Bihurguneko nasa
Bihurguneko nasa
2021, narrazioa
136 orrialde
978-84-17051-78-5
Azala: Xabier Gantzarain
Uxue Apaolaza
1981, Hernani
 
Bihurguneko nasa
2021, narrazioa
136 orrialde
978-84-17051-78-5
aurkibidea
 

 

Auto beltza

 

 

Bulego eremuak aktoreen zain dagoen dekoratu neurrigabea zirudien, edozer azal zitekeen Julian Camarillo kalean barrena: auto beltz bat, Jayne Mansfield (Hollywood´s smartest dumb blonde) senarraren hipergiharrez airean eutsita edo zaldun laukote bat Winchester banarekin. Nire pausoak baino ez nituen entzuten; larri horiek ere, kirol-zapatilek ez baitzuten nahikoa hots ateratzen. Zuriak ziren. Sintonian zeuden inguruko koloreekin: grisa, metala, harea, marroia, beltza, okrea, gorri ausarten bat. Lehor-lehorra nuen eztarria, ahaztu egin zitzaidan lanetik irten baino lehen ura edatea. Beroagatik ere izango zen. Zebra-bidea pasatzera nindoanean, lehenengoa, auto beltzak gelditu egin behar izan zuen. Lehen aldia balitz bezala jokatu nuen, baina arroxaz jantzita. Arroxa ez zegoen inguruko koloreekin sintonian.

      Zebra-bidea gurutzatu nuen, normal. Eskerrak eman nizkion gidariari eskuaz, normal. Dena normal egiteko aukera nuen oraindik. Begiak lurrera makurtu, eta aurrera, edo telefonoa atera, noizean behin gizon bat atzetik joatea normala delako. Zertarako eskandalu bat egin, zertarako ilea motots altu batean kardatu, arroxaz jantzi, plan bat ondu, burua galdu, zergatik beragatik burua galdu. Begiratu egin nion, hori litzateke normalena, hori egingo nukeen edonorekin, begiratu, gidariak laguntza behar balu edo, helbideren batera nola iritsi galdetzeko, adibidez. Bestela zertarako joan autoan hain mantso, pertsona ezezagun baten ondoan. Ez zuen laguntzarik behar, noski. Banekien, ikusten nuen hirugarren eguna zelako.

      Kea zerion sudurretik. Grisa. Haurra nintzenean txunditu egiten ninduen helduak hitz egin bitartean sudurretik kea zeriela ikusteak: sudurrak aireratu egin behar balu bezala, ilargira bidean; edo lurrunezko tren baten tximinia balitz bezala. Keak baino gehiago harritzen ninduen isiltasunak, bi-biek, espaziora aireratzeak eta tren bat mugitzeak, zarata handia egiten baitute. Zigarroa leihotik bota, eta irribarre egin zuen: nota jartzen ari zitzaidan. Ni berari ere bai. Elkarri begira. Zakilkagarritasun nota bera niri, arrisku nota ni berari. Eskua poltsikotik poltsara pasatu nuen. Txistu egiteko gogoa eduki behar nukeen, Kurt Savoyk bezala. Eta zigarro bat erretzekoa baino ez nuen. Hala ere, Mansfield barre bat egin nion —ez dakit entzun zuen, ikusi bai—, printzipioz plana hori zelako.

      Lotsatu egin nintzen. Hartzaile arrotzaren begiradak neutralizatuta geratu zen bezperako egunetan ereindako epika arroxa. Zaila izan zen gero oinez jarraitzea, nola ematen zaio jarraipena Mansfield barre bati testuinguru horretan. Ez nuen aurreikusi. Itxuraz, dena normal zihoan, pertsekuzio motel bat gehiago, zirkulazio arauen abiaduran. Kamera geldo efektua zuen. Pausoak eman, ematen ari nintzen, baina geldi nengoela zirudien. Nire bat-bateko barreak normala zirudien. Ez zen mespretxuzko algara izan, ez nuen kokotsa goratu, ezta hatz luzeaz keinu zakarrik egin ere, ez nintzen pauso ziurrez autora hurbildu, atea ireki, plaka erakutsi, “Olivia Benson inspektorea, Biktima Berezien Unitatekoa”, “itzali motorra”, “irten, mantso, eskuak bistan”, autoaren aurka bultzatu, eta eskuburdinak jarri belarri ertzera bere “eskubideak” errezitatzen (aebn bizi bagina lituzkeenak). “Zer ari zara, eroa! Nik ez dut ezer egin!”. Inoiz ez dute ezer egin.

