Beņat Dardo
Beņat Dardo
2006, nobela
200 orrialde
84-95511-86-X
azala: Xabier Gantzarain
Joxan Oiz
1968, Donostia
 
 

 

ORAY ALDIZ

BORDELEN IÇANEN DA

 

1544. urtean Egia inprimatzaile lanetan ez ezik beste hainbat lanetan ere ari zen Lizarran. Kartzelak ebatsitako osasunaren arabera oraindik lanean baina, batez ere, zalaparta sobera atera gabe. Ez zituen, ordea, berau aipatzen zuten koplak ikusiko. Ez eta Eiheralarreko erretoreak egindako gainontzekoak ere.

        Iruñean oraindik ez zen giro, eta Brocarrek eta Lambertek utzitako lekuak betetzeke segitzen zuen. Bilbo, Gasteiz, Donostia edo Baionan ezagutzen ziren prentsa bakarrak ardo zein sagardogintzan erabilitako dolareak ziren. Mugetan izaten ahal zituen arazoak gorabehera, hortaz, Etxepare kaiolatuak Bordele zuen, oraindik, aukeran.

        Bazkarirako zakutoa ez ezik, adorea ere bildu zuen erretore etsituak eta mandoa eta Bereau Garonako hirirantz zuzendu zituen 1544. urteko apirilak lehen eguna zuenean. Zozomikote egunak izan eta blai eginda ailegatu ziren bidaiariak Hiriaren Hegoaldeko atarira. Atea zeharkatu ordez, kanpoan geratu ziren, eta guztiz malapartatua zegoen noizbait denda bat izandako aterpe batean laketu zuten. Bereauk ohol zahar pare bat errotik atera zituen eta eserleku moduko bat prestatu zuen. Etxeparek esker oneko keinu moduan gasna atera eta zakutoan geratzen ziren hondarrak zoruan barreiatu zituen eztiki. Sator mukurua iduri zuen belarretan txukun-txukun osaturiko hur metak.

        — Ez tribulatu, Mosen, nik beraztuko dut Montain hori —ekarri zuen hizpidera Bereauk, ahoa beteta, hurrak haginka kraskatu bitartean—. Sobera sufritu duzu eta jagoitik sarri behar du inprimaketa horrek. Ez galdu fedea ezen oraindaino sasoia badugu.

        — Morpain duzu. François Morpain. Sasoia, aldiz, aspaldi galdu nuen.

        Aspaldiko erantzun lakonikoak biztuak zituen erretoreak. Bidaiak higatua zion adorea, eta sasoia ez ezik fedea ere lekutua zuela ematen zuen.

        — Ez horrelakorik erran, Mosen. Ez da zorri bat harrapatzen ahal hatz bakar batez. Bion artean estekatuko dugu Montain horren gogoa eta zure koplak berari emateko erregutuko digu. Zure hatzak ez du indarrik, alabaina zure mintzairak kojitaraziko du, eta zure koplak ez inprimitzea pena gaitza izanen zaiola ikusiko du. Bertzenaz, ene hatz baldar honek begia aterako dio!

        — Ai, ene adiskidea! Zure veneziar adiskide berri horrek halakorik balekusa, sarri eginen luke berriz eskapo ekialdeko erresuma urrun haietarat! Noizbait baretuko haiza?

        Bereauk borreroarena eginez lortu zuen erretore nekatuak irri egitea. Etxepareri aldartea biziagotu zitzaion pixka bat eta borrero antzerkilariari gasna pusketa gozoagotu.

 

 

Francois Morpainen inprimategiaren atariak Donibaneko merkatu egunetako saltoki bat iduri zuen. Jende andana bat zebilen harat-honat, eta letren eta kulturaren tenplua izan behar zuenak Arrosagarai harakinaren etxea zirudien:

        — Doluturen haiz, sugegorri halakoa! Eta oroit hadi honetaz, Morpain, ene liburuak zuenean inprimatuko dituk! Morpain! Hire etxean eta hire izenean inprimatuko dituk, Morpain! Alabaina... hi hilik egonen haiz!

        — Egin albaiteza grazia eta isil hadi eroa! Alde egin ezak eta ez hadi sekula torna! Ero maradikatua! Segi ume eta ez jakin kaka ontziak izutzerat! Alde egin ezak ero halakoa!

        — Erratu haiz arruntean, Morpain! Jagoitik finitu dituk hire plazerak eta oraingoitik arrangurak hasi!

        Bat-batean, Morpainen etxetik espantuka irtendako gizasemea besoak zabalduta zerurantz begira pausatu da atari parean. Segidan begiak iraulita eta ahots lakarrez zuzendu zaio bezeroa bortxaz atera berria zuen Morpaini:

        — Hogeita bi aldiz jaioko da Pazkoetan Jesuchrist gure Jauna eta hogeita bi aldiz urtuko dira bortuetako elurrak. Hogeita bigarren urtean, Lyondik pasa eta gero, hemen izanen naiz berriro, Morpain, eta zure etxeko molde letretan emanen dira hogeita hirugarren urteko berriak. Zuk, Morpain, alabaina, ez dituzu molde kutxak mugituren. Zu, Morpain, hilik egonen baitzara Jesuchrist gure Jaun Salbatzailearen 1566. urtean. Amen.

        Beltzez jantzitako bezeroak lasterka egin zuen karrikan beheiti, harik eta bere zamaria estekatu zuen arte. Urrundu zelarik, Garaziko bikoteak entzun ahal izan zituen jendarteak aipatutakoak:

        — Montpellier-eko atxeterra da, Nostradame. Aski ona da jendea osatzen. Itzal handia du han barrena. Aldiz, hondarreko urteotan, eriei baino izarrei egiten deraue so ausarki... menturaz sobera.

        Sortutako zalaparta eta xaribaria baretu arte ez ziren moldiztegian sartu. Morpain lasaitua zen ordurako, eta apez bati latinezko dotrina zahar baten ederrak ari zitzaizkion kontatzen elizgizonak liburua eros zekion.

        Morpainen ondoan beste bi gizaseme zeuden bezeroak artatzen. Gibeleko gelan gizaseme ilegorri bat tinta ematen ari zitzaion prentsari. Apalategietan emakume bat ari zen liburu eta paperak atontzen. Bi urte lehenago zabaldutako Morpainen denda eta tailerrean giro bizia nabari zen.

        Estreinako ustekabea alde batera, Etxeparek laketu zuen bertan. Giro hura atsegin zuen. Aditzen zen tinta usainak zoratzen zuen sarasketarra. Morpainek berak artatu zituen. Erretoreak haztatu zuen bularraldea eta atorra azpitik atera zuen euritik babestutako orri bilduma. Larruzko estalkia kendu gabe pazientki azaldu zion asmoa, frantsesez.

        — Kopla batzuk nahi nituzke inprimarazi. Euskaraz obratu ditut.

        François Morpainek ez zuen ezkutatu ustekabeko albistea. Bi urtetan ez zuen horrelako esaldirik aditu: euskaraz koplak obratu. Latinez eta frantsesezkoak ziren ordura arte bere eskuetatik pasatako lan guztiak. Ez zuen gehiegi pentsatu. Arrapostua agudo eman zuen. Istant bat baizik ez zuen galdu bezeroaren prelatu arropetan erreparatzeko eta bere laguntzailearen neurrigabeko tamainaz jabetzeko. Erantzuna azkar bezain argia izan zen.

        — Bo, ontsa!

        Oraingoan harri eta zur geratu zena Etxepare izan zen. Matelak beheiti egin zion nabarmen:

        — Hortaz, ontsa?

