Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—3—

 

Ostiral eguerdia zen Madrilen, giroa epel eta lehorregi zen urtarorako. Erdialdeko hotel erdipurdiko baten atetik kanpora abiatu zenean gasolina erreaz plei-plei kutsatutako aire-bafada bat arnastu zuen, begibistako plazeraz. Epeltasunak kilika apur bat egiten zion oin eta besoen muturretan Petronio komisarioari, bestela, neguko hotzaren erdian batez ere, mortu bezala izaten zituenak. Giroa plazent aurkiturik, metroko lehen ahoan sartu gabe, pixka batean ibili egin zen jendetzaren artean, ibiltzearen gozamen hutsarengatik. Katuen hiriak zainak biziagotzen zizkion. Madril zen ezagutzen zuen mistifikaziorik perfektoena, begien aurrean bere burua justifikatu beharrik ez duen asmazio itzela. Patriarik ederrena; patria bat beti da asmazio bat, baina ez da perfektoa harik eta asmazio bat dela inori begitantzen ez zaion arte. Oroimena beti da motza, eta mistifikazioak, aldiz, zain sakonak ditu; hortaz, urte luzeak, ankerkeria neurri bat, jakinduria handia eta magia behar zen, patria bat metekoz osatu ahal izateko, hautsaz gurbitz bat osatzeko, keaz hartz sendo bat haragiztatzeko. Madril ez zen bakarrik lehen trajea ebakiarazi zuen plaza, edo eta Teran-eko toreroen koadriletakoen tertuliak; bazen, probintziako desterrutik datorrenarentzat, batez ere, aterpearen goxotasuna, erroaren indarra, urruntasunak ederbegiagotzen duen dama, itzulera beti posiblea delako itxaropena. Itakaren sentimendu honek El Niño del Netol-en irudi lausotua indar biziz irudikarazi zion. Non egongo zen. Hilik behar zuen, noski, El Niño del Netol-ek.

        Ibiltzen nekatu zelarik, metroan sartzea pentsatu zuen, baina ordu hartan jende asko ibiliko zela eta trajea zimurtuko ziotela iritzirik, taxi bat gelditu eta Chamartinetik gertuko helbide bat eskatu zion. Ez zion apenas hitzik zuzendu, ez kasu gehiegirik egin taxista berritsuari, eta helbidera hurbildu ahala kezka-doinuaren lehen notak gehitu zitzaizkion sentsazio-entsalada ordurarte goxoari. Taxia geratu zenean, oroimen atseginak alde batera utzirik, urduri ez baina atezuan zegoen; jakin bazekien, pisu hartara joateko esan ziotenetik jakin ere, aparteko zerbait eskatu behar ziotela. Oso gauza larria ez bazen Barne Ministerioak ez zuen nahi izaten pisu hartatik edozein pasatzerik. Etxea inguru hartako besteak bezalakoa zen. Nahikoa alde egoitiarra zen hura. Eraikuntzak ez ziren sobera handiak eta launako multzoetan elkartzen ziren, multzo bakoitzaren erdian berdegune txikia, banku batzuk eta txirrista zeudela. Etxe multzo bateko atarian dei egin zuen eta segundu batzuen buruan laugarren pisuko atearen aurrean zen. Atea ireki ziona bere adineko gizasemea zen. Serio agurtu zion, baina bostekoa emateko moduan eta elkarren besoen gainean emaniko txalokada amultsuan aspaldiko adiskideak zirela ageri zen. Leiho handia pertsiana batez erdi estalirik zeukan gela batera eraman zuen. Moketa urdinarre batek janzten zuen gelako zolua, non mahai handia, zortzi aulki birakari eta barruko landare koxkorra baizik ez zen. Aulkietan hiru gizon korbatadun eta serio zeuden eseririk. Banan-banan bostekoa eman zien, atea ireki zionak aurkezpenak egiten zituelarik. Ondoren gela hartako atea itxi zen, eta ordu bete beranduago arte ez zen berriro ireki, hiru korbatadunek zeharkatu eta pisutik alde egin zezaten.