      Arroxaz jantzita ez nirudien Olivia Benson oso sinesgarria. Baina nire garunaren alderdi inkontzienteena planarekin lerrokatuta zegoen beharbada: Googlen klik gutxi behar dira Bensonetik arroxara iristeko. Jauregi arroxa batean hezi zuen amak, bihotz itxurako tximinia, bainuontzia eta igerilekua zituen, eta hartz baten gorpuzkiak alfonbratzat. Klik, Jayne Mansfield, klik, Pink Palace. Epika errazagoa zen testuinguruz kanpo, pijaman, denboraren linealtasunaz libre, klik, Munduko pigmenturik arroxena. Mundu guztiari gustatzen zaio arroxa, niri ere bai, arroxa da nire kolore kuttuna (inork ez ninduke arroxarekin lotuko, ez dirudit batere arroxa; ez dirudit gustatzen zaidan ezer), klik, eta ebidentzia hori onartzeak joritasun askatzaile batean murgildu ninduen, obsesioaren adrenalinaz blai. Klik, La vie en rose: una mirada a la historia del color rosa. Klik, Degasen dantzari arroxak. Klik, Pantera Arrosa. Klik, shocking pink.

      Tabako paketea eta metxeroa laztandu nituen rastroan erositako soineko loredunaren poltsikoan. Corte Sofia. Biluzik nengoen; armadura soinean atera nintzen etxetik, eta orain guztiz agerian nengoen, kolorez aldatu gabe. Bigarren zebra-bidera ia aldi berean iritsi ginen, ni lehentxeago, eta berriro pasatu nintzen bere aurretik. Orro egin zidan motorrarekin bide erdira iritsi nintzenean; xix. mendeko teknologia, piropo primarioenak berreskuratzeko tresna. Ihes-hoditik irten bezain laster hasi zen desegiten kezko hodei zuria. Isiltasunak lodiagoa zirudien zarataren ondoren, zeruz inguratuta. Gogaituta nengoen jada (plana prestatzen hain zoriontsua izan ondoren, klik, Kanarietako kukurutxa), kosta egiten zitzaidan gizon haren presentzia kontuan hartzea. Langile babesgabea nintzen, bai, bakarrik maketa huts batean barrena; baina zortzi orduz lan egin ondoren. Zortzi orduz hainbat katetako albistegiak, tertuliak, magazinak… ikus-entzuten eta idatziz laburtzen; alegia, adi entzuten. Eta erre gabe; ez nintzen ausartu zigarroa piztu eta eztarriko idortasuna ketzera. Horrelako lanaldi batek ordu askotarako deserrotzen zaitu, zekakadena agresibo bat oldartzen da garun osoan. Joder, amaitu dadila. Elkarren ondoan abiatu ginen San Romualdo kalean gora, Alcala kalerantz. Hara iristea izaten da helburua, han ikusezintzen gara jendartean eta auto artean. Pentsatu nuen han zerbait egongo zela irekita (ez zen bulego kalea), eta lortuko nuela likidoren bat (Madrilen ez dago ia iturri publikorik), eta erre ahal izango nuela zigarro bat, azkenean.

      Berak ez dauka amaitzeko presarik, hori da mehatxuetako bat. Igande pasak dira ala astegunetan ere ibiltzen da neskak izutzen? Jarduera hau bere buruko agendaren batean izango du? Adibidez, norbaitek hitzordu bat proposatzen badio igande arratsalde baterako, esango dio, “ados, baina seietan alde egin behar dut”?, edo “tira, ba sei eta erdiak aldera, seietan egiteko bat daukat”? Bere aisialdia horrelako ego-puzteetan pasatuko du? Bulego ibilbide bat izango du diseinatuta? Neskak bakarrik harrapa ditzakeen puntuen mapa bat izango du bere logelako horman, alderik alde? Positak puntu bakoitzera noiz joan gogorarazteko? Prostitutak etorri zitzaizkidan gogora. Zergatik ez diogu batere beldurrik ematen? Ez da ezkutatzen. Irrigarria ni nintzen, ez bere antzezpena, bere antzezpena arrunta zen. Nire ironiak niretzat baino ez zuen funtzionatzen.