        — Bai, ontsa!

        — Aditu duzu, Martin?

        — Bai, Mosen, onirizten ditu!

        — Eta noiz has liteke inprimitzea? Koplak rigoroski korrejitu ditut eta molde letretan emateko moduan daude jagoitikoz.

        Avec rigueur? —onetsi zuen Morpainek tonu mingarrian—. Ontsa. Gomendiozko letra baizik ez duzu falta, hortaz.

        Borrero zaharrak ez zuen ordurako frantsesa hutsez burutzen ari zen elkarrizketa hartatik fitsik ere ulertzen. Hala ere, ez zion tankera onik hartu bordelesaren azken arrapostuaren doinuari, eta zehaztapena eskatuko balio bezala burua makurtu eta belarria inguratzeko imintzioa egin zuen erretore eta inprimatzailearen arteko elkar hizketa hobeki aditzeko.

        — Gomendiozko letra? Ez al duzu erran arestian ene euskarazko koplak onerizten zenituela ala ene fedea? Guztiz erotu al zara Morpain? Zer deabruk mudatu derauzu gogoa? Orain, aldiz, baskoen lengoajea gaitzerizten duzu? Satanasen giderra...!

        Montpellierreko Nostradameren gisako irteera egin zuten garaztarrek. Gero eta sutuago, maldizioka atera zen Etxepare Morpainenetik. Atera, bortxaz aterarazi zuen Bereauk. Izan ere, belarria gehiago behartu gabe, borreroa agudo jabetu baitzen egoeraz, eta bakegilearena egitea fortunatu zitzaion. Frantsesez madarikatzen hasi, gaskoiz eta gazteleraz iraintzen segi eta euskaraz argi eta garbi maldizioka amaitu zuen Etxeparek, berebiziko haserrealdiak jota. Morpainen lepoa Etxepareren atzaparretatik libratu eta airean eraman zuen Bereauk garaztarra.

        Montpellierreko mediku igarlea hogeita bi urteren buruan itzultzekoa zen, nonbait, Bordelera. Hirurogeita sei urtez, ordea, Eiheralarreko erretore zaharrak ez zuen Morpainenera itzultzeko hainbesteko betarik izanen. Horixe izan zen zorua hur azalez beterik zuen etxolara itzulita Etxeparek egin zuen hausnarketa. Etxeparek eta baita Bordeleko giroak zentzatutako Bereauren buruak egindakoa ere.

        — Zaude hemen idorpean, Mosen. Zaude istant bat eta sarri itzuliren naiz Morpain horren baiezkoarekin. Nahi bertze gutun emanen dizkiot pausarik gabe.

        — Zaude, zaude, Martin. Aski dugu ene bekatuzko kolerarekin. Buruz jokatu duzu Morpainenean, eta hala segitzea gauza on dela kojitatu behar dugu.

        Etxepare bere onera etorria zen arruntean. Orain baretu beharrekoa borreroarena egiatan egin nahi zuen Bereau zen.

        — Hala da, Mosen, alabaina, estoikoen sasoia iragana zela eta ekintzetarako tenorea dela aspaldi kojitatu genuen...

        — Bai, hala da. Zuk errana da zorri bat harrapatzeko bi hatz behar direla. Guk, aldiz, hiru behar ditugu. Orain ere guztiz erratu gara gure potentziaz fidaturik. Ezen guk neketan ez diroguna bertze batek aise diro. Gure sasoia lekutu da eta ez dugu nehon manatzerik. Egun oroz aritu gara bertzeei bidea erakusten, eta kriseiluak bezala gure burua erre baizik ez dugu egin, ezen banitatez ez baita gloria lortzerik. Gure sasoia iragan dela ez ikustea itsutasun handia da. Gure hatzek ez dute zorria harrapaturen. Ezen gu baikara zorria mundu ero honetan.

        — Baina zer diozu, Mosen! Ez duzu etsi behar. Anitz aldiz erran duzu ez dela aski asto-lasterretan alargun desonestari koplatzea ala usapal dohakabehari galdutako floria trobadoreek kantoretan ematea. Zuregandik ikasi dut inprimitzera emandakoak iraunen duela. Donibaneko gazteen koplek ez bezala. Zuk irakatsi didazu hori!

        — Bai, eta ordu oroz naiz damutua. Euskararendako bertze lur sailak egon ahal zirela erakutsi derauzut, alabaina, ezin dirot alorraren ataka ireki eta hazia erein. Donibaneko gazte horiek arrazoina dute: aski dukegu koplak kantatu eta jendartea alegeraki dostatu. Aski dugu, Martin. Gure banitate bekatuzkoak ez diro deus egin sasoi berriotan. Zahar deuskaiak gara. Andre Dona Mariak baizik ez ditu aditzen gure otoitz eta erreguak. Bera da potentzia guztiduna eta ematen deraukana nori berea. Bere nahikaria izanen da gure orainoko egoera.

        — Donibaneko gazteek, aldiz, bazuten laguntza bortitza...

        — Norena? Leheterena? Elas, Martin. Parti gaitezen... etxerainoko bidea luzea da eta bertan ez dugu deus egitekorik.

        — Goazen, Mosen. Orain nekaturik zaude. Izanen dugu Bordelerat jinaraziko gaituen berririk. Bitartean Garazi habia goxoena dugu.

 

 

Bereauk bazuen Etxepareren berri. Halaz ere, zuzenean bederen, sekulan ez zuen hizpidera ekarri bere atxiloketaren arrazoia zein izan ote zen eta zer dela eta kontu zuten Pauen ia bost urtez preso. Erretoreak tantaka eta lotura koherenterik gabe azaldua zizkion hamaika pasadizoren berri. Birritan, hiru eta lau aldiz zehatz-mehatz kontatuta. Atxiloketaren gaia eta bere jatorria, ordea, saihesten zuen sarasketarrak.

        Irakurri berria zuen Erasmoren Eromenaren laudorioa aipatu zuen egun batez Etxepare maisuak eta ene Paueko bizialdi gorri hartako erogoa hark izanen luke «Morias enkomion» honetan lekurik ondorioztatu zuen.

        — Zeren zenbaitetan Jaungoikoak munduak erotzat duena hautatzen baitu jakintsuak eta boteretsuak lotsaz betetzeko. Jesukristo gure jauna erotzat zuten...

        Deus ere. Ikasleak ez zuen deus ere ulertu, alabaina, pazientzia handiz itxoin zuen maisuak mintzaldia amai zezan. Akaberan, Erasmoren ikasgaiari hasiera eman zion hitza berreskuratu zuen, ordea, eta hizpidera ekarri zuen ordurarteko gai inauditoa:

        — Ongi, arras jakintsua Erasmo hori. Alabaina, Mosen, zertaz eraman zintuzten Pauera preso?

        — Injuriek, izterbegien desira gaiztoek eta bilania handiek ogengabea ogenduru bihurtzen dute, Martin. Abokatzen onena izanki eta ezin deus ere egin. Defendatzaile onenak ere ez dakike zer egin injuria eta jelosiaren gortean.

        Bereauren estreinako saioak huts egin zuen. Etxepare ez zen Enrike erregearekikoak kontatzeko prest nonbait. Eiheralarreko patxada ez zen, oraindik, nahi adinakoa. Haatik, beste ordubeteko entzunaldiaren trukean, beratarrak Pauerantz eramaten ahal zuen hariaren mutur bat jaso zuen sari gisa.

