Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioak
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

Santu-santen ugazaba

 

 

Aititak atzamar-puntarekin ukiarazten zizkidan, banan-banan zenbatzeko, jentilen geziek San Sebastiani egindako zuloak. Santa Agedaren bularrak seinalatzen zizkidan erretilu batean. Eta San Rokeren txakurra, hanketako zauriak miazkatzen. Santa Katalina Alexandriakoak tertziopelo anilezko tunika zeukan. Santa Klarak, marinelen azal ondua. San Antolinek zerura zuzentzen zuen begirada, aiztoa lepoan sartuta. San Migelek, ezpata jasota, sandaliapean zanpatzen zuen izaki bihurdikatu bat, Gabonetan afaltzen genituen karakolen antza zeukana.

      Zurezko irudion kizkurrek, oin zurratuek, mantuetako izurrek, baina batez ere haien aurpegierek igortzen zuten duintasun zehaztugabeak halako mirespena ernetzen zidaten non portualdeko umeek arrantzontzien atalen izenak ikasten zituzten naturaltasun berarekin barneratu nituen haien egitandi miraritsuak.

      Absideko klabizenbaloan nota batzuk jotzen eta kandelak atabakan txanponik sartu gabe pizten uzten zidan aititak. Sakristiako tiradera batean edukitzen zuen gordeta zapata-kaxa bat santu-santen sudur, hatz eta belarriz, soineko txatalez eta bestelako pusketaz beterik. Altxor haiek, denboraren joanean erretaula nagusitik jausitakoak, berrogeitaka urtetan zehar erreskatatu zituen erratza pasatu zuenero, hautsak batzeko paleta setaz arakatuta, urre-bilatzaileak baheko legarra bezala. Txeraz kustodiatzen zituen ale polikromatuak, egunen batean artelan bikain hura berriztatuz gero irudi bakoitza oso-osorik geratzeko itxaropenez.

      Eliza, bere luxuzko atrezzoarekin, antzeztoki bat iruditzen zitzaidan, eta aitita, eszena-zuzendaria. Sakristaua baino ez zen, baina berari esker —hala uste nuen nik—, gure familiak sarbide zuzena izango zuen zeru barrenera heriotzako orduan. Nik, aitita antzeratu nahian, belaunikaldia egiten nuen gure kaleko denden paretik pasatzen nintzenean, aldareak balira legez.

 

 

Aititak sakristian ematen zuen eguna, liturgiaren prestakizunetan edota konponketak egiten. Etxera bazkaltzera etorri, ondoren pasieratxoa, eta elizara berriro. Denbora-pasatzat zeukan ortuei errepidetik behatzea Rössli bat erre bitartean. Behin batean motordun batek jo, lurrera bota eta hantxe utzita egin zuen ospa. Berak ez zukeen jazotakoaz tutik esango amak igarri izan ez balio herren egiten zuela. Besterik gabe, tergalezko praka grisaren zango-zuloa altxatu eta zauria erakutsi zion, ultzeraturik. Zauri hura sekula ez zitzaion sendatu eta urteak geroago, diabetesak gaiztotuta, hanka moztu beharra ekarri zion.

      Amak deitu zidan lehenbailehen joan nendin ospitalera. Erreustuta zegoen: oilotu egiten gara senideen gaixotasunekin badakigulako geuk ere pasatu beharko ditugula.

      — Aititak burua galdu du.

      Burua galtze hura, izatez, odoleko azukre mailak eragindako eromen behin-behinekoa izan zen. Larrialdietara heldu nintzelarik zaust egin zidan aitita joan-etorri handiko korridore batean ikusteak, hormaren kontra, presaka aparkaturiko auto baten moduan. Ohean agondu ezinik zebilen, artekoso, hipaka, bere izena poliki-poliki esan eta sosegatzen lagunduko zion baten baten sostenguaren bila.

      Diabetesaren ondorioetako bat zainak ihartzea da, sapa lehortzen zaien landareei gertatzen zaiena, eta odolaren zirkulazio eskasa konpongaitza denez gero, gertatu ohi da noiz edo noiz, giza gorputza trenkatuta geratzea —besoak nahiz hankak moztuta— fundamentu barik inausitako zuhaitz baten pareko. Abagune hartan hanka zauritua ebaki zioten eta aurrerago bestea, biak ala biak belaunetik gora.

      Bere mundualdiko azken urteetan, sarritan haztakatzen zituen izterrak manta eskoziarraren azpitik, eta esaten zuen inkesaka:

      — Hau da dolorea! Hauxe da dolorea hanketakoa!

