Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Marck

 

Lekuz kanpoko txoriak bezala gelditu zirela pentsatu zuen Marckek, jendeak alde egin ondoren areto hutsean Fermin, Jexus Mari eta Harakin ikusi zituenean. Deslai ukitu bat nabari zitzaien, eta bakarrik ez uzteko eskatzen ari ziren, bakoitza zenbait aldetara begiratze harekin. Noizbait izan zezaketen adiskidantza ahiturik zutela bururatu zitzaion Marcki, ez zutela elkarrekin egon nahi, eta horregatik zeudela Sydneyrengana jiraturik, deserosotasun hartatik libratuko zituen kakoa hark ekarriko espera. Ike ikusi zuen haiengana hurbiltzen, aldakak mugituz, Barbara Cartland nortasuna berrezkuraturik. Ike. Zer ikusiko ote zuen Bazterrek harengan? Gaztetasuna? Alegrantzia? Amodio domestikotik ihesi falta zitzaion sugarra? Edo besterik gabe Iraultza nahi neurri batean ergel batek akuilaturik beste bikote mota bat, beste bizimodu bat saia zezaketela frogatzeko falta zitzaion puska? Ikek berak sinetsitako zerbait, bestalde. Ikerekin zebilela esan zion zorioneko egun hartaz akordatu zen. Carlosek eta biek oso bolada ona zeramatelako-edo, esaten den moduan, gehiago mindu zen. Ordura arte biek izan zituzten gau bateko larru jotzeak, baina inork ez zuen ezarri, ahoskatu gabeko itun bati jarraiki, bikoteaz kanpoko harreman iraunkorrik; horregatik iruditu zitzaion Marcki, Carlosek traizionatu egin zuela Ikerekin harreman paralelo bat hasi zuenean. Carlosen aitzakia zurigarriak gorabehera, Marckek ez zuen ulertzen Carlosi adinak aurrera egin ahala «stop egiteak», halaxe izendatzen zuela akordatu da Marck, hitzaren esanahi hutsa zein Carlosekiko oroitzeak barrunbea irauli diola, «stop egiteak» sortzen zion ardaila. Ero baten moduan paratu zitzaion, oraindik akordatzen da zenbat gau eman zituen lorik hartu gabean, Carlosekin zer egin erabaki ezinean; baina gero lasaitu zen eta nolabait, onartu zuen Carlosek planteatu ziona, berarekin bizitzen jarraituko zuela, eta behin edo beste baino ez zela Ikerekin oheratuko. Hori bai, Ikeren adiskidea izaten jarraitzeko erregutu zion Carlosek, denen artean familia baten antzeko zerbait osatzeko. Ameto egitea baino ez zitzaion gelditu Marcki; eta hala ere, Ike puta erabaki zuen Marckek, Carlosen puta adjektiboaren azpian ezkutatzen zen homosexualitatearekiko autogorroto salaketari ez adituarena eginez. Puta gizajo bat, Marck baino babesgabeago, deslaiago gelditu baitzen Carlosen heriotzaren aurrean, antzezten zituen pertsonaiek bestela iradokitzen bazuten ere.

        Beiradura nagusitik sartzen ziren berunezko eguzki printzek animaliatxo izutuen gisa agerrarazirik, arretatsuago erreparatu zien Marckek: Fermin bizkarra lehen baino zuzenago, bularra paparturik zerbaiti aurre egin nahian bezala; Jexus Mari maltzur ukitua aurpegian, gorputz sendo mozkotea hanka bakarrean zamaturik; Harakin poto urdina besoetan, seguru, sendo, munduari goitik behera begira. Animaliatxoak ez, piztiak baizik.

        Gaixotasunarena jakin eta egun gutxira, zera esan zion Carlosek, ezaxolatuarena eginez: «Nire herriko adiskidearekin egon naiz gaur».

        «A bai! Eta zer moduz?».

        «...».

        «Zer moduz?».

        «Iraganari aurre egitea zaila da; batez ere, iragana errestaurante japoniar batean zure aurrean eserita duzunean».

        Marck zer edo zer zehatzagoren zain gelditu zen.

        «Barnean zer duen jakinik ere, ireki nahi ez duzun maleta bat bezalakoa da iragana».

        «Eta...».

        «Jada ez naiz euskalduna» erabaki zuen Bazterrek.

        Marckek ez ulertua adierazi zion eskuen imintzioz.

        «Ala bai?» bildu zuen Bazterrek.