        — Albakoak anitz izugarrikeria obratu zituen nola ondasunetan pertsonetan bezala. Anitz heriotza eta bekatu obratu zituen Donibane hiria hartu aitzin. Baxenabarre osoa izuturik zen, eta zerbait egin beharra zegoen Baskoen Herria galdu ondoren. Arma gizonek ihesean ala euren grazia eta errentak nola estekatu baizik ez zuten gogoan. Zenbaitek laster onetsi zuen Fernando erregetzat, zerga eta eskubideak begiratuko zitzaizkiela hitz eman eta gero. Bertze batzuk, aldiz, Johan erregeri fidel segi eta armak hartuta ibili ziren hainbat urtez. Lukuzek klarki azaldu zeraudan egitekoa: «Orain dakuskegu zer ikasi duan Salamancan. Balezta ez baduk erabili behar, hire letra horiez baliatuko gaituk. Guk gerra segitu behar diagu, alabaina norbait behar diagu herrietako zuzenbidea zaintzen. Jende orok ez baititu zaldi eta ezpata bat. Gu saiatzen gaituk gaztelar satsu hauei ahalik eta kalte gehiena ematen, alabaina euren kolera herritarrek punitzen ditek. Hik dazaguk Gaztelako legea, hi izanen haiz hartaz baliatu eta nafarren mesedetan ezarriko duena. Bernat maitea, hik beharko duk izan herritarren prokuradorea. Zori onean izan dadila eta, kontrako erran nahi baduk ere, ez ahantzi noren zerbitzuan ari haizen!».

        Zuzenbide kontuak azaldu zizkion erretoreak sekula baino erneago zegoen entzuleari. Eta zuzenbide hiztegi osoa hustu zion filosofia eta erlijio kontuekin eramana aski frogatua zuen borrero ezjakinari. Azken batean, Etxeparek hiru urtez ukan zuen ogibidea Albako Dukeak erraustu eta txikitutako hainbat herrirentzat lege laguntza ematea izan zen. Berak bideratu zituen gaztelarren hainbat kalte-ordain auzi. Baita ere hilketek eta izuak hustutako zenbait herri berriro populatu ahal izateko zerga eta alkabalen salbuespen eskaerak. Bernat Etxeparekoa Amikuze eta Garaziko herri anitzen prokuradore bihurtu zen horrela. Gaztelarren boteregunetik hurbil, herritarren eskubideak begiratzen.

        Aho biko ezpata horrekin, ordea, min hartu zuen Etxeparek. Bi aldetako ebakia.

        Herritar berantetsiek berari esker irabazitako kalte-ordainak lehenbailehen behar zituzten. Herriak porrokatu eta handik hiru urtetara onetsi zituen Fernando erregeak, adibidez, Uharte-Hiri eta Monjolose herrientzako 11.000 dukateko poltsa bana. Onarpena ez zen tenorez ailegatu. Are gutxiago dirua. Hortaz, hasierako salbatzaileak eskergaiztoko herritar presatuen laidoak entzun behar izan zituen, eta non tuzu dukat moltsak? bezalako erranerak irentsi.

        Onuradun izaniko zenbait herritako jauntxo zerga-biltzaile ere ez zen goxoago jarri, eta erregeak emandako salbuespenak euren ondasunen higatzaile gisa ikusi zuten. Fideltasunaren truke ez ote zituen gure errentak begiratu behar? Noren alde jarri zaigu orain Etxepare Tipia? Maiteago ote ditu orain eiherazainak jaun baleztariak baino?

        — Horrela, ezin bi nagusi zerbitzatu. Eta hondarrean benetako Jaunaren zerbitzuan jarri nintzen, Martin. Prelatuz beztitu nintzen goiti-beheiti.

        Uste baino berri gehiago bildu zituen azkenean Bereau belarri tenteak. Ondorioa ere uste baino errazagoa fortunatu zitzaion: Garazin apeza, Gaztelan meza. Bereauk oroimenean iltzatua baitzuen, Johan erregeak Donibane berreskuratzen saiatu zelarik, nor zegoen gotortua harresien babesaz gazteluko eta hiriko defendatzaile gaztelarrekin batera. Zaro eta Eiheralarreko erretore jauna, urtebete lehenago elizgizon bihurtu aitzin legegizon izandakoa.

 

 

Ez Bereau ez Etxepare, inor ez zen nekazari jaio. Burdinola eta errementari lanetan aritua bata, kapare ehizazale eskolatua bestea, inork ez zuen erretoretxeko baratzea gobernatzen eskarmentu sobera. Antzinako borreroak eskulanaren truke lortua ohi zuen jatekoa, eta abadeari mahairainoko bide osoa serorek egin ohi zioten. Hortaz, lurrarekiko atxikimendu falta hori izanen zen agian Bordeletik itzuli eta handik hilabete batera esku aitzurra arta lurrera bortizki jaurtitzearen arrazoia.

        — Basurdeak jan ditzala arto guztiak! Aski duk, Bernat, hau ez duk bizitzea!

        Orduko artoa arto txiki bihurtuko zuen Indietako Harribitxi horren berri izanez gero, agian, Etxepare prest egonen zen menturazko Arto Handiaren esperoan ehun urtez gehiago pazient egoteko. Barru-barrua jaten ari zitzaion harrari, ordea, ez zion bazka gehiago emanen, ezta minutu bakar batez.

        Aitzurra tokitaraino bota eta idazluma estekatu zuen:

 

        «Arnalt Guillen Latsaga, ene iaun salvaçale maytea, gogo hunez goraynci.

        «Asqui ongui daquiçun guisan, ez naiz iraganeco demboretaco equinçen vanaglorian aleguerequi minçatuco. Orainocoan eguindacoaz eta eguin gabetaric uçitacoaz doluçen naiz ordu oroz. Ene ustean desonesta den gauçaric eztut eguin, alabana, punitu beharrecoac punitu ditut eta Andre Dona Mariaren barqhamena bayeci eztut falta. Aldiz, ene egungo bicimoduya eztut laquet. Ecen eri eta çaharturic den valeztariac ecin diro oboro valezta gobernatu, eta hura uçi eta erretreta dignia harçen du galaiqui eta bere equinça guciac Iangoycoaren cerbiçuraco uçi. Ceren nic clarqui dacusat, çaharra içan arren, undar dardo bat ygorri behar dudala eta horretaracoz asqui indar vadudala. Ene undar lana scribatuta ditudan euscarazco coplac inprimieraztea duqueçu.

        «Alabana, Latsaga maytea, nic eztaçagut ehonere Bordeleco inprimateguico atea irequi dironic. Bordelen den Lehete iaun adbocatua da agian horren potençia duiena eta nic eztaducat harganaco videric. Gutun hunen bidez carioqui galdeçen darauriçudan gratia, çuc daçaguçun Lehete iaun adbocatari ene erregua adiçera eman eta ene lanaren berri iaquinaraztea duçu. Çu citut Latsaga ene undarreco salvaçalia, eta hortaz çutaz valiaçen naiz ene nahicari hunen veteçeco. Ceren çure lagunça gabetaric sarri heldu daquidan erioçiac hartuco bainau eta ene enpresa burutu gabe gueldituco baita seculacoz.

        «Çure respostuyaren speroan fin emanen deraucat presenteari eta, berri onac igorrico derauzquidaçula frangoqui sinetsiric, ene gogoa uzten dut çure escutan hala çaquiztan balia. Bitartian har eçaçu ene agurra eta iaquin ene othoyçetan...».

