Odolbildua
Odolbildua
2002, nobela
184 orrialde
84-95511-49-5
azala: Garbiņe Ubeda
Josu Landa
1960, Altza
 
1983, poesia eta narrazioak
Odolbildua
2002, nobela
184 orrialde
84-95511-49-5
aurkibidea
 

—5—

 

Ospakizun otorduaren osteko zurrunaldi berbatsuan zeuden laurak, normalean baino kalaka animatuagoan, eta bizkarra aulkiko adarretan etzanda edukitzearen patxadak kontrastea egiten zuen berriketaren bizitasun jostalariarekin. Joselu zen bere urtemuga festako errege, besteek horretarako bide emanda, eta jokatzekoa zen boxeo borroka beste hizpiderik ez zeukan.

        — Gehienetan pentsatzen dut zirti-zarta menderatuko ditudala denak, ezin dudala aukera hau alferrik galtzen utzi, gorputzaren sasoia inportantea da, baina buruaren indarra ere bai, eta hori primeran daukat —eskumako lokian ipini zituen atzamar bi, beste norbaitek emandako ikasgaia oso barneratuta zeukala adieraztearren—. Beste batzuetan... adorea galduko banu legez geratzen naiz, burutapen ezezkorretan jausten naiz, eta ia dardarka uzten nau izerdi hotz moduko zerbaitek.

        Puru bana zuten eskuetan Santosek eta Mentxuk, baina honek keaz lar betetako tximiniaren antza zuen. Irribarretsu zegoen Antonia ere, eta Joselu jabetuta zegoen besteongan nabari zen harrotasun itxurako begirada berak eragindakoa zela.

        — Zelan izango duk, kanporaketa moduan edo borroka bakarrean?

        — Kanporaketa moduan. Hiru ring ipiniko dituzte eta hamasei boxeolari ariko gara asalto binako borrokak eginez. Gure artean irabazle irtengo duenak Mike Zarandonaren kontra borrokatuko du. Horri irabaztea ezinezkoa da, Bizkaiko txapelduna da hiru urtetan segidan eta iaz ia irabazi egin zion Espainiako txapeldunari. Zarandonaren kontra galtzea ere ohorea izango da gutako edonorentzat.

        — Beraz, finalera iristen denak hamar asalto izango ditu jokatuta. Muturra behar du Zarandona horrek berak fresko-fresko zuen arteko irabazlearen kontra borrokatzeko!

        Tartarekin batera xanpain botila atera zutenean, Joseluk ez zuen bakoitzetik apur bat besterik hartu. Larregizkoa iruditu zitzaien gurasoei boxeoa zela eta dietarekin hain estu jokatzea. Mentxu atera zen gaztearen defentsan.

        — Gutxitan izango du aste bi barrukoa legezko egun inportanterik, eta urtemugak urtero izaten dituk. Bilboko Arenalean jokatuko da eta hori ez duk txantxetakoa. Enpresari eta talentu harrapari guztiak han izango dituk beharbada.

        Joseluk komunerako asmoa agertu zuenean boxeoari buruzko noizgurako eta nongurako elkarrizketa eten egin zen aldiune batez, eta Mentxuk aukera baliatu zuen sukaldean ezkutatua zegoen fardel bat jangelara ekartzeko. Gela zabalean eurak bakarrik zeuden, ostatuko bezeroei iragarria baitzieten hiruretarako amaitu egingo zela bazkarirako epea, eta ordu horretatik bostetan botika zabaldu bitartekoa hartu zuten ospakizun pribaturako. Santosek lantokian jai hartu zuen arratsaldean. Antoniaren alboan makurtu zen Mentxu gaztea noiz bueltatuko itxaroten, eta Santos ere gogo txarrez jaiki eta gerturatu zen zeremoniaren zati hura bete beharra batere gogokoa ez zuela nabarmen utziz.

        Joselu praketako kremailera ixten azaldu zenean zorionak kantari hasi zen Mentxu, eta besteek bat egin zuten apalagotik, desafinatzeko beldurrez. Txibista deigarri batez hornitutako fardela eman zion eta "eskerrik asko" lotsatu batekin batera jaso zuen.

        — Eskerrak eman aurretik zabaldu egik —barre egin zion Mentxuk mutiko lotsagorrituari.

        Disimuluan huts egindako gaitz-ulertuaren imintzioa zirriborratu zitzaion Joseluri opariaren zertzeladak ikusi zituenean: belarriak estaltzeko xaflak ere bazituen kapela biribil bat eta bufanda luze bat, biak marroi kolorekoak. Omendua ia harri bihurtuta zegoenez, Mentxu zutitu eta janzki biak behar legez soineratzen lagundu zion. Jangelako arasan zegoen ispilu handiaren aurrean pararazi zuen zeukan piura mirets zezan. Barregarri zegoen oso, eta Joseluren ezinegona gehiago ez luzatzearren Mentxuk "eta orain, benetako oparia" orro egin zuen. Joseluren musua piztu egin zen, trikimailuaren nondik norakoaz jabetuta.

