Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
2020, antzerkia
 

 

Buruhaustea

 

Ez dakit nolakoa, esan nahi dut, ez naiz horretan pentsatzen jarri. Ze aukera dauzkat, edo ze eskaintza dauzkazue? A, begira. Nik uste nuen, esan nahi dut, deitu dut sinistuta datu garrantzitsuenak eman eta hortik aurrera zuek moldatuko zinetela. Hala ulertua neukan. Bai, bai. Ez da gauza bera, ez. Ez, jakina. Ez dut curriculum vitaerik nahi. Ez da hori. Orduan, nola egingo dugu? Bidaliko didazue katalogoa? A, gaur bertan? Oso ondo. Prezioak ere modalitatearen arabera desberdinak izango dira, noski. Bai, bai. Ulertzen dut. Eta bakoitzetik bana eskatuz gero? Eskaintza berezirik egiten al duzue? Ez, ez. Ez daukat batere presarik. Azalduko naiz bihar-etzitan. Nahiago aurrez aurre, bai, esan nahi dut, gai delikatua da hau horrela telefonoz. A, posta elektronikoz bidaliko didazue? Konforme. Esango dizuet zerbait.

 

 

Nork: betirakobizitza@gmail.com

Nori: balizko@gmail.com

CC: bbidazleak@gmail.com; bbadministrazioa@gmail.com

Gaia: Katalogoaz

      Lehendabizi eta behin, gure doluminak izan duzun galerarengatik, eta eskerrik asko gure zerbitzuetan jarritako konfiantzarengatik. Ez zara damutuko.

      Telefonoz aurreratu genizun bezala Betirakobizitzan gure bezeroaren azken nahia betetzea dugu funtsezko helburua. Segidan azalduko dizkizugun eskaintzez aparteko desioren bat bazenu, eskertuko dizugu jakinaraztea. Hartara egokitzeko ahaleginera bideratuko ditugu gure baliabide guztiak.

      Hona hemen aukerak (merkeenetik garestienera zerrendatuak; aurrekontua ere bezero bakoitzaren ahalmenera egokitzeko arazorik ez dugu izaten).

 

      Hilmezua/

      Gehien eskatzen digutena. Datu biografikoekin joan ohi da. Utzi gaituen pertsonaren izen-deiturak (izengoitirik balu hura ere jartzen dugu), adina, eta heriotzaren data. Familiartekoen zerrenda ondoren. Eta esaldi bat, gehienez bi.

      Gero eta gehiago dira oharra datuz baino hitz ederrez jantzi nahiago dutenak. Bezeroaren aukera da, beti ere.

      Aurrekontua asko aldatzen da hilmezuaren zabalkundearen arabera. Argitara liteke prentsan, irratietan eta sarean. Zenbait herritan etxe-atarietan jartzeko ohiturari eusten diote. Bezeroak aukeratutako bidea onesten dugu.

 

      Hilartitza/

      Harrian grabatuta joan ohi da. Kanposantuko hilarrian, gehienetan. Baina egin liteke beste edozein materialekin. Azkenaldian egiten ari gara hil-kutxetarako eta potoetarako ere. Gero eta herri gehiagok potoentzat eskaintzen dituzten hilobietarako ere egiten hasita gaude.

      Esaldi bakarra izaten da. Gehienez bi. Bezeroak aukeratzen ditu, utzi gaituena gogoan, hari eskainitako hitzak, hari gorazarre egitekoak. Hark beti errepikatzen zuen esaldiren bat ere oso egoki geratzen da.

      Aurrekontua asko aldatzen da materialaren arabera.

 

      Hilberriak/

      Aspaldian arrakasta gehien duen aukera. Hilmezua baino luzeagoa, gero eta senitarteko gehiagok aukeratzen du galdu duten pertsonari buruzko aipamen pertsonalago hau. Hildakoari omenaldi egiteko modu bat da. Hildakoaren bizitza jaio eta hilen arteko marra txiki hori baino gehiago izan dela adierazteko baliagarri. Kontsolamendurako ere bai (hala aitortu digute aukera honetaz baliatu izan direnek). Nahi adina aukera zabaltzen dira hilberrietan hasiz gero. Bezeroak aukera dezake zer kontatu, nola (garrantzitsua), eta galdu duen senideaz zer geratzea nahi duen betirako.

