Erretzaileen eremua
Erretzaileen eremua
2006, narrazioak
152 orrialde
84-95511-87-8
azala: Arnold Newman
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
 

 

Suhiltzaileak

EPILOGOA

 

— Pasa hidranteen mapa!

        Kaboak mapa pasatu baino lehen, eskuetatik erauzi zion sarjentuak. Ur-hartunea ez zen inondik ageri, nahiz eta mapak argi erakusten zuen handik oso hurbil hidrante bat egon behar zela.

        — Mekaguendios!!!

        Larrialdietako kamioikoak ziren, lehen ateraldikoak. Hiru mila litro ur, hiru gizon, kaboa eta sarjentua. Balkan Txiki editorialak eraikuntza aski handia betetzen zuenez, iritsi eta hamar minutura bukatu zitzaien ura. Sua handiagotzen ari zen.

        — Berriz esango ditek suhiltzaileak urik gabe iritsi zirela. Beti bezala —arranguratu zen kaboa.

        — Mugi hadi, ostia. Hemen ez bada C-5ean egon behar dik beste bat —sarjentuak, mapa seinalatuz.

        Kaboa kamioi-zisternaren bolante atzean jarri zen, eta C-5 aldera gidatu zuen. C-5 puntua hurbil zen, industrialdeko eraikin-multzoaren atzeko aldean. Berehala topatu zuten hidrantea. Tapa altxatu eta mangera ur-hartunean konektatu zuten. Goiko leihoak garretan zeuden jada, hotsa gero eta handiagoa zen. Haizea zebilen. Kamioi nodriza eta errefuertzoak etorriko ziren, bai. Halako batean. Beharrik argitaletxeak beste sarrera bat zuen atzeko alde hartatik.

        — Mekaguendios! Sartu beharra zagok! —sarjentuak, berriz.

        — Hiru horiek ez dituk sartuko behintzat —kaboak, kamioiko atzeko aldera seinalatuz.

        Han atzeko aldean hiru suhiltzaile zeuden, kuzkurtuta. Gazteak ziren, suhiltzaileetan hasi berri, eta beren lehen sute handia zen. Editorialaren eraikuntzan sartu ziren lehenak haiek izan ziren, beren norbanako ekipoekin, artean kamioiak ura zeukala, baina hamar minutura bueltan zeuden, urik gabe, eta bonbonetako airea zurrupatuta, ia guztiz.

        — Mekaguendios! Dena txupatu duk? Aire dena txupatu duk hamar minututan, e!? Mekaguendios!!!

        Hiru nobatoak dar-dar batean zeuden, uda bazen ere, termometroak hogeita hamar gradu markatzen bazuen ere, suaren aurkako jantzi berezi eta lodia jantzita bazeramaten ere. Eta bonbonetako aire dena gastatuta zuten.

        — Akojonoa... —esan zuen kaboak.

        — Mekaguendios!!!

        Sarjentuak irizten zion bera ordurako nahiko su itzalita zegoela bere bizitzan, eta sobra ere, berriz larrua suari eskaintzen hasteko.

        — Mekaguendios! Hi eta biok sartu beharko diagu, berriro!? Ez al dugu nahikoa su itzali honezkero!?

        Kaboa bere ekipoko aire-bonbonaren uhalak doitzen ari zen ordurako. Berrogeita hamarretik ez ziren oso urruti ibiliko, plantari eusten zioten arren, nekez bazen nekez. Sartu aurretik, nobatoetako batek esan zuen eraikineko lehen solairuko lurreko zurajeak su hartu zuela, dena erortzeko arriskua zegoela.

        — Mekaguendios!!!

        Barruan liburuak erretzen hasiak ziren, ke beltz eta lodia sortuz. Ez zen ia deus ikusten. Kaboa eta sarjentua bizkarra paretaren aurka aurreratu ziren, izerditan, eraikuntzan barrena, ura ausarki botaz, txorrota nora zuzendu behar zuten oraindik garbi ez jakin arren. Tarteka ura elkarri botatzen zioten burutik oinetaraino. Kaboak keinu bat egin zion sarjentuari, goiko pisua seinalatuz. Ez zuen itxura onik.

