Liztor mutanteak
Liztor mutanteak
2022, narrazioa
144 orrialde
978-84-17051-88-4
Azala: Lander Garro
Santi Leoné
1972, Iruñea
 
 

 

Sekretuak

 

 

Haurra poliki goititu du sehaskatik. Esku bat buru azpitik sartua, eta bertzea ipurdi azpitik —titia emandakoan, pixoihala aldatu beharko diola pentsatu du Susanak—, beregana ekarri du ninia; ezkerreko bularretik nabarmen gusturago edaten duen arren, eskuinekora eraman du lehendabizi, port-a-cath-a eskuineko aldean baitu umetxoak, lepauztai eta bular artean dagoen tartean hain zuzen ere, eta horrela libre gelditzen da haren gorpuzñoari isurkariren bat —suero fisiologikoa, zenbaitetan; kimioterapiaren sua, bertzeetan— etengabe ponpatzen dion tutua. Haurren baten negarra edo gurasoren baten eztula bertzerik ez da aditzen tenore horretan ospitalean.

      Ninia ezkerreko titiburuan paratzean, berriz, kasu eman behar izaten du beti, haren eskuak bere bularretik makina ponpatzaileraino doan kable horrekin jostetan has ez daitezen. Baina, edozein posturatan, beti dago arriskua Susanak lurrean sigi-saga doan tutua hankapean harrapatu eta, lokartutako ninia berriz sehaskan uzteko asmoz zutitzean, hura tenkatu eta port-a-cathetik erauzteko. Ez da, halere, aise gertatuko den zerbait. Ez da, erran nahi baita, aise bertze behin gertatuko den zerbait. Susanak ez zituen erizainak deitu behar izan, hain ozenki ari zen garrasika semea, xo, xo, pollita, amarekin zaude; trankil, Beñat, istantean dira hemen erizainak, segidan heldu dira, xo, xo, maitea, ninia besoetan bere gorputzaren kontra estutzen zuela. Baina Beñat ez zen isiltzen, eta goizeko hirurak ziren eta bera bakarrik zegoen ospitaleko gela hartan, artean ez zekiela zenbaterainokoa zen nahi gabe eragindako zera hura, desastrea, bai, desastre hura.

      Mina zuen hartua Beñatek, eta sustoa; horretaz aparte, deus ez. Hala azaldu zioten erizainek, zeren, zorionez, sueroa ari baitzen ponpatzen makina orratza erauzia izan zen unean, eta ez zela, hortaz, larria. Kimioa ponpatzen ari izan balitz, orduan diferentea izanen zen. Orduan bai, komeriak.

      Erizainek alde egin eta haurra lasaitutakoan, Landerri deitu zion lehendabizi. Luze utzi zion telefonoari etxean jotzera; luze, bere burua prestatzeko istripuaren eta sustoaren berri negarrik egin gabe eman ahal izateko; luze, baina hark erantzun ez. Hirugarren saioaren ondotik, ahizpari deitu zion gertatutakoa kontatzeko. Beñatekin gertatutakoa alegia, ez Landerrekin.

      Landerri berari biharamunean eman zion istripuaren berri; ez, ordea, sentitutako babesgabetasunaren berri. Deitu ziola ere erran zion, betiere aipatu gabe hiru saio egin zituela eta hiruretan luze egin ziola kontu telefonoari eskuan, belarriari atxikia, etsitu eta eskegi baino lehen. Susanak erabili zuen tonuak inolako azalpenik eskatzen aritzearen sentsazioa arruntean lekutu nahi bazuen ere, Landerrek berehala erantzun zion bezperan ez zela lokartzen ahal eta bi somnifero hartuta joan zela ohatzera. Horregatik ez zuen deirik aditu. Horregatik ailegatua zen berandu egun horretan ere. Landerren estiloa. Azalpen bakarrarekin bi kontu garbitu.

