatean sartzeko sistemaz bi hitz egin beharko nuke hemen. Ez ikasleak sartzeko sistemaz, selektibitatea izeneko hauta-proba hori aski ezaguna baita; irakasleak hautatzeko modua aipatu nahi nuen, askoz jende gutxiagok izango baitu horren berri. Borondate oneko irakurleak usteko du arlo bakoitzeko espezialistarik onenak eta jakintsuenak hartzen direla, etorkizuneko profesionalak eurek prestatuko dituztenez gero; gaizki pentsatuek, berriz, ohi dutenez pentsatuko dute entxufismoak leku nabarmena izango duela hor, norbaiten lehengusu, koinata, adiskide edo gomendatu izateak munta gehiago dukeela espedientearen distirak baino. Egia ez dago ez batzuengan ez besteengan, ezta epelek bertute-lekutzat daukaten erdibidean ere; gauzak apur bat konplikatuagoak dira, izan ere, eta nolabait izendatzearren «feudala» deituko dugun metodo batetik pasatu beharra dauka Unibertsitatean sartu nahi duenak; instituzio hau ere Erdi Aroan sortua izanik, ez genuke zertan izendapenaz harritu.

        Erdi Aroan, lanbide bat ikasi nahi zuen gazteak ofiziale maisu batengana jo behar zuen, bere asmoaren berri eman eta bere burua aurkeztera; maisu horrek, ikaslea onartuz gero, bere menpeko eta zerbitzari hartuko zuen; hortik aurrera, zenbait urte irauten zuen prozesu batean, era guztietako lan eta zerbitzuak egingo zizkion aprendizak maisuari, eta honek trukean, mantenurako sos batzuk emateaz gainera, lanbidearen antze eta trikimailuak erakutsiko zizkion; ondo bidean eta okerrik ezean, urte horiek guztiak iragan ondoren, ofizialeen gremioak bere artekotzat joko zuen gaztea, honek bere kasa jardun ahalko zuen ogibide horretan, eta baita ikasle saiatuak bere babesean hartu ere, zahar-gazteen gurpilak aurrera egin zezan.

        Belaunez belaun, hainbat mende iraun zuen sistema horrek, eta hala ikasi ohi ziren lanbideak iraultza industrialaren aurreko aroan: errementari eta arotz, ferratzaile eta aiztogile, tindatzaile eta jostun... Gero kapitalismoa etorri zen, sozialismoa ere bai lurralde batzuetan, sindikatuak, lan-kontratuak, gizarte segurantza, abokatu laboralistak, enpresa-komiteak, legeria sozial gutxi-asko progresistak... eta horiek denek pikutara bidali zuten gure antzinako hirietako gremioen sistema kuttun hori. Baina horra non birsortu den arkeologia feudalaren hondakina zirudien hauta-modu bitxi hori, non-eta aurrerapenaren mintegi eta zibilizazioaren habia omen den Unibertsitatean. Hemen ere, bere burua irakasle izateko dohatua eta sartzeko sistema horren on-gaitzak eramateko gogotsu ikusten duen gazteak katedratiko baten babesa bilatu behar du, honek zuzentzen duen departamentuan bekadun postu bat eskuratzeko (bekaduna da lehengo aprendizaren ordezko); urte batzuk emango ditu horrela, katedratikoaren esanetara betiere, bateko bere tesia osatzen, besteko agintzen dizkioten lan koxkorrak burutzen, jornal ziztrin baten truke, egunen batean bera ere irakasle bihurtzeko itxaropenean: irakasle laguntzaile lehenengo, titular hurrena eta, merituzko karrera luze baten osteko erramu-koroa gisa, katedratiko egunen batean.

        Egia da irakasleak hautatzeko prozedurak guztiz ireki eta demokratikoak direla itxura batean, edonongo edonor aurkez litekeela berorietara eta curriculum onenaren arabera eman behar dela plaza bakoitza, hautagaien bibliografia, ikerketak, notak, hizkuntz ezagupenak eta bestelako merezimenduak banan-banan pisatu eta gero. Baina egia da halaber —Unibertsitatean guzti-guztiek dakiten baina hortik kanpora inork aipatzen ez duen egia—, irakasle-postu baterako deia egiten den orduko jakiten dela nori emango zaion, departamentu horretako zein aprendizek gainditu duen urtetako gurutze-bidea, eta berdin zaiola askoz ere espediente, argitarapen, prestakuntza eta sursunkorda hobeak dituen beste lehiakide bat aurkezten bada ere: etxeko neska edo mutil saiatuari esleituko zaio delako plaza hori, ez baititu hainbeste urte morroi-lanean alferrik pasa izango, gizajoak.

        Sistema hori bidegabea dela? Bai noski. Benetako balioaren ordez menpekotasun zintzoa saritzen duela? Dudarik gabe. Ikasle jendearen esplotazio lotsagarri eta duintasungabea bultzatzen duela? Tontoenak ere ikusten du. Endogamia hori Unibertsitatearen beraren kalitatearen kaltetan doala epe ertain eta luzera? Bistakoa da. Orduan, zergatik irauten du sistema feudal horrek? Zergatik ez du inork salatzen? Ba, irauten du, sistema itxi, ondo egituratu eta orekaren bermatzailea delako; eta ez du inork salatzen inori komeni ez zaiolako: departamentuak manejatzen dituztenek abantaila nabarmenak ateratzen dituzte; hain mafiosoak ez diren edo bere kasa dabiltzan irakasleak isilik gelditzen dira, dela korporatibismoz, dela lasai bizitzearren; eta irakasle bihurtzeko gai izan litezkeen ikasleek, berriz, metodo feudala irensten ez badute ospa egiten dute, eta beste erremediorik ezean irensten dutenek, lehen pausoa emanez gero, ezinezkoa dute gero atzera egitea, urtetan bere harreman-sarea lantzen aritu eta gero.

        Sistemak baditu, ordea, bere zuloak eta arrakalak. Bat, zirkunstantziala eta noizbehinkakoa, katedradun arraro batek, eskalafoiari kasurik egin gabe, onena iruditzen zaion curriculumaren alde egitea erabaki, eta asmo hori aurrera ateratzea lortzen duenean. Bestea egiturazko arazo bat da, eta alde horretatik konpongaitza, txiringitoak behar bezala funtzionatuko badu Unibertsitatearen etengabeko hazkuntza eskatzen baitu: departamentua irakaslez hazi eta puztu litekeen bitartean, ongi: beti izango da txoko bat bekadun bakoitzeko, eta postu bat urteak eman dituzten dizipulu saiatuak saritzeko; irakasle berriak kontratatzeko diruak amaituz gero, berriz, zaharrenei erretiroa iritsi arte itxaron behar inor sartzeko, eta doktorando-ikerlaribekadun-ordezkoirakasle erromesaldi luzea egin duen koitaduak etxera joan beste erremediorik ez du izaten, hogeita hamabost urterekin bere lehenengo lanpostu normalaren bila, ikerketa teorikoan izugarrizko esperientziaz baina lanbide praktikoari begira ezdeus sentitzen dela.

        Bi arrakala horien konbinazioak aldatu zion bizimodua Aneri, eta baita niri ere, ondoren azalduko dudan arrazoiagatik. Esan liteke metodo feudalaren bi hutsuneak batera gertatzea edonori bizitzaren sentimendu homeopatikoa indartuko liokeen seinale esanguratsua izan zela, baina baita txiriparen ondorio hutsa ere. Batera zein bestera, halabehar horrexek ekarriko zuen, ibilian-ibilian, Aneren auto-istripua, Mediterraneoko kruzeroaren iragarpenarekin batera gertatu zena. Barkatuko didazu, irakurle luzetsi horrek, Mediterraneora iritsi aurretik bidean apur bat luzatzen banaiz; dagoeneko alferrik izango dut gure liburu-dendatik igarotako inongo idazleren aitzakia egitea baina, Unibertsitate feudalaren parentesi luzea amaituta, lehengo hariari heldu behar diot berriro, hots, ikasketetatik eta soldadutzatik lizentziatu ondoren lanean nola sartu nintzen.

        Inolako epikarik ez abenturarik gabeko kontua izan zen, eta batere penarik gabe esaten dut. Titulua eskuratu, izena eman Hezkuntzako ordezkaritzan (irakasleon soziolekto partikularrean «delegaritza» izendapen berezia daukan toki horretan), eta hurrengo ikasturtean lanean ari nintzen institutu batean, hainbat buruzpide administratibo eta burokratiko izapidetu, xedatu edo denadelakotu eta gero. Euskal Filologiaren urrezko aroaren azken urteak ziren, 80ko hamarkadaren erditsuan, eta irakaskuntzako sare publikoan di-da batean sartzeko zortea izan nuela aitortu behar dut, nahiz eta beste di-da batean ohartu nintzen irakaskuntza ez zitzaidala askorik gustatzen. To, homeopatia.

        Ez gustatze horren zer-nolakoaz eta zenbaterainokoaz jabetzeko urte batzuk behar izan nituen, hala ere. Hasieran ez nengoen gustura, urduri nenbilen, eta hasiberria izateari egozten nion nire artegatasuna, pasatuko zitzaidala esaten zidaten lankide guztiek. Pasatu, ez zitzaidan egin, baina denetara ohitzen zara, denborarekin. Bigarren urtea, lehenengoa bezala, Bilbo Handiko eskualdean egokitu zitzaidan, A eredu gaizki asimilatu batetik zetozen neska-mutil jator baina basati samar batzuei hizkuntzaren hasi-masiak buruan sartu nahian. Horretarako ibili ote naiz ni —pentsatzen nuen tarteka— Añibarro eta Mogelen bizkaiera-ereduen desberdintasunak ikasten, edo o/u/ü bokalen arteko gorabeherak zuberera klasikoan, edo Larramendiren eragina hiztegigintza modernoan, edo nik al dakit? Zertarako eta arbelean diot/diozu/dio esplikatzen ibiltzeko, astakirten haietakoren batek «corta el rollo, tío» esan edo, okerrago, klarion zati bat botatzen zidan bitartean! Deprimitu egiten nintzen, eta deprimitzen nintzelako neure buruarekin haserretzen nintzen. Izan ere —saiatzen nintzen neure buru deprimitua animatzen— egiten ari nintzena, distiratsua izan gabe ere, guztiz premiazkoa zen gure herriaren geroari begira, immigrazioaren seme-alaba edo biloba erdaldun haiek geureganatzetik jaioko baitzen biharko Euskal Herri berri eta euskalduna. Eta gainera —segitzen nuen neure burua konbentzitzen—, zer eskubide dut nik kexatzeko, lan egonkor samarra eta soldata on bat edukita, nire ikasle hauetako askoren gurasoak langabezian daudenean, beren lanpostuaren alde borroka gogorrean jardun eta gero Euskalduna ontziolan eta Deustuko zubian?