        Gero, akordatu zen Marck, sofa gorrian etzan eta barrez lehertu zen.

        Sydney ematen zuen bere erroetan zegoen bakarra, trankil eta soraio. Emakumeak beste gauza bat dira: gotorrago, prestatuago, sentimenduak kudeatzeko iaioago.

        Ia salbatzaile baten moduan hartu zuten, ailegatzearekin bat inguratu baitzuten, eta haren aho txulora begira jarri.

        «The Lovely Ladera joanen gara, afaldu eta gaua pasatzera. Sean eta Carlosen puba izandakora» argitu zien lekunberritarrei.

        Baiezkoa egin zioten, bakoitzak bere aldetik, elkarri begiratu gabe.

        Tanatoriotik atera eta parkea zeharkatzen ari zirela, paretik zetorren gazte batek Harakini begirada gosea bota ziola ohartu zen Marck. Heriotzara kondenaturiko Carlos hura beti zegoen prest larrua jotzeko, bizitzara kondenaturikoak baino gehiago pentsatu zuen Marckek iraupen luzeko bikoteen sexu gabezia gogoan. Beharbada haragiaren larritasunak ziztatzen zuen. Ikerekin ere berdin ote zen galdetzea bururatu zitzaion, baina uxatu egin zuen ideia. Makurrena, hala ere, larrua jo ondoren gertatzen zitzaion, gizajoari; orduan larru ondoko nekearekin batera minbiziaren kontzientzia berpizten zitzaion, eta tristura sakon batek hartzen zuen. Zurrun etzanik gelditzen zen, Marckek beregandik milia eta miliatara nabaritzen zuen, eta ekarrarazteko saio guztiak hutsalak suertatzen ziren. Zertan pentsatzen zuen galdetzen zion, orduan; eta Carlosek, sorbaldak altxatu edo ohean itzulia eginez, sabaira begiratu baino ez zuela egiten, erantzuten zion: Sabaian tristuraren mapak marraztu, behin esan zion moduan.

        «Badakizue Carlosek eta biok hemen ezagutu genuela elkar?» bota zuen Marckek, Carlosen bikotea izan zelako aitormena egiteko aurreko erreparoak bat-batean ahantzirik.

        «Ez genekien» erantzun zuen Ferminek.

        Parkea gurutzatu eta, kale ilun batzuk iragan ondoren, pub baten aurrean gelditu ziren.

        «Hau da gure haurra» esan zuen Seanek ahots sendoz.

        Ferminek eta Jexus Marik ez ulertuarena egin zutela ohartu zen Marck.

        «Sean eta Carlosena zen pub hau».

        «Ordu asko sartu ditugu hemen» gehitu zuen, bere baitara bildurik bezala.

        «Bai, asko», Seanek. «Zuek zerbezak edaten, eta Carlos eta biok lan eta lan».

        «Horregatik zara zaren bezalakoa, my daddy» trufatu zitzaion Ike.

        «Ongi pasatu dugu hemen», Seanek. «Gaizki dago esatea, baina ongi pasatzen segituko dugu».

        «Ez, maitea, ezer ez da berdina izanen», Marckek.

        «Hara alarguna!», Ikek.

        Marcki iruditu zitzaion Ike mindu egin zitzaiola. Ike betikoa, hiletan berebiziko espantuak egin eta orain alarguntasuna harendako bakarrik eskuratu nahian. Pikutara.

        «Ergela alaen ergela» erabaki zuen, Seanen atzetik pubean barneratzen zela.

        Ez zezakeen Carlosek beste bat aukera, Ike izan behar; ez sortzeagatik, ez zion ezta morborik txikiena ere sortzen. Ikerengatik bolada txar hartan liskarra izan zuten batean aurpegiratu zion Carlosi morboarena, eta morboa berari sortu behar ziola Ikek erantzun zion hitzetik hortzera. Marckek isildu baino ez zuela eduki, akordatu da orain erresumin punttu batekin, bestelako familia bat osatzeko Carlosen asmo haiek gogoan: bere inguruko familia bat.

        Sydneyk eta Seanek lanak eginak zeuzkatela ikusi zuen. Mahaiak jakiz eta edariz beterik zeuden. Potoa komunaren ondoko apalategian utzi eta barraren atzeko aldera sartu zen pinta batzuk zerbitzatzeko.

        «Hurbildu mutilak. Zer nahi duzue?».