      Baina oraingoan ez zaio aise gertatuko. Orain goxo-goxo ari da amaren bularrean, bere gustukoena ez den horretan. Susanak musu eman dio kopetan, eta makinaren bip erritmikoa bertzerik aditzen ez den gelan eroso jartzen saiatu da, egunsentirako zenbat falta den kalkulatzen duen bitartean, zenbat Lander berandu etortzeko eta komunera behingoz joan ahal izateko.

 

 

Bigarren bueltan aparkatu du Landerrek. Gaur euria ari duenez, ez dabil errumaniarrik toki hutsak non diren seinalatzen, eta ospitaleko atetik atal urrunenean harrapatu du autoa non utzi. Maiteren etxetik berandu abiatu ondotik, hori bertzerik ez zuen behar.

      Bart gauean bakar aldiz errana dio maitaleari lo egin behar zuela, biharamunean goizkara jaiki behar zuela baitezpada, baina hark kasurik egin ez eta solasean segitzen zuen, gero berriz jostetan hasteko. Landerrek amore ematen zuen, eta, kontzientzia txarrak ausiki egiten bazion, bere buruari kontatzen zion horrek guziak laguntzen ziola bere zoritxarra eramaten.

      Goizean ez du, beraz, iratzargailua aditu, eta nahi baino hogei minutu geroago abiatu da, tarrapataka. Eta Iruñea hain metropoli handia ez den arren, oraindik ez du Maiteren etxetik ospitalerainoko distantzia kalkulatzen ikasi; nahi zuen tenorean itzarri izan balitz ere, segur aski berdin-berdin ailegatuko zen berandu.

      Motorra itzali eta erlojuari begiratu dio. Zazpiak eta berrogei. Susanak zazpietarako etortzeko errana zion bezperan. Erregutua, errana baino gehiago. Alta bada, autotik atera eta ospitaleko sarrera aldera lasterka abiatu beharrean, bolante gainean bermatu ditu eskuak eta burua, eta negarrari eman dio. Negar egin du Beñatekin nahi eta ezin egin dituen gauzengatik; ezin egin dituen gauzengatik batez ere, nahiz eta burura etortzen zaizkion irudietan ahal bezain gogor saiatzen den semeari tokia egiten, uste baitu galdutako bizimoduak eginarazten dion negarretik kopururen bat aitortu behar diola umeari, azken batean Beñaten eritasunak bihurtzen baitu zilegi bere buruagatik sentitzen duen errukia; eta horretan bezain gogor saiatzen da Susana ikusteko gogorik batere ez duelako pentsamendua zokoratzen, baina gogo eskasia hori bere buruari ozenki aitortzera ausartu zen lehendabiziko alditik zaila egiten zaio barnean daraman arrakalari ezikusia egitea. Ez du ospitaleko gelako izerdi eta neke urrina aditzeko gogorik; ez du egun on, egin duzu lo? galdemodua egin ondotik emazteari musu arin aseptiko bat emateko gogorik; eginahalak egin behar izaten ditu gaua zer moduz? galdegiteko, beldur baita horrek bertze galdera bat ekarriko ote dion bueltan, eta gezurra erran beharko ote duen berriz ere, Susanak gauez deitu ziola gaztigatu zionean bezala; eginahalak egin behar izaten ditu horratik isilik ez egoteko, elkarrekin ateratzen hasi zirenekoa bezain isiltasun deserosoa sortzen baita berehala, baina ordukoa baino astunagoa eta etorkizuneko promesik gabea. Emaztea orain utziko balu, orain, egoera honetan, ziur dago erruak jan eginen lukeela. Gaueko askatasunaren ordainetan, hobe egunez ospitaleko gela hartan gelditzea, franko arrotz bilakatu zaion emazteki horren ondoan.