        — Mekaguendios!!! —baina garren hotsak ito zuen sarjentuaren biraoa.

        Mundu guztiak jakingo zuen geroago sua nola hasi zen: Balkan Txiki argitaletxearen arduraduna bera izan zen sua probokatu zuena; dirudienez, egun hartan bidoi bat gasolina erosi zuen, argitaletxeko lau langileei kanpora joateko agindu, gasolina lehen pisuko behegainean barreiatu eta su eman zion. Balkan Txiki argitaletxe artesanala zen, produkzio laburra baina zaindua kaleratzen zuena, katalogo aski interesgarri baten jabe, zeinean, orokorrean, normalean «interesgarri» eta are «oso interesgarri» jotzen ziren idazleak nabarmentzen ziren. Ekonomikoki ez omen zen une ona pasatzen ari, baina hori, Balkan Txiki bezalako argitaletxe batean, esan beharrik gabeko gorabehera zen, ça va de soi. Hala ere, editoreak, ordu batzuk geroago bere burua entregatu zuenak, ukatu zuen inolako interes ekonomikorik —asegurua kobratzea, esaterako— egotea ekintza piromanoaren atzean, eta mundu guztiak sinetsi zion, asegurua kobratu nahi izan balu bestela jokatuko zuela konprenituz. Aitzitik, editoreak «nekea» eta «eroaldi iragankor baten mendean egon izana» alegatu zituen egun batzuk geroago, ekintzaren arrazoiak azaldu behar izan zituenean. Inork ez zuen horrelakorik jendaurrean esan, baina editorearen kolega batzuek ahapeka aitortu zuten bere jokabidea ez zitzaiela hain aparteko eta burugabea iruditu; izan ere, halako idazle «interesgarri» eta are «oso interesgarrien» elemenia bat edonoren eramana eta pairamena mila puska txikitan zartatzeko modukoa izan behar zen, eta denek gogoratzen zuten editorea bere kortakoak mimoz artatzen, bizkarraren gaineko esku-zarta amultsuak banatzen, animo eroriak altxatzen, idazle desmotibatuak adoretzen, idazle alferrak aupatzen, nartzisoak balakatzen, zalantzatiei segurantza ematen, seguruegiei frenoa jartzen; hasiberriei idazle interesgarriak izateko aholkuak ematen, interesgarriei oso interesgarri izateko gomendioak partitzen, eta jada oso interesgarri zirenei bere mukizapi propioa maileguan uzten negar egin zezaten, eta are lepoa edo magala ere eskaintzen mukizapia sobera umel eta mukiz beteta geratzen zenean; eta hau gero eta maizago gertatzen omen zen, zeren, editorearen aholkuak hain zirenez onak eta egokiak, oso interesgarritzat har zitezkeen idazleak erruz biderkatzen ari baitziren, perretxikoek klima-baldintzak alde dauzkatenean, eta horrela. Gauza hain omen zen nabarmena lanbidekoentzat, ze Balkan Txikiren lehiatzailerik zorrotz eta gogorrena zen Entelekiak argitaletxeko nagusiak —argitaletxe artesanal eta oso interesgarria hau ere— behin baino gehiagotan esana baitzien bere laguntzaileei ez zuela ulertzen Balkan Txikiko editoreak nola eusten zion, bera izatera, aspaldi suizidatu zatekeela, edo lanbidez aldatu, mukizapi fabrika bat ipintzeko, esaterako, edo sofrologia-kabinete bat. Eta kontrarioa apaltzeko asmoz botatako ironiazko hitzak ziren, noski, baina aieru txarrez tindatutako ironia batekoak, Entelekiak argitaletxeko editorea bera ere oso bolada txarra pasatzen ari zelako bere idazle oso interesgarriek ez ziotelako minutu bakar bateko bakerik ematen: batzuk kexu ziren inork elkarrizketatu nahi ez zituelako, beste batzuk elkarrizketa gehiegi egiten zizkietelako, askok aholku literarioak ez ezik, bere bizitza pertsonaleko gorabeherak ere kontsultatzen zizkioten —alabari jaunartze egunean edo andreari urtebetetzean zer oparitu, jubilazio-plana nola prestatu, bigarren eskuko autoa erostea komeni ote zitzaien, bizarra eginda irudi hobea ematen zuten, eta beste hainbat—; bestalde, Entelekiak argitaletxeko idazle enblematikoena emaztearengandik apartatzeko prozesu betean zebilen, eta horren ondorioz, hain enblematikoa ez baina benetan oso-oso interesgarria zen beste bat urteroko jeloskorkeria atakeak jota zegoen, horrek ekarri ohi zituen edotariko ondorio ezagunekin. Eta guztiarekin ere, txarrena zen Entelekiak argitaletxeko arduradun nagusiak bazekiela edo susmatzen zuela hain artesanalak eta hain interesgarriak ez ziren argitaletxeetan ere egoera ez zela askoz hobea, entzuna baitzuen, adibidez, zenbait idazlek hartua zuela ohitura beren editoreen etxeetara afaltzera joatekoa, aldez aurretiko gonbitik edo gaztigurik gabe, gauero.