        Korridorean zehar eroan zituen Mentxuk beste hirurak atzealdeko leiho batera eta, gortinak tupustean zabalduta, burua bertora hurbil zezan gonbidatzearren eskaini zion besoa. Espaloian, Fonsecak oparitutako motozikleta zegoen, fardelarenaren antzeko txibista batez edertuta manillarra.

        — Galdezka ibili nauk, baina oraindik ez zidatek erantzun adinagatik erabil dezakean ala ez. Halan ere, gidatzen ikasteko balioko dik.

        — Txapeldun batek ibilgailu elegantea beharko dik bere garaipenak ospatzeko! —bizkarretik heldu zion Santosek—. Besterik ez bada, neuk eroango haut herrian zehar txapeldun loriak jantzita.

        — Erdu behera! —algara egin zion Joseluk aitari—. Zelan martxan ipini behintzat erakutsi behar didazu.

        Andre biak bakarrik gelditu zirenean, jangelako mahaia jaso eta txukuntzen lagundu zion Mentxuk.

        — Barkatu tematzea, baina zelan ordaindu duzu hori?

        — Ogerleko bakar bat ere ez zait kostatu. Hori bai sorpresa! Oparitu egin zidaten, eta honezkero laugarren eskukoa izango duzu motozikleta hori.

        Besarkada bati hasiera eman zion Antoniak eta Mentxuk gogotik eutsi zion. Ama emozioz negarrez zegoen ia.

        — Oso zoriontsua naiz. Zorte itzela daukagu.

        — Gaur libreago ibiliko zara, Antonia. Ez duzu erosketatxo batzuk egitera joan gura, edo ileapaindegira?

        — Ez, postre berezia gertatu gura dut gauerako ostatuko bezeroentzat. Pareta hauen artean ibiltzen naiz ni gustuen.

 

 

 

Ordu erdia baino ez zeramala lanean agertu zitzaion Santos.

        — Bidali diot kablegrama Fonsecari, nire urtemuga uztailaren 2an dela esanez. Espero dut zentsoreak ez direla hasiko jaiotegunaren benetako dataren bila. Ez zait hoberik bururatu.

        — Ederto dago. Harrapatzen badute ere. Nik oraindik badauzkat gauza bi lotzeko, baina oraindik badugu astia. Zelan dabil Joselu? Uste duzu bere zatia beteko duela?

        Ezkontza-eraztunari jiraka hasi zen Santos eta begirada ere jardun errepikakor hartara zeukan. Ardurabako purrustada ahoskatu zuen erantzun legez.

        — Zer duzu? —itaundu zuen Mentxuk.

        Buruari eragin zion Santosek. Mentxuk ez zuen etsi.

        — Berba egizu klaru.

        — Ez da garrantzizkoa —astiro hasi zen Santos, berben abiadura azkar areagotu zitzaion arren—. Sorpresa handia hartu nuen Joselu negozioan sartu zenuela konturatu nintzenean. Iruditzen zait lar handia datorkiola hau guztia. Mukitsu bat da oraindik, hainbeste boxeo eta istoriorekin burua txistuka dabilkio, eta ez dut uste operazio honetako lana egiteko prestatuta dagoenik.

        Arnasa hartu barik iraun zuen Mentxuren erantzunaren zain, baina ez zen horrelakorik gertatu. Emakumeak erne segitzen zuen, Santosek zer esan gehiago izango ote zuen. Gizona, aldiz, isilik zegoen sudurraren alboetan atzamarka.

        — Ez nago konforme —probokatu zion Mentxuk.

        — Aurretik neurekin kontsultatzea zenuen behintzat.

        — Banekien ez zinela aldeko izango.

        Inpotentziaz zabaldu zituen besoak Santosek. Mostradore atzeko diru-kaxarekin jolasten hasi zen Mentxu, txanponak eta billeteak biltzen zituen kutxatxoa irekitzen zuen palankari behin eta birritan eraginez.

        — Gestio bat egin behar duzu, Santos. Bilboko saioan Joselu finalera ailegatzea lortu behar duzu, eta horretarako gimnasioko entrenatzailearekin berba egin. Joseluk esan zidan Zurrutas deitzen dioten morroia dela. Sos batzuen truke ez dizu arazorik ipiniko. Susmo aski ziurra daukat hori edo bere inguruko norbait txakurren aginduetara ibili dela Joselu gure kontra nahastu guran. Beraz, amore emango dute guri lakioa estutzen digutelakoan.

