Dendaostekoak
Dendaostekoak
2020, kronika
216 orrialde
978-84-17051-49-5
Azala: Xabier Gantzarain
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2019, saiakera
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

 

 

Errege bezpera zen, lanik handieneko eguna dendan. Itxi eta amaren etxera igo nintzen afaria berotzen laguntzera. Odol putzu baten erdian topatu nuen sukaldeko zoruan etzanda. Odol asko galdu zuen baina bere kordean zegoen. “Ama, nolatan ez diguzu deitu?”. Lepotik zintzilik zeraman larrialdietarako txirrina. “Lagunduidazu jaikitzen”, ahulduta zegoen. “Nola deituko nizuen gehien saltzen den egunean? Garbitu hau eta zoaz etxera atseden hartzera”.

 

 

Amak zuri esan zizun, Marijo, hiltzean nola meztitu behar genuen, zuriz janztea nahi zuen, eskuetan lore zuriak jartzea. Koroa ere zuri mina egin genion. Zeu arduratu zinen horretaz. Ehorztetxekoak etorri ziren eta amaren logelatik aterarazi gintuzten; biluztu egiten dituzte hildakoak, garbitu eta baltsamo bat ematen gorpua usteltzen has ez dadin, eta soinean daukaten arropa krematoriora eramaten dute. Amak kamisoia zeraman jantzita, arrosa zurbila, uste dut.

      Hilzorian zen batean, zuri tokatzen zitzaizun joatea. Maria Eugeniarekin, garbiketa egiten zion emakumearekin batera igo zinen, izua usaindu zizun: “Nahi al duzu laguntzea?”. Baietz esan zenion. Ikusi orduko galdetu zizun amak ohetik: “Zer uste zenuen, hilda aurkituko ninduzula?”. Zu isilik. “Lasai, oraindik ez du eta nireak egin: hil aurretik nola meztitu behar nauzuen esango dizuet”. Eta hala egin zuen.

 

 

Ahotsetik eta pausajetik ezagutzen ditugu bezero asko. Garraiolariak ere bai, sartzeko moduagatik. Bada bat urduria, dendaosteko atea zapata puntarekin jotzen duena lantzean, hotsagatik dakit bera dela kutxak dakartzana. Takoiekin sartzen diren emakume batzuk pausoa luzatzeko moduagatik ezagutzen ditut, gure ama aurrena, nahasezina zuen ibilera: motela, irmoa, ebakia, ahate erraldoi batena modukoa. Eta barre algara esajeratua. Gorra zen. Eta usaina: Chanel 5. Rafa kirol zapatilekin ibiltzen da, euria ari duenean zapatilen gomak lurrean kirrinka egiten dio; ñiiiii, ñiiiii, soinu hori entzun orduko ateratzen dizkiot liburu iritsi berriak mostradorera. Elkarrizketa moduagatik asmatzen dugu nor dabilen dendan, begiratu gabe: gai beraren gaineko bariazioak. Usainetik ere bai: badakigu nor datorren erretzetik, nor kafea hartzetik, nor ardoa edatetik. Bezero batzuen medikazioaren usaina ezagutzen dugu. Haien perfumearena. Arnasarena. Niri Secou eta Mamadouren usaina gustatzen zait. Lixibarena ez, traba egiten dit. Iñakik kanutoen usaina uzten zigun, kanutoena eta izerdiarena, berezia zuen. Txillarrek belarrarena zeukan, hortentsia moztu berriak ekartzen zizkigun, tulipak, mendian bildutako loreak. Xaboi naturalak ekartzen zizkigun opari. Lurrin freskoa sartzen zuen dendara. Badira baserri usainekoak eta fabrika usainekoak, gero eta gutxiago. Igerileku usaina ekartzen dute batzuek, xanpuarena, kloroarena. Mari Luz jostunaren etxetik iristen ziren mozorroek, otsailean, sanblas opilen usaina izaten zuten. San Roke auzoko zenbait emakumeren artean perfume bat jarri zen boladan, gozo pastela, haiek alde egin ostean dendan gelditzen zena. Nahiago nuen pareko arraindunen bisita. Irakurle batzuek liburuak usaintzen dituzte. Paper usaina, tinta usaina, berri usaina. Beste batzuek ezin dituzte liburutegiko liburuak jasan zahar usaina omen dutelako.

 

      A goizero etortzen da. Batzuetan, autolaguntza liburuak erosten ditu. Liburuak eramaten ditu ez delako ondo sentitzen. Ez du lanik egiten, DBEa kobratzen du, amarekin bizi da, berrogeita hamarretik gora urte ditu. Hilero lauzpabost autolaguntza liburu erosten dizkigu: yoga, pilates, Secretos para vivir 100 años con salud, Cómo ser feliz a martillazos, estresatuta dagoela esaten digu. Normalean zorretan uzten ditu eta egunero etortzen da bi edo hiru euro uztera, hutsik egin gabe. Batzuetan, arratsaldean igarotzen da berriz, eta beste euro bat ordaintzen du. Azkena erosi zuen Siete reglas de oro para vivir en pareja, inoiz ez diogu bikotekiderik ezagutu. Egun osoa ematen du kalean: goizeko bostetarako irteten da, Maalara joaten da, han eserita egoten da; gero, kalean gorakoan, dendara sartzen da, guri kasu egin eta plazara igotzen da. Han esertzen da eguerdira arte.

 

      B arratsaldero etortzen da belarritakoak erostera. Hogei urte daramatza arratsaldero belarritako pare bat erosten. Milaka izan behar ditu. Hilero berrehun edo hirurehun euro gastatzen ditu belarritakotan, zorretan uzten ditu; pentsioa kobratzen duen egunean, hilabeteko hogeita seigarren egunean, etortzen da ordaintzera. Egun horretan azaltzen ez bada hurrengo hilabeteko hogeita seira arte ordainduko ez digun seinale. Irabazien erdia xahutzen du belarritakotan. “Asko izango dituzu, ba”, esaten diogu, “ez pentsa, galdu egiten ditut”. Egunero ateratzen dizkiogu arrakada guztiak, probatu egiten ditu, “ondo ematen al didate?”, galdetzen digu, “bai distira polita dutena hauek”. Ispiluaren aurrean egoten gara berarekin. Probaketan ari zen batean girgileria bat askatzen ari nintzaiola esan zidan: “Hara! Titi txikiak dituzu, gero!”.

 

      C jator askoa da, lapurtu egiten du ordea. Kleptomania puntu bat dauka, azti ibili behar dugu berarekin. Alaia eta hiztuna da. Gaixo dago, ez du nahita egiten. Nik ez nukeen sekula pentsatuko osten zigunik. Zu konturatu zinen, beti konturatzen zara zu.

 

      D-k ez du inoiz ezer erosten baina egunero etortzen da zerbait galdetzera.

 

      E egunean bitan etortzen da liburuak iristen diren orduan. Pitxintxura bisita haren errutinaren parte da. Iriondo Kirolak-etik eta Arauri lurrindegitik pasatzen da lehenengo; arropa, zapatila eta kolonia garestiak erabiltzen ditu. Apaina da. Lehen beste denda batera joaten zen, baina jabearekin arazoren bat tarteko, ibilbidea aldatu zuen. Ez du egunero erosten, nolanahi ere goizero etortzen da zer liburu iritsi diren begiratzera. Besamotza esaten diote. Behin galdetu egin nion esku bakarrarekin irakurtzeko nola moldatzen den. Algaraka erantzun zidan. Ez omen du inongo arazorik: muinoiarekin eusten dio liburuari, ezkerrarekin pasatzen orriak. Asko gustatzen zaio nobedadeak begiratzea, atean ikusi orduko ateratzen diot iritsi berrien multzoa, liburuak komentatzen ditugu. Literatura ona irakurtzen du, mokofina da. Gutxi saltzen diren liburuak maite ditu, Ekialdeko Europako autoreenak, bereziki.

