Miñan
Miñan
2019, nobela
152 orrialde
978-84-17051-34-1
Azala eta mapak: Yanaita Araguas
Amets Arzallus Antia
1983, Hendaia
 
 

 

VI

 

 

Konakryn geltoki handi bat dago, guk gare-voitures deitzen dugu, gare-voitures de Bambetto. Gure herrixkarako autobusak astelehenetan eta ostegunetan abiatzen dira, arratsaldeko seietan. Baina ez dira bertaraino iristen, Kankalaben gelditzen dira. Handik Thiankoira oinez segitu behar da. Beste bederatzi kilo. Ni ostegun batean abiatu nintzen Konakrytik, eta Thiankoira ostiral arratsaldean iritsi, eguna ilunduta.

      Etxera sartzean ez nuen hitzik esaterik lortu, baina ikusi ninduenerako amak pentsatu zuen bazela okerren bat. “Ibrahima, zer duzu?” galdetu zidan. “Ez nago ongi, ama”, erantzun nion, eta isildu egin nintzen. Biak elkarri begira egon ginen. “Pentsatzen dut zerbait ezkutatzen ari zarela”, esan zidan.

      Aulki bat hartu eta nire ondoan eseri zen. Hitz egiten hasi ginen. Aitaren diabetesaz luze hitz egin genuen, eta gero, eskolan zer ikasten ari ginen. “Ibrahima, aitak bizia galdu badu jakin egin nahi dut”, esan zidan. “Noski”, erantzun nion, eta dena ulertu zuen. Orduan negarrez hasi zen, intzirika, eta aitaren istorioak kontatzeari ekin zion. Pixka bat damutu nintzen. Nik ez nion gau hartan esan nahi aita hil zenik, banekien negar asko egingo zuela eta etxeko denak esnatuko genituela. Baina ez nuen hitzak gordetzen asmatu. Beraz, han egon ginen biak goizaldera arte, aulki banatan eserita, alboz albo.

      Goizean nire arreba txikiak esnatu ziren lehenik, Fatumata Binta eta Rouguiatou. Gero nire anaia txikia, Alhassane. Haiek ikustean arima erori zitzaidan, esperantzarik gabeko etxe bat ginela konturatu nintzen. Eta ni etxeko zaharrena. Badakizu horrek zer esan nahi duen.

      Amak argazki zahar bat erakutsi zidan, aitarena. “Aita”, esan nuen, eta ez zuen erantzun. “Ama”, esan nuen gero, “orain ezingo dut ikasten segitu”. Amak ere ez zuen erantzun.