        — Beharrezkoa dela uste duzu?

        — Bai.

 

 

 

Artega ari zen gimnasioan borroka aurreko jausitxo ohi baino dantzariagoak oin-punta ezkerrekotik eskumakora tartekatuz. Astebete soilez erabilitako praka zuri-gorri berrietako gerrikoa tinkatu zuen eskunarru traketsez, behar zuen tokian ote zegoen egiaztatzeko. Burko akoltxatuaren zirrikituetatik ezpainak gailentzen zitzaizkion nabarmen, eta hortz-haginetako babesgailua zerabilen kanpora eta barrura. Besteetan baino jende gutxiago zegoela zirudien, jai eguna zen eta. Txilin baten hots purrustatuak sparring-arengana hurbildu eta haren inguruan estreinako ukabil-ziztadak saiatzen hasteko unea adierazi zuen. Lurretik metro t'erdi goratua zegoen ring-aren zoru ertzean zegoen Zurrutas, beso biak beheko sokatik eskegita. Garrasi egiten zuen etengabe, halako kolpea azkarrago jo beharraz eta, batez ere, guardia gilbor gainean ostera ederto estutzearen garrantziaz.

        Lokalaren atzealdeko zutabe baten ondoko aulkian zen Santos, elegante jantzita zegoela erizteko moduko traje eta gorbata grisak jantzita. Tarteka alkondararen lepoan barneratu zituen atzamarrak, larregi estutzen ote zion, eta esku artean, semearekin batera sartutakoan soinean eroandako gabardina zeukan erantzita. Albait urrutienetik ari zen Joseluren borroka-saioa ikuskatzen. Enpresari ahaltsua ematen zuen.

        Luze iraun zuen entrenamenduak, ordubetetik gora. Etengabe moztu zuen prestatzaileak, behin eta birritan errepikarazi zien mugimendu bat edo beste. Hura amaitu eta gero, soka-saltoan jardun zuen Joseluk hamar minutuz, eta ondotik beste hainbeste kolpe-bolarekin. Toalla sorbalda gainetik biribilkatu zionean zizpuru egin zuen Joseluk, egun hartakoak burura egin zuelako seinale ezaguna eskertuz. Beste aldiunea egin zuten biek, nagusia jesarrita berbetan eta mutikoa zutunik mugitzeari utzi barik, aldageletarako bidea hartu arte. Abagune horretaz baliatu zen Santos entrenatzailearengana hurbiltzeko.

        Aurkezpen itxurako mugimenduak egin zituen aurrena, besteari eskua eskaintzearekin batera. Bisitaren nondik norakoa behar bezala ulertu bitarteko keinukera nahasiaz aritu zen entrenatzailea tarte batez, harik eta burua zurezko pareta mehe batzuez bereizitako bulego antzeko baterako bidea adierazi zuen arte. Barruan gabardina aulkiaren adarretan kokatu zuen Santosek. Besteak hankak mahai gainean ipini zituen idazmahaiaren bestaldean jesarri ostean, baina segundo bat baizik ez zuen horrela iraun, damututa legez hankak lurrera itzuli eta beso biak ohol gainean ipinita aurrerantz eroan baitzuen gorputza.

        Bestearen jarkerari ispilu legezkoa egin zion Santosek eta elkarren aurpegiak zentimetro gutxitara gelditu ziren. Berba mantsoetan ari zela zirudien eta eskuek airean egiten zuten norabide jiratsua ere abiadura bertsukoa zen. Santosen begirada ez gora ez behera finkatuta zegoen, esaten ari zenaren garrantzi eta seriotasuna indartu guran. Paper bat eta kartazal bat ezarri zituen mahai gainean ezker-eskuma, eta bien artean aukeratzeko beharra adierazi zion Santosen esku-ipinkerak. Edukiaren bolumen larregizkoaz itxuraldatuta zegoen kartazala eta horrexen aldeko hautua egin zuen morroiak. Hortik aurrera ez zen berbaldia asko luzatu. Entrenatzaileak kaxoitik kartel bildua atera zuen jaiki eta berehala, eta goitik behera zabalduta erakutsi zion Santosi. Belaunaz kartelaren beheko muturrari eutsi zion mahai ertzaren kontra eta libratu berriko eskuaz ahots goratuak errezitatutako testuari segitu zion. Bilbon jokatuko zen borroka-saioaren iragarki-kartela zen, eta akuarelaz egindako irudi batek hartzen zuen ia azaleraren erdia. Alderantzizko piramide baten forma osatzen zuten irudiaren azpiko hizkiek, nortzuk parte hartuko zuten iragartzen zutenak.

