RENO - NEVADA (azaroa)
Billeteak
Hemen billeteak ikusten dira, hemen billeteak dagoz, aquí hay billetes, denok aberasteko beste, esaten zidan Billek, lehenengo euskaraz, eta gero espainolez, mexikarren doinuen antzeko aire batez, baina ez erabat mexikar azentuz. Azentua zelanbait itsatsia zitzaion, kutsaturik zegoen, batez ere emaztea hangoa zuelako; niri harrigarri egiten zitzaidan kutsu hura, euskaraz entzun ostean espainolez egitean bizkaitarren moduan egingo zuelakoan, baina ez, mexikar kutsuz egiten zuen. Bestela billeteena egia zen. Behin haren sozioak bederatzi mila dolar erakutsi zizkigun. Billeteetan, bai.
Aldean zeramatzan billeteak. Bederatzi mila dolarrak. Alkandorako ezker poltsikoan. Oraindino gogoan dut ezkerreko poltsikoan zela, zigarro paketea ateratzeko keinuarekin batera billeteak han ote ziren egiaztatzen baitzuen. Eta tabakoa ezkerreko poltsikoan gordetzen zuen.
Asteazkenetik hona egindakoak, esan zigun sozioak Billen osabari eta bioi. Osaba eta biok baikinen han, Latino's izenekoan. Loba Billen zain.
Eta lobak esana zidan:
Nire sozijoak ez dau edaten, no toma, salvo en Navidades. Orduan bai, orduan botilia hartu eta andreak ospitalera eroan behar izaten dauen arte edaten dau, baina una vez al año no más, ea noiz arte segitzen dauen holan euskara eta espainola tartekatuz, halaxe esan zidala dut gogoan.
Ez zen egia urtean behin edaten zuena eta hura dena, baina lobak, Billek, ez edatearen kontu hura dena egia izan zedin nahi zuen, sinetsi beharra zeukan, eta egun hartan han zegoen sozioa, osaba eta bion aurrean, poltsikoa billetez beterik eta bere onean, baina beste behin, hara!, ni neu bakarrik joan eta sozioak egundoko biharamunarekin zegoela aitortu zidan. Gabonak izan gabe.
Ayer tomé esan zidan, bart gauekoa egundokoa izan zen, ez dakit zenbat botila hustu nituen, azkenean taxi batek eroan ninduen etxera, ez dakit gaur zertara etorri naizen hona, a hacer acto de presencia.
Ezkerreko begian fijatu nintzen, tabakoa gordetzen zuen aldekoan. Kasik erabat itxita zeukan. Motel-motel. Begira begiratu nion, eta gero bista begitik aldendu nuen, bera ere ohartu zen, ziur nago. Eta han beste aldean hiriko kasino nagusiak ikusi nituen, eta ezkerretara begiratuta ere beste kasino bat ikusi nuen, eta tailerraren atzean, Latino's haren gertu-gertuan, bideo-x shopa, etxola moduko bat, dena beltzez pintatua, eta bandera amerikar itzel handia masta luze-luze batean eskegia. Beti egoten ziren bost edo sei auto han. Eta bandera gau eta egun.
Okerrena ez zen edatearena izan; jugué!, esan zidan Billen sozioak. Orduan nik uste nuen negozioa ondo zihoala, bideoshoparen hain gertuan tailerra, hiriko denek ezagutu behar zutela ematen zidan. Eta ziurrenik halaxe zen, hirian denek ezagutu behar zuten bideoshop hura, eta bide batez tailerra, eta negozioa ondo zebilen. Bezerorik behintzat ez zuten falta. Tailerrean. Alboko bestean ere ez zuten falta nor hara joan, baina tailerrean esan nahi dut. Gau eta egun lan egiten zuten. Auto matxuratuak Carson City eta halakoetan erosi, ekarri, tailerrean sartu, mailatuak arteztu, pintatu eta berri legez. Oinetakoen puntak zilarrezko dirdiratan ekartzen zituzten mexikarrei saltzeko primerako autoak ziren. Dena metala, dena izarniadura, dena itxura. Dena gezurra, edo beste moduko bateko egia. «Egia latinoen erara», esango nuke.