      Amak masajea egiten zion sorbaldetan, hura ez zela-eta benetakoa, falta zitzaion atalak eragindako iruzurra baizik, segituan arinduko zitzaiola. Aitita isildu egiten zen neuri begira eta nik baiezkoa egiten nion buruarekin, arrazoia emanez, neuk ere ondotxo nekielako zer min klase zen hura ezker begia erauzi zidatenetik.

 

 

Istripua baino lehen, aititak zorro beltz handi bat ekartzen zuen etxera elizatik. Gela ilunean uzten zuen beti. Etxeko trastelekuari esaten genion hala, ez argirik ez zeukalako —bazen leiho bat eskailburura jotzen zuena—, ezpadaze pieza luzanga hartan denetarik edukitzen genuelako. Sartu eta batera, hiru armairu ziren nabarmenenak: arasa bat, bertan kontserbak, konfitura-poteak, fruitu lehorrak eta lekari-zorrotxoak errenkadaka antolatuta; jarraian hiru gorputzeko armairua, baztertutako arropak nahiz oinetakoak pilatzekoa, tartean aititaren ordezko sotana eta kasulla; eta gelaren sakonean, mihiseriaren apalategia, izaraz, xukaderaz, mahai-zapiz eta eskutrapuz mukuru.

      Lurrean sakabanatuta, ardoaren bonbilloia, txingar-ontzia, erreminten kaxa, gure jostailu zaharren zakua, gomazko abarkak eta gogoan ez dudan beste hainbat gauza egon ohi zen. Baziren, gainera, untzeetatik zintzilik, berakatz-kordak eta piper zimelak, itsasorako zirak, alfonbra-astingailua, salabardoak, argizariari lustrea ateratzeko eskoboi zurdadunak eta euli-hiltzekoak. Eta zutikako pertxero batetik txintxilizka, aititak ez beste inork erabiltzen zuen zorro misteriotsu bat.

      Kuarto iluna sentimenak kinatzeko jauregi baten modukoa zen niretzat. Behin baino gehiagotan lortu nuen zurrut egitea betunen kaxaren atzean egoten zen mistelari. Hala ere, zorro beltzaren sekretua artean argitzerik izan ez eta hartaz nekien bakarra zera zen, noizean behin nork edo nork gure atean dei egin eta aitita zorroa besapean hartuta ateratzen zela kalera.

      Amumari galdetu nionean ea barruan zer zegoen, erantzun zidan elizako gauza bat zela.

      — Elizako gauza bat? Orduan zergatik daukagu etxean?

      Zorrokoteak ez zeukan, inondik ere, aititak sakristian txukun-txukun jagoten zituen zamau bordatuen, alpakazko kalizen edota eguzki izpien itxuran mailu finez landutako kustodien antzik.

      — Etxean edukita aititak ez duelako bila joan behar gauean behar izanez gero.

      — Baina zer dago barruan?

      — Krisma santua.

      Azalpen hori eta hutsa, hortxe-hortxe. Lehenago, umeoi ez zitzaigun esplikazio handirik ematen.

 

 

Gau batean aitita eta biok baino ez geunden etxean, ama eta amuma klinikan zeudelako amabitxirekin. Fideo-zopa afalduta, aititak harrikoa egin zuen eta nik tarinaren kaiola estali nuen ezpain-zapi batekin, aulki gainera igota, ez nintzen-eta bestela iristen.

      Lokartu barik nengoen tinbrea aditu nuenean. Gure ateak behazulo galanta zeukan, alpakazkoa, hegal birakari eta guztikoa beste aldekoa aise ikusteko. Emakume bat zen, sakristauaz galdezka. Aitita bazetorren ate ondora.

      — Halako kalean, atzenengo atean —esan zuen alde egin baino lehen.

      Aititak ordezko sotana ipini, zorro beltza hartu eta etxetik irten zen.

      — Zu lotara. Laster naiz hemen.

      Atea itxi zuenerako kasulla parpailadunari heldu nion arropa erabiliaren armairutzarretik eta pijamaren gainetik jantzi nuen. Orkatiletaraino neukan. Bat-bateko akolito bihurtuta, ziztuan egin nuen eskaileretan behera.

      Guretik arrantzaleen auzategira bazen tarte bat, baina banekien joaten, zaintzen ninduen neskatoaren gurasoek hantxe zeukatelako taberna. Haizeak hodeiak zerabiltzan, txibia-tintatan bustitako ogi-maminen antzeko laino malatsak. Urrunetik jarraitu nion aititaren eite konkorrari kale lauzatuetan barrena. Halako batean, mozkorti batekin topo egin zuen. Aititaren ahotsa gizonari errietaka.

      Parera heldu nintzaionean, aititak besoak jaso zituen, harriduraz, eta pausoa zalutu zuen.