        — Mekaguendios —sarjentu izerdituaren biraoa hasperen bat baizik ez zen oraingoan—, uste nian ez ginela bizirik aterako.

        Baina sarjentuak pozik egoteko arrazoiak zeuzkan. Errefuertzoak eta kamioi nodriza sekula baino bizkorrago iritsi ziren su-lekura, bera eta kaboa laster atera ahal izan ziren eraikinetik, beso berrien etorrerari esker sua laster kontrolatu zen, eta ordu pare batean foku txiki batzuk baino ez ziren geratzen. Eta sua kontrolatu ahala, begiluzeak hurreratzen hasi ziren; hauen ondoren, kazetariak, hauen ondoren, Suhiltzaileen Partzuergoko presidentea, eta azken-azkenean, ke-zirimola indarge batzuk baizik ikusten ez zirelarik, dagokion agintari autonomikoa.

        — Mekaguendios! —esan zion sarjentuak kaboari—. Hauxe duk amorrurik handiena ematen didana.

        Bi suhiltzaileak zeuden tokitik gertu, agintari autonomikoak, Patzuergoko presidentea lagun zuela, plazer handiz eta aditu-airez azalpenak ematen zituen kazetarien aurrean, kamera txupatzeko presak gertatutakoaz informaziorik batere lortzea galarazi zion arren.

        — Sua argitaletxeko ipar aldeko areto batean sortu da —azaldu zuen politikariak—, eskerrak prebentzio-zerbitzuek mirestekoa den zalutasunaz ekin dioten. Bai, kortozirkuitu batek eragin du.

        Haize firin batek eramaten zituen hitzon hariak suhiltzaileak zeuden tokira, ustekabeko prentsaurrea gertatzen ari zen tokitik hogei bat metrora.

        — Bai horixe —kaboak, marmarrean, patxada trufariaz—, berorrek nahi duena.

        — Mekaguendios! Hau nazka!

        Partzuergoko presidentea keinuka hasi zitzaien, hurbiltzeko kazetariak eta politikariak zeuden tokira. Ibilera nekatuaz hurreratu ziren, poliki, jantzietako kremailerak erdi-irekita eta kaskoa eskuan, izerditan oraindik, talde nagusiarekin batu ziren arte.

        Bat-batean zerua irekiko balitz bezalako burrunba bat aditu zen. Editorea zen, zeina, tamaina ertaineko rotaflex bat eskuan, aparra ezpainetan eta begiak beren zuloetatik irtenda, politikariaren inguruan bildutako zortzi edo bederatzi pertsonen aurka amildu baitzen.

        — Mekaguendios!!!