      Tarteka, bertzalde, Beñat besoetan hartzen du; goxotasun handia sentitzen du gorpuzño hori berearen kontra estutu eta haren hazpegiak arretaz aztertzen dituelarik, orduan aurkitzen baitu objektu egokia Susanari altxatzen dizkion sekretu guziak, Susanari erraten dizkion gezur guziak, Susanari egiten dizkion traizio guziak justifikatzeko balio duen pena mugagabeak.

      Bi minuturen buruan, burua bolantetik goratu eta zintz egin du Landerrek. Eritasunaren berri izan zuten egunean, Susanak proposatuta adostu zuten ez zutela inoiz haurraren aitzinean negarrik eginen. Landerrek uste du hark dutxan askatzen dituela malkoak, edo ospitaleko gosari bakartietan, jende aitzineko lotsa une batez atzenduta, gelan bera Beñatekin bakarrik gelditzen den bitartean. Ez daki seguru.

      Malkoak idortutakoan, ispiluan ziurtatu du begiak gorrituak dituela oraindik. Gero autotik jautsi eta ospitale aldera hasi da ibiltzen.

 

 

Berberetxoen urrina adituko zuela erran zioten. Hori baino lehen, gogorra izanen zela erran zioten. Normalean dena ongi ateratzen zela ere bai. Gaztigatu behar ziotela, halere, hiltzeko arriskua ere bazela. Ehuneko bortzekoa. Susanak ez zekien ehuneko hori handia ote zen kalkulatzen. Segun zein aldetan erortzen zaren, pentsatu zuen. Gero, xehetasun horien guzien ondotik, giroa arintzeko edo, berberetxoen usainarena erran zioten. Alegia, zelula amen transplantea egin ondoko egunetan eriaren gorputzak berberetxoen urrina jariatzen zuela. Horregatik daki identifikatzen orain, Madrilgo Niño Jesus ospitaleko bakartze gela honetan, nini urrinik ez darion bere niniaren gorputzari darion urrin xelebre hori, berberetxoek zer-nolako itxura duten ere ez jakin arren.

      Ez zioten erran, ordea, transplantea egin eta bi egunera morfina paratu beharko ziotela zortzi hilabeteko haur pollitari, haren oinazeak arinduko bazituzten. Erran ez zioten bezala egunek aitzinera egin ahala Beñatek besoetan baizik ez zuela egon nahiko, besoetan titia hartzeko, besoetan lo egiteko, besoetan itzarria egoteko. Amaren besoetan. Edo Landerrenetan, hura sartzen zen tarteetan.

      Zeren, egia aitortzeko, gauza horiek guziak biei erran baitzizkieten, baina bertze behin ere Susanak irudipena izan zuen medikuak berari baizik ez ziola begiratzen transplantearen arriskuak eta gainerako azalpen guziak aletu bitartean.

      Negarrez hasi da Beñat, sehaskan utzita. Bortz minutu baizik ez du iraunen negar ahul baina horregatik are sarkorrago horrek. Bortz minutu bertzerik ez baitu Susanak beharko, bizkarreko mina pixka bat arindu bidenabarkoan, haurrari pixoihala aldatu eta hura berriz besoetan hartzeko, xo, xo, etorri pollit hori, etor zaitez amarekin.

      Mugimenduak mekanikoki egin bitartean —eskutako oihal bat hedatu, pixoihala laxatu, ipurdia garbitu, bertze pixoihal bat paratu—, gaur ere Lander puntual ailegatuko dela pentsatu du Susanak, Madrilen direnez geroztik hala jokatu baitu senarrak. Iruñean baino puntualago. Susanak bien artean sekreturik ez izatea hitzemanarazi zionetik igarri du aldea. Beñatengatik egin behar dutela bertze eginahal bat, Beñatek biak behar dituela, aita behar duela ondoan. Ez berak; Beñatek. Hondarreko parte horrek Lander mindu edo lasaitu ote zuen ez daki, baina harrezkeroztik zintzoago ibili da. Oraindik ez du hitzetan paratu Beñaten eritasunak beren harremana konpontzeko balio izan duelako intuizioa. Ezin ditu zerbaitetarako balio izan eta Beñaten eritasuna esaldi berean irudikatu.