Behin mexikarren azokara joan ginen Edith eta biok, Edithek espainolez zekielako, eta mexikarrekin karitatea egiten zuelako, eta mexikarrek zerbaitegatik erakarri egiten zutelako, eta nirekin nora joan ez zekielako, eta mexikarren azokara joan ginen beharbada exotiko egiten zitzaiolako hara joatea, edo ni euskalduna izanik ere latinotzat ninduelako elkarrekin gazteleraz hitz egiten genuenez gero, batek daki zergatik. Domekaz izan zen, domeketan jainkoak jai egiten duelako eta protestante fedeko herrialdeetan domekak baino gogaikarriagorik ez dagoelako, ziur.
Orduan zuzenean galdetu zidan, hango denetarikoen artean ezer erosteko asmo barik gauzei begira genbiltzala, ea ba zergatik duten hainbeste kume mexikarrek. Tantos niños!, espainolez esan zidan. Zuztarrik bagako galdera iritzi nion, baina erantzun beharrekoa. Eta hobe erantzun izan ez banio, umeak sexuaren bidez egiten direla horrela esatea, nori eta emakume presbiteriano hari, thanksgiving gauean familian norainoko puritanoak eta fededunak ziren erakutsi zidanari, ba hari halakorik esatea ez zitzaidalako gustuko egiten, baina erantzuna eman beharra zegoen, eta ea ba horrela zabaldu egiten nuen guk biok ere geure artean zeozer egiteko bidea. Edo zirrikitu bat behintzat. Guztiz gogoko bainuen Edith hura.
Latexa gorroto dutelako, edo latexari gorrotoa diotelako, odian el latex erantzun nion Edith hari.
Lotsatu egin zen, baina egun hartan eta erantzun harekin zirkuitu edo gurpil bat itxi nuen nik, ez nago ziur zirkuitua ala gurpila, baina biribildu egin nuen nire baitan zeozer, hiri haren izaera ulertzeko gakoa edo zena, nik dakit ba zer.
Hirian dena zen gezurra. Eta gezurra ez bazen ere, itxura. Edo egiaren aldaera behintzat.
Pentsamendu horixe biribildu nuen nire baitan. Gezurra eta itxuraren artean ibiltzen, esaterako, auto birkonponduen bila tailerrera etortzen ziren mexikarrak, eta Billen sozioa bera, gogoan izanda horrek zelan esaten zien, con eso sí que vas a levantar culos!, bezeroek ipurdiak altxatzeko moduko autoak maite zituztelakoa, eta neska hartu, eroan, dantza egin eta gero hantxe jotzeko moduko autoak zirelako. Hala da ze, ipurdi bat altxatu eta hantxe jo, latexa erabili barik, jo behin, edo bitan, edo hirutan ere, eta suerte apur batez neska ernaldurik, eta horra gero zergatik dagoen hainbeste mexikano azokan domeketan. Latexari gorroto diotelako. Hala da ze, gezurra zen ipurdiak altxatzearena. Behin edo bitan altxatuko zuten, eta gero ezkondu. Horrexegatik hainbeste ume mexikanoek. Baina zer ostia! Zelan esango nion hori Edithi, dibortziatu hain amerikar presbiteriano hari.
Gero, ze erremedio, mexikanoek autoak konpontzen lan egin behar dutela esan ahalko nion Edithi. Latino's bezalako lekuetan, legearen ertzean, paperak-eta noiz izango dituzten jakin barik. Ez nion esan. Baina lobaren eta sozioaren billeteen bidea ikusi ahal izan nuen. Mexikanoen billeteak. Mexikano levantaculos haiek Latino'sen Coronita edaten eta autoak legez kanpo pintatzen, edo legez kanpo ez bazen ere legearen ertzean, eta hantxe ohartu nintzen ni; legearen barruko ertza ere legearen esparruaren barruan dago, hori futbolean legez da, baloia marraz barrura dagoen artean zelaian dago. Latino's legearen ertzean baina legearen barruan zegoen, eta gorroto hartu nien legearen ikuspegi hori dutenei, ertzaren ideia hori!, esan nahi duelako euren burua erdian ikusten dutela, lege esparruaren erdian. Niri egia esateko lehenengo momentutik eman zidan pintatzeko modu hura hemen gurean ezinezkoa izango zela, eta hemen ezinezkoa izango bazen, ba han ezinezkoago, Amerikan maskarillarik barik autoak pintatzen, esan nahi dut, baina halaxe zen, autoak maskarillarik barik pintatzen zituzten. Mexikanoek. Pertsiana jaitsi, musika topera ipini eta Coronitak edanez, di-da pintatzen zituzten autoak.
Berri-berri uzten zituzten, gero zapata puntetan zilarrezko dirdira zekarten mexikar haiek neskarekin pasioaldiak egiteko, horrela potrorik bazegoela autoaren bidez erakutsiz besteei.
Baina latexarena da kontua, zelan esan nion Edithi, ba sekretua, mexikarrek hainbeste ume egitearen sekretua ez da besterik latexari dioten enpagua baino; beno guk enpagua esaten dugu, baina hau espainolez izan zen, eta asco esan niola uste dut, asco al latex, esan nion, eta orduan bera isilik geratu zen.
Eta, badiot, nire barruan zerbait biribildu nuen, soka mutur bi lotu izan banitu legez izan zen, eta sentsazioa areagotu egin zitzaidan Billen osabak beste zera esan zidanean. Carson Cityn egoan neska mexikana bat, mutua, harenak bai mamadak, esan zidan, bere autoan gindoazela. Eta harekin eta Edithen galderarekin den-denaren sekretua ulertu nuela pentsatu nuen, dena biribil-biribil agertu zitzaidan.
Eskertu egiten nuen osabaren zuzentasuna hitz egiteko orduan, ze kostatuta baina zuzen hitz egiten zuen, eta niri gogora orduantxe irakurtzen nenbilen liburua etorri zitzaidan, hango literaturan tabua diren hitzei buruzko liburua, eta liburuak zioen zelan XX. mendeko idazlerik ospetsuenak ezin argitaratu izan zuen esaldi hura, the bulls have balls, zezenek potroak dituzte. Horrexegatik eskertu nuen mamada hitzaren zuzentasuna. Carson Cityn ez ei zegoen hark baino hobeto egiten zuenik, eta beti izaten zituen bezeroak zain, eta eurek hala ere harexekin nahi izaten zuten.
Beraz, gorroto izan nuen emakume presbiteriano hari latexa hala aipatu behar izana, baina ez zegoen beste modurik, gure artean ezer egingo bagenuen behintzat. Ez zidan ezertarako bidea eman, ostera, eta hurrengo batean argiago esan zidan:
Nahi duana, espainolez si lo que quieres, sexua bada, es sexo, zoaz bosgarren kalera.
Eta halaxe jakin nuen hirian prostitutek kale hori zutela beren mende. Baina Billen osabak behintzat egia zioen, eta dena ulertu nuen, biribildu egin nuen, hari-muturrak lotu nituen. Hargatik geratu zen osaba Ameriketan, Carson Cityn eta halakoetan sexu-diruz-pagatua erosten ahal zutelako, eta hori Bilbon ere bazuten, badakit, baina orduan Nevadako zerura begiratu nuen. Hain oskarbi beti. Hain zabal. Hain itsaso! esango nuke. Hango zerua. Eta badiot, muturrak lotu nituen. Han Nevadan, ama urrun zegoen, han norbera putetan joan zitekeen beste inork jakin barik, eta lagunekin, eta gero berriro mendira ardiekin, baina ondo jo ostean. Eta mutuarekin zelako zerak!, ez dut tabu hitz hori errepikatu nahi. Osabaren lehenengoak izan zirelakoan nago.
Gakoa, osaba Ameriketan betiko geratu izanaren giltza, prostituta mutu hura eta hark errepresentatzen zuena zen. Bestea, billeteena, egia bazen ere, ipuin hutsa zen.
Eta egia zen. Billeteak zeuden, eta ipurdiak altxatzen ziren, eta Billen sozioak behin edo behin baino ez zuen edaten, eta emakume presbiteriano harekin ez zegoen zer eginik, eta jainkoak sortu zuen hango zeru amaigabea, eta autoei dirdira eragiten zieten mexikarrek latexari gorroto itzela zieten, bai. Hori dena halaxe zen. Baina ipuina zen. Billek, sozioak, mexikanoek, denek sinetsi nahi zuten ipuina. «Hemen denok aberastuko gara» litzateke ipuinaren titulu egokia. Egia benetakoa, osabarena zen. Carson Cityko hura! Ba ote zen haren parekorik Bilbon orain berrogei urte?