 

        Oraingoan ere Latsaga albanesak egin beharrekoa ederki burutu zuen. Ez zitzaion zaila fortunatu. Lehetek bazuen Etxepareren berri. Garai batean Garaziko elizgizon lohi eta dostetazaleen zigorra izandako bikario nagusiaren ospea arrunt barreiatua baitzen. Urteen poderioz ospe hori bere kontrako herra eta salaketa andana bihurtuta, Lehete zuzeneko lekukoa izan zen orduan. Enrike erregearen adbokatu lanetako estreinako urteetan, gertu-gertutik ezagutu baitzuen hasieran Donapaleun eta segidan Pauen desgrazian eroritako bikario nagusiaren gainbehera.

        Letrak eta musika ikaragarri gustukoak zituen saratar legegizonak, halaber, bat egiten zuen garai batean Etxeparek salaturiko kalonje eta abade alferren gaitzirizpenean, areago, gero eta ozenkiago aditzen ziren Erasmo, Luther edo Paue eta Bordeleko bazterretan batez ere Joan Kalbinen ikusmoldearen hainbat xehetasun gogoko zituen. Gortean agudo bai, baina lana azkarki eta ikasketa anitz eginez igandako saratarrak ezin zuen eraman tenpluetan bertan jokoan, dantzan edota bestatan aritzen ziren apezen jarrera, edota serora gisa dontzeila babesgabeak erabiltzen zituztenen lotsagabekeria eta desoneski izandako seme-alabekin bizi ziren prelatuen harrokeria. Izan ere, Lehete aski nardatua baitzen bere etxe barrenean egiten zituen solasaldi, kantu saio eta bestak egiteagatik bera zentsuratzen zuten abade bekaiztiekin.

        Hori dela eta, jarrera moral publikoetan hain estua izan zen Etxepareren koplatzeko zaletasuna ikasi zuenean, Lehetek berehalako oniritzia eman zion Latsagari eta luzamendurik gabe elkarrekin egoteko gogoa adierazi.

        Donapaleun izan zen enkontrua.

        Izuratik espres etorritako Latsagak lagundu zuen Etxeparekoa. Aurkezpena arrunt hotza izan zen. Errezeloz, Etxeparek Latsaga utzi zuen hizketan. Lehete, berriz, doi bat harrituta geratu zen parean fortunatu zitzaion Etxepare horrekin. Ez zuen iduri hamaika urte lehenago Donapaleun bertan ikusitako Etxepare hura. Arras zahartu eta abaildua ikusteak ez ezik, janzkeran ageri zuen higatzeak harritu zuen. Beltzez baino kolore ilunez jantzita zegoen goiti-beheiti. Oraindik distira beltza zuten zapata eta prelatu boneta izan ezik gainontzeko arropek salatzen zuten Bereau bokata egiten ez zela batere trebea. Ugaldeko harrien kontra indarrez garbituak, kolorea galdua zuten, eta nonahi ageri ziren hari xuriz josiriko adabakiak. Galtzerdietan egindako konponketak baizik ez ziren hari nabarrez eginak, Aizinburu alargunak obratutakoak.

        Lehetek ez zuen aipatu Etxepareren aurkako Donapaleuko auzibide hartan izandako aitzineko elkartzea, eta ezezagunarena egin zuen.

        — Anitz urtez, Mosen! Latsagak zure koplak inprimatzera emate bidean sufritu duzun meskabu eta menosprezioaren berri eman dit eta koleraturik nauzu arruntean. Koleraturik bozkariozkoa behar lukeen inprimatzea burutu ez delakoz. Ezen miraz nauzu, Mosen Etxepare, nola euskarazko koplak inprimategira eramateko hartu duzun deliberoa. Ene potestateaz baliaturik kopla horiek inprimaraziko ditugu, Etxepare. Zaude lasai.

        Koleratzen hasita zegoena Etxepare bera zen. Potestatea hitza hain erraz erabiltzen zutenekin bazuen aski eskarmentu eta musika horren doinua ezaguna zuen. Etxepare laudatzeko Lehetek egindako estreinako saioa, hortaz, hutsal ari zen geratzen.

        — Bai. Anitz sufritua duzu, Mosen, anitz. Punizione sobera faltarik egin ez duenarentzat —gaineratu zuen Latsaga ararteko zuhurrak—. Ezagun du ez duzula Mosen Etxepare jaun kalonjea alferrik damnatu nahi eta onirizten duzula bere enpresa. Jagoitikoz izana da Bordelen eta hango bidea ere hetsia du. Ez da nehor Bordelen grazia egin diezagukeenik zu ezik —nabarmendu zuen bi aldeetara begira Izurako eztiketariak—. Ezen aski baita zure manua Bordeleko inprimategi orotako ardatzak lanean hasteko. Alabaina, Margarita erregina gaztigatzen duen letra gizon handiak kopla hauen irakurtzea eta bere gisara moldatzea plazer genuke. Zure manuz inprimatutakoek zure oniritzia izan dezatela baizik ez dugu nahi.

        Eiheralarrekoa lasaiago, Bordelekoa balakuz betea, zuzeneko solasaldia hasteko tenorea zen:

        — Ene iduriz karriketan zein jauregietako bestetan koplatzea ez da aski. Asto-lasterretan eta inauterietan koplariek kantatzen dituzten koplak zein batbederak bere gelan paper eta lumaz obratzen dituen letrak galkorrak dituzu. Inprimarazi gabetarik haizeak eramanen ditu koplak, eta suak eta pipiak papera galbidetan ezarri.

        — Arrazoi duzu Etxepare. Nihaurek gaztetan italiar izkiriatzaileen gisan obratu nituen euskarazko kantu eta koplak galdu ziren aspaldi. Eta Sara eta Baionako ene hainbat adiskiderenak ere bai. Egun neu naiz ene etxean biltzen ditudan poeta eta musikariei euren kantoreak inprimategietan emateko gaztigatzen derauena. Damu gaitzik, ene etxean biltzen diren letratuek frantsesez eta gaskoiz eskribatzen dutela. Eurek ene laguntza duten bezala zuk ere izanen duzu Etxepare. Plazer handia izanen da euskarazko kopla horiek ene manupean plazan ikustea. Morpain gazteak inprimatzeko atelier ederra du... eta jagoitikoz zure inprimatzaile balitz bezala kontsidera dirozu. Finitu dira zure arrangurak.

        Hotz hasitako elkarrizketa giro epelean amaitu zen. Letrak eta literatura hizpidera ekarriak bi solaskideek arrasto berean jardun zuten luzaro. Musikaz ere solastu ziren, tartean Etxeparek arras maite zituen koru eta kaperatako egileez mintzatu ziren. Bertan agertu ziren Salamancan izanez geroztik garaztarrak hain gogoko zituen La Rue, Juan de Antxieta eta Josquin Desprez bezalakoen izenak. Orduantxe aipatu zizkion Lehetek berarekin lagunartea osatu ohi zuten Eustorg de Beaulieu, Aubert du Prez edota François Cornier musikari eta musikazaleen izenak. Etxeparek ez zituen ezagutzen, baina ontzat eman zuen hainbat apezpiku eta artzapezpikuren moduan Lehete adbokatuak Bordele aldean egiten zuen kultur babesle lana.

        Bitartean Latsagaren arartekotzak zeinahi solaskideri deseroso gerta zekizkion gaiak eta jarrerak saihesten lagundu zuen. Hondarrean Donapaleuko errege-erreginen jauregiaren ondoko ostatuan egindako bilerak amaiera guztiz egokia izan zuen.

        Lehete Bordelerat abiatu zen bere gortesau eta mezenas girora, garaztarrari sekulako mesedea egin izanaren harrotasunez eta, besteak beste, bere jarrera pasiboa dela eta aspaldi zigortutako bikario nagusiarekiko zorra kitatua zuela ustearekin.