        Ez dut esango neure burua poztea lortu nuenik, baina eutsi nion behintzat, koloka eta nola-hala, udako oporren esperantzarekin: udako opor luzeak aurpegiratu ohi dizkigute irakasleoi bestelako lanbideetako lagun eta ezagunek; ezin ukatuko dut haiek ere beste horrenbesterako eskubidea dutela edo behar luketela, baina argituko dut irakasleok garela, opor luzeenak izateaz gainera, opor horien premia larriena sentitzen dugunak eta urtean zehar oporrekin amets gehien egiten dugunak; ez hainbeste oporren beraien kilikamenaz, nola ikasleez libratzeko itxaropenaz.

        Hurrengo ikasturterako leku-aldaketa lortu nuen, eta delegaritzaren dado ikusezinek Euskadi idiliko eta ametsezkoaren bazter goxo batera eraman ninduten: mendi berde, baserri txuri, ibar estu, fabrika ketsu, eta RH purueneko neska-mutilak, euskaltasunaren esentziak eta ergatiboaren xarmak amaren bularretik edoski dituzten horietarikoak. Baldintzarik xinpleenak arbeleratu ordez badadi eta baledi-ren arteko ñabardurak azaltzen imajinatzen nuen neure burua, Leizarraga eta Axularren hizkuntzen arteko konparaketak talde-lanean egiten, Lizardi eta Atxagaren baliabide poetikoen balizko loturak analizatzen...

        Nire itxarobide eta espektatibak goregi jarri nituela? Ados. Kokolo hasiberri eta inuxentea nintzela? Ados horrekin ere. Hala ere, ez nuen espero urte gehiena aditz ariketak egiten pasa beharko nuenik, Gotzon Garateren nobelak baizik irakurri nahiko ez zituztenik, eta Txomin Agirreren kostunbrismoaren ezaugarriak azaltzen hasi orduko «corta el rollo, tío» bota behar zidatenik, Ibar Ezkerreko ikasleena bezalako gaztelania perfektuan.

        Ezin esango dut Barakaldo eta Somorrostroko neska-mutilen mira sentitu nuenik, baina pare bat gauza behinik erakutsi zidan paraje euskaljator hartan emandako urteak: bat, lehendik ere jakin beharko nukeena, Euskal Herri labeldun eta postalezko hori ere zenbateraino dagoen azpiak jana eta erdalkeriak joa; bestea, irakaskuntzarekin neukan konponduezina uste baino sakonagoa zela, euskaldun berri bihurtzeko bidean trabaturiko ikasleekiko komunikazio-arazoa baino harago zihoana. Juantxo izeneko filosofia-irakaslearekin erdibanatzen nuen pisura iristen nintzenean, besaulkian plof etzatea zen nire helburu bakarra, eta opor urrunegiekin amets egin ordez astebururako planak egiten nituen Anerekin telefonoz. Ez dakit tristura profesionalak eragindako malenkonia amodio-minarekin nahastu ote nuen —nire kasuan paretsuak izan zitezkeen sintomak—, kontua da Anerekiko urruntasunari egotzi niola astelehenetik ostiralera abailduta nindukan goibelaldia, eta ahal bezain laster harekin bizitzeko planak egiten hasi nintzela.

        Anek bere gurasoenean jarraitzen zuen, Unibertsitateko laborategian bere probak, saioak, ikerketak eta abarrekoak egiten zituen bitartean. Beste alor batzuk ere probatu ondoren, Taxolaren deribatuak ziren orain bere ikergai nagusia; behin edo behin saiatu zitzaidan delako substantzia horien nondik norakoa azaltzen, baina kamutsegia nintzen ni, edo hutsune handiegia neukan kimikaren ezagupenean, ez bainion tutik ere ulertzen, ez-dakit-zer «antikantzerigenoa» zela izan ezik.

        — A, hortaz, minbiziaren kontrako txerto bat deskubritu behar duzue? —esan nion pozez beterik, Pasteur edo Fleming berriaren senargaia izatearen harrotasunez.

        — Txertorik ez, inondik ere; gurea oinarri-oinarrizko ikerketa da, ondorengo garapen eta aplikazioetarako.

        — A —esan nuen, ulerkor baina apur bat dezepzionaturik.

        Bitxia zen gu bion egoera: nik lanpostu on bat neukan, baina ez nengoen gustura; Anek ez zuen txakur handi bi besterik irabazten, baina pozik bizi zen, Taxol delako horrek, minbiziaren kontrako ahalmenez gain, bizi-pozaren sekretua baleuka legez. Hortik abiatuta erraza litzateke materialismoaren kamutsa eta bizimodu espiritualaren aberatsa goraipatuko lituzkeen diskurtso polita botatzea, baina urrun nigandik, arren, horrelako klixeak eta merkekeriak.

        Aneren aldean, esan berri dut, ederki irabazten nuen nik, baita gehiago gastatu ere, errentan bizi bainintzen beste irakasle batzuekin batean, eta autoa ere erosi bainuen, asteburuetan etxera joateko eta Anerekin batetik bestera ibiltzeko. Gastuak gastu, aurrezteko modua ere egin nuen, eta etxebizitza bat erosten hasi nahi nuen; Ane eta bion maitasunaren habia, klixea izateaz gainera kursia ere baden esamoldea barkatzen badidazue.

        Halako batean, eta pertinenteak ez diren datu eta urteak jango ditut tartean, lortu nuen institutu batean plazaren jabe izatea, oposizioak gainditu eta gero. Leku egokia iritzi nion bertan geratzeko, neurriz polita baitzen herria eta ongi komunikatua, nire eta Aneren bailaren erdibidean. Eraikitzen ari ziren etxebizitza baterako sarrera ordaindu, eta amaitzen zutenean bertara bizitzera joateko eskatu nion Aneri.

        — Baina nik ez dut irabazpiderik —esan zidan—. Datorren urtean agian, plaza aterako balute...

        — Berdin dio. Nirea dena zurea ere bada, ezkontzetan bezala.

        — Ezkontzeko eskatzen ari al zara?

        Ez ginen ezkondu, baina paperekin nahiz paperik gabe berdintsuak dira denentzat bizikidetzaren on-gaitzak; orriak ez ezik eleberri osoak idatzi izan dira ezkonbizitzaren gazi-gozoez, eta beraz salto batean pasatuko ditut gu bion elkarbizitzari dagozkionak, ez lotsaz eta herabez, geroxeago kontatuko baititut pasadizo ahalkegarri askoak, baizik eta nire istorio honetan aurrera egin behar dudalako, Bartzelonako portura iritsiko banaiz.

        Bizimodu lasaia izan genuen zenbait urtetan: Ane Unibertsitatean, Taxolaren deribatu haietan zer aurkituko eta departamentuan berarentzako txoko bat non kausituko (ez nuke jakingo esaten bi deskubrimenduetatik zein zen zailagoa), eta ni bitartean institutuan. Bizitza sentimentalaren oreka hori lortu eta gero amaitu egin zitzaizkidan aitzakiak, eta aurre egin behar izan nion egia mingarri bezain sinple honi: ez zitzaidan gustatzen klaseak ematea. Ia inori ez zaiola gustatzen aurpegiratuko dit baten batek, eta ea nork maite duen lan egitea. Apal baina argi erantzungo diot aurpegiratzaile horri: ohiko asperduratik eta bokazio faltatik harago zihoan nire ezinegona, lanbideari nazka hartu eta ikasleak gorrotatzeraino. Beste erremediorik ez neukan ordea: lehendik ere lana uzteko borondaterik edo aldatzeko aukerarik izan ez banuen, are gutxiago orain, etxebizitzaren hipoteka ordaindu behar bainuen hilero-hilero, eta Aneren ardura ere neure gain hartua bainuen, bera guztiz sinetsita zegoen arren gutxirako izango zela, aurki aterako zela bere zorioneko postua, departamentuen arteko gerratxo batzuk konpondu eta errektoregoan iltze egokian jo bezain laster.

        — Lasai —esaten nion nik—, horrela ere ondo gaude.

        — Baina nik ez dut inoren menpe bizi nahi.

        Nik protesta egiten nuen, ez zegoela inondik ere nire menpean, baina hortik aurrera eztabaida nahasi batean korapilatzen ginen, batetik errealizazio pertsonalerako beregaintasun ekonomikoak duen garrantzia agertzen baitzen, bestetik amodioak berezkoa duen eskuzabaltasuna; soka desberdinegiak inondik ere txirikorda bat egiteko, eta mataza nahaspilatu bat geratzen zitzaigun bihotzean eta urdailean.

        Egia da ordea ondo geundela. Elkarrekiko bizitzaren aldirik goxoena izango zen hura, ezer apartekorik egiten ez bagenuen ere. Agian horrexegatik. Unibertsitatetik itzuli eta gero ere paper artean segitzen zuen Anek, hartarako egokitu zuen gelatxoan, tesian buru-belarri murgildurik baitzebilen garai hartan, hura amaitu nahi eta amaitu ezin luzean. Nik, berriz, haren ondoko egongelan ematen nituen iluntzeak, telebista itzaliaren aurrean, besaulki eroso batean hondoratu eta nire afizio deskubritu berrian dzanga igerian: irakurketan, alegia. Liburuekin izan dudan harremana argitzeko, baina, beste parentesi bat zabaldu beharko dut, labur izateko asmo tinko eta agintza zintzoarekin.

        Orain besterik iruditu arren, txikitan eta gaztetan ez nintzen bereziki irakurzalea izan. Batxilergoa ikastean letretatik jo banuen, hauekiko amodioak baino pisu handiagoa izan zuen zientziekiko arbuioak (horretan arrazoi pixar bat eman behar Aneri, letretako guztiak alferzorrien zakuan sartzen gaituenean); filologiarako hautuan ere zerikusi estua izan zuen geroko lanpostu errazaren itxaropenak, «Aitorren izkuntz zarrarenganako» zaletasunarekin batean; karreran irakurri nituen, bai, irakurri beharrekoak, ez dut esango hoztasunez, atsegina ere izaten bainuen, baina apunteak leitzen diren interes profesional berberarekin. Ikasi, ikasi nuen zerbait literaturaz, autore kanonikoez batik bat, gustatu beharreko haiexek gustatzen baitzitzaizkidan, neure kasako aurkikuntza berrietan arriskatu gabe.

        Juantxori esker hasi ziren aldatzen nire gustuak. Juantxo hau, lehenago ere aipatu dut, postaleko herri labeldun hartan ezagutu nuen, bera ere institutuko irakasle, bera ere erbestean, biok pisu berean egokitu ginenean. Euskarako irakaslea ez baizik filosofiakoa zen bera, baina euskal literatura nik baino hamaika aldiz hobeto ezagutzen zuena, bai egile klasikoak eta bai momentuko sortzaile berriak. Atxagak Obabakoak atera zuen garaian izan zen hura, 80ko hamarkada amaieran, eta Juantxok kutsatu egin zidan bere irrika, beste zereginik ere ez baineukan herri hartan, eta pisuan telebistarik ere ez, Juantxok bere militantzia intelektualean erabaki eta nik neure esnobismo sinpatikoan onartu nionez, urteetako nire teleadikzioarentzako antidoto homeopatiko egokia izango zelakoan.