        Bulegoa zirudien gelaxkatik irten zirelarik Joselu zuten kanpoan zain, eta busti berriko ilajeak berezko kizkurren kontrako lisatu hezeak barreiatzen zituen haren bekokian. Kezkarako arrazoirik ez zegoela eta prestatzailea morroi jatorra zela esanez moduko zaflada jo zion Santosek semeari lepaostean, eta ahots ozenez esan ere arrazoia zeukala entrenamenduan guardia gehiago jagon behar zuela esan zionean, erasoa baino inportanteagoa zela defentsa. Defentsa, eta mugimendu guztien dotoretasuna. Joseluri ezinezkoa zitzaion harrotasunezko irribarrea estaltzea, aitak masailean eragindako esku-zarata umiliagarriaren azpitik eta Zurrutas-ek distantziatik egindako begiradaren gainetik.

 

 

 

Euskalduna pilotalekuaren sarreran lotu ziren, handik ehun metrora zegoen jatetxean afaltzekoak ziren eta. Luigirekin batera heldu zen Mentxu, eta ordurako Rafa zain zuten, partidak amaituta irteten ari zen jendetzaren artean geldirik eta lepoa tentetuta. Aurkezpenen ostean espaloian abiatzeko gomita egin zuen Rafak eskuaz, besteei bidea erakusteko legez.

        Etiketaz jantzita zihoazen hirurak, txalekodun trajeaz gizaseme biak eta sorbaldak agerian uzten zituen tiretako soineko urdinaz Mentxu. Eskuetan zituzten beroki arinak. Paseoko abiadura mantsoan zihoazen eta harpa jo zion albotik Mentxuk Rafari.

        — Ez zinen pilota ikusten izango horrela jantzita! Piura barregarri samarra zenuen hortxe, atartean, hain dotore!

        — Hitzordua ipini eta gero damutu zitzaidan, ez pentsa —atzamar potoloak txalekoko faltrikeretan gakotuta zeuzkan Luigiri begiratu zion, eta haren irrirudiaz ohartu zen—. Ikusten dut Mentxu bezain trufaria zarela zeu ere. Ez duzue bikote makala osatzen.

        Rafak telefonoz erreserbatutako mahaian jesarri zirelarik ez zuten denbora asko behar izan jan-edanak erabakitzeko. Bakailaoa pil-pil erara jaki, eta aurretik indabak. Edateko, txakolina hitzartu zuten aho batez, Luigiren gomendioari ameto emanda.

        — Zure aita ezagutzeko zortea izan nuen —Luigi izan zen aurrerantzeko solasgaiak hasieratu zituena, eta Rafari zuzendu zitzaion, ukondoak mahaitik jaso barik—, hil baino bizpahiru urte lehenago, laurogei urtetik gora zituenean.

        — Zergatik zortea? —Luigik esandakoa diplomaziaren hutsala ote zen frogatu gura izan zuen.

        — Ez zuen sekula biktimarena egiten, horretarako arrazoiak izan arren. Gauza jakina zen gerraostean organista kargua utzarazi ziotela, bai udalak eta baita elizak ere. Duintasun itzela gorde zuen beti, edozertara ere.

        — Eskerrik asko, ez dut uste asko izango direnik zuk bezala pentsatzen dutenak.

        Erratuta zegoela esan zion Luigik eta froga gisa hainbat jenderi entzundako komentarioak errepikatu zizkion. Mentxuk bizkarra apur bat atzerago eroanda jarraitzen zuen bien elkarrizketa. Aurrez horri buruzko zalantzarik izan ez bazuen ere, pozarren berresten zuen Luigi eta Rafaren artean aditzen zuen konfiantza giroa.

        Estatu Batuek Pazifikoan eztandarazi berri zuten hidrogenozko bonbari buruz jardun zuten segidan, atomikoaren bost halako izan ei zena, eta hortik nazioarteko beste gai batzuetara jo zuten. Batez ere, Alemaniaren banaketa eta aliatuen jarkerari buruz aritu ziren. Ahapetik eta burua plateraren gainera aurreratuta galdetu zion Luigik:

        — Uste duzu Estatu Batuek Espainiako erregimena sostengatuko dutela?

        — Ezinezkoa iruditzen zait. Ez dut ulertzen zelan posible izango litzatekeen Hitler eta Mussoliniren kontra jardundakoek orain Franco laguntzea.

        Irri karkaila maltzurra egin zuen Luigik.

        — Baikorretakoa zara, beraz. Ni ez nago ados. Orain borroka ez da demokrazia eta diktaduraren artean, komunismoaren kontra baizik. Eta horretan bat datoz hangoak eta hemengoak. Dena dela, lasai egon, gehienek zuk bezala pentsatzen dute... —burlaizez gehitu zion—: gehiengoa zarete.