      Haurrari trabarik egin gabe mugitu du ezkerreko eskua, zer ordu den ikusteko: fitekara etorriko da Lander. Joxerrarekin ari da orain bazkaltzen naski, ospitaleko jantokian. Umea haren besoetara aldatzea izanen da zailena, Beñat —konturatu da Susana, irribarre ttiki bat egiten duela— lokartu baita.

 

 

Bezperako futbol partidaz galdegin dio Joxerrak, baina Landerrek ez du horren berririk. Ez da inoiz sobera futbolzalea izan, eta ospitaleko bizimoduak ez du informatua izaten laguntzen. Madrilen gaueko hamaikak aldera itzultzen da haur onkologikoen familiei laguntzen dien elkarteak bilatu dion pisura, eta zazpietarako etortzen da berriz ospitalera. Eta eguna ospitalean ematen du, bakartze gelan batzuetan, Beñat besoetan duela eta hari morfina ponpatzen dion makina etengabe gorrotatzen duela, edo, gela horretarik kanpo, ospitaleko kafetegian. Bakarrik, edo Joxerrarekin, bertzenaz. Transplantea egin eta, horren ondorioz, bakartze gelara igorri aitzineko egunetan Joxerrarekin eta haren semearekin konpartitu zuten gela. Noizbehinka, Landerrek bere buruari galdegiten dio kasualitatea izan ote zen elkarrekin paratzea, edo biak “iparraldekoak” direlako juntatu ote zituzten.

      Segur aski futbolaren gaiak zirrara berezirik ez duela eragin ohartuta, gaur zergatik den besta bota du Joxerrak orain. Zer ospatzen den. Ospitaleko martxa normalean baino mantsoagoa doa, asots gutiago dago kafetegian, ez da kasik inorekin lehiatu behar kafe bat eskatzeko. Maiatzaren 2a da. Landerrek badaki zergatik den besta-eguna, baina ez du historia leziorik emateko gogorik.

      — Madrilgo zeozer da naski.

      Gustura dago Joxerrarekin. Gustuko du. Uste du on egin diola hura ezagutzeak: zazpi urte daramatza ospitalez ospitale, Juleni, semeari, bi urte zituelarik, leuzemia diagnostikatu ziotenetik. Erietxeetan egindako ibilbide luze horren ondorioz, bi esparrutara mugatzen da mutikoaren esperientzia osoa: mediku eta erizainen mundua, eta pspko jokoak. Tira, pintatzea ere gogoko du; kontent aritzen da bederen paperak zikintzen astean bitan gurasoek arnasa har dezaten etortzen diren boluntarioekin, eta harro erakusten dizkio gero marrazkiak aitari. Landerrek jakin nahi luke Beñaten eritasuna ere hainbertze luzatuko ote den, hura boluntario ezezagun batzuekin forma estrainioak koloreztatzen utzi ahal izateko adina. Baina, galdemodu horiek gorabehera, bai, Landerrek uste du on egiten diola Joxerraren konpainiak. Gela konpartitu zuten tenorean, Landerrek egunero aditu zion medikuari Joxerrari azaltzen, analisien emaitzak eskuan, umeak ez zuela hobera egiten, tratamenduarekin segitu beharko zutela. Haren egoerak lagundu dio bere pena arintzen. Hartara, aspaldi honetan bertze sentimendu bat gailendu zaio lehen sentitzen ohi zuen pena hari, hain zuzen ere Susanak sermoia bota eta elkarren artean sekreturik ez zela izanen promes eginarazi zionetik. Ez zela sekreturik izanen inposatu zionetik. Harrezkeroztik barnean dabilkion sentsazio desatsegin horri frustrazioa deitzen dio. Beren “egoerari” leporatzen dio frustrazio hori, haurra zaintzeagatik —gustura egiten duena, bertzenaz; ez da kexatzen— egin nahi lituzkeen gauza guziak, ezta gauza horien guzien ehuneko hamar ere, ezin egin izanari. Ez daki ehuneko hori handia ote den, baina sentimendu horrek estomakatik goiti egiten diolarik izugarri handia iduritzen zaio Landerri.