        Euskal idazleak ez ezik erdarazkoak ere irakurtzen hasi nintzen berehala, Juantxok uzten edo gomendatzen zizkidanak hasieran, nik neuk eskuratutakoak ere bai, arian-arian, neure gustu eta irizpideak finkatu ahala. Gero, liburu haietaz eztabaidatzen genuen Juantxok eta biok, ardoa, kafea eta pattarra nahasten ziren gau luzeetan, sukaldeko mahaian bertan, argumentuaren goiti-beheitiak, teknikaren katramilak eta mezuaren trikimailuak aztertzen genituela. Nire unerik gozoenak ziren afalondoko solas literario horiek, goizeroko eskola mortalekin kontraste ezin mingarriagoa egiten zutenak. Ikasturte hura amaitu zen eta Juantxo eta biok bereizi egin gintuen trasladoen kutixi halabeharrezkoak, baina betiko geratu zitzaizkidan itsatsita liburuekiko maitasuna eta, irakurtzean sentituriko atsegina berritzeko edo biderkatzeko bide gisa, liburu haiexei buruz berba egiteko zaletasuna.

        Ane ez zen berez liburuzalea; ezta kamuts-kamutsa ere. Esan nahi baita, bere arloko gauzak irakurtzen zituela, nola ez, eta horretaz gain, oso aldian behin, nobelaren bat edo beste; baina horretarako ere, nire aholkuak baino nahiago izaten zituen bere departamentuko lagunenak eta, horrenbestez, Ken Follett, Paulo Coelho eta antzeko best sellerrak irakurtzen zituen nik utzitakoak baino sarriago, eta euskarazkoak lantzean-lantzean besterik ez, bera ikastoletan ibilitako euskaldun zahar eta euskaltzalea izan arren, «oso zailak» omen zirelako. Ane ez zen izugarri zalea, baina gogo onez hartzen zuen nire zaletasuna, nahiago zuen nonbait ni liburu batekin ikusi futbol-partidetan sudurra telebistari itsatsita baino, gizonezko gehienek egiten omen duten bezala. Oker ari naiz ordea: topiko horiek guztiak botata, Aneren irudi berekoi eta estereotipatua aterako du irakurleak, eta ez da inondik ere horrelakoa. Nik esan nahi nuen, bere zaletasunekin bat ez egin arren, lagundu eta bultzatu egiten ninduela neure afizio eta aukeretan; jabetuta zegoen ordurako —nola ez, nire eguneroko kexu eta erostak entzun ostean— irakaskuntzaz asper-asper eginda nengoela, eta horrek halako zimiko bat eragiten zion barrenean, esaten baitzuen beragatik segitzen nuela nik institutuan, bestela aspaldi alde egina izango nintzela, eta, ni bere kontzientzia lasaitzen saiatu arren, Anek hor nonbait zeukan har gaizto bat hozka eta hazka, eta egun batean promes serioa egin zidan, berak Unibertsitatean edo beste edonon lanpostua lortu bezain laster, nik urte sabatikoa hartu ahal izango nuela; urte bat, edo gehiago ere bai, nahi izanez gero.

        — Idazteko edo beste zernahi gauza egiteko —amaitu zuen bere agintza.

        Idaztearena orduko ametsa nuen, egia da, baina gehiago zen fantasia sexual gisakoa egiazko nahikaria baino, ez baineukan horretarako behar den patxada edo talentua edo prestakuntza edo dena delakoa; gainera, lanpostua utzi eta orri zuriaren aurrean geratzearen ideiak hozkia ematen zidan beste ezer baino gehiago (beharbada horretan banaiz idazle samarra, sortzaile gehienek aipatzen baitute une horrek pizten dien izua, gure liburu-dendatik pasatu direnek esandakoari kasu eginez gero).

        Ez nengoen horren zain, beraz, baina halako batean gertatu zen: Anek lanpostua lortu zuen, Unibertsitatean gainera, beti espero izan zuen bezala, baina ez Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean, beti uste izan zuen moduan; sistema feudalaren lehenengo arrakala izan zen hori, departamentuen hazkundea guztiz gelditu eta merezimendu-lasterketako urtetako korrikalariak bide-bazterrean geratu zirenekoa; eta bigarren arrakala, guztiz ustekabekoa, Nafarroako Unibertsitatetik etorri zitzaion, Iruñeko Opus-etik alegia, Ane hara eta hona curriculumak bidaltzen hasi eta Universitas Navarrensis hartatik erantzun baitzioten, esanez bere ezaugarriak zituen norbait ondo etorriko zitzaiela Klinika Unibertsitarioan lantzen ari ziren proiektu batean ikertzeko eta, aldi berean, kimikako klaseak ere emateko.

        — Opusen hartuko zaituzte hortaz?

        — Bueno, aurrena elkarrizketa bat egin behar didate, baina nik uste...

        Ezin ukatu Opus Dei izena entzute hutsak halako hotzikara bat eragiten zigula, bai Aneri bai niri, eta instituzio horrentzat lanean ariko zela pentsatzeak, beraz, larridura antzeko bat sortzen zigun bioi ere, sekula ez baitzitzaigun burutik pasatuko sekta atzerakoi horrekin kolaboratu beharko genuenik. Printzipio kontua zen. Baina printzipioak, oso inportanteak izan arren, alde batera utzi ohi ditu batek, horren truke lanpostu bat lortzeko aukera baldin badu; batez ere, Aneren kasuan bezala, beste ate guztiak muturraren aurrean itxi badizkiote bat horri.

        Saltatu egingo ditut, kontatzeko modukoak izan arren, zorioneko elkarrizketa honetarako ibili genituen komeriak: nola jantzi, zer esan, zer jarrera hartu, makillatu bai ala ez. Kontuak kontu, pozik itzuli zen elkarrizketa hartatik, esperantzatsu, eta handik egun batzuetara deitu zion katedratikoak berak, hurrengo hiletik aurrera lanean hartuko zutela esateko.

        Orduan poza, baina orduan eskrupuluak ere. Barne-zimiko guztiak hasi zitzaizkion Aneri erasoka: apaiz ultra haien menpean jartzea ez ote zen hanka-sartzea, Euskal Herriari traizio egitea, emakume progresista batentzat bere buruari uko egitea... Zalantza horiek berak nituen nik ere, baina ulertu nuen Ane animatzea eta bere beldurrak uxatzea zegokidala une hartan.

        — Zuk azken batean ikerketa-proiektu batean lan egingo duzu, eta hor ideologiak ez du zerikusirik —esaten nion—. Gainera, Iruñea beti izan da hiri jatorra, bioi gustatzen zaiguna, gogoratu UEUko ikastaroak. Eta, bestalde, zu hor egonda gehiago egin ahal izango duzu euskararen eta feminismoaren alde, espainol karka bat hartuko balute baino. Ez duzu uste?

        Posibilismoaren sasiargudio tipikoak, ohartzen naiz, eta orduan ere ohartzen nintzen, baina, zer egingo zenuen zuk, irakurle aspertu horrek? Nik, berriz, bizitzaren sentimendu homeopatiko hau dela-eta, apaizen eta erlijioaren kontrako sekulako erretolikak bota nizkien institutuko nire ikasleei bolada hartan: Axular eta bere koadrila guztia Trentoko inkisidoreen eskumakila hutsak zirela, Azkue eta Agirre abade gonaluze atzerakoiak, Lizardi, Lauaxeta eta Orixe apaizkeria melengak jotako lerdejarioak.

        — Euskal literatura, Txillardegi, Aresti eta Miranderekin hasten da. Aurreko guztia, sutan erre, nahi baduzue —amaitu nuen nire sermoia, suak harturik.

        Sukar maoista horrekin, goitik behera aldatuko nukeen, euskal literaturaren historia osoa ez ezik, baita neure klaseetan eman beharreko gai-zerrenda ere, baina ez zen horren beharrik izan, ez dakit nire ikasleen onerako edo kalterako, orduantxe ikusi bainuen Anek hainbestetan agindutako hura gauzatzeko aukera.

        Ez nintzen idazle bihurtuko. Nire jakintza apurra eta borondate guztia euskal letren zerbitzura jartzeko askoz ere modu apalago eta eraginkorrago bat bururatu zitzaidan orduan: liburu-denda bat zabaltzea, bizi naizen herrian bertan, aspalditik ohartua bainengoen horren premia larriaz, izen hori zeramaten dendak gehiago arduratzen baitziren errotulagailu fosforotsu eta modako karpetak edukitzeaz, literaturako nobedade interesgarrienak eskaintzeaz baino.

        — Liburu-denda bat? Hi erotu egin haiz! —esan zidan nire lagun Juantxok.

        Beste edonork esanda ez zidan axola izango, baina nork eta Juantxok, zaletasun hori piztu zidan bide-erakusleak! Ez geunden institutu berean, baina sarritan ikusten genuen elkar, ni haren etxera edo bera gurera etorrita, batzuetan bakarka eta besteetan bikoteka, nahiz eta Juantxok eta Begok umea izan zutenetik zailagoa izan planak egitea. Besterik ezean telefonoz hitz egingo genuen, eta halaxe jakinarazi nion nire asmoa, baita defendatu ere bere aitzakia eta mindulinkerietatik:

        — Ez al huen herorrek esaten liburu-denden beharra dagoela gure herrietan? Liburua ezin dela Eroskin saldu yogurra balitz bezala? Liburua maite duen dendaria behar dela, aholku eske doan irakurlea gidatuko duena? Ez al huen herorrek esaten euskal literaturaren gaitzik handiena irakurle eskasia dela?

        Bai, hori dena esaten zuen Juantxok, eta ezin ukatuko zuen.

        — Baina gaurko egunean, liburu-denda bat irekita, goseak jango hau! —esan zuen.

        Tira, besterik ezean Opusek emango ziguk jaten, pentsatu nuen, esan ez banuen ere. Administrazioko sindikatuen funtzionamendua oro har, eta bereziki irakaskuntza publikoko lan-hitzarmenen ñabardurak aipa nitzake hemen eta orain, interes hala-holako baina sustantzia mamitsuko hizpidea litzateke-eta, baina ez dut irakurle borondate onekoa mizkinkeria burokratikoekin aspertu nahi, ezta kasta funtzionarialaren balizko pribilegioen kontrako erresumin soziala gehiago hedatzen lagundu ere. Hortaz, esan dezadan soil-soilik eszedentzia hartu nuela institutuan, buruan neukan liburu-denda zabaltzeko asmotan.

        Lokala eskuratzea, harrigarria bada ere, ezin errazagoa gertatu zen. Gure atari berean bazen aspalditik salgai jarritako etxabe bat: nagusiarekin hitz egin eta errentan utzi zidan, oso modu onean gainera, konponketa-lan guztiak neuk egiten baldin banituen. Pentsatzen jarrita, esperantza izango zuen nire negozioa pikutara joango zela berehala, eta nik obra egin ostean errazago saldu ahal izango zuela. Asmoak asmo, onartu egin nion eskaintza; denda ez zen zentro-zentroan egongo, baina lantokia etxepean edukitzeak ere baditu bere alde onak.