        — Dena garbi, beraz.

        — Iturriko ura bezain garbi —erantzun zuen Petroniok, buruaz baiezkoa eginez. Aurpegia pisuan sartu baino ilunago zuen—. Gauzatxo bat bakarrik; ulertu dudanez, ez zineten zuek Juandeaburreren jauretxeko lapurreta egitea agindu zenutenak.

        — Ezerk pentsarazi al zizun besterik? —Petroniok edozer esan nahi ahal zuen keinu batez erantzun zuen—. Etorri —beti ere atea ireki zion gizon bera zen hitz egiten ziona—. Tresneria berria erakutsi behar dizut. Pena merezi du eta.

        Bi gizonak beste gela batean sartu ziren. Bigarren gela hau lehena bezalakoa zen azaleraz, baina oso bestelakoa itxuraz. Paretak grabagailuz, ekualizadorez eta Petroniok ezagutzen ez zituen beste hainbat tresnaz horniturik zeuden. Tresna guztiak paneletan txertaturik zeuden, eta pareta aurreko mahaitxoetan ordenagailuak eta inprimagailuak ageri ziren. Neska gazte bat ordenagailu baten aurrean zegoen eseririk, transkripzioak egiteko ekipo baten belarritakoak jarririk, teklatuari eraginez. Etorri berriak sentitu zituenean belarritakoak kendu eta irribarretsu agurtu zien.

        — Erakutsiozu gure lagunari zer transkribatzen ari zaren.

        Neskak panel bateko botoi batzuk sakatu zituen. Hainbat tresnen tripetatik zetozen firrinda elektriko batzuk entzun ahal izan ziren, eta laster grabagailu bateko zinta bat jiraka hasi zen. Orduan entzun ahal izan zen, garbikiro, hizketan ari zena gela hartan bertan bailegoen:

        Errusiarra zain daukazu, beti bezala. Eta alemaniarra etorri da.

        — Errusiarra? Esaiozu txoropito horri astelehenean hartuko dudala.

        — Barkatu, ministro, badakit presaturik zaudena; errusiarra ez bada, Hoffman behintzat ikusi behar duzula uste dut. Gaur gauean itzuli behar du Alemaniara.

        — Tira, esaiozu sartzeko... Jorge, zenbat denbora da nire idazkaria zarela?

        — Lau urte.

        — Jorge, Jorge... Zure adinean, zure gaitasunarekin, eta oraindik ministroaren idazkari. Konpondu beharrekoa da hori...

        — Sartuko al da?

        — Horixe, horixe...

        Gizonak esku-keinu batez agindu bat eman eta neska irribarberak grabazioa eten zuen. «Ministro» izendatutakoaren ahotsean premia, ezinegona islatzen zen, hasierako esaldietan bederen. Jorgeren tonua lehorra zen, emoziorik gabea. Bukaera aldera Ministro deitutakoaren ahotsa amiñi bat bilakatzen zen, ezinegonari ironia eta ankerkeriazko printzak gaineratuz, edo hala iruditu zitzaion Petronioren entzumen finari. Bere begietan ahoskatu gabeko itaun bat zetzan.

        — Bata Kultur Ministroa da. Bestea, Jorge, bere idazkaria. Ostiral batean dago grabatuta. Ministroa presaturik zen, Partiduko bilera garrantzitsu bat zeukala utzi zuen esana, baina jakin ahal izan dugunez Elsa izeneko neska batekin egina zeukan zita asteburua pasatzeko. Kultur Ministroak neskatoak maite ditu.

        Eta nork ez, pentsatu zuen Petroniok, txiste lodi samarra gaineratzeko prest; baina ezer esan baino lehen bere begiek transkriptorearenekin egin zuten topo, eta isildu egin zen. Bere iloba izaten ahal zen. Biak bakarrik egotera, lagunari egingo ziokeen broma, konfiantza-maila bera merezi ez zuen beste baten aurrean ez, ordea. Horren ordez, beste hau esan zuen:

        — Zertaz ari dira?