        Etxepare Eiheralarrerantz abiatuko zen, berrien esperoan egonen zen Bereaurekin bat egiteko.

        Latsaga zuhurrak besarkada batez agurtu zuen Etxepare, menturaz sekulakoa izanen zen arartekotza amaitutzat emanez:

        — Izan ontsa, Bernat. Ni hemen pausatuko naiz ezen baditut hainbat kontu moldatu beharrekoak Donapaleuko juje nagusiarekin. Berarekin naiz bazkaltzekoa. Bitartean Jainkoak benedika zaitzala jagoitikoz zeure gisa burutu behar duzun enpresan. Oraino Latsagatarrok ez gara borrokazaleak izandu ez eta letrazaleak ere, eta ez dirogu haboro drezatu letren gauza pizu hauetan. Zori onean bete dakizula ametsa eta izan osasuna fin onera eramateko.

        Etxeparek ere betirako adio kutsua hartu zion Latsagaren agurrari. Ez zuen gaitziritzi, ordea, bai baitzekien baita Latsaga inpartzialarentzat Etxeparekiko harremana sobera estu eta trabagarri gerta zekiola. Areago, Donibaneko ziegatik irtenez geroztik bera izana zela garai bateko adiskideen artean sostengu bakarra eskainia ziona, eta hori aski laguntza iritzita zuen garaztarrak.

        Aurreko saio hutsaletan ederki eskarmentatua, euforiari eutsi zion erretoreak. Ez zen lasterka abiatu Bereauri berri ona lehenbailehen kontatzera. Lasai ederrean ostatuan bertan geratzea deliberatu zuen. Latsagak ordaindutako arno pitxerra oraindik aski betea zenez, beregana hurbildu zuen eta ostatuko mutilari xingar xerra batzuekin konformatuko zela jakinarazi zion umil baina duin.

 

 

«Erregueren advocatu videzco eta nobleari virthute eta hon guciez conplituyari bere iaun eta iabe Bernard Leheteri Bernard Echeparecoac haren cerbitzari chipiac gogo honez goraynci baque eta osagarri.

        «Ceren bascoac baitira abil animos eta gentil eta hetan içan baita eta baita sciencia gucietan lettratu handiric miraz nago iauna nola batere ezten assayatu bere lengoage propriaren favoretan heuscaraz cerbait obra eguitera eta scributan imeitera ceren ladin publica mundu gucietara berce lengoagiac beçala hain scribatzeco hon dela. Eta causa honegatic guelditzen da abataturic eceyn reputacione vague eta berce nacione oroc uste dute ecin deusere scriba dayteyela lengoage hartan nola berce oroc baitute scribatzen beryan.

        «Eta ceren oray çuc iauna noble eta naturazcoac beçala baytuçu estimatzen goratzen eta ohoratzen heuscara çuri neure iaun eta iabia beçala igorten darauritzut heuscarazco copla batzu ene ignoranciaren araura eguinac, ceren iauna hayec iqhussiric eta corregituric plazer duçun beçala irudi baçautzu inprimi eraci diçaçun eta çure escutic oroc dugun ioya ederra Inprimituric heuscara orano içan eztena eta çure hatse honetic dadin aitzinerat augmenta continua eta publica mundu gucietara eta bascoec bercec beçala duten bere lengoagian scribuz cerbait doctrina eta plazer harceco solaz eguiteco cantatzeco eta denbora igaraiteco materia eta ginen direnec guero duten causa oboro haren abançatzeco eta obligatu guiren guciac geincoari othoyz eguitera dizun mundu honetan prosperoqui vicia eta bercian parabiçuya. Amen».

        — Jagoitik Morpainek ez derauku trabarik ezarriko, Martin. Gomendiozko gutuna behar zuen eta hemen izanen du. Ene kopla hauek Bordelen izanen dira sarri.

        Etxeparek aldarte ona eta kemena berreskuratuak zituen Donapaleutik etorri zenez geroztik. Bereauri berri onak eman bezain laster lanean hasi zen etengabean. Doiketa berria egina, Lehetenera igorri beharreko eskuizkribu sorta prestatu zuen. Zizeiluan metaturiko paperek azken errepasoa behar zuten, ordea. Donibaneko koplagile gazteei erakusteko tentaldia izan zuen. Hondarrean, ordea, Bereauren irizpide xaloa hartu zuen ontzat:

        — Hemen dituzu, bada, ene koplak. Mila eta laurehun bertso obratu ditut. Batzuk bazterrarazi ditut eta bertze berriak moldatu. Dakuskezu hau, ea onirizten duzun...

        Bigarren aldia zen Etxepareren koplek erretorearen gelatik atera eta plegu mukurua osatzen zutela sukaldeko zizeiluan. Eta bigarren aldiz, Bereauren kezka bera zen.

        — Menturaz sobera agerikoak dituzu amorosen kontuak eta emazteen edertasun aipatzeak —gaztigatu zion borrero adituak ezagunak zituen kopla eta kantuen gaiak hizpidera ekarrita.

        — Oraingo honetan ez zaigu penaturen. Bordele ez da Lizarra edo Salamanca. Morpainek eta Lehetek guziz maite dituzte emazte eta euren edertasuna goratzen dituzten koplak. Lehetek Donapaleun erran zeraudanez, orain Bordelen onirizten dituzten kantuek blason dute izena eta andreen edertasuna baizik ez dute aipatzen. Zenbait andere ere ausartu dira koplatzen Lyon aldean eta ezein prelatuk ez ditu gaitziritzi. Bordelen ez da nehor izuturen ene gaztetako koplengatik. Zaude lasai, Martin. Ezen Bordelen jagoitikoz egiazki neketan inprimarazi daitekeena bertze andre guziz ederraren koplak baitira: Andredona Mariarenak. Lehetek, alabaina, horretan arartekotza ontsa eginen ote derauku?

        Irri egin zuen, aspaldiko partez, Etxepareren matela okerrak. Izan ere, Bordele edo Paue inguruan sumatzen ziren sinesmen usain berriek garaztar elizgizona aski kezkatuta bazuten ere, bere burua Bernard Leheteren babespeko sentitzeak garai bateko halako segurantzia ematen zion. Bere patuaz trufatzerainoko segurantzia.

        — Irakurriak dituzun koplak onestea baizik ez duzu, hortaz. Irakur ezazu kantu hau ea faltarik ikusten duzun...

        Paper metatik kolore argiena zuten pleguak bereizi zituen. Horiexek ziren hasiera-hasieratik Bereauri irakurrarazi nahi zizkionak. Nafarroako borrero jakintsuenak segituan begitandu zituen kopla berriak. Eta hauek ere laster bereganatu zituen bere ohiko letraminez. Aztoratuta amaitu zuen irakurketa:

        — Baina, baina, Mosen, ez da izaten ahal... ohore handiegia duzu honakoa...

        Eta ahots alegera bezain hunkituaz kantuan hasi zen

 

Beriyoren gatibutzan, orok behar du zerga

Jaun nobliak ta landerrak, punizione bera.

Ogengabiak galdu du gaizuak eskuia

Ogenduruak galdu du hondarrian buruia.

 

Anhiz gerla eta erio, ehonere bakia

Borrer jaunak lana abastu, ogena ez beria.

Meskabutik ezin libra, orok menosprezia

Alabana bera duzu dakidana balia...