        Mentxu ederto zegoen patxadan entzuten, baina tarteka Rafaren begirada galdegileek gehixeago parte hartzera behartu zuten. Txakolinaren efektuak ere lagundu zion berritsuago agertzen. Postretan hautsi zen zer janari buruzko adostasuna, eta gazta, etxeko kopa berezia eta tarta izan ziren barietatearen adierazleak. Kamareroa zerbitzen hurbildutakoan, xanpaina eskatu zuen Luigik besteen eritzia kontsultatu ere egin barik.

        Antilletan ikasi ei zuen zeremonia magiko bateko berbak tonu irmoan ahoskatuz punpatu zuen xanpainaren kortxoa. Rafa apur bat lotsatuta zegoen bere aulkiaren bizkarraldea igurtzi urduriez bilatzen. Hiru kopetan zerbitzatu eta topa egiteko gonbite modura jaso zuen Luigik berea. Besteek bat egin arte itxaron, eta aldarri batean esan zuen:

        — Patataren alde! —albo bietara soraio begiratu zuen besteen erreakzioaren zain.

        Mentxuk zetorkion algara ito zuen eta seriotasun fermutuaz hurreratu zuen bere kopa Luigirenera. Keinua errepikatu zuen Rafak. Edan eta gero Mentxuk ezin izan zion luzaro barregurari eutsi eta eskuz estali zuen ahoa. Luigik ere algara egin zuen. Aurreko hilabetean kendu berria zuten patata arrazionamendu arauetatik, azken urteetako ekoizpen ugariari esker hornidura ziurtatuta zegoela erabaki baitzuten agintariek.

        — Begira, Luis —lagunarte hartan ez zitzaion Luigi izena ateratzen—, Rafa gu baino askoz ere ganoratsuagoa duzu, eta seguru aski ez zaio gizalegezkoa irudituko arrazionamenduaren kontura txantxetan ibiltzea. Areago, gu hementxe bapo afalduta egonda.

        Mentxuren berbei indarra kendu guran, Rafak birritan jaso zuen kopa eta sermoilari baten doinuaz errepikatu zuen "patataren alde, patataren alde" esaldia. Luigiren bizkarreko geldoa jaso zuen, eta mahaiarte ez urrun batean zegoen kamareroari deitu zion. Eskatutako kafe eta enparauen esperoan Athleticari buruzko berbabidea zabaldu zuen Luigik, kirolaren txanda zela erabakita. Puru bana isiotu zituzten Luigik eta Rafak.

        — Habanoak direla diote, baina nik uste dut Kanarietatik edo ekartzen dituztela. Neuk Kuban erretakoek behintzat bestelako zaporea zuten!

        Puruari oratzearren erabilitako eskua buruarekin batera mugitzeari utzi zion, jantokian berton baina urrutiko bazter batean begiak finkatuta. Mentxuk eta Rafak ere alde hartara begiratu zuten, eta Luigik hasi berriak zituen imintzioei erantzuten zien emakume bat ikusi zuten urrutiko mahai batetik jaikitzen. Luigik egoteko adierazi zion urrutitik.

        — Barkatuko didazue, lagunok, baina ezagun bat agurtzera joan beharra daukat.

        Berna gaineko serbilleta kizkurtua mahai gainean laga eta ahurraz prakak astinduz abiatu zen. Urruntzen ari zen Luigirenganantz kliskatu zion begia Mentxuk Rafari.

        — Zer deritzozu?

        — Ez dakit. Urrutiegi dago zelakoa den ikusi ahal izateko.

        — Luisi buruz ari naiz...

        — Beharbada exotikoegia niretzat. Komentuetako bizimodura ohitzen ari naizelako izango da.

        — Oso tipo jatorra da. Oasi baten modukoa izaten da niretzat.

        — Ez egidazu txarto ulertu, Mentxu. Zergatik uste duzu beti gurago izan dudala Bilbo Portugalete baino? —emakumearen irri zabala ikusi zuenean berak ere begirada alaiagotu zuen—. Ez dut uste ezer barregarririk esan dudanik, ezta?

        — Nire izena esan duzunean izan da... Mentxu. Zu izan zinen lehenengo aldiz hala esan zidana. Eta orain denek esaten didate horrela, baita aspaldiagoko ezagunek ere.

        Luigi zegoen bazterrerantz begiratu zuen. Berbeta alaian segitzen zuen, eta eztarrian karranka txikerra egin zuen solasaren jopuntua errazago aldatze aldera.

        — Rafa, zelan aipatu nizun boxeo-borrokarena?, datorren astean izango da.

        — Kartelak ikusi nituenean pentsatu nuen horixe izan behar zuela.

        Serbilletan atzazalez marrazten hasi zen Mentxu.