        — Aipatzen duen alemaniarra Klaus Matheus Hoffman da, Alemaniako Kultur Ministerioko funtzionaria. Liburu zaharretan daukaten espezialistarik onena. Gure liburuari buruzko txostena eskatu zitzaion.

        — Eta errusiarra?

        — Errusiarra... —gizonari sino maltzurra ezpainetaratu zitzaion—, errusiarra Florencio Juandeaburre bera da.

        — Kabroi halakoa. Zerbait izango duzue pentsatuta harentzat ere, noski.

        — Pentsatu... —Petronioren solaskideak sorbaldak uzkurtu zituen—. Putakumea desagertu egin da. Bilatzen ari gara, haatik. Aurkitu egingo dugu. Gainera ez du inporta. Lehen edo beranduago atera egin beharko da, mundu zabalean denik eta ezkutalekurik hoberenean egonik ere. Baina aurrerago mintzatuko gara Juandeaburrez. Orain hobe dugu Hoffmani buruz aritzea. Kultur Ministroak liburuari buruzko txostena eskatu zion. Liburua autentikoa ote zen esan zezan, alegia. Damurik, ez dugu oraindik txostena eskuratu. Baina grabazio honetan bertan entzuten ahal dena dela eta, ez da zaila ondoriorik ateratzea.

        — Hoffman hau ikertu duzue?

        — Jakina. Ezer berezirik ez. Judutarren gorpuzkiekin egindako xaboiaz aberastutako familia bateko semea. Beste saltxitxajale handiuste horietako bat. Zuk baduzu ezer xaboia egiten aberastu direnen kontra?

        — Ezertxo ere ez.

        — Banekien ba. Entzun, entzun ezazu.

        Neskari beste keinu bat egin zion eta honek, berriro, zenbait botoi sakatu zituen. Lehengo hots firrindariak entzun ziren eta ondoren, ostera ere, ministroaren bulegoan grabaturiko elkarrizketa entzun zen, argi eta garbi:

        Eta? —ministroa zen.

        Hor daukazu txostena. Hor dago dena —esan zuen beste ahots batek, Hoffman horrena, ezbairik gabe.

        Lehendakaria berantetsi egingo da. Nire zain dago —horrek, nonbait, «presaturik nabil» edo antzeko zerbait esatea beste balio behar zuen. Petroniok baloratu zuen ministroaren gezurra esateko gaitasuna, estiloa; dotore iruditu zitzaion, baina ez oso sinesgarria.

        Zer nahi duzu esatea? Gehiago aztertu beharko nuke kontua; alegia, emaitzak ez dira behin-betikoak —Hoffmanek etenaldi txiki bat egin zuen, esatekoa zer tenorez adieraziko zuen pentsatzeko edo—. Hau da, El Prado-ko laborategia bikaina da, oso egokia eta aurreratua, baina margoak aztertzeko bakarrik... Ondorio behin-betikoak eta ehunetik ehun fidagarrietara iristeko zatiki-azeleratzailea beharko genuke.

        Eta honek esan nahi du...? —Ministroak zalantza izpi batez.

        Honek esan nahi du aztergaia berriz erabili behar izatea: lagin berriak, proba berriak... Florentzian badute zatiki-azeleratzaile bat, berariz prestaturikoa horretarako, Louvren ere bai... Alemanian ere moldatuko ginateke batera edo bestera. Zuk ikusi. Edonola ere, eta laburbilduz, nire ustez, aferaren nondik norakoa ongi ulertu badut, arazo bat daukazue.

        Hoffman laguna, arazorik ez banu ez nintzatekeen ministroa, eta zu ez zintudan kontratatuko eni aholkuak eman beharrez.

        Oraingoan Petronioren lagunak berak eten zuen grabazioa. Hasperen egin zuen.

        — Hasi haiz ulertzen, ezta?

        — Gutxi gora behera.

        Baina konturatzen zen ematen ari zitzaion informazio zatikatuaren helburuetako bat berak jakin zezan zen bezala, jakiteko guztia ez zezan jakin ere bazela.