        Pub erdian zeuden noraezean. Harakinek piura berezia zeukala pentsatu zuen Marckek: kankailu-kankailua, poto urdina besarkaturik, victoriar estiloko puba miratuz. Marcki, hasieran Carlosenetik bezala, eskapatu egiten zitzaion buru haietatik iragan zitekeena. Atzerritar batek atzerritar izaten jarraitzen du, bertakotzeko nortasunaren alde bat atzean utzi eta beste batez ordezkatzen duen arte. Seguru aski besterendako agerien dagoen nortasun arlo hori, sentimenduak, gogoetak azaltzeko manerari dagokiona. Eta Carlos horrela agertu zitzaion hasieran, arrotz, berniz euskaldun hartaz estalia; hasieran euskaldunak bazirenik ere ez zekienez espainiarra egin zuen, jantzi ingeles edo behintzat londrestar bat hartu zuen arte. Horregatik ezagutu zituen, ikusi ahala, Carlos hura ekarri ziotelako gogora, beste lur edo kultura bateko kutsua.

        Pintak atera zizkien erantzuna esperatu gabe. Keinu batez galdetu ondoren, keinu batez paratu zien Ikeri eta Sydneyri pinta bana.

        Basoa jaso eta Carlosengatik egin zuen topa.

        «Carlosengatik!» erantzun zuten.

        «Bazterrengatik!» zehaztu zuen Harakinek, Ferminen arbuio begiradapean iruditu zitzaion Marcki: Hauek ere ez dira elkarrekin ongi etortzen den familia. Carlosek herriarekiko zituen harremanez pentsatu zuen Marckek berriz ere. Jakin-minak ziztaturik, maltzurra izateko gogoa egin zitzaion.

        «Baina zuek bazenekiten Carlos homosexuala zela, ezta?».

        «Bai».

        «Ez».

        Harakini begiratu zion Marckek lehendabizi, gero Fermini.

        «Igoal» bota zuen Jexus Marik atzetik, tonu burlatsuan.

        «Noiztik dakik hik Bazter homosexuala zela?» erronka egin zion Ferminek Harakini.

        Marckek libertitua zirudien, jakin-mina asetzeko atezuan.

        «Aspalditik!» egin zion arrapostu Harakinek.

        «Aspalditik?! Ezetz bi urte!» haserretu zen Fermin.

        «Pixa egitera noa» bota zuen Jexus Marik.

        Libertimenduak gutxi iraun zion, Ike sartu baitzen, sarkasmoaren erregina bakar; hori uste zuen behintzat. «Ez zenekiten Carlos homosexuala zela?!» oihukatu zuen espantuka. «Nola liteke?».

        Harakin eta Ferminek ageri zuten noraezak halako erruki bat sortu bazion ere, Marck sakonean konforme zegoen Ikek espantuka baina zuzen erakutsitako harridurarekin. Zer klaseko lagunak ziren! Baina berehala otu zitzaion errua Carlosena zela. Carlosek, ezagutu zutenetik Euskal Herriarekikoak ezkutatu zizkien bezala, ezkutatu eginen zizkien herriko lagunei Londresko bizimoduarekikoak. Ikek jakinen ote zuen berak ez zekien zerbait? Esaterako, Ikek jakinen ote zuen Jexus Mari delako horrek zertan lan egiten duen, zein harreman mota izan zuen Carlosekin, edota Ferminek. Carlosek Harakin baino ez zion aitatu, eta gutxitan, erakargarria zela esateko baino ez, nahiz eta gero Carlos amodioa, nazionalismoa eta desioa nahasten zituen azalpen totel batean murgildu.

        Ordurako eseriak ziren, bigarren pintak erdi husturik.

        Sydney eta Jexus Mari falta zirela ohartu zen Marck.

        «Orduan ez dakizue Marck izan zuela bikotekide» oldartu zitzaien Ike.

        Aurpegi hustuek ezezkoa adierazi zioten.

        «Eta ni haren amorantea».

        Ezin utzi esan gabe, pentsatu zuen Marckek. Baina zer ikusi zuen Carlosek harengan; zer ikusi zuen Marckek, adiskidetarako horrelako erregina bat hartzeko.

        «Eta denok familia bat osatzen dugu» bota zuen Marckek, Ikek ironia ez zuela harrapatu ohartuz.

        «Barkatu, Carlosek ez zigun ezer esan» aitortu zuen Ferminek desenkusa.