 

        Bereauren gaineko bertsoak ziren Etxepareren lumatik jalgitako azkenak. Bertan kontatzen zirenak, hala ere, aspaldiko pasadizoak ziren. Pasadizo eta istorio lazgarriak. Garaziko lurretan azken berrogei urtetan bizi izandako gerla, borroka, hilketa, traizio, tortura, salaketa, injuria, gezur, ustelkeria eta era guztietako miseriak ageri ziren. Giro horretan, Donibaneko borreroa zen damnatu gabe irteten zen bakarra. Etxeparek deskribaturiko pertsonaia zerrendatik Bereau ageri zen jokamolde zintzo eta leial izana zuen gizaki bakar gisan.

        Borrero ohiak laketu zuen bere burua hainbeste errege, jaun noble, baroi, kapare, era guztietako jaun prelatu, kapitain, soldadu, juje, alkate, prokuradore, notari, adbokatu eta merkatariren artean. Ezagunak zituen denak, eta euren izenak berearekin batera agertzea guztiz ohoragarria iruditu baldin bazitzaion, denen artean Bereaurena «onetsi beharrekoa, orotan fidelena» ikustea harrotasunez bete zuen.

        — Mila esker, Mosen. Mila esker anitz.

        — Hortaz —umoretsu ebaki zuen Etxeparek negarrez hasia zen Bereau hunkidura girotik atera nahian—, plazer baduzu kopla hauek ere Montain zure adiskidenerat igorri beharko ditugu.

        — Dudarik ez izan. Horrela ikasiko dute dotrina eta amorosen kantuekin batera euskaraz ere obratu eta inprimitzen ahal direla gerletako gauzak.

        Bereauren ahotik mintzo zen Etxepare. Honezkero, estilistika ez ezik, borreroak barneratuak zituen arruntean erretorearen edizio xedeak.

        Halaber, Bereauk ohartzeke bereganatua zuen Etxepareren beste alderdia: olagizon ohiak bere burua jaun noble eta prelatuen artean plazentki onetsita, oharkabean dastatu eta irentsi baitzituen banitatearen ederrak. Etxeparek eskaini zion aukera ohoragarri bezain zuria zen, ordea. Borreroa sekulakoz inprenta letraz betikotua izatearen truke, garaztarrak hainbat jenderekin zituen zorrak kitatuko baitzituen, Bereauren bizkar eta Leheteren babesak hauspotua.

        Lehete, ordea, ez zen banitateak zimiko egindako borrero esker oneko bat. Lehetek bazuen literaturari buruzko berezko iritzia eta, batez ere, bazuen gorte kontuak eta politikaren ur uherretan igeri egiteko eskarmentu eta abilezia handia.

        Kopla horiek ez ziren argitaratzen ahal. Ez eta Lehetek eta bere lagunek sarritan egin ohi zuten ezizenaren amarrua erabilita ere.

        — Baina zer uste du apez ergel honek. Erregea koleratu eta azken hatsa eman arte biok Paueko gazteluan usteltzeko zigorra ukan nahi? Harrokeria ontzi honek uste al du ene diruak pagatu behar duela gezur andana hau? Erotu haiz Etxepare. Nehork inprimatuko ez lukeena ez dik Lehetek eginen. Aski duk hire amorosen kontu satsuak eta alarguntsa giristinoak izutzeko kopla ilun horiek Morpaini eramateko manua ematen badiat. Beharrik —mahaikideei mintzo— zuek ez dituzuela euskarazko kopla hauek endelgatzen.

        Beharrik Bernard Lehetek etxean egin zuen azken literatur bileran bertaratu ziren bakarrak Mauvezin Tolosako notari musikazalea eta Cadillac eta Lamarque Bordeleko poetak izan zirela. Eskerrak, adibidez, sarri askotan Leheteren bilkuretara hurbiltzen ziren Derrekart Paueko juje zuberotarrak edota Hegiluztoi Margarita erreginaren ganbarazain baxenabartarrak huts egin zutela arrats hartan.

        — Garaziko apeza duzue Etxepare hau, erregeren deszerbitzuan aritua, orain bere koplatxoak inprimatzerat igorri dizkidana. Ez dira kopla baliosak, antigoaleko moldean eginak dira, kantuz ematekoak gehienak. Alabaina euskaraz obratu ditu eta Morpaini emanen dizkiot molda ditzan —desenkusatu zen Lehete lagunen aurrean arestian erakutsitako jarrera azalduz.

        — Aski duzu koplak sutarat bota...

        — Edo bere Andre Dona Mariak inprimarazi diezazkiola —erantzun zioten Bordeleko koplagileek elkarri txanda kenduz.

        — Ez, ez, jaunok! Ez dute zuek obratu poemen maila —zehaztu zuen saratarrak olerkari bordelesengana zuzenduz—, baina zenbait koplak badute halako ausardia eta xarmarik. Etxepare honek ez du laketzen kantuz egiten diren euskarazko koplekin eta inprimaturik ikusi nahi ditu sekulakoz.

        — Elas, Bernard, jagoitik hasi behar ote duzu euskarazko koplekin zure liberak alferrik xahutzen! Nik badut poema bilduma aski berria Morpaini plazer handiz emateko. Baduzu dirua non gastatu aski fite —arrapostu zuen Lamarquek jelostuta.

        — Latin zaharkitua lurpean ikusi nahi duenak —entseatu zen Cadillac Lehete harrapatzen— orain artzainen mintzairak goratu behar ote ditu? Ez al da zuhaurek errana oraingo gauzak oraingo mintzairaz, erran nahi baita, hutsik frantsesez kantatzen ahal direla? Mihi zaharrak mintzaira zahar, gogo berriak mintzaira berri, oroitu, zuhaurek errana da!

        Lehetek ez zuen arrapostu, eta bezperan Garazitik etorritako gizonkote zahartu batek ekarritako kopla fardela mahai gainetik baztertu zuen. Cadillacen azken kolpeak oraindik aztoratuta, notariari zuzendu zitzaion gogaitzen hasia zuten bi poetengandik babes eske-edo:

        — Bo! Desertak ekartzeko manatu aitzin, kantatuko al deraukuzu orain Tolosa aldean hain famatua egin den andre gortesau kantu berri hori? Eta zuk, Cadillac, bete itzazu godaletak ala Bacus ere sobera antzinakoa dakusazu?

 

 

Biharamunean, bestondo ederrarekin baina arreta handiz, saratar adbokatuak kopla guztiak irakurri zituen banaka-banaka. Bigarren irakurketa honen ondorioz, poeta bordelesei eman gabeko kontesta berretsi zuen: Etxepare delako honen koplatzeko modua zinez ederra zen. Usaiazko koplakarien kutsua zuen, baina hain hitz guttitan halako mezu eta gaztigu zehatz eta sakonak orduraino ikusi gabeak zituen. Kalbinek halako koplak ez lituzkeela eginen onartu arren, fede eta salbazioneari zegozkion atalak ere ederretsi zituen.

        Hala ere Beriyoren Cantuya izeneko sortak inprimagaitza izaten segitzen zuen.

        Ez hirugarren ez eta laugarren irakurketak ez zuen Leheteren ustea bigundu. Kopla horiek laido onartezin bat baizik ez ziren. Den-denak. Erotu haiz Etxepare! Areago, Bernat Echepareren Cantuya izenekoak ere, datuetan hain zehatza ez zen arren, aski ausarta fortunatu zitzaion Leheteri. Baina bilduma horrek ez zuen Bereauren gaineko bertsoek zuten herra eta mendeku kutsua. Hori dela eta, Bordeleko adbokatuak editorearena baizik ez zuen egin gainontzeko lanekin. Bertsolerro pare bat kendu eta beste dozena erdi bat moldatu egin zituen.

        Beste koplak bere horretan utzi zituen. Euskarari buruzkoak zirenak gero eta ederrago iruditzen zitzaizkion, batez ere irakurtzen zituen aldiro bere adiskide bordelesei erantzuteko modu ezin bikainagotzat ikusten zituelako.