        — Artega ikusten zaitut, Mentxu. Ez baduzu gura, ez didazu besterik azaldu behar, baina zure arazoak nireak legez sentitzen ditut.

        Luigi hurbiltzen ari zela gaztigatu zion Rafak buruaz. Mahai gainetik eskua ferekatu zion Mentxuk. Bizkarretik zetorrenari aurre eginda, ez zegoela bakarrik ohartu ziren.

        — Lagunok, Catalina Bedró duzue hau, gustukoen dudan artista —Rafa eta Mentxu zutitu egin ziren agurrerako—. Ardura zaizue terrazako kafera biltzen bazaigu?

        Zer artista klase ote zen galdetzeko irrika erreprimitu zuen Mentxuk. Zutitu eta aurkeztu berriari musu bi emateko aurrea hartu zuen.

 

 

 

Bizkaiko Zubiaren bide paraleloa egiten zuen motoran zeharkatu zuen Joseluk errioa, eta ontziak txopa estalia zuela esker, sargori osteko zaparrada trinkoak ez zuen zeharo blaitu. Berean erdia egina zuenean hasi zuen transbordadoreak berea. Hortik aurrerakoa hogei metro ezkerretara zihoan gurdi eskegiaren beheko plataforman zegoen automobilari erreparaka pasatu zuen, haren gurpil-oskola biribil distiratiei mira eginda. Euri tantek hots musikari batez kolpatzen zuten estalkiaren sabaia, eta Areetako kaia zapaldu zuelarik ateria zuen. Bustibako lur zati bakanetakoan itxaron zuen, berarekin batera lehorreratutako bidaiariek bakoitzak bere bidea hartu arte. Ekaitzak harrotutako hauts bustiaren usaina hedatua zen ingurumarietan.

        Algorta aldera hartu zuen itsas bazterretik. Ilundu berriko arrats hezeak ozenago egiten zituen bere oin-hotsak putzuerdi epel bihurtutako espaloian. Urruneko tximistaren oihartzunak begiak kliskarazi zizkion une batez. Lau pauso eman orduko aditu zuen haren trumoi hotsa. Bere baitako zerbaitek abiadura areagotzera behartu zuen eta ardurabako izan zitzaizkion eskuma aldean piztu berri ziren leihoetako argiak. Martxa militar baten antzeko zerbait jotzen hasi zen txistuka, eta bere oinek erritmo erregularra jadetsi zuten haren konpasean. Kale kantoi bateko errotulua irakurtzen gelditu eta, bertan adierazitakoa aurrez bilatutakoarekin bat irudituta, oldartsuago ekin zion ibilbideari. Hurrengo etxadian zegoen garaje itxurako zerbaiten buruz buru gelditu egin zen erabat. Maratilari eragin eta, zabalik zegoela ohartu zenean, barrura egiten zuen.

        — Hi haiz, Joselu? Segi aurrera —entzun zuen.

        Aurreko hitzorduetatik ezaguna zuen pertsona bistaratu zitzaion hondoko erditzaletik. Gizonak adiskidetasunezko blaustada jo zion Joseluri bizkarrean, ate ondoko paretako etengailuari sakatuta pabilioia gehixeago argiztatu aurretik. Inguruan zegoenak aspaldian erabili gabeko laborategi baten antza zeukan, ikaragarri bihurritutako errepide baten handik-honantzaren moldean kiribilkatzen ziren beirazko hodi fin mordoaz osatua. Oraindik isurki apur batez hornituak ziren arragoak zeuden hoditeria guztiaren oinean. Destilategi abandonatua zirudien lokalak, eta gizonak esku biez oratutako zurezko kaxa parea jausten utzi zuen Joseluren mutur aurrean. Kaxa haietan jesartzeko gonbitea egin zion.

        Paper batzuk zabaldu zituen Joseluren begi aurrean eta, pabilioian zegoen argi ahularen indargarri, linterna batez lerrotik lerrora segitu zion irakurraldiari. "Carmen Diaz" irakurtzean atzera eta aurrera egin zuen birritan linternaren izpimarra batez. Berba isilez mintzo zen, tartean algararen bat egiten bazuen ere, Mentxuren izena errepikatzen zuen aldiro. Joseluk ere barrez erantzuten zion, baina esangura garbirik gabekoa zen berea. Paperen irakurtzea amaitu zuenean, laborategi itxurakoa zegoen aldera jo zuen, eta kartoizko kutxa zaharkitu batetik antzagatik odola izan behar zuena biltzen zuten poltsa batzuk atera zituen. Poltsikotik egunkari zati arre batzuk ateraz haren letraz letrakoari ekin zion. "Argitu gabeko beste heriotza bat Basurtoko ospitalean".