      Aurrekontua, aurrekoetan bezala, kasuan kasukoa.

      Hilberriari eman nahi zaion zabalkundea ere kontuan hartzekoa da: ez da gauza bera irratirako minutu parea, prentsan hilmezuaren neurrian edo orrialde erdia, eta telebistaz zabaltzeko aukera aztertzen ari gara. Interes handia agertu diguten arren, ezin genezake eskaini momentuz telebistako tarterik.

 

      Elegiak eta biografiak/

      Betirakobizitza atal hau lantzeko ametsez sortu genuen. Hauei esker lortuko lukeelako jada gure artean ez denak betirako bizitza.

      Bezeroaren inplikazio handiagoa eskatzen du, jakina (ezin dugu guk inoren bizitza asmatu), eta beharbada horregatik eta epeak ere ez direlako egun batetik besterakoak, ez du guk nahi adinako arrakastarik izan oraindik.

      Merezi du saiatzeak, hala ere. Gauza gutxi, maite izan duzunaren bizitza betirako liburu batean jasoa izatea baino. Gure ametsen artean, egunen batean hildako pertsona bakoitzak merezi duen liburua izateaz gain, bere filma ere eduki ahal izatea. Proiektua prest dugu aspaldi, finantziazio egokiaren bila.

 

      Esan bezala: bezeroaren nahia betetzea da gure helburu funtsezkoa. Eta hartara jarriko gara.

      Zure esanetara,

 

 

Nork: balizko@gmail.com

Nori: betirakobizitza@gmail.com

CC: bbidazleak@gmail.com; bbadministrazioa@gmail.com

Gaia: Er: Katalogoaz

      Jaso dut zuen mezua. Milesker.

      Buelta batzuk emanda nago neroni ere, eta “Garai ederrean zatoz. Beti beranduegi” edo tipo horretako zerbaitekin pentsatzen ari nintzen, zerbait zuzena, ulergarria, eta mundu bat zabaldu didazue. Eta buruhauste ederra jarri ere bai! Esan nahi dut, ez da gauza bera esaldi bakarreko mezua edo liburu oso bat utzita joatea! Pentsa zenbatentzako mezuak utzi litezkeen liburu betean!

      Tentatzen nau. Kontuan izanda hildakoa neu izango naizela, interesgarria iruditzen zait neure bizitzaz liburua idaztearena. Esan nahi dut, neuk kontatuta. Garaiz nabilenez, zenbat ale eta nori bidali ere erabakita utzi dezaket. Bai. Tentagarria da.

      Izango al nuke nitaz idatzitakoaren gainean erabakimenik? Esan nahi dut, nitaz baldin bada, nik izango dut azken hitza, noski... Ni hil ondoren inork ez du aldatzeko aukerarik izango, ezta? Norbait nire senarra dela esanez etorriko balitz ere ez? Ez baitu dibortzio paperik sinatu nahi, aspaldi apartatu ginen arren.

      Garrantzitsua da niretzat argitzea.

      Zenbatean aterako litzaidake?

      Erantzunaren zain,

 

 

Nork: betirakobizitza@gmail.com

Nori: balizko@gmail.com

CC: bbidazleak@gmail.com; bbadministrazioa@gmail.com

Gaia: Er: Er: Katalogoaz

      Eskerrik asko zure konfiantzarengatik.

      Zure kezkari erantzunez, leialtasuna zor diogu gure zerbitzuak kontratatzen dituen guztiari. Zuk erabakitakoa hitzez hitz beteko dugu.

      Komeniko litzaiguke zure bizitzari buruzko informazioa hil baino hamabost bat egun lehenago eskuratzea. Azken ordurako utziz gero garestiago ateratzen da.

      Ordainketa hil baino bost egun lehenago egiten baduzu ehuneko hamarreko deskontua aplikatuko dizugu.

      Aurrekontuak erantsita doazkizu.