      Erneago egon behar nuen. Guardia guztiz jaitsia nuen hamazazpi urte nituenerako; adin horretarako nahikoa taberna ibili badituzu, gizonen portaera primarioei buruzko ikastaro trinkoena egin duzu (ados, masterra), tabernez kanpoko mundu antzezturako ere baliagarria. Ikastaroa 90eko hamarkadako Hernaniko sagardotegi garaian bazen, puntako aditua zara. Segundo gutxiko errore marjinaz asma dezakezu guapatik zorrarako bilakaera, eta horrek nolabaiteko segurtasun/kontrol sentsazioa sortzen du. Eta beldurra entrenatu egin behar da, ez guztiz galdu, zaila baita asmatzen zorra horrek (ixo, zorra; kontuz etxerako bidean, zorra; horrela gustatzen zaizu, zorra?; hil egingo zaitut, zorra...) zer forma hartuko duen. Hainbeste ohartarazpen, hainbeste otso, beldurtu ordez azala gogortu ziguten agian. Baina egia da, batzuetan, tontoen arriskuaz ahazten garela. Noiz ohartuko nintzateke arriskuan nengoela? Zeren arriskuan? Noiz gauzatu da arriskua? Zergatik ez lehenago? Klik, Poppy, Am I okay?

      Bigarren aldiz ikusi nuenean, joder, ea azkar iristen naizen Alcalara, pentsatu nuen gehiegi zela tipo hark gure txanden berri izatea, eta nireak bilatzeko lana hartu izana, eta egun horietan etortzeaz gogoratzea… Igandeetan, zortzi bat pertsona egoten gara denera ordenagailu itsaso hartan. Maketa bat dirudi bulegoak ere, dena bistan, ia hormarik gabe. Ez zaigu maiz tokatzen igandez lan egin beharra. Jakingo al du berak nesken aurpegiak errepikatu egiten direla? Hiriko beste punturen batean ezagutuko al gintuzke guk bera bereizten dugun moduan, “aurreko bera da”? Edozein neska zen baliagarria gizon haren ego-puzte ariketarako. Langile egarritu bat, bakarrik, maketa huts hartan. Beraz, nire lankideek ere pasatu dute trantzea, baina gauza hauek ahaztu egiten zaizkigu hurrengo egunerako, behin edo kontatzen ditugu, momentuan, etxera iritsitakoan, adibidez, gero garunaren zokoren batean geratzen dira, ordea, eztabaidaren batean adibideak behar ditugunerako. Gu beretzat baino garrantzitsuagoa zen bera guretzat, zer esanik ez niretzat. Berez, beretzat jantzi nintzen. Eta, berez, gerlari arroxa itxura eduki behar nuke, baina tipoak film batean kokatu behar izan banindu, Justin Timberlake topera jarrita etxea garbitzen ari den milf baten paperean jarriko ninduke. Mansfield ere, bere ironia guztia soinean, serio hartzerik merezi ez duen pertsona erridikulua da (ilebeltz diskretuago bat da gizonaren saria) Cary Granten begiradapean (horregatik izan behar du erridikuluak sublimea guretzat), Kiss them for me filmean. Ez ziren film osoan arroxaz janzten ausartu. Gogoratu nintzan nenbilen arroxaz jantzita? Epikak publikoa behar du, publiko aurretik bideratua, eta nik ez nuen.