 

      F-k egunero erosten digu hiru euroko liburu bat beherapenen kutxatik. Oso liburu diferenteak hartzen ditu, elkarrekin inolako zerikusirik gabeak, euskaraz, erdaraz… berdin zaio. Orain dela gutxi aitortu digu ez dituela irakurtzen, apaingarritarako erabiltzen dituela.

 

      G bezero ona zen, onenetarikoa, astero erosten zuen libururen bat eta CDak ere edozenbat, euskal musika ia dena, musika klasikoa, folka, popa… Behin galdetu nion ba ote zeukan astirik erosten zuen guztia irakurtzeko eta entzuteko eta “erretirorako gordetzen ari naiz” erantzun zidan. Ez zen iritsi, tamalez; lehenago eraman zuen minbiziak.

 

      H zalantzati tematia da. Bi ume dauzka; ez, ordea, erabakimenik, inkimanka beti, koloka emakumea. Larunbat goiz batean ordu eta erdi eman zuen Rosarekin inguruka bi opari erosteko. Ordaintzerako orduan “ai! Badaukat, ba, nik txartel bat hemen gastatzekoa”, esan zion, “salto batean etxera joan eta jaitsiko naiz berriz”. “Baietz bueltarako iritziz aldatu”, esan nion Rosari. “Ordu eta erdi eman du, barren, aukeratzen!”. “Ikusiko duzu”. Denda itxi baino hamar minutu lehenago etorri zen txartelarekin: “Ez dizu axolako… pentsatu dut… hau ez dudala eramango eta beste hau ere ez, honen ordez…”. Etxean zeukan txartela hilabeteak lehenago itzuli zituen aurikular batzuen truke jasoa zuen. Semearekin etorri zen aspaldi aurikularrak erostera, hamalau euroko batzuk eraman zituen, semeak aukeratuak. Biharamunean itzuli zen kaskoekin: “Ez zaizue inportako itzultzea, ezta? Etxean aurkitu ditugu ahaztutako batzuk…”. Handik bi hilabetera atzera etorri zen: “Badaukazue aurikularrik?”. “Baina zuk”, galdetu nion, “eraman zenituen batzuk, ezta?”. “Ez, ez…”, esan zidan, “azkenak txinatar dendan erosi nituen eta oso txarrak atera zitzaizkidan”. Orduan ulertu nuen: semeak aurikularrak hautatu ostean txinatar dendara joan zen ama, merkeago batzuk erosi zituen, guri erosiak itzuli, trukean txartela jaso, haiek hondatzean berriak erostera atzera hona etorri, eta atzera itzuli zizkigunean jasotako bigarren txartelarekin ordaindu zituen larunbat goiz hartan ondo kostata hautatutako bi opariak! Galdu egin zara, ezta? Ba, atera kontuak!

 

      I Mariajeri galdezka etorri zen: “Aizu, badauzkat bitxi batzuk ilundu zaizkidanak, garbituko al zenizkidakete hemen?”. Mariajek, zilarrezko arrakadak izango zirelakoan, baiezkoa eman zion, ekartzeko, ahaleginduko ginela. Eta etorri zen: sei belarritako pare zekartzan, hiru eurokoak, zirdin krakaz beteak, sekulako higuina ematen zuten! Ahalik eta sosegatuen esan nion: “Barkatuko diguzu, material hau ezin dugu garbitu, saia zaitez zeu etxean alkoholarekin…”. Hura nazka!

 

      J inauterietan etortzen zen. Gordeka mozorrotu nahi izaten zuen, berdin zitzaion nola, “inork ez ezagutzeko moduan”, eskatzen zuen. Gorpuzkeragatik eta ibilkeragatik, txikia eta lodia baita, txapla-txapla ibiltzekoa, urrutitik nabarmentzen zen, baina hura seguru sentitzen zen maskararen atzean gordeta. Bizar sarriak eramaten zituen, tunikak eta kapeluak, aurpegia beltzez margotuta… Bakarrik ibiltzen zen. Mozorro lehiaketa irabazi zuen behin; harrezkero, urtero saiatzen zen. Maskaratu zen azti, gospel kantari, apaiz, kafe zaku… Diru gutxi gastatu nahi izaten zuen eta tunika beltza birziklatzen genion ahalik eta mozorro gehienetarako.

 

      K, L eta M hiru emakume ziren inauterietan traje arranditsuak enkargatzen zituztenak. Ikusgarriak nahi izaten zituzten, zenbat eta parpaila, distira eta xingola gehiago, hainbat hobeto. Dendatzera sartzen ziren, ezkongaiaren artaz gordetzen zuten euren mozorroaren sekretua. Aurreneko bisitan hirurak elkarrekin etortzen ziren, zer nahi zuten azaltzen ziguten eta oihalak hautatzen. Hurrengo egunetan besteen ezkutuan agertzen ziren banaka eta isilka, bakoitzak nahi zuelako besteengandik bereiziko zuen zerbait, detaile definitiboa. Lehia bat zen, nork nor epatatuko, nor jantziko txundigarrien. Bazen bat beste biak baino pixka bat distirantago irteten zena beti. Azkenean haserretu egin ziren eta ez dira gehiago elkarrekin mozorrotu.

 

      N-rekin hanka sartu nuen. Bakoitzaren eros ahalmena nabarmen antzematen da eskola-materiala hautatzerakoan: zein motxila aukeratzen duten, zein estutxe, zein koaderno, zein boligrafo… Saiatzen gara patrika guztietarako materiala edukitzen. Konpasetan, esaterako, gehien saltzen denak zazpi euro balio ditu, baina badugu beste bat bost eurokoa. Erostera etortzen den bezeroari nabaritu egiten diozu nola dabilen diruz, eta batzuetan material merkeagoa erakusten diozu. Koadernoetan, adibidez, badira zortzi eurokoak eta euro bakarra balio dutenak. Kontu delikatua da, ordea. Arrazakeriaz joka dezakezu. N-rekin gertatu zitzaidan: hegoamerikarra jatorriz, seme bikiekin etorri zen. Material merkeagoa eraman zuen nik salduta. Handik hiru egunera itzuli zen, umeak aldamenean, esan zidan: “Emazkidazu beste guztiei moduko konpasak”. Aldatu nizkion. Barkamena eskatu nion.

 

      Ñ-k patata-ordulariak erosten dizkigu. Patata-ordulariak deitzen diegu kiloka erosten ditugulako, ugari. Badugu pakistandarren etxe bat kalitate oneko erlojuak saltzen dituena merke-merke, izango dituzte bost mila modelo aukeran, haietariko asko ale garestien erreplikak. Hogei eta hogeita hamabost euro arteko prezioa dute, ez dira hondatzen. Ñ gizon bat da, pintorea, maiteminduta dago erlojuekin, izango ditu hirurehun. Badakit lotsa ematen diola gehiago erosteak, ezin izaten dio eutsi baina. E liburuekin nolakoa, halakoa da Ñ ordulariekin. Astero-astero etortzen da, zokomiran aritzen berririk ekarri ote dugun. Normalean, ordularien bitrina itxita edukitzen dugu, Ñ-ri zabalik uzten diogu, goza dezan. Begiak pizten zaizkio. Ez da bakarra. Hemen parean bizi den beste gizon batek ere zaletasun bera du, berritasun guztiak erosten ditu. Hilean pare bat ordulari eskuratzen ditu gurean, eta badakit kaleko saltzaile senegaldarrei ere erosten dizkiela, ikusi izan dut tratuan. Pultsometrodunak erosi dizkigu dozena bat.