 

Oraidano egon bahiz inprimitu bagerik

Hi engoitik ebiliren mundu guzietarik.

Ecein ere lengoajeric ez francesa ez berceric

Orai ezta erideiten heuscararen pareric.

 

        Gainontzeko poema eta kantuei buruz ere ez zuen bere estreinako iritzia aldatu. Prelatu batentzat kopla zuzen eta menturaz lotsagabeak ziren horiek. Euren poematan gizakien grina baxuenak laudatu eta emakumezkoen gorputz atal guztiak argiro kantatzen zituzten poeta bordelesen mezenasentzat, ordea, erretore zaharrak papereratutakoa artzain gazteen lehen floriak eta duela bi mendeetako usapal gaixoen kontu inozenteak baizik ez ziren. Eustorg de Beaulieu Leheteren babespeko poeta eta musikariak egin ohi zituen blason esplizituak edota, konparazio batera, ipurdiari eskainitako aipamen eskatologikoekin alderatuta, Etxepareren koplak Bordeleko apezpikuak berak kantatuko lituzke sobera lotsagorritu gabe.

        Handik astebetera, Lehetek erabat errepasatu eta doituak zituen Etxepareren koplak. Hasierako haserrealdia Bereauren Kantuaren espurgazioarekin moldatuta, saratar letrazalea buru belarri aritu zen hurrengo egunetan garaztarraren testua prestatzen. Mamiz hasieran moldez gero. Izan ere, euskaraz fitsik ulertzen ez zuen Morpainek mutil euskaldun bat laguntzaile gisa zerabilen arren, Lehetek ez baitzuen lehendabiziko euskarazko inprimaketa izanen zen haren moldatzea ezein esku eta begi traketsi eman nahi.

        Hala, edizioaren gastuak bere gain hartzeaz gain, Bernard Lehetek edizioaren zuzendaritza ere bereganatu zuen, atsegin handiz.

        Mamiari zegozkionak ederki lotuta. Lehetek Morpainen esku utzi zuen gainontzekoa. Errege-erreginek Pauera deitu baitzuten. Enrikeri koinatua zuen Frantziako erregearekiko harremanak gaiztotzen ari zitzaizkion, Karlos enperadorekikoak xamurtzen ez zitzaizkion bitartean. Margarita erregina, berriz, berantetsia zen saratarrari aspaldian emandako eskuizkribu batzuen kariaz egin beharreko zuzenketa zela eta.

        Etxepareren lanaren inprimatu aitzineko lanak burutzeko, Lehetek izenburua paratu zion kopla bildumari. Ez zuen zalantzarik izan. Arazorik ez izateko latinez osatu zuen, areago, egilearen apezgoa aipatu zuen ezein zentsuratzaileri, hasiera batean bederen, susmagarri gerta ez zekion:

 

LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE

per Dominum Bernardum Dechepare

Rectorem sancti michælis veteris.

 

        Euskararen hatse edo hastapena. Etxeparek dudarik gabe sinatuko zukeen izenburua zen hura. Horixe baitzen kopla horiek inprimategira eramatearen arrazoia. Noizbait euskarazko testu bat molde letretan ematea. Lehete ados zen arruntean garaztarraren asmo horrekin eta helburu urratzaile horrexek kitzikatzen zuen. Bordeleko literatur giroan sortutako liburuen inprimarazteak adina poza ematen ziona. Poza eta harrotasuna bat eginik, Etxeparek igorritako gutuna ere txertatzea deliberatu zuen. Etxepare izanen zen lehen idazlea eta bera, Bernard Lehete, lehen argitaratzailea. Zernahi gisaz, Morpainen edizioari lagungarri izanen zitzaion erregeren adbokatuari egindako eskaintza liburuan bertan azaltzea.

        Dena prest, hortaz, bisitaldi bakarra egin zion Morpaini. Oharrez beteriko orri sorta eman zion. Paper zuri-zuriaz eta kaligrafia bikainez burutua alabaina, zail iduri zuen molde letraz eginagatik Lehetek eskuz egindakoa baina edizio dotoreagorik burutu ahal izatea.

        — Bo, Morpain, maisuki obratzen duten zure eskuetan uzten ditut kopla hauek. Tentuz ibili eta amorekatik ez hutsik egin. Orri bazterretan paratu dizkizudan akotazioneekin ohartzea aski duzu. Kasu emazu faborez, Morpain, eta duda gaberik zure mutilari galde egin zernahi hitz arrotz egiten bazaizu.

        — Ontsa.

        — Azala, lehendabiziko orria, erabili beharreko molde, tintak eta gainontzeko apaingarriak ere zure esku uzten ditut. Hemen duzu moltsa hau. Zuk ikusi, baina nik maiteago nuke edizione apal bat eta ale gehiago obratuko bazenitu. Alabaina zure eskuetan uzten dut, zuhaurek egin hautua.

        — Ontsa.

        — Diru gehiago behar bazenu zuhaurek aitzindu beharko duzu. Ni lekutuko naiz eta ez dakit noiz itzuliren naizen Bordelerat. Pauera joan behar dut pausa gaberik eta, berriz diotsut, Morpain, oro uzten dut zure eskuetan. Ongi endelgatu duzu?

        — Bai, Lehete, ontsa.

        — Jakizu lan hau ongi obratzen baduzu euskaldunak sekulakoz oroituko direla zure izenaz. Izan eskuak zauli eta begiak erne!

        — Ontsa.

        Morpain berritsuari zakutoaren pisua eskaxko fortunatu zitzaion esku ahurrean pausatu zuelarik. Lehetek atelierraren atea itxi orduko libre zuen beste eskuaz orri sorta zuri-zuria estekatu eta eskuizkribuz osaturiko paper metaren gainera bota zuen, bere hatz beltzen arrastoek sarrera zigiluarena eginez. Burua astindu zuen maite ez zuen langintza bat fortunatu izan balitzaio bezala, eta molde letretako kaxoiez betetako lan mahaiaren aurrean eseri zen neke imintzioak eginez.

        Bere atzean atelierreko bi laguntzaileak prentsan ari ziren etengabe. Clement bordelesa eta Mixel mutil xiberotarra. Bordelesak, maisuaren laguntzaileak, tinta barreiatu eta orriak paratzen zituen dolare azpian. Xiberotarrak indar lana egiten zuen. Plantxaren gider ttikia estekatu esku batez eta bestearekin ardatza estutu gider handiarekin. Bitartean Morpainek molde letrak nahasten zituen mahaian, edo bezeroak artatu, inprimatutako orriek bere behaketa zorrotza bereganatu bitartean.

        — Lingua Vasconum Primitiae! Elas, Lehete! Azeri halakoa! —pentsatu zuen bere kolkorako—. Morpainek eginen derauzu liburuttoa, Lehete. Zaude lasai, Morpainek ontsa baliatuko ditu zeure libera eskaxak. Bordeletik Baionarainoko denda, liburutegi eta prelatuetxe guztietako apalategi orotan izanen dira nafar horren koplak irakurgai.

        Morpainek agudo mugitzen zituen hatzak burdinazko moldeak plantxa berrian txertatuz. Buruari, ordea, arinago eragiten zion. Oraindik ez zuen Lyongo maisu inprimatzaileen sona lortua, baina bidean zen. Jean Guyard maisu bordelesarenean mantenu eta aterpearen ordainez inprentaren sekretu guztiak ikasiak zituen gaztetxoak bizkor erdietsi zuen heldutasun profesionala. Hala, beste zenbait maisuren laguntzaile gisa aritu ostean, bi urte baizik ez ziren bere atelierra zabaldu zuela.