        Igeltsero, arotz, elektrikari, pintatzaile eta abarrekoak kontratatzea, koordinatzea eta kontrolatzea neure indarrez gaindiko zeregina izango zen, baina zorionez hor neukan nire arreba txikiena Arrate, aparejadore ikasketak amaitu berria eta obren saltsa hartan sartzeko irrikan zegoena. Obrak ikusmiratzea ez ezik, bere gain hartu zuen baimenak lortzea eta denda barruko dekorazioa ere, horretan neronek parte handixeagoa nahiko nukeen arren. Nire gusturako modernoegia eta guzti utzi zuen, oraingo diskoteka pastillero horietako bat balitz bezala, baina bueno, seguru asko neu naiz klasikoegia, eta, bestalde, ezin hasiko naiz etxeko arkitekto teknikoari aitzakiak ateratzen, lan hura guztia egin eta gero.

        Baten bat galdezka izango da honezkero, zer demontre egiten ote nuen nik bitartean. Ez dut lan onaren domina eman diezadatela eskatuko, baina ez nengoen geldirik ere; salmentaren alderdi logistikoez arduratu behar nuen batetik: hornitzaile eta banatzaileekin hitz egin, salmentan zer produktu-mota jarri eta nola erakutsi erabaki, eta halakoak; eta alderdi intelektualaz ere bai, bestetik: adibidez, denbora luzea eman nuen dendari zein izen ipini deliberatu nahian, izenak izana, era batera edo bestera, baldintzatzen duelakoan. Ezin jarriko nion neure izena, ez naiz horren egolatra, ezta inguruko auzo, mendi edo erreka batena ere, hala jokatuz gero berdin-berdin izan baitzitekeen liburuen edo altzarien saltoki, eta nik garbi nahi nuen laga, izenetik bertatik, hura jakintzaren tenplua izango zela, lehen Unibertsitatearentzat esan dudan bezala. Idazle baten izena ematea zen aukerarik onena. Zein idazle ordea? Axularrek eta Etxeparek bazituzten beren dendak; berdin Lizardik, Orixek eta Lauaxetak ere, eta dendarik ez bazuten ere berdin zitzaidan, izen horiekin bataiatu baitituzte hainbat euskaltegi, institutu eta kultur etxe, eta, bestalde, ez al nituen nire ikasleen aurrean madarikatu euskal literaturako idazle zahar, zaharkitu eta kristau haiek oro? Izan dezadan koherentzia apur bat, arren! Txillardegi, Aresti eta Miranderekin hasten omen zen egiazko euskal literatura; has nadin ba ni ere izen horietatik aukeratzen.

        Txillardegik, hasteko, arazo bat zeukan, horrela esaterik baldin badago: bizirik zegoela. Hau da, eta barka nazala Jose Luisek hau irakurtzen badu, ez dut esan nahi bera bizirik egotea zoritxarrekoa denik, aitzitik, bizitza luzea eta osasun betea opa dizkiot, eta jainkoak edo dena delako zerak eman diezaiola beste urte asko bizitzeko ditxa, Euskal Herri askatu, batu eta euskalduna ikusi arte bederen, ez da gutxi izango eta. Esan nahi nuen bizi den norbaiten izena erabiltzea ez dela oso txukuna, eta jabetza intelektualaren kontrako delitua ere izango da idazle horren baimenik gabe eginez gero. Arrazoi horrexegatik baztertu beharko nituen idazle modernoagoen izenak ere: Atxaga-edo, Sarrionandia-edo; erretiratzen diren txirrindulariek jartzen dute bere herrian denda bat, bizikletak saltzeko, eta idazle horietako baten izena eramango lukeen liburu-dendak nahiko itxura tristea izango luke, bere onenak emandako sortzaileak etxeko biblioteka saldotan saldu nahiko balu bezala edo.

        Aresti ere ezin. Hau hilda zegoen, jakina, baina aski argi utzi zuen idatzita: «Jainkoak ez dezala nahi Bilboko karrika bati nire izena eman dezaiotela. Ez dut nahi bizargile hordi batek esan dezala: ni Arestin bizi naiz, anaiaren koinata nagusiarekin. Badakizu. Maingua...» Eta hala ere, handi askoa paratu diote Gabriel Aresti etorbidea, ez Bilboko zentroan baina Txurdinagan; eta horrez gainera euskaltegiak, eta institutuak, eta nik al dakit zenbat kultur gauza. Nirea ez zen noski kalea, baina berdin-berdin esan ahalko zuen: «Jainkoak ez dezala nahi liburu-denda bati nire izena eman dezaiotela. Ez dut nahi estetizien ile-tindatu batek esan dezala: oso ondo dago Argiñanoren liburua, Arestin erosi nuen, %10eko deskontua egiten didate». Egunen batean gure Gabriel jaisten bada Euskal Parnaso hartatik, hartu eskuan suzko ezpata eta erre egingo ditu bere izena edo bere hitzak ahotan hartu eta gero saldu dituzten alderdi, merkatari, politikari, elkarte, katedratiko, agit-propeko talde, culture club, instituzio eta kolektibo oro, baina nire liburu-denda maiteak iraunen du zutik!

        Mirande jarri nion azkenean, duda askoren ondoren. Dudak batez ere egilearen ideologiarengatik. Ez da oso ikasia izan behar Jon Mirande paristar zuberotarra nazien zalea izan zela jakiteko, arrazista, antisemita, misoginoa, demokraziaren nahiz sozialismoaren mespretxatzaile sutsua, eta horrek denak halako ondoez bat eragiten zidan, ez dut ukatuko. Baina abantailak ere bazituen Mirandek: batetik hilda zegoen —bere buruaz barbituriko eginda, itxura guztien arabera—, eta haren ondareaz edo izenaz arduratuko zen familiarik gabe; bestetik, ez nuen ezagutzen haren izeneko liburu-dendarik ez beste inolako kultur talde nahiz fundaziorik, aski pertsona deserosoa izango baitzen inoren aitaponteko espiritual izateko ere; eta hirugarrenik, nire filosofia homeopatikoa aplikatuz, eta kontuan harturik Ane orain Euskal Herriko apaizik atzerakoienen atzaparretan zegoela, zein antikristauago, paganoago, sakrilegoago eta biraozaleago Jon Mirande bera baino? Nire kontzientzia lasaitzeko Juantxori deitu nion, elkarrekin bizi izan ginen garaitik oroitzen bainuen oso Mirandezalea zela, haren umore beltz, poesia fin eta era guztietako heterodoxien mireslea.

        — Mirande jarri behar dioala? Akabatuko haute! —bota zidan.

        Hori zen hori, animoak ematea! Ez al zen Juantxo izan Haur besoetakoa esku artean jarri zidana? Ez al zidan berak erakutsi, Joxe Azurmendiren teoriak errepikatuz, Miranderen filofaxismoa errebeldia estetiko gisako bat zela, gizarte burgesaren txepelkerien kontrako matxinatze mental muturrekoa? Urteekin Juantxo bera burgestu eta txepeldu zela esango nuke, eta, seguru asko nire hobe beharrez ari zela onartuta ere, ni orduan ez nengoen epelkerietarako eta neure asmoari eustea erabaki nuen: Mirande izango zen liburu-dendaren izena, apaizkume guztien ahalkez eta nire lagun Juantxoren ohorez, berak nahi ez bazuen ere.

        Kontuak kontu, urrundu naiz berriz ere Mediterraneoko bidaiaren haritik. Ditxosozko bidaia: horra iritsi nahi eta zenbat atzera-aurrera! Oraintxe helduko diot gai horri, neure hitza ematen dut, baina aurretik beste kontu txiki bat; azkena. Izan ere, atzera-aurrerak aipatu ditudanean etorri zait gogora nire historia honetan zerikusia izan zuen gorabehera bat: Etxegarateko errepidearena. Hain zuzen, lana Iruñean egin behar zuela-eta, egunero joaten zen hara Ane, bere golf xaharrean. Bere golfa esan dut, harrezkero berak ibili zuelako batik bat, baina ordura artean neuk erabili izan nuen gehienbat. Ane ez zen oso kotxezalea, Donostiara joaten zen garaian nahiago izaten zuen garraio publikoa erabili, dela trena, dela autobusa. Iruñera joateko, ordea, aukera eskas samarra eskaintzen zioten Pesan nahiz Roncalesan, eta ez zuen izan autoa hartu beste erremediorik. Autoa hartu eta gero, aldiz, bi bide aukeran: bata Etxegaratetik, bestea Lizarrustitik. Etxegarate gaur bide zabal eta eroso bihurtua dago, baina garai hartan zabaltze lanetan ari ziren, eta berezko kamioi pilatze egunerokoari obrek sorturiko eragozpenak gehitu behar: lokatza, ilarak, geldialdiak, ondo seinalatu gabeko bide-zatiak... Lizarrusti, berriz, pagoz inguraturiko errepide trankil eta sigi-sagatsua da denbora-pasa joanez gero, baina Anek ez zuen horrela ikusten, kamino estu, ilun, bihurri eta bihurgunez josia iruditzen baitzitzaion. Bi aukera eta biak txarrak, egun batean hala esango baitzidan: «Sekula ez naiz gehiago Etxegaratetik joango: horko kamioitzarrek zapalduta bukatuko dut bestela»; eta hurrengoan ostera: «Berriro ez dut Lizarrusti zapaldu nahi, ematen du ez dela inoiz bukatuko!». Halako batean, berak ez baina patuak egin zuen aukera, eta ez zen gertatu ez Etxegaraten ez Lizarrustin, Sakanako autobide lasai eta modernoan izan baitzuen Anek istripua. Ondorio larririk gabe, zorionez, Aneri dagokionez, gure golf gaixoa txatar bihurtuta geratu zen arren. Gogoan daukat oraindik, orduak iragan eta gero ere nola ari zen Ane dardarka, eta nola saiatu nintzen ni lasaitzen. Lasaitu, lasaitu zen, baina zirt-zarteko erabakia hartu ere bai: ez zuela berriz halako trantzerik pasa nahi, eta ez zuela, beraz, kotxerik gehiago hartuko.

        — Orduan nola joango zara Iruñera? —galdetu nion nik.

        Arazoak ez baitzeukan askabiderik. Edo bai: nik uste ez nuen irtenbidea aurkitu zion Anek: aste barruan Iruñean geratzea, alegia.

        — Non?

        — Pisu batean, alokairuan.

        — Zu bakarrik?

        — Ez: departamentuko beste neska batzuekin.

        — Eta ni?

        — Nahikoa entretenitua egongo zara dendarekin.

        Bazirudien dena zeukala ongi pentsatua. Alde batetik ihesi zihoakidala iruditzen zitzaidan, baina bestetik onartu beharra neukan haren arrazoibidea; eta, azken batean, «nobiotan» bezala ibiliko ginen, aste-bukaerak geuretzat hartuta.