 

      O gutxi ikusten dugu kalean, makalduta dago orain. Amaren auzoa zen, hogei urtean erosi zizkigun astronomiari, horoskopoari eta zodiakoko zeinuei buruzko liburuak, inoiz ez bestelakorik. Bi erosten zituen Gabonetan, beste bi uda partean. Liburu mardulak izan ohi ziren, hogei edo hogeita bost eurokoak. Bost euroka ordaintzen zituen zoria alde izaten zuen egunetan. Jolas makinetan aritzen zen aldameneko tabernan eta irabazten ateratzen zenetan etortzen zen zorrak kitatzera.

 

      P-k kultura bonuak ateratzen dituztenean bakarrik erosten du. Kanpaina hasi baino egun batzuk lehenago etortzen da eta koinataren eta bien nortasun agiriak eta eskuz idatzitako liburu-zerrenda ekartzen ditu. Zortzi edo hamar liburu eramaten ditu denboraldiko, denak Tom Clancy eta Robert Ludlum eleberrigileen ale zaharrak. Bi autoreon liburuak bakarrik eskatzen ditu; guzti-guztiak eduki behar dituela uste dudanean, han etortzen da titulu gehiagorekin. Berdin izaten zaio zein edizio mota lortzen diodan, eginahalak eta bi egiten ditut. Normalean, bigarren eskukoak jiratzen dizkiot Internetez lau edo bost eurotan eta sei eurotan saltzen dizkiot.

 

      Q ez da dendara etortzen, badira bi urte telefonozko tratua dugula. Asko irakurtzen du, ezin da dendara etorri, ordea; zaharra da, mugitu ezinik dago, semea bidaltzen du liburutara. Ezagutzen ditut haren gustuak, neuk gomendatzen dizkiot liburuak. Nobela beltza eta historikoa gustatzen zaizkio. Bospasei erosten ditu hilean, normalean, binaka. Behin dendaosteko liburutegiko nobela bat utzi nion, La mujer a mil grados, ez zitzaion batere gustatu, “horrible”, esan zidan. Atso bati buruzkoa da, hiltzear dago ohera lotuta, berekin ditu ordenagailua, hainbat pakete tabako eta eskuko granada bat; laster hiltzea erabaki baitu, eskatua du hitzordua krematorioan. Ez zion batere graziarik egin. Astero deitzen dit eta azkena irakurritakoari buruz hitz egiten dugu, kontatzen dit gustatu zaion, ez zaion, zer irakurri nahiko lukeen hurrena…, ordu asko igarotzen ditu etxean bakarrik, solasean aritu nahi izaten du. Zortziak bost gutxiagotan hots egiten du, hamar edo hamabost minutu eskaintzen dizkiot. Emagina izan zen ofizioz, kontserbadore zurruna, liskarrak izan genituen gaztetan. Orain apenas mugitzen den, zaintzailea dauka etxean. Loezinak jota, irakurketari ematen dizkio gauak.

 

 

Orain urte batzuk telefono bidezko liburu-eroslea izan genuen Señorita Anita. Irakurle aseezina zen, baita laurogeita hamar urte ondo paseak zeuzkanean ere. Zahartu zenean, penatuta deitu zuen, liburuak erostera ezin zela etorri-eta. “Zaude lasai”, esan nion, “esadazu non bizi zaren eta neuk eramango dizkizut etxera”. Joan nintzen, erakutsi zidan irakurketa gela: idazmahai eder bat zeukan, bere neurrira jarritako atril bat, lanpararekin. Nekatu egiten zen, ezin zuen besaulkian irakurri, besoak akitzen zitzaizkion liburuaren pisuarekin. Zahartzaroa zer den: liburu baten pisua ezin eutsia. Izango zituen laurogeita hamabost. Emakume jantzia zen.

 

 

Hasieran ez genekien diskoak kopiatzen; alabari edo lagun gazteren bati eskatzen genion. Orduan normala zen kaseteak edo CDak kopiatzea. Inguruko tabernari batzuk bezeroei CD piratak saltzen hasi ziren modako kantekin. Bageneuzkan tabernari batzuk bezero onak, disko asko erosten zizkigutenak. 2000. urtearen bueltan disko osoen ordez tabernetan musika pot-pourriak jartzea bilakatu zen azken tendentzia. Deitzen ziguten: “Egingo al diguzue inauterietarako pot-pourri bat?”. Festetarako, baserritarren egunerako…; rock pot-pourriak, trikitixa pot-pourriak, pot-pourri erromantikoak… Guk ere ikasi genuen CDak grabatzen.

      Urte pare batean grabatu genituen CD batzuk, adiskideei saltzeko batik bat. Horren harira, salatu egingo ninduela esan zidan bizilagun batek!

      Euskal musikaren kopiarik ez genuen saltzen.

      Ez, ia inoiz ez.

      Baina bai Verano Mix, Operación Triunfo, Spice Girls eta halakoenak. Bezeroak konfiantzazkoak baziren, galdetzen genien: “Originala ala kopia?”. Kopia eskatzen bazuten: “Azala, zuri-beltzean ala koloretan?”. Alaba bidaltzen genuen inprimategira azalak fotokopiatzera, moztu eta kutxatilan sartzen zizkigun. Koloretako azalarekin euro bat garestiagoa izaten zen. Barruko diskoaren diseinua ere kopiatzen genuen TDK errotulagailu batekin, gureak autore kopiak ziren.

 

 

Milaneko azoka omen zen onena. Buruan sartu zitzaizun hara joan behar genuela zer egosten zen ikustera. Azoka ez zen apartekoa izan, baina bidaiak etorkizuna aurresateko balio izan zigun. Zu ohartu zinen: “Hemengo dendetan ez dago LPrik”. 90eko hamarkadaren hasiera zen. Ordurako desagertuak ziren han: bazetorren CDen aroa. Hogeita hamar urte iraun ditu. Amaitu da.

 

 

URTEA

SALDUTAKO
DISKO KOPURUA
URTEKO

SALDUTAKO
LIBURU KOPURUA
URTEKO

1979

2.985

3.210

1981

4.140

4.490

1983

uholdeak, daturik ez

 

1985

2.985

3.120

1987

2.650

2.810

1989

3.056

6.492 (horietarik 2.530 testu-liburuak)

1991

3.224

8.930 (3.100 testu-liburu)

1993

3.290

6.473 (2.525 testu-liburu)

1995

3.680

6.370 (2.495 testu-liburu)

1997

4.810

6.871 (2.590 testu-liburu)

1999

4.620

6.520 (2.485 testu-liburu)

2001

4.305

5.750 (1.985 testu-liburu)

2002

4.110

3.992 (995 testu-liburu)

2003

3.520

4.420 (1.270 testu-liburu)

2004

2.283

5.338 (900 testu-liburu)

2005

1.870

5.650 (1.850 testu-liburu)

2007

1.439

6.113 (2.424 testu-liburu)

2009

1.051

7.235 (3.226 testu-liburu)

2010

914

7.808 (ez zen testu-libururik saldu)

2011

daturik ez

8.095 (2.904 testu liburu)

2012

793

7.056 (ez zen testu-libururik saldu)

2013

872

7.077 (2.658 testu-liburu)

2015

269

6.979 (2.737 testu-liburu)

2017

350

6.030 (2.565 testu-liburu)

2019

200

6.512 (1.983 testu-liburu)