      — Ez ote zara etortzeaz damutuko… —esan zidan—. Eutsi, eroan zeuk.

      Eta eskuan ipini zidan zorro beltza. Egundoko beldurra sentitu nuen orduan eta leihoetan lehortzen ipinitako kolaioak saguzarrak iruditu zitzaizkidan.

 

 

Esandako tokian zegoen emakumea. Hirugarren solairuraino gidatu gintuen tarteune bakarreko eskaileratik. Etxe barruan, errezel batek egiten zuen atearena logela txatxar bat pasillotik bereizteko. Ohe bat zegoen logelan, tornuan egindako barroteduna, eta hantxe luze, andre zahar bat. Atsoaren oinak zakar mugitzen ari ziren ohazalaren azpian eta, burua alderdi batera jausita zeukan arren, gurera etorritakoa —alaba edo erraina, hurrean— tematuta zegoen tximak orraztu nahian. Beste hegalean gizonezko bat zegoen zutunik, hilzorikoari eskutik oratzen. Ez zegoen inolako apainketarik arrosario itzel bat izan ezik, garau potoloak okaranen tamainakoak, lanparatik dilindan. Aititak zokondo batean belaunikatzeko keinua egin zidan. Poltsikoan karamelu ia desegindako bat topatu eta ahora sartu nuen.

      Geroxeago, abadea etorri zenean, orduantxe ikusi ahal izan nuen, azkenean, zer zegoen zorroan. Tresna bi atera zituzten: bata zen zilindro zilarkara bat; bestea, harekin jokoa egiten zuen kutxatila bat, marrazkiak erliebean zituena. Aititak kutxatilatik gaza bat atera eta, zilindroari tapoia kenduta, olio argi batean busti zuen. Ondoren abadeari eman zion eta abadeak harekin gurutzearen seinalea egin zuen gaixoaren bekokian lehenik, eta beste gurutze bana esku bakoitzean, hitz batzuk esan ahala. Atsoaren eztarria zabu herdoilduen gurgura egiten hasi zen. Aititak gelatik irteteko agindu zidan.

      Pasilloaren muturrean, beiradun ate batean argitasuna antzemanda, hara egin nuen. Etengailuari sakatu nionean, labezomorro tropel bat arineketan ezkutatu zen egurtokiaren azpian. Sehaska handi batean eserita zegoen irudi batek so egin zidan.

      Mutiko bat zen, aurpegia zarakarrez betea. Tripek txilinbuelta egin zidaten. Bere burua kulunkatzen ari zen, irrintzi ahul batekin “amuma, amuma…” deika. Adurra zerion. Besoak luzatu zituen nigana.

      Ez nuen jakin zer egin. Eskuak erakutsi nizkion, hutsik. Negarra zakartu egin zitzaion eta malkoek dizdizka jarri zizkioten pusla gogortuak, lapa itxurakoak.

      Orduan pitxertxo bati erreparatu nion txapan eta bertako tanta batzuk isuri nituen musuzapira: abadeari ikusitako erritu bera egin nion mutilari. Jabaldu egin zen. Gero karamelua ahotik atera eta ahoan sartu nion. Isil-isilik etzan zen sehaskatzarrean.

      Neu ere isil-isilik atarira jaitsi eta hantxe geratu nintzen aititari itxaroten. Goiz-alba zen iratzarri ninduenerako. Eskutik heldu zidan altxatzeko, baina amutik beranduegi askatutako lazuna sentitu nintzen hala ere.

 

 

Euria barra-barra kanposantuan. Tente gaude dilista-purea dirudien lurtzaren ondoan. Jendetza familiaren inguru-minguru, denok zurtuta nobedadearekin: kamioi batek aurretik eraman du eskola-ume bat. Murmurioa aditzen da, erlebatza gosetia gara.

      Aititak intsentsu-ontzia eskaini dio abadeari eta abadeak hiru bider zipriztindu du katabuta. Zaparradak potxingoa sortu du zuloan. Apo bat dabil txapla-txapla. Lur palakada bat bota diote. Apoa zuloan gora dabil eginahalean, baina txirrist doa sakonera.

      Atsoaren etxean ezagututako mutikoa etorri zait gogora, eta martiriak etorri zaizkit gogora, beti hain bakarrik eta hain bakarturik, eta otu zait baten batek lagundu beharko liokeela apoari zulotik irteten, baina inork ez du zirkinik egiten, ezta neuk ere. Isiltasun betean ikusi dugu zerraldoa piztiaren gainean pausatzen, eta loreak jausi eta jausten, eta neure kolkorako pentsatu dut eskerrak aitita santu-santen ugazaba den, ezen horri esker, gu, behinik behin, salbatuko baikara.