        Itxaropen horrekin onartu nuen Aneren plana, baina aste barruan iluntzeak luze egiten zitzaizkidan, eta orduan bururatu zitzaidan liburu-dendako literatur solasaldiak antolatzea. Denbora pasatzearren, eta kruzeroaren saria homeopatikoki berdintzearren ere bai. Herriko euskara-elkartekoekin hitz egin, han eta hemen afixa batzuk paratu, eta hala hasi ginen hamabostean behin taldetxo bat biltzen, atera berri ziren liburuez hitz egiteko eta, aldian behin, idazle bat ekarri eta harekin solasteko. Dendan bertan egiten genituen tertulia horiek, arratsaldeko zortzietan itxi ostean, eta, espirituari bakarrik jaten ematea luzera triste samarra izaten denez gero, mokadu bat ere prestatzen nuen; zerbait xinplea, lan handirik gabea: txorixoa eta gazta, ogi eta ardoarekin batean; hartara, ordu horretako tripa-zorriak akabatzearekin batera, lotsati samarrak ere aiseago askatzen eta animatzen ziren berbetan jarduteko.

        Egun batean solasaldia zela, beste batean harako jan-edanak erostea zela, hurrena ekitaldia iragartzeko txartelak prestatzea edo etorri behar zuen idazlearekiko kontaktua ziurtatzea zela, aski beterik izaten nituen egunak nahiz iluntzeak (alde batera utzi gabe, noski, liburu-dendaren martxa eta solasaldi haietarako sinfalta irakurri behar genituen nobedadeak). Hala ere, beti aurkitzen nuen tarte bat, afalostean normalean, Aneri deitzeko eta bere hutsa sentitzen nuela gogorarazteko. Dena dela, oroitzen naiz egun haietako batean Aneri deitu eta labankada bat eman balidate bezala sentitu nuela. Ez maitale batekin zegoela esan zidalako edo nire deiek aspertu egiten zutela bota zidalako, ez. Ohi bezala hartu ninduen, baina ezberdintasun txiki batekin: telefonoa hartzean «Bai esan» betikoaren ordez «Dígame» esan baitzidan. Aneren ahotsa zen, dudarik ez, baina hizkuntz aldaketa hark hainbesteko txundidura eragin zidan, non hitz-totelka eta estropezuka erantzun bainion: «¿Se puede poner Ane Lizarraga, por favor?». Nor norekin ari ginen argitu zenean argitu zidan, nire haserre eta demandari erantzunez, erdaraz egitea noraezekoa bihurtu zitzaiola, dei gehienak lan-kontuengatik egiten baitzizkioten.

        — Eta dagoeneko eman didate pare bat toke, beti euskaraz erantzuteagatik.

        — Pare bat zer? Fatxa halakoak!

        — Ixo! Entzun egingo dizute-eta.

        — Hor ere zelatariak al dauzkazu? Joder!

        Marka da gero! Egun osoan kontrolatuta: zer egiten duzun, zer esaten duzun, norekin mintzatzen zaren... Nik ez dakit benetan horrenbesterako zen, ala Aneren paranoia ote zen. Bere datuekin lantokirako fitxa bat bete behar izan zuenean ere, nola ez gauden ezkonduta, ez omen zuen jarri nirekin bizi zenik, «zer gerta ere», eta gurasoenean bizi zela esan omen zuen. Ni, berriz, berrogeiak betetzeko zorian izan arren, «senargaia» bihurtu nintzen, iluntzero hutsik egin gabe deitzen zion nobio fin eta gisakoa.

        Dígame-rekin hasi zitzaidan elkarrizketa zapuztuaren egun hartan konfirmatu zidaten Greziako bidaiaren data, eta horixe kontatzeko pozarekin deitu nion. Eman zidan amorrazioarekin, ordea, ez Grezia eta ez putza, ez nion ezer kontatu, eta kasik Espasakoei deitzekotan ere izan nintzen, transatlantiko hura ipurtzulotik sartzeko, kabitzen baldin bazitzaien. Haserrealdiek gutxi irauten didate, hala ere, eta gero pentsatu nuen Egeoko itsasaldiak on egingo ziola gure harremanari, aspaldi geundela gu ere goxaldi baten beharrean, urteen herdoila gainetik kentzeko edo.

        Hortik abuztura bitartekoak ez du interes berezirik, bidaia baten ilusioz eta haren prestaketan ibili den edonork baitaki zer izaten den itxarote kilikatsu hori. Gure kasuan, gainera, zer prestatu handirik ere ez zegoen, Espasakoak arduratzen baitziren antolamendu guztiaz. Bainujantzia ez ahazteko esan ziguten bakarrik, hortik aurrerakoa kruzeroan bertan topatuko genuela eta.

        Eta orain bai. Aurrekari guztiak argituta, eta azaldu beharrekoak azalduta, uste dut iritsi dela Mediterraneoko itsasaldira abiatzeko ordua. Bartzelonan gaude, 2002ko abuztu erditsuan, Donostiako Aste Nagusia azken hondarrean eta Bilbokoa hasteko zorian daudela. Maletak eskuan, Ane aldamenean, tximeleta-dantza bat sabelean, eta nire aurrean inoiz ikusitako itsasontzirik handiena. Horrek ez du esan nahi Guinnesserako moduko barkutzarra zenik ere, gure portuetako arrantza-ontziez gain Pasaiako kaian ikusitako zama-ontziak baitziren ordura artean nik inon ikusitako urontzirik erraldoienak. Nire esperientziaren hutsa kontuan hartuta, ez da harritzekoa niretzat dena izatea berri, dena egundoko, dena txundigarri. Hortaz, ez naiz hasiko bidaiaren berri xehe-xehe kontatzen, «Titanic revisited» bat idazten ari banintz bezala. Gainera, dagoeneko konturatuko zineten, nire larrialdi sentimental eta existentzialak dira kontagai honen ardatza eta, horrenbestez, larrialdi horiekin loturaren bat duten neurrian agertuko ditut barkuko kontuak. Barkuak berak ez zuen pisu handirik izan gorabehera hauetan, baina bai barruan gindoazenek. Sar gaitezen bada transatlantikoan, abia gaitezen Mediterraneoan barrena, eta ezagutu ditzagun itsas kruzero honetako pasaiari jaun-andreak.

        Gehientsuenak, guk tratabidea izan genuen ia guztiak, gure antzera joandakoak ziren, hots, Espasa Calpeko marketing sailak gonbidatuak, eta, printzipioz nire alor profesional berekoak izan arren, azkar samar ohartu nintzen ez neukala zerikusi handirik haietako gehienekin. Ez zen bakarrik botijoa baino espainolagoak zirela; hori zen gutxienekoa, nik ere gehiago irakurtzen nuen eta askoz ere gehiago saltzen nuen erdaraz euskaraz baino, eta erreferentzia kulturalen alde horretatik ez genuen problemarik izango; problema zen erreferentzia kulturalak bost piper inporta zitzaizkiela itsasaldi hartan zihoazenei. Alegia, nik uste nuen jende ikasia, liburuzalea, literaturaren maitalea topatuko nuela kruzero hartan, eta solasaldi mamitsuak izango genituela huntaz eta hartaz, ez soilik idazleez eta azken nobedadeez, baina betiere kulturadun gizon-emakumeengan espero dugun ikuspegi zabal eta irizpide kritikoarekin. Eta horren ordez zer topatu nuen? Tratulari koadrila bat, opor ordainduan umea txupatxusarekin baino kontentuago; saltzaile saldo bat, liburuen ordez saltxitxoiekin edo aterkiekin berdin-berdin aritu zitekeena; entzun besterik ez zegoen haien arteko solasaldiak: existentziak, deboluzioak, ehunekoak, autonomoetako kotizazioak, BEZaren likidazioak, deskontuak, primak, hobariak, opariak, mozkinak, etekinak... Horiek denak axola zitzaizkidan niri ere, nola ez, baina nire lanaren alderdi desatsegin eta ezinbestekoa iruditzen zitzaizkidan, benetan inporta zuena beste zerbait zelakoan.

        Ni borondate onenarekin nindoan, hitza eman dezaket. Taldetxo batera inguratu eta, gai intelektualegirik bota gabe ere, zerbait samurra aterako nuen plater gainera, liburuez zer edo zer dakien edozeinek haginkatzeko modukoa. Adibidez:

        — Zer iruditu zaizue García Márquez-en autobiografia: Vivir para contarla?

        — Nire ustez garestiegi jarri dute —esango zuen batek—. Nobel saria eman ziotenetik urte asko pasa da, eta orain ez du horren erraz saltzen, jendeak prezioari begiratu eta batzuek atzera egiten dute.

        — Auzoen arabera izaten da hori —beste batek—. Guk konprobatu dugu zentroan barra-barra saltzen dela; beste batzuk sakelako edizioaren zain egongo dira.

        — Baina lehen edizioa ere azal bigunarekin atera balute... —lehengoak atzera.

        Azal biguna azal gogorra, merke garesti... Bost axola barrukoa goi mailako literatura ala sukaldaritzako errezetak ziren. Eta lehenengo gauean Aneri nire dezepzioa adierazi nionean, bera ere kontra azaldu zitzaidan:

        — Zer nahi duzu? Beren lana da, hortik bizi dira.

        — Horrexegatik! Liburuetatik bizi baldin badira, liburuak maite beharko lituzkete, ez galtzontziloen moduan saldu bakarrik.

        — Estuegia zara.

        Isildu egin nintzen, bestela esango nion ni estuegia bai, baina bera Opusekoen artean zebilenetik ziniko hutsa bihurtu zela, edo okerrago, hipokrita merkantilista bat. Isildu egin nintzen, ez nuelako Anerekin haserretu nahi eta gau hartarako banuelako eztabaidan jardutea baino plan hobea, baina nire plan hori ere pikutara joan zen azkenean, itsasontziaren mugimenduak gaizkitu egin baitzuen Ane, eta ezertarako gogorik gabe utzi.

        Eskerrak, hala ere, bidaldi hura Anerekin egin nuen. Batetik, norekin mintzatu behintzat izaten nuelako, otorduetan eta gelan geundenetan. Bestetik, nire zakarkeriak eta zapuzkeriak dotore bezain oparo konpondu eta konpensatu zituelako. Horretan bai erakutsi zuela nik ez bezalako jendetasuna eta lehendik ezagutzen ez nion trebezia. Bartzelonara bidean gindoazela bere kezka agertu zidan, bidaian zihoazen guztiak ni bezalako liburuzuloak baldin baziren ea norekin eta zertaz hitz egingo zuen berak.

        — Zu lasai —esaten nion nik, nagusikeri aire batez—, liburuzale batek edozeri buruz hitz egin dezake, ez bakarrik liburuez; eta gainera, jende asko egongo da zu bezala, beste dendarien senar edo emazteak.

