Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2019, narrazioa
2002, poesia
1986, poesia
 

 

2

 

Aireportuko ate nagusitik irten zelarik, gauaren sukarrak besarkatu zuen tupustean. Aspertzeraino egon behar izan zuen geltokian autobusaren zain, debaldetan hala ere. Aldian behin taxiren bat zetorrela ikusten zuen, argiak pizturik, kulunka bezala, baina geltokira heldu aitzin bezeroren bat jaso eta alde egiten zuen, urrunduz. Porlanezko jarraulki batean etzan eta, poltsa bururdi, loak hartu zuen izarrei begira, mahuka hutsean.

        Auskalo zenbat denbora eman zuen ametsetan. Lanak eman zizkion non zegoen asmatzeak.

        Aldamenean automobil dotore bat ikusi zuen, gurpilen kautxua marra zuriz apain, eta azaleko txapa urdinez eta kanela kolorez margotua. Orienteko Errege Magoek umetan ekarri zioten jostailuzkoa etorri zitzaion gogora. Aspaldiko Chevrolet zahar bat zeukan begien aitzinean.

        Atea zabalik, zangoak kanpoan, gizaseme bat atzeman zuen gibeleko jarlekuan etzanik eta, halako batean, automobilaren barnetik zetorren ahotsak, ortotsaren pare, El sielo cubre, la tierra sostiene erran zuen izadiaren sorrera kontatzen hasteko gisan. Inguruan ez zebilen inor, eta berarekin ari zela atera zuen Migelek ondorio. Ohantze batean amiltzeko irrikan zegoen eta, aukera huts egin gabe, taxi bat behar zuela adierazi zion.

        — Incapturables —gaztigatu zion—, así es como acá los yaman. Pero si usted quiere, yo mismo puedo haserle el servisio.

        Automobiletik jaitsi gabe aldatu zen gizasemea aitzineko lekura, eta Migel, bi aldiz pentsatu gabe, trasteak egokitu eta barnean sartu zen berehala. Al Caponeren Chevroleta izaten ahal zen, baina koloretan, eta hala ere lehen ahaleginean arrankatu zion motorrak. Zigarro bat eskaini zion txoferrak eta, diskrezioa gorde edo isiltasuna gainditzeko beharbada, irratia piztu zuen.

        — Acá, La Habana —erran zuen gizonezko baten bozak—, las seis y siete minutos en Radio Reloj. Es la hora de levantarse, querido oyente.

        Ispiluan hogeita hamarren bat urteko gizasemea agertu zitzaion barrandari. Ile kizkur beltza, bizpahiru eguneko bizarra, gaua hutsean emana zuela irudi zuen, soinean elastiko zuri garbia zeraman arren. Ezkerreko besoa leihatilaren ertzean, esku bakarra zerabilen gidatzeko eta, noizean behin disimuluz begiratzen baitzion bezeroari, bere berri jakin nahi zuela igarri zion Migelek. Ez zuen muturik luzaro iraun.

        — Usted debe ser griego.

        — ¿Griego?¿Qué pues?

        — El asento es inequívoco.

        Irribarre inozo baten gibelean ezkutatu zen, eta ez zion desafioari ihardetsi. Ez zuen bere jatorriari buruzko ikastaro trinkorik ematen hasteko gogorik, eta aitzakia bila saiatu zen. Alde batera eta bertzera mugitu zuen burua hartz zuriek egin moduan, baina ez zitzaion fundamentuzko deus ere bururatu. Horrela, bada, isilik geratu bertze erremediorik ez zuen izan. Franko larri hala ere, ispiluari erreparatzen zion bakoitzean txoferraren galderarekin egiten zuen topo.

        Ama Birjina beltzarana zeukan aitzineko kristalean itsatsirik, eta egokia izaten ahal zen asmo luzerik gabeko solaserako, edo etengabe biraka zebilen aireztailu txipia aipatzen ahal zion, edo automobilak muturraren gainean zeraman flamenko dotorea bertzenaz. Lo zorretan zegoen, eta ez zuen aski indarrik atera; hortaz, nahiz badaezpada belarri bat kanpoan utzi, harreman diplomatikoak eten eta bere baitan bildu zen denbora pixko baterako.