 

 

Mari Luz amaginarrebari alzheimerra garatzen hasia zen susmoa hartu genion. Artean mozorro aldizkaririk ez zen garaian marrazkia egiten nion, eta neuk moztutako oihalak bidaltzen nizkion irudiaren arabera josteko. Dendan falta nintzen batean etorri zen bezero bat eta zuk egin zenuen marrazkia, Marijo: hala-hola. Soineko bat nahi zuen, lepozabala; nik ongi ulertu nuen zure figurina, moztu nituen oihalak eta Mari Luzi bidali nizkion zure zirriborroarekin batera. Jantzia jasotzean hartu genuen ezustekoa! Marrazkiaren igual-iguala egin zuen; zure irudiak okerra zeukan lepoa, alde batean handiagoa bestean baino, eta halakoxea josi hark; ez zuen ulertu marrazkia azalpenezkoa zela… Kuriosoa izan zen nola jarraitu zion imajinari literalki. Gerora, etortzen zen eta galdetzen zigun: “Nola egin behar dut hau?”; beti jakin izan zituen gauzak egiten ahaztu zitzaion, ez aurrera ez atzera zen, herriko jostunik onenetakoa. Bitxia zen nola egin zion ihes hain mekanizatuta zeukanak. Lepoa besapean josita ekarri zigun behin traje bat. Tentsio handiko garaia izan zen. Haren seme batek eskatu zigun ez agintzeko lanik; Mari Luz konturatu egiten zen ordea. Asko gustatzen zitzaion joskintza, nik ez nekien nola esan ordezko jostun bat hartuko nuela. Urtarriletik martxoa amaitu arte ez zuen besterik egiten, josi eta josi aritzen zen egun osoan; Hausterre egunean etxea goitik behera astintzen zuen, dena garbitzen, bazekielako bi hilabetean ez zuela ukitu ere egingo. Ozta-ozta prestatzen zuen jatekoa. Puskaz gehiago gustatzen zitzaion joskintza etxeko lana baino; zoriontsu izaten zen hilabete lantsu horietan. Sanblasak egitea maite zuen, eta anis usainarekin ekartzen zizkigun arropak. Nik ezin nion esan “ez daukat zuretzako lanik”. Beharrik handiena beste joskile bati bidaltzen hasi nintzen, baina lantxoak agintzen nizkion amaginarrebari: gona bati gerrian goma sartzea, barren bat hartzea… Eskuak eta begiak galdu zitzaizkion arte.

 

 

Liburuak ere josi egiten dira. Liburu bat hausten bazaizu, askatzen bazaizu bizkarretik, ikusten duzu nola dagoen egina. Desmuntatu daiteke liburu bat, jendeak irratiak edo ordulariak desmuntatzen zituen bezala, tripak ikusteko. Argitaletxe batetik gillotinatu eta koadernatu gabeko ale hau oparitu ziguten: garbi-garbi ikusten dira pleguak. Hogeita hamabi orrialde ditu liburua osatzen duen kaiertxo bakoitzak, eta lantzean lau tokitatik dago josia, hari zuriz. Kaiertxoak ere josita daude elkarren artean. Liburu honek hirurehun bat orrialde ditu; hamar kaiertxotan dago egina. Zenbakituta daude, ikusten?, batetik hamarrera.

      Azala ere josten zaie batzuei.

      Liburu batzuei josi egiten zaie; beste batzuei, itsatsi. Egingo nuke merkeagoa dela itsastea jostea baino: edizio merkeak, patrikakoak, itsatsita egoten dira. Azal gogorreko liburu batzuk josiak izaten dira, ez denak. Liburu zahar hau, adibidez. Josita dago, ikusten? Burugaina dauka, cabezada esaten zaiona, eta kordel gorria orria markatzeko. Orain ez dago modan. Aspaldi ez dut lokarridun libururik ikusi.

      2000. urtera arte-edo izaten ziren batzuk kordela zutenak…

      Orain modan daudenak gerrikoak dira, fajak, promozio-tirak, gaztelaniazko liburuetan bereziki: “Premio Nadal 2020”, “2ª edición en solo una semana”, “El fenómeno que ha enganchado ya a más de 170.000 lectores”, “Cautivador… Inolvidablemente extraño”. Gaztelaniazko liburuen % 30 gerrikoduna da. Euskarazko gutxik daramate.

      Izas, eta barruz? Hori ez zen aldatuko…

      Liburu zaharretan ez da esaten, adibidez, zein letra tipo erabili duten, hain gutxi ekologiari buruzko ezer. Orain argitaletxe askok jartzen dute oharra; ez dakit kontzientzia ala posea den. Debolsilloko honek, hara, sekulako hitz parrasta: “Ingurugiro-estandarrik jasoenekin kudeaturiko basoetako egurrarekin fabrikatu da liburu hau inprimatzeko erabilitako papera, bermatuta dago baliabideen erabilera ingurugiroarentzat jasangarria eta pertsonentzat onuragarria. Hargatik, Greenpeacek ziurtatzen du liburu honek betetzen dituela ‘basoen laguna’ izateko baldintza ekologiko eta sozial guztiak…”.

      Ez nion sekula erreparatu!

      Seix Barraleko honek ere badauka: “Liburu hau inprimatzeko erabilitako papera ehuneko ehun klororik gabea da eta paper ekologiko izendapena du”.

      Letra tipoa ere jartzen du?

      Batzuetan. Markatzen aritu naiz. Alberdaniako honetan, adibidez: “Liburu hau 2012ko irailaren 24an inprimatua da Euphemia, Galliard, Garamond, Horley, Plantin eta Vivaldi letra motak erabiliz”. Edo Txalapartako beste honetan: “…Chris Burkek 1990ean digitalki sortutako Celeste familia tipografikoa erabili zuten”. Tipografia nork sortu zuen jartzen du! Eta, beste honetan, baita paperari buruzkoak ere: “RGM-k inprimatu du, 80 gramotako offset paperean, Bembo letra tipoa erabiliz”. Txalapartakoek informazio asko dute: “ETA 1958-2008: Medio siglo de historia liburuaren seigarren edizio hau 2017ko apirilean inprimatu zen Gráficas Iratxe tailerretan 80 g/m²-ko paper hezurkararen gainean. Konposiziorako, Aldo Novaresek 1980an sorturiko Novarese tipoaren bertsio fotomekanikoa erabili da”.

      Ezta burutik pasatu ere halakorik.

      Katakrakekoek lizentzien inguruko oharra izaten dute. Hor dago, ekarri Nanni Balestrinirena; ez, hori ez, gorria: “Liburu honek Creative Commons lizentzia bat dauka. Aitortu-EzKomertziala-LanEratorririkGabe 4.0. Nazioartekoa. Askatasuna duzu lan hau kopiatu, zabaldu eta jendartean erakusteko beti ere asmo komertzialik gabe. Obra honetatik ezin da beste ezein lan eratorri”.

      Eta hau?

      Pamielakoek edizioa zenbatekoa den jartzen dute. Hartu dut, adibidez, Neguko argiak eta jartzen du “Inprimaketa 2018ko urrian burutu zen Rodona Industria Gráfica moldiztegian, fotokonposiziorako A Garamond letra mota erabiliz. Lehenbiziko edizio hau mila alekoa izan da”. Argitaletxe gehienek ez dute adierazten inprentara botatako ale kopurua.

      Berrogeita bi urte liburuak saltzen eta arrastorik ez halako gauzez, Izas.