        Ez zen besteren enkarguz bizi zen maisu horietako bat. Saltzaile ere bazen eta, hortaz, bere zaletasunen eta negozio usaimenaren araberako argitalpenak ere egin, zabaldu eta banatzen zituen. Azken boladan Leheterekin ederki hartu-emana, enkarguz kanpoko argitalpen horiek izan zezaketen arriskua saihestua zuen. Lehetek diru babesa emateaz gain, zentsura eta salaketekiko aterpe goxoa ere zemaion.

        Mixel xiberotarrarengandik untsa erantzuten baizik ikasia ez zuen arren, Morpain buru argiak bazekien euskaraz obratutako liburu batek arrakasta izanen zuela. Jakitun zen Bordelen, Pauen, Donapaleun, Maulen, Baionan edo Tolosan bertan erostunik ez zituela faltan izanen. Apezpikutegiak, katedraletako kalonje gelak, erretoretxeak, auzitegiak, jauregi zahar zein sala berriak euskaldunez beteta zeuden. Eta euskaldun horiek Leheteren gustuko irakurgaiak maite zituzten, frantsesez, italieraz, gazteleraz zein latinez.

        Lehetek onetsia bazen, pentsatu zuen Morpainek, Etxepare delako horrek obratutakoa ez zen doktrina hutsa izanen. Lyon, Bordele eta Paue inguruan bor-borrean zeuden amodio eta grina neoplatonikoen adinako bertso sutsuak ez ziren izanen, dudarik gabe, bizigarriren bat izanen zuten, ordea, apez horren koplek, ahalkez eta damuz beterik baziren ere.

        Halaxe, Leheteren hautua arras egokia zela eta eskuartean libera mukurua biltzen ahal zuela deliberatuta, molde kutxen mahaitik aldendu zen bat-batean eta lehen orrialdeetarako grabatu eta irudien kutxan arakatzen hasi zen. Aski izanen zukeen Bernard Salomon Lyongo ilustratzaile lagunari enkargua egitea. Liberak gorde behar zituen, ordea. Erretore batek idatzi eta latinezko izenburua zeukan kopla bilduma batentzako irudi egoki bat besterik ez zuen behar, lehenbailehen.

        — Hauxe duzu xarmangarria! —egin zuen deiadar—. Menturaz sobera mistikoa iduriko zaizu, Lehete. Alabaina Margarita argitsuaren soineko ederren distirekin itsutu ondotik oro fortunatuko zaizu ilun eta satsu. Oro lekot bera!

        Irriz bereizi zuen Guyard maisuarenetik hogei urte lehenago hartutako kobrezko irudietako bat. Ez zekien nor zen egilea, baina ordurako beste birritan erabilia zuen grabatu horixe prelatuen gauzak irudikatzeko. Gainera kobrezko xafla hori oso egoera onean zegoen, eta bere ertz kamutsek lana tentu gehiegirik gabe egiteko aukera emango zioten. Lana azkar eginagatik metalak ez zion papera zulatuko. Leheteren gutunak, latinezko izenburuak eta estreinako orrialdea apaintzeko aukeratutako Jesukristo gurutziltzatuak inprimaketaren ondoko lehen ataka zabaltzen zioten. Bigarren pausoa Lehetek berak egin beharko zuen, kopla bilduma horrek ahalik eta zabalkunde handiena izan zezan.

        Eta hirugarrena Morpainek berak eginen zuen arrakasta izaten zuten liburuekin gertatu ohi zena berari fortuna ez zekion. Ondotikako berredizio eta kopien salmentaren kontrola ziurtatu behar zuen. Morpainena izan behar zuen liburu hori argitaratzeko eta saltzeko eskubide bakarra. Bordelesa ez baitzegoen dirua galtzeko prest, liberak Lehetek jarri arren. Halaxe, ordurako anitzetan erabilia zuen testu bera berridazteari ekin zion, molde letretako mahaian obratzen ari zen orria burutzeke utzia zuela guztiz ahantzita.

 

        «A la Court de Parlement

        «Moi, Françoys Morpain, maistre Imprimeur de ceste ville de Bourdeaulx, svpplie humblement, que pour imprimer vn petit tracte intitule, Linguæ vasconum primitie, j'ai conuenu faire plusieurs fraiz & mises. A cestecause je plais a la Court inhibitions estre faictes a tous les Imprimeurs libraires de ce Ressort de imprimer ou faire imprimer le dict Tracte, & a tous marchans de nen vendre dautre impression dans troys ans a peine de mil liures tourñ. & ferez iustice.

        «Faict a Bourdeaulx le premier iour Doctobre, mil cinq cens quarante quatre.

        «Humblement,

«Françoys Morpain.

 

        Hortaz, Eiheralarreko patxada estoikoan garai batean Etxepare eta Bereauren artean aurreikusi eta diseinatu zuten edizioa ez zen Bordeleko hura izanen. Garaztar bikoteak azalaren kalitatea, koadernaketa, irudiak eta baita tipografia ere aztertuak zituzten orduan eginak zituzten ametsezko usteetan. Morpainek, ordea, argitaraldiaren bideragarritasuna baizik ez zuen aztertu horretan aritu zen ordu erdian. Ez Etxeparek eta ez Bereauk ere ez liokete kargu hartuko. Ez bata eta ez bestea ez baitzeuden inoren jarrera gaitzirizteko moduan. Koplak inprimatu eta plazan ikustea zen euren oniritzi bakarra.

 

 

1544koa alimaleko negu gorria izan zen. Koplek, ordea, Morpainen atelierraren idorpea bazuten. Lehetek Pauen bilatu zuen gerizpe goxoa. Eta Etxepare eta Bereau zaharrek, aldiz, elurrak Eiheralarreko erretoretxe are zahar eta malapartatuagoa buru gainean jautsiko ote zitzaien beldurrez igaro zuten sasoi gogor hura.

        Etxeko atarian metaturiko egurrak arraso eskastuta, egurketariarena egiteko nekez moldatzen zen Bereauk ezin izan zuen denbora luzez Donibanerat inguratu. Elurtea apaldu zelarik, mandoa hartu eta Donapaleura edota behar izanez gero Bordeleraino joanen zela liburuaren berriren bat aditzera, erran zion erretore abailduari.

        — Ez, Martin, ez hartu horrelako trabailurik. Berririk bada ikasiko dugu sarri hemen bertan. Inprimitze gauzak ez dira hala-halakoak. Orok badu bere tenorea eta ontsa obratutako lanak haboro.

        Etxeparek ez luke zamalkatuko Bereauri berak ferraturiko astoa. Bera ere berantetsia zegoen arruntean. Liburuaren berriren bat izatearren infernuko zoko-mokoraino bidaliko luke beratarra han galde zezan. Etxeparek, ordea, bertan behar zuen Bereau. Erizain, entzule, laguntzaile eta etxeko mutila izandako borrero adiskidea, orain, batez ere, bere serora baitzen. Bera bezain zahartu baina berak akitua zuen energia oraindik bizi-bizia zuen serora. Bi metro luze zen serora azkarra.

        Pazkoak joan eta 1545. urtea etorri. Bordelen izerdiak tinta usaina zuen. Gortean gozamenaren lurrina eta konspirazioaren ustela nahasten ziren. Eiheralarren, berriz, eritasunak eta sukarrak blaitzen zuten giroa.

        1545eko udaberria tenorez ailegatu zen. Zenbaitentzat, ordea, berandutxo ematen zuen.