      Ez da ez amorrua, ez gorrotoa, ez itomena, nahiz eta frustrazioa deitzen dion sentimendu hori Susanaren konpainian dagoelarik jabetzen den beraz, nahiagoko balu bezala hark ere zer altxatua eta zer isildua izanen balu, hura ere erruduna balitz, egoeraren izenean justifikatuko lituzkeen bekatuak izanen balitu. Horregatik, orain emaztearekin inoiz baino gehiagotan izaten bada ere, haren ondoan delarik ez daki serio egoten bertzerik.

      — Uste dut norbait hil zutela hemen, maiatzaren 2an.

      Landerrek erlojuari begiratu dio. Hamar minutu ditu oraindik, bakartze gelara joan baino lehen.

      — Kafe bat behar dut. Zuk ere nahi duzu bat?

 

 

Julen gustuko du Susanak. Mingarria egiten zaio hidrokortisonak puztutako haren aurpegi eta sabelaren, eta mugimendu faltak atrofiatutako zango mehe-meheen arteko kontrastea; eta, aldi berean, kontraste horrek samurtasun uhin bat eragiten dio. Hori dela eta, bakartze gela gibelean utzitakoan, inorekin konpartitu behar ez zuten gela bat eman izanaz bezainbertze poztu zen ondoko gelan Julen zegoela ikusteaz.

      Joxerra ez dabil gelan. Landerrek kontatu dionaren arabera, Donostiara bueltatu da, orain Celia haren emaztearen txanda baita; sei hilabetetik sei hilabetera, edo lautik laura —Susanak ez daki seguru Landerrek zer erran dion, zenbaitetan ez dio kasu handirik egiten—, halaxe egiten baitute, bata etxera itzuli eta bertzea ospitalera. Oraingo honetako trantsizio garaian, amatxi etorri da. Ezin erran Joxerraren ama ote den, edo Celiarena, baina aski argi dago dagoeneko desesperatua dagoela: gaur goizean haurrak erabaki bide du ez duela gosaldu behar eta ez duela solasik egin behar. Susanak ezagutzen duenez geroztik ez da hori egiten duen lehendabiziko aldia, baina aitak bazekien kasketa bideratzen. Amatxi, ordea, bistan da biziki kezkatzen duela jateari uko egite horrek, eta bere onetik ateratzen duela Julenen isiltasunak.

      Lander Beñati mainak egiten ari zaiola konprobatuta, ondoko gelara sartu da Susana, etsipen aurpegia duen andreari konplizitate keinu bat egiten diola.

      — Egun on, Julen, zer moduz zaude? Gaur zeinen ongi amatxirekin, ezta?

      Mutikoak begietara begiratu dio, serio, ez duela amore eman behar adierazi nahian-edo.

      — Oroitzen zara nitaz, ezta? Beñaten ama naiz, elkarrekin egon ginen egun batzuk. Gero gu gela itsusi-itsusi batera igorri gintuzten, baina bueltan gara. Ondoko gelan. Ez da hau bezain pollita, ez pentsa.

      Susanak duda egin du hizkerarekin asmatzen ari ote den, ez ote den Julenen adinari dagokiona baino goxoago ari, hura berea bezain haur ttalla balitz bezala. Auskalo; asmatu ala ez, umearen bisaiak ez du zirkinik egin.

      — Zer? Gaur ez zaude goseak? Bada, arrunt gosari ona ekarri dizute. Nahiko nuke nik, bada, niretako horrelako gosari goxo bat. Ez bazara jatera animatzen, igual ebatsi eginen dizut, e?