        «Carlos Londresera ailegatu zen lehendabiziko gauean maletak galdu zituen, eta lehen erakutsi dizuedan parke horretara etorri zen, eta elkar ezagutu eta bikote egin ginen» ebatzi zuen Marckek, bizimodu bat lau esalditan laburtuz. Deseroso sentitu zituen, egiak biluztu balitu bezala. «Oso galdurik zirudien, eta nabari zen Londresera ailegatu berria zela. Zuek daukazuen aire bera zeukan, deslaia» jarraitu zuen Marckek, deserosotasuna umotze aldera. Haiek aipatzean nola lasaitu ziren ohartu zen Marck. Jada ez zuen haiekin jolas egiteko gogorik, etsipen eta tristura bilakatu zitzaion. «Barkatu, ni...», eta altxatu egin zen komunerantz.

        Hurbiltzen ari zela, Jexus Mari ikusi zuen Carlosen errautsen potoetako bat eskuan. Gora eta behera eragin zion, barnekoa aditu nahi balu bezala. Alde bietara arreta eman ondoren, Jexus Marik potoa zabaltzen zuen ikusi zuen Marckek. Usnaka sudurra errauts zurietara hurbiltzeak erabat harritu zuen. Apalategian utzi zuen berriz ere, beste potoaren ondoan. Berdin berdinak zirenetz edo arretaz alderatzen ari zela ohartu zen Marck. Poltsikotik paper bat atera eta poto baten ipurdian itsatsi zuen. Marcki suminaren antzeko orratz batek kosk egin zion une batez, baina gero Jexus Mari ere Carlosen adiskidea zela erabakirik jakin- minak ziztatu zuen. Zer itsatsi ote zion horren ezkutuan?

        Carlosi buruzko den-dena jakitea desiratu zuen.

        Komunean sartzen ari zela bazterreratu egin zen, komun barnetik Sydney zetorrela ikustean. Jexus Marirekin gurutzatu behar izan zuen Sydneyk. Elkarri nola so egin zioten ohartu zen Marck. Sydneyk jira egin eta komunean sartu zen, Jexus Mari atzetik zuela. Atearen kisketaren ondoren zuraje iluna gelditu zitzaion aurrean. Ez zizkion bere buruari entzuten utzi bururatu zitzaizkionak. Hantxe egon zen ezkerretara begira, poto urdinetan berriz erreparatu zuen arte. Bat hartu zuen, eta ezer ez zeukala ikusi zuen. Bestea jaso zuen, Jexus Marik itsatsitako pegatinaduna: «Bertako haragia. Euskal Labela».

        Ez zuen ulertu. Zer esan nahi zuten hitz horiek. Eta batez ere, zergatik paratu zituen. Une batez zer edo zer ezkutatzen zutela pentsatu zuen, eta Carlosi buruz dena jakin ez izana damu izan zuen erresumin erdiragarri batez. Horrelakoetan zuen ments. Norbait galtzea hori baino ez zela iritzi zion bere buruak; alegia, normal bizi eta halako une batean ziztada bortitz batek jorik, ezinegonean trapu zahar bat bezala abaildurik, unaturik eta gauza ez zarela gelditzea. Carlos gaixo izan zen bitartean Marckek hil ondorenerako ariketak egin zituen, buruz baldin bazen ere. Askotan irudikatu zuen nola portatuko zen, nola eginen zion aurre Carlosen gabeziari; baina une horretan sentitutako ziztadak, ziztada bakar horrek, Carlosi buruz dena inoiz ez zuela jakinen jakiteak, irudikatu guztiak baino min handiagoa eragin zion. Apalategian bermatu zen zetorkion zorabioari eusteko. Potoa utzi zuen bestearen ondoan. Sakon hartu zuen arnasa.

        Ike, Sean eta Harakinengana hurbildu zen. Ikek, ahuldurik zegoela oharturik, eskua eskaini zion. «Ongi zaude?».

        «Ez».

        Ikek Seani larriturik so egin ziola ohartu zen.

        Ura ekarri zion Seanek.

        Ez zuen adorerik ezer azaltzeko.

        Indar pixka bat bildu zuen.

        «Zer esan nahi du Berta... bertako ha... haragia. Euskal Label?» ahoskatu zuen nekez.

        Label ingelesez bezala zela erantzun zion Harakinek, eta gero zer esan nahi zuen adierazi.

        Marckek zalantza egin zuen. Carlos eta Jexus Mariren arteko mezu ezkuturen bat ote zen, adar jotze bat...

        Komuneko kisketa entzun zuen urrutitik. Sydney ikusi zuen ileak lisatzen haiengana hurbiltzen.

        «Zer moduz dago basque label?».