        — Baina nik bazakiat zein den arrazoia —buruz gora igo zuen eskuan zeukan poltsa—. Odol ustela duk hauxe. Ba dakik nork jasotzen dituen negozio honen irabaziak?

Botikako mahaian zabaldu zuen egunkaria. Bezeroei atea ireki aurretik hamar bat minutu bazituen oraindik, eta irratian bolumen baxuan entzuten ari zen serialaren amaiak puntuan adieraziko zion kaleko ateari sarraila noiz libratu. Betaurrekoak janzteari amore ez ematearren behar baino urrutiagotik irakurtzen ari zen mostradoreko kristala ia bere osoan hartzen zuen tabloidea. Irribarre malmutzez begiratzen zien Mentxuk tituluei, Espainiaz kanpoko mundua izugarri txarto zebilela ematen baitzuen. Sindikatuek kontra egin berri zioten Londresko gobernuari soldaten beherapena geraraztearren, eta Italiako agintariek ez bide zekiten herritarrek, inoiz dibortziatu ahal izatearren, ezkontzen atzerrira joatearen iruzurra zelan konpondu. Hori gutxi balitz, Parisko modaren imitaziokoan munduan zehar barreiatzen ari ziren inolako eskubide saririk ordaindu barik.

        Atzamar buruez egindako deia aditu zuen kristalak pertsianaz estalita zituen kaleko atean eta hormako erlojuari begiratu zion oraindik zabaltzeko ordua ez zela bere buruari baieztatzeko. Zanbuluka hurreratu zen ea nor zen ikusteko, eta beneziarrak alboratuta Eusebiaren aurpegi musugorri eta biribila ikusi zuen. Kisketari eragin eta besarkada batez estali zuen andrazkoaren barkamen eskea.

        — Barruan ikusi zaitut erakusleihoko zirrikitutik eta horregatik ausartu naiz deitzera.

        — Ongi etorria zara beti, Eusebia. Erdu barrura.

        Opari gisa bildutako paketetxoa eskaini zion. Alboko apalategietan zuen adikunea bizkitartean.

        — Tori, espero dut zure neurrikoak izatea. Ez nago ohituta gazteentzat arropa erosten.

        Eusebiak ekarritakoa zer zen susmatzen zuen arren, gurariaz zabaldu zuen kartoi koloretsuak iragartzen zituen zetazko kuleroak begien bistan gelditu arte.

        — Gura duzu probatzea, ikus dezazun zelan ematen didaten?

        — Faborez, Mentxu.

        Ordurako kaxatxotik atereak zeuzkan kuleroei tira eta tira aritu zen gerriko gomaren aldetik. Maitekiro besarkatu zuen Mentxuk.

        — Mila esker, seguru ederto dauzkadala —murmurikatu zion belarrian, eta musua eman zion lokian—. Gura duzu kafe bat? Botika apur bat beranduago zabalduta ere...

        — Ez du ardura, banoa laster batean.

        — Zelan bizkarreko oinazeak?

        — Ohartuko zinen, orain ez naiz hain konkortuta ibiltzen. Zuk esan baino lehenago hasi nintzen hobekuntza nabaritzen. Botika ilun hau baino zerbait hobea merezi zenuke.

        — Ederto bizi naiz hemen.

        Bat-batean Eusebiaren betarteak gai aldaketa iragarri zion. Mentxuk ere kopeta zimurtu zuen, eta bestearen begi iheslariek indartzen zuten ezinegonari irtenbidea bilatu zion.

        — Zer da? Zerbait jazo da?

        — Zure aita. Gaixo dago. Amaren mandatua daukat zuretzat, espreski eskatu dit zuri abisatzeko.

        Mentxuk paretaren luzean etzan zuen bizkarra eta distantzia apur bat hartuta besoak gurutzatu zituen.

        — Etxean dago baina ez oso kontziente. Badakizu zelako botikak ematen dituzten horrelakoetan. Ospitaleko gela bihurtu dute haren ohe ingurua. Hilabete gutxiko kontua izango da antza. Aste batzuetakoa beharbada.

        Inoizko moltso tristeenetakoa bildu zitzaion kolkora, huts egindako gomutez eta usteldutako desirez kateaturikoa.

        — Juan neba etorria da etxera —esan zion Eusebiak.

        Mentxuk ironiaz egin zion barre bere buruari. Familiako arkitektoa Madrildik etorria, eta hain hurre bizi zen alaba botikariak ezin aita lagundu.

        — Amak esan dizu neu agertzea gura duen?

        — Bai.

        Amildutako begiradak adierazi zion ezezkoa, hobe zuela Nerbioiaz bestaldera ez egitea.

        — Esan egiozu amari asko estimatuko nukeela berarekin behintzat egon ahal izango banu —keinukera zantarrez bere buruari adierazi zion esakunea txarto aukeratu zuela, eta aurrekoa zuzendu guran hurreratu zitzaion—: Eusebia, esango diozu berarekin egon gura dudala?