      Autoa nire parean, nire abiaduran zihoan. Errei batek banantzen gintuen. Eskerrak, pentsatu nuen hiru aldietan. Ez zen beldurra (eta behar luke, Alcasser belaunaldia gara, artean hala izendatzen ez banekien ere, Barjola azaldu zen arte), nagikeria zen. Abiadura azkartu, eta ni baino metro batzuk aurrerago gelditu zen: beste autorik ez zetorrenez, egin zezakeen, errepide erdian. Hori ez zuen egin aurreko aldietan. Geldi geunden, baita porlanezko isiltasuna eta nire neuronak ere. Ez nintzen ohartu hizketan noiz hasi zen, oihuka hobe esanda; bere ahotsa belarrietan atzamarka sumatu nuen bat-batean: errepertorio klasikoa zerabilen, ustez eskandalagarria, aspergarria nerabezaroa sagardotegi garaiz josita duen Olivia Benson batentzat. Irribarrea atera zitzaidan, Jayne Mansfield ibilera eta lentejuelazko soineko baten nostalgia. Biratu eta aldapan behera abiatu nintzen. Erraz eman zezakeen buelta berak ere, errepidea hutsik, ez zukeen istripurik eragingo ondoko erreira igarotzeko bira hantxe bertan eman izan balu. Baina ez zuen egin, aldapan gora jo zuen, eta behar bezala eman zuen buelta, bide segurtasuna arriskuan jarri gabe. Bazekien itxarongo niola, ez nintzela lasterka hasiko. Ni ere aurresangarria nintzen. Arroxaren boterea desagertu egin zen guri egokitu zitzaigunean. Klik, Mamie Eisenhowerren soinekoa eta etxea, klik, Huntingtonen koadroak, klik, Luvs pixoihalak.

      Bidea berribiltzen ari nintzen, beraz, etxera itzultzeko joan behar nukeen aurkako norabidean. Bulego aldera berriro, inor ez inguruan, aldamenean auto beltz baten presiorik gabe. Nik baino ulertzen ez nuen arroxaz jantzita, goma zuri lodi-lodiaz lotutako motots altuarekin. Lurrean belaunak helduta esertzeko gogoa neukan, begiak itxi eta pasa zedila arratsaldea. Baina motorraren hotsa entzun nuen ondotik, nire parean zen berriro, gertuago orain, eta hatzak kopetan jarri eta agur militarra eginez agurtu ninduen. Hemen nago berriro, nolabait saritu beharko duzu nire ahalegina. Begira-begira nuen, irribarrerik gabe oraingoan. Gorputza niganantz irekita, esku bat bolantean, beste besoko ukondoa aulkiaren bizkarraldean, hurbiltzeko esaten zidan eskuaz. Pausoa mantsotu nuen. Barrez hasi zen. Ez zuen beldurrik, ez. Joder, zergatik jakin behar nuke egoera hauetan nola jokatu? Zer heroi mota izan behar dugu? Nahiko argi zegoen heroi bat izatearena ez zitzaidala ondo aterako. Mansfielden burua gogoratzen nuen, gorputzetik bananduta (Bensonek ere ziur noizbait ikusi zuela), inoiz gertatu ez bazen ere. Istripu bat izan zen, baina ez da halakotzat kontatzen; istorioa entzundakoan, beti gelditzen zaizu bere bizitza motari zegokion amaiera zenaren sentsazioa. Klik, Mansfield barra.

      Espaloira igo zuen autoa. Atea ireki zuen, kopilotuarena. Elkarri begira geunden, kale huts batean, hitzik ez, western tentsioa, arma bana eskuetan: bere joysticka, nire ke arroxa. Klik, entzun zen, titularrek jaso ez zuten klik bat, potoaren eraztunetik tira egitean, bi bekain altxatu ziren.

      Suanzesko metro geltokiaren sarbideko zaborrontzia ere kea dariola egoten da astegunetan lanetik itzultzen naizenean. Ke grisa. Jendea presaka iristen da inguruko bulegoetatik, etxera heltzeko grinak hartuta, eta ez du zigarroa behar bezala itzaltzen. Sute txikiren bat ere sortu izan da noiz edo noiz. Egun hura igandea zen ordea, ez zegoen kerik, hautsontzian ez behintzat, eta nik mantso itzali nuen nire zigarro apaina, ezpainetako arroxaz makillatua, inorako pausorik ematen hasi gabe, geldi. Anbulantzia ikusi nuen pasatzen. Neure buruari esan nion damua egindakoarekiko independentea zela: ezer egin ez banu, damu nintzateke; zerbait eginda, dirudienez, berdin. Ezer ez egiteak eta zerbait egiteak espero gabeko ondorioak izaten dituzte beti.