Iturrino Handia
Iturrino Handia
2007, nobela
128 orrialde
978-84-95511-91-1
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2005, nobela
2003, nobela
Iturrino Handia
2007, nobela
128 orrialde
978-84-95511-91-1
aurkibidea
 

 

Asteazkena

 

Bizitza alu hau, zeuk ere badakizu ederki, mon ami, izan liteke urre edo izan liteke putz, segun eta haizeak zer dakarren zeuretzat, baina gehienetan edukitzen du bietatik. Esango nuke ez dela izaten osoro txarretik edo osoro onetik.

        Lehenago ere esanda nago zori txarrerako jaiotakoa naizela ni, maletatxo baten barnean ia ito nindutela bizitzen hasi aurretik, izarrak denak neuzkala neure kontra jaiotze beretik, pare bat gerratako tiroak ere pasatu zaizkidala azalari igurtzi eginez, eta kale bazterreko kalapita eta labanak ere ezagutu ditudala ugari. Baina orain jartzen naiz pentsatzen, eta makina batek nahiko zukeen nik eduki dudan bizimodua berarentzat. Nik ikusi ditudanak ikusi eta ibili ditudanak ibiltzea, ez baita egoten jakiterik nondik erakutsiko duen zorionak muturra, zerk ekarriko duen zer bere ondotik. Hori nola izango den aurrez bageneki! Horixe du gizakiak kondena, asmatu ala ez, apustu egin behar izaten duela aurretik. Horregatik erabaki nuen nik lagundu egingo niola ia hilean zegoen gizon ezgauza eta arnasa gabeko hari, antzemanda bainengoen gizon hark ez zuela gaiztakeriarik gordetzen begietan, eta esan nion,

        — Josetxo, zenbat egun dituk elkarrekin jarri gaituztela ospitaleko gela honetan? Zazpi? Bederatzi? —eta haren erantzunaren zain geratu gabe gaineratu nion—, hemendik irtendakoan neurekin etorriko haiz baldin eta ez badaukak nora joanik. Neurekin egingo duk bidea, indartu artean, eta gero gerokoak, Josetxo.

        Halaxe esan nion hor barran ikusten duzun jaun horri, eta zin egiten dizut ni bezalako gizon alferrik galdutako batentzat ez dela munduan aurkitzen ahal gertaera hoberik, ezen ni banaiz ibiltaria eta beti hemendik harakoa eta handik honakoa, hegaztien kastakoa, aldiz, Plasma da, bere gorputz mehe eta ahul horrekin, Arretxinagako harria baino astunagoa eta mugitzen gaitzagoa. Gehiago ere esango dizut isilik gordetzeko baldintzarekin.

 

 

John Hustonen abokatuek harrapatu zutenean Ettore Diccino koskabiloetatik, eta Maltan hark zeukan hotelaren neurria ikusi, zor zizkidan denak eta gehiago itzularazi zizkioten. Nik asmatutako kaxaren patenteak hamabi urtetan zehar eman gabeko sos guztien erdiak ordaindu behar izan zizkidan deblauki, eta aurrerantzean emango zituenen erdiak ere nola eta nora behar zituen bidali ere erakutsi zioten ederki. Argi eta garbi jartzen baitzuen nik mundu honetan gordetzen jakin dudan paper bakarrak, erdibana genuela patente hura Diccinok eta biok, asmakuntza nirea zela, baina hura egiten laguntzeagatik eta kontu eta paper guztiak eramateagatik, berea zuela Diccinok beste erdia, halaxe genuela eginda orduko garaian tratua, eta halaxe paperaren azpian sinatuta, zorionez, hortik jasotzen baitu gaur egunean ere Don Valentinek tarteka niretzat bidaltzen duten sos apurra. Izan ere, gaur egunean ere egin egiten baitu Estatu Batuetako enpresa batek Iturrino's Box delakoa, nik asmatutakoaren berdina. Eta areago, harrezkeroztiko kutxa zatikatzaile guztiak, neurearen seme-alabak direla eta, telebistan edo nonahi ikusten duzunean magilari bat pertsona bat hiru edo lau pusketatan zatitzen, horretarako darabilen kutxa horregatik, klinki eta klanka egiten du sos apur batek nire izenean dagoen kontu korrontean. Eta nik adina beharrik izango ez duen arren, hots berdina aterako du Diccinorenean ere, Maltan edo bizi den lekuan bizi dela. Hori ere lortu baitzuten Hustonen abokatuek, bioi zegokigun ehuneko bosta leku batera bidali ordez, ehuneko bi t'erdia igortzea harengana eta beste hainbeste niregana.

        Abokatuak gauza handia dira zeure alde dituzunean. Gainera, horrela izango da hori berrogeita hamar urtetan zehar, 2017. urtera arte, alegia, oraintxe ez dira falta hamaika besterik, 1967koa baita patentea.

        Ikusten duzu, beraz, ez naizela ematen dudan bezain dohakabea, ezta horren behartsua ere, gaztelurik ez dut edukiko, baina ondamu gutxi sortzen dit Espainiako Erregeak niri, hark lan egin behar baitu gaztelua behera ez etortzeko, edo antzerkia, bederen, eta nik, ostera, pasa ditzaket egunak eta urteak bi besoak gurutzaturik. Beti izanen da magilariren bat kutxa zatikatzailea erabiliko duenik, eta klinki eta klanka egingo du nire diruen kontuak berriz ere, nekerik batere gabe puztu eta puztu.

 

 

Horrela, ba, hamabi urtetan kobratu gabeko diru haiek guztiak bilduta ikusi nituenean mahai gainean, esan nion Plasmari,

        — Josetxo, oraintxe daukak aukera hire bizimodu alu hori konpontzeko, nik ez diat eta behar sosik. Ni beti ibiliko nauk gora eta behera hegalari, honezkero besterik egiten ez zakiat, baina hi desberdina haiz zeharo eta leku bat behar duk aurkitu zutik segitzeko, eta bizitza honetan ezer egiten ez badakik, jar ezak taberna bat bada ere.

        Halaxe, ibili ginen hara eta hona, korritu genituen herriak eta lekuak, ikusi genuen arte Villanubla hau, itxita eta salgai zegoela zioen afixa bat zuela kristalean zintzilik. Munduko lekurik goibelena bazirudien ere, hementxe dauka Josetxok etxea harrezkeroztik, hementxe lanbidea eta bizimodu osoa, eta neuk ere, bide batez, hementxe dut atertu nahi ez duenerako aterpea. Lehen noizean behin bakarrik etortzen banintzen neure ibileretatik, aitortuko dizut gero eta etxezuloago bihurtuta nagoela zahartu naizenetik, ezen zerbaitek behartzen badu gizona ibiltaritza uztera, horixe baita, mon ami, mokorra hautsi, lurrera erori, eta handik jaikitzeko gauza ez dela jakitearen beldurrak. Alua dela mundua, adin batetik aurrera, dedio, baina horrek ez du bueltarik, ez du sekula izango atzerabiderik.

 

 

Ordaina eta esker onaren kontuaren antzera, hori ere beti izango da horrela. Nola esker niezaiokeen Hustoni nigatik egindakoa?

        Munduan badira gauzak neurriz kanpokoak, norberaren eskuekin inoiz uki ez litezkeenak, ilargiaren antzera, horixe baitzen Hustonek jarri zuena aukeran niretzat, ilargia, eta eguzkia, eta izarrak, ezen halako abokatu sorta egon ere ez da egongo Euskal Herri osoan. Hark, ordea,

        — Lasai, Cosme —esaten zidan—, ez minutu bat galdu kezka horrekin. Haiek egingo dute egin beharrekoa, goazen gu bitartean arrantzara. Diccino non dagoen aurkituko dute eta gauza guztiak konponduko dituzte, horrexetarako daude eta. Zuk niri arrantzan irakatsi eta akabo, nork berea egin behar du mundu alu honetan eta abokatuek, eurena.

        Bai, ondo esanda zegoen hark esaten zidana, baina gauza bat da hitz zentzuzkoak entzutea eta beste bat, oso ezberdina, inorekin zorretan zaudela jakitea. Eta ni zorretan nengoen halako legegizon gudaroste bat neure zerbitzura jarrita. Hura ordaintzeko dirurik ez nuen nik lortuko ezta Frantziako banku guztietan lapurreta eginda ere.

        Gogorra da, gero, inorekin zordun izatea, hainbestekoa gainera, zorra. Nik aukeran nahiago dut bestea, inork edukitzea zorra nirekin. Hori errazagoa da eramaten alderantzizkoa baino. Ez esan niri ezetzik, mon ami. Ez al zaizu zeuri ere horrelakorik gertatzen, errazagoa zaizula ematea hartzea baino?

        — Jakin egin behar da hartzen ere, Cosme —esaten zidan behin eta berriz, Johnek—. Niretzat ez da ezer abokatu horiek dantzan jartzea. Beste lan bat baino ez dute Diccino hori aurkitzea, antzeko askoren artean. Hori baino zailagoak hamaika, nik emandako lanak.

        Arraioa, inon gizon garbirik bazen munduan, John Huston zen hori, harrapatuta bizi zuen lohitasunaren erditik,

        — Konturatuko zinen oraindik eskuratu ez dudan diruaren kontura egiten ditudala gauzak eta erosketak —aitortzen zidan—. Zenbat halako lan nik abokatuentzat! Oraindik ez baitut ikasi irabazitako diruarekin soilik bizitzen, eta beti ibili ohi naiz irabaziko ditudan balizkoen kontura. Hori bai garestia benetan, halakoxea bainaiz ni: neurririk gabekoa. Sartzen zait zerbait buruan, eta ez naiz lasaituko huraxe lortu artean: etxeak, zaldiak, emakumeak... zernahi, autoak izan ezean, horiek ez bainaute sekula kitzikatu, Cosme. Zertarako behar duzu autorik, taxi eder askoak diren bitartean?

        Nirekin baino, bere buruarekin aritzen zen gizon hura halako gaiak ateratzen zituenean. Ikusten zen ohituta zegoela bere kolkorako erretolikak jaurtikitzen:

        — Beti esaten didate abokatuek ezin dezakedala jarraitu horrela, munduan den diru garestienaz ordaintzen ditudala gauzak, korapilo horretatik irten egin behar dudala. Nola, baina? Nola ibil liteke amuarraina ur gazitan, gezatarakoa baldin bada? Hala ere, ez naiz bakarra. Orson ni baino okerragoa da horretan. Bereak ez ezik, inorenak ere erabiltzen baititu ordainetan. Nik hori ez, horixe ez, Cosme. Neu geratuko naiz zorretan, eta hemendik edo handik asmatuko dut zerbait ateratzen, edo merke salduko dut garesti erositako zerbait, edozer egingo dut inguruko inor aldrebestu baino lehen. Baina Orsonentzat kanilako ura baino deusagoa da dirua. Beretik datorrena agortzen denero, inorena zabaltzen du beti, datorren lekutik hartzeko, berdin zaiolarik non eta nola. Dirua kaka zaharra, entzungo diozu, baina kaka zahar horrexek mugitzen du hura. Arima ere salduko dizu lau sosen truk. Lasai, beraz, Cosme, nirekin zorrik ez duzu eta, lagunak ez gara, bada?

        Hitzek ez dute, baina, zulorik betetzen ahal. Zorra beti da zor, batez ere, niri gertatu bezala, ordainetan eskatzen denean eman ezindako gauza bakarra:

        — Esadazu non aurkitu ahal izango zaitudan hurrengoan Frantziara itzultzen naizenean.

        Horixe eskatu zidan Ameriketara bueltatu baino lehen. Neure helbidea edo telefonoa, besterik ez. Eta nik eman ezin. Zer nekien nik non egongo nintzen bihar edo etzi?

        Gauzak batzuetan nola okertzen diren, ez dago sinesterik. Nahi eta ezin.

        Ez nekiela esan nionean, non izango nintzen ez neukala arrastorik, ahazteko eskatu zidan, hain zen onbera gizona. Nola ahaztu, baina, horrelako gauza bat? Nola eskertu zerua ekarri izana niretzat lurrera?

        Neukan bakartxoa utzi nuen ahaztuta moduan haren arrantzako gauzen artean: neure arrantza-aparailuak gordetzen zituen puru kaxatxo xahar bat. Banekien laket izango zitzaiola hura han ikustea etxera heltzen zenean eta, sinets iezadazu, mon ami, ez zen gauza handia, baina nik nolabait sentitu nuen poz txiki bat bederen emango niola kaxatxo harekin ordainetan. Hutsaren hurrengoa zen arren, ez neukala beste ezer gizon handi harentzako modukorik, eta izatekotan, huraxe eskertuko zuela, zerbait eskertzekotan. Izan ere hura ez baitzegoen erosterik, ez irabazitako diruarekin eta ez irabazi gabekoarekin, salgai ez dagoena ezin baita erosi sekula, mon ami.

 

 

Bestalde, bistan da nik ezin nuela inola ere konpondu Diccinorekin neukan nahasmena. Nondik eta nola atera behar nuen haren arrastoa? Urteak ziren haren albisterik ez nuela batere zirkua itxi zuen egunaren biharamunetik beretik. Eta arrastoa aterata ere, nola eseraraziko nuen mahai batean gure diru kontuak konpontzera? Nola jakingo nuen nik hura Maltako irlan bizi zela, eta ostatuetako negozioetara jarrita, gainera? Ezta hurrik eman ere, ezen gutxi egongo dira munduan Ettore nik adina ezagutzen duten pertsonak, ez alferrik ibiliak ginen Europako bazterrik gehienetan, on eta txarretan, eta oso egin ginen elkarrentzakoak. Bai jauna, hori ere halaxe baita. Josetxo kenduta, Ettore Diccino da bizitza honetan eduki dudan lagunik onena agian ez, baina, seguru-seguru, handiena bederen. Oroitzen naiz nola esan zidan behin,

        — Cosme, jende askok esango du zirkuarekin atzera eta aurrera ibiltzeko bizimodu hau ez dela bizimodu, baina niretzat ez da munduan hoberik, ito eta hil egingo bainintzateke leku bati goroldioaren antzera lotuta.

        Nola jakin behar nuen nik Malta zela horretan salbuespena?

        Diccinok zirkua itxi bazuen, ez zen izan berak hala nahi izan zuelako. Aitzitik, badakit ezinezkoa egin zela zirkuarekin aurrera egitea. Dedio, batzuetan garaiaren aldaketak zilipurdikatzen du dena, gutxien uste duzun lekutik etorrita agertzen da zoritxarra. Horixe gertatu zitzaion Diccinori zirkuarekin, eta halaxe geratu ginen oinpean amildegia baizik ez genuela, berarekin urtetan atzera eta aurrera ibilitakoak ginenak.

        Izan ere, garai haietara arte txikiak izaten ziren ia beti zirkuak, gurean hamabi ikuskizun baizik ez ziren izaten, hamabosten bat lagunen artean egiten genituenak. Ez karpa eta ez animaliarik, txakurtxo batzuk eta nire zazpi usoak kenduta. Horixe zuen Diccinok arau. Konpainiak edozein lekutan egin behar zuen lan, plazetan, antzoki zaharretan, kalearen erdian, igual, eta hara eta hona ibiltzeko beti hartzen genuen trena.

        — Gurea benetako zirkua da, Cosme —esan ohi zidan—, eta ez kamioi eta elefante batzuei lotuta ezin ibilian geratzen den ikuskizun mantsoa. Arin behar ditu hankak Diccino Konpainiak, hogei lagunetik gora ez sekula, eta gauzak ez badoaz ondo leku batean, hurrengo trena hartu eta alde beste leku batera. Zer nahi duzu hori baino hoberik guretzat?

        Gauzak argi zituen Diccinok, baina, esan dizudan bezala, garaiak etorri zitzaizkigun tupustean gainera eta lehen jendea guregana etortzen bazen ikuskizunera, bat-batean hasi ziren gauza nabarmen txarra bezala ikusten Anne Belle, bi burudun emakumea, Alberto printze ipotxa, gomazko andrea eta gurean ziren bestelako munstro itxuragabeak ikusgai denen agerian jartzea. Errukarriak baizik ez zirela, eta ez zegoela batere ondo jendearen aitzinean halakoak erakusten ibiltzea. Munstro baino, pertsonak zirela hasi ziren esaten, eta horrek ekarri zuen hondamendia guretzat.

        Elbarri eta ezindu jendea zela gurea esaten zuten, eta egoitza egokietan behar zutela gordeta, edo bizimodu normala egiten kasurik onenean. Baina, esan iezadazu, mon ami, nola egin behar duen bizimodu normala gorputz bakarra erdibanatzen duten bi ahizpa siamdarrek, edo aulki batera igotzeko gauza ez den ipotx batek. Nola atera behar du bizimodua umetatik zutik eutsi ere ezin duten hezur bigunak okertzen baizik ikasi ez duen norbaitek?

 

 

Ez, ez zen izan Diccino zirkua ixteko erabakia hartu zuena. Gehiago ere esango dizut, gutxitan ikusi dut nik gizon bat halako malkotan urtzen, ezen zirkua ixtearekin batera, Diccino ere beste guztiok bezala geratu baitzen pauso bat nola aurrera eman asmatu ezinean.

        Handik gutxira sartu nintzen ni Frantziako trenetan txartel zulatzaile, eta ezingo naiz beraz kexatu, taldea osatzen genuenetatik, nik dakidala, Lucio fakirra, Daisy, Txakurren Erregina, eta hirurok izan baikinen bakarrak, zelan edo halan, aurrera egin genuenak.

        Garagardo fabrika batean aurkitu zuen Luciok lana, Donostian, El León deitzen zen lantegi batean. Kristal artean hura beti gustura. Daisy, ostera, belgikar batekin ezkondu zela entzun nuen. Baina gainerakoek, lehenago edo geroago eduki zuten atarramentu aldrebesa.

        Diccinok bazekien hori, bazekien itxuragabe haiek ez zutela aurrera egingo bera gabe eta zirkurik ezean. Bazekien munstroek munstro artean bakarrik dutela babes, eta bera prest zegoen haiekin guztiekin ibiltzeko hara eta hona, berak gidatzen zuen konpainian.

        Harro aurkezten zituen bere langileak ikusleen aitzinean, il magnífico, la única, la maravigliosa eta horrelakoak beti ezpainetan. Nire txanda zenean, beti esaten zuen, Il Incridibile Iturrino, Il Dio de las colombas, edo antzeko zerbait. Itxuragabekoa bazinen, azkar jarriko zizun errege titulua, edo printzesarena. Ematen zuen adjektiboen sokaren beste aldetik tira egin eta handizkatuz orekatu nahi izaten zuela ezbeharra.

        Aise ulertzekoa zen bere jokaera, ezen behin esan baitzidan bere ama ere itxuragabeen artekoa zela. Sorbaldaren gainetik ateratzen zitzaiola hirugarren beso alferrikako bat, haragi zati erdi hildako eta zintzilikatu bat, emakume guztiz ederra itsusten zuena. Eta ama gaitzetsi hura defendatzen urratu zituela aho-eztarriak umetan eta geroago ere bai.

        — Nire amaren izaera hark ederki erakutsi zidan natura jakintsua denik ez dela sekula esan behar. Ez behintzat inguruan nor dabilen aurrez begiratu gabetan. Haur itsusia amarentzat beti eder den antzera, haurrarentzat ere ama beti baita eder.

        Izanak izan, Diccinoren ustez, natura puta zahar bat izan ohi da oker jaio denarentzat, eta bazekien, halaber, amak bizitzan zehar ezagutu zituen min guztiak ez zituela berak sendatzen ahalko, baina, behintzat, ezaguera bazuela nahikoa gure artaldea gobernatzeko lain. Eta inon izatekotan, berak sortutako lekuan, zirkutxo hartan, zutela babesik egokiena munstro haiek, eta euren artera inguratzen ginen bestelako bidegalduok ere bai.

        Familia eder bat ginen orduan, mon ami. Esan dizut lehenago ere ez zela batere gizon txarra Diccino putakume deabru hori, barrua zeukala urrezkoa edo zilarrezkoa, ez dakit segur, nahiz eta gero egin zizkidan egin zizkidan jukutriak eta gehiago.

 

 

Barkatu beharko didazu, tristatu egiten naiz garai haiez gogoratzen naizen bakoitzean. Izan ere, nire gaztaroa izan zelako, edo ez dakit xuxen zergatik, sekula bizi izan ditudan onenak izan zirela begitantzen zait zirkuan ibili nituen urte haiek. Amodiorik ere ez dut ezagutu sekula halakorik, Anne eta Belle, hain handi, hain eder, hain bakar. Malkoa etortzen zait orain begira, hori ere bai baitauka zahartzeak, beti begiak bustita ibili beharra ere bada atarramentua, baina bi emakumeren maitasun egiazkoa gorputz bakarrean kausitu duen gizonik ez da izanen ugari munduan, horretan ere aparta ni.

        Oroitzen naiz Anne eta Belleren buruak ikusi nituenean gorputz bakarraren gainean, erruki antzeko bat piztu zitzaidala barrenean. Bizitza ez dela zori berekoa denontzat pentsatu nuela. Bi burudun emakumea jartzen genuen afixa guztietan, eta urrutitik etortzen zen jendea iragarritakoa ikustera. Baina egiaren alderantzizkoa zen afixetakoa, izan, bi emakume baitziren Anne eta Belle, bi ahizpa elkarri betirako itsatsiak. Soilik arnasbideak eta burua zuten bakoitzarena, gainerako guztia erdibana.

        Oholtzaren gainera deitzen zituen Diccinok, eta horrekin bakarrik pizten zen espantua edo liluramendua, segun eta nola. Gero jendea hasten zen galderak egiten, nongoak ziren eta halakoak, eta harriturik uzten zituzten ikusle guztiak eztizko ahots harekin erantzuten zutenean. Euren gauzak kontatu, ez zuten besterik egiten. Amaitzeko, Frantziako sehaska kantu bat abesten zuten beti berdina, berceuse horietako bat:

 

        Do, do, l'enfant do

        L'enfant dormira bientôt

        Une poule blanche

        Est là dans la grange

        Qui va faire un petit coco

        Pour l'enfant qui va faire dodo

        Dors ma poulette

        Dors mon poulot

        Do, do, l'enfant do...

 

        Bat egiten zuten bi ahots haiek era miragarrian, eta gizonkote bat baino gehiago ikusita daukat negar malkotan urtuta, hain baitzen eztizkoa berez eztia baino ez zen kantua bi emakume haien ahotan.

        Ezagutu izan dira lehenago ere halakoak, Anne eta Belleren gorpuzkeraren oso antzekoak. Blazek ahizpa txekiarren kasua da entzutetsuena. Izango duzu haien berri, seguru asko, mundu osoko zirkuak kurritutakoak dira eta. Bizkarrezurra zuten haiek erdibana. Gorputzak zituzten alde banatara jarriak. Biek izan zituzten senarrak eta seme-alabak, ez galdetu niri nola. Soilik esango dizut munstroaren lekuan, bi aingeru aurkitu nituela nik gorputz bakarrean. Anne eta Belle ahizpak biak ziren aldarte onekoak eta haserre gutxikoak. Naturaren portaera zantarra ematen zuen nahi zutela jarri agerian. Hainbestekoa zen kontrastea.

        Diccinoren zirkuko egun haietan, egunen gurpilean konturatu nintzen gero eta ordu gehiago pasatzen nituela bi emakume haien alboan. Haien begi eta ezpainetara ohitzen hasteko gogoz zirela nireak, eta, batez ere, haien hitzetan bakarrik aurkitzen nuela kulunka benetakoa.

        — Cosme maitea —esaten zidan batek, eta—, Cosme maitea —esaten zidan besteak.

        Gizonik ez da izan sekula munduan nik adinako zoriona ezagutu duenik. Pentsatuko duzu orain nola litekeen halako gauza bat, bi emakume gorputz bakarrean. Pentsatuko duzu ezin egon litekeela gizonik haien altzora bil daitekeenik gustura. Baina nik esango dizut, lagun maitea, ederretan eder zituztela aurpegiak, ederretan eder gorputz osoa eta soilik harritzen zuela, hasiera batean, bi lepo nola sortzen ziren enbor berean ikusteak, bakarra behar zuen lekuan.

        Harritzen zuen, baita ere, bi emakume haiek zuten dotorezia berezkoak eta batek bestearen ondoren hitz egiteko zeukaten abileziak. Harritzen zuen bi beso eta bi esku, zango biak, bi bularrak eta gerria, nola goberna zitzaketen bi buruk halako sintonian. Harritzen zuen, batez ere, gizonezkoaren amodiogintzak kontsolatzen zituenean emakumezko biak eta, finean, txunditzen zuen munstrotarako jaioak nola zezakeen hainbeste zorion partitu ingurukoen artean. Bien artean bihotza bakar izanagatik, gurinezkoa baitzuten hura, edo eztizkoa gutxienean.

        Anne eta Belle, biak ala biak izaten ziren esaten zidatenak,

        — Iturrinotxo bihotzekoa, ez dukezu lan makala, emakumea alboan behar eta bi aurkitu dituzu, bakarraren lekuan.

        Gero irriño batez ematen zidaten muxu, batek lehenik eta gero besteak. Zerua aurkitu nuen haien alboan lurrean, baina Diccinok itxi behar zuelarik zirkua, bien begietan antzeman nuen infernua zetorkigula gainera, emakume haiek erabakita baitzuten ez zutela egingo bizitzan aurrera. Alferrik ziren nik esandakoak, neuk zainduzko zaituztet eta antzekoak.

        — Iturrinotxo maitea, ez zaitugu alboan nahi dohakabe bihurtuta, gu biontzat ez da lekurik izango mundu berri horretan.

        Trenbidearen erdian aurkitu zituzten haien zatiak, gutun bat ere bai, neure izenean:

        — Agur maitea, geure bizitzetako urrea...

        Horrelaxe hasten zuten gutuna. Neu urre izendatzen ninduten maitasun huts baizik ez ziren haiek. Ez nuen jarraitu irakurtzen. Apurtu egin nuen papera mila zatitan. Banekien ondoren zetorrena. Erabaki gabeko ezpatak izan daitezke letrak, lehenago ere esan dizut hori. Eta sentitu nuen koba zulo beltz bat hazten nire barrenean, munduak ez beste inork baitzeukan gertatutakoaren errua, eta usu gertatzen den bezala, errua hainbesteren artean partitzen denean, ezin da askatu hartutako minetik edo, nahiago baduzu, luzeago irauten du saminak. Inorekin mendekatu ezinak agortu egiten du esperantza eta su eman nien gero paper zati haiei guztiei eroaldiaren erdian, inoiz ez nezan osatzeko tentaziorik ukan.

        Zertarako behar dut nik harrezkero paperak gordetzen ibili? Zuk telebistan hitz egiten duzu horretaz. Esadazu non aurkituko dudan niretzat hura baino poema ederrago bat. Hitz egokiagorik eta, aldi berean, saminagorik idatziko al da noizbait niretzat?

 

 

Utz ditzagun orain kontu horiek aspalditik gordeta zeuden leku berean. Sinets iezadazu soilik, handik hona pausoa asmatu ezinda ibili dela Iturrino Handia bere bizitza osoan. Bilatu duela bazter guztietan, ezagutu dituela andre eder askoak, baina jauregia ezagutu duenak, nekez maiteko duela txabola. Horixe besterik ez, ulertzen didazu, ez da?

        Esan nahi nizun, baita ere, neu hona inguratu baino lehen etorri zaidala etxera bertara Don Valentin eta hura sartzearekin batera konturatu naizela alferrik nabilela harekin borrokan, baina, hala ere, borroka besterik ezin dudala nik egin harekin, esan baitit,

        — Etzi dugu ostirala, Pakete, eta kaxak han jarraitzen du hautsa biltzen, zegoen lekuan bertan. Ukitu ere ez duzu egin. Nik uste nuen entsegu handia behar zuela zure lan zailak, eta hainbeste denboraren ondoren, oraindik eta gehiago. Horregatik nator galdetzera ea zein asmotan zabiltzan eta ea gogoratzen zaren atzo eman zenidan hitzaz. Ostiralean ez nuke nahi uste gabekorik eta afixetan ere hortxe jarri nahi dut zure argazkia, kaxa eta guzti.

        — Hara Don Valentin —esan diot orduan—, hitza eman banizun, horrek ez du atzerabiderik. Zerbait izango da, beraz. Eta kaxa zatikatzailearena irteten ez bada, ez da izango neu ez nagoelako prest. Gehiago izango da argiak kaxkarrak dituzulako parrokiaren areto horretan, edo ez dudalako inor aurkitu egokirik laguntzailetarako. Badakizu nire konfiantza erabatekoa behar duela izan, ederki dakizu hori, ezen hari erakutsi behar dizkiot ipi-apa guztiak, eta ez nuke nahi edozein mozolo edukitzea ikasle lanetan.

        Jarri du aurpegi bat esanez bezala nahikoa lan baduela berak auzoko gaztetxoen dantza eta kantuak antolatzen, eta nahiko lukeela nire gaiaz gehiago ez kezkatzea, eta ea egingo diodan mesede zerbait esanez bera lasaitzekoa. Horregatik galdetu diot,

        — Zer ordutan hasiko da ikuskizuna?

        Zortzietan hasiko dela erantzun didanean, esan diot han izango naizela ostiralean sei t'erdietan. Orduan egingo dudala entsegua, hogei minutu aski izango direla horretarako, baina baldintza bat bete beharko duela nahitaez, argiaz arduratzen denaz gain, beste inor ez dudala nahi aretoaren barruan, ezta bera ere. Eta esan badiot esan diot, dedio, ikusi bazenu hitz horiek entzundakoan jarri duen aurpegia, bazirudien etsipenez beteta geratu dela gizona, airegabetuta eta esanez bezala,

        — Baina honek zer uste du? Nor dela berau? Ez al da konturatzen ni gabe ez dela ezer? Neuk gordetzen dizkiot honi diru eta etxeak, neuk ematen diot aterpea...

        Haren begiak ikusita ematen zuen berari zor diodala bizirik egotea bera. Horregatik esan diot,

        — Zer duzu Parroko Jauna, azkura izterretan?

        Orduan erantzun dit operako kantari bat baino hanpatuagoa nabilela, eta egiteko mesede bera bakean uztekoa, bera dela ikuskizunaren arduraduna eta areto barruan egon behar duela erabakitzen badu, halaxe egingo duela. Nik nahi ala nahi ez. Eta orduan esan diot joan dadila antzarak ferratzera edo nahi duen lekura, baina nire baldintzak beteko ez baditu, Iturrino Handia ez dela agertuko ez ostiralean eta ez sekula santan. Purrustaka esan du orduan,

        — Eskale alaena, zeuk esanda bezala egingo dira orduan gauzak, baina ager zaitez ostiralean, kale gorrian geratuko zara bestela. Sei t'erdietan, entzun, sei t'erdietan.

        Eta atea itxi du hainbesteko danbatekoarekin, ezen etxeko kristal guztiek egin baitute dardara leihoetan, eta une batez pentsatu dut, baten bat apurtzen badu, berak ordaindu beharko duela.

        Baina nik esango dizut zer daukan barruan benetan Don Valentinek: amorrua. Horixe dauka gizon horrek zainetan gora eta behera, amorrua, ezen harrapatua baitut behin baino gehiagotan nire kaxarekin jira eta bueltaka, dena arakatzen eta gauzak nola diren ulertu nahian. Baina ezer ulertzen ez, ezin konprenitu inola hiru kutxa hutsetan sartutako pertsona nola jarri litekeen hiru zati ezberdinetan, oinak alde batera, burua bestera eta enborra auskalo nora, begi guztien agerian gainera. Nahiko luke jakin nola egiten duen Iturrino Handiak bere lanik ospetsuena, nahiko luke ezagutu nire isilpekorik handiena. Zertarako? Irteteko bera datorren urteko jaialdian nire kaxak hartuta, edo, deskuidatzen bazara, inguruko parrokietakoetan ere bai. Don Valentin Magilaria jarriko zukeen orduan afixetan, eta ez luke ibili beharko neu naizen zezentxo hau toreatzeko lanetan, orain dabilen bezala.

        Horixe du horrek, jakin nahia eta ezin jakina, biak ala biak, eta hori horrela den artean, neuk daukat hura mendean eta koskabiloetatik zintzilik harrapatuta. Beraz, mon ami, izorra dadila pixka batean, eta hori ospatzeko atera ardo zuri berezi bat, dedio, berdin zait Galiziakoa edo nongoa, gaurko egunean azkena izango da eta. Eman stop.