      — ...

      — Aita joana da, baina orain ama etorriko zaizu, ezta? Ama ikusteko gogo handia izanen duzu, ezta? Amarekin primeran egonen zara, seguru naiz.

      — ...

      — Gero psparekin ariko zara pixka batean?

      — ...

      Paretari begiratu dio Susanak. Bezperan boluntarioekin margotutako marrazkia dago bi txintxetarekin itsatsia.

      — Ez baduzu gogorik, ez duzu nirekin mintzatu beharrik, e! Ni, egia errateko, marrazki hau ikustera etorri naiz. Hau koadro pollita. Egiazko artelana. Nork pintatu ote du? Nork egin duen jakin nahi nuke, benetako artista baita.

      Julenen ahotik ez da solasik atera, baina iduri luke hortzen zuriak aurpegia argitzen diola.

 

 

— Zoriona hau izan liteke —erran du Susanak.

      Landerrek ez du erantzun, ez baitaki esaldia berarendako edo bere buruarendako bota duen emazteak. Baina, esaldia melodramatikoegia iduritzen zaion arren, aitortu behar du arrazoi duela Susanak. Zoriona hori izan liteke, larunbat arratsaldean haurra beztitzea ez medikuarenera joateko, ez odola atera edo ekografia bat egin diezaioten ospitalera joateko, pasieran ibiltzera ateratzeko baizik. Hirurak elkarrekin aspaldiko partez, eta Madrildik etxera bueltatu zirenetik lehendabiziko aldiz.

      Hori zoriona izan liteke. Noizbait abiatzen badira, betiere. Komunean, goizean Landerrek gaizki tolestu dituen toallak ongi tolesteko beharra sentitu baitu Susanak, eta gero senarrak haurrari jantzi dion jertseari zimur batzuk leundu behar izan dizkio, eta gero berokia hobeki lotu dio.

      — Bueno, denak prest? Bagoaz? —erran du Landerrek.

      — Bai, oraintxe. Komunera joan behar dut lehendabizi. Barkatu. Berehala goaz.

      Hasperen egin eta, Beñat besoetan hartuta, telebista piztu du Landerrek. Emaztekia ez zaio ezaguna egin; gizona bai, ordea, gizona ikusi bezain fite ezagutu du. Iruñera etortzekoak zirela, Madrilera itzuli zen Joxerra Donostiatik, artean hiru egun ez baziren ere Celia han zela. Joxerra, hemen zara berriz, gogoan du Landerrek erran ziola, egun haietako adiskidea bertze behin ikusteak sortzen zion poz ergela ezin disimulatuz. Larrialdietara eraman dute, izan zen erantzuna.

      Telebistan, Gente ari dira ematen, kronika arrosa eta kronika beltza nahasten dituen saio bat. Ez du eginahal handirik egin behar izan zer heldu den igartzeko; gurasoek bertze bi haur izan zituzten, hezur-muin emaile egokia lortzeko itxaropenarekin edo baina Julenen gorputz txikiak ezin izan zuen presio hura guzia jasan esaldiak aditu gabe ere badaki zergatik diren saio hartan Joxerra eta Celia.

      Komuneko uraren asotsak ekarri du bueltan mundu honetara. Telebista mekanikoki itzali du, eta isilik gelditu da. Hiru segundo bertzerik ez dira izan. Gero, Susanak, eskuak garbitu ondotik, komuneko argia itzali eta atea nola hetsi duen aditzen duen bitartean, barnean pilatutako zera hori goiti heldu zaiola sentitu du Landerrek, eta, emazteak irribarrea aurpegian bueno, prest, goazen erraten diolarik oroitu da promes eginarazi ziola bien artean ez zela sekreturik izanen.

      — Lotu ongi Beñaten berokia, hoztuko da bertzenaz —erran dio.