        Irratiak jaikitzeko tenorea bazuela oroitarazten zion Habanako biztanleriari bi minuturo gehienez ere eta, tarteetan, Lecuonaren pianoa ezagutu zuen Migelek. Aldirietan barna, ezker-eskuin beha, Lenin ikusi zuen eta, luze gabe, film baten iragarkia balitz bezala, Marxen aurpegi zabala agertu zitzaion hormatzar batean. Noizean behin, metroko letratan idatzirik, Patria o Muerte, Venceremos, Cien por cien cubanos edo antzeko leloren bat irakurtzen zuen, eta azkenik Camilo, eta gero Fidel eta, nola ez, Che azaldu zitzaizkion bidera ongi etorria egitera.

        — Ernesto —erran zuen txoferrak begirunez.

        — ¿Lecuona? —galdetu zuen Migelek.

        — Ernesto Che Guevara, compañero, el gran comandante revolusionario.

        Eguna ezarian zetorren, nagiak atera ezinik, eta goizak, argitu ahala, leihatilaz kanpoko inguruak ez ezik automobilaren barneko aje txipiak ere erakutsi zizkion. Alde batetik, zebra-larruzko tapizeria dotore hura ez zitzaion ilunpetan bezain naturala iruditu eta, bertzetik, errepidearen erdiko marra zuri etena ikusten uzten zion zulo beltz bat ere egokitu zitzaion oinetakoaren zolapean ezkutaturik. Akatsak akats, edozein etorriberri txunditzeko moduko trastea zen Chevroleta, katxarroa, eta plazer hutsa iruditu zitzaion Antilletako hiriburu nagusian horrela sartzea estreinakoz.

        Errebalak utzi eta hiriaren bihotzean sarturik, arreta galdu gabe zihoan bere hotelaren izena noiz ikusiko. Kolonia garaiko plaza bat agertu zitzaien bidean, eta gidariak bere gain hartu nahi izan zituen zizerone lanak. Erdian, palmondo ederren azpiko abaroan, bazegoen tramankulu zaharrez betetako belai bat eta, orain bai, aspaldiko partez, galdera egin behar izan zion Migelek.

        — Memorial Granma —argitu zion gidariak izena.

        Erreboluzioaren bezperan Batistaren aurka erabilitako parke mobila zela eman zion jakitera. Hainbat ibilgailu harrigarri zeuden ikusgai, hala nola Camilo Cienfuegosek gidatu ohi zuen aireplano koxkorra, Fidel Castro eta bertze guziak Mexikotik ekarri zituen Granma izeneko yate txipia, eta Ernesto Che Guevararen motorra. Inguruan, kalaxnikof bana besoetan arretaz beha, olibaz jantzitako soldaduek zernahitarako prest irudi zuten eta, itzalezineko su-lama bizi bat atzematen ahal zen zizeka bazterrean.

        — Éste es el monumento a los Héroes Eternos de la Patria Nueva.

        Irratiaren arabera hamabi minutu falta ziren zazpiak izateko. Migelek errelojura jaitsi zituen une batez begiak. Orratzak oraino egokitu gabe zeuzkan. Hamaika ordu kendu eta ongi atera zitzaizkion kontuak. Aitzinean, zirkulazioari erne, txoferrak bazuen bertze lanik, baina bezeroak eskumuturrean zeraman kronometroaren gutizia egin zitzaion noski, hari erreparatzen baitzion aldian behin gibelera jiratuz. Ez zuen mila durotik goiti balio. Esfera urdina zeukan, eta urpean eramaten ahal zen; beraz, gidariarenarekin alderatuz gero, garestia ere ematen zuen.

        — Eselente modelo —erran zion nahikeria ezkutatu gabe—. Muy caro, supongo.

        — Unos treinta dólares.

        — Acá con esa suma usted puede yevarse el campanario de la Catedral de la Virgen de la Caridad del Cobre.

        Argia hedatu ahala, edertasunari nekez eusten dion hiriaren nahi eta ezinak ageri ziren gero eta nabarmenago: aldamioei esker ozta-ozta zutik zirauten eraikin dotoreak eta landaretzak irentsitako jauregi txipiak. Zutarri grekoen gainean jasotako etxe zoragarriak ere ikusten ziren tarteka Habanan, maizterrez gainezka, indigoz, okre gorriz, fuksiaz eta bertze hainbat kolorez margotuak.