        Negar ezti nasaiak isuri zituen Eusebiak, poltsotik eskuratutako musuzapi zuriaz txukatu zituenak. "Esango diot, esango diot", xuxurlatu zuen andrazkoak, eta Mentxu haren eskuak bere paparrean bildu arterainoko distantzia estuan gerturatu zitzaion. Kristal hotsa entzun zen atarte aldetik, eta hirugarren pertsona baten presentzia hurrekoegiak intziriak eten eta sudurtzuloak zintzatzea eragin zion Eusebiari.

        Ustezko bezeroari berehalakoan kasu egingo ziola goratu zuen Mentxuk aldarria, eta eskerrak eman zizkion Eusebiari besterako kontsolamendu berbarik bururatu ezinean. Botika eta ostatua lotzen zituen atera lagundu, eta telefono azpian zegoen aulkian jesarri eragin zion.

        — Itxaron hemen. Segituan naiz.

        Botikako atea zabalduta gaztetxo ezezagun bat azaldu zitzaion, ea jaietako eskuliburuan iragarkirik ipini gura ote zuen galdezka. Itxaroteko eskatu zion eta denda zabalik zegoelako adierazle ziren eragiketa guztiak egin zituen: errotulutxoa itzulbiratu, pertsianak jaso, eta erakusleihoko argitxoak isiotu. Iragarkien salneurriez itaunduta papertxoa eman zion gaztetxoak. Pentsatu egingo zuela erantzun zion Mentxuk, handik astebetera pasatzeko berriz. Ia segidan sartutako bezero bati esparadrapo kaxa bat kobratu ondoren ostatuko korridorera itzuli zen.

        — Komuna hor aurrean da, ezta? —itaundu zuen Eusebiak.

        Mentxu haren zain jesarri zen libre utzi berriko aulkian. Telefonoak jo zuen buru gainean eta bigarren tinbre-hotsaren aurretik erantzun zuen Mentxuk. Santos zen, zortziak aldera agertuko zela. Adostasunezko agurraz telefonoa gakoan eskegi ostean Eusebia bazetorren matrailetako azken ur-bustidurak eskuaren atzealdeaz sikatuz. Kaleraino lagundu zuen.

        Botikaostetik besaulki moduko jesarleku malgua eroan zuen mostradore ingurura, arratsalde hartarako lagungarria izango zitzaiolakoan. Egunkaria tolestu eta aulkian luzatu zituen lepo-sorbaldak sabaiari so. Gogor egin behar izan zion bere buruari arratsaldean agertutako bezeroek agintzen ziotena baino alaitasun gehixeagoz kasu egiteko.

        Agindutako orduan azaldu zen Santos. Gerriaz bultzatu zuen atea, eskuak zurezko bilgu handi batekin hartuak zeuzkan eta. Biltegira joan ziren elkarrekin.

        — Gaur goizaldean ipini ditut antena eta kableak —lurrean utzitako kaxaren goikoaldea irekita ikus zitezkeen tresna metalikoak seinalatu zizkion—. Zure gelan instalatuko dut, ezta?

        — Bai, libratu dizut horretarako mahaia. Bakarrik moldatuko zara?

        Baiezkoarena egin zuen Santosek eta zegoen lekutik mugitu barik kokorikatu zen.

        — Berba egin duzu Joselurekin?

        Mentxuren galderak ez zuen irribarre hotz baten erantzuna baino jaso. Apur bat pentsatu ostean, Santosek:

        — Biharkoari ez diot batere itxura onik hartzen. Ez daukat horretarako arrazoirik, baina... hala da.

        — Ez daukazu zertan kezkaturik. Ikusiko duzu, Joseluk ere primeran egingo du berea.

        — Fidatzea beste erremediorik ez daukat. Baina arrisku handiegia hartu dugula iruditzen zait.

        Kaxa barruko edukiak miatzeari ekin zion Mentxuk. Estalkia ostera itxi eta ahurkada jo zion gainean. Hura aurrera egiteko seinale legez, zama berriro goratu zuen Santosek. Aterako bidean esan zion:

        — Zuk ere ez duzu oso pozik ematen.

        — Ez da horregatik baina. Aita larri dagoela esan didate gaur, ez dela luzaro biziko.

        Santosi besoartean zeukanak entzun berriko albistearen aurreko erreakzio ganorazkoa eragotzi ote zion ematen zuen. Kokotsa kulunkatu zuen ez aurrera ez atzera iraun zuen denboraz, Mentxu hurreratu eta kartoiaren albo batean abian jartzeko seinalearen moduko kolpetxoak jo zizkion arte.