        Ni bai inozoa eta harroputza. Anek bere kasa moldatzeko nire beharra balu bezala. Nik ez dakit Opusekoek eman ote zizkioten jendartean mugitzeko lezioak, ala barruan lokarturik zeukan dohain bat piztu zitzaion bat-batean; batera nahiz bestera, bizitza osoa plazerezko itsasaldietan igaro zuela ematen zuen, hain zen denekin atsegina eta ongi hitz egina. Espasa Calpekoek beren marketing sailerako kontratatzeko modukoa.

        Eta Espasakoen marketing saila aipatu dudanez, ezin utziko dut aurkeztu gabe bertako arduradun eta gure anfitrioi Conrado XX jauna; abizena isildu egingo dut, diskrepzioz, harako hark esaten zuen bezala, eta berak ere, bere burua aurkeztean, «Conrado para los amigos» eransten zuelako beti, bostekoa estutzearekin batera. Betidaniko lagunak bagina bezalako konfiantza erakutsi zidan lehenengo momentutik (besarkadak, txisteak, kopa bat hartzeko gonbitak), eta, aldi berean, adarra jotzeko gogo izugarria, euskaldunak zirela eta ez zirela. Ez nintzen ni itsasaldi hartako euskal herritar bakarra (Bilboko El Corte Inglés-eko bat ere bazegoen, eta Iruñeko promotore bat), baina, igual besteek ez bezala nik euskal itxurako deiturak nituelako, edo, seguruago, Ane eta biok euskaraz sumatu gintuelako, niri «Ibarretxe» deitzea sartu zitzaion kaskoan, eta, horrez gainera, etengabeak zituen ziriak eta akuiluak: RHa zela, Bin Laden zela... Ni, egia esanda, potroetaraino nengoen, eta ez horrenbeste euskaldunen gaineko topiko erraz eta gogaikarriengatik, horretara ohitzea baneukan; baina jasanezina egiten zait beti festa bat antolatzen dabilela dirudien jende mota horren jatorkeria. Kubiertan lasai asko baldin bageunden Ane eta biok, goizeko eguzki epeletan ontziak atzean uzten zuen uharari begira, hor azalduko zen bere irribarre dentifriko iraunkorrarekin.

        — Ostras, Conrado! Kasu egiozu zuk, nik komunera joan behar dut-eta.

        Ez zen oso jokabide dotorea, onartu beharra daukat; ez Conradorekin, eta are gutxiago Anerekin, Espasakoa behintzat esne-mamitan egoten baitzen nire andrearekin. Ez zen oso dotorea, baina barruak ez zidan ihes egitea beste biderik onartzen.

        Azkenean, gezurra badirudi ere, deskubritu nuen zein zen nire bidaide gogaikarriengandik libratzeko biderik zuzen eta eraginkorrena: liburuak. Ez nabil adarra jotzen edo paradoxetara jolasten, ez. Hartu maletan sartu nituen liburukote haietako bat, eseri txoko batean, jarri hura irakurtzen, eta patxada ederrean utziko ninduten ordu luzetan, beren cocktail, dantzaldi, jolas antolatu eta bestelako pitokerietan nahastu gabe.

        Ez dut esan nahi egun osoa pasatzen nuenik nire misantropiazko liburu-oskol horretan sarturik. Ez naiz horren zomorroa ere. Konpromisozko solas eta topaldiei txiri egiten nien ahalik eta gehienetan, baina portu batera iristen ginen bakoitzean jaisten nintzen lehorrera, delako hiri hori ezagutzera. Ez naiz hasiko hemen Mediterraneoko argitasun garden, milurteko kultura, hizkuntzen arteko arrago eta antzeko klixeekin, aski ipuin ezaguna izango duzu zuk ere, irakurle akitu horrek. Bidaia aberasgarria izan zen, eguraldia ere bikaina (aukeran beroegi nire gusturako, baina abuztuan eta Greziako partean zer egingo du ba?), itsasontziko instalazio eta zerbitzuak zoragarriak, Espasa Calpekoen antolamendua akatsik gabea eta hori dena. Errepikatzeko moduko oporrak, beraz, inork gonbidatuz gero batez ere. Baina ni ez naiz ari bidaia agentzia bateko katalogoa egiten, gehiago da hau nire barrenaren huste eta biluzte bat. Harako bertsolari hark kantatu zuen bezala: «Enau inkomoratzen besteren lujuak, deklaratzera nua nere enojuak».

        Zein ditut, bada, direlako enoju horiek? Nire kexuak, motz eta zorrotz hitz eginda, iturri bikoitza dauka. Batetik alderdi pertsonala legoke, nire bihotzari dagokiona; sentimentala, hitz batean esateko. Bestetik, berriz, alderdi kolektiboa egongo litzateke, hiritarra edo polis-eko herritarra naizen aldetik dagokidana; beste hitz batean laburtu behar bada, politikoa, politika konturik orain artean apenas aipatu dudan arren. Alderdi bi horiek printzipioz elkarrengandik urrun eta aparte baldin badaude ere, nire kasuan eta praktikan korapilatu egiten dira mataza nahasi bat osatzeraino; bizitzaren filosofia homeopatikoa egongo da horretan ere.

        Kruzeroak iraun zuen bitartean ez nintzen jabetu ordea. Deskalabrua martxan zegoen, lehen aipaturiko maila bietan gainera, baina ni ohartu ere ez, hamabost eguneko bidaia batek parentesi bat irekiko balu bezala, eguneroko bizitza eta bere kezkak oro zintzilik uzten dituen menia antzeko bat. Meniak amaitu egiten dira, ordea, parentesiak itxi, eta, berriz ere Bartzelonako portua zapaldu genuenean, hantxe topatuko nituen zelofanean bildutako arazoak, esku artean lehertzeko prest.

        Inguru-minguruka nabilela iruditzen zait, ordea. Bere harrapakinaren ingurumarian jirabiraka dabilen otsoaren antzera, hari hortzez eta haginez heltzeko beldurrez. Behin honetara ezkero ezin hasiko naiz mindulinkerietan hala ere, eta, Greziako bidaiarainokoa kontatu baldin badut, konta dezadan behingoz hortik aurrerakoa, ez da erraza izango baina.

        Bartzelonara iritsi, 2002ko abuztuaren amaieran iritsi ginen, gure itsasaldia amaituta. Agur, agur, elkarri muxuak eta diosalak, helbide eta telefono-trukeak, bizkarrean txaplakak eta malko koxkorren bat. Ni, egia esanda, apur bat galduta nengoen, hegazkinaldi luzean ibilitakoek izaten dituzten jet-lag horietako baten pean banengo bezala. Eguneroko informazio pilatze eta irenstearen kontrako desintoxikazio moduan ere planteatu nuen bidaia hura, eta hamabost egun haietan ez nuen ez egunkaririk irakurri, ez irratirik entzun, ez telebistarik ikusi. Oker ari naiz, zehatz dezadan: hara eta hona gindoazelarik, bertako egunkariren bat erosten nuen beti, bitxikeria gisa, baina hizkuntza ez ezik bertan zetozen albiste eta erreferentziak ere arrotzak zitzaizkidan, Grezia aldean baita alfabetoa ere; eta beste horrenbeste esan nezake irrati eta telebistez. Ene bidaide espainiarrak txoratu beharrean ibiltzen ziren, porturik portu, El País, El Mundo edo ABCren bila; aurkitzen baldin bazuten pozarren ospatzen zuten, Dickensen nobeletako umezurtzak bere ama galdua topatuz gero ospatuko zukeen bezala; aurkitu ezean, berriz, marmarka hasten ziren, beren harrotasun patriotikoan zaurituta, eta marmar hori purrusta bihurtzen zen Espainiako prentsarik ez baina frantsesa edo ingelesa ikusten baldin bazuten.

        — Gutxiago garela uste al dute hauek? Espainolek beste horiek baino kategoria gutxiago daukagulakoan ala? Eskubide gutxiago? Ba, ikusiko dute greziar zikinok —edo italiar zikinok, segun eta non geunden—, ikusiko dutenez.

        Nik bertako prentsa erosi eta barre txikiak egiten nituen, barrutik eta neure artean, noski, bestela kapaz baitziren irain haren errua ere niri leporatzeko, Conradok jarri zidan ezizena beste askoren artean ere zabaldu zenez gero:

        — Hau ere ez duk ba hire planaren parte izango, e, Ibarretxe?

        Eta nik irribarre inozo bat egin behar, noski. Zer egingo nuen bestela? Espainolen sari bat onartzeagatik tokatzen zitzaidan behazun-dosia irizten nion horri. Botika homeopatikoa.

        Ez dakit pasabidearen zein aldetan geunden, ontzian ala lehorrean. Bartzelonako portura jaisteko bitarte horretan izan zen behintzat. Ane eta biok geure maletekin geundela, horra non datorkigun Conrado bere irribarre dentifrikoarekin, gure gauzak jaisten laguntzera (Aneri laguntzera, hobeto esanda, begikotasun berezia hartua baitzion, konturatu nintzenez).

        — Enteratu al zara zer gertatu den, e, Ibarretxe?

        Ez nekien zertaz ari zitzaidan —abuztu hartan Espainian nahiz Euskal Herrian gertatutakoaz off side nengoen, esan dudan legez—, eta askorik axola ere ez. Begien aurrean egunkari bat jarri zidan orduan. La Vanguardia zela uste dut, eta lehenengo momentuan ez nintzen esaten zuenaz ohartu, hitzak ulergarri zirela bakarrik, Greziako letra bihurri haien ondoren; hitzak ez ezik, haien atzeko errealitateak ere ezagunak zitzaizkidan: Garzon, HB... Ez dakit zenbat denbora behar izan nuen jabetzeko, segundo batzuk besterik ez seguru asko, baina segundo labur horietan astia eman zion Conrado zipotz hari beste zitalkeria bat botatzeko:

        — Ederki eman dizuete orain ere, e, Ibarretxe?

        Orduan bai, orduan ikusi nuen: Garzonek HB-Batasuna-EH legez kanpo uzten zuela ETArekin lotura izateagatik; debekatuta geratzen ziren haren ekintzak oro eta ixteko agindu haren egoitzak. Irakurri eta gero ere durduzaturik geratu nintzen. Ez dakit Conradok beste zapokeriarik bota zidan, ezer esanda ere ez nion adituko. Garbi aditu nuen ordea Aneren ahotsa, nire bizkar gainetik titularrak irakurri eta gero:

        — Ostia!

        — Non hartzen dira taxiak? Goazen aireportura —esan nuen nik.

        — Ez al zineten egun batzuetan Bartzelonan geratzekoak? —sartu zen tartean Conrado—. Baditut zuei erakusteko bazterrak.

        Egia zen: oporraldia beste pixka bat luzatzeko asmotan ginen, beti gustatu izan baitzaizkigu Bartzelona eta bertako giroa; gau batean bakarrik geratzekotan ginen hala ere, iraileko burrundara hasterako dendan dena prest eduki nahi nuen-eta. Irakurritakoak irakurri eta gero, ordea, ez neukan nik turismorako gogo handirik.

        — Etxera joan behar dugu lehenbailehen. Auskalo zer gertatzen den han.

        Erdaraz esan nuen, Conradok ulertzeko moduan, eta Espasako marketinlaria isilik geratu zen behingoz, beharbada une batez pentsatuz agian astakeria bat zela Espainiako agintariak Euskal Herrian praktikatzen ari ziren politika; edo, seguruago, bere artean barruntatuz, Ibarretxe goitizenarekin adar joka hasi zitzaidanean uste zuena baino arriskutsuago ote nintzen, izatez.

        Banintz bai, arriskutsua! Elkarriko kuota-ordaintzaile txintxoa nintzen-eta, Jonan Fernandezen hitzak zeruko mana gozoaren gisa jaten zituena, denekin ongi konpondu nahi luketen txepelen koadrilakoa.

        Ni izan nintzen, gainera, 2001eko maiatzeko hauteskundeetan Ibarretxe Ajuria Enera aupatu zuten milaka lagunetako bat, jeltzaleengan egundoko konfiantzarik eduki ez arren neofrankisten itzulera baino hobeak zirelakoan, mutur bien arteko erdibide elkarrizketazalearen alde. 2002ko abuztu amaiera hartan, baina, ekidistantziarako tartea porroskatu eta gainbehera erori zela iruditu zitzaidan. Bartzelonako portuan irakurritako egunkariarena zegoen, baina egun horretan bertan, etxera iritsitakoan, telebistan ikusi genituen Ertzaintzako beltzak HBko egoitzak ixten, militanteak porrazoka uxatzen, buruzagiak ere indarrez kaleratzen. «Ez dago eskubiderik» esaten nuen nik marmarka eta begi-ertzak malkoz betetzen zitzaizkidala, zipaioen gasek telebistako pantaila iragan balute bezala.

        Horraino nire kexu kolektibo eta politikoa; baina orri batzuk atzerago esana dut banuela deitoratzeko beste kontu pertsonalago bat ere, sentimentala alegia, eta, dena kontatuko nuela agindu baldin badut, ezin egingo dut orain atzera, hitza ez betetzea, itsusia izateaz gainera, ikuspegi literariotik inkoherentzia hutsa izango litzateke-eta. Horra ba.

        Etxera itzuli ginenetik arraro samar zebilen Ane; petralduta batzuetan, burumakur beste askotan; baina ni ez nintzen askorik ohartzen, eta ohartuta ere ezingo nion jaramon handirik egin, nahiko lan baineukan testu-kanpainarekin; testu-kanpaina esaten diogu, liburugintzan gabiltzanok, ikasturte hasierari, bolada horretan saltzen baitira eskoletan agindutako ikasliburu, karpeta, kaiera eta bestelako material osagarri guztiak. Urte osoan adina saltzen dugu irail horretan; egia da PPren gobernuak prezio librea jarri zuenetik hipermerkatuek kendu digutela salmentaren zati handi samar bat, baina gurean hainbestean eusten genion hala ere, beharbada duela gutxi arte irakasle izana nintzelako eta horrek fidagarritasunezko plus bat ematen zidalako edo. Nahiago nukeen jendeak harrapazka eramango balitu Montoia, Epaltza edo Canoren liburuak, baina ez nion inori muzinik egingo 5. mailako Matematika edo 6.eko Ingurua eskatzen baldin bazidan. Dena dela, ez da hau euskal irakurleen gustuak aztertzeko garaia, Anerekikoa kontatzekoa baino.

        Hil hasiera hartan tarteka baizik ez zuen agertu behar Iruñean, iraileko azterketak egiteko eta. Gainerakoan erdi oporretan zebilen oraindik, eta, ni gainezka bainenbilen dendarekin, etxeko ardura berak hartu zuen, niri laguntzearren. Iluntze haietako batean, itxi denda, egin biharamuneko eskariak, ordenatu paper guztiak, eta pott eginda etxeratu nintzen gaueko bederatziak jota, ez goserik ez ezertarako gogorik gabe. Telebistaren aurrean eseri nintzen, plof!, eta ETB2ko berriak ikusten ari nintzela Anek deitu zidan sukaldetik.

        — Ez daukat goserik —esan nion nengoen lekutik.

        Bera etorri zen orduan nire ondora. Larunbatean Bilbon egin behar zen manifestazioaren berri ari ziren ematen. Legeztatua ote zen, ez ote zen, Garzon gora, Baltza behera...

        — Joan beharko dugu, ezta? —esan nion Aneri.

        — Gauza bat esan behar dizut aurretik.

        — Berdin zait debekatzen badute ere. Ni han izango naiz.

        — Ez da horretaz.

        — Zer?

        Burua jiratu eta Ane negarrez hasteko zorian zegoela ikusi nuen. Burua kamustuta neukan artean ere, espainolen zapalketa zikin hark zenbaterainoko mina egin zion pentsatu bainuen, besterik bururatzeko ezgauza. Ez zela hori errepikatu zidan orduan, eta, nire bekainen galde-ikurra ikusita, aurrera segitu zuen:

        — Gogoratzen Conrado?

        — Gogoratuko ez dut ba! Lerdejario halakoa!

        Ez nion antzik ematen zertara zetorren babalasto harekin, baina aurki argituko zidan Anek berak. Elkarrizketa luze, nahasi eta kaotiko samarra izan zen, hemen berritzen hasiz gero orri asko beteko lituzkeena, gauerdia pasa eta gero ere hantxe jarraitzen baikenuen bai eta ez, atzera eta aurrera. Funtsean, baina, hauxe zen kontua: kruzeroan barrena, Conrado hasiera-hasieratik ibili zen berarekin gozo eta txeratsu (horrenbeste, ikusi nuen nik ere); ni, berriz, neure liburuak hartu, haietan buru-belarri sartu, eta beste ezertaz ez inortaz axolatu gabe egon omen nintzen itsasaldi osoan (hori ere onartu beharra neukan); hala, Conrado hori gero eta ausartago, bere losintxak gero eta lotsagabeagoak omen ziren (horretaz ez nintzen ohartu); eta, zer gertatuko-eta, bidaia amaitu aurretik, Anek baiezkoa eman ziela haren proposamenei.

        — Nola? —atera zitzaidan ulu batean.

        — Nola zu hor zeunden beti, zeure liburuarekin.

        — Hortaz nirea da errua?

        — Ez nuen hori esan nahi. Kuriositatea ere bazen. Pentsa, noiztik gabiltzan gu biok, beti elkarrekin.

        Ez nion galdetu, banuen gogoa baina, zer moduzkoa izan zen esperientzia. Konparazioaren beldur izango nintzen akaso. Dena dela, «esperimentu epidermiko» bat izan omen zen, halaxe izendatu zuen Anek, eta ez omen zuen errepikatzeko asmorik.

        — Conrado deika eta deika baldin badabil ere.

        — Kabroia halakoa.

        — Madrilera joateko esaten dit, kimikoen kongresu baten aitzakian.

        — Ze ondo.

        — Edo bestela etorriko dela bera, di-da batean, hemengo dendak bisitatuz bidenabar.

        — Horixe bai polita. Niri bisita egin, di-da batean, eta gero nire andrearekin, riki-raka.

        — Ez zaitez zabarra izan.

        — Ez naiz ni ibili esperimentu epidermikoak egiten.

        — Ez dakit zertarako kontatu dizudan —eta negarrari eman zion.

        Negar eta kontsolamendu artean ibili ginen biok ere, gaueko ordu txikiak arte. Dena ahaztea erabaki genuen, barkatzea, elkarri ezer ez aurpegiratzea. Ados. Geroztik ez diot Aneri inoiz hura gogorarazi, eta bihotzaren barrenetik ere barkatu dudala esango nuke. Ahaztea, ordea, ez da borondatearen kontua: trepanazio bat beharko litzateke horretarako, eta gainera beste zerbait dago: bizitzaren sentimendu homeopatikoa. Esplikatuko dut gero hobetoxeago, orain beste zer edo zer azaldu behar dut-eta: gure solasaldi hori hasi zen momentuan iragartzen ari ziren manifestazioarena.

        Gauzak azkar aldatzen dira gure herri honetan; gaur sekulakoa dirudiena ahazturik egongo da etzi. Hala, bada, 2002ko irailaren 14ko Bilboko manifestazioa zer izan zen atzendurik izango duzu akaso irakurle okitu horrek, baina han izan ginenontzat ez da erraza izango; barkatu, barkatuko dugu agian batzuek (nik Anerena bezala), baina ahazteko beste zerbait beharko da, ez trepanazio kolektiboa behintzat. Dena delako arrazoiengatik han izan ez zenarentzat, bi pintzelkada, «Lotsaren eguna» deitu zitzaion haren oroigarri.

        Batasuna legez kanpo utzi zutela-eta, neurri faxista horren kontrako mobilizazio handi bat antolatu zen egun horretarako. Bilbora autobusez gindoazela, ordea, ez zegoen garbi manifestazioa egiten utziko ziguten edo ez; Garzonek, ETAk antolatua zela esan zuen; antolatzaileek, berriz —tartean Joxerra Etxebarria UEUko aspaldiko ezaguna—, elkarretaratze jendetsu eta baketsua izango zela, eta inor ez zedila urduri jarri; Baltzak, ostera, egin beharrekoa egingo zuela. Bildu, behintzat, bildu ginen, Aita Donostia plazan, milaka eta milaka lagun, haserre baina pozik, urduri baina lasai, kontraesan hori ulertzen baldin badidazu, irakurle unatu horrek. Joxerra agurtzeko gogoa geneukan bai Anek bai nik eta, kazetariz inguratuta zegoen arren, beti bezain atsegin eta jator hartu gintuen.

        — Utziko al digute pasatzen? —galdetu nion, denon buruan zegoen kezka ahora eramanez.

        — Utziko ez digute ba! Giza olde hau ikusita, nor ausartuko da ba gure eskubide funtsezko bat galarazten?

        Orduantxe zen abiatzekoa manifestazioa eta, gu ere han ginenez, burutik hurbil gindoazen, halakoetan normalean atze aldean joan ohi ginen arren. Giroa, egundokoa; jendetza, ikustekoa. Aurrera egiteko ere lanak genituen, hainbestekoa baitzen alde guztietatik etorri eta elkartzen zitzaigun jende piloa. Halako batean, baina, Autonomia kalean aurrera gindoazela, hor ikusi genituen beltzak, ez kalearen aldamenetan gure ibilaldia zaintzeko, erdi-erdian baizik, pasatzea eragozteko. Marmar bat hasi eta hazi zen gure artean, baina marmarren gainetik argi entzun genuen, aurrealde hartan geundenok, Joxerraren ahotsa:

        — Lasai, ez da ezer pasako.

        Ez da ezer pasako: esaldi ironikoa dirudi, antzeko agindua baitzeukaten beltzek ere, hots, handik ez zela inortxo ere pasako, eta horretarako zeukaten prestatua sekulako hesia, tanketa eta guzti. Hortik aurrerakoak... zertarako kontatu? Guk pasa egin nahi genuela, beltzek ezetz; antolatzaileetako batzuk ertzainekin negoziatzen saiatu, baina alferrik; mutiko batzuk urduri, aldameneko kaleetatik ertzainei xaxaka; ertzainak artega, beren bokatxekin mehatxuka; jendea gero eta beroago, gero eta haserreago, eta beldurtiak gero eta beldurtuago, zer gertatuko; gomazko tiro batzuk izan ziren, harriren bat ere bai; garbi zegoen ez zigutela pasatzen utziko, baina gu ere ez geunden etxera joateko, ez horixe. Aurreko lerroetatik Joxerraren ahotsa iritsi zitzaigun berriro, lasaitasun eske, gure jarrera baketsu baina irmoaren erakusgarri eseri egingo ginela esanez, hantxe, geunden tokian, kalean, eta ez ginela handik altxatuko pasatzen utzi arte.

        «Ondo esana!», bota zuen baten batek, eta denon sentipena adierazi zuela esango nuke. Denok lurrean eserita, jai giro moduko bat zabaldu zen gure artean, txantxa eta kantu, nahiz eta, aldi berean, airean sumatu burdinaren goritasuna, uniforme, kasko eta kaputxen barruko izerdiaren likina. Ni ohartu gabe nengoen eta Anek esan zidan: «Begira horri»; gizonezko bat zen, ertzainen aurrean biluzik eta besoak zabalik; gure jokaeran bortizkeria arrastorik ez zegoela erakusteko modu zoragarria iruditu zitzaidan, eta mutikoa nintzeneko erreferentzia hippyak etorri zitzaizkidan gogora: flower power, margaritak kanoien ahoetan sartuta, Hair filmeko txima luzeak, egin maitasuna eta ez gerra... Eta orduan, bat-batean, argi ikusi nuen zein zen nire bidea, zer zen hor bizitzaren sentimendu homeopatikoak edo alopatikoak eskatzen zidan jokaera, historiaren zentzu arduratsuak galdatzen zidan erantzukizuna.

        Ez bat eta ez bi, altxatu egin nintzen. «Nora zoaz?» entzun nuen nire atzean baina, ez entzunarena eginez, ertzainen aurrean paraturiko stripper-aren ondora joan nintzen. Mutil sendo bat zen, ni baino gaztexeagoa, ileluze eta bizarduna.

        — Axola zaizu ni ere... —hasi nintzaion, lotsaz bezainbateko ilusioz.

        Goitik behera begiratu zidan.

        — Egik nahi duana—esan zidan.

        Ez nuen bi aldiz pentsatu. Di-da kendu nituen jertse-zamarrak, praka-alkandorak, galtzontzilo eta elastikoak. Galtzerdi eta oinetakoak jantzita utzi nituen, halaxe baitzeuzkan nire lagun bizardunak ere. Haren jarrera neure eginez, beso-zabalik paratu nintzen neu ere. «Hori dok eta!» esan zidan bizardunak; begira jarri eta Jesukristo Superstar bat ematen zuen, hain ziur eta zindo; lapur zintzoa-edo izango nintzen ni, haren aldean txikitxo eta argala; beste atal batzuetako konparaziorik egin beharrik ez izateko, nahiago batere ez begiratu.

        Emozionatu eta guzti egin nintzen momentu batez, eta garaipena lortua genuela iruditu zitzaidan, arrazoia ez ezik bihotz garbia eta estetika ederragoa dituenak berea duela etorkizuna. Estetika ederrarena ez dut geure gorputzengatik esaten, manifestazio jendetsu, baketsu eta koloretsuagatik baizik.

        Une bateko lilura izan zen, ordea. Ertzainen kanoiek ez zuten gure margaritarik nahi. Zipaioetako buru-edo egiten zuen bat etorri zitzaigun, eta Arkautekoa baino gehiago Chamberíkoa zirudien hizkeraz eta doinuz esan zigun, derrepentean janzten ez baginen, berak emango zigun ostia-zakukadarekin kenduko zizkigula bizkarreko hotzak. Erresistentzia baketsuan ari ginela erantzun zion nire ondoko Superstarrek, hizkuntza berean koanto, eta baietz egiten nuen nik ere, buruaz. Are gehiago hurbildu zitzaigun Baltzaren beltza, eta zentimetro gutxira errepikatu lehengo mehatxua, bere borra latza gure zintzilikario gurien ondo-ondoan dantzatzen zuela; nik uste inguruan tira ahala geneuzkan fotografoengatik eusten ziola hantxe bertan gu jo eta txikitzeko gogoari.

        Fotografoak fotografo, nazkatu ziren halako batean. Nire homeopatiak halako efektu eskasa izango zuela jakin banu ez dakit ez ote nintzen neure txokoan geldituko baina, hasian hasi, eutsi egin behar gure protestari, hantxe gogor, sendo eta tente; bueno, ez guztiz tente, baina irmo, esan dezagun. Gure irmotasun hartaz nazkatu zirela esan dut, edo gure gurutziltzatu-itxurari sinesgarritasun handiagoa eman nahiko zioten bestela, halako batean borrekin eraso baitziguten: zirti-zarta jo eta eraitsi; bigarren kolperako kuzkurtuta neukan gorputza, eta burua babestu nahian besoak; hirugarrenerako lurrean erorita nengoen.

        Handixe ikusi nuen nola tanketetatik ura botatzen hasi ziren, presioan, manifestazioaren hasieran zeudenen kontra. Pankarta zeramatenak hari eusten eta aurrera egiten saiatu ziren, alferrik baina: uraren indarra handiegia zen eta lurrera botatzen zituen denak. Eserita zeudenak beherago ezin zituzten bota, baina elkarren kontra kixkurtuta eta dardarka geratu ziren; batzuk negarrez, besteak madarikazioka, denak haserre eta melatuta.

        Okerrago geunden gu, hala ere: larru-bizirik eta, ur-txorrotadaren partez, egur-zaparrada jasotzen. Azkenerako nekatu egin ziren nonbait hain ehizaki ezdeusak jipoitzen, edo errukitu, edo baten batek eman zien agindua, bizkarra berotu bai baina ez zela prexixo hebain-hebain egitea ere. Kontuak kontu, hantxe geunden Jesukristo eta biok, Adan eta Eba paradisutik bota zituztenean bezalatsu, Adan eta Adan zehatzago esanda, eskuez geure lotsariak estaliz, lotsaz baino gehiago astapotro haiek potroetan ostiko bat emango ziguten beldurrez. Beltzek, berriz, eskuetatik heldu eta esku-burdinak jarri zizkiguten, bakoitzari bereak, eta bultzaka sartu gintuzten furgoneta batean.

        Atzera begiratu nuen, Ane non atzemango. Ez nuen ikusi ahal izan, hor nonbait izango zen baina, nahaste-borraste haren erdian, ertzainek urari nahastu bide zioten ez-dakit-zer horren azkurarekin begiak erreta, amorrazioak aski erre ez bazizkion, bestela ere. Egunotan kontatu didatenez, auskalo nola bukatuko zen kontua Arnaldok hitza hartu ez balu: hitzaldi soil baina eder batean beren adorea eskertu omen zien bertaratutako guztiei, gertatua salatu, eta lasaitasunean etxera abiatzeko eskatu, biharamunetik aurrera borrokan jarraitzeko, independentziaren eta sozialismoaren bidean. Haren hitzak ez ziren horiek izango zehatz-mehatz, baina halaxe kontatu didate niri eta halaxe geratu zait bihotzean; alferrik saiatuko da inor hori aldatzen. Esan izan da egun horretan gauza asko aldatu zirela; Ipar Irlandako Bloody Sunday-rekin ere parekatu zuen baten batek, eta konparazioa neurriz gainekoa izango da, azken batean irlandarrei balak tiratu zizkieten eta guri ur txorroak eta gomazko pilotak soilik; baina nire baitan behintzat bai, asko aldatu ziren gauzak egun hartan, asko aldatu zirenez!

        Baten batek noizbait esan zuen burua hotz, bihotza bero eta eskuak zabal jardun behar genuela, eta asmo eder horrekin joango ziren beharbada manifestazioa egiten saiatu ziren milaka andre-gizonak. Nik ez nuen halako zorterik izan, ordea: Superstar eta biok polizia-etxera eraman gintuzten, furgoneta blindatutik ziega beltzera zuzenean. Nik ere bero-bero nituen bihotza eta baita bizkarra ere, ezinbestean, baina streaking-ariketaren ostean gorputza aski hoztuta, dar-dar ikaran.

        — Nun dagok gure erropia? —galdetu zuen nire lagun bizardunak.

        Arropa ez zen agertu, baina horren partez manta bana bota ziguten, eta hartan bilduta pasa genituen arratsa eta gaua, biharamunean epailearen aurrera eraman gintuzten arte, orduan txandal bana eman ziguten eta.

        — Orain ikusiko juek honeek zipaio kabroiok! —esan zidan Jesukristok ahapeka, tratu txarrak, lesioak, umiliazioak eta beste hainbat gauza salatzeko asmoz.

        Ni, ordurako, etxera joanda konformatzen nintzen; buruan nerabiltzan liburu-dendan zintzilik utzitako hamaika jestio; baina, bion ustekabe eta atsekaberako, ertzainek guri leporatu zizkiguten atentatua, desordenak eragitea, aginteari erresistentzia, terrorismo-ahalegina eta ez dakit zenbat kontu gehiago, eta, Barne Saileko abokatuari kasu eginda, espetxera bidali gintuen epaileak nire lagun bizarduna eta biok. Basaurira ekarri gintuzten berehala, eta handixe ari naiz orain lerrook idazten.

        Bizitzaren nire sentimendu homeopatikoak gauza guztiak lotuta ikustera ninderaman, modu mekanizista eta inozo samarrean. Espasa Calpekoek sari bat ematen didatela? Ba, Txalapartako liburuak jarriko ditut eskaparatean gero; Anek Opus Deiko unibertsitatean eta espainolez irakasten duela? Ba, gure baitako zati erdalduna baztertuegi eduki izanaren ondorio izan liteke. Horrela denak du bere azalpena, eta denen artean osatzen eta berrosatzen da uneoro harmonia unibertsala. Baina oraingoa gehiegizkoa zen: Anek adarrak jarri zizkidan Conradorekin; faxismo espainiarrak, jelkidismo euskadianoaren hitzerdikako kolaborazioarekin, galarazi egiten zidan manifestaziorako eskubidea, eta horrez gainera terrorismo-salaketarekin kartzelara eraman. Zer egin dut nik halakorik merezi izateko? Ezer ez, ez dut neure burua zigortuko egin ez dudanagatik. Eta, beraz, zer egingo dut orain planeten arteko oreka berreskuratzeko, munduan justizia existitzen dela berriro sinesteko, nire buru-bihotzen osasun homeopatiko batera itzultzeko?

 

2003-2004