        Beharbada eguzkia nagusitu aitzineko azken minutuak probesteko, aitzakiarik gabeko arropak gainean, karrikan zebiltzan habanarrak. Itsasoaren bertze aldean ez bezalako patxada sumatu zuen Migelek giroan. Aurki izanen zen ordubete abiatu zirenetik, eta indar egin beharra zeukan betazalei eusteko. Halako batean, gidariak txartel bat eman zion gibelera begiratu gabe.

        — Abel Ruis Oñate, pero acá todo el mundo me yama Newton.

        — Salaberria —ihardetsi zion nafarrak—, Miguel Salaberria.

        — Eso no suena muy griego.

        No mucho.

        — Como que fuera cubano, maestro.

        Izen-abizenen azpian Experto en movimientos sísmicos y otras ondas expansivas irakurri zuen Migelek eta, egia errateko, zer izaten ahal zen ere ez zuen igartzen. Albaitaria edo ingeniari soila zela erran izan balio, zalantzan paratuko zuen, baina neurriz kanpoko zirtoa iruditu zitzaion; beraz, begiak bildu, harremanak berriz eten eta kuluxka egiteko baimena eman zion bere buruari.

        Apenas eman zituen bortz minutu lotan, istripu bat zela medio bat-batean frenatu behar izan zuelako Newtonek. Ilar txipiaren koloreko Pontiac bat zegoen bide bazterrean azpiak agerian, eta Buick more argi baten muturrak akordeona irudi zuen. Anabasaren erdian, gauzak bere onera ekartzeko ahaleginetan, hiruzpalau polizia zebiltzan erotu beharrez. Gidariak, beldurrak, Migeli begiratzen zion. Turistarik eramateko taxista izan beharra zeukan eta, izan ezean, sasia bezala endredatzen ahal zitzaion goiz hura.

        Aitzineko kristalean zeukan ama birjina aipatzen zuen Newtonek etengabe, eta berrogei egun baraurik emanen zituela ere agindu zion bihotzaren erditik. Eskariak, harritzekoa, eman zuen ziturik. Aitzina jotzeko agindu zieten poliziek, eta gibelean utzi zuten kontrola, gero eta urrunago. Behin eta berriz ispilutik beha, dantzan egiten zuen iheslariak jarlekuaren gainean eta, sosegatu zelarik, bezeroarekin oroitu zen, zeren...

        — Una suerte de pinga, de ésa que te roncan los timbales.

        Eztarriko korapiloa laxatzeko bertze Cazadores bat eskaini zion gidariak abegiz, eta Migelek txiskeroa eman zion berea piztu zezan. Azken ke-bafada bat bota bezain laster, hotel koxkor bat ikusi zuen bezeroak aldamenean. Automobiletik jaitsi zelarik, ez baitzuen Habanako tarifen berri, zain gelditu zitzaion zer zor zion erran arte. Ez zion fitsik kobratu nahi izan, baina begiak lerratzen zitzaizkion errelojura. Watch hark ez zuen, ziur aski, aireportutik hotelerainoko zerbitzuak bezainbertze balio izanen eta, gainera, merezi bezala estimatu nahi zion mesedea egin izana. Opari ematea izaten ahal zen egokiena, baina Migelek ere behar zuen ordua jakiteko zerbait; hortaz, deus gabe ez geratzearren eta gerora faltetsi behar ez izateko, zentzuzko tratua proposatu zion elkarren arteko interesak orekatzeko. Eskumuturreko gutizia eskaini zion txoferrari, haren obserbatorio kosmiko digitalaren ordez.

        Adiskidetasun luze baten hasmenta aipatu zuen Newtonek, eta eskaintza onetsi ez ezik hurrengo bidaia doan agindu zion, zeren...

        Telefonoa txartelean zetorren, eta hoteletik hurbil bizi zen.

        Horrela, bada, poltsa ateratzen lagundu eta gero, eskua eman zion aspaldiko lagun bati bezala.