      Fijatu egin behar. Denborarik ere ez dugu. Azalei begiratzen diegu ozta-ozta. Hor ere badira diferentziak: Susako liburuek azal mateak dituzte. Elkarreko gehienek distiratsuak, azken boladan egin dituzten arren zenbait mate: Basa matea da. Letra tipoa ere desberdina dute: Susak Times New Roman erabiltzen duela esango nuke; Elkarrek, Garamond. Pamielak ere Garamond erabiltzen du. Best seller gehienek azal distiraduna izaten dute, baina ez haiek bakarrik. Distiraren alde egiten dute Anagramak, Ereinek, Seix Barralek, Alfaguarak, Alberdaniak, Destinok… Azal mateak egiten dituzte Pamielak, Impedimentak, Asteroidek, Sexto Pisok, Blackie Booksek, Siruelak, Errata Naturaek, Libros del K.O.k, Paidosek, Duomo Nefelibatak, Katakrakek… Niri argitaletxe diskretuak gustatzen zaizkit. Ostera, gutxiago saltzen dira. Acantiladoko liburuak, adibidez, oso politak dira, azala beltza izaten dute eta guardak gorriak; hegalen diseinua dotorea da. Siruelakoek, guarda beltzak izaten dituzte eta azal-hegal zabalak. Eskafandrako liburuek belztuak dituzte orri-ertzak… Alderantziz jartzen badituzu egin dezakezu apalategi bat beltz-beltza.

      Impedimenta eta Nordicakoak gustatzen zaizkizula esan ohi duzu.

      Banatzaile bera dute biek. Garestiagoak dira, azal zoragarriak dituzte, propio eskuz egindako ilustrazioekin. Kolore apalagoak erabiltzen dituzte, xare-xareak. Begira hau: Damas asesinas. Rafa, liburuetan daukagun bezerorik onena, zalea da; garratzak direla dio. Hainbeste erosi izan ditu, ezin kabitu zela etxean; bueltan ekarri zituen batzuk, bost eurotan salgai jar genitzan. Hala ezagutu genuen Bergarako irakurle bat, gisa horretako liburuak hain prezio onean beste inon aurkitu ezin zituena. Rafa zuzenean biltegira sartu ohi da; dendaostean dendan baino liburu hobeak ditugula esaten du. Motiboa argia da: ez dira saltzen. Dendan hilabete batzuk egin ostean atzera barrura ekartzen ditugu; hor arrantzatzen ditu Rafak bere ale garratzak.

 

 

Dendan ordenagailua eta Internet jarri genituen garaian inteligentzia probak egitea jarri zen modan. “Mari Jose, egingo al dugu?”, galdetu nizun. Gogoratzen zer erantzun zenidan?

      Ez.

      “Zenbat da normala?”. “Ehunen bueltan”, erantzun nizun, eta zuk: “Konforme: egin ezazu zuk eta kendu niri hamar”.

 

 

Aste honetan bi gizon etorri dira liburuak erostera, sekula lehenago dendan izan gabeak. Círculo de lectoresekoak izanak omen ziren urte askoan, itxi egin dute kluba. 1962an abiatu zen Círculo Espainian, frankismo betean. Orduko etxeetan ugariagoak ziren amabirjinak liburuak baino. Milioi eta erdi kide izatera iritsi zen.

      Gure gurasoak bazkide izan ziren denda zabaldu genuen arte, Círculoren bidez iritsi ziren gurera literatura unibertsaleko klasikoak. Sigmako etxeetan bizi zen gizon bat etortzen zen aurpegi ezin tristeagokoa, hilero ekartzen zuen katalogoa eta handik hautatzen zituzten liburuak. Etxez etxeko liburu saltzaile donostiar baten lagun ere egin ziren gurasoak, Braulio izena zuela uste dut, beltzarana, matrail zabala, ahots lodikoa; hari erosten zizkioten pinturari buruzkoak, Labor argitaletxekoak, Reader’s digestak… Gizon haren emaztea maistra zen; Idotorbeko eskolara etorri zen irakasle, elizatzeko etxean eman zioten ostatu, eskailburuko logelan. Aurreneko gauean izuak jota deitu zien gurasoei, ezin loak hartu. Gurean igaro zuen denboraldi bat. Gurasoekin eta emakume gazte harekin egindako auto bidaia bat gogoratzen dut, abortu batez ari ziren, fetu hitza esan zuten, fetu hitza lehenago inoiz entzun gabea nintzen.

      2014an, liburuez gain, kosmetika, etxetresnak eta halakoak saltzen hasi zen Círculo de lectores, orduan hasi omen zen gainbehera.

      Hibrido batzuek funtzionatzen dute.

      Bezeroak inozotzat hartzeak ez.

      Aurelio, Aurelio izena zuen Donostiako liburu saltzaileak.

 

 

Dendaostean liburutegi bat daukagu oihalen aldamenean. Irakurtzen ditugun liburuetatik batzuk, bereziki gustatu zaizkigunak, etxean eduki beharrean hona ekartzen ditugu lagunei uzteko.

      Ideia polita izan zen liburutegia sortzearena: jendea sar daiteke, begiratu, aleren bat eraman irakurtzeko. Atzo Maria Eugenia etorri zen: “Zer irakur dezaket?”. Batzuk guk bueltan ekarriak dira, beste zenbait argitaletxeetatik jasotako ale akastunak, adibidez hau, “Ejemplar no apto para venta: sin corregir”; edo lagunen batek oparitutakoak, gillotinatu gabeko libururen bat… Adiskideen artean liburuak zirkulatzeko modu bat da.

      Batek esan zigun lotsa ematen diola gu liburu saltzaileak izanda dendatzera sartu eta liburuak hartzeak, baina guk ulertzen dugu jende guztiak ezin dituela irakurtzen dituen liburu guztiak erosi. Erositako guztiak irakurri beharrik ere ez dago.

      Hemen daude Ensayo sobre la ceguera, El perfume, aspaldi irakurri nuen, inpaktua eragin zidan usaimena kilikatu zidalako, badago eszena bat zeinetan emakume bat arrandegi batean erditzen den, arrainen artean egiten du haurra… Las tribulaciones de Wilt, honekin barre asko egin nuen, algaraka, Andresek esaten zidan “hain ona al da?”, gero berak irakurri zuen eta ez zion batere graziarik egin; La conjura de los necios…

      Idazle emakumeenak dauzkagu, batez ere: Rosa Montero, Isabel Allende, Gioconda Belli, Virginia Woolf, Almudena Grandes, Ines Cagnati… Begira, Jhumpa Lahiri-ren La hondonada, Parinoush Saniee-ren Una voz escondida, liluragarria; Michela Murgiaren La acabadora, Nell Leyshon, Marguerite Yourcenar, Doris Lessing, Vivian Gornick-en Apegos feroces… A ze liburua eta a ze gaia: loturak seme-alabekin, amekin, gauzekin, senarrekin. Eta Nemirovskyren Suite frantsesa, zoragarria da, zenbat gustatu zitzaidan!, amaierako ohar eta guzti, idazteko behar zituenekin: udaberrian kantatzen duten txorien zerrenda, Frantziako mapa xehatu bat…

      Stefan Zweigen Xake nobela, Sally Rooneyren Gente normal

      Euskaraz gutxi irakurtzen dut, artikuluak eta gauza laburrak bai.

      Ni euskaltegian gomendatutakoak irakurtzen hasi nintzen: Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, Behi euskaldun baten memoriak, Amaren eskuak… Berriki, asko gustatu zait Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan. Gaztetxoentzako literatura irakurri izan dut: Kensukeren munduarekin gozatu egin nuen. Seme-alabei lapurtzen nizkien.

      Literaturaz baino, argitalpenez dakit nik. Liburuen tituluen biltegi bat da nire burua, tituluz, idazlez, argitaletxez, banatzailez gainezkatua. Badakit zein ari den ondo saltzen, nori gustatzen zaion zer, norentzakoa izan daitekeen halako eleberria… Nire buruarengan baino gehiago pentsatzen dut bezeroengan. Irakurtzeko gehien gustatzen zaizkidanak mendiko liburuak dira, asko irakurri ditut: Cita con la cumbre, Salto al vacío… Horiez gain, batez ere, saiakera gustatzen zait, Simone de Beauvoir oso inportantea izan zen niretzat, edo gogoan dut Carmen Alborchen Solas: gozos y sombras de una manera de vivir, bakarrik bizitzearen inguruko gogoetak. Amaz akordatzen nintzen, gazterik alargundu osteko haren bizitzaz.

 

 

Entzun egiten dut; zuk ez? “¡Yo tengo que estar gorda!”, oihukatzen zuen, “¡a las que adelgazan se les cae la dentadura!”.

      “¡Iros todos a la mierda!” despeditzen gintuen umeekin haren etxean bazkaltzen genuen larunbatetan.

      Andresi frailón deitzen zion. Jose Inaziori, pupitrero. Niri, fingida; eta zuri, rancia.

      Esas mocordas esaten zuen gutaz.

      “¿Dónde está tu padre?”, galdetzen zien umeei.

      “Esto qué es: ¿casa o cuadra?”.

      “¿Por qué vas sin pendientes?”, dendako langileei.

      “¡Carlista!” esaten zion edonori.

      Bere palazioan eserita, telebistan magazin arrosa tinpanoak apurtzeko bolumenean, ziurtatzen zuen: “Yo roja hasta la muerte”.

 

 

Ama hilda aurkitzeak lasai utzi ninduen, aitaren heriotzak eragin zidan larrimin sakonagoa. Aita ikusi egin nuen hiltzen: ihes egin zion zerbaitek, hats hark barrurantz; begiak zuritu zitzaizkion. Hori ikusi nuenean, aita hiltzen ikusi nuenean, konortea galdu nuen tentsio igoera baten ondorioz. Eserita zegoen, estertore bat izan zuen, begiak joan zitzaizkion, konturatu egin nintzen. Ni ere ospitalera eraman ninduten eta Elgoibarrera ekarri nindutenean esan zenidan “aita hil da, Izaskun”, eta erantzun nizun “banekien”. Aitaren heriotzari buelta asko eman nizkion, amesgaiztoak izan nituen, ezin nuen burutik kendu. Aitarekin arazo dezente izan nituen, behin jo egin ninduen, jipoi bat eman zidan beldurra zeukalako, nik uste dut hamabi urterekin gertatu zitzaidanaz geroztik beldur bat zebilkiola nirekin, eta gero, hark uste baino askoz gutxiago baina, politikan sartzen hasi nintzenean, babestu egin nahi izan ninduen: sekulako berotua eman zidan. Eta nik amorrua hartu nion, ezinikusia, eta hil zenean bueltan etorri zitzaidan hori guztia. Amesgaiztoak izaten nituela esan dut baina ez, ez nuen amets egiten; pentsatu egiten nuela uste dut.

 

 

Amets biziak izaten ditugu biok. Amona Genarari ebakuntza egin ziotenean sarri amesten nuen berarekin eta zango moztuarekin, muinoiarekin. Inauterietan eta Gabonetan haurrak azaltzen zitzaizkidan bertan behera utziak, goseak eta hotzez. Gau atseginak ere izaten ditut: hegan egitearekin amesten dut. Trebea naiz hegan, besoei eraginez hasten naiz eta erraz goratzen gailurren gainetik. Mendian egoten naiz, zelai batean, hegan egiteko gogoa sentitu eta besoei eragiten diet, igarotzen ditut elektrizitate zutoinak, kableak, tontorrak, lainoak, dena ikusten dut zapelatzak nola.

      Nik ere egiten dut hegan. Askotan. Badaukat hanka-joko bat, zangoei eragin eta aireratu egiten naiz, Base saltoa egiten dutenak bezala.

      Andresek ere egiten du hegan ametsetan. Alabak ez.

      Belaunaldi kontua izango da.

      Eta zer esan ama agertzen den ametsez. Haren etxea husten aritu ginenean amesgaiztoak izaten nituen. Asteazkenero, 15:00etatik 16:30era, etxea pixkanaka hustera joango ginela erabaki genuen. Lehenengo aldian, ama hil berritan, bere logelatik hastea erabaki genuen; ekin genion tiraderak irekitzeari… Berehala konturatu nintzen lan hura ezingo nuela zurekin egin.

      Ez nintzen ezer zaborretara botatzeko gai.

      Esan nizun: “Gauza bat egingo dugu, Izas: ni arduratuko naiz eta egunero kontatuko dizut zer gorde eta zer bota dudan”. Dendako lanorduetan joaten nintzen: arropa loratuak lagun senegaldarrei eman genizkien; zapatak eta poltsa batzuk Martari, Andresen gurasoak zaintzen zituen emakume nikaraguarrari. Amak oso zapata politak zeuzkan, urdin elektrikoak, granateak, krema kolorekoak… Landare naturalak lagunen artean banatu genituen. Ehun landaretik gora zenbatu genituen: orkideak, begoniak, santateresa loreak, fikusak, huntza, potusak, anthuriumak, ezpelak. Gauetan ametsetan agertzen zitzaidan: garbiketan ari nintzela, ordurako etxea erdi hutsik, bat-batean ama azaltzen zen, gazte garaiko ama: handia, garaia, lodia, indartsua. Txirrina jotzen zuen eta bera zen atean. “Zer egiten duzu hemen?”, esaten nion. “Nola doakizuen ikustera etorri naiz”. Galdezka hasten zen: “Non daude Jose Antonioren margolanak?”. Azalpenak ematen hasten nintzen, “zera, erakusketa bat antolatu dugu…”, “eta nire Balentziaga berokia?”… Kontuak eskatzen zizkidan, ni izerditan, desenkusaka, “sentitzen dut, ama, baina hil egin zinenez…”. Amari asko gustatzen zitzaion Corte Inglesen erostea, katalogo bidezko erosketak egitea eta halako kontuak; behin amestu nuen, etxea hustera joanda, fardel pila batekin topo egiten nuela eta fardeletan plastikozko koadroak aurkitzen nituela, itsusi amorratuak. Ama agertzen zitzaidan: “Etxea hustu didazuenez, berriak erosi ditut katalogoz”, eta margolanak horman zintzilikatzen hasten zen.

      Ametsetan agertzen zaigun bakoitzean ama ondo dago, kementsu, izugarrizko sasoiarekin kontu eske beti, ez azken urteetan bezala eserita, ahul.

      Presentzia indartsua zeukan.

      Nik uholdeekin izan ditut amesgaiztoak urte askoan.

      Baita nik ere.

      Eta garai batean banuen asko errepikatzen zitzaidan beste bat: jostorratz batekin egiten nuen amets. Jostorratz bat hasten zen loditzen eta loditzen lehertzen zen arte. Lehertzen zenean itzartzen nintzen.

      Elkarrekin ere egiten dugu amets.

      Nireetan zu agintari hutsa zara, eta zureetan ni gauzeztan erabatekoa.

      Zure auzokide batekin arazoak izan zenituenean harekin amesten nuen nik.

      Obra bat egiten hasi zen legez kanpo eta kontu hartu nion. Esan nion ezin zituela lan haiek egin eta hark zer erantzungo eta tentuz ibiltzeko, diskoak pirateatzeaz salatuko ninduela!

      Eta harekin ameska ni: emakume hark herria gonbidatu zuen bere etxea ikustera, baina etxea ez zen etxea, ezpada galeria bat zabal-altua, erakustoki ongi argiztatua, eta hantxe zebiltzan Arnaldo eta herriko beste pertsona ezagun batzuk, nik ez dut inoiz traturik izan emakume horrekin, baina…

      Hain larri ikusiko ninduzun, nire kezkak amesten zenituen.

      Ametsak ere nahasten zaizkigu.

 

 

ROSA

 

      Hainbat ofiziotan aritu ostean langabezian gelditu nintzen. Azkeneko beharra Eibarko merkatu plazan izan nuen, ogia eta kafea saltzen, bost urtez. Hura itxi zenean, merkataritzako ikastaro batean eman nuen izena. Sartu orduko galdetu zidaten: “Zer denda klasetan lan egitea gustatuko litzaizuke?”. Airean erantzun nien: “Aberatsa banintz liburu denda jarriko nuke”. Praktikak egiteko garaia iritsi zenean Elgoibarko liburu denda bat aipatu zidaten.

      “Zenbat gauza daude, ordea?” pentsatu nuen. Nik liburu denda espero nuen, eta bazen liburu denda, bai, baina eta zer ez zen, ba? Hasieran izutu egin nintzen, nola ikasi behar nuen halako denda bateko martxa? “Zu, lasai”, esaten zidaten, “egingo zara pixkanaka”. Izua nion jendeari kasu egiteari. Kafetegi bateko barraren atzean jardutea gauza bat da, baina mostradoretik atera eta salgaiak erakuste hori... Hasieran gutxi mugitzen nintzen, berogailua jarri behar izaten zidaten mostradore atzean, ez hozteko. Hasiera-hasieratik esan zidaten: “Hemen, geldirik ez”. 2009ko urrian hasi nintzen, egin nuen lehen lana liburu berrietan data jartzea izan zen.

      Ezin nuen sinetsi dendako martxa, ze jendetza mugitzen den denda honetan. Segituan jabetu nintzen denda hau erreferentziazkoa dela gauza askotarako: antzerkiko sarrerak erosteko, mendiko irteerak antolatzeko, txarangako materiala saltzeko, erakusketak prestatzeko…

      Liburuen industria idealizatuta neukan, uste nuen negozio patxadatsuagoa izango zela: liburuak jaso, begiratu, irakurri, jendeari aholku eman… Iruditzen zait hemen eskas dugula liburuak begiratzeko astia, kontrazalak irakurtzeko ere betarik ez da. Niri egundoko pena ematen dit liburuak itzultzeak! Bazeneki zenbat liburu igarotzen den hemendik inork ukitu ere egin gabe bueltan joaten dena! Pentsatzen nuen liburuen mundua pausatuagoa zela.

      Elgoibarrek daukan tamainarako idazle eta irakurle mordoa dago herrian. Eibarren ez dago liburu dendarik. Lehen bai, ni gaztea nintzenean Mogel zegoen, eta beste bat Bidebarrieta kalean. Baziren bi. Mogel liburu denda Estazio kalean zegoen, etxe zahar bat zen liburuz betea. Han egoten ginen liburuak begiratzen, trankil, egoteko leku bat zen. Horiek itxi zirenean, Círculo de lectoresekoek harrapatu zuten nire senarra kalean; izena eman zuen, handik eskuratzen genituen liburu batzuk, pare bat hilero, eskaintza mugatua zen. Nerabetan, asteko propina hartuta Bilboko Corte Inglesera joaten nintzen liburuak erostera. Neure diruarekin erosi nuen lehenengo liburua Ana Maria Matuteren Pequeño teatro izan zen. Umetatik izan naiz irakurlea, orain irakurtzeko gauza ez naizen liburuak irakurtzen nituen hamasei urterekin. Asko dira markatu nautenak, baina bederatzi urterekin Mujercitas irakurri nuen zortzi aldiz jarraian. Komikizalea ere banintzen. Bazen bilduma bat Vidas ejemplares izena zuena, han agertzen ziren Padre Damian, santuak eta horrelakoak eta, tartean, baita bestelako bizitza batzuk ere. Bilduma hartan aurkitu nuen Emil Zatopek korrikalariaren bizitza kontatzen zuen komikia, liluratu ninduena. Neba zaharragoari kentzen nizkion. Etxean zeuden Benito Perez Galdos, Kixotea, Jules Verne, Zane Greyren Mendebalde Urrunari buruzko nobelak… Nire erreferentzia guztiak gaztelaniazkoak ziren. Hemezortzi urterekin erabaki nuen euskaltegian izena ematea, alfabetatzeko, orduan hasi nintzen euskaraz irakurtzen. Euskaraz irakurri nuen lehen liburua Ehun metro izan zen, bigarrena Egunero hasten delako. Hitz berriak apuntatzen nituen. Geroztik euskarazko eta gaztelaniazko literatura tartekatzen dut.

      Euskaltegian denetariko jendea ezagutu nuen, hara ere azaltzen zen denbora beste inon eman ezin zuen bazterjendea, dendan ere ezagutu ditut halakoak: hau kalean dago, atea zabalik beti, mundu guztia igarotzen da hemendik. Asko dira lagun premian dauden herritarrak, buruko arazoak dituztenak, badago halako bezeria, gabezia afektiboak edo sozialak betetzen dituena herriko taberna eta dendetako igurtziari esker. Bisitan etortzen dira, hemen badute euren tokia. Gainerakoan, gazte mordoa etortzen da, eta ume pila bat. Horrek ere harritu ninduen: zenbat ume etortzen den euren kasa erosketa egitera. Eibarren ez nuen umerik ikusten dendetara bakarrik joaten, hemen bai, arratsaldeetan ez dago autorik erdiko kaleetan, haurreria ibiltzen da buelta-bueltaka, irakurle finak batzuk, hori oso polita da. Umeekin batera guraso asko etortzen da, ikusten ditugu amak eta aitak haurra ezin gobernaturik, gutizia txoroetan ameto ematen, hain ahul zenbaitetan, erosteko mila zalantzarekin, bi koadernoren artean aukeratu ezinda… eta gerora jakin izan dut zalantza-putzu horrek lanpostu garrantzitsua daukala, erabaki potoloak hartzen dituela, eta zuk ikusten duzu txorroskilo gorriaren eta berdearen artean aukeratu ezinda eta ezin duzu sinetsi. Dendan beste era batera ikusten da jendea, biluzik gelditzen gara dendetan, hemen hasi arte jabetu gabe nengoen zein agerian gelditzen garen erostean.

      Hemengo jendeak, normalean, ez du prezioa hasieratik galdetzen. Migranteek bai, lehenengo galdera izaten da “zenbat balio du?”. Guk ere gaztetan hala egiten genuen, justuko diruarekin joaten ginen dendara, prezioa galdetu behar genuen beti, kontu eskatzen ziguten etxean. Eta ez zen dena erosiz konpontzen: “Borragoma galdu duzula? Ezabatu ogi mamiarekin!”.

      Hemen jabetu nintzen erakusleihoen muntaz ere, eskaparate batek zenbat saltzen duen ez nekien. Hasieran ez nuen ulertzen hamabost egunean behin erakusleihoa aldatu behar hori, baina atoan konturatu nintzen jendeak zenbat begiratzen zion, nola etortzen zen galdezka: “Atzo eskaparatean zegoen zapia saldu egin duzue?”, “ez, eskaparatea aldatu dugu”. Asteburuetan erakusleihoan ikusitakoaz galdetzen du jendeak astean, inportantea da errotazioa, aldaketa, mugimendua, jendea lepoa jiratzera bultzatzea denda aurretik igaro bakoitzean.

      Whatsapparena kanbiamendu handia izan da, aldatu egin du bezeroekiko harremana. Orain gutxi, sartu da dendan pertsona bat, egin diot kasu eta pi-pi, mugikorra; hura telefonoarekin ari zen bitartean galdetu diot hurrengoari eta esan dit “itxaron pixka batean, telefonoan bilatu behar dut semeak eskatu didan liburua”; orduan galdetu diot hirugarrenari eta hari ere telefonoak jo.

      Trenez egiten dut Eibartik honako joan-etorria eta beti eramaten dut liburu bat poltsan, uste baino gehiago irakurtzeko astia ematen dit trenak. Pitxintxun lanean hasi nintzenean apuntatu egin nituen urtebeteko tren bidaietan irakurritako tituluak, hogeita hamahiru izan ziren: Elorriagaren SPrako tranbia, Beauvoirren Una muerte muy dulce, Atxagaren Soinujolearen semea, Austerren Sunset Park, Sarrionandiaren Narrazioak, Urretabizkaiaren 3 Mariak, Nemirovskyren El vino de la soledad, Mintegiren Ecce Homo… ordu laurdeneko joan-etorrietan irakurriak.

 

 

Honela antolatzen ditugu liburuak. Kanpoaldetik hasiko naiz, dendatik. Egin kontu liburuen % 60 edo % 70 gaztelaniazkoak direla. Hemen, nerabeentzakoak dauzkagu, gaztelaniazkoak. Goiko apal horretan pentsamendu feministari buruzkoak. Azpian, komikiak eta nobela grafikoak. Hemen, nobedadeak gaztelaniaz. Alde honetan, sei apal: goian, euskarazko hiztegiak; bat beherago, helduentzako fikzioa euskaraz; azpian, nerabeentzako literatura euskaraz; ondorengoan, 8-9-10 urtekoentzako liburuak; hemen, 5 urtera artekoentzakoak; eta, beherago, margoketarakoak. Hor goian, bidaia gidak eta hiztegiak ingelesez eta gaztelaniaz; behealdean, esku-eskura, haur txikientzakoak, 0-3 urte bitartekoentzako oihalezko, plastikozko eta kartoizko ipuinak. Hemen, album ilustratuak euskaraz eta, gainean, oparitarakoak, azal onekoak. Patrikako liburuak beste alde hartan daude, baina, garestiagoak izanagatik, gehiago saltzen dira edizio onak patrikakoak baino. Apalategi honetan sukaldaritza liburuak eta, aldamenekoan, autolaguntzakoak; asko saltzen dira. 90eko hamarkadan hasi zen bolada, Jorge Bucayrekin. Emakumeek erosten dituzte batik bat, baina gure autolaguntza eroslerik onena berrogeita hamar urte inguruko gizon bat da. Gertatu da halako itzuli bat borroka sozialetatik “ni”ra, denda liburu politikoz beteta zegoen ireki genuenean, orain askoz gehiago saltzen dira autolaguntzakoak politikoak baino. Egia da orain jende gehiago dagoela bakarrik.

      Dendaosteko antolamendua ere garrantzitsua da.

      Hemen daude iritsi berriak, pixkanaka erakusleihora ateratzen joango garenak. Goian, eskolan eskatzen dituzten literatur liburuak: Batxilergorakoak (Bi anai, Ehun metro, 110. Street-eko geltokia, Haltzak badu bihotzik, Odolean neraman, SPrako tranbia, Koaderno handia…) eta DBHrakoak (Itsaslabarreko etxea, Gerrateko ogia, Xivaren malkoak, Nojud naiz, Motoa…). Errepikatutako hiztegiak, han.

      Ez dakit irakasleek non erosten dituzten liburuak; hemen ez. Irakurtzen duten ez dakit. Bi irakasle ditugu literatura erosle onak. Gainerakoan, irakaslerik ez da etortzen liburuak erostera. Garai batean, denda batzuetan irakasleei eta medikuei beherapena egiteko ohitura zegoen. Gorostiza liburu dendan, Astigarraga kirol dendan… % 10eko deskontua egiten zieten; Astigarragan, oraindik ere bai. Dendariok elkarri beherapena egitea ere ohikoa izan da; ez, akaso, dirutan, baina Karkizano mertzerian, esaterako, erosketarekin galtzerdi parea oparitzen ziguten, edo azpiko arropa edo, besterik ezean, eskutrapu bat. Guk erabaki genuen ez geniela zertan maisu-maistrei eta medikuei fabore-traturik egin, gainerako ofizioak ere horiek bezain errespetagarriak iruditzen zaizkigu. Eskolei eta akademiei egiten diegu beherapen txiki bat, partikularrei ez. Baina, segi, segi, Izas.

      Batxilergoko bigarren mailan gauza bera irakurtzen dute beti, duela hogeitaka urtetik: La casa de Bernarda Alba, El árbol de la ciencia… Euskaraz, irakurgaiaren arabera nota altuagoa edo baxuagoa jartzen dietela uste dugu. Egingo nuke Atxagaren Soinujolearen semeak puntu gehiago ematen dizkiela; gutxik hautatzen dute, hala ere. Odolean neraman irakurtzen dute askok, futbolaz ari delako. Amek ez dutek ere funtzionatzen du, baita Bat, bi, Manchesterrek ere. 110. Street-eko geltokia da eskoletarako urte askoan gehien saldu duguna.

      Beste ikastetxe bateko kontsigna da “gutxienez berrehun orrialde, eta literatura izan behar du”. Ematen diezu aukeran ehun eta hirurogei orrialdeko liburu on bat eta esaten dizute: “Ez, ez. Berrehun”.

      Hemengo lau apalategi hauetan dauzkagu itzulketa-zain daudenak, dendan sei hilabete baino gehiago daramatenak. Banatzaile bakoitzak du bere txokoa: lehenengoan SGELeko liburuak daude (Maeva, Usborne, HarperCollins, Burlington…), bigarrengoan Elkarrekoak (Erein, Susa, Txalaparta, Txertoa, Oxford…), hirugarrengoan Logistakoak (Planeta, Destino…) eta laugarrengoan UDLkoak (Anagrama, Impedimenta, Anaya…). Urtebete igaro ondoren ezin da libururik itzuli, horregatik, dendan sei hilabete eman ostean biltegira sartzen ditugu eta pixkanaka joaten naiz itzulketak egiten, astean pare bat kutxa. Egin kontu kutxa bakoitzak hirurehun bat euro balio duela. Honela funtzionatzen du: iristen dira eta erakusleihora ateratzen ditugu; ondoren denda barruan bakoitza bere lekura; saldu ezean dendaostera itzultzen dira berriz, sei-zazpi hilabeteko epean. Norbaitek liburu bat eskatzen digunean begiratzen dugun aurreneko gauza dendara noiz sartu zen izaten da: sei hilabete baino gutxiago badira, badakigu kanpoan dagoela; hortik aurrera, baldin badaukagu, dendaostean behar du. Orain garbiketa egiten ari gara: maiatza baino lehenago jasotako ale guztiak erretiratu eta dendaostera ekartzen. Hilero edo bi hilean behin egiten dugu garbiketa hori; bai patrikakoetan, bai euskarazko fikzioan, bai haur literaturan… Liburuek sei hilabeteko bizitza daukate dendan, beste bizpahirukoa dendaostean… Eta